Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

188. zk., 2003ko irailaren 26a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Arbitraje Batzordea
5219

EBAZPENA, 2003ko maiatzaren 15ekoa, Eusko Jaurlaritzak sustatutako etendura intzidentean Ebazpen Batzordearen osoko bilkurak hartutakoa, N-622 errepidean telebista kamerak eta zuntz optikoaren lineak jartzeaz Arabako Foru Aldundiaren jarduerei buruzkoa dena.

ESKUMEN-GATAZKA POSITIBOAN SUSTATUTAKO ETENDURA
INTZIDENTEAREN EBAZPENA

Vitoria-Gasteizen, 2003ko maiatzaren 15ean, Ebazpen Batzordearen osoko bilkurak (Lehendakaria: Manuel María Zorrilla Ruiz jauna; Bokalak: Mario Fernández Pelaz, Edorta Cobreros Mendazona, Andrés Urrutia Badiola eta Fernando Campo Antoñanzas jaunak) hartutako

EBAZPENA

Etendura intzidentea ezarri du Eusko Jaurlaritzak, bera izan baita Arabako Foru Aldundiko Herrilanen Foru Sailak dituen asmo batzuei buruzko eskumen-gatazka positiboa sustatu duena. Asmo horiek dira, izan ere, N-622 errepideko 15,770 PKtik —Aiurdingo tunelaren irteeratik— Arabako Aldundiak duen kontrol gelaraino zuntz optikoa jartzeko jarduerei ekitea. Eta orain ebazpena eman da intzidente horretan; Fernando Campos Antoñanzas jaunak, ponente legetxe jardun duenak, Batzordearen irizpidea azaltzen duelarik.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Eusko Jaurlaritzak, 2003ko urtarrilaren 16an, eskumen-gatazka positiboa irekitako idazkia aurkeztu zion Euskal Autonomia Erkidegoko Ebazpen Batzordeari; hain zuzen ere N-622 errepidean telebistako kamerak eta zuntz optikoaren lineak jartzeaz Arabako Foru Aldundiaren jardueren aurkako idazkia.

Administrazio auzi-jartzaileak aldundiaren aipatu jarduerak eteteko eskatu zion, idazki horretan, Ebazpen Batzordeari, uste baitzuen kalte bideraezinak ekarriko zizkiola orain Batzordearen iritzira jarri den eskumen-eremuan.

Bigarrena.– Arabako Foru Aldundia, 2003ko martxoaren 25ean, Ebazpen Batzordearen aurrean azaldu zen, irekitako espedientearen barruan. Zuzenbidearen arabera interesatzen zaiona alegatu ostean, administrazio autonomoak aurkeztutako auzia ezesteko eskatu zuen, uste baitu auzigai diren jarduerak guztiz bat datozela Arabako Lurralde Historikoak bere esku dituen eskumenekin.

Hirugarrena.– 2003ko apirilaren 10ean egindako osoko bilkuran jakin zuen Ebazpen Batzordeak eskumen-gatazka positibo hau motibatzen duten egintzak Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioaren Auzitarako Salaren Lehenengo Sekzioak aztergai zituela. Ondorioz, etendura intzidentea ebazteko epea eten ondoren, jarduera judizial horien egungo egoerari buruzko txostena eskatu zitzaien gai horretan zerikusirik zuten administrazio publikoei. 2003ko maiatzaren 12a jarri zen eskatutako argibide-tramitea betetzeko.

Laugarrena.– Autonomia Erkidegoko Administrazioak 2003ko maiatzaren 12an eman zizkion argibideak Ebazpen Batzordeari, non adierazten baitzen EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salako lehenengo Sekzioak autoa eman zuela 2003ko martxoaren 10ean; auto hori, Eusko Jaurlaritzak Arabako Foru Aldundiaren aurka aurkeztutako Administrazioarekiko Auzitako errekurtsoaren ondorio diren 153/2003 kautelazko neurrietan eman zen, honela zioela:

"Pieza banandu honetan EAEko Administrazio Orokorraren ordezkariek eskatutako kautelazko neurria aintzatestea; beraz, goian adierazitako administrazio demandatuak burututako jarduera eteteko agindua ematea, kostuak inori ezarri barik".

Honako honetan datza ebazpen judizial horretan aipatzen den jarduera: N-622 errepideko 15,770 KPtik —Aiurdingo tunelaren irteeratik— Arabako Aldundiak duen kontrol gelaraino zuntz optikoa jartzea.

Bosgarrena.– Ikusten denez, administrazio jarduera bera aurkeztu da Ohiko Jurisdikzioak kontrola gauzatu dezan eta Ebazpen Batzorde honek eskumen-ebazpena eman dezan; kontuan izanik, halaber, EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitako Salak ere —alderdi biek aurkez diezaioten legaltasun arazoaren arabera— ebazpena emango duela bere aldetik. Ebazpen Batzorde honi eskumen-gatazka baino ez dagokio, horrela baitago xedatuta Ebazpen Batzordea arautzen duen ekainaren 30eko 13/1994 Legeko 60. artikuluan.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Bakarra: eskumen-gatazka positiboak aurkezteko legitimatuta dauden administrazio publikoek egintzak eteteko eska diezaiokete Ebazpen Batzorde honi, eskumen gabeziako salaketa eginez kasu honetan. Horretarako adierazten da, adierazi ere, kalte bideraezinak sor daitezkeela egintzok aplikatu edo gauzatzen badira (ekainaren 30eko 13/1994 Legeko 62. artikulua).

Ebazpen honen zioen adierazpenean esan dugun modura, etendura intzidente honi dagokion eskabideak galdu egin du bere edukia, izan ere, organo estatutario honek eten dezala eskatzen den jarduera etenda dago dagoeneko egintza horien gain ardura duen organo jurisdikzionalak hartutako ebazpenaren ondorioz.

Eskatutakoari erantzun beharrik ez dagoenez, batzordeak ez du arrazoi gehiagorik ematen, eta

EBAZTEN DU:

Eskatutako etena ez onartzea, eskabide hori ohiko jurisdikzioak babesten baitu; eta kontuan hartuz eragindako administrazio publikoen arteko eskumen-gatazka positiboan har dadin ebazpena.

Beraz, Batzordeko kideek ebazpen hau erabaki eta izenpetu dute, eta nik, idazkaria naizenez, horren fede ematen dut.


Azterketa dokumentala