Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

71. zk., 2003ko apirilaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Arbitraje Batzordea
2146

EBAZPENA, 1/03 zenbakikoa, Ebazpen Batzordeak 2003ko otsailaren 24koa osoko bilkuran emandakoa, Arabako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluaren 46/2002 Foru Dekretuaren aurrean Eusko Jaurlaritzak sustatutako eskumen gatazka positiboari dagokiona. Foru dekretu horrek Errepideen Foru Sarearen kontrol sistema eta Errepideen Kontrolgunea arautzen ditu.

EBAZPENA 1/03

Ebazpen Batzordeak (aurrerantzean, Batzordea), Manuel María Zorrilla Ruiz lehendakariak eta Mario Fernández Pelaz, Edorta Cobreros Mendazona, Fernando Campo Antoñanzas eta Andres Urrutia Badiola batzordekideek osatutakoak, ondokoa ebatzi zuen 2003ko otsailaren 24an egindako osoko bilkuran,

EBAZPENA

Arabako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluaren 2002ko uztailaren 30eko Foru Dekretua (aurrerantzean, Dekretu Forala, Diputatuen Kontseilua eta Foru Aldundia, hurrenez hurren) dela eta, Errepideen Foru Sarearen kontrol sistemari eta Errepideen Kontrolguneari buruzko xedapen hori eman duen Lurralde Historikoko erakundearen aurrean Eusko Jaurlaritzak sustatutako eskumen gatazka positiboan Manuel María Zorrilla Ruiz lehendakariak, eledun lanetan, jakinarazi du Batzordearen iritzia.

AURREKARIAK

1.– Foru Dekretua argitaratu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzaren Kontseiluak (aurrerantzean, Jaurlaritzaren Kontseilua), 2002ko uztailaren 30eko Akordioaren bidez, Arabako Foru Aldundiari eskumen gabeziaren errekerimendua egitea erabaki zuen, erakunde komunen eta foralen arteko eskumenen banaketa legala urratzen zuten Foru Dekretu horretako alderdiak aldatu edo baliogabetu zitzan.

2.– Jaurlaritzaren Kontseiluak erabaki zuen, halaber, eskumen gatazka positiboa sustatzea Batzordearen aurrean, errekerimenduari muzin eginez gero.

3.–Errekerimendua 2002ko abuztuaren 16an jakinarazi zen, bada, Diputatuen Kontseiluaren irailaren 10eko Akordioak adierazi zuen Dekretu Foralak errespetatu egiten zituela bide publikoetako osasun-laguntzari, hiriarteko bideetan eta zeharbideetan zirkulazioaren trafikoaren erregulazioa, kudeaketa eta kontrolari buruz Eusko Jaurlaritzak dituen eskumen guztiak.

4.– Errekerimendu horrek emaitza negatiboa lortu zuenez, Eusko Jaurlaritzak eskumen gatazka positibo hau sustatu zuen; hori, hain zuzen ere, 2002ko urriaren 4an jaso zen Batzordean.

5.– Eskumen gatazka positiboa hasi duen idazkia izapidetzeko onartuta, hiru lurralde historikoak ordezkatzen dituzten erakundeei helarazi zitzaizkien alegazioak; horiek, kontra-alegazioetan, bakoitzaren interesak defendatzeko egoki iritzi zizkieten arrazoiak argudiatu zituzten.

6- Alegazioetarako epea bukatuta eta froga-epea ireki gabe, azterketaren eta behin betiko ebazpenaren zain geratu da gaia.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Eskumen gatazka positibo honek —Eusko Jaurlaritzak hasi du Arabako Foru Aldundiaren aurrean eta beharrezko auzikide pasibo moduan agertu dira Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak— zalantzan jartzen du inpugnatzen den Dekretu Foralaren prezeptuek, errepideen foru sarearen kontrol sistema eta Errepideen Kontrolgunea deritzon operazio-unitatea arautzerakoan, trafikoaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoari (aurrerantzean, Erkidegoa) dagozkion eskumenak inbaditu egin dituzten.

Konstituzioko 148.1 artikuluko 5 zenbakiak onartzen duen arren autonomi erkidegoek eskumenak hartzea erkidegoko lurraldearekin guztiz bat datorren trazatua duten errepideen gaineko eskumena —sustapeneko administrazio-ekintzaren berezkoa dena—, 149.1 artikuluko 21 zenbakiak, aldiz, eskumen esklusiboa ematen dio Estatuari ibilgailu motordunen trafikoa eta zirkulazioa diziplinatzeko, poliziako administrazio-ekintza osatzen baitu.

Lurralde Historikoen Legeko 7.8 artikuluak, bere aldetik, ezartzen du lurralde horietako gobernu-organoek bakoitzaren demarkazio geografikoetan dauden errepideak eta bideak planifikatu, proiektatu, eraiki, kontserbatu, aldatu eta ustiatzeko eskumena daukatela, eta ez dagoenez —ez dago horretan zalantzarik— hondar generorik edo erdiko generorik, ondorioztatu behar da atribuzio horiek guztiek ez dituztela trafikoari eta ibilgailuen zirkulazioari dagozkionak hartzen.

Ahal horiek Euskal Autonomia Erkidegoari ematea ez dator Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren (aurrerantzean, Estatutua) 10.34 artikulua aplikatzetik —zeinaren arabera, lurralde historikoetako foru aldundiek osorik gordeko dituzten beren baitan dituzten erregimen juridiko eta konpetentziak, edo, hala badagokio, berreskuratu behar dituztenak—, baizik eta testu haren 17.1 artikulua aplikatzetik. Artikulu horri jarraiki, transferitutako zerbitzuen eremua hedatu egiten da, bide publikoetan ibilgailuak zirkulatzeari, indarrean dagoen legediaren arabera, eragiten dioten zaintza-neurriak edo beharrezko murrizketak hartzeko.

2.– Bide publikoetan ibilgailuen trafikoari buruz kontra egin zaizkien eskumenen titulua edo izateko arrazoia zehaztuta, bidezko da ondoko kontsiderazioak egitea.

Errepideen arloan herri administrazioen eskumentzat hartzen denaren eta horien eskuduntzek trafikoaren kudeaketari begira dakartenaren zedarriztapen kontzeptualak ez dirudi, printzipioz, baketsua ezta burutzeko erosoa denik ere. Agerian geratu behar da eskumen biak banatzen dituen lerroa arrazonamendu arretatsuak baino ezin dezakeela azalarazi eta trazatu.

Bide horiek direla-eta Foru Aldundiari emandako eskumenak, gutxienez, ondokoak ditu, batetik, jabari publikoaren titulartasuna —aurreikusten den eskubide erreal administratibo osoaren fisonomiari datxekiona—, eta bestetik, edukitza-kargak. Azken hori, karga saihestezin moduan sartzen da, bai ondasun publikoa ibilgailuen trafikoak dituen erabiltzaileen eskura mantentzearren, bai ondasun horrek helburu dituen xede eta erabilgarritasunak bete ditzan ondasun horri baldintza egokiak ematearren. Bide publikoetatik igarotzen diren erabiltzaileak —gozamen mugatuko eskubide erreal administratiboen titularrak diren neurrian— zirkulazio-mota horrek eskura jartzen dien edukitza ibiltaria hartu eta jarduten dute; horrek posible egiten du eskubide subjektibo batzuk asetzea —oso izaera eta jatorri anitzekoak—, zeinak sarbide horren ondoriozko mugikortasunik gabe zapuztu egingo liratekeen edo osatu gabe geratu.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak trafikoaren kudeaketari dagokionez, bere gain hartzen ditu zenbait eskumen, zeinak helburu bikoitza duten administrazio-ekintzak sortzen dituzten. Horiekin nahi da, batetik, ibilgailuen trafikoak —lurrazaleko bide publikoen trazatuarekin bat datorren espazio fisikotik igarotzen dena— gorde ditzala segurtasun normalizatuko baldintzak; baldintzok, arrazoizko iritzi baten arabera zirkulazioko kaosak, ibilgailuen trafikoaren gehiegizko erritmoak edo larregiko geldotasunak sor ditzaketen eragozpenak edo trabak neutralizatu behar dituzte. Bestetik, saihetsi nahi da ibilgailuen trafikoak kalte zuzenak eragitea edo berehalako arriskua sortzea trafiko horretan parte-hartze aktiboa dutenen bizitzei eta osotasun fisikorako eskubideei, edo bide publikoan garraiatzen diren pertsonei eta ondasunei kalteak eragitea.

Diskurtso horri beste argumentu bat gehitzen zaio, alegia, Erkidegoko lurralde historikoei eskumenak ematen dizkien ezein arauk ez dituela aipatzen, ez berariaz ez isilbidez, bideetako trafikoaren kudeaketaren ezelango eskuduntzen balizko esleipenik; soilik aipatzen dira, hipotesi bezala, arestian aipatutako Lurralde Historikoen Legeko 7.8 artikuluak errepideak direla-eta modu zehatzean adierazten dituen eskumenen berri ematen duen tituluarekin lotura dutenak.

3.– Trafikoa kudeatzeko ekintzak —horiek ezagutzea saihestezina bihurtzen duten baldintzetan emititu eta argitaratu direnez, horiei arreta jarri eta men egiteko betebeharra areagotzen dute— Herri Administrazio eskudunaren eta pertsona fisikoen arteko harreman juridikoak dira. Pertsona fisiko horiek —modu erlatiboan zehaztutakoak— orientabide edo agindu horiek bidaltzen zaizkien erabiltzaileak dira. Botere publikoak —zeinaren borondatea ez du zehaztu nahi izaten guztiz ulergarriak diren adierazpenetan— merezitako eskubideen ondarea babesten duen nolabaiteko segurtasun-zor baten eginbehar bereziak exekutatzen ditu. Administrazio-ekintza horien hartzaileek zuhurtzia eta ardura printzipioak bete behar dituzte, izan ere horietan oinarritzen dira ibilgailuen zirkulazioaren eta trafikoaren ondorioz gertatzen diren larderiazko arriskuek —arruntak eta ez ohikoak—eta gertaera kaltegarriek eragindako eskubideen eta interesen narriatze edo galerari aurre egiteko beharrezkoak diren lankidetzako jarrera eta portaerak.

Aztertutako kontzeptuan, alegia, trafikoaren kudeaketan aurretik arrazoitutakoarekin bat, sartzen dira, errepideen kontrol sistema honako hauek osatzen dute errotulupean, Foru Dekretuaren 21 artikuluak seinale bertikal aldakor, laguntza eta larrialdietarako zutoin eta semaforoekin bat eginarazten dituen elementuak.

Ohiko errealitatearen edozein behatzailek —hau da, errealitate horretatik sortzen diren kanpoko sentsibilitaterako eta esperientzietarako sarbidea duena— edo azaleko teknologi informazioa duen edozeinek arazorik gabe ulertzen du, eta ohartzen da zer diren eta zer esan nahi duten elementu horien definizioek. Hori nahikoa da ondorioztatzeko —diskurtso hau jarraitzeaz salbuesten duen konbentzitzeko ahalmenarekin— horien ezarpena eta administrazioa ez zaiola atxikitzen soilik ibilgailuen trafikoaren kudeaketaren berezko eskumenari, aldiz, egiatan, eskumen hori hartzen duten aldaera edo espezialitateak agortzen dituztela. Zaila da onartzea eskumen horren edukia elementu horien batuketa kontzeptuala baino gehiago denik. Arrazonamendu behartua eta ez oso logikoa erabili beharko litzateke defendatzeko —intuizioaren eskumenaren eta arrazoi zuzenaren irizpenaren aurka— elementu horiek errepideen gaiaren barrukoak direla eta, modu naturalean eta oztoporik gabe, sartzen direla Foru Dekretuko 2.1 artikuluak, indarrean dagoen Zuzenbidearen aurka, ematen dien eremuan.

Horiek horrela, argi dago arau horrek eskumen baten eremua inbaditzen duela —hots, bide publikoetan ibilgailuen trafikoaren kudeaketaren eskumen berezia—, eta hori Erkidegoari modu esklusiboan esleituta egoteaz gain, ez du onartzen —Zuzenbidean eta legitimoki adostu daitezkeen erabakimen arrazionalizatzaileen edo lankidetzarako formulen kalterik gabe— gatazka hau sartzen zaien lurralde historikoen eskuduntzetan inolako hondarrik edo eremu grisik egotea.

4.– Administrazio-baimena ematen da Herri Administrazio batek, bere eskumena erabiliz, baiespen hori gabe arazoa sortu duen ahalmenari buruzko ahalmen bat jardutea galaraziko lukeen eragozpena kentzen duenean. Ez da egokia, beraz, Foru Dekretuko 2.3 II artikuluak Lurralde Historikoko Herrilan eta Hirigintza Sailaren aurreko baimena lortu beharrari baldintzatzea ekintza horiek produzitzeko habilitatzen duen eskumenaren funtsezko edukia edo gune urratu ezina hasiera-hasieratik higatuko luketen ekintzak egitea —ekintza horiek Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak kudeatu eta exekutatu beharreko trafikoaren kudeaketako arloari datxezkio—.

5.– Diskurtsoa —orain arte garatu dena— Foru Dekretuko 4 e artikuluan ere predikatzen da eta prezeptu horretan agertzen den akatsa erakusten du. Errepideen Kontrolguneari —Foru Dekretuko 1 eta 3 artikuluek eratutakoa—, zuzendu behar den gehiegikeria baten ondorioz, seinale bertikal aldakorren mezuak eta erabilerak ezartzeko eginkizuna esleitzen zaio, eta hori, aurretik esan den bezala, organismo berria sortu duen erakundearen eskumenetatik kanpo dago.

6.– Arrazoitutakoa dela-eta, egiazkoa eta onargarria da ondoko salaketa, alegia, errepideen arloan eskudunak diren beste administrazio batzuekin Foru Aldundiak duen lankidetzak ez duela justifikatzen, desautorizatu baino, zenbait irtenbide edo formula kooperatibo hartzea. Irtenbide edo formula horiek izango dira ezarri eta garatuz gero aurretik ere aipatu den Lurralde Historikoen Legeko 7.8 artikuluak zehatz-mehatz ezartzen dituen eskumenetatik kanpo dauden eskumenak Lurralde Historikoari esleitzea ekarriko dutenak.

Zentzu horretan —Kode Zibileko 3.1 artikuluak hemen aplikatzea eskatzen duen interpretazio gramatikal eta sistematikoko irizpideekin bat— ulertzen da Foru Dekretuaren eduki anomaloari buruzko objekzioa. Foru Aldundiak eusko Jaurlaritzarekin eta zirkulazio arloan eskumena duten beste administrazio batzuekin izango duen lankidetza-klausularen irismena —artikulu horretan agertzen da— gatazka honen ebazpenak erabakitako eskumenak zuzendu eta birkokatzeari baldintzatuta dago.

7.– Egokia da eztabaida honetatik deduzitutako uziei heltzea eta horien sustatzaileak nagusi jarri duen interesa asetzeko egokiak diren pronuntziamenduak formulatzea. Benetako babesa —Konstituzioaren 24.1 artikuluan bermatutakoa— Zuzenbidean eman beharreko erantzunetik bana ezinak diren eztabaidatuko puntu guztien gainean proiektatzen den kongruentzia kontzeptuala eskatzen du.

2002ko abenduaren 28ko Batzordearen Erabakiaren bidez hartutako akordioa hemen ebatzitakoaren xedapenak sortzen duen deklarazioko izaerarekin eta gauza epaitu materialaren efektuarekin elkartzen da.

BATZORDEAK HONAKOA EBATZI DU:

Arduratu eta ebatzi behar dugun eskumen gatazka positiboaren planteamendua erabat oinarrituta dagoela onetsita eta horren sustatzaileak egikaritzen dituen uziak onartuta, adierazi behar dugu:

1.– Arabako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluko 2002ko uztailaren 30eko Foru Dekretuaren, Errepideen Foru Sarearen kontrol sistema eta Errepideen Kontrolgunea arautzen duenaren, ondoko prezeptuek, jarraian adieraziko den bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komun eta foralei esleitutako eskumenen banaketa urratzen dutela eta dagozkion zuzenketak egin behar direla:

– Foru Dekretuko 2.1 artikulua: zuzenbidearen kontrakoak dira seinale bertikal aldakorrei, laguntza eta larrialdietarako zutoinei eta semaforoei buruzko erreferentziak.

– Foru Dekretuko 2.3 II artikulua: behar ez bezala sartzen du ondoko adierazpena: "Horietako bat, Errepideen Kontrol Sistemarekin eta Kontrolgunearekin eduki beharreko harremana izan daiteke".

– Foru Dekretuko 4 e artikulua: seinale bertikal aldakorrak erabiltzea eta argibideak emateari buruzko aipamen ezegokia egiten du.

– Foru Dekretuko 7 artikulua: aurreko pronuntziamenduekin bat etorrita interpretatu behar da.

2.– Eusko Jaurlaritza dela aipatu berri diren Foru Dekretuko ataletan modu ezegokian esleitutako eskumenen titularra, hain zuzen ere, trafikoaren kudeaketari eta bide-segurtasunari buruzkoena.

Beraz, ebazpen honen bidez, zeina interesdunei legeak ezarritako eran jakinaraziko zaien eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurralde historikoetako aldizkari ofizialetan argitaratuko den, behin betiko epaitzen dugu, eta epai hau eman, agindu eta sinatzen dugu.


Azterketa dokumentala