Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

71. zk., 2003ko apirilaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
2158

80/2003 DEKRETUA, apirilaren 1ekoa, "Zalla-Balmaseda Kolektorearen Proiektuak" eragindako ondasun eta eskubideak Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoak, nahitaezko desjabetze-ondorioetarako, lehenbailehen okupatu behar dituela adierazten duena.

2002ko uztailaren 11n Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoaren Zuzendaritza Batzordeak hartutako Erabakiaren bitartez, "Zalla-Balmaseda Kolektorearen Proiektuak" eragindako ondasun eta eskubideak jendaurrean jakinarazi ziren, nahitaezko desjabetzerako. 2003ko urtarrilaren 16an egindako bilkuran erabaki zen Eusko Jaurlaritzaren aurrean nahitaezko desjabetzeak eragindako ondasun eta eskubideak presaz okupatzeko bezala deklaratzeko eskatzea, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legeko 52. Artikuluan xedatutakoaren arabera.

Lehenbailehen okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak banan-banan jarrita eta xehatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan. Zerrenda horretan ondasun eta eskubide horiek zein diren jakiteko behar besteko datu biltzen dira. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian; arrazoibide-idazki batzuk aurkeztu zitzaizkion, eta administrazio-espedientean zehazten denaren arabera ebatzi ziren.

Zerbitzu teknikoen ustez ez dago hirigintza-mailako oztoporik txostenaren izapidetzeak egiteko.

Eskubide eta ondasun horiek lehenbailehen okupatzea atzeraezina da, ondoko arrazoi hauengatik:

Kadaguaren Arroko Saneamendurako Plan Zuzendarian —1990. urtean idatzi zena— definitzen da hondakin-urak biltzeko eta arazteko konponbidea, dagozkion aurreproiektuekin batera. Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak lehen fasea exekutatu du, hain zuzen, Zalla eta Güeñes udalerrietako hondakin-uren bilketa, bai eta hondakin-urei Güeñeseko HUAn tratamendua ematea ere; aipatutako HUA 1998an jarri zen martxan.

1998ko abenduaren 23an Ur Patzuergoak egindako Batzar Nagusian erabaki zen Güeñes, Gordexola, Zalla eta Balmaseda udalerriak sartzea. Güeñes-Sodupe HUA Kolektorearen lanak martxan daude, hortaz, hemendik gutxira (horiek amaitzean) ez du Kadagua ibaira isurketarik egingo eta Güeñeseko HUAn sartuko da. Zalla-Balmaseda kolektoreari esker Balmaseda, 7.000 biztanleko udalerria, Sistema Orokorraren barruan sailkatuta geratzen da. Gaur egun Balmasedako etxeetan sortutako hondakin-urak Kadagua ibaiaren ubidera isurtzen dira zuzenean, tratamendurik eman gabe; ondorioz, isurketen ur hartzaileak larriki poluituta daude.

Horrez gain, abenduaren 28ko 11/1995 Errege Dekretuaren arabera, Europar Batasunaren 91/271/CEE Arteztarauaren ildotik, 2006. urtea baino lehen nahitaezkoa izango da 2.000 biztanletik gorako udalerrietan hiriko hondakin-urentzako kolektore-sistema bat edukitzea, bai eta bigarren-tratamendu bat emateko sistema bat ere.

Gauzak horrela, premiazkoa da Zalla-Balmaseda Kolektorearen Proiektua martxan jartzea, bide batez Saneamenduko Plan Orokorra garatuz; beraren helburua da eskualdeko ubide eta hondartzetako poluzioa kontrolatzea eta pixkanaka horiek suspertzea.

Euskal Herriko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu beharrekoak direla adieraztea, betiere desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: jardute-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolamenduari dagozkion sistema orokorrak edo antolamendu horren elementuren bat, edo hiri-lurrean egin beharreko banakako egintzak. Goian aipatutako Lege horren 26.2. artikuluan ezarritakoaren arabera, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari dagokio horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluan aurkeztea.

Ondorioz, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2003ko apirilaren 1ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, "Zalla-Balmaseda Kolektorearen Proiektua" egiteko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasiarazitako espedientean daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

Vitoria-Gasteizen, 2003ko apirilaren 1ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Lurralde Antolamendu 					eta Ingurumen sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala