Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

69. zk., 2003ko apirilaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
2101

AGINDUA, 2003ko otsailaren 25ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena. Agindu honen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko ikasle-egoitza nagusiei laguntzak emateko arauak eta 2003an eskabideak aurkezteko deialdia onetsi dira.

Abenduaren 27ko 8/2002 Legearen bidez (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 249. zk., abenduaren 31koa) onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoaren 2003ko Aurrekontu Orokorreko 42230 programan, Unibertsitate Hezkuntzakoan, zenbait neurri ezarri dira unibertsitatearen arloko ekimenei eta jarduerei laguntzeko, eta horietako bat legez aitortutako ikasle-egoitza nagusien funtzionamendurako diru-laguntzen deialdia da.

Deialdi honen xedea hauxe da: ikasle-egoitzei abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren bosgarren xedapen gehigarrian agindutako eginkizunak betetzen laguntzea, hau da, unibertsitateko ikasleei egoitzak eskaintzen, ikasle horien kultur eta zientzia prestakuntza sustatzen eta beren jarduera unibertsitateko komunitatearen zerbitzura jartzen laguntzea.

Horregatik, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluko xedapenetan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan diru-laguntzak emateko moduaz ezarritakoarekin bat etorriz eta Euskal Autonomia Erkidegoaren 2003ko Aurrekontu Orokorra onetsi zuen abenduaren 27ko 8/2002 Legean eta aplikatu beharreko gainerako xedapenetan ezarritakoaren arabera, hauxe,

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Deialdi honen xedea 3. artikuluan adierazitako ekintzak egiteko 2003. urtean zehar ikasle-egoitzetan sortzen diren gastuak finantzatzeko laguntzak ematea da.

2.– Deialdi hau 8. artikuluan finkatutako banaketa proportzionalaren sistemaren arabera ebatziko da. Horretarako 112.665 euro ezarri dira; kopuru hori abenduaren 27ko 8/2002 Legearen bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoaren 2003ko Aurrekontu Orokorreko 03.0.1.04.08.0800.4.454.99.42230.003.G aurrekontu-aplikazioan jaso da.

3.– Prozedura honek gehienez ere sei hilabete iraungo du, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

2. artikulua.– Onuradunak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunak unibertsitate-egoitzen titular diren pertsona juridiko publiko zein pribatuak izan daitezke, baldin eta jarraian azalduko diren betekizunak betetzen badituzte:

a) Indarrean dagoen legeriarekin bat etorriz, ikasle-egoitza gisa aitortuta egon behar dute.

b) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izan behar dute.

3. artikulua.– Laguntzen xedea.

1.– Deialdi honen bidez emandako laguntzen onuradun diren erakundeek diru kopuru horiek, ezarritako portzentajeetan, jarraian zehaztuko diren ekintzetan ikasle-egoitza nagusiek egiten dituzten gastuak finantzatzeko erabiliko dituzte:

a) Prestakuntza ekintzak.– Laguntzaren %25 egoitza horietako ikasleen kultur eta zientzia prestakuntzari laguntzeko jarduerek, unibertsitateko komunitatean eragina dutenek, sortutako gastuak finantzatzeko erabiliko da.

b) Bekak.– Laguntzaren %50 ikasle-egoitzan bizi diren ikasleetatik baliabide ekonomiko gutxien dituztenei egoitzarako bekak edo laguntzak emateko erabiliko da.

c) Ondasun inbentariagarriak erostea.– Laguntzaren zenbatekoaren %25 diruz lagundutako ekintzetarako edo ikasle-egoitza nagusiko ekipamendurako beharrezkoak diren ondasun inbentariagarriak erosteko erabiliko da.

2.– Emandako diru-laguntzari egozten zaizkion gastu guztiak 2003. urtean sortu behar dira.

3.– Diruz lagundutako ekintzen publizitate eta propaganda guztian Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren logotipoa agertu behar da, deialdi honetako 12. artikuluko c) idatz-zatian ezarritakoari jarraiki.

4. artikulua.– Eskaeren eta derrigorrezko agirien aurkezpena eta gauzapena.

1.– Interesatuek agindu honen I. eranskinean ageri den eskabide eredu normalizatuan formalizatu behar dute euren eskaera, eta, ahal dela, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Erregistro Orokorrean (Donostia kalea 1, PK: 01010, Vitoria-Gasteiz) aurkeztuko dute, edo bestela posta ziurtatuz bidali ahal dute, edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 38. artikuluan aurreikusitako beste edozein prozeduraren bidez.

2.– Eskabideak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Unibertsitate Zuzendaritzan eskatu ahal dira (Donostia kalea 1, Lakua II eraikina, 2. solairua, PK: 01007, Vitoria-Gasteiz), edo posta elektronikoaren bidez huiscatd@ej-gv.es webgunean, edo www1.hezkuntza.ej-gv.net/indice_c.htm webguneko "Bekak, laguntzak eta diru-laguntzak" sailean erakusgai jarritako informaziotik eskuratu.

3.– Eskaerekin batera ondorengo agiriak aurkeztu behar dira derrigorrez:

a) Legezko ordezkariaren NANa.

b) Legezko ordezkaritzaren frogagiria.

c) Ikasle-egoitza nagusiaren 2003ko edo, behar denean, 2002-2003 ikasturteko aurrekontua.

d) Ikasle-egoitzak 2001-2002 ikasturtean egindako prestakuntzako jardueren oroitidazkia.

e) Zergen arloko betebeharrak bete direla egiaztatzen duen frogagiria.

f) Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak bete direla egiaztatzen duen frogagiria.

4.– Jatorrizko agiriak aurkeztu behar dira. Jatorrizkoen kopiak edo fotokopiak aurkezten direnean, behar bezala konpultsatuta egon behar dute.

5.– Baldin eta eskatzen diren agiri horiek dagoeneko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren esku badaude, interesatuek horren berri eman dezakete beren eskabidean, eta hala egiten dutenean zein egunetan eta zein organo edo bulegotan aurkeztu zituzten, edo, bestela, zein organo edo bulegok eman zizkien adierazi behar dute, hartara Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 35. artikuluaren f) idatz-zatian ezarritakoa aplika ahal izan dakien.

5. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean kontatzen hasita.

6. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Unibertsitate Zuzendaritzak hutsune edo okerren bat atzematen badu aurkeztutako eskabidean, interesatuari eskatuko dio zuzen dezala hutsune hori edo aurkez dezala nahitaezko dokumentazioa hamar eguneko epearen barruan eta ohartaraziko dio hori egin ezean eskabideaz etsi egin duela pentsatuko dela; horretarako, baina, ebazpen bat eman beharko da aldez aurretik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen legearen 42. artikuluak ezarritakoari jarraituz.

7. artikulua.– Laguntzak kudeatuko dituen organoa.

Unibertsitate Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetan finkatutako diru-laguntzak.

8. artikulua.– Diru-laguntza emateko irizpide objektiboak.

Diru-laguntza banaketa proportzionalerako irizpide objektibo baten arabera banatuko da, ondoko parametroetan jasotakoarekin bat etorriz:

a) Oinarrizko finantzaketa.– Kuota finko bat ezarriko da oinarrizko finantzaketarako, deialdi honetako diru-laguntzarako jarritako zenbatekoaren ehuneko hirurogeikoa.

b) Egoitzako plazen kopurua.– Kuota aldagarri bat ezarriko da, deialdi honetako diru-laguntzarako jarritako zenbatekoaren ehuneko berrogeikoa, 2002-2003 ikasturtean ikasle-egoitza nagusian bizi diren ikasleen kopuruaren arabera banatzeko.

9. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Diru-laguntzaren zenbatekoa 8. artikuluan finkatutako banaketa proportzionalerako irizpideen arabera zehaztuko da.

10. artikulua.– Deialdiaren ebazpena.

1.– Deialdiko diru-laguntzen gaineko ebazpena Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak emango du eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik bost hilabete igaro baino lehen, Unibertsitate Zuzendaritzaren proposamena aztertu ondoren. Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie eskatzaileei.

2.– Epe horren barruan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dira Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 44.1. artikuluan ezarritako ondorioetarako; hori gorabehera, Administrazioak lege horretan ezarritako berariazko ebazpena eman beharko du.

3.– Emandako diru-laguntzak eta haietan gertatzen diren aldaketak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

11. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

1.– Diru-laguntzak epe hauetan ordainduko dira:

a) Laguntzaren zenbatekoaren %50 12. artikuluko a) idatz-zatian finkatutakoaren arabera onartutakoan ordainduko da.

b) Zenbatekoaren gainerako %50 2003ko azaroaren 15a baino lehen ordainduko da.

2.– Diru-laguntzen zenbatekoa abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duenean, finkatutako berme-araubidearekin bat etorriz bermatuko da.

12. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluak oro har aipatzen dituen betebeharrez gain, agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek ere izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartu behar dute. Diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamar egun igaro baino lehen erakunde onuradunek berariaz eta idatziz uko egin ezean, onartutzat joko da.

b) Diru-laguntza xedatutako ekintzek eragindako gastuak ordaintzeko erabili behar dute, 3. artikuluan finkatutakoari jarraiki. Diru-laguntzak edo egoitza-bekak publikotasun, lehia eta objektibotasun printzipioen arabera emango dira.

c) Diruz lagundutako ekintzen publizitate edo propaganda guztian Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren logotipoa agerrarazi behar dute, hain zuzen ere inprimatzeko eta ondo ikusteko moduan, hala agintzen baitu Eusko Jaurlaritzako erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuak (EHAA, 205. zk., urriaren 26koa).

d) Diruz lagundutako jardueraren xedea edo izaera funtsean aldatzen duten gorabeheren berri eman behar dute, eta Unibertsitate Zuzendaritzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzez beren eginkizunak betez eskatzen duten informazioa bidali behar diete.

13. artikulua.– Aldi berean beste laguntza batzuk jasotzeko aukera.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzekin batera beste erakunde publiko zein pribatu guztiek helburu bererako emandako bestelako diru-laguntza edota unibertsitateko laguntza edo bekak jaso daitezke, baldin eta pilaketak gainfinantzaketarik eragiten ez badu.

2.– Deialdi honetan emandako laguntza eta helburu bererako beste diru-sarrerak bat eginda sortzen den kopurua inolaz ere ezin da izan onuradunak egin beharreko jardueraren edo laguntzaren xedearen kostua baino handiagoa. Hori gertatuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa behar den beste murriztuko da eta onuradunak diru-laguntzaren zenbatekoa aldatzen duen ebazpenean ezartzen den kopurua itzuli beharko du.

14. artikulua.– Diru-laguntzaren xedearen eta jasotako fondoen aplikazioaren justifikazioa.

1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak jasotzen dituzten egoitzetako zuzendariek egindako ekintzak deskribatzen eta diru-laguntzari egotzitako gastuen xehetasunak adierazten diren oroitidazkia bidali behar diote Unibertsitate Zuzendaritzari 2004ko martxoaren 31 baino lehen, erakundearen lege ordezkariak izenpetuta.

2.– 3. artikuluko a eta c idatz-zatietako ekintzei buruzko gastuak justifikatzeko, jatorrizko fakturak edo behar bezala konpultsatutako fotokopiak aurkeztuko dira. Egoitza-beketarako zenbatekoa justifikatzeko, ikasle-egoitza nagusiko zuzendariak edo estatutuen arabera ahalmen hori duen organoak aitorpena egingo du; bertan ikasle-egoitza nagusiko ostatu-kuotetarako laguntza jaso duten ikasleen izena, abizenak eta NAN, eta ikasle bakoitzak jasotako zenbatekoa adieraziko dira. Ikasle-egoitza nagusiak emandako bekaz gain ikasleek beste beka edo laguntzaren bat jaso badute, erakunde publiko nahiz pribatu batek emana, horien zenbatekoa eta erakunde emaileak ere zehaztuko dira.

3.– Era berean, ikasle-egoitza nagusiaren 2003ko edo, behar denean, 2002-2003 ikasturterako aurrekontuen kitapena bidali behar diote Unibertsitate Zuzendaritzari, estatutuen arabera eskumena duen organoak onetsitakoan. Diru-sarreren atalean deialdi honen kargura emandako diru-laguntzaren zenbatekoa agertu behar da, bereiz.

15. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzen aldaketa.

Diru-laguntza emateko aintzat hartutako baldintzak aldatzeak edo, honekin batera, beste edozein erakunde publiko zein pribatutatik diru-laguntzak eta laguntzak jasotzeak diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea ekar dezake, deialdi honetan onuradun izateko finkatutako gutxieneko betekizunekin bat etorrita betiere. Ondorio horietarako, Unibertsitate Zuzendaritzak likidazio ebazpen egokia emango du diru-laguntzen zenbatekoa doitzeko.

16. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.

Diru-laguntzak emateko oinarritzat hartutako baldintzak betetzen ez direla egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoa eta, gainera, legezko interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei Legearen Testu Bategina onetsi duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Prozedura gaietan agindu honetan aurreikusten ez den guztirako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da.

Bigarrena.– Agindu honetan aipatutako diru-laguntzek bat etorri behar dute bertan finkatutakoarekin eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onetsi zen Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluan finkatutakoarekin.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honen kontra aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epearen barruan.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko otsailaren 25a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

ANJELES IZTUETA AZKUE.


Azterketa dokumentala