Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

71. zk., 2003ko apirilaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Osasun Saila
2154

ERABAKIA, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Administrazio-Kontseiluarena, 2003ko martxoaren 13an egindako bilkuran hartutakoa, tokikorporazioei laguntzak emateko, eta 2003rako oinarri arauak eta deialdia onartzen dituena.

Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legeak jasotakoaren ildotik, Euskal Autonomia Erkidegoan titularitate publikopeko baliabide dotazio bat, osasun-beharrizanei egokitutakoa, edukitzea bermatu behar da, eta horretarako baliabideak arrazionalizatzeko irizpideekin plangintza bat egin.

Dena den, beharrezko ekipamendu eta lokalak eskura izateak hainbat baldintzatzen du osasun-zerbitzuak egoki ematea, eta egiaztatu denez, sarritan, aipatu ekipamendu eta lokalak ez zaizkie egokitzen gaur egungo beharrizanei. Beraz, horiek hobetzeko, laguntza-programa bat prestatu da, baita laguntza horiek nola eman arautu ere.

Horiek horrela, herritarren osasun-beharrizanei egokitutako zerbitzuak hornitzeko helburua betetzearren, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak bere gain hartu du aipatutako sustapen-jarduera eta, hori burutzeko, toki-korporazioen laguntzarako urteko deialdia egiten jarraitu du.

Hortaz, ekainaren 19ko 7/1997 Legeko azken xedapenetatik laugarrenean jasotako aurreikuspenekin bat, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza-Dekretuko VI. Tituluan jasotako dirulaguntza eta laguntzei buruzko arauen arabera eta Ente Publikoaren estatutu Sozialek, azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren bitartez onartutakoek, aitortzen dizkioten eskumenak erabiliz, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak honako hau

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Toki-korporazioetarako dirulaguntzak, 2003. urterakoak, emateko oinarri arauak eta deialdia onartzea, I. eranskinean zehaztuta dagoen legez.

Bigarrena.– Erabaki hau EHAAn argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko martxoaren 13a.

GABRIEL M.ª INCLÁN IRIBAR.

I. ERANSKINA

1.– Helburua.

Euskal Autonomia Erkidegoko toki-korporazioetarako laguntzak esleitzeko oinarri arauak eta deialdia finkatzea da erabaki honen helburua. Laguntzok beti ere honetarako dira: beharrezko diren altzariak erosteko, osasun-etxeetan nahiz horien menpeko kontsultategietan konpontze, berriztatze eta handitze lanak egiteko, eraikuntza berriek egiteko eta proiektu berriak idazteko.

2.– Finantzaketa.

65310000 zenbakidun "Beste batzuei emandako kapital-dirulaguntzak" izeneko kontabilitate-kontuaren kargura finantzatuko dira aurreikusitako laguntzak.

Programari esleitutako zenbatekoa, guztira, 515.043 eurokoa izango da.

3.– Onuradunak.

Euskal Autonomia Erkidegoko toki-korporazioak izango dira fondo publikoen hartzaile eta onuradun, baldin eta 2003. urtean osasun-etxeetan edo kontsultategietan lanak edo proiektuak abiarazi badituzte edo aurrekoekin jarraitu badute edo altzariak erosi badituzte.

Laguntza-eskabidea aurkezteko epearen barruan egiaztatu beharko da goian adierazitako baldintza betetzen dela, eskabidearekin batera aurkeztutako agirien bitartez egiaztatu ere.

4.– Dirulaguntzekin ordain daitezkeen gastuak.

4.1.– Ondoko gastuei aurre egiteko erabiliko da dirulaguntza.

– Proiektuak idazteko.

– Eraikuntza berrietarako.

– Handitze lanetarako.

– Berriztatze lanetarako.

– Zentroa behar bezala mantentzeko konponketa-lanetarako.

– Altzariak erosteko.

Aipatutako lan eta proiektuok laguntza jasotzen duen toki-korporazioaren titularitatepeko lokal, eraikin eta orubeetan egin beharrekoak izango dira.

4.2.– Egin beharreko inbertsio osoa har dezake laguntzaren zenbatekoak.

5.– Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

5.1.– Agiriak eta eskabidea aurkezteko epea: EHAAn erabaki hau argitaratzen den egunaren biharamunetik harako hilabetea.

5.2.– Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiari zuzendu behar zaizkio eskabideak (Araba kalea, 45. 01006 PK, Vitoria-Gasteiz).

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko (4/1999 Legeak aldatutakoa) 38.4 artikuluan jasotako era eta lekuetan ere aurkez daitezke eskabideak.

5.3.– Eskabidea 1.1 eranskineko datu guztiak jasoko dituen dokumentu batez egingo da eta horri erantsi beharko zaizkio 1.2 eranskinean eskatzen diren agiriak.

5.4.– Eskabidea jaso eta bertan akats edo zehaztasun faltaren bat antzemanez gero, eskatzaileari jakinarazi eta zuzenketak egiteko hamar eguneko epea emango zaio. Epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidea artxibatu egingo da beste inolako izapide barik.

6.– Eskabideak eta aurkeztutako agiriak baloratzea.

6.1.– Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiak emandako ebazpen batez izendatutako batzorde batek baloratuko ditu eskabideak. Ebazpen hori EHAAn argitaratu beharko da.

6.2.– Balorazioa egiteko, ondoren zehazten diren irizpideak hartuko dira kontuan:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan oinarrizko osasunlaguntza ezartzeko prozesua azkartzeko eta bultzatzeko balio izatea, beti ere, oinarrizko osasun-laguntzako ekipoak abian jartzeko finkatzen diren lehentasunak kontuan izanik.

b) Eskatzen den hobekuntza finantzatzeko beste arrazoizko aukerarik ez egotea.

c) Herri bakoitzeko egoera berezia kontuan hartzea, hala nola, izaera historiko edo artistikoa izan eta zerbitzuetarako ez diren eraikinetan zein eraikin libreetan egitea obrak.

6.3.– Erabaki honetan jasotako betekizun guztiak betetzeak ez dakar berekin berez laguntza jasotzeko eskubidea.

6.4.-Gain-finantzaketarik izanez gero, kontzeptu eta helburu bererako beste edozein laguntza jasotzea bateraezina izango da.

Kofinantziazioari dagokionez, helburu baterako lortutako laguntzen zenbatekoa guztizko kostutik gorakoa bada, artikulu honetan jasotakoarekin bat, emandako laguntzaren neurriz kanpokoari dagokion zenbatekoa kenduko zaio delako laguntzari.

6.5.– Egiten den balorazioan honako hauek jaso beharko dira:

a) Zein kontzepturengatik ematen den dirulaguntza eta onuradunen zerrenda.

b) Dirulaguntzen zenbateko osoa eta diruz laguntzen den kontzeptu bakoitzari zenbat emango zaion.

7.– Ebazpena.

7.1.– Balorazioa aztertu eta gero, Administrazio-Kontseilu honen eskuordez, eta Balorazio-Batzordeak proposatuta, laguntzak esleitzeko ebazpena emango du Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiak, eta ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Era berean, laguntza esleitu zaion toki-korporazioari onarpen-agiria bidaliko zaio, eta korporazio horrek behar bezala beteta itzuli beharko du jasotzen duen egunetik harako hamabost eguneko epearen barruan.

Eta aipatutako epearen barruan itzultzen ez badu, laguntzari uko egin diola ulertu beharko da, eta laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko, horixe xedatzen baita erabaki honetako 7.2 puntuan.

7.2.– Balorazioa egiteko, kontuan izandako baldintzetan aldakuntzaren bat izanez gero, aldatu egin daiteke emandako ebazpena.

Eta goiko hori, batez ere, emandako laguntzari uko eginez gero edo ez-betetzea dela-eta laguntza itzultzeko obligazioa izanez gero, gainontzeko eskatzaileei berriro esleitu beharko litzaizkieke zenbatekoak, beti ere hasieran kontuan izan ziren irizpideak errespetatuz.

Berebat, aldi berean beste laguntzen bat jasotzea. Kasu horretan Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiak likidazio-ebazpena emango du, zeinetan emandako laguntzen zenbatekoak berregokitu egingo baitira. Halaber, ordainketa aurreraturen bat egin bada, neurriz kanpo jasotako zenbatekoa itzuli egingo da.

7.3.– Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiak emandako ebazpen honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietarako Epaitegian, argitaratzen den egunaren biharamunetik harako bi hilabeteko epearen barruan.

7.4.– 2002ko abenduaren 31 igaro eta ebazpenik eman ez bada, ebazpenik izan ez duten eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dira, hain zuzen ere, Herri-Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio-Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 43. artikuluan jasotako ondorioetarako, hala ere, horrek ez du baliogabetzen Legeak Administrazioari espreski ebazteko ezartzen dion obligazioa. 4/1999 Legak emandako idazketa du goiko lege horrek.

8.– Emandako dirulaguntzak ordaintzea.

Onartu eta gero emango da dirulaguntza. Dirulaguntza hori transferentzia bidez emango da, dena den, jaso aurretik zuritu egin beharko da dirulaguntza zertarako erabili den, eta horretarako onuradunak jatorrizko agiriak aurkeztu beharko ditu, esaterako, proiektua idazteagatiko ordainsariak; obra-ziurtapenak, arkitekto-zuzendariak baloratu eta sinatutakoak; ondasun higiezinak eskuratu direla egiaztatzen duten fakturak; baita ordainketa onartzen duen erabakia edo dekretua ere, udalbatzarena zein gobernu-batzordearena edo alkatetzarena.

Ordainketa egiteko dokumentazioa aurkezteko azken eguna: 2004ko abenduaren 31. Salbuespenez, eskatzaileak hala eskatuta, ordainketa epea bukatu baino bi hilabete lehenago egin ahal izango da, betiere, behar bezala justifikatzen bada.

Hala ere, beharra arrazoitzen bada, konturako ordainketak egin ahal izango dira. Diruz lagundutako ekintzak egiteko erritmoarekin bat datozen ordainketa zatituak izan daitezke konturako ordainketok eta aurkeztutako ziurtagiriei dagozkien zenbatekoak ordaintzeko izango dira.

Salbuespen moduan, ordainketa aurreratuak egin daitezke. Ordainketok justifikazioaren aurretik entregatutako fondotzat joko dira eta dirulaguntzarekin zerikusia duten ekintzak egiteko beharrezko finantzaketa kontsideratuko dira.

9.– Onuradunen obligazioak.

9.1.– Erabaki honetan araututako dirulaguntzak jasotzen dituztenek honako betekizunak izango dituzte:

a) Dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran aurkitzea.

b) Dirulaguntza eman duen erakundearen aurrean baldintzak eta betekizunak betetzen direla justifikatzea eta laguntza edo onura hori merezi duen jarduera egin dela egiaztatzea.

c) Deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei dagokienez, eta bere funtzioak betetzeko, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eska diezaien informazioa ematea.

d) Dirulaguntza ematen duen entitateari beste edozein administrazio edo erakundetatik —pribatu zein publikotik— helburu bererako jasotako laguntza, sarrerak edo baliabideak jakinaraztea.

e) Dirulaguntza emateko kontuan izandako egoera objektibo zein subjektiboetarik aldatzen direnak jakinaraztea. Batez ere, osasun-etxearen sailkapena ez aldatzea.

9.2.– Onuradunak honako konpromisoa hartzen du:

a) Deialdi honetako 7.1 puntuan zehaztutakoarekin bat emandako dirulaguntza onartzea.

b) Emateko orduan kontuan hartu den helbururako erabiltzea laguntza.

c) Obrak egin eta proiektuak idazteari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren urriaren 11ko 396/1994 Dekretuan ezarritakoa errespetatu beharko da. 1994ko urriaren 28ko EHAAn, 206. zenbakian, argitaratu zen aipatutako dekretua, eta osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduak irekitzeko, jardunean jartzeko eta aldatzeko baimenei buruzkoa da.

d) Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak eta Osasun Sailak hasitako jarduketa-programei laguntza eskaintzea.

e) Osasun Sailak finkatutako kontrol eta ikuskapenak onartzea.

f) Dirulaguntzaren baldintzak eta arauak betetzen direla ziurtatzeko Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak beharrezko jotzen dituen ikuskapen eta egiaztapen guztiak onartzea.

10.– Dirulaguntza itzultzea.

Beherago zehazten diren kasuetan onuradunek ezin izango dute dirulaguntza ordaintzeko eskatu eta, halakorik bada, itzuli egin beharko dituzte jasotako kopuruak, eta ordainketa egin denetik harako legezko interesak itzultzea exijituko zaie.

a) Justifikatzeko obligazioa ez betetzea.

b) Dirulaguntza eskatutako baldintzak bete barik jasotzea.

c) Dirulaguntzaren helburua, emateko orduan kontuan izan zena, ez betetzea.

d) Laguntza dela-eta ezarritako baldintzak ez betetzea.

e) Ezarritako kontrol-jarduketei trabak jartzea edo uko egitea.

f) Beste laguntza batzuk jaso izanagatik, gainfinantzaketa izan bada.

11.– Araubide Juridikoa.

Oinarri hauetan jaso ez direnetan, 4/1999 Legeak xedatutakoak izango du indarra. Lege horrek Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zuen.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko martxoaren 13a.

1.1 ERANSKINA
(ESKABIDEA EGITEKO EREDUA)

(Bete beharreko datuak)

TOKI-KORPORAZIOA ______________________________________________

KONTSULTATEGIA EDO OSASUN-ETXEA _________ _____________________________(herria).

Zentro Mediko edo Osasun-etxearen helbidea __________ ______________________________________________

Osasun-Eskualdea _______________________________

Deialdia _______________________________________

Laguntza eskatzeko arrazoia:_______________________

(Proiektuak idazteko, eraikuntza berrietarako, handitze lanetarako, berriztatze lanetarako, zentroa mantentzeko konponketa-lanetarako).______________________________

Inbertsioaren zenbatekoa, guztira:___________________

Jarduketaren azalera:_____________________________

Goian zehazten den Korporazioak, deialdian oinarrituz:

ESKATZEN DU

_________________eurotako zenbatekoa goian aipatutako inbertsioa dela eta sortutako gastuei aurre egiteko eta honekin batera doaz ondoren zehazten diren agiriak:

(Erantsitako agiriak zehaztu, deialdiko 1.2 eranskinaren arabera)

(data)
(alkatearen izenpea)

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZUZENDARI NAGUSIA

1.2 ERANSKINA

(Erantsi beharreko agiriak):

Proiektua idazteko bada, gero kontsultategi berria egiteko, erantsi behar da:

– Eraiki nahi den tokiko kokapen-planoa.

– Kasuan kasuko osasun eskualdeak egindako plan funtzionala.

– Aurreproiektua edo oinarrizko proiektua, balego.

– Zentro mediko edo osasun-etxe baten oinplano berria, habilitazioa, edo eraikuntza berria egiteko bada, erantsi behar da:

– Aurreproiektua edo obrak egiteko proiektua onartua izan dadin, eta kasuan kasuko osasun eskualdeak egindako plan funtzionala.

Egungo zentro mediko edo osasun-etxea handitzeko edo berritzeko bada, erantsi behar da:

Egungo egoeraren planoa.

Berriztapen proposamenaren planoa.

(Bi kasuetan arkitektura-oztopoak kentze eta irisgarritasunari buruzko araudiak betez)

Zentroa behar bezala mantentzeko konponketa-lanetarako bada, erantsi behar da:

– Egungo egoeraren planoa.

Altzariak erosteko bada, erantsi behar da:

– Erosiko diren altzarien aurrekontu zehatza.

Kasu guztietan erantsi behar da:

5 a) Laguntza zertarako erabiliko den azalduko duen txostena.

5 b) Aurrekontu zehatza.

(obrak egiteko proiektua eransten bada, bertan datoz a) eta b) idatz-zatietako agiriak).

5 c) Udalerriak dituen osasun baliabideei buruzko txostena (pertsonal sanitarioa).

5 d) Inbertsioaren zenbateko osoa eskatzen den, ala Toki-korporazioak ordainduko lukeen zatia, zehaztuko duen agiria.

5 e) Beste entitateren bati ere laguntza eskatu izanaren edo ez izanaren ziurtagiria.

Beharrezkoa izango da jakinaraztea geroztik beste laguntzaren bat jaso bada helburu berarentzat.

Toki-korporazioa orube, eraikuntza edo lokalaren jabe izatearen ziurtagiria behar bezala konpultsatua.


Azterketa dokumentala