Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

149. zk., 2003ko uztailaren 31, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Kultura Saila
4432

179/2003 DEKRETUA, uztailaren 22koa, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta horien finantzazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik arautzen duena.

Azaroaren 25eko 29/1983 Legearen bidez sortu zen Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE), jende heldua euskaraz alfabetatzeko eta euskalduntzeko bideratua, ahalik eta euskal hiztunik gehienak lortzeko helburu nagusiarekin.

Prozesu horretan euskaltegiak taxutu ziren eta horien marko juridikoa finkatu zen. Eta era honetan xehatu ziren: euskaltegiak titularitate publiko edo pribatuko zentroak dira, eta hamasei urtez gorako hiritarrak alfabetatzeko eta euskalduntzeko sortuak izanik, helduak alfabetatzeko eta euskalduntzeko zereginari ekiteko oinarrizko bitarteko nagusi gertatzen dira. Dena dela, helduen alfabetatze- eta euskalduntze-lana garatzeko egon litezke euskaltegiez gain, helduen euskara-irakaskuntzan diharduten beste hainbat zentro ere.

Lege horren Bukaerako Lehenengo Xedapenak Jaurlaritzari eta Hezkuntza eta Kultura sailburuari, bakoitzak bere eskumen alorrean, Lege hori garatzeko eta aplikatzeko behar diren xedapen zehatzak emateko ahalmena ematen die.

Ahalmen horren barruan, garapen-arau batzuk eman zituzten bai Jaurlaritzak bai HABE erakunde Autonomoa bere baitan atxikita eduki duen Kultura Sailaren titularrak. Eta hala, aipatutako 1983/29ko Legea indarrean jarri eta berehala arauzko garapen-multzo handi bati ekin zitzaion. Baina, aldi luze batean indarrean egon ondoren, euskara helduei irakasten dieten euskaltegien eta beste zentroen jarduera berraztertzeko premia ikusi da, baita HABEk burutzen duen horien finantzazioa ere.

Kontuan hartuta helduen alfabetatzea eta euskalduntzea gaur egungo Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren helburu zehatzetako bat dela, helduei euskara irakasten dieten euskaltegien eta beste zentroen jarduerak aipatutako plan horren jarduera-proposamenen barruan sartu behar dira, baita hizkuntza-politikaren alorrean Jaurlaritzaren organo eskudunak emandako aginduak ere.

Bestalde, kontuan izanik Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikuluak ikas-prozesuaren mailak ezartzen dituela eta Europako Kontseiluak ere ikas-prozesurako mailaketa bateratu bat ezartzen duela, europar guztiontzat erreferentzia izango dena, helduentzako euskara-irakaskuntzari dagokion mailen egiaztapen-sistema finkatzeko orduan, Kurrikuluak dioena ez ezik marko europar bateratuaren mailak izango dira erreferentzia gune.

Kontuan hartuta 29/1983ko Legea indarrean jarri zenetik aldi luzea igaro dela, aintzakotzat hartu beharreko beste alderdi bat da teknologia berrien erabilera etengabe areagotzeak duen ondorio garrantzitsua, eta zehazkiago, autoikaskuntzarako multimedia-sistemek hizkuntzen irakaskuntza-prozesuan oro har eta, bereziki, euskararen alorrean duten eragina. Horrek, segur aski, laster aukera berriak eskainiko ditu helduen alfabetatze eta euskalduntze alorretako eskaerei erantzuteko.

Ondorioz, Kultura sailburuaren proposamenez, Eusko Jaurlaritzaren Lege Batzorde Aholkulariarekin bat etorriz, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2003ko uztailaren 22an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
HELBURUA

1. artikulua.– Dekretu honen helburua da helduentzako euskara-irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta HABEk hori finantzatzeko oinarrizko baldintzak arautzea, azaroaren 25eko 29/1983 Legeak, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortzeko eta euskaltegiak arautzekoak, ezarritakoaren eta beste legezko xedapen aplikagarrien arabera.

II. KAPITULUA
HELDUENTZAKO EUSKARA-IRAKASKUNTZAREN ORDENAMENDU OROKORRA

2. artikulua.– Helduentzako euskara-irakaskuntza.

Helduentzako euskara-irakaskuntza burutzen duten euskaltegiek, eta beste zentro homologatuek, alfabetatzerako eta euskalduntzerako irakaskuntza antolatzeko ahalmena izango dute, baita, helburu bereziekin kolektibo jakin batzuei zuzendutako euskara-ikastaroak edo programak garatzeko ere.

Euskaltegien eta helduentzako euskara-irakaskuntza burutzen duten beste zentro homologatuen jarduerak hizkuntza-politikaren alorreko Jaurlaritzaren organo eskudunak emandako aginduen markoan bideratu beharko dira.

3. artikulua.– Helburuak eta edukiak.

Aurreko artikuluak aipatzen dituen irakaskuntzen helburuek eta edukiek Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikulua ezartzen duen Kultura sailburuaren Aginduaren esanetara egokituta egon beharko dute eta horiek euskaltegiaren edo beste zentro homologatuaren Kurrikulu proiektuan zehaztuko dituzte.

4. artikulua.– Ezagutzen egiaztapenak.

HABE beste instituzio eta erakundeekin elkarlanean arituko da euskararen ezagutza-maila desberdinen egiaztapen-prozesua zedarritzen.

Orobat, Azaroaren 25eko 29/1983 Legeak, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortzeko eta euskaltegiak arautzekoak, 20. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Kultura sailburuaren Aginduz mailen egiaztapen-sistema bat zehaztuko da, Kultura sailburuaren Aginduak, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikulua ezartzen duenak, ezarritakoaren arabera. Egiaztapen-sistema horrek mugarriak ezarriko ditu ikas-prozesuan zehar eta horien deskribapenean HABEren kurrikulua ez ezik Europako marko bateratuak ezartzen dituen mailak ere izango dira erreferente.

5. artikulua.– Ikasleen baldintzak.

Euskaltegietan eta helduentzako euskara-irakaskuntza burutzen duten beste zentro homologatuetan matrikulatzeko gutxienez 16 urte izan behar ditu ikasleak.

6. artikulua.– Autoikaskuntzarako sistemen homologazioa.

Interesatuaren eskariz, HABEren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez euskararen autoikaskuntzarako multimedia sistemak homologatuko dira, baldin eta Dekretu honen 3. eta 15. (lehen eta bigarren paragrafoak) artikuluetan ezarritakoez gain, honako gutxienekoak betetzen badituzte:

Erabilitako sistema egokia izatea, bai plataformari bai bertan itsatsitako baliabide didaktikoei dagokienez.

Erabilitako sistemak aurrerapen egokia eta orekatua bermatzea trebetasun guztietan eta bakoitzean, mintzamena barne.

7. artikulua.– Euskaltegi publikoetako irakasleen hautaketa.

Hutsik geratzen diren euskaltegi publikoetako irakasle-postuak betetze-prozesua azaroaren 25eko 29/1983 Legeak, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortzeko eta euskaltegiak arautzekoak, ezarritako prozeduraren arabera burutuko da.

Izendatuko diren epai-mahaietan, bai meritu-lehiaketan, bai, hala bada, dagokion deialdi publiko irekian, baita irakasleen ordezkapenetarako lan-poltsak sortzeko ere, gutxienez HABEren ordezkari batek hartuko du parte zuzendari nagusiak izendatuta.

III. KAPITULUA
HELDUENTZAKO EUSKARA-IRAKASKUNTZA

BURUTZEN DUTEN EUSKALTEGIAK ETA BESTE ZENTRO HOMOLOGATUAK

8. artikulua.– Helduen euskalduntze eta alfabetatzerako zentroak.

Azaroaren 25eko 29/1983 Legeak, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortzeko eta euskaltegiak arautzekoak, 2. artikuluan, HABEren egitekoen artean, euskalduntzea eta alfabetatzea bultzatu eta sustatzea ez ezik, euskalduntze eta alfabetatzerako zentroen sustapena ere ezartzen du. Dekretu honen erregulazio gai diren zentro horien jarduerari eta finantzazioaren oinarrizko elementuei dagokienez, honako irizpideak finkatzen dira:

Giza-baliabideez eta baliabide materialez osaturiko egitura da euskaltegia, jabetasun publikoa edo pribatua duena, beharrezko baldintzak betez helduak alfabetatzeko eta euskalduntzeko bereziki sortua, eta ezarritako baldintzak betez, euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentroen Erregistroan sailkatua eta inskribatua izan dena. Euskaltegiek euskararen irakaskuntza burutzeko ahalmena izango dute Dekretu honetan aipatzen diren modalitate eta euskarri guztietan, euskararen autoikaskuntzarako sistema barne egongo delarik.

Euskararen autoikaskuntzarako giza-baliabideez eta baliabide materialez osaturiko egitura da euskararen autoikaskuntzarako zentroa, jabetasun pribatukoa, bere jardueren artean HABEk homologatutako autoikaskuntzarako sistema bitartez helduentzako euskara-irakaskuntza hartzen duena, eta ezarritako baldintzak betez, euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentroen Erregistroan sailkatua eta inskribatua izan dena.

9. artikulua.– Tipologia.

Azaroaren 25eko 29/1983 Legeak, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortzeko eta euskaltegiak arautzekoak, ezarritakoari jarraiki, euskaltegiak, titularitatearen arabera, publikoak edo pribatuak izango dira.

Euskaltegi pribatuak, homologatuak edo libreak izango dira ezartzen diren baldintzen betetze-mailaren arabera. Homologatuek Dekretu honetan ezartzen diren baldintza guztiak beteko dituzte; libreek, berriz, baldintza guztiak beteko dituzte, irakasleriaren titulazioa izan ezik.

Nolanahi ere, euskaltegi publikoek homologaziorako ezarritako parametro guztiak bete beharko dituzte.

Euskaltegiak, ikastaro presentzialak burutzeko antolaketaren arabera, modu irekian jardutekoak edo barnetegi iraunkorrak izan daitezke.

Euskararen autoikaskuntzarako zentroek Dekretu honetan ezartzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte homologatutzat hartuak izateko, aldez aurretik legezko jabeak eskaria egin ondoren.

10. artikulua.– Sailkapena, inskripzioa eta aitorpena.

Euskaltegiaren nahiz euskararen autoikaskuntzarako zentroaren sailkapena Kultura sailburuaren Aginduz burutuko da, euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako Erregistroan izena eman aurretik.

Sailkapena eta inskripzioa euskaltegi nahiz euskararen autoikaskuntzarako zentro bakoitzari dagokio, unitate fisiko identifikagarri bezala; jabea, berriz, bat edo gehiagorena, pertsona fisikoa nahiz juridikoa izan daiteke.

Euskaltegi baten titularrak, beronen titularitate aldaketa eska dezake, HABEren Presidenteari zuzendutako eskaeraren bidez, honako beste agiriok erantsiko dituelarik:

Euskaltegiari atxikitako ondasun eta eskubideen titularitate transferentziaren ziurtagiria.

Aipatutako transferentziarekiko titular berriaren adostasuna eta indarrean dagoen legeriak ezartzen dituen baldintzak betetzeko beraren hitza.

HABEren zuzendari nagusiaren Ebazpenez eska daitekeen beste edozein agiri.

Garatutako jardueren eta beste betebeharren kalterik gabe, Euskal Autonomia Erkidegoan euskaltegi nahiz euskararen autoikaskuntzarako zentro gisa onartua izan dadin, ezinbestekoa izango da, edozein ondoriotarako, euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentroen Erregistroan izena ematea. Inskripzioa ezinbestekoa izango da aitortua izan dadin, ondorio guztietarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioaren jardueraren eremuan.

Euskaltegiek eta euskararen autoikaskuntzarako zentroek, euren sailkapenerako eta dagokion inskripziorako, Dekretu honetan eta indarrean dauden beste xedapenetan ezartzen diren baldintzak bete beharko dituzte. Ezarritako baldintzak inskripzioa egiteko gutxieneko betekizunak dira. Hori dela eta, horiek ez betetzeak inskripzioa bertan behera uztea ekarriko du eta ezarritako ondorioetarako aitorpena galtzea, aldez aurretik dagokion espedientea bideratu eta gero.

11. artikulua.– Euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentroen Erregistroa.

Dekretu honen 10. artikuluan aurreikusten den euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentroen aitorpenerako, Kultura sailburuaren Aginduz arautuko da euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentroen Erregistroa.

12. artikulua.– Jarduera akademikoari dagozkion betekizunak.

Helduen alfabetatzerako edota euskalduntzerako presentziazko eskoletan, euskaltegi guztiek astean gutxienez 70 eskola-ordu eman beharko dituzte eta urtean 2.100 eskola-ordu. Horretarako gutxienik 3 irakasle eduki beharko dituzte beti, eta euskaltegian matrikulatutako ikasle-kopuru osoari erantzuteko behar adinako pertsonala.

Horrez gain, sistema multimedia bidez irakaskuntza burutzen duten euskaltegiek, duten ikasleria horren tutoretzari eta mintza-saioei erantzuteko behar hainbat irakasle izan beharko dute.

Irakaskuntza sistema multimedia bidez soilik burutzen duten euskaltegiek eta euskararen autoikaskuntzarako zentroek 75 ikasle izan beharko dituzte gutxienez ikasturtean, eta ikasleria horren tutoretza eta mintza-saioei erantzuteko behar hainbat irakasle izan beharko dituzte.

Ikasturte bakoitzaren hasieran, euskaltegiak edo euskararen autoikaskuntzarako zentroak, eskolak emango dituzten edo tutoretza eta mintza-saioen beharrei erantzuteko jardungo duten irakasleen zerrenda bidali beharko dio HABEri, baita jabeak bere pertsonalarekin sinatutako hitzarmen-moten loturak ere. Orobat, memoria bat aurkeztu beharko du eta zentroaren plana.

13. artikulua.– Lokalei dagozkien baldintzak.

Euskaltegiaren edo euskararen ikaskuntzarako zentroaren jabeak egiaztatu beharko du, uneoro, gutxienez ikasturte bateko jarduera akademiko etengabea bermatuko duen ikasgela, jarduera hori garatzeko behar diren aginduzko baimenak eta guzti.

Euskaltegiek erabiliko dituzten ikasgelek, ikasleko 1,5 m2-ko gutxieneko azalera izango dute. Eskolak emateko eremuaz gain. irakasle-gela eta jendeari harrera egiteko tokia eduki beharko dituzte.

Euskararen autoikaskuntzarako zentroek eta eskolak sistema multimedia bidez ematen dituzten euskaltegiek eduki beharko dituzte, gutxienez, ikasleko gutxieneko 2 m2-ko azalera izango duen baliabide informatikorako gelaz gain, beste gela bat irakasleek ikasleriaren tutoretza-beharrei erantzun ahal izateko, eta gune bat publikoa artatzeko.

Ikasturte bakoitzaren hasieran, euskaltegiak edo euskararen autoikaskuntzarako zentroak informazioa igorriko dio HABEri, ikasgeletan egin den edozein aldaketari edo horien kontratu-motari buruz.

14. artikulua.– Irakasleei buruzko baldintzak.

Euskaltegi homologatuetan eskolak ematen dituzten irakasleek, Euskara Gaitasun Agiriaren (EGA) edo horren baliokidearen jabe izateaz gain, gutxienez, Unibertsitate-diplomaturaren bat eduki beharko dute, edo Kultura Saileko 1984ko ekainaren 8ko eta 1996ko abuztuaren 8ko Aginduek araututako prozesuen bitartez habilitazioa lortu izana.

Euskaltegi publikoetako irakasleek bere lanpostuari dagokion hizkuntza eskakizuna egiaztatu beharko dute.

Euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako irakasleek, hau da, ikasleen tutoretza-lanetako eta mintza-saioetako arduradunek, artikulu honetako lehen paragrafoan eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte.

15. artikulua.– Material didaktikoari buruzko baldintzak.

Material didaktikoa HABEk kurrikulu-planteamenduetan proposatutako bideetara egokitu beharko da, eta Euskaltzaindiak emandako hizkuntz arauetara.

Euskaltegiak edo euskararen autoikaskuntzarako zentroak hautatutako material orok euskal kulturaren elementuak sustatuko ditu, eta ordenamendu juridikoetan aitortutako askatasun eta eskubideak errespetatu beharko ditu.

HABEk euskaltegiak edo euskararen autoikaskuntzarako zentroak erabilitako material didaktikoa eska dezake aztertzeko, artikulu honetan ezarritako baldintzetara egokitzen diren egiaztatzeko asmoz.

Ikusten bada material didaktikoaren elementuren batek ez dituela eskatutako baldintzak betetzen, espedientea bideratuko da, eta bertan jakinaraziko zaio euskaltegiaren edo euskararen autoikaskuntzarako zentroaren jabeari ez betetzearen arrazoia, berak zuzen dezan. Hori ez zuzentzeak inskripzioa bertan behera uztea ekarriko du eta aitorpena galtzea.

IV KAPITULUA
DIRULAGUNTZETARAKO DEIALDIAK

16. artikulua.– Dirulaguntza-deialdiak alfabetatze eta euskalduntze-ikastaroak emateagatik.

HABEk laguntza emango du, bere aurrekontu-bitartekoen muga-barruan, Erregistroan inskribaturik dauden euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuak finantzatzeko, helduak alfabetatzen eta euskalduntzen lan egiteagatik.

HABEren zuzendari nagusiak, ikasturte akademiko bakoitzean, dirulaguntzen deialdiak egingo ditu euskaltegietan eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetan burututako alfabetatze eta euskalduntze-ikastaroei dagokienez. Deialdi horiek kontuan izango dute Dekretu honen 9. artikuluan ezarritako tipologia, eta deialdi horietan, dirulaguntza eta subentzio publikoen alorrean legez ezarritako printzipioez gain, ezinbestez jasoko dira:

Onuradunek arlo akademiko eta administratiboan bete beharko dituzten betekizunak subentzio horiek jaso ahal izateko.

Subentzio-moduluak edo horien zehaztapenerako irizpideak. Horien artean sar daitezke irakaskuntza-jarduera, emaitza akademikoak eta irakaskuntzaren kalitatearekin loturiko beste zenbait parametro.

17. artikulua.– Ikasleei zuzendutako laguntzak.

Aipatutako laguntzen osagarri gisa, HABEk ezar ditzake, bere aurrekontu-bitartekoen muga-barruan, beste subentzio-mota batzuk, Dekretu honetan aipatzen diren modalitate eta euskarrietan edo homologatutako sistemen bitartez alfabetatze edota euskalduntze-prozesuetan murgilduta ari diren ikasleei zuzenduak, horien emaitza akademikoen baitan.

18. artikulua.– Beste deialdiak.

HABEk egin ditzake, betiere bere aurrekontu-bitartekoen muga-barruan, laguntza-deialdiak, alfabetatze eta euskalduntze-lanaren osagarri gisako jarduerak sustatzera zuzenduak.

19. artikulua.– Hitzarmenak euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuen titularrekin.

Betiere dagokion laguntza-deialdiak aurreikusten badu, eta organo erabakitzaileak bidezkotzat jotzen badu, laguntza-ematea hitzarmen batean zehatz daiteke. Kasu horretan, izenpetzen diren hitzarmenetan sar daitezke material didaktikoen lanketarako lankidetza-programak, irakasleen heziketarako planak, eman beharreko eskola-orduak, eta, oro har, euskararen irakaskuntzaren kalitatearen hobekuntzari dagozkion alderdiak.

20. artikulua.– Dirulaguntzen kontrola.

HABEk zainduko du onuradun desberdinei emandako laguntzen norakoa, baita laguntzen deialdi desberdinetako baldintzak zuzen betetzea ere.

Onuradunak laguntzei edo horien norakoari buruzko dokumentazio egiaztagarria aurkezteari uko egiten badio, edo dokumentaziorik ez baldin badu, horrek subentzioaren ezeztatzea ekarriko du, dagokion ekitaldian onuradunak jasotako diru-kopurua itzultzeko obligazioarekin.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Ikasgela lekualdatuak.

Euskaltegiek eta euskararen autoikaskuntzarako zentroek ahalmena dute beren ikasgela lekualdatuak edukitzeko. Gune horiek zentroa edo euskaltegia ez dagoen herrian egongo dira edo berezko eragin-esparrutik at, baina, hala ere, eskualde horretako hezkuntza-eskaintzaren gabeziak beteko dituzte. Ikasgela lekualdatu horiek, lotuta egongo dira aipatutako euskaltegiarekin edo euskararen autoikaskuntzarako zentroarekin, HABEren zuzendari nagusiak aldez aurretik baimenduak izan beharko dutelarik.

Era berean, eskatzen duten kolektibo jakin batzuei zerbitzu hobea eskaini ahal izateko, euskaltegiek ahalmena izango dute beren ikasgeletatik at ikastaroak burutzeko, helburu berezi batekin, eta euskararen ikaskuntzarekin edo hobekuntzarekin lotuta. Egoera hori aldez aurretik HABEren zuzendari nagusiak baimendua izango da.

Bigarrena.– Euskal Etxeak.

HABEk euskaltegi pribatuek burututako ikastaroei dagozkien laguntza-deialdiak zabal ditzake Euskal Etxeetara, Eusko Jaurlaritzaren Euskal Etxeen Erregistroan izena eman eta datuak gaurkotuta izanik, HABEk ezarritako helduen alfabetatzerako eta euskalduntzerako programei egokitutako euskara-ikastaroak ematen badituzte.

Hirugarrena.– Egungo euskaltegi libreetako irakasleria.

Dekretu hau indarrean jartzen denetik, ezin izango da euskaltegi libreen inskripzio berririk egin. Egungo euskaltegi libreek irakasleekin sinatzen dituzten kontratu berri guztiek, Dekretu honen 14. artikuluaren lehen paragrafoan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Hori ez betetzeak inskripzioa bertan behera uztea ekarriko du eta euskaltegi libre gisako onarpena galtzea, aldez aurretik dagokion espedientea bideratuta.

Laugarrena.– Egungo euskaltegien jarduera akademikoa.

Dekretu hau indarrean jartzen den egunean publiko edo pribatu homologatu bezala sailkatuta dauden euskaltegiak, ez dira aurrerantzean behartuta egongo Dekretu honen 12. artikuluaren lehen paragrafoan ezarritako gutxieneko jarduera betetzera.

Bosgarrena.– 1998ko irailaren 9ko Ebazpenaren indarraldia.

HABEk deialdiz eskaintzen dituen dirulaguntzak eskuratzeko euskaltegi pribatu zein publikoek, hala homologatuek nola libreek, eta Euskal Etxeek bete behar dituzten oinarrizko baldintzak ezartzen dituen 1998ko irailaren 9ko HABEren zuzendari nagusiaren Ebazpenak indarrean jarraituko du geroko Ebazpen batek indargabetzen ez duen bitartean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira euskaltegien alderdi juridikoa eta horien finantzazioa arautzen duen ekainaren 12ko 189/l984 Dekretua, eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortzeko eta euskaltegiak arautzeko Azaroaren 25eko 29/1983 Legearen hogeigarren artikulua garatzen duen 1984ko ekainaren 8ko Kultura Sailaren Agindua, baita Dekretu honek ezarritakoaren aurka daudekeen maila berdineko edo apalagoko xedapen guztiak ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ahalmena ematen zaio Kultura sailburuari Dekretu honen garapenerako beharrezko xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2003ko uztailaren 22an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Kultura sailburua,

MIREN KARMELE AZKARATE VILLAR.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana