Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

123. zk., 2003ko ekainaren 24a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
3695

AGINDUA, 2003ko maiatzaren 13koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, Muskizen Muskizko S. Juan EI PRU-3 partzelan babes ofizialeko 32 etxebizitza esleitzeko hautaketa-prozesua hasten duena eta hainbat zehaztasun finkatzen dituena.

Gertakariak:

1.– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2002ko ekainaren 14ko Aginduaren bidez babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedura arautzen da. Babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2002ko abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuaren 11. artikuluan zerrendatzen dira etxebizitza horiek.

2.– Babes ofizialeko 32 etxebizitzaren sustapena Muskizen Muskizko S. Juan EI PRU-3 partzelan kokatuta dago, Construcciones Urrutia, EA-k sustatzen du eta aipatu aginduak arautzen duen prozedura zaio aplikagarri. Sustapen horrek 2003ko apirilaren 10ean eskuratu zuen behin-behineko kalifikazioa eta EB2-1972/03-LC du espediente zenbakia.

Zuzenbideko oinarriak

1.– Organo honi dagokio honako zehaztasunak finkatzeko eskumena, hala ezartzen baita Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 12ko 40/2002 Dekretuaren 4. artikuluan eta babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedurari buruzko 2002ko ekainaren 14ko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Aginduan.

2.– Sailburuaren 2002ko ekainaren 14ko Aginduak honakoa adierazten du 3. artikuluan:

"1.– 1. artikuluak aipatzen duen babes ofizialeko etxebizitzen esleipendunen hautaketa-prozesua Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren aginduaren bidez hasiko da, esleitu beharreko etxebizitza-sustapen bakoitzerako.

2.– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dute eta ondoko mugak zehaztuko ditu gutxienez:

– Esleitu beharreko etxebizitza-kopurua: era berean, jasota geratuko da birralojatzearen ondorioz kenduriko etxebizitza-kopurua edo premia berezien arabera bazter utzirikoak.

– Sustapenean interesatutzat deklaratutako udalerriak.

– Ondorengo artikuluak adierazten dituen erreserbak.

– Etxebizitzen lagapen-erregimena.

– Etxebiden eskaerak kontuan hartuko dituzten azken eguna."

Adierazitako legezko manuak eta oro har erabilgarri diren gainerakoak aztertu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

Lehenengoa.– Muskizko udalerrian babes ofizialeko 32 etxebizitza esleituko dira.

Bigarrena.– Muskiz, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena, Zierbena eta Galdames izango dira espediente honetan interesa duten udalak.

Hirugarrena.– Esleitu beharreko etxebizitza horietatik honakoak gordeko dira:

– 25 etxebizitza 35 urtetik beherako bizikidez osaturiko elkarbizitza unitateentzat.

– Etxebizitza 1 adin txikiko seme-alabak euren ardurapean dituzten emakume eta guraso bakarreko unitateentzat.

– 2 etxebizitza mugikortasun urri iraunkorra duten elbarriei egokitutakoak.

Laugarrena.– Sustapen honetako etxebizitzak lagatzeko araubidea azalera-eskubidekoa izango da.

Bosgarrena.– Etxebiden izena emateko 2002ko abenduaren 18ra arte erregistroan sarrera izan duten eskabideak hartuko dira kontuan.

Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke hilabeteko epean, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuari zuzenduta; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa hasieratik zuzenean bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Epaitegian. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko maiatzaren 13a.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.


Azterketa dokumentala