Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

126. zk., 2003ko ekainaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
3795

EBAZPENA, 2003ko apirilaren 8koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Zerbitzu zuzendariarena, EB3-00380/03-EE eta EB3-00467/02-LE espedienteetan Lander Sagasti Esteban jaunak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ebazten duena.

AURREKARIAK:

1.– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2003ko otsailaren 10eko Aginduaren bitartez, EB3-00380/03-EE eta EB3-00467/02-LE espedienteen babespean, hasiera eman zitzaion Tolosako udalerriko (Gipuzkoa) Santa María kaleko 7an 12 gizarte etxebizitza esleitzeko eta udalerri bereko 44 Aldeko A lur-zatiko 1, 2 eta 3 zenbakietan babes ofizialeko 21 etxebizitza esleitzeko administrazio-prozedurari. Agindu hori 2003ko otsailaren 14an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Etxebizitzok arauzko baldintzak ondoen betetzen zituzten eskatzaileei emango zitzaizkien.

2.– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Gipuzkoako lurralde-ordezkariak, 2003ko otsailaren 18an emandako ebazpenaren bidez, prozedura horretan onartu eta baztertutakoen zerrendak onartu zituen.

3.– Lander Sagasti Esteban jaunak 2003ko martxoaren 13an gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen ebazpen horren aurka, berarekin bat ez baitzetorren. Errekurtsoarekin batera itzulitako emigratzailea dela egiaztatzeko agiria aurkezten du bai eta Erresuma Batuko zerga-agiri bat eta 2001eko ekitaldiko zenbait nomina ere. Errekurritutako ebazpena berraztertzea eskatzen du.

Aurrekari horiek oinarri hartuz, honakoak azaltzen dira:

ZUZENBIDEKO OINARRIAK:

1.– Sail honetako Zerbitzu zuzendaria da errekurtsoa ebazteko eskumena duena, horrela xedatzen baita Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 12ko 40/2002 Dekretuan. Errekurtsoa, nolanahi ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitakoari jarraituz aurkeztu da.

2.– Honakoak dira erabili beharreko arauak: abenduaren 30eko 315/2002 Dekretua, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa; 2003ko otsailaren 10eko Agindua, Tolosako udalerriko (Gipuzkoa) Santa María kaleko 7an 12 gizarte etxebizitza esleitzeko eta udalerri bereko 44 Aldeko A lur-zatiko 1, 2 eta 3 zenbakietan babes ofizialeko 21 etxebizitza esleitzeko hainbat zehaztasun finkatzen dituena, horien osagarri direnak eta beroiekin bat datozenak.

3.– Abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuak 18. artikuluan babes ofizialeko etxebizitzak eskuratzeko gehieneko eta gutxieneko diru-sarrerak finkatzen ditu eta, babes ofizialeko etxebizitzei dagokienez, urteko diru-sarrera ponderatuak 33.100 eurotik beherakoak eta 9.000 eurotik gorakoak izango direla; eta gizarte etxebizitzei dagokienez, urteko diru-sarrera ponderatuak 15.100 eurotik beherakoak eta 3.000 eurotik gorakoak izango direla, baldin eta etxebizitzak azalera-eskubideaz edo alogeran —betiere erosteko aukera barik— ematen badira.

Espedientea aztertu ostean eta Ogasunak emandako datuen arabera, orain errekurtsogile denak 2001. urtean izan zituen diru-sarrera ponderatuek 1.276 euro jotzen dute. Errekurtsoarekin batera, hala ere, Erresuma Batuko 2001eko zerga agiri bat aurkeztu zuen errekurtsogileak eta, horren arabera, 4.677 librako diru-sarrerak izan zituen 2001ean. Beraz, urte horretan indarrean zegoen diru-aldaketari jarraituz 7.644,10 euro dira. Zenbateko hori %95era zuzendu eta ponderatu ostean, 2001. urtean 8.920,10 euroko diru sarrerak izan zituen eta, ondorioz, kreditatutako diru-sarrera ponderatuak ez dira nahikoak babes ofizialeko etxebizitzak eskuratzeko baina bai gizarte etxebizitzak eskuratu ahal izateko.

4.– Bestalde, abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuak bere 17. artikuluan honela dio: «etorkizuneko titularretakoren batek erroldaturik egon beharko du, etxebizitzen esleipen-prozedurari hasiera ematen dion Agindua argitaratzen den eguna baino urtebete lehenagoko antzinatasunez gutxienez, Agindu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan interesaturik daudela adierazitako edozein udalerritan.»

Tolosako udalerrian (Gipuzkoa) Santa María kaleko 7an 12 gizarte-etxebizitza esleitzeko hainbat zehaztasun finkatzen dituen Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2003ko otsailaren 10eko Aginduaren arabera, Tolosakoa da gizarte-etxebizitzen sustapenen horretako udalerri interesduna.

Ibarreko Udalari, nolanahi ere, eskatzailearen erroldapenaz galdetu zaio eta bertatik baieztatu da ez diola utzi bertan erroldatuta egoteari. Bete egiten du, beraz, gizarte-etxebizitza eskuratzeko gutxienez urtebetez erroldatua egon izanaren eskakizuna.

Azaldutako oinarriak, aipatutako legezko xedapenak eta horiekin bat datozen eta osagarri diren gainontzeko xedapen aplikagarriak ikusita, hauxe

XEDATU DUT:

Saileko Gipuzkoako lurralde-ordezkariak EB3-00380/03-EE eta EB3-00467/02-LE espedienteetan hartutako Ebazpenaren aurka Lander Sagasti Esteban jaunak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa zati batean onestea. Ebazpen horietan Tolosako udalerriko (Gipuzkoa) Santa María kaleko 7an 12 gizarte-etxebizitzaren eta udalerri bereko 44 Aldeko A lur-zatiko 1, 2 eta 3 zenbakietan babes ofizialeko 21 etxebizitzaren sustapenean onartu eta baztertutakoen zerrenda onartu ziren. Onartu egiten dira, izan ere, 2001. urteko diru-sarrerak kreditatzeko aurkeztutako agiriak eta, ondorioz, gutxieneko diru-sarrerak egiaztatu ez izana kendu beharko da gizarte-etxebizitzen EB3-00380/03-EE sustapenetik baztertzeko zioen zerrendatik. Hala ere, babes ofizialeko etxebizitzak eta gizarte-etxebizitzak eskuratzeko onartutako eskatzaileen zerrenda bietatik kanpo geratuko da, lehen bezala.

Ebazpen honek administrazio bidea amaitzen du; hala ere, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian. Horretarako epea ebazpen hau jakinarazten den egunaren biharamunean hasi eta bi hilabetekoa izango da.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko apirilaren 8a.

Zerbitzu zuzendaria,

MIKEL ARANA ECHEZARRETA.


Azterketa dokumentala