Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

249. zk., 2002ko abenduaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
7437

AGINDUA, 2002ko abenduaren 30ekoa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, Birgaitze Integratuko Eremuetan edo Bizitegi Eremu Narriatuetan ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko eman beharreko diru-laguntzak arautzen dituena.

Urtarrilaren 23ko 1/2002 Legearen bidez, Birgaitze Integratuko Eremuetarako eta Eremu Narriatuetarako azterlanak, planak eta proiektuak lantzeko eta ondare urbanizatua leheneratzeko obrak egiteko asmoz, Udalei diru-laguntzak ematera zuzendutako kontu-saila onartu zen. Bide hori egokientzat hartu da ondare urbanizatua eta eraikia eta, bereziki, etxebizitzak birgaitzeari dagokionez Eusko Jaurlaritzak abenduaren 26ko 308/2000 Dekretuan ezarritako helburuak betetzeko, ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko jardun babestuei buruzkoan alegia (edo horren ordez ematen den araudi baliokidea).

Horren indarrez, Jaurlaritzaren Legeari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluak esleitzen dizkidan eskumenen arabera,

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoko ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko eman beharreko diru-laguntzak arautzea da. Ondoren finkatzen diren jardunak garatzean datza:

1.– Ondoko dokumentuok idaztea:

a) Hirigune historikoak:

1.– Hirigune historikoak birgaitzeko Gizarte eta Hirigintza Azterlanak eta/edo Birgaitze Plan Bereziak, baita 1/200 edo 1/500 eskalako altxatze topografikoak ere.

2.– Urbanizazio-elementuak eta, hala badagokio, hiri-altzariak zaindu, zaharberritu, berriztatu edo zabaltzeko beharrezko obra-proiektuak, baldin eta Birgaitze Plan Berezien zehaztapenetan halakotzat hartzen badira eta horien kostua urbanizazio-betebehar gisa eremuaren jabeei esleitzen ez bazaie.

3.– Batez ere, Birgaitze Integratuko Eremuetako eraikuntzak edo urbanizazioak eraitsi ondoren egindako urbanizazioen lehen ezarpeneko obra-proiektuak, baldin eta Birgaitze Plan Berezietan halakotzat zehazten badira.

4.– Urbanizazioak osorik edo zati batean eraisteko obra-proiektuak, baldin eta ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko jardun babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren I. eranskinean ezarritako helburuak eta baldintzak betetzen badituzte, birgaitzeko esku-hartzeen definizioari dagokionez.

b) Bizitegi Eremu Narriatuak.

1.– Bizitegi Eremu Narriatuei buruzko Gizarte eta Hirigintza Azterlanak, ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko jardun babestuei buruzko 317/2002 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitako dokumentazioarekin batera, eta ondokoak barne direla: eremuaren mugaketa, deskribapen- eta justifikazio-txostena, ekonomia- eta finantza-azterlana eta jardun-programa.

Bizitegi Eremu Narriatuei buruzko gizarte- eta hirigintza-azterlanak jadanik idatzita badaude, ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko jardun babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitako dokumentu osagarriak idazteko diru-laguntza eman ahal izango da.

Birgaitze Integratuko Plan Berezia beharrezkoa denean, Ekonomia eta Finantza Azterlana eta jardun-programarena ez dira aurkeztu beharko.

2.– Birgaitze Integratuko Plan Berezia edota Birgaitzeko edo Berritzeko Programa Estrategikoak.

Agindu honen ondorioetarako, hasiera emandako esparruak edota 317/2002 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarria aplikatu denekoak birgaitu edo berritzeko helburuak lortzeko ekin beharreko barruko eta kanpoko jardunei buruzko proposamenak biltzen dituen dokumentua da Birgaitzeko edo Berritzeko Programa Estrategikoa.

3.– 1/200 edo 1/500 eskalako altxatze topografikoak.

4.– Urbanizazio-elementuak eta, hala badagokio, hiri-altzariak zaindu, zaharberritu, berriztatu edo zabaltzeko beharrezko obra-proiektuak, baldin eta Birgaitze Plan Berezien edota Birgaitzeko edo Berritzeko Programa Estrategikoen zehaztapenetan halakotzat hartzen badira eta horien kostua urbanizazio-betebehar gisa eremuaren jabeei esleitzen ez bazaie.

5.– Batez ere, Birgaitze Integratuko Eremuetako eraikuntzak edo urbanizazioak eraitsi ondoren egindako urbanizazioen lehen ezarpeneko obra-proiektuak, baldin eta Birgaitze Plan Berezietan edota Birgaitzeko edo Berritzeko Programa Estrategikoetan halakotzat zehazten badira.

6.– Urbanizazioak osorik edo zati batean eraisteko obra-proiektuak, baldin eta ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko jardun babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren I. eranskinean ezarritako helburuak eta baldintzak betetzen badituzte, birgaitzeko esku-hartzeen definizioari dagokionez.

2.– Ondoko obrak burutzea:

1.– Artikulu honen 1. idatz-zatian adierazitako obra-proiektuei dagozkien urbanizazio-elementuak eta, hala badagokio, hiri-altzariak urbanizatu eta/edo eraitsi, zaindu, zaharberritu, berriztatu edo zabaltzeko obrak.

2.– Eskatzailearen jabetzakoak diren, Birgaitze Integratuko Eremuetan edo Bizitegi Eremu Narriatuetan kokatutako berezitasun arkitektonikoko eraikuntzen gaineko esku-hartzeak.

Eraikin horien erabilera nagusia ez da etxebizitza izan behar.

3.– Eskatzailearen jabetzakoak diren, Birgaitze Integratuko Eremuetan edo Bizitegi Eremu Narriatuetan kokatutako lehen mailako ekipamendu komunitariora zuzendutako eraikuntzen gaineko esku-hartzeak.

Lehen mailako ekipamendu komunitariotzat, irakaskuntza, kultura, jolas, elkarte, asistentzia, ikuskizun, osasun, merkataritza, erlijio, kirol eta administrazioko ezarpenak eta antzeko xedea duten bestelakoak ulertzen dira, indarrean dagoen hirigintza-dokumentuak hala sailkatzen baditu.

Ondoko eraikuntzako esku-hartzeek jaso ahal izango dute diru-laguntza:

a) Egitura eta eraikuntza egokitzeko beharrezkoak.

Egiturari eta eraikuntzari dagokienez egokituta egoteko eraikuntza batek bete beharreko baldintza orokorrak eta egoera hori lortzera bideratutako obra-motak ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko jardun babestuei buruzko 317/2002 Dekretuaren III. eranskinean daude jasota.

b) Eraikuntzarekin batera eraikuntza-unitate bat osatzen duten eraiki gabeko lurren urbanizazioa eta akabera egokitzea.

Hirigintza-egokitzapena lortzeko beharrezko obrak ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko jardun babestuei buruzko 317/2002 Dekretuaren II. eranskinean daude jasota.

2. artikulua.– Jardunen denbora-esparrua.

1.– Diru-laguntza jaso dezaketen aurreko artikuluan adierazitako jardunak jarraian adierazitako epeetan hasi eta gauzatu beharko dira:

a) Dokumentu eta altxatze topografikoak egitekoak: deialdia argitaratu ondoren hasi behar dira eta diru-laguntza eman izana jakinarazi ondorengo zortzi hilabeteen barruan gauzatu.

b) Obrak burutzekoak: deialdia egiten den ekitaldian hasi behar dira eta diru-laguntza eman izana jakinarazi ondorengo hogeita lau hilabeteen barruan gauzatu.

2.– Amaitzeko adierazitako epeari dagokionez, justifikatutako arrazoiak daudenean, mugaeguna baino lehen onuradunak eskaria idatziz egin ondoren, Etxebizitza sailburuordeak aipatutako epea luzatu ahal izango du, horretarako emandako ebazpenaren bidez.

3.– Onuradunak, eskarian, diruz lagundutako jarduna burutzeko beharrezko epea adierazi beharko du.

4.– Deialdi berean, ezin izango da bestelako diru-laguntzarik jaso proiektuak idazteko eta horietan jasotako obrak egiteko.

3. artikulua.– Deialdiak.

1.– Agindu honetan araututako laguntzen deialdia urtean behin egingo da Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren aginduaren bidez. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

2.– Deialdi horretan kreditu erabilgarrien zuzkidura, eskaerak aurkezteko epea eta lekua eta inbertsioak gauzatzeko epea adieraziko dira.

3.– Aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren barruan eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ezin izango du gainditu dagokion esleipena edo hau eguneratzearen ondoriozkoa, indarrean dagoen legeria aplikagarriari jarraiki aurrekontu-aldaketak onartzen direnean. Hortaz, ez da laguntza berririk emango zenbateko hori agortu ondoren. Kreditua agortu izana Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren agindu bidez.

4.– Hala ere, araudi honetan bildutako arautzeari jarraiki baiezkoa jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten eta baliabide ekonomikorik ez izateagatik soilik ezesten diren diru-laguntza lortzeko eskaerak hurrengo ekitaldian ebatzi ahal izango dira, betiere eskatzaileak Lurralde Ordezkaritzara idazki bat bidaltzen badu eta bertan eskaera baldintza berberetan mantentzeko asmoa adierazten badu.

4. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak, deitutako modalitate bakoitzean, lehiaketaren prozeduraren bidez ebatziko dira. Hala, modalitate bakoitzean aurkeztutako eskaerak alderatu ondoren emango dira, horien artean lehentasun bat ezartzeko asmoz, 8. artikuluan finkatutako esleipen-irizpideak kontuan izanda. Aurreko artikuluan hurrenez hurren jasotako aurrekontu-kreditua agortu arte balorazio handiena lortzen duten eskaerei besterik ez zaizkie esleituko diru-laguntzak.

2.– Aurreko artikuluan adierazitako hurrenkerari jarraituz ebazten hasiko dira deialdiaren laguntzak. Lehen modalitatean aurkeztutako eskaerak ebatzi ondoren, modalitate horri esleitutako zuzkiduran soberakinen bat geratuko balitz, soberakin hori, besterik gabe, bigarrenari esleitutako zuzkidurari gaineratuko zaio.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Laguntzak Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko udalek eskatu ahal izango dituzte, Agindu honetan ezarritako baldintzen, eskakizunen eta prozeduraren arabera, ondoko helburu hauetarako:

a) Hirigune historikoak, hau da, hirigintza-intereseko multzo hiritarrak edo landatarrak osatzeagatik eta/edo bertako ondare urbanizatu eta eraikiaren narriadura-egoeragatik, Birgaitze Integratuko Eremu deklara daitezkeen —dokumentuen kasuan— edo deklaratu diren —obren kasuan— udal-mugapeko eremuak, 317/2002 Dekretuaren 6. artikuluaren arabera.

b) Arkitektura edo hirigintzaren ikuspegitik ezaugarri nabariak ez izan arren, bertako ondare urbanizatuaren eta eraikiaren narriadura-egoera dela-eta, Birgaitze Integratuko Eremu deklara daitezkeen —dokumentuen kasuan— edo deklaratu diren —obren kasuan— bizitegi-multzo hiritarrak, 317/2002 Dekretuaren 6. artikuluaren arabera.

2.– Birgaitzeko Hirigintza Sozietateek ere eskatu ahal izango dituzte laguntzak, dagokion udal interesdunak baimena emanez gero.

3.– Diru-laguntzak onuradunei eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiak eta horren organismo autonomoek emandako mota bereko diru-laguntzen esparruan hasita, oraindik bideratzen ari den edozein itzulketa- edo zigor-prozedurak amaituta egon behar du.

6. artikulua.– Eskaerak aurkeztea: epea, lekua eta bete beharreko dokumentazioa.

1.– Aurreko artikuluan aipatutako erakundeen izenean adierazitako laguntzak eskatzeko, udaletako alkateek edo Birgaitzeko Hirigintza Sozietateetako buruek, laguntzen deialdia egiten duen agindua indarrean jartzen denetik hasi eta hiru hilabeteko epean, Lurzoru eta Hirigintza Zuzendaritzari ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko diote:

a) Eskaera formalizatu izanaren idatzia, nahitaezko udal-baimenarekin batera (Birgaitzeko Hirigintza Sozietateen kasuan), eta eraikinaren jabetza-titulua erantsita eraikitzeko esku-hartzeetan.

b) Esparruaren mugaketa-planoa, eskala adierazita.

c) Hala badagokio, xede berarekin beste erakunde batzuek emandako edo haiei eskatutako diru-laguntzen kopuruak jasoko dituen ziurtagiria, zenbatekoa adierazita.

d) Agindu honen 8. artikuluan adierazitako egoerak justifikatzeko beharrezko dokumentuak.

e) Diru-laguntza eskatzen deneko jardunaren kostuaren gutxi gorabeherako kostuari dagokion aurrekontu xehatua eta finantzaketa-plana.

f) Obren burutzapena finantzatzeko eskaeren kasuan, dagokion burutzapen-proiektua erantsiko da.

2.– Eskaerak Lurzoru eta Hirigintza Zuzendaritzari zuzenduko zaizkio. Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Erregistro Orokorrean aurkeztu edota Herri Administrazioen Araubideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein eratan igorri ahal izango dira.

3.– Lurzoru eta Hirigintza Zuzendaritzak aurkeztutako eskaeran akatsen bat, zehaztugabetasunen bat edo erantsi beharreko dokumentu bat falta dela antzematen badu, eskatzaileari horren berri eman eta 10 eguneko epea emango dio dagokion akatsa zuzendu edo beharrezko dokumentuak aurkezteko, bestela eskaerari uko egin izan balio bezala hartuko dela adierazita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 42. artikuluan aurreikusitako baldintzetan eman beharko den ebazpenaren ondoren.

7. artikulua.– Kudeaketa-organoa eta balorazio-batzordea.

1.– Lurzoru eta Hirigintza Zuzendaritzari dagokio Agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.

2.– Agindu honen 8. artikuluan ezarritako irizpideei jarraituz, aurkeztutako eskaerak ebaluatu eta baloratzeko, Lurzoru eta Hirigintza zuzendariak eta haren Zuzendaritzari atxikitako bi funtzionariok osatuko duten balorazio-batzordea eratuko da.

3.– Aipatutako batzordearen buru Lurzoru eta Hirigintza zuzendaria izango da eta funtzionarioetako batek idazkari gisa jardungo du.

4.– Erabakitzeko prozesuan zehar, batzordeak, beharrezkotzat jotzen badu, bere eginkizuna betetzeko egoki iruditzen zaizkion argibideak eskatu ahal izango dizkie interesdunei.

5.– Zuzendariaren jardunaren arabera, batzordeak prozedura erabakitzen duen organoari ebazpen-proposamena aurkeztuko dio. Ebazpen horrek modalitate bakoitzari dagozkion onuradunen zerrenda jasoko du, diru-laguntzaren xede diren jardunak eta horren zenbatekoak, eta onartu behar ez diren eskaerak eta onartu ezaren arrazoiak adierazita.

8. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak.

Diru-laguntzak erabakitzeko proposamena lantzeko asmoz, balorazio-batzordeak ondoko irizpideak hartuko ditu, dagokien haztapena kontuan izanda:

1.– Dokumentu eta altxatze topografikoak egiteko diru-laguntzak emateko:

a) Hirigunearen interes historikoa, ezaugarriak eta narriadura-maila edo proposatutako eremuaren narriadura-maila (0 eta 50 puntu artean baloratuko da).

b) Hirigunearen edo eremuaren garrantzia eta arazoak, multzoaren azterketa edo tratamendua beharrezkoa denean (0 eta 30 puntu artean baloratuko da).

c) Birgaitze Integratuko Eremutzat har daitekeen multzoaren Gizarte eta Hirigintza Azterlana idazteko diru-laguntza jaso izana (0 eta 10 puntu artean baloratuko da).

d) Birgaitze Integratuko Eremuaren gainean, ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko arazoekiko udal-interesaren adierazgarri diren azterlanak, planak eta proiektuak egin izana (0 eta 10 puntu artean baloratuko da).

2.– Agindu honen 1.2. artikuluan adierazitako obrak egiteko diru-laguntzetarako:

a) Birgaitze Integratuko Eremuetan edo Bizitegi Eremu Narriatuetan barne hartutako berezitasun arkitektonikoko eraikinen eta/edo lehen mailako ekipamendu komunitariora zuzendutako eraikuntzen gaineko esku-hartzeei dagokienez.

– Interes arkitektonikoagatik edo zaintzeko interesagatik, eraikina gizarte- eta kultur ekipamenduko erabilerarako hirigintza-araudian eraikina katalogatuta edo inbentarioan barne hartuta egotea: 20 puntu.

– Aurreikusitako erabilera-programa eta horren interes-maila: 20 puntura arte.

– Jarduna barne hartzen duen multzoan ekipamendurik ez izatea edo daudenak urriak izatea: 20 puntura arte.

– Egin beharreko inbertsioei buruzko azterlanaren eta plangintzaren zorroztasuna: 20 puntura arte.

– Obrak esleitzeko epeen egutegia: 20 puntura arte.

b) Gainerako obrei dagokienez:

– Urbanizazio-jardunaren ondorioz zuzenean edo zeharka onuradun diren biztanleen kopurua: 20 puntura arte.

– Urbanizazioaren jasangarritasunari buruzko irizpideak eta/edo elementuak barne hartzea: 20 puntura arte.

– Jarduna barne hartzen duen multzoaren urbanizazioaren narriadura-maila: 20 puntura arte.

– Egin beharreko inbertsioei buruzko azterlanaren eta plangintzaren zorroztasuna: 20 puntura arte.

– Obrak esleitzeko epeen egutegia: 20 puntura arte.

9. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Dokumentu eta altxatze topografikoak egiteko diru-laguntzetarako:

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak Agindu honen 1. artikuluan aipatutako dokumentuak idazteko ordainsariaren kostu garbiaren gehienez %90 (zergak kanpo) eman ahal izango du. Altxatze topografikoak egiteko, portzentaje hori kostu garbiaren %100ekoa (zergak kanpo) izan daiteke.

a) Hirigune historikoei dagokienez:

1.– Birgaitze Plan Bereziei dagozkien lanak idazteko, ordainsariaren gehienezko zenbatekoa ondoko taula hau aplikatuz lortutakoa izango da, eta zenbateko horren gainean kalkulatuko da Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eman beharreko portzentajea:

Jardunaren azalera Ordainsariak

(hektareak) (euro/hektarea)

5 edo gutxiago 7.000

5 - 25 5.000

25 baino gehiago 4.000

2.– Gizarte eta Hirigintza Azterlana idazteko ordainsarien kostuaren gehienezko zenbatekoa Birgaitze Plan Bereziari gehienez dagokionaren %30ekoa izango da.

3.– Obra-proiektuak idazteko ordainsarien kostuaren gehienezko zenbatekoa ondoko formula hau aplikatuz lortutakoa izango da, eta zenbateko horren gainean kalkulatuko da Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eman beharreko portzentajea:

H = 0,75 x B.A. x K

Burutzapen-aurrekontua K koefizientea

(mila eurotan)

30 edo gutxiago %8,00

30 - 60 %7,50

60 - 120 %7,00

120 - 300 %6,50

300 - 600 %6,00

600 - 1.500 %5,50

1.500 baino gehiago %5,00

b) Bizitegi-eremu narriatuak:

1.– Gizarte eta Hirigintza Azterlanak idazteko ordainsarien kostuaren gehienezko zenbatekoa, BEZ barne hartu gabe, artikulu honen 1.a)1 idatz-zatian jasotako ordainsaria 0,30ekin biderkatzearen emaitzazkoa izango da, eta horren gainean kalkulatuko da Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eman beharreko portzentajea.

2.– Birgaitze Plan Berezia edo Birgaitzeko edo Berritzeko Programa Estrategikoa idazteko ordainsarien kostuaren gehienezko zenbatekoa artikulu honen 1.a)1 idatz-zatian jasotakoa izango da.

3.– Gizarte eta Hirigintza Azterlanaren dokumentu osagarriak, 317/2002 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoak, idazteko ordainsarien kostuaren gehienezko zenbatekoa, artikulu honen 1.b)1 idatz-zatian jasotako formulari 0,25 aplikatzearen emaitzazkoa izango da.

4.– Obra-proiektuak idazteko ordainsarien kostuaren gehienezko zenbatekoa artikulu honen 1.a)3 idatz-zatian erabilitako formula aplikatzearen emaitzazkoa izango da, eta horren gainean kalkulatuko da Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eman beharreko portzentajea.

2.– Obrak burutzeari dagokionez, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak lehen adierazitako dokumentuetan jasotako urbanizazio-obrak eta, halaber, Birgaitze Integratuko Eremuetan edo Bizitegi Eremu Narriatuetan barne hartutako berezitasun arkitektonikoko eraikinak eta/edo lehen mailako ekipamendu komunitariora zuzendutako eraikuntzak kontrata bidez burutzeko aurrekontuaren %75erainoko laguntza eman ahal izango du.

10. artikulua.– Bateragarritasuna bestelako diru-laguntzekin.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak izango dira xede berarekin eman daitezkeen bestelako laguntzekin.

2.– Bestelako diru-laguntzarik jasoz gero, diru-laguntza guztien zenbateko osoak ezin izango du diruz lagundutako jardunen kostua gainditu. Bestela, bidezko izapideak egin ondoren, emandako diru-laguntza dagokion kopuruan gutxituko litzateke.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Etxebizitza sailburuordeak, balorazio-batzordeak egindako proposamena kontuan izanda, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita gehienez hiru hilabeteko epean, ebazpena emango du eta interesdunei jakinaraziko die. Ebazpen horretan laguntzak emango diren ala ez finkatuko da eta, emanez gero, horien zenbatekoa ezarriko da.

2.– Jendaurrean ezagutzera emateko asmoz, laguntzak esleitzeko ebazpena eta, hala badagokio, horietan aldaketak egitekoa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

3.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuari, berori jakinarazten denetik hilabeteko epean.

4.– Ebazpena emateko aurreikusitako epea amaitu ondoren hura jakinarazten ez bada, egindako eskaera onartu ez dela ulertu ahal izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako, eta Lege horrek Administrazioari ebazpena espresuki emateko ezartzen dion betebeharraren kaltetan izan gabe.

5.– Diruz lagundu beharreko jardunaren konplexutasun bereziagatik komenigarria denean, administrazio bakoitzaren ekarpenak eta erantzukizunak zehaztuko dituen bidezko lankidetza-hitzarmen arautzailea finkatu ahal izango da.

12. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunek, betiere, ondoko betebeharrak bete beharko dituzte:

a) Emandako laguntza onartzea. Diru-laguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen denetik hamabost eguneko epean erakunde onuradunek espresuki eta idatziz berari uko egiten ez badiote, diru-laguntza onartu dela ulertuko da.

b) Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea.

c) Euren funtzioen jardunean Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen duten informazioa ematea, deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzen inguruan.

2.– Diruz lagundutako lanak idazten amaitu ondoren, dagozkion izapideez aparte, udalak edo Birgaitzeko Hirigintza Sozietateak lan horien 2 ale igorriko dizkio Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailari, amaitzen direnetik gehienez hilabeteko epean.

13. artikulua.– Ordainketa.

Diru-laguntzaren ordainketa Lurzoru eta Hirigintza zuzendariaren ebazpenen bidez izango da eraginkorra eta zatika egingo da, honela hain zuzen:

a) Dokumentu eta altxatze topografikoak egiteko emandako diru-laguntzak: emandako kopuruaren %20ko lehen ordainketa-aginduaren bidez, 12.a) artikuluan ezarritako epea amaitu ondoren (ukorik izan ez bada), eta gainerakoa udalak edo Birgaitzeko Hirigintza Sozietateak Etxebizitza, aldez aurretik, Gizarte Gaietako Sailari idatzitako dokumentuen bi ale eta sortutako gastuaren ziurtagiriak aurkeztu eta gero, amaitzen direnetik hilabeteko epean gehienez.

b) Urbanizazio-obrak eta eraikitzeko esku-hartzeak garatzeko emandako diru-laguntzak: zatikako ordainketa-aginduen bidez, ukorik medio ez dela 12.a) artikuluan ezarritako epea amaitu ondoren eta onuradunak, aldez aurretik, dagozkion obra-ziurtagiriak aurkeztu eta gero. Ordainketa-agindu horien zenbatekoa, aurkeztutako ziurtagiriaren bidez egiaztatutako gastuarekiko, emandako diru-laguntzari dagokion portzentaje bera, hura emateko kontuan hartutako kontrata bidezko burutzapen-aurrekontuari dagokionez.

Onuradunaren eskariz, emandako kopuruaren %20ri dagokion ordainketa-agindu aurreratua egin ahal izango da. Halakoetan, ondorengo ordainketa-aginduak egin ahal izateko, aldez aurretik aurrerakin hori justifikatu behar izango da bidezko obra-ziurtagirien bitartez, aurreko idatz-zatian adierazitako proportzioan.

Nolanahi ere, obra-ziurtagiriak aurkezteko gehienezko epea lau hilabetekoa izango da, egiten diren egunetik hasita.

14. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein baldintza aldatzeak eta, hala badagokio, xede bererako emandako bestelako laguntzak aldi berean jasotzeak laguntza emateko ebazpena ere aldatzea ekar dezake berekin, baldin eta haren xedea betetzat hartzen bada. Horretarako, Lurzoru eta Hirigintza Zuzendaritzak aldaketa egiteko bidezko ebazpena emango du eta bertan, hala badagokio, emandako diru-laguntzen zenbatekoak doitu egingo dira.

15. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.

Diru-laguntza emateko edozein baldintza betetzen ez dela egiaztatuz gero, bidezko izapideak egin ondoren, diru-laguntza galduko litzateke eta Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako kopuruak gehi dagozkion legezko interesak itzultzeko betebeharra sortuko litzateke, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako baldintzen arabera.

16. artikulua.– Errekurtsoak.

Administrazio-bidea agortzen duen agindu honen aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete,Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita bi hilabeteko epean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Agindu hau indarrean sartzen denean, indarrik gabe geratuko dira Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2002ko ekainaren 19ko Agindua, Birgaitze Integratuko Eremuetan edo Bizitegi Eremu Narriatuetan ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko eman beharreko diru-laguntzak arautzen dituena, eta agindu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten xedapen guztiak, horien babespean sortutako egoerei aplikatzen jarraitu ahal izatearen kaltetan izan gabe.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean izango da eraginkorra.

Vitoria-Gasteizen, 2002ko abenduaren 30ean.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVIN.


Azterketa dokumentala