Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

69. zk., 2003ko apirilaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
2104

AGINDUA, 2003ko martxoaren 26koa, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena, enpresak nazioartekotzeko beka-programa arautzen duena.

Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren helburuetariko bat Euskadiko enpresak nazioartean ezagunagoak izan daitezen beharrezko baldintzak sortzea denez, eta helburu hori lortzeko, Kanpoko Merkataritzan behar bezala kualifikatutako adituak behar direla kontuan hartuta, Sail honek nazioarteratze adituak prestatu nahi ditu.

Honako agindu honen bitartez, Nazioartekotzeko beka guztiak xedapen berean batu nahi dira, orain arte bi agindu baitziren bekok arautzeko oinarri: batetik, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak 2000ko apirilaren 18an emandako Agindua, horren bidez arautzen baitira kanpo-merkataritzan adituak prestatzeko beka-programak, eta, bestetik, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak 2000ko maiatzaren 23an emandako Agindua, horren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan eta atzerrian praktikak egiteko beken programa, enpresa esportatzaileak eta nazioartekotzea sustatzen duten beste erakunde batzuk ere lankide direla.

Proiektuok portu onera helduko badira, beraz, martxan jartzeko lanei ekiterakoan ezinbestekoa da enpresek nazioarteko gaietan ondo prestatutako langileak izatea, gogoz langintza horri ekiteko gai izango direnak.

Programa honen bitartez, bidea ematen diegu euskal gazteei lan-munduan sar daitezen, eta, aldi berean, enpresei ere laguntzen diegu, beren kanpoko merkatuak zabal ditzaten.

Horrenbestez, honako hau

XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea enpresak nazioarteratzeko beka-programa arautzea da.

2.– Xede hori iristeko, bi eratako bekak erabiliko dira:

2.1.– Kanpo-merkataritzan adituak prestatzeko bekak. Nazioartekotutako enpresetan eta nazioartekotzea sustatzen duten beste erakunde batzuetan praktikaldiak egiteko bekak.

2.2.– Era berean, bi beka-mota hauek bi bide izango dituzte:

a) Nazioartekotzea sustatzen duten enpresa eta erakundeak hautatuko dira, programa honetan lankide izan nahi dutela-eta, bekadunak praktikaldietarako hartu nahi dituztenen artean.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan eta atzerrian praktikak egiteko bekak emango dira, enpresa esportatzaileak eta nazioartekotzea sustatzen duten beste erakunde batzuk ere lankide direla.

3.– Programa honetako diru-laguntzak ez dira itzuli behar, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura diru-laguntzak emateko indarrean diren arauak bete beharko dira.

4.– Agindu honen bidez araututako diru-laguntzak emateko, lehiaketa-prozedura bana erabiliko da, beka-motetako bakoitzerako. Beraz, 8. artikuluan zehaztutako balorazio-irizpideak eta hautaketa-prozedurak erabilita, baldintza horiek betetzen dituztenei emango zaizkie laguntzak, laguntza-mota bakoitzean dagoen beka-kopurua bete arte.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Aurreko artikuluan aipatutako helburua betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan bi beka-mota horietako bakoitzerako dauden aurrekontu-kredituetatik hartuko dira baliabide ekonomikoak. Ezingo da ekitaldiko aurrekontuetan onartutako diru-laguntzetarako kopuru osoa baino diru gehiago eman, ez eta, baldin eta, indarrean dagoen legediaren arabera aurrekontuak aldatzea onartuta, halakorik gertatzen bada, aurrekontuak eguneratzean onartzen diren aurrekontu-kredituetan onartutakoa baino gehiago ere.

3. artikulua.– Onuradunak.

1.– Ondorengo baldintzak betetzen dituzten pertsona fisikoek jaso ditzakete bekak:

a) Eskabidea egiten den unean, gutxienez 12 hilabete lehenagotik, administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

b) Izangaiek tituludunak izan behar dute: Lizentziatu, Ingeniari, Arkitekto, Diplomatu, Ingeniari Tekniko edo Arkitekto Tekniko; betiere, tituluak Unibertsitate Titulu Ofizialen Katalogokoekin homologatzeari buruz irailaren 30eko 1954/1994 Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera.

c) Europar Batasunetik kanpoko tituluak ere onartuko dira, edo publikoak ez diren Espainiako ikastegietan lortutakoak ere bai, baldin eta, eskabidea aurkezten denean, Espainiako Hezkuntza eta Kultura Ministerioak homologatutako tituluak badira.

d) Lehentasuna izango dute Ekonomia eta Enpresa Zientzietako edo Ingeniaritzako titulua dutenek.

e) Eskabidea aurkezteko unean, 28 urte baino gehiago ez izatea.

f) Ingelesez, frantsesez edo alemanez ongi-ongi jakitea. Beka norako den aintzakotzat hartuta, atzerriko beste hizkuntza batzuk jakitea ere baloratuko da.

g) Aldez aurretik horrelako edo antzeko bekarik jaso ez izatea; ez, behintzat, horrelako edo antzeko edukirik edo helbururik duenik.

2.– Nazioartekotzea sustatzen duten enpresa eta erakundeek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Enpresa esportatzailea edo nazioartekotzea sustatzen duen erakundea izatea, eta egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

b) Ahal dela, merkataritza- edo ekoizpen-establezimendu bat gutxienez atzerrian izatea, baldin eta praktikaldia euskal enpresa atzerrian ezartzeko lanetan egiten bada.

Nazioartekotzea sustatzen duen erakundea denean, atzerriko erakunde batekin lankidetza-hitzarmena izan beharko du sinatuta, eta hortxe kokatu beharko da praktikaldian dagoen bekaduna.

c) Bekadunarentzako jarduera- eta prestakuntza-plana egitea, bekaldi osorako.

II. KAPITULUA
DIRU-LAGUNTZEN EZAUGARRIAK

4. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

4.1.– Kanpoko Merkataritzan adituak prestatzeko bekak.

Beken iraupena hemezortzi hilabetekoa izango da, eta Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak diru-kopuru hauekin hornituko du beketako bakoitza:

a) Bekaren oinarrizko diru-kopurua 14.000 eurokoa izango da. Diru-kopuru horrez gain, bekadun bakoitzari beste osagarri bat eman dakioke bekaldia egin behar duen herrialdearen bizi-mailara egokitzeko, diru-kopurua 35.000 eurokoa izan daitekeela, gehienez ere. Industria Berritzeko eta Garatzeko sailburuordeak urtero egunera ditzake aipatutako diru-kopuru horiek, betiere, bekaldia egingo den herrialdeko bizi-mailaren eta KPIaren aldaketak kontuan hartuta.

b) Hango bizi-mailarekin parekatzeko ematen den osagarri hori ken dakioke, baldin eta beka egiteko tokia izendatu ondoren, bekadunak bekaldia beste herrialde batean egin behar badu.

4.2.– Nazioartetutako enpresetan praktikak egiteko bekak.

Beken iraupena bederatzi hilabetekoa izango da, eta Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak 5.500 eta 22.000 eur. arteko diru-kopuruekin hornituko du beketako bakoitza. Beraz, aurrekontuetan erabilgarri diren kopuruen arabera, beka bakoitzak diru-kopuru bat izango du, praktikaldiak zein herrialdetan egin behar diren aintzat hartuta, herrialde horren bizi-mailari egokituko baitzaio kopurua, betiere, ezarritako muga horien barruan. Industria Berritzeko eta Garatzeko sailburuordeak urtero egunera ditzake aipatutako diru-kopuru horiek, betiere, bekaldia egingo den herrialdeko bizi-mailaren eta KPIaren aldaketak kontuan hartuta.

5. artikulua.– Diruz lagundutako gastuak.

5.1.– Kanpoko Merkataritzan adituak prestatzeko bekak.

a) Bekarekin ondorengo gastuak ordainduko dira:

– Bekaldia egingo den herrialdera edo ingurura joan-etorria egiteko bidaia-txartelak.

– Herrialde hartako agintariek eskatzen duten bisatua edo bizitzeko baimena lortzeko gastuak.

b) Bekadun bakoitzaren istripu-asegurua (eta haren osagarri den bidaiarako laguntzako asegurua) Eusko Jaurlaritzak ordainduko du.

c) Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak ordain ditzake bekadunak egindako bestelako gastuak ere, hala nola, ostatua eta garraioak, baldin eta, gastu horiek egin aurretik, Nazioartekotze Zuzendaritzak hala onartzen badu, eta bekadunak burutu beharreko zereginarekin lotuta badaude.

Era berean, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak ordainduko ditu emandako bekan izandako aldaketak, baldin eta gastu horiek, 4.1.b) eta 10.1.a) artikuluetan aipatutakoaren arabera, bekadunari destino aldatzeagatik edo Sailak onetsitako beste arrazoi batzuengatik izan badira; betiere, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren ustez, emandako bekaldian funtsezko eragina dutenean.

5.2.– Nazioartetutako enpresetan eta nazioartekotzea sustatzeko beste erakunde batzuetan praktikak egiteko bekak.

a) Istripu-asegurua eta bidaiarako laguntzako aseguru osagarria Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak ordainduko du.

b) Praktikaldia atzerrian egiten bada, nazioartekotzea sustatzeko enpresa edo erakundeak ordainduko ditu dagokion herrialdera joateko eta handik etortzeko bidaia-gastuak.

c) Euskal Autonomia Erkidegoan zein atzerrian egiten diren praktikaldietan, nazioartekotzea sustatzeko enpresa edo erakundeak ordainduko ditu beste gastu batzuk ere, baldin eta jarduera- eta prestakuntza-planaren barruko lanak egitearren sortu badira gastu horiek. Horrez gainera, enpresak edo erakundeak bestelako osagarri ekonomiko batzuk ere ezar ditzake, bekaduna zein herrialdetan dagoen kontuan izanda.

III. KAPITULUA
PROZEDURA

6. artikulua.– Prozedurari ekitea.

6.1.– Agindu honetan araututako nazioartekotze bekak emate aldera, hiru printzipio hauek erabiliko dira: publizitatea, lehiaketa eta objektibotasuna; bekak emateko, urtero deialdi publiko bana egingo da: bata, Kanpoko Merkataritzan adituak prestatzeko bekak emateko, eta, bestea, nazioartetutako enpresetan eta nazioartekotzea sustatzeko beste erakunde batzuetan praktikak egiteko bekak emateko.

Era berean, urtero, enpresen nazioartekotzea sustatzeko enpresei eta erakundeei zuzendutako deialdiak egingo dira. Horien bidez erabakiko da ea zein enpresatan egongo diren Kanpoko Merkataritzan adituak prestatzeko, aurreko ekitaldian esleituta, beka lortu duten bekadunak, eta zein enpresatan egongo diren praktikaldian deialdiko ekitaldian bertan esleitutako beka lortu dutenak.

6.2.– Industria Berritzeko eta Garatzeko sailburuordeak egingo ditu deialdiak, eta, nahitaez, arau honetan ezarritakoari lotuta egongo dira.

a) Enpresak hautatzeko deialdian eskabideak aurkezteko epea ezarri beharko da; epe hori, argitaratzen denetik kontatzen hasita, ez da inola ere hilabetetik beherakoa izango. Era berean, adieraziko da nazioartekotzea sustatzeko enpresa eta erakundeetatik zenbat hautatuko dituzten praktikaldietarako, eta, zenbat izendatuko dituzten ordezko gisa.

b) Bekadunak hautatzeko deialdietan, berriz, zehaztuko da ea guztira zenbat beka emango diren, eta deitutako beka-moten arabera sailkatuko dira; horien ordezkoak ere izendatu behar dira. Horrez gainera, bekak finantzatzeko kredituen zenbatekoa eta eskabideak aurkezteko epea ere zehaztuko dira; epea ez da inola ere hilabetetik beherakoa izango, deialdia argitaratzen denetik kontatzen hasita.

6.3.– Urteroko deialdiak Ebazpen bakar baten bidez egin ahal izango dira, jasotzaileen arabera: bekadunak izan edo enpresak izan. Gainera, enpresei zuzendutakoa denean, urteko deialdi bakar bat egin ahal izango da, era bateko zein besteko bekadunak hartu nahian, programa honetan parte hartzeko prest dauden enpresetatik hartu beharreko guztiak hautatzeko.

7. artikulua.– Eskabidea eta agiri osagarriak aurkeztea.

7.1.– Enpresen nazioartekotzea sustatzeko enpresen eta erakundeen eskabideak aurkeztea.

a) Enpresen nazioartekotzea sustatzeko enpresek eta erakundeek bekadunen lankidetza izateko aurkeztu behar dituzten eskabideak Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Nazioartekotze Zuzendaritzari zuzendu behar zaizkio. Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak lurralde historiko bakoitzean dituen lurralde-bulegoetan aurkeztu behar dira zuzenean, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (azaroaren 26ko 30/1992 Legea) 38.4 artikuluan aurreikusitako beste edozein bitarteko erabiliz.

b) Enpresen nazioartekotzea sustatzeko enpresek eta erakundeek, eskabidearekin batera, honako agiriak ere aurkeztu beharko dituzte:

– Eskabidea egin behar duen pertsonari horretarako eskumen nahikoa eman zaiola erakusteko agiria.

– Esportazioei buruzko datuak: ustiapena, fakturazioa, kopurua eta atzerriko salmenta-tokiak. Era berean, bekaldia non burutuko den eta atzerriko zein ezarpen-egituratan egongo den zehaztuko da.

– Hartu nahi den bekadunak izan behar duen titulazioa eta jakin behar duen hizkuntza.

– Bekadunak egin beharreko prestakuntza-plana, eta enpresan edo erakundean horretaz arduratuko den pertsonaren izendapena.

c) Eskabideak behar bezala bete gabe aurkeztu badira edo agindutako agiriren bat falta bada, 10 eguneko epea emango zaio eskatzaileari akatsak zuzentzeko edo falta diren agiriak aurkezteko. Gainera, ez bata, ez bestea egiten ez badu eskabideari uko egiten diola ulertuko dela jakinaraziko zaio. Halaxe agintzen du Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak (azaroaren 26ko 30/1992 Legea) 71. 1 artikuluan.

d) Bekarik gabe geldituko dira:

– Deialdian ezarritako epetik kanpora aurkezten diren eskabideak.

– Agindu honetan aipatutako baldintzak betetzen ez dituztenak.

7.2.– Bekadunen eskabideak aurkeztea.

a) Eskabideak Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Nazioartekotze Zuzendaritzari zuzendu behar zaizkio. Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak lurralde historiko bakoitzean dituen lurralde-bulegoetan aurkeztu behar dira zuzenean, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (azaroaren 26ko 30/1992 Legea) aurreikusitako beste edozein bitarteko erabiliz.

b) Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

– Curriculum vitae.

– Eskatzaileak eskabidea aurkeztu duen unean Euskal Autonomia Erkidegoan hamabi hilabetetik gorako administrazio-egoitza baduela ziurtatzeko egiaztagiria.

– Titulazioa egiaztatzeko, tituluaren fotokopia konpultsatua erabiliko da, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordainduta dituelako egiaztagiriaren fotokopia konpultsatua.

Atzerrian edo publikoak ez diren ikastegietan eskuratutako tituluak direnean, homologatuta egon beharko dute eskabidea egiteko orduan.

– Egindako ikastaroen eta lanbide-esperientziaren ziurtagirien fotokopia konpultsatua. Eskabidea aurkeztean agiri bidez frogatu ez diren ikastaroak edo esperientziak ez dira kontuan hartuko.

– Nortasun agiriaren fotokopia.

– Nortasun agirikoaren tamainako bi argazki berri, izen-abizenak atzealdean idatzita.

– Antzeko bekarik ez duela izan adierazten duen zinpeko aitorpena.

c) Eskabideak behar bezala bete gabe aurkeztu badira edo agindutako agiriren bat falta bada, 10 eguneko epea emango zaio eskatzaileari akatsak zuzentzeko edo falta diren agiriak aurkezteko. Gainera, ez bata, ez bestea egiten ez badu eskabideari uko egiten diola ulertuko dela jakinaraziko zaio. Halaxe agintzen du Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak (azaroaren 26ko 30/1992 Legea) 71. 1 artikuluan.

d) Bekarik gabe geldituko dira:

– Industria Berritzeko eta Garatzeko sailburuordeak horretarako urtero egindako deialdian ezarritako epetik kanpora aurkezten diren eskabideak.

– Agindu honetan aipatutako baldintzak betetzen ez dituztenak.

8. artikulua.– Hautaketa-prozedurak.

8.1.– Enpresak aukeratzea:

a) Nazioartekotzea sustatzeko enpresa eta erakundeek eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Hautaketa Batzordeak (Nazioartekotze zuzendariak eta Zuzendaritza horretako bi teknikarik osatuta dagoela), lankide izango diren enpresa eta erakundeak hautatzerakoan, bekadunentzako prestakuntza-plan egokia eratu dutenak hartuko ditu, eta bazterrean utziko ditu, berriz, deialdi honekin lortu nahi diren helburuak erabat betetzen ez dituzten proposamenak.

Era berean, hautatuak izan ez direnak aintzat hartuta, ordezko izango diren enpresen zerrenda bat osatuko da, enpresaren batek edo bestek praktiketarako izendatu zaion bekadunari uko egiten badio ere.

b) Hautatutako enpresa eta erakunde lankideek lankidetza-hitzarmena izenpetuko dute Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailarekin. Hitzarmen horretan, praktikaldia garatzeko baldintzak zehazteaz gainera, azalduta geratuko da ezin dutela lan-harremanik izan bekadunak eta lankide den enpresak edo erakundeak.

8.2.– Bekadunak aukeratzea:

Beketarako eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, eta 7.2.c) artikuluan ezarritako izapidea beteta, bekadunak hautatzeko prozedurari ekingo zaio beka-modalitate bakoitzean:

a) Lehendabiziko proba hautagai guzti-guztiei egingo zaie, beka-modalitatea zein den alde batera utzita, eta jakin beharreko hizkuntzen azterketa izango da, idatzizkoa eta ahozkoa. Hizkuntza-azterketa horiek noiz egingo diren aurretiaz jakinaraziko da jendaurrean Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde-bulegoetan. Kanpoko enpresa edo erakunde baten esku utz daiteke proba hauek baloratzeko ardura.

b) Hautagaiek, goi-mailako tituludunak badira eta bi hizkuntza edo gehiagotako azterketak gainditu badituzte, aurrera jaraituko dute Kanpoko Merkataritzan adituak prestatzeko bekaren bat eskuratzeko hautaketa-prozesuan.

c) Hautagaiek, goi-mailako tituludunak badira eta hizkuntza bateko azterketak gainditu badituzte, aurrera jaraituko dute nazioartetutako enpresetan eta nazioartekotzea sustatzeko beste erakunde batzuetan praktikak egiteko bekaren bat eskuratzeko hautaketa-prozesuan.

d) Hautagaiek, erdi-mailako tituludunak badira eta hizkuntza bateko edo gehiagotako azterketak gainditu badituzte, aurrera jaraituko dute nazioartetutako enpresetan eta nazioartekotzea sustatzeko beste erakunde batzuetan praktikak egiteko bekaren bat eskuratzeko hautaketa-prozesuan.

8.2.1.– Prozeduraren berezitasunak:

A. Kanpoko Merkataritzan adituak prestatzeko beketarako.

A.1.– Hautaketa Batzordea.

a) Ebazpena ematea dagokion organoari igorriko dio Hautaketa Batzordeak bere proposamena. Hona hemen batzorde horretako kideak:

– Enpresak Nazioartekotzeko zuzendaria, edo hark izendatutako pertsona. Bera izango da batzordeburu, eta berak erabakiko du auzia, berdinketa gertatuz gero.

– Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko ordezkari bat, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak izendatua.

– Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkari bat, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak izendatua.

– Euskadiko merkataritza, industria eta nabigazioko ganbera ofizialetako ordezkari bat, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak izendatua.

Idazkari bat (hitz egiteko eskubidearekin baina botorik gabe), Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak Saileko teknikarien artean izendatua.

b) Hautaketa Batzordeak aginte osoa du erabakiak hartzeko. Erabakiak hartzeko, botazioa erabiliko dute kideek. Artikulu honetan aurreikusten ez diren kasuetan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak (azaroaren 26ko 30/1992 Legea) II. tituluko II. kapituluan ezarritakoa aplikatuko da.

A.2.– Irizpideak.

Batzordeak ondorengo irizpideak hartuko ditu kontuan izangaiak balioztatu eta hautatzeko:

a) Hizkuntzen ezaupen-maila, artikulu honen 8.1.a) eta b) idatz-zatian oinarritutako proben arabera.

b) Hizkuntza-probak gainditu dituzten izangaiei dagokienez, Hautaketa Batzordeak unibertsitate-ikasketen osagarri diren jardunak baloratuko ditu; bereziki hartuko dira aintzakotzat euskaraz jakitea eta Kanpoko Merkataritzari lotutako arloetan ikasia izatea.

Balioztapen hori honako baremo honen arabera egingo da:

1. hizkuntza: %35

2. hizkuntza: %25

Curriculuma: %40

Balioztapen hori Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde-bulegoetan jakinaraziko dituzte.

A.3.– Prozedura.

a) Hautaketa Batzordeak prozesuko hurrengo probetara aurkezteko deialdia egingo die puntu gehien lortzen duten izangaiei (100 gehienez), Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde-bulegoetako iragarki-taulen bidez. Proba horien artean, elkarrizketa-fasea nabarmentzen da. Izan ere, elkarrizketan aztertuko da ea izangaiek bekak dituen eskakizunak eta ezaugarriak betetzen dituzten.

Baldin izangairen batek 100. izangaiak lortutako puntuazio bera lortzen badu, hurrengo probetara deituko dute hori ere.

b) Prestakuntza eta hautaketarako ikastaroa egiteko aldez aurreko hautaketa bat egingo du Batzordeak, bekadunak eta ordezkoak bereizita. Ordezkoen kasuan, ordezkapen-hurrenkera adieraziko da.

Hasiera horretan hautatutakoen zerrenda jendaurrean azalduko da, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde-bulegoetan. Izangai horiek idatziz jakinarazi beharko dute, bost egun naturaleko epean, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde-bulegoetan, prestakuntza-ikastaroan parte hartzeko prest daudela.

c) Hautaketa- eta prestakuntza-ikastaroak bi hilabete iraungo du. Bekadun izateko, beharrezkoa eta ezinbestekoa izango da prestakuntza-ikastaro horretara egunero joatea eta azterketak gainditzea. Horrela ez bada, azterketa gainditu duten ordezkoek izango dute beka horiek eskuratzeko aukera.

Hautatutako bekadunen eta izendatutako ordezkoen behin betiko zerrenda Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde-bulegoetan azalduko da jendaurrean. Bekaldiko lehen hiru hilabeteetan, titularrek beka utzi edo beste gorabeheraren bat gertatuz gero, ordezkoei deituko zaie, bekaldia egin dezaten.

Ordezkoen hurrenkera ezartzeko orduan, ahal dela behintzat, bekaldia utzi dutenen herrialdeko hizkuntza-eskakizunaren arabera erabakiko da, eta, bestela, puntuazio-hurrenkeraren arabera, artikulu honen A.2.b) idatz-zatian jasotakoa aintzat hartuta.

d) Kanpoko Markataritzan adituak prestatzeko beketan aurre-hautatuak izan ez diren hautagaiek, aldi berean eskabidea eginda badute Nazioartetutako enpresetan praktikak egiteko beketarako, bigarren beka horiek emateko hautaketa-prozesuan parte hartu ahal izango dute. Hautagai horiek, ezarritako irizpideen arabera, Nazioartetutako enpresetan praktikak egiteko beketan onuradun badira, ezin izango dira aldi berean ordezko modura izendatuak izan Kanpoko Markataritzan adituak prestatzeko beketan. Era berean, beka batzuetarako eta besteetarako ordezkoak izendatzerakoan, biak batera suertatuz gero, lehentasuna izango du Kanpoko Markataritzan adituak prestatzeko beketan ordezko modura izendatzeak.

B.– Nazioartetutako enpresetan eta nazioartekotzea sustatzeko beste erakunde batzuetan praktikak egiteko beketarako.

B.1.– Hautaketa Batzordea.

Hautaketa Batzordeak Nazioartekotze zuzendaria eta Zuzendaritza horretako bi teknikari izango ditu kide, eta ebazpena emateko eskumena duen organoari igorriko dio proposamena:

B.2.– Irizpideak.

Hautaketa Batzordeak, bekadunak benan-banan enpresa bakoitzari izendatzeko esleipen-proposamena osatzeko orduan, honako irizpide hauek izango ditu aintzakotzat:

– Curriculum vitae baloratzea: %60

– Ingeles-hizkuntza jakitea, edo praktikak egingo diren herrialdeko hizkuntza jakitea: %40

Hautaketa Batzordeak eskumena du, bere iritziz egokia izanez gero, hautagaiei elkarrizketak egiteko, kasuan-kasuan lanbide-profilak ahalik eta egokienak izan daitezen.

B.3. Prozedura.

a) Nazioartekotze Zuzendaritzak hautagairik egokiena izendatuko dio lankide diren enpresa eta erakundeetako bakoitzari, enpresak berak eskatutako ezaugarriei begiratuta.

b) Lankide diren enpresa eta erakundeek aurkeztutako hautagaiek ezin izango dute aldez aurretik lan-harremanik izan enpresa eta erakunde horiekin eurekin.

9. artikulua.– Ebazpena.

1.– Aurreko artikuluan ezarritako prozedurak bukatuta, deialdi bakoitzean emango dira bekak eta hautatuko dira enpresa edo erakundeak, eta, horretarako, enpresak Nazioartekotzeko zuzendariak ebazpen bana emango du.

Programa honetan parte hartu nahi duten enpresei dagokien ebazpenean edo ebazpenetan, hautatutako enpresen zerrenda jakinaraziko da, eta, horien ordezko izango direnak ere bai, bekadunek praktikaldiak egin ditzaten. Horrez gainera, izendatutako bekaduna eta destinoa zeintzuk diren, eta 8.1.b) artikuluan aipatutako lankidetza-hitzarmena gauzatzeko epea zein den zehaztuko da. Bekadunen ebazpenak, berriz, aurreko artikuluan esandako Hautaketa Batzordeak proposatuta emango dira, eta, bertan, honako hauek zehaztuko dira: bekadunen zerrenda, baita beren ordezkoena ere, horietako bakoitzari emandako beka-mota, bekaldia non egingo den, diru-kopurua eta bekadunek egin beharreko ekintzak behar bezala aurrera eramateko beharrezko diren beste xehetasun guztiak.

2.– Bekak esleitzeko eta enpresak edo erakundeak hautatzeko prozeduren epea, gehienez ere, sei hilabetekoa izango da, dagokion urteko deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

3.– Ebazpen bakoitza dagokion bekadunari jakinaraziko zaio zuzenean, aurreko idatz-zatian ezarritako epearen barruan.

Dena den, goian esandakoa betetzeaz gain, emandako diru-laguntzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, denek jakin dezaten.

4.– Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa ezar daiteke Industria Berritzeko eta Garatzeko sailburuordeari zuzenduta, hilabeteko epean, jakinarazpena jasotzen den egunetik aurrera kontatzen hasita.

5.– Artikulu honen 2. idatz-zatian ezarritako epea igaro ondoren, ez bada inolako ebazpenik eman eta jakinarazi, bere eskabidea atzera bota dutela ulertu beharko du interesdunak, diru-laguntzen eskabideak dagokion organoak berariaz ebazteko betebeharra daukan arren.

6.– Beka ematean kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, beka-emateko ebazpena ere alda daiteke, betiere, arau honetan bekadun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak errespetatzen badira.

10. artikulua.– Bekak garatzeko edukiak eta faseak.

10.1.– Kanpoko Markataritzan adituak prestatzeko bekak.

Bekaldiak 18 hilabete iraungo du, ondorengo aldiak eta ezaugarriak izanik:

– Bi hilabete, Euskadiko enpresak bisitatzen.

Bisita horien helburua honako hauek jakitea da: Euskadiko industria eta enpresen egitura, eta kanpo-merkatuei buruz duten informazio-premia.

– Hamar hilabete, Ebazpenean aipatutako herrialdean edo geografia-eremuan.

Bekadunak, epe horretan, Nazioartekotze Zuzendaritzak kanpo-merkataritzako gaiei buruz agindutako ikerketak eta praktikak burutuko ditu.

Aldi horretan, hau da, beka-emateko ebazpenean adierazten den herrialdean dagoen bitartean, bekadunak 7 eguneko oporraldiaz gozatu ahal izango du.

– Enpresetan praktikak egitea.

Azken sei hilabeteetan, bekaduna enpresa jakin bateko Esportazio Sailarekin arituko da lanean, Euskadin nahiz agindu zaion herrialdean. Beraz, programaren prestakuntza-helburuak kontuan hartuta, kanpoan lan egingo duen tokia ere alda daiteke.

Beka emateak eta izateak ez du inolako kontratuzko edo estatutuzko harremanik sortuko Eusko Jaurlaritzarekin.

10.2.– Nazioartetutako enpresetan eta nazioartekotzea sustatzeko beste erakunde batzuetan praktikak egiteko bekak.

Bekaldiek 9 hilabeteko iraupena izango dute, eta modalitate hauetakoren batean praktikak egitea izango dute helburu:

– Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetako esportazio-sailean praktikak egitea.

– Euskal enpresek atzerrian dituzten ezarpen-guneetan praktikak egitea.

– Nazioartekotzea sustatzeko beste erakunde batzuetan praktikak egitea.

11. artikulua.– Beka ordaintzea.

11.1.– Kanpoko Markataritzan adituak prestatzeko bekak.

Nazioartekotze zuzendariari dagokio beka-ordainketen ebazpena ematea.

Beka osoa lau ordainketaren bidez pagatuko da:

Bekaren lehen ordainketan beka osoaren %37 pagatuko da. Kanpoko herrialdera edo geografia-eremura atera baino lehen ordainduko zaio bekadunari.

Beste guztia hiru kuotatan ordainduko da. Lehen bietan, %20, 5na ordainduko da, bekaldia hasi zenez geroztik 5. eta 10. hilabeteak betetzean; eta hirugarrenean, %22, bekaldia hasi zenez geroztik 15. hilabetea betetzean.

11.2.– Nazioartetutako enpresetan eta nazioartekotzea sustatzeko beste erakunde batzuetan praktikak egiteko bekak.

Nazioartekotze zuzendariari dagokio beka-ordainketen ebazpena ematea.

Beka hori bekadunari berari ordainduko zaio zuzenean, bi ordainketaren bidez:

Bekaren lehen ordainketan bekaren %60 pagatuko da. Bekaduna bere destinora atera baino lehen ordainduko zaio bekadunari, beka emateko ebazpena jakinarazi eta sinatutakoan.

Beste guztia, bekaren %40, bekaldia hasi zenez geroztik 4. hilabetea betetzean ordainduko da, betiere, bekadunak ongi eta zuzen betetzen baditu bekaldiaren helburuak.

12. artikulua.– Bekadunen eta enpresen betebeharrak.

1.– Honako hauek dira bekadunen betebeharrak:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Beka eman zaiolako jakinarazpena jasotzen duenetik, bost eguneko epean onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz laguntzari uko egiten, ulertuko da beka onartu dutela.

b) Diru-laguntza hori emakidan agindutako helburuak betetzeko erabiltzea.

c) Eskatutako edozein informazio ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, batak zein besteak diru-laguntzen erabilera kontrolatzeko lanak aurrera eraman ditzaten.

d) Jasotako fondo publikoei emandako erabilera frogatzeari buruzko araudia betetzea.

e) Agindu honetan ezarritako arauak eta oinarriak onartzea eta betetzea. Era berean, Nazioartekotze Zuzendaritzak emandako jarraibideak errespetatzea: praktikan hasteko epeak, nazioartekotzea sustatzeko enpresa eta erakundea, edo bekaren helburuak betetzeko emandako beste guztiak.

f) Nazioartekotze Zuzendaritzari jakinaraztea, bekaren helburuak betetzerakoan eragina izan dezaketen gorabehera guztien berri.

g) Kanpoko Merkataritzan adituak prestatzeko beken onuradunek, gainera, honako betebehar hauek ere badituzte:

– Nazioartekotze Zuzendaritzari, hilero, egindako jardueraren txosten bat igortzea. Hor zehaztuko dira ekonomia- eta merkataritza-arloetako alderdi nabarmenak, bai eta Euskadiko produkzio-sektoreen esportazioa garatzeko eta finkatzeko eragina izan dezaketen beste daturik aipagarrienak ere.

– Agindu honetako 5.1.c artikuluan aurreikusitako gastuen jatorrizko ordainagiriak zehatz-mehatz azalduta igortzea.

h) Nazioartekotutako enpresetan eta nazioartekotzea sustatzen duten beste erakunde batzuetan praktikaldiak egin behar dituzten bekadunek honako betebehar hauek ere badituzte:

– Bi azalpen-txosten aurkeztu beharko dituzte praktikaldietan egindako jarduerari buruz, gertatutako edozein gorabehera edo alderdi nabarmen zehaztuta: bata, bekaren laugarren hilabetean, eta, bestea, beka bukatutakoan.

– Nazioartekotzea sustatzen duen enpresan edo erakundean bekadunaz arduratzen den pertsonak emandako jarraibideak onartze eta betetzea.

2.– Honako hauek dira nazioartekotzea sustatzeko enpresa eta erakundeen betebeharrak:

a) Agindu honetan ezarritako arauak eta oinarriak onartzea eta betetzea.

b) Nazioartekotze Zuzendaritzari jakinaraztea, bekaren helburuak betetzerakoan eragina izan dezaketen gorabehera guztien berri.

c) Nazioartetutako enpresetan eta nazioartekotzea sustatzeko beste erakunde batzuetan praktikak egiteko programan bi azalpen-txosten aurkeztu beharko dira, bekadunek egindako lanaz, helburuak noraino bete diren zehaztuta eta gertatutako edozein gorabehera edo alderdi nabarmen ere aipatuta; txostenetako bat, bekaren laugarren hilabetean aurkeztuko da, eta, bestea, bekaldia bukatutakoan.

13. artikulua.– Kontrola eta segimendua.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Nazioartekotze Zuzendaritzari dagokio bekadunen jarduera kontrolatu eta segimendua egitea.

Nazioartekotze Zuzendaritzak egoki deritzen ikuskapenak egin ditzake, bekaldia nola doan egiaztatzeko. Eskatutako argibide gehigarri guztiak eman beharko dizkiote bekadunek.

14. artikulua.– Uko egitea.

14.1.– Bekadunak:

Beka eman zaionak bekari uko egiten badio, ordu arte kobratutako diru-kopuruaren zati bat itzuli beharko du. Itzuli beharreko diru-kopurua kalkulatzeko, kontuan hartuko da zenbat denbora gelditzen zaion bekaldia amaitzeko eta zenbat diru aurreratu dioten bekadunari denbora horregatik.

a) Kanpoko Merkataritzan adituak prestatzeko bekak.

Onuradunak bekaldiaren lehen hiru hilabeteetan uko eginez gero, beste bekadun bat izendatuko da ordezkoen artean, gelditzen den bekaldirako, betiere, egokitu zaien hurrenkerari jarraituz.

Hiru hilabete pasatu ondoren bekari uko eginez gero, Nazioartekotze Zuzendaritzak ea ordezkoen artean beste bekadun bat izendatzea komeni den balioztatu beharko du, betiere, honako datu hauek kontuan hartuta: bekaldia amaitzeko falta den denbora, bekaduna lanean ari zen herrialdearen interesa, egiteke dagoen lana, eta ordezkoek beren lana behar bezala egin ahal izateko behar beste ba al dakiten herrialde horretako hizkuntza.

b) Nazioartetutako enpresetan eta nazioartekotzea sustatzeko beste erakunde batzuetan praktikak egiteko bekak.

Onuradunak bekaldiaren lehen hilabetean uko eginez gero, beste bekadun bat izendatuko da ordezkoen artean, gelditzen den bekaldirako, betiere, egokitu zaien hurrenkerari jarraituz. Lehendabiziko hilabetea pasatu ondoren bekari uko eginez gero, Nazioartekotze Zuzendaritzak ea ordezkoen artean beste bekadun bat izendatzea komeni den balioztatu beharko du

14.2.– Enpresak:

Praktikaldiak egin ditzaten bekadunak hartu behar dituzten enpresetako batek dagokion bekadunaren zerbitzuei uko egiten badie, bekadun hori beste enpresa batean berregokitzeko ahaleginak egingo dira, enpresak hautatzerakoan ordezko modura izendatutako enpresen artean. Berrizendapen hori egitea ezinezko bada, emandako bekaren likidazioa egingo da, eta, hala badagokio, bekaren diru-kopurua itzuli beharko da, artikulu honen lehen idatz-zatian ezarritakoari jarraituz.

15. artikulua.– Bateraezintasunak.

Beka hau bateraezina da ordaindutako beste edozein lan egitearekin edo beste beka bat jasotzearekin.

16. artikulua.– Ez betetzeak.

Diru-laguntzak ematerakoan ezarritako betekizunak betetzen ez direla egiaztatuz gero, ordu arte jasotako diru-kopurua eta dagozkion interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari. Halakoetan, honako lege-testu hauetan ezarritakoa bete beharko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaz onartutako testu bateratua), eta abenduaren 17ko 698/1991 Errege Dekretua.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Agindu honen Xedapen Indargabetzailean ezarritakoa ezarrita ere, bai kanpo-merkataritzan adituak prestatzeko beken onuradunek, bai eta, enpresa esportatzaileak eta nazioartekotzea sustatzen duten beste erakunde batzuk lankide direla, Euskal Autonomia Erkidegoan zein atzerrian praktikak egiteko beken onuradunek ere, azken bi urteotako promozioetakoak izanik, beren bekaldia oraindik bukatu gabe dutenek, honako hauek hartuko dituzte arau-oinarri, bakoitzak dagokiona: batzuek, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak 2000ko apirilaren 18an emandako Agindua, horren bidez arautzen baitira kanpo-merkataritzan adituak prestatzeko beka-programak, eta, besteek, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak 2000ko maiatzaren 23an emandako Agindua, horren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan eta atzerrian praktikak egiteko beken programa, enpresa esportatzaileak eta nazioartekotzea sustatzen duten beste erakunde batzuk ere lankide direla. Halaxe izango da bakoitzari dagokion beka-programa amaitu arte.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Honako Agindu hau indarrean hasten denean, honako hauek indarrik gabe geratuko dira:

– Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak 2000ko apirilaren 18an emandako Agindua, horren bidez arautzen baitira kanpo-merkataritzan adituak prestatzeko beka-programak.

– Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak 2000ko maiatzaren 23an emandako Agindua, horren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan eta atzerrian praktikak egiteko beken programa, enpresa esportatzaileak eta nazioartekotzea sustatzen duten beste erakunde batzuk ere lankide direla.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.– Agindu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezar daiteke Euskal Herriko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean. Epe hori Agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko martxoaren 26a.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,

JOSU JON IMAZ SAN MIGUEL.


Azterketa dokumentala