Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

249. zk., 2002ko abenduaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Osasun Saila
7441

AGINDUA, 2002ko abenduaren 23koa, Osasun sailburuarena, itundu gabeko terapia-elkarteetan toxikomaniak sendatzeko 2003ko diru-laguntzetarako deia egiten duena.

Drogamenpekotasunen alorreko aurrezaintza, laguntza eta gizarteratzeari buruzko ekainaren 25eko 18/1998 Legeak toxikomania gaixotasuntzat jotzen du; gainera, horren gaineko laguntza-tratamendua Administrazioaren zeregina dela ezartzen du, hain zuzen, bai sare publikoan bai ekimen pribatuetan dauden baliabideak koordinatuz drogazaleari gainerako biztanleei eskaintzen zaien arreta berbera, osasun eta gizarte alorrekoa alegia, bermatzeko.

Halaber, Legearen 30.2 artikuluan jasotzen denez, Administrazio Publikoak dirulaguntzak eman ahal izango ditu, indarreko legeriarekin bat.

Azaldutakoaren ondorioz, hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Helburua

Drogazaleei bideratutako banakako diru-laguntzetarako deia egiten da 2003. urterako, toxikomaniaren alorrean, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko eremu administratiboan jarduera terapeutikoak burutzen dituzten itundu gabeko zentroetan izandako desintoxikazio eta ohitura kentze tratamenduetako gastuak finantzatzeko.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak

Agindu honetan aipatzen diren laguntzetarako, 2003. urtean, laurogeita hemeretzi mila eta berrogeita bost (99.045) euro bideratzen dira, horretarako EHAEko Aurrekontu Orokorretan ezarririko aurrekontu partidaren kargura.

3. artikulua.– Laguntza ukatzeko irizpide orokorrak

1.– Eskabidea egin aurretik terapia-elkarte batean sartu izanak eskabidea ezestea ekarriko du.

2.– Dirulaguntzaren onuraduna ezingo da egon sartuta izaera bereko dirulaguntzen edo laguntzen esparruan hasitako inolako itzultze edo zigortze prozeduratan.

3.– Toxikomaniaren alorrean jarduera terapeutikoak burutzen dituzten itundu gabeko zentroetan izandako desintoxikazio/ohitura kentze tratamenduak osagarriak izango dira Osakidetzaren beraren baliabideekiko edota Osasun Sailak ituntzen dituen baliabideekiko.

4. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa eta berau ordaintzeko era

1.– Erabakitzen den dirulaguntzaren zenbatekoak baremo bakarra izango du, alegia: tratamendu-hilabete bakoitzeko bostehun eta berrogeita bat (541) euro, eta gehienez bederatzi hilabeteko iraupena izango du.

2.– Toxikomania jasaten duten pertsonei emandako laguntzen diru-zenbatekoak hauen ordezkotza duten senitartekoei edo tutoretzaz arduratzen direnei emango zaie.

3.– Dirulaguntzaren zertarakoa bermatzeko beste biderik ez badago, eta betiere Agindu honetan aurreikusten den Batzordeak egoki baderitzo, dirulaguntzaren zenbatekoa terapia-elkarteari berari ordainduko zaio artez, gaixoa bertan dagoen bitartean.

4.– Agindu honetan aurreikusten diren diru kopuruak 2003rako, horretarako beren-beregi Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan ezarritako partidatik etorriko dira, eta aurrekontu horietan mugatutakoari egokitu beharko zaizkio. Beraz, laguntzotarako jarritako zenbatekoa agortzen denean, ez da laguntzarik ematerik izango eta une horretatik aurrera xedapen honen indarra eten egingo da. Gorabehera hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

5. artikulua.– Laguntzaren luzamendua

Agindu honetako 10.1 artikuluan aipatzen den Batzordeak ahalmena izango du, soilik aparteko kasuetan eta toxikomania jasaten duen gaixoaren gainbehera larria aztertu ondoren, Agindu honetan ezarritako epeak alde batera utzita, beste dirulaguntza bat bideratzeko.

6. artikulua.– Laguntzaren bateraezintasuna

Dirulaguntza hauek jasotzen dituztenek ezingo dute Administrazio Publikotik helburu berbereko beste inolako laguntzarik jaso.

7. artikulua.– Terapia-elkarte hartzaileen baldintzak

1.– Diruz lagundutako gaixoak hartzen dituzten terapia-elkarteek ezinbestez bete beharko dute Osasun sailburuaren 1988ko martxoaren 30eko eta 1992ko azaroaren 9ko Aginduetan xedatutakoa, hau da, drogazaleen sorosketarako zentroak irekitzeko eta jardunean jartzeko administrazio eta osasun arloko baimenari eta horretarako eskatutako betebeharrei buruzkoa.

2.– Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dauden terapia-elkarteek, tokian toki, zeinek bere lurraldean zentroei buruz indarrean dauden baimenak eta araudiak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute.

3.– Toxikomaniak sendatzeko zentroek, beren autonomia erkidegoan irekitzeko eta jarduteko administrazio eta osasun arloko baimenik ez badute, egiaztatu beharko dute, Osasun Saileko Osasun Publikorako Zuzendaritzak emandako txosten arrazoituaren bidez, terapia-laguntzarako egitura aski baten jabe direla.

8. artikulua.– Eskaria eta aurkeztu beharreko agiriak

1.– Agindu honetako I. eranskinean agertzen den inprimakia beteaz egingo da eskabidea; inprimaki hori barik, ezaugarri berberak dituen beste bat ere bete ahal izango da.

2.– Tratamenduaren finantzazioa diruz laguntzeko eskabidearekin batera, zeinetan gaixoak bere borondatez terapia-programa betetzeko hitza emango baitu, honako agiriak aurkeztu beharko dira:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko tokian tokiko udalaren agiria, gaixoak bertan gutxienez bi urte, eskabidea egiten den datan, bizitzen daramala egiaztatzen duena.

b) Osakidetza/Servicio Vasco de Salud-eko mediku espezialistak egindako txosten medikoa, honako puntuak jasoko dituena:

– Gaixoaren aurrekariak, bilakaera klinikoa, egoera organikoa eta aurretik jaso dituen tratamenduak.

– Gaixoa itundu gabeko terapia-elkarte edo zentro batean desintoxikatzeko eta ohitura kentzeko programan sartzeko eskabidea zergatik egiten den.

– Proposatzen den terapia-elkartea.

c) Osakidetza/Servicio Vasco de Salud-eko gizarte-laguntzaile batek egindako gizarte–txostena.

d) Eskabidea egiten duenaren eta, 4 artikuluaren arabera, diruz lagunduko den pertsonaren NANen fotokopiak.

e) Familiaren diru sarrerak egiaztatzen dituen agiria (azken ekitaldiko errenta-aitorpenaren fotokopia, edo edozein erakundek egindako agiria, non familiaren urteko diru sarrerak adierazten diren).

f) Xede horretarako beste dirulaguntzarik jasotzen ez duela adierazten duen zinpeko aitorpena.

g) "Datu-alta/hirugarrena" izeneko agiria, laguntza-jasotzailearen banku-datuak jasoko dituena, zeina Agindu honetako II. eranskineko inprimaki normalizatuan ageri baita.

Agiri horietaz gainera, eskatzaileak egoki deritzen agiri osagarriak ere aurkeztu ahalko ditu.

9. artikulua.– Eskabidea aurkezteko epea eta lekua

Eskabideak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Osasun Publikorako zuzendariari zuzendu beharko zaizkio, eta aurkeztu, Osasun Sailaren bulegoetan aurkeztu ahal izango dira (Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), hilabetero, lehenengo egunetik hamabosgarren egunera bitartean.

Horretaz gainera, eskabideak aurkeztu ahal izango dira, baita ere, Herri-Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako prozeduretako edozeinen bidez.

10. artikulua.– Ebazpena

1.– Osasun Sailaren Osasun Publikorako zuzendariaren banan-banako ebazpenez emango dira dirulaguntzak, Osasun sailburuordeak berariaz izendatutako batzorde baten proposamena jaso ondoren. Batzorde horretako kideak honakoak izango dira: Osasun Sailaren Osasun Publikorako Zuzendariordetzako ordezkari bat, Laguntza Psikiatrikoko eta Osasun Mentaleko arduraduna eta Osasun Mentaleko teknikari bat, azken biak Osakidetza/ Servicio Vasco de Salud-ekoak.

2.– Agindu honetako dirulaguntzak jasotzeko eskabideak bi hilabeteko epe barruan ebatziko dira. Epe hori pasatutakoan ez bada ebazpen adierazirik eman, hortik segituko da eskabidea gaitzetsi egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako; dena den, Administrazioa ez da ebazpen adierazia emateko obligaziotik salbuetsiko.

3.– Dirulaguntzak jasotzeko eskabideak eman edo ukatu, Osasun Sailaren Osasun Publikorako zuzendariaren ebazpen horren aurka errekurtso arrunta aurkeztu ahalko zaio Osasun sailburuordeari, hilabeteko epean jakinarazten denetik, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera.

11. artikulua.– Esleipen irizpideak

Laguntzak ematerakoan, Batzordea irizpide orokor hauetan oinarrituko da:

a) Laguntza eskatzen duen pertsonaren drogamenpekotasunaren eta egoera organikoaren bilakaera.

b) Familia eta gizarte giroa; batez ere, familiako erantzukizunak edo aparteko zailtasunak dituzten emakumeen kasuan.

c) Familiaren errenta maila.

d) Drogamenpekotasuna, terapien bitartez, bertako zein itundutako baliabideekin tratatzeko ezintasuna.

e) Desintoxikatzeko antzeko programetan egon izana.

f) Proposatu den terapia-elkartearen laguntza eta teknika aldeko bermea.

12. artikulua.– Laguntza eman zaion pertsonaren betebeharrak

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek nolanahi ere ondoren adierazten direnak bete beharko dituzte:

a) Esleitutako dirulaguntza onartu beharko dute. Hori dela-eta, dirulaguntza esleitu egin zaiola jakinarazten dion adierazpena jaso eta hamabost eguneko epearen barruan, dirulaguntzaren onuradunek berariaz eta idatziz uko egiten ez badiote, dirulaguntza onartu egin dutela ulertuko da.

b) Dirulaguntza jasotzeko adierazi den helbururako eta ez beste ezertarako erabili beharko du.

c) Deialdi honen bidez emandako dirulaguntzen arta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren eginkizuna denez, jasotako dirulaguntzei buruz beraiek eskatutako argibide guztiak eman beharko zaizkie. Erakunde horiek ezin izango dute inola ere eskuratu pertsona onuradunaren espediente medikoa.

13. artikulua.– Ordaintzeko era

Dirulaguntza honela ordainduko da:

a) Lehenengo hilekoa, laguntza ematearekin batera.

b) Gainerako hilekoak, gehienez bederatzi guztira, igarotako hilabete bakoitzaren hogeita hamarrean; betiere, gaixoa terapia-elkartean egon dela egiaztatzen duen agiria, 4.1 artikuluan aipatzen den batzordeak edota terapia-elkarteko arduradunak egina, jaso ondoren.

c) Baldin eta laguntzaren titularrak tratamenduko hilabete oso bat betetzen ez badu —aldaketak direla, utzi duelako edo bestelako arrazoiengatik— ordainduko den kopurua 18 euro izango da egonaldiko egun bakoitzeko; horretarako, batzordearen edota terapia-elkarteko arduradunaren ziurtagiria beharko da. Horren ondorioz, hitzartutako dirulaguntza baliogabetu egingo da.

14. artikulua.– Ez betetzeak

1.– Aurreko artikuluko b) puntuan aipatzen den egiaztagiria, laguntzaren esleipenaren jakinarazpen datatik kontatzen hasita bi hilabetetan segidan bidali ezean, ulertuko da toxikomania jasaten duen pertsonak utzi egin duela terapia-elkartea eta, beraz, hitzartutako dirulaguntza baliogabetu egingo da.

2.– Tratamendua bertan behera uzteak edota adierazi zaion egunean zentroan ez egoteak, laguntza baliogabetzea ez ezik, aurrerantzean horrelako beste laguntzarik eskuratu ezina ere ekarriko du, gutxienez urtebetean zehar zentroa uzten denetik edota ebazpenaren egunetik, hala badagokio.

3.– Onuradunak, eman zaion dirua laguntzaren helburuaz beste ezertarako erabiltzen badu, itzuli behar izango ditu eskuratu duen kopurua eta legezko interesak, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan agindutakoaren arabera. Diru horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ekonomi eta Ogasun Sailaren 1985eko azaroaren 12ko Aginduaren ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2003. urteko aurrekontu orokorretan kreditu egoki eta nahikoa egotea edo ez egotearen menpe geratuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Prozedurari buruz agindu honetan jaso ez diren kasuetan azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa aplikatuko da.

Bigarrena.– Osasun Sailaren Osasun Publikorako zuzendariari ahalmena ematen zaio agindu hau garatu eta betetzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2002ko abenduaren 23a.

Osasun Sailburua

GABRIEL M.ª INCLÁN IRIBAR

I. ERANSKINA
ITUNDU GABEKO TERAPIA-ELKARTEETAN DROGAMENPEKOTASUNAK SENDATZEKO TRATAMENDUETARAKO DIRULAGUNTZA JASOTZEKO ESKABIDEA

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA / ANEXO II
BANKUAREN DATUAK / DATOS BANCARIOS
DATUEN ALTA / ALTA DE DATOS
HIRUGARREN INTERESATUA /

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala