Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

176. zk., 2003ko irailaren 10a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
5020

201/2003 DEKRETUA, irailaren 2koa, Ajangizko Udalak, nahitaezko desjabetza egiteko, «kirol, kultura eta aisialdi ekipamendua egiteko Apaizetxea eta ondoko lurren desjabetza» burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak, lehenbailehen hartu behar dituela deklaratzeko dena.

Ajangizko Udalak 2002ko urtarrilaren 16an emandako Dekretu bidez, hasieran jendaurrean jarri ziren «kirol, kultura eta aisialdi ekipamendua egiteko Apaizetxea eta ondoko lurren desjabetza» burutzeko desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak. Ondoren, 2002ko urriaren 16an egindako bilkuran, Eusko Jaurlaritzari nahitaezko desjabetzaren eraginpean dauden ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzeko eskatzea erabaki zen, Nahitaezko Desjabetzari buruzko Legearen 52. atalean ezarritakoaren arabera.

Lehenbailehen hartu beharreko ondasun eta eskubideak banakatuta eta xehatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezkoak diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian eta, administrazio espedientean adierazten denez, alegazio batzuk aurkeztu eta ebatzi ziren.

Zerbitzu Teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da honako arrazoi hauengatik:

Gernika-Lumo udalerritik banandu ondoren, Ajangizko udalak gabeziak ditu zerbitzu eta azpiegitura aldetik, indarrean dauden Arau Subsidiarioetan begietsi dena, udalerriari hainbat zerbitzu emateko asmoz. Horien artean daude Apaizetxea eta ondoko lurretan kokatuko diren kirol, kultura eta aisialdi ekipamenduak.

Egoera horrez gain, eremu horretan biztanle kopurua hazi egingo da, etxebizitza ugari eraikiko baitira, eta gaur egungo instalazioak ez dira nahikoa irisgarritasunaren legea bete ahal izateko. Ondorioz, ezinbestean eta lehenbailehen ekin beharko zaie aipatutako Ekipamenduak egiteko lanei, udalerriko biztanleei zerbitzu egokiak eskaini ahal izateko.

Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea nahitaezko desjabetzak honako hauek hartzen dituenean: egikaritzapen- unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta lurzoru urbanoan egin beharreko egintza isolatuak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari zegokion horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluan aurkeztea.

Ondorioz, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2003ko irailaren 2ean egindako bilkuran aztertu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, «Kirol, Kultura eta Aisialdirako ekipamendua egiteko apaizetxea eta ondoko lurren desjabetza» burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Ajangizko Udalak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

Donostia-San Sebastiánen, 2003ko irailaren 2an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Lurralde Antolamendu

eta Ingurumen sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala