Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

71. zk., 2003ko apirilaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
2156

77/2003 DEKRETUA, apirilaren 1ekoa, "San Jose Adinduen Egoitza zabaltzeko Proiektuak" eragindako ondasun eta eskubideak Azkoitiko Udalak, nahitaezko desjabetze-ondorioetarako, lehenbailehen okupatu behar dituela adierazten duena.

2002ko azaroaren 19an Azkoitiko Udalak emandako Dekretuaren bitartez, "San Jose Adinduen Egoitza zabaltzeko Proiektuak" eragindako ondasun eta eskubideak jendaurrean jakinarazi ziren, nahitaezko desjabetzerako. 2003ko urtarrilaren 30ean egindako bilkuran erabaki zen Eusko Jaurlaritzaren aurrean nahitaezko desjabetzeak eragindako ondasun eta eskubideak presaz okupatzeko bezala deklaratzeko eskatzea, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legeko 52. Artikuluan xedatutakoaren arabera.

Lehenbailehen okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak banan-banan jarrita eta xehatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan. Zerrenda horretan ondasun eta eskubide horiek zein diren jakiteko behar besteko datu biltzen dira. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian eta ez zen arrazoibide-idazkirik aurkeztu, administrazio-espedientean zehazten denaren arabera.

Zerbitzu teknikoen ustez ez dago hirigintza-mailako oztoporik txostenaren izapidetzeak egiteko.

Eskubide eta ondasun horiek lehenbailehen okupatzea atzeraezina da, ondoko arrazoi hauengatik:

San Jose Egoitza zabaltzeko obrak ahalik eta azkarren burutu behar dira halabeharrez, gaur egun udalerrian dagoen eskariari erantzun ahal izateko eta zerbitzu egokia eskaini ahal izateko.

Euskal Herriko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu beharrekoak direla adieraztea, betiere desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: jardute-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolamenduari dagozkion sistema orokorrak edo antolamendu horren elementuren bat, edo hiri-lurrean egin beharreko banakako egintzak. Goian aipatutako Lege horren 26.2. artikuluan ezarritakoaren arabera, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari dagokio horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluan aurkeztea.

Ondorioz, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2003ko apirilaren 1ean aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, "San Jose adinduen Egoitza zabaltzeko Proiektua" egiteko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Azkoitiko Udalak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasiarazitako espedientean daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

Vitoria-Gasteizen, 2003ko apirilaren 1ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Lurralde Antolamendu 					eta Ingurumen sailburua

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala