Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

71. zk., 2003ko apirilaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
2152

EBAZPENA, 2003ko martxoaren 26koa, Industria Berritzeko eta Garatzeko sailburuordearena. Honen bidez, nazioartekotze bekak emateko deialdiak jakinarazten dira jendaurrean, 2003ko ekitaldirako.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak 2003ko martxoaren 26an emandako Aginduan nazioartekotze beken programa arautu zen.

Agindu horretako 6. artikuluan ezarritakoari jarraituz, egoki da 2003ko ekitaldirako bekadunak hautatzeko deialdiak egitea, horretarako behar diren arau guztiak emanda.

Beraz, aipatutako aginduaren 6. artikuluan ezarritako eskumena erabiliz, honakoa

EBATZI DUT:

Lehena.– Xedea

Ebazpen honen xedea 2003ko ekitaldirako bekak emateko deialdiak egitea da, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak 2003ko martxoaren 26an emandako Aginduan ezarritako bekak ematekoak, alegia, agindu horren bidez arautu baitzen nazioartekotze beken programa.

Bigarrena.– Deitutako bekak:

Gehienez jota, 2003ko ekitaldirako emango diren bekak hirurogei (60) izango dira, honako era honetara bananduta:

Hogeita hamar (30) beka, Kanpoko Merkataritzan adituak prestatzeko; era berean, ordezko modura beste hamabost (15) bekadun ere hautatuko dira, gehienez, bekaldiaren lehen hiru hilabeteetan bekadunen batek bekari uko eginez gero, edo bestelako gorabeheraren bat gertatuz gero, beraiek har ditzaten hutsik geratutako bekak.

Hogeita hamar (30) beka, nazioartekotutako enpresetan edo nazioartekotzea sustatzeko beste erakunde batzuetan praktikaldia egiteko; era berean, ordezko modura beste horrenbeste hautatuko dira, alegia, beka bakoitzeko, ordezko bat.

Hirugarrena.– Baliabide ekonomikoak:

Deialdi honetako bekak finantzatzeko, diru-kopuru hau zuzenduko da: milioi bat hirurehun eta hirurogeita hamahiru mila hirurehun eta hamahiru (1.373.313,00.-) euro. Kopuru hori Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako da, honako era honetara bananduta:

Milioi bat hamabi mila zazpiehun eta hamahiru (1.012.713, 00.-) euro, Kanpoko Merkataritzan adituak prestatzeko beketarako.

Hirurehun eta hirurogei mila eta seiehun (360.600,00.-) euro, nazioartekotutako enpresetan edo nazioartekotzea sustatzeko beste erakunde batzuetan praktikaldia egiteko beketarako.

Kopuru horiek handiagoak ere izan ahal izango dira; horretarako, ikusiko da ea zein den eman beharreko beka guztien zenbateko osoa, eta, era berean, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatutakoan, agortu gabe gera litezkeen aurrekontu-baliabideen arabera jokatuko da; dena den, kopurua handitzekotan, dagokion deialdiaz ebazpena eman auretik handitu behar da, eta egoera hori jendaurrean jakinaraziko da Industria Berritzeko eta Garatzeko sailburuordeak horri buruz ebazpena emanda.

Laugarrena.– Eskabideak aurkezteko epea, lekuak eta baldintzak.

1.– Eskatzaileek, 2003ko martxoaren 26an emandako Aginduan ezarritako bekak eskuratu ahal izateko, aipatutako aginduan, 3. artikuluko 1. idatz-zatian ezarritako baldintzak eta betekizunak bete behar dituzte.

2.– Eskabideak eta gainerako agiri osagarriak Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Nazioartekotze Zuzendaritzaren izenean bidali behar dira, eta, aurkeztu, Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko lurralde-bulegoetan aurkeztu behar dira, edo, bestela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38-4 artikuluan zehaztutako lekuetan (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).

3.– Deialdi honetako era bateko zein besteko bekak eskatu nahi izanez gero, eskabideak aurkezteko epea 2003ko maiatzaren 12an amaituko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena: Deialdia egiteko ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Bigarrena: Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuari zuzenduta, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko martxoaren 26a.

Industria Berritzeko eta Garatzeko sailburuordea,

JOSE IGNACIO TELLECHEA FERNÁNDEZ.


Azterketa dokumentala