Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

233. zk., 2002ko abenduaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
6974

1/2002 INSTRUKZIOA, azaroaren 25ekoa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailarena, enpresetako pentsio-konpromisoak Borondatezko Aurreikuspen Sozialeko Erakundeen (BASE) irudiaren bitartez azaleratzeari buruzkoa.

Enpresek beren langileekin hartutako pentsio-konpromisoak bideratzeari buruzko Erregelamendua onartzen duen urriaren 15eko 1588/1999 Errege Dekretuak (Aseguru Pribatuak Antolatu eta Ikuskatzen dituen azaroaren 8ko 30/1995 Legean jasota dagoen azaleratzeari buruzko oinarrizko arautzearen garapena), konpromiso horiek estaltzeko era, horien balorazio-irizpideak eta araudi hau indarrean sartzen denean egon daitezkeen estaldura-defizitei aplikatu beharreko erregimena arautu ditu. Azaleratzeko proiektuak bideratzen dituzten Borondatezko Aurreikuspen Sozialeko Erakundeek gai horri buruz egin beharrekoak argitzeko xedearekin, gai horretan eskumena duten Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzaren nahia da, lehen zati batean, Azaleratze Dekretuaren edukiaren azalpen xume bat ematea, eta bigarrenean, Borondatezko Aurreikuspen Sozialeko Entitateen bidez garatu beharreko jarraibide zehatzak azaltzea.

LEHEN ZATIA

Kontzeptua eta epea.

1.– 1588/1999 Dekretuan eta Aseguru Pribatuak Antolatu eta Ikuskatzen dituen azaroaren 8ko 30/1995 Legean jasota dagoen pentsio-konpromisoaren kontzeptu orokorrak, enpresak bere langileekin dituen lege edo kontratu bidezko betebeharretatik eratortzen diren konpromiso guztiak barne hartzen ditu: hitzarmen kolektiboak edo xedapen baliokideak (enpresaren eta langile guztien edo langile-multzo baten arteko itunak edo zuzenbidean onartuta dauden bestelako akordio edo erabakiak).

2.– Pentsio-konpromisotzat hartuko dira, langilearen edo alarguntza edo zurztasun-prestazioak jasotzeko eskubidea duen onuradunaren erretiroari edo egoera parekagarriari (pentsio osagarriak, erretiro aurreratuak, aurre-erretiroak, erretiroa hartzeagatiko sariak edo haborokinak), baliaezintasunari eta heriotzari loturiko ekarpenak egitea edo prestazioak ematea helburu duten betebehar guztiak.

3.– Eskubideak betebehar jakin batzuk betetzera baldintzatuta dauden kasuetan, baita enpresak eskubide horiek bere kabuz bertan behera uzteko aukera duen kasuetan ere, konpromisoak nahitaez azaleratu beharko dira. Azaleratze-betebeharretik salbuetsita geratuko dira, aurreko puntuan adierazitako egoerei loturik dauden gauzatan ordaintzeko konpromisoak.

4.– Azaleratzea gauzatzen ez den bitartean, hartutako pentsio-konpromisoen eraginkortasunari eutsiko zaio, dagozkion prestazioen kobrantza barne.

5.– Barne-fondoen bitartez edo enpresariari eratu diren baliabideen jabetzari eusteko aukera ematen dioten antzeko tresnen bitartez pentsio-konpromisoak estaltzea debekatuta dago. Debeku honetatik salbuetsita daude kreditu-erakundeak, aseguru-etxeak, balore-sozietateak, balore-agentziak, eta BASE entitateak, horientzat erregimen berezi bat aurreikusita baitago.

6.– Pentsio-konpromisoak dituzten enpresek, 2002ko azaroaren 16a baino lehen azaleratzeari ekin beharko diote, 17. puntuan adierazitako salbuespenarekin.

Nor ukitzen du azaleratze-betebeharrak.

7.– Azaleratze-betebeharrak pertsona fisiko edo juridiko eta ondasun-erkidego guztiak ukitzen ditu, baita nortasun juridikorik ez izan arren beren langileekin pentsio-konpromiso horiek har ditzaketen gainerako erakunde guztiak ere. Autonomia Erkidegoan sukurtsalak, agentziak edo establezimenduak dituzten atzerriko erakundeak ere barne hartuta daude.

8.– Betebehar honek, enpresak jarduneko langileekin, langile erretiratuekin eta horien onuradunekin, eszedentzia edo kontratu-etendura duten langileekin, eta lan-harremana iraungita eduki arren konpromisoren bat duten langileekin hartutako konpromisoak ukitzen ditu. Merkataritza-sozietateen administrazio-organoetako kideekin hartutako konpromisoak azaleratze-betebeharretik salbuetsita daude, enpresarekin merkataritza-harremana baldin badute soilik, ez ordea lan-harremana baldin badute.

Azaleratze-ereduak.

9.– Pentsio-konpromisoak Borondatezko Aurreikuspen Sozialeko Entitateen, Pentsio Planen eta Aseguru Polizen bitartez azaleratu ahal izango dira.

Orekatze-plana.

10.– Finantza-arloek igarotako zerbitzuengatik sortutako gastuak eta erretiratu eta onuradunekiko betebeharrak aipatu beharko dituzte, eta aipatu beharko dituzte, halaber, gizarte- -aurreikuspenari atxikita izan litezkeen ondareak eta eratutako diru-funtsekiko izan litekeen defizita amortizatzeko prozedura. Hori guztia jasota egongo da orekatze-planean.

11.– Orekatze-plana, Borondatezko Aurreikuspen Sozialeko Erakundearen sustatzaileen artean lortzen den akordioa da, enpresa bakoitzarentzat bakarra izango dena, eta bere helburua igarotako zerbitzuengatiko eskubideak eta, hala badagokio, erretiratuen eta pasiboen aurrean dauden betebeharrak Erakundean barne hartzea da.

12.– Orekatze-planak, jadanik eratutako fondoak lekualdatzeko planak eta defizita amortizatzeko planak (hori balego) barne hartuko ditu.

BIGARREN ZATIA

13.– Eusko Jaurlaritzak, ahalik eta malgutasun handiena eta tratu pertsonalizatua emateko irizpideari jarraituz, erraztasunak emango ditu pentsio-konpromisoen finantzazioa enpresa bakoitzarentzat onargarria izan dadin.

14.– Egon daitekeen defizitaren amortizazioaren ondorioetarako, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzak orekatze-planak banan-banan aztertuko ditu, azaleratze-prozesua ahalik eta egokiena izan dadin, eta beti ere zentzuzko malgutasun-irizpideak erabiliz eta talde bakoitzaren berezitasunak kontuan izanik.

15.– Pentsio-konpromisoak dituzten enpresek ez dute nahitaez BASE berri bat eratu behar konpromiso horiek betetzeko, izan ere, lehendik eratutako Erakunde batean sar daitezke lan-modalitateko Aurreikuspen Plan gisa, beti ere erakundeak plan-mota hori barne hartzen badu.

Erretiro-sariak.

16.– Erretiro-sarien eta erretiro aurreratuengatiko kalte-ordainen kasuetan, enpresek ekarritako eta edozein bazkidek erretiratu baino lehen edozein arrazoirengatik hartutako bajaren ondorioz erabili gabe geratzen diren fondoak, Aurreikuspen Sozialeko Plan horretan bertan aurreikuspenerako eskubidea duen taldeko gainerako bazkideen etorkizuneko ekarpenak finantzatzeko erabil daitezke. Era berean, taldea desegiten denean edo konpromisoa amaitzen denean diru-kopururen bat soberan geratzen bada, fondoak ekarri dituen enpresari itzuliko zaio.

17.– Finantza-sistemaren erreforma-neurriei buruzko azaroaren 22ko 44/2002 Legearen hamabosgarren xedapen iragankorraren arabera, eta salbuespen gisa, epea 2004ko abenduaren 31ra arte zabalduko da ondoko baldintza hauek betetzen dituzten pentsio-konpromisoak azaleratzeko:

a) Pentsio-konpromisoak enpresaz gaindiko eremuko Hitzarmen Kolektiboan ezarrita egon behar du, beti ere langileak erretiroa hartu arte enpresan edo sektore horretan lan egiten jarraitzen badu, eta "erretiro-sariak" edo antzeko deitura izanik, erretiroagatik lana uzten den unean behingoan ordainduko den prestazioa izango da.

b) Konpromisoa BASE baten bitartez bideratu beharko da, lan-modalitateko aurreikuspen-plan batekin.

Azaleratze-betebeharra ez betetzea.

18.– Enpresak pentsio-konpromisoen azaleratze-betebeharra ez badu betetzen, lan-alorreko oso arau-hauste larritzat hartuko da, indarrean dagoen legerian aurreikusitakoaren arabera (gaur egun Lan Arloko Arau Hauste eta Zigorrei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretua).

Prozedura eta dokumentazioa.

19.– Administrazio-baimena lortzeko, eskatutako dokumentazio guztia Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzan aurkeztu beharko da. Ondoko dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

– Hartutako konpromisoak definitzen dituen hitzarmena edo xedapen baliokidea.

– Pentsio-konpromisoak dituen enpresako administrazio-organo baimenduen ordezkarien erabakia, azaleratzea gauzatzeko aukeratutako formula (kasu honetan BASE edo Aurreikuspen Plana) erabakitzen duena.

– BASEren Estatutuen proiektua eta horien Erregelamendua edo BASE batean barne hartuko den Laneko Aurreikuspen Planaren proiektua, Erakunde horren Gobernu Batzordeak hartutako erabakiarekin, emango diren prestazioen ezaugarriak barne hartuz.

– Txosten aktuariala edo ekonomikoa, kasuen arabera, ezarritako konpromisoei aurre egiteko beharrezkoa den finantzaketa-plana barne hartuko duena.

20.– Aurkezten den dokumentazioa aztertu ondoren, Administrazioak Ebazpena emango du, azaleratze-proiektua baimenduz edo ukatuz.

Instrukzio hau, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2002ko azaroaren 25a.

Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordea,

IÑAKI ZABALA ZABALA.


Azterketa dokumentala