Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

71. zk., 2003ko apirilaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
2157

79/2003 DEKRETUA, apirilaren 1ekoa, "Santurtziko portuko hodi biltzailearen I-06 hartunea birmoldatzeko proiektuaren" eraginpean dauden ondasunak eta eskubideak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako, lehenbailehen okupatu behar dituela adierazten duena.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko Zuzendaritza Batzordearen 2002ko uztailaren 11ko Erabaki bidez, "Santurtziko portuko hodi biltzailearen I-06 hartunea birmoldatzeko proiektuaren" eraginpean dauden ondasunak eta eskubideak hasiera batean jendaurrean jarri ziren, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako. Ondoren, 2002ko irailaren 12an egindako bilkuran, Eusko Jaurlaritzari nahitaezko desjabetzearen eraginpean dauden ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu beharrekotzat adieraz ditzan eskatzea erabaki zen, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak ezarritakoaren arabera.

Lehenbailehen okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak banan-banan jarrita eta xehatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan. Zerrenda horretan ondasun eta eskubide horiek zein diren jakiteko behar besteko datu biltzen dira. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian; arrazoibide-idazki bat aurkeztu zitzaion, eta administrazio-espedientean zehazten denaren arabera ebatzi ziren.

Zerbitzu teknikoek espedientea bideratzeko hirigintza-eragozpenik ez dagoela egiaztatu dute.

Eskubide eta ondasun horiek lehenbailehen okupatzea atzeraezina da, ondoko arrazoi hauengatik:

Ur Partzuergoak 1979an formulatu eta onartutako Erabateko Saneamendu Plana Bilboko eta bere Eskualdeko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatzeko espedientean, Eusko Jaurlaritzak 1983an onartutakoan, jaso zen. Plan Orokorra aldatzeko dokumentu hori oinarritzat hartu da saneamendu-sare orokorreko hodi biltzaileak eraikitzeko proiektuak idazteko.

Ezkerraldeari dagokionez, Galindoko hondakin-uren araztegia dagoeneko eraikita eta zerbitzuan dago. 1989 ezkero lehen mailako tratamenduarekin ari da jardunean, eta oraintsu bigarren mailako tratamendua (biologikoa) abiarazi da. Araztegiak guztira 910.000 biztanleri egiten dio zerbitzua. Gainera, hodi biltzaileen sare osatua eraginkor dago itsasadarraren bi aldeetan zehar. Inguruetan finkatutako hiriguneetako hondakin-urak biltzen ditu, aipatutako HUAra bideratu eta bertan tratatzeko. Hodi biltzaile horien artean portukoa dago, saneamendu-sistema orokorrean Sestaoko, Portugaleteko (zati batean) eta Santurtziko (zati batean) udalerriak barne hartzeko bidea ematen duena (guztira 110.000 biztanle).

Bilbaoko eskualderako Erabateko Saneamendu Plana, batez ere portuko hodi biltzaileari dagokionez, lehenbailehen egiteko arrazoiez gain, aipatutako obren zati baten funtzionamendu okerraren ondoriozkoak daude. Izan ere, horrek kalte material ugari sorrarazten ditu bere inguruan, eta bertako herritarrei ere mota guztietako eragozpenak eragiten dizkie.

1989ko uztailean abiarazi zenetik, portuko hodi biltzailea, oro har, normaltasunez ari izan da jardunean, 106. lotune eta hartunearen obrei dagokienez izan ezik. Horren ezaugarri bereziak direla eta, ez da behar bezala funtzionatzen ari eta eurialdietan sarritan uholdeak eta/edo gainezkatzeak sorrarazten ditu plazan. Gainera, ur mistoen isuri ugari eragiten ditu portuko nasan, egungo gainezkabidetik. Arazoaren lehen zatiari dagokionez, hodi batzuen edukiera eskasaren ondoriozkoa dela egiaztatu da. Beraz, horren konponbidea sekzio handiagoko kanalizazioa egitea da nahitaez, ekaitzetarako 106. gainezkabidera egun iristen denarekin batera. Era berean, beste hustubide-irteera bat gaitu behar da bertatik portuko nasaraino. Bestalde, 106. gainezkabidetik aipatutako nasara sortzen diren ur mistoen isurien maiztasun handia eta horren eragin kaltegarria kontuan izanda, ekaitzetarako tanga bat eraikitzea planteatu da, hari ia erantsita, hustutako bolumenak aldi baterako biltzeko eta, ondoren, hodi biltzailean berriro barne hartzeko asmoz.

Deskribatutako egoera kontuan izanda, Santurtziko hodi biltzailearen 106. hartunea birmoldatzeko obrei lehenbailehen ekitea beharrezkotzat hartzen da, haren funtzionamenduan antzemandako akatsak zuzentzeko.

Euskal Herriko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu beharrekoak direla adieraztea, betiere desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: jardute-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolamenduari dagozkion sistema orokorrak edo antolamendu horren elementuren bat, edo hiri-lurrean egin beharreko banakako egintzak. Goian aipatutako Lege horren 26.2. artikuluan ezarritakoaren arabera, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari dagokio horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluan aurkeztea.

Ondorioz, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2003ko apirilaren 1ean egindako bilkuran aztertu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, "Santurtziko portuko hodi biltzailearen I-06 hartunea birmoldatzeko proiektuaren" garatzeko beharrezkoak diren eta horretarako hasitako espedientean zehaztuta eta banan-banan agertzen diren ondasunak eta eskubideak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, desjabetzearen ondorioetarako, lehenbailehen okupatu behar dituela adieraztea.

Vitoria-Gasteizen, 2003ko apirilaren 1ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Lurralde Antolamendu 					eta Ingurumen sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala