Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

123. zk., 2003ko ekainaren 24a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
3696

AGINDUA, 2003ko apirilaren 14koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Botikarien Kontseiluaren estatutuak onartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua onartu zuen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.22 artikuluan ezartzen denez, Profesionalen Elkargoen eta Tituludun Lanbideen alorreko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoari baino ez dagokio, Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan agindutakoa hautsi gabe, betiere.

Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legea aipatu eskumenaren indarrez eman zen. Lege horren 33. eta 45. artikuluetan ezartzen denez, elkargoen estatutuak eta horien aldaketak Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari jakinarazi beharko zaizkio. Gero, sail horrek, estatutuok legearen barruan daudela egiaztatu ondoren, behin betiko onartuko ditu, agindu baten bitartez. Azkenik, agindua, estatutuekin batera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta Tituludun Lanbideen Erregistroan inskribatuko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Botikarien Kontseiluaren estatutuak legearen araberakoak direla egiaztatuta, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legeak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Onarpena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Botikarien Kontseiluaren estatutuak onartzea.

2. artikulua.– Argitalpena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Botikarien Kontseiluaren estatutuak agindu honen eranskinean argitara daitezela agintzea.

3. artikulua.– Inskripzioa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Botikarien Kontseiluaren estatutuak Tituludun Lanbideen Erregistroan inskriba daitezela agintzea, erregistroa formalki osatzen den unean.

Azken xedapen bakarra.– Eraginkortasuna.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko apirilaren 14a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO BOTIKARIEN ELKARGOEN KONTSEILUA
ESTATUTUAK
ATARIKO TITULUA

1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Botikarien Kontseilua zuzenbide publikoko korporazio bat da, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen bidez aitortu eta babestutakoa; nortasun juridiko propioa eta jarduteko erabateko gaitasuna du; Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Botikarien Elkargoak mailarik gorenenean ordezkatzea eta koordinatzea eta horien arteko lankidetza bultzatzea izango du helbururik funtsezkoena, gizartearen eta ordezkatzen dituen elkargoen interes eta behar orokorrak kontutan hartuta.

2. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Botikarien Kontseilua azaroaren 21eko 18/1997 Legearen bidez eta estatutu hauen arabera eraenduko da. Kontseiluaren barne egitura eta funtzionamendua demokratikoak izango dira.

3. artikulua.– Kontseiluaren izena Consejo de Farmacéuticos del País Vasco - Euskal Herriko Farmazilarien Kontseilua izango da.

Helbidea txandakoa izango da, une bakoitzean lehendakaritza duen elkargoaren egoitza izango baita, ohiko eta ezohiko bilera eta bilkurak non egiten diren gorabehera.

Kontseiluaren lurralde-eremua Euskal Autonomia Erkidegoarena izango da.

LEHENENGO TITULUA

Lehenengo atala.– Euskal Autonomia Erkidegoko Botikarien Kontseiluaren egitekoak.

4. artikulua.– Berezko egitekoak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Botikarien Kontseiluari azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 42. artikuluak izendatzen dizkion egitekoak dagozkio, bere lurralde-eremuaren barruan.

2.– Eskumen orokorrez gain, oinarrizko egiteko hauek beren-beregi izendatu zaizkio:

1) Legeen esparruan eta eskumenen barruan, botikarien lanbidearen egikaritzea antolatzea, ordezkatzen dituen botikarien elkargoekin koordinatuta.

2) Lanbidearen jarduna herritarren osasuna sustatzera bideratuta dagoen zaintzea eta bultzatzea, osasun arloko gainerako lanbideekin eta herri agintariekin elkarlanean arituz helburu hori lortzeko.

3) Dagokion eremuan, lanbidea ordezkatzea eta defendatzea Administrazioan, instituzioetan, epaitegietan, entitateetan eta partikularren aurrean, kalterik egin gabe elkargo bakoitzak dituen eskumenei; lanbidearen interesei eta Kontseiluaren helburuei eragiten dieten kausa eta auzietan alderdi izateko legitimazioa izango du, eta ahalordeak egiletsi ahalko ditu ordezkatze eta defentsa lanak egiteko.

4) Herri administrazioen batzorde eta aholku batzordeetan parte hartzea, horiek eskatzen diotenean edo legeetan aurreikusita dagoenean.

5) Jaurlaritzak iritzipean uzten dizkion araugintza-proiektuei buruzko txostena egitea, 18/1997 Legearen 54. artikuluan jartzen duen moduan.

6) Administrazio Sanitario, instituzio eta beste entitate batzuekin elkarlanean aritzea interes komunak lortzen eta, bereziki, erabiltzaileei asistentzia farmazeutikoa egokia ematen; horretarako, behar diren akordio, kontratu eta itunak egingo ditu.

7) Indarrean den legediaren kontrako jarduera irregularren baten berri izanez gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari jakinaraztea.

8) Euskal Autonomia Erkidegoko botikarien elkargoen jarduera koordinatzea; elkargoen artean sortzen diren arazoak arbitraje-bidez ebatziko ditu.

9) Behar diren neurriak hartzea elkargoek Kontseiluak bere eskumenekoak diren arloei buruz hartzen dituen ebazpenak bete ditzaten.

10) Botikarien lanbidearen arau deontologiko komunak bildu eta prestatzea, eta betetzen diren zaintzea.

11) Elkargoek agindutako egintzen aurka aurkezten diren errekurtsoak ebaztea.

12) Elkargoetako eta Kontseiluko gobernu organoetako kideekin diziplina-ahalmena erabiltzea, 18/1997 Legearen 19.3 artikuluan aurreikusitakoari jarraituz.

13) Kontseiluko estatutuak onartzea eta aldatzea, 18/1997 Legearen 45. artikuluan jasotakoaren arabera.

14) Kontseiluaren aurrekontua onartzea, eta Kontseiluko gastuetan elkargoek ordaindu beharrekoa finkatzea, elkargokideen kopurua kontuan hartuta.

15) Elkargoetako gobernu-organoetarako hauteskundeen deialdiak koordinatzea, horien haustekunde-arauak betetzen direla zaintzea eta aurkezten diren errekurtsoak ebaztea.

16) Elkargoen funtzionamenduari buruz aurkezten diren kexak ebaztea.

17) Elkargoen ordez, lanbiderako interesgarriak diren ekintzak eta zerbitzuak sustatu, eratu eta antolatzea, botikariei etengabeko prestakuntza emateko eta elkargoei helburuak lortzen laguntzeko.

18) 18/1997 Legearen 43. artikuluan jasotakoaren arabera Administrazioak eskuordetzen dizkion egitekoak.

19) Lankidetza-akordioak egitea Espainiako Botikarien Kontseilu Nagusiarekin, beste erkidego batzuetako botikarien kontseiluekin eta botikarien lanbidea Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo ordezkatzen duten instituzioekin.

20) Botikarien lanbiderako interesgarriak edo onuragarriak izan daitezkeen egitekoak, Kontseiluaren helburuak betetzen lagunduko dutenak, eta legeek izendatzen dizkiotenak edo eskuordetzen zaizkionak.

Bigarren atala.– Gobernu-organoen osaera eta antolamendua.

5. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Botikarien Kontseiluko gobernu-organoak dira: Osokoa eta Lehendakaritza Organoa.

6. artikulua.– Kontseiluaren Osokoa bederatzi kidek osatuko dute: elkargokide gutxien dituen elkargoa ordezkatuz bi, elkargokide kopuruaren arabera hurrengoa den elkargoa ordezkatuz hiru, eta elkargokide gehien dituen elkargoa ordezkatuz lau.

Elkargo bakoitzeko ordezkari batek elkargoko lehendakari izan beharko du nahitaez.

Osokoaren gainerako kideak elkargoetako gobernu-batzordeek izendatuko dituzte.

7. artikulua.– Kide guztiek izango dute Osokoan hitz egiteko eta bozkatzeko eskubidea; berdinketarik gertatuz gero, lehendakariaren kalitatezko botoak ebatziko du. Kideek beste kide bati eskuordetu deizaiokete botoa.

8. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Botikarien Kontseiluko lehendakaritza Euskal Autonomia Erkidegoko botikarien elkargoetako lehendakariek hartuko dute, txandaka, bi urtean behin. Bizkaiko Botikarien Elkargokoa izango de lehenik, Gipuzkoakoa gero eta Arabakoa azkenik.

9. artikulua.– Kontseiluko Osokoaren kide izateko, beharrezkoa izango da Araba, Gipuzkoa edo Bizkaiko elkargoetako gobernu-batzordeko kide izatea.

10. artikulua.– Osokoaren kideek bi urte igaro ondoren utziko dituzte karguak, lehendakaritzaren ohiko txandaketa gertatzen den egun berean. Halaber, elkargoko gobernu-batzordeko kide izateari uzten dioten unean bertan utziko dute Kontseiluan duten kargua.

11. artikulua.– Osokoaren kide batek kargua uzten duenean, kide horren elkargoko gobernu-batzordeak ordezko bat izendatuko du, behar diren baldintzak betetzen dituztenen artean.

12. artikulua.– Osokoaren kideen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Kontseiluko Osokoaren kideek eskubide hauek dituzte:

a) Erabaki, ekimen eta ekintza guztietan Kontseiluan aktiboki parte hartzekoa, hitz egiteko eta bozkatzeko eskubidea dutela.

b) Autonomiari eustea, bere lurralde eta eremuan berari baino ez dagozkion alor, gai eta eskumenetan.

c) Kontseiluko kontu eta finantza-ondarearen egoerari buruzko informazioa jasotzekoa.

d) Estatutuak aldatzeko proposamenei buruzko informazioa jasotzekoa, Kontseiluak eztabaidatu eta onartu aurretik.

e) Kontseilua desegiteko proposamenaren eta likidazio-faseei buruzko informazioa jasotzekoa, bai eta ondasun eta eskubideen norakoa jakitekoa ere.

f) Estatutu hauei jarraituz Kontseiluko organoek hasten eta ebazten dituzten diziplina-prozedurei buruzko informazioa jasotzekoa.

g) Estatu hauen eta, oro har, indarrean den legediaren arabera dagozkien eskubide edo ahalmen guztiak.

2.– Osokoaren kideen betebeharrak dira:

a) Osokoaren bileretara joatea.

b) Kontseiluaren interes orokorrerako komeni denean, kasuan kasuko ebazpen, gertakari, zirkunstantzia edo egintzak jakinaraztea Osokoari.

c) Kontseiluaren ebazen, akordio edo arauak jakinaraztea, eurentzat interesgarriak edo eurei eragiten dietenean.

d) Estatutu hauetatik eta oro har aplikatzekoa den arauditik sortzen diren gainerako betebeharrak.

13. artikulua.– Kontseiluko lehendakariari dagokio:

1.– Kontseilua ofizialki ordezkatzea herri agintarien, entitate, korporazio eta gainerakoen aurrean.

2.– Osokoaren bileretan mahaiburu izatea; eztabaidak zuzenduko ditu eta berdinketak gertatzen direnean kalitatezko botoa izango du.

3.– Kontseiluko funtsen inbertsioetarako ordainketak agintzea.

4.– Kontseiluak parte hartu behar duen gai guztietan parte hartzea; lehendakariordeari eskuordetu ahalko dio egiteko hori.

5.– Bileretako gai-zerrenda finkatzea.

6.– Prokuradoreei ahalordeak ematea eta letradua izendatzea, Osokoak erabakitzen dituen mota guztietako ekintzak baliatzeko edo eskubideei buruz auzitan aritzeko.

14. artikulua.– Kontseiluko Osokoak lehendakariorde bat, idazkari bat eta diruzain bat izendatuko ditu.

Ezarritako errotazio-hurrenkeraren arabera Kontseiluaren hurrengo lehendakaritza dagokion elkargoko lehendakaria izango da lehendakariorde; Kontseiluko lehendakaria ordezkatuko du ez dagoenean edo gaixorik dagoenean.

Lehendakaritza duen elkargokoak diren Osokoaren kideen artean izendatuko da Kontseiluko idazkaria.

Idazkariari dagokio osokoaren bileraren aktak egitea eta testigantzak, komunikazio arruntak, zirkularrak eta egiaztagiriak egitea, lehendakariaren oniritzia duela; akta, espediente eta erregistroen liburua bere ardurapean egongo da.

Diruzainari dagokio Kontseiluko funtsak zaintzea eta bilketa egitea, lehendakariak agintzen dituen ordainketak ordaintzea, betetako ekonomia ekitaldiko kontuak urtero formalizatzea, urteko aurrekontuak idaztea, Osokoak onartzeko, eta Kontseiluko banku-kontuko funtsak sartzea eta kentzea, lehendakariarekin modu solidarioan.

Diruzainaren kargua aldi berean eduki dezake Kontseiluko idazkariak.

15. artikulua.– Osokoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Botikarien elkargoetako Kontseiluaren ordezkaritza eta jardute organoa. Gutxienez hiru hilean behin batuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko edozein lekutan.

Kontseiluko lehendakariak eskatuta edo elkargoetako lehendakariren batek eskatuta batuko da.

Lehendakariak egingo du deialdia, eta egin baino 10 egun lehenago bidaliko da; behar bezala justifikatutako presazko kasuetan epe hori motzagoa izan daiteke.

Deialdian gai-zerrenda, eguna, lekua eta lehen eta bigarren deialdiaren ordua jarriko dira; deialdi bien artean 30 minutuko tartea utzi beharko da, gutxienez.

Lehenengo deialdian osokoa balioz eratuko da kideen gehiengo soila dagoenean. Bigarren deialdian, berriz, balioz eratuko da kide kopurua edozein delarik ere.

Gai-zerrendan dauden gaiei buruzko erabakiak baino ez dira hartuko, salbu eta hiru elkargoetako lehendakariak bestelakorik sartzea erabakitzen ez badute.

Erabakiak gehiengo soilez hartuko dira. Berdinketarik gertatuz gero, lehendakariaren kalitatezko botoak ebatziko du.

Bozketak isilpekoak izango dira, Osokoaren kideetako batek hala eskatzen badu.

16. artikulua.– Osokoaren bileretara hiru elkargoetako lehendakariek eskatzen dituzten elkargokideak joan daitezke.

Osokoak, halaber, elkargoetako teknikariak edo kanpoko aholkulariak joan daitezela eska dezake.

Hirugarren atala.– Euskal Autonomia Erkidegoko Botikarien Kontseiluaren Erregimen Ekonomikoa.

17. artikulua.– Kontseiluko diruzainak urte naturalerako aurreikusitako sarreren eta gastuen ustezko aurrekontu bat prestatu beharko du urtero, zeina Osokoak urteko lehenengo seihilekoan onartu beharko duen.

Epe horretan bertan onartu beharko dira aurreko ekitaldiko aurrekontuaren emaitzen kontua eta likidazioa.

Osokoak aurrekontu-proiektua onartzen ez badu, aurreko ekitaldiko aurrekontua luzatutzat joko da besterik gabe.

18. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Elkargoek bidezko eran ordainduko dituzte Kontseiluaren mantenimendu-gastuak.

1.– Aurreko ekitaldiko abenduaren 31n erregistratutako elkargokideen kopuruaren arabera zehaztuko da elkargo bakoitzaren partaidetza-kuota.

2.– Elkargoren batek estatutu hauetan jasotako ekonomia-betebeharrak bete gabe uzten baditu, errekerimendu bi egingo zaizkio ziurtatutako eskutitzen bidez. Elkargo bakoitzaren eskubide guztiak erabiltzeko, beharrezkoa izango da diru-betebeharrak konplituta edukitzea.

3.– Diruzainak kontuak emango dizkio urtero Kontseiluaren Osokoari, onartuak izateko. Osokoak hiru kide izendatuko ditu kontuen ikuskaritza egiteko eta horri buruzko txostena egiteko; horretarako gaitutako entitate baten esku ere utzi dezake lan hori.

19. artikulua.– Kontseiluak bere jarduerarako behar dituen giza baliabideak eta materialak izango ditu, bere aurrekontuen kontura.

20. artikulua.– Kontseiluak baliabide ekonomiko hauek izango ditu:

1.– Elkargoen ekarpenak, urteko aurrekontuetan ezarriko baitira.

2.– Elkargoen ezohiko ekarpenak edo derramak.

3.– Instituzio nahiz hirugarren batzuk eskatuta, agiriak eta irizpenak egin edo zerbitzuak emateagatiko eskubideak.

4.– Kontseiluaren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideetatik sortzen den edozein motatako errendimendu.

5.– Kontseiluak jaso ditzakeen diru-laguntza ofizialak, dohaintzak, jaraunspenak edo legatuak.

21. artikulua.– Aurrekontu-ekitaldi bakoitzeko ikuskaritza-txosten bat egingo da urtero, Kontseiluaren Osokoak xedatzen duenari jarraituz.

Laugarren atala.– Diziplina-erregimena.

22. artikulua.– Elkargoetako gobernu-batzordeek hasitako diziplina-prozedurak amaitzen dituzten ebazpenen aurka jartzen diren gora jotzeko errekurtsoak ebazteko ahalmena izango du Euskal Autonomia Erkidegoko Botikarien Kontseiluaren Osokoak.

23. artikulua.– Elkargoetako gobernu-organoetako kideek, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Botikarien Kontseilukoek ere, diziplinazko erantzukizuna izango dute elkargoetako estatutuetan eta estatutu hauetan jasotako kasu eta zirkunstantzia beretan.

1.– Ustezko arau-hauspena elkargo bateko gobernu-batzordeko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Botikarien Kontseiluko kideren bati eragiten badio, Kontseiluaren Osokoak izango du diziplina-espedientea hasi, instruitu eta ebazteko ahalmena, azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 19. artikuluko 3. idatz-zatian agindutakoari jarraituz.

2.– Diziplina-espedientea irekitzeko erabakian instruktorea eta idazkaria izendatuko dira; ezingo dira Osokoaren kide nahiz espedientea egin zaionaren elkargoko gobernu-batzordeko kide izan. Osokoak instruktorea eta idazkaria ordezkatu, eta behin-behingoz beste batzuk izenda ditzake; holakorik gertatuz gero, espedientea egin zaionari jakinaraziko zaio.

3.– Instruktoreari eta idazkariari Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluak aplikatuko zaizkie, abstentzio eta errefusatze kasuetan.

4.– Zehapen-prozeduraren instrukzioa eraginpekoaren elkargoko estatutuetan agindutakoari egokitu beharko zaio epeei eta sekuentziei dagokienez.

5.– Aurreko idatz-zatian aipatzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko Botikarien Kontseiluaren ebazpenek administrazio-bidea amaituko dute eta berehala exekutatzekoak izango dira; horien aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, edo bestela, zuzenean inpugnatu ahalko dira administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.

Bosgarren atala.– Erregimen juridikoa.

24. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Botikarien Kontseiluaren egintzak eta erabakiak administrazio-zuzenbideari loturik daudenez, estatutu hauetan agindutakoari egokitu beharko zaizkio, eta ordezko izaeraz, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoari; betiere, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legetik ondorioztatutako espezifikotasunei kalterik egin gabe.

Euskal Autonomia Erkidegoko Botikarien elkargoetako gobernu-batzordeek hartutako erabakien eta egintzen aurka aurkezten diren gora jotzeko errekurtsoak hartu eta ebatziko ditu Kontseiluak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Botikarien Kontseiluaren Osokoaren erabaki eta egintzen aurka, berriz, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, hil biko epean.

Eskubide kolektibo baten titularrek eta zuzenean eragiten dioten interes legitimoa dutenek daukate aurreko idatz-zatietan aipatutako errekurtsoak aurkezteko legitimazioa.

Hainbat pertsonari eragiten dion erabakiak nahiz ebazpenak direnean, dena delakoa hartu duen elkargokoa den edozein elkargokide legitimatuta dagoela ulertuko da. Edozelan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Botikarien elkargoak legitimatuta egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Botikarien Kontseiluaren egitza, erabaki eta ebazpenen aurka errekurtsoa aurkezteko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Botikarien Kontseiluaren egintzek eta ebazpenek administrazio-bidea amaitzen dute; horien aurkako errekurtsoak Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan jar daitezke, legeetan ezarritako moduan.

Seigarren atala.– Estatutuak aldatzea.

25. artikulua.–

1.– Estatutu hauek gutxienez Kontseiluko Osokoaren kideen laurdenak eskatuta edo elkargo bateko gobernu-organoak proposatuta alda daitezke.

2.– Estatutuak aldatzeko eskabideak aldatu nahi denari buruzko proposamena jaso beharko du, bai eta aldatu nahi diren artikuluek zein idazkera izango duten ere.

3.– Estatutuak aldatzeko proposamena Kontseiluaren Osokoari aurkeztu beharko zaio. Horretarako, deia egingo zaio Osokoari, eta proposatzen den testu bana bidaliko zaie kide guztiei.

4.– Proposatutako aldaketa onartzeko, Osokoaren kideen gehiengo osoa beharko da; beharrezkoa izango da, gainera, elkargo guztietako kideren batek aldeko botoa ematea.

5.– Estatutuen aldaketak hiru elkargoek berretsi beharko dituzte, horretarakotxe deituko den Ezohiko Batzar Orokorrean.

Zazpigarren atala.– Desegitea eta likidazioa.

26. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Botikarien Kontseilua desegiteko eta ondarea, eskubideak eta obligazioak likidatzeko, 18/1997 Legearen 31. artikuluan eta hori garatzeko Eusko Legebiltzarrak ematen duen legean agindutakora joko da.

1.– Kontseilua desegiteko beharrezkoa izango da hiru elkargoetako ezohiko batzar orokorren erabakia; batzarrak deia egingo zaie elkargoei.

2.– Kontseilua desegiteko erabakian batzorde likidatzaile bat eratzea erabaki daiteke; hiru kidez osatuko da, elkargoen ordezkari banaz. Dena den, bai desegiteko erabakian bai batzorde likidatzailearen erabakian —eratuz gero—, dauden ondasun eta eskubideen norakoa erabakiko da: desegitea gertatzen den unean indarrean diren partaidetza-kuoten arabera izendatuko zaizkie kontseilua osatzen duten elkargoei.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak estatutu hauek onartzeko ematen duen agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunean jarriko dira indarrean estatutuak.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.– Estatutu hauek indarrean jarri aurretik hasitako zehapen-prozedurak aurreko araudiaren arabera izapidetuko dira ebazten diren arte.

Bigarrena.– Kontseiluaren Osokoaren karguak izendatzeko 15 eguneko epea jartzen da, estatutu hauek indarrean jartzen direnetik zenbatzen hasita.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Estatutu hauek indarrean jartzen direnean indargabetuta geratuko dira Kontseiluaren Estatutuetan jasotakoaren aurkakoak diren estatutu-araudi eta araudi osagarri guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Estatutu hauetan jaso ez diren gaietarako, Espainiako Botikarien Elkargo Ofizialen Kontseiluan ezarritakora joko da, ordezko izaeraz aplikatuko baita.


Azterketa dokumentala