Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

69. zk., 2003ko apirilaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
2103

AGINDUA, 2003ko otsailaren 25ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena. Agindu honen bidez Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionaleko ikastetxe elkartuentzako laguntzak emateko arauak eta 2003ko eskaeren deialdia onetsi dira.

Abenduaren 27ko 8/2002 Legearen bidez (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 249. zk., abenduaren 31koa) onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoaren 2003ko Aurrekontu Orokorreko 42230 programan, Unibertsitate Hezkuntzakoan, zenbait neurri ezarri dira unibertsitatearen arloko ekimenei eta jarduerei laguntzeko, eta horietako bat Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionaleko Bergara, Portugalete eta Vitoria-Gasteizko ikastetxe elkartuak finantzatzeko laguntzen deialdia da.

Horregatik, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Testu Bateginaren VI. tituluko xedapenetan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan diru-laguntzak emateko moduaz ezarritakoarekin bat etorriz eta Euskal Autonomia Erkidegoaren 2003ko Aurrekontu Orokorra onetsi zuen abenduaren 27ko 8/2002 Legean eta aplikatu beharreko gainerako xedapenetan ezarritakoaren arabera, hauxe,

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionaleko ikastetxe elkartuei 2003. urteko gastuen aurrekontu arrunta finantzatzeko diru-laguntzak ematea da.

2.– Deialdi hau 8. artikuluan finkatutako banaketa proportzionalaren sistemaren arabera ebatziko da. Horretarako 289.715,00 euro ezarri dira; kopuru hori abenduaren 27ko 8/2002 Legearen bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoaren 2003ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorreko 03.0.1.04.08.0800.4.454.99.42230.004.K aurrekontu-aplikazioan jaso da.

3.– Prozedura honek gehienez ere sei hilabete iraungo du, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

2. artikulua.– Onuradunak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionaleko ikastetxe elkartuen erakunde titularrak izango dira.

3. artikulua.– Laguntzen xedea.

1.– Deialdi honetako laguntzen xedea da Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionaleko ikastetxe elkartuetan 25 urtetik gorakoentzako Unibertsitaterako sarrerarako prestakuntza-ikastaroko 2003ko jarduerek eragiten dituzten gastuak eta Estatuak homologatutako unibertsitate-tituluen lehen eta bigarren zikloko unibertsitate-ikasketen gastuak finantzatzen laguntzea.

2.– Emandako diru-laguntzari egozten zaizkion gastu guztiak 2003. urtean sortu behar dira.

4. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkeztea.

1.– Interesatuek agindu honen I. eranskinean ageri den eskabide eredu normalizatuan formalizatu behar dute euren eskaera, eta, ahal dela, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Erregistro Orokorrean (Donostia kalea 1, PK: 01010, Vitoria-Gasteiz) aurkeztuko dute, edo bestela posta ziurtatuz bidali ahal dute, edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 38. artikuluan aurreikusitako beste edozein prozeduraren bidez.

2.– Eskabideak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Unibertsitate Zuzendaritzan eskatu ahal dira (Donostia kalea 1, Lakua II eraikina, 2. solairua, PK: 01007, Vitoria-Gasteiz), edo posta elektronikoaren bidez huiscatd@ej-gv.es webgunean, edo www1.hezkuntza.ej-gv.net/indice_c.htm webguneko "Bekak, laguntzak eta diru-laguntzak" sailean erakusgai jarritako informaziotik eskuratu.

3.– Eskaerekin batera ondorengo agiriak aurkeztu behar dira derrigorrez:

a) Legezko ordezkariaren NANa.

b) Legezko ordezkaritzaren frogagiria.

c) Ikastetxe elkartuaren 2003ko aurrekontua.

d) Ikastetxe elkartuak 2001-2002 ikasturtean irakaskuntzan, zientziaren eta kulturaren arloan egindako jardueren memoria.

e) Zergen arloko betebeharrak bete direla egiaztatzen duen frogagiria.

f) Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak bete direla egiaztatzen duen frogagiria.

4.– Jatorrizko agiriak aurkeztu behar dira. Jatorrizkoen kopiak edo fotokopiak aurkezten direnean, behar bezala konpultsatuta egon behar dute.

5.– Baldin eta eskatzen diren agiri horiek dagoeneko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren esku badaude, interesatuek horren berri eman dezakete beren eskabidean, eta hala egiten dutenean zein egunetan eta zein organo edo bulegotan aurkeztu zituzten, edo, bestela, zein organo edo bulegok eman zizkien adierazi behar dute, hartara Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 35. artikuluaren f) idatz-zatian ezarritakoa aplika ahal izan dakien (hori abuztuaren 5eko 1778/1994 Errege Dekretuko 2. artikuluak garatu du).

5. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean kontatzen hasita.

6. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsen zuzenketa.

Unibertsitate Zuzendaritzak hutsune edo okerren bat atzematen badu aurkeztutako eskabidean, interesatuari eskatuko dio zuzen dezala hutsune hori edo aurkez dezala nahitaezko dokumentazioa hamar eguneko epearen barruan eta ohartaraziko dio hori egin ezean eskabideaz etsi egin duela pentsatuko dela; horretarako, baina, ebazpen bat eman beharko da aldez aurretik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen legearen 42. artikuluak ezarritakoari jarraituz.

7. artikulua.– Laguntzak kudeatuko dituen organoa.

Unibertsitate Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan finkatutako diru-laguntzak.

8. artikulua.– Diru-laguntza emateko irizpide objektiboak.

Deialdi honetako laguntzetarako jarritako kreditua proportzionalitatea ardatz duen irizpide objektibo baten arabera banatuko da eskatzaileen artean, parametro hauek kontuan hartuz:

a) Oinarrizko finantzaketa.– Kuota finko bat ezarriko da oinarrizko finantzaketarako, deialdi honetako diru-laguntzarako jarritako zenbatekoaren ehuneko hogeita hamarrekoa.

b) Ikasle-kopurua.– Kuota aldagarri bat ezarriko da, deialdi honetako diru-kopuruaren ehuneko hirurogeita hamarra banatzeko, 2002-2003 ikasturtean 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko ikastaroan eta Estatuak homologatutako unibertsitate-tituluen lehen eta bigarren zikloko ikasketetan matrikulatutako ikasleen kopuruaren araberakoa.

9. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Diru-laguntzaren zenbatekoa 8. artikuluan finkatutako banaketa proportzionalerako irizpideen arabera zehaztuko da.

10. artikulua.– Deialdiaren ebazpena.

1.– Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik bost hilabete igaro baino lehen, deialdiko diru-laguntzen gaineko ebazpena emango du, Unibertsitate Zuzendaritzaren proposamena aztertu ondoren. Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie eskatzaileei.

2.– Epe horren barruan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dira Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 44.1. artikuluan ezarritako ondorioetarako; hori gorabehera, Administrazioak lege horretan ezarritako berariazko ebazpena eman beharko du.

3.– Emandako diru-laguntzak eta haietan gertatzen diren aldaketak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

11. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

1.– Diru-laguntzak epe hauetan ordainduko dira:

a) Laguntzaren zenbatekoaren %50 12. artikuluko a) idatz-zatian finkatutakoaren arabera onartutakoan ordainduko da.

b) Zenbatekoaren gainerako %50 2003ko azaroaren 15a baino lehen ordainduko da.

2.– Diru-laguntzen zenbatekoa abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duenean, finkatutako berme-araubidearekin bat etorriz bermatuko da. Dekretu horretan bertan lankidetza-erakundeen erregimen eta obligazioak ere zehazten dira.

12. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluak oro har aipatzen dituen betebeharrez gain, agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek ondorengo hauek ere izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartu behar dute. Diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamar egun igaro baino lehen erakunde onuradunek berariaz eta idatziz uko egin ezean, onartutzat joko da.

b) Diru-laguntza eman den xederako ez beste ezertarako erabili behar dute.

c) Diruz lagundutako jardueraren xedea edo izaera funtsean aldatzen duten gorabeheren berri eman behar dute, eta Unibertsitate Zuzendaritzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari agindu honen kargura jasotako diru-laguntzez beren eginkizunak betez eskatzen duten informazioa bidali behar diete.

13. artikulua.– Aldi berean beste laguntza batzuk jasotzeko aukera.

1.– Agindu honen itzalpean ematen diren laguntzen zenbatekoa eta helburu bererako beste diru-sarrerak bat eginda sortzen den kopurua inolaz ere ezin da izan onuradunak egin beharreko jardueraren edo laguntzaren xedearen kostua baino handiagoa.

2.– Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzekin batera beste erakunde publiko zein pribatu guztiek helburu bererako emandako bestelako diru-laguntzak jaso daitezke, baldin eta pilaketak gainfinantzaketarik eragiten ez badu. Gainfinantzaketa gertatuz gero, agindu hau dela bide emandako diru-laguntzaren zenbatekoa onuradunak jasotako laguntzen zenbatekoaren eta gertatutako gainfinantzaketaren heinean gutxituko da.

14. artikulua.– Diru-laguntzaren xedearen eta jasotako fondoen aplikazioaren justifikazioa.

1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak jasotzen dituzten zentroetako zuzendariek memoria bidali behar diote Unibertsitate Zuzendaritzari 2004ko martxoaren 31 baino lehen, erakundearen lege ordezkariak izenpetuta, eta bertan diru-laguntzaren zenbatekoaren kargura egindako ekintzak justifikatu behar dira eta diru-laguntzak erakundearen diru-sarreren aurrekontu likidatuaren finantzaketan izan duen partaidetza xehekatu behar da.

2.– Era berean, ikastetxe elkartuaren 2003ko aurrekontuaren kitapena bidali behar dute, estatutuen arabera eskumena duen organoak onetsitakoan. Diru-sarreren atalean deialdi honen kargura emandako diru-laguntzaren zenbatekoa agertu behar da, bereiz.

15. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzen aldaketa.

Diru-laguntza emateko aintzat hartutako baldintzak aldatzeak edo, honekin batera, beste edozein erakunde publiko zein pribatuk emandako diru-laguntzak eta laguntzak jasotzeak diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea ekar dezake, deialdi honetan onuradun izateko finkatutako gutxieneko betekizunekin bat etorrita betiere. Ondorio horietarako, Unibertsitate Zuzendaritzak likidazio ebazpen egokia emango du diru-laguntzen zenbatekoa doitzeko.

16. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.

Diru-laguntzak emateko oinarritzat hartutako baldintzak betetzen ez direla egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoa eta, gainera, legezko interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onetsi duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Prozedura gaietan agindu honetan aurreaurreikusten ez den guztirako, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da.

Bigarrena.– Agindu honetan aipatutako diru-laguntzek bat etorri behar dute bertan finkatutakoarekin eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsi zen Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluan finkatutakoarekin.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honen kontra aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatuta; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Herriko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epearen barruan.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko otsailaren 25a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

ANJELES IZTUETA AZKUE.


Azterketa dokumentala