Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

233. zk., 2002ko abenduaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Garraio eta Herri Lan Saila
6964

243/2002 DEKRETUA, urriaren 15ekoa, bidaiariak herri barruan eta herriz kanpo kotxez garraiatzeko zerbitzu publikoa arautzen duen Legearen Erregelamendua onartzen duena.

Bidaiariak Herri Barruan eta Herriz Kanpo kotxez garraiatzeko Zerbitzu Publikoa Arautzen duen ekainaren 29ko 2/2000 Legeak Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan eskaintzen den mota horretako zerbitzuen araubide juridikoa ezartzen du, eta ekonomia-arlo horri Euskal Autonomia Erkidegoan sortutako behar eta eskakizunetara egokitutako arau propioak eskaintzen dizkio.

Lege horrek ahalmena ematen dio Eusko Jaurlaritzari Legea garatzeko eta betearazteko beharrezkotzat jotzen dituen arauzko xedapenak onartzeko, eta, horixe da Erregelamendu honen helburua, hots, Legean jasotako printzipio eta arauak zehaztea.

Erregelamendu hau idaztekoan, garatu behar den Legearen egitura formala errespetatu da, nahiz eta zenbait kapitulutan artikuluak beste era batera banatu ditugu, hainbat gai luze-zabalean garatu beharra zeudelako, eta horrek bestelako egituraketa bat eskatzen zuelako, ezinbestean.

Legeak zenbait alderdi berri ekarri ditu, eta Erregelamendu honek garatu egingo ditu, arauek, bidaiariak kotxez garraiatzeko erabat Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean egiten diren zerbitzu guzti-guztiak har ditzaten.

Ondorioz, Garraio eta Herri Lan sailburuak proposatuta, Aholku Batzorde Juridikoari entzunda, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2002ko urriaren 15ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Lehenengo artikulua.– Bidaiariak herri barruan eta herriz kanpo kotxez garraiatzeko zerbitzu publikoa arautzen duen Legearen Erregelamendua onartzea. Araudia Dekretu honen eranskin gisa dator.

Bigarren artikulua.– Erregelamendu honetan jasotako xedapenak betetzen ez badira, bidaiariak herri barruan eta herriz kanpo kotxez garraiatzeko zerbitzu publikoa arautzen duen Legearen VIII. kapituluan zigor-araubideaz xedatutakoa beteko da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Udalek, Erregelamendua indarrean jartzen denetik aurrera, urte beteko epea izango dute beren ordenantzak Erregelamendu honetara egokitzeko.

Bigarrena.– Foru aldundiek taxi-batzordea sortuko dute, Erregelamendu hau indarrean jartzen denetik urte beteko epean.

Hirugarrena.– Ekainaren 29ko 2/2000 Legea indarrean jarri zenean, herriko garraiorako udal lizentziak eta herriz kanpoko garraiorako baimenak zituzten pertsona juridikoek, horien titular izaten jarraitu ahal izango dute, baina ezin izango zaio ezein pertsona juridikori eskualdatu.

Laugarrena.– Lizentzia eta baimenen titularrek Erregelamendu hau indarrean jartzen denetik aurrera, urte beteko epea izango dute taximetroa eta modulua Erregelamendu honetan ezarritakoaren arabera instalatu edo egokitzeko bere ibilgailuetan.

Bosgarrena.– Erregelamenduaren 44. artikuluan adierazitako ondorioetarako, Udalek udalerriaren barruan taxi-eremuak berezi beharko dituzte, Erregelamendu hau indarrean jartzen denetik aurrera, urte beteko epean.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.– Erregelamendu honetan araututako prozedurak, Erregelamendua indarrean jarri baino lehen hasi, baina oraindik bukatu gabe badaude, hasi zirenean indarrean zegoen araudiaren arabera izapidetuko dira.

Bigarrena.– Bidaiariak herri barruan eta herriz kanpo kotxez garraiatzeko zerbitzu publikoa arautzen duen ekainaren 29ko 2/2000 Legea eta Erregelamendu hau indarrean jarri aurretik baimendutako ibilgailuen eta gidarien errentamendu-zerbitzuek, orduko araubide bera izaten jarraituko dute. Geroztik baimenduriko zerbitzuak, aldiz, 2/2000 Legea eta Erregelamendu honen arabera arautuko dira.

Hirugarrena.– Herriko garraiorako udal-lizentzien eta herriz kanpoko garraiorako baimenen titularrek Erregelamendu hau indarrean jartzen denetik aurrera urte beteko epea izango dute Erregelamendu honetan aurreikusitako herriz kanpoko garraiorako autonomia mailako baimena foru aldundiari eskatzeko; baina bitartean herriz kanpoko garraiorako baimena dutenek Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan herriz kanpoko garraio zerbitzua ematen jarraitu ahal izango dute.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira Erregelamendu honetan xedatutakoaren aurka doazen maila bereko edo apalagoko xedapenak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ahalmena ematen zaio Garraio eta Herri Lan sailburuari Dekretu hau garatzeko xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.– Erregelamendu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hogei egunera jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2002ko urriaren 15ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Garraio eta Herrilan sailburua,

ÁLVARO AMANN RABANERA.

ERANSKINA

Bidaiariak herri barruan eta herriz kanpo kotxez garraiatzeko zerbitzu publikoa arautzen duen Legearen Erregelamendua

I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Erregelamenduaren helburua.

Erregelamendu honen helburua bidaiariak herri barruan eta herriz kanpo kotxez garraiatzeko zerbitzu publikoa arautzen duen ekainaren 29ko 2/2000 Legea garatzea da.

2. artikulua.– Definizioak.

1.– Erregelamendu honetan ezarritako ondorioetarako, udalerri bakar baten barruan egindako garraio-zerbitzua hartuko da herri barruko garraiotzat, eta gainontzekoak herriz kanpoko garraio-zerbitzutzat joko dira.

2.– Garraio publikotzat inoren kontura diru-truke emandako garraio-zerbitzuak hartuko dira.

3.– Kotxetzat, Erregelamendu honetan ezarritako ondorioetarako, honako ibilgailuok hartuko dira: pertsonak garraiatzeko sortu eta egin diren ibilgailu automobilak, motozikletak izan ezik, baldin eta gidariaren lekua barne dela bederatzi jarleku edo gutxiago badituzte.

4.– Kotxe-gidaritzat, lizentziaren edo baimenaren titular izanik edo-eta, titularraren soldatapeko izanik, kotxea gidatzen duten pertsona fisiko guztiak joko dira.

II. KAPITULUA

JARDUERAREN ARAUBIDE
JURIDIKOA
LEHENENGO ATALA: ERABILTZAILEAK

3. artikulua.– Erabiltzaileen betebeharrak.

Erabiltzaileek zerbitzua erabiltzeko ezarriko diren arauak bete behar dituzte, baina, edonola ere, betebehar hauek izango dituzte:

a) Ibilgailua mugitzen ari den bitartean, ez sartzea, ez irtetea.

b) Ibilgailua martxan dagoen bitartean gidariaren arreta galarazi edo haren lana oztopatu dezakeen ezer ez egitea, horretarako funtsezko arrazoirik ez bada.

c) Ibilgailuaren gidariaren edo beste edozeinen segurtasunerako arriskua ekarriko duen ezer ez egitea.

d) Ibilgailua hondatu edo zikinduko duen ezer ez egitea.

e) Lizentzia edo baimena duen titularrarentzat edo gidariarentzat gogaikarri edo iraingarri gerta litekeen jarrerarik ez izatea.

4. artikulua.– Erabiltzaileen eskubideak.

Erabiltzaileek eskubideok dituzte:

a) Legean eta Erregelamendu honetan araututako zerbitzuak zer-nolako baldintzetan eskainiko diren jakitea, eta informazio hori Legearen 3. artikuluan adierazitako herri-administrazioengandik jasotzea.

b) Oro har, garraiolariak zerbitzuak emateko araubidea betetzeko arreta berezia jartzea.

c) Garraiolariak, erabiltzaileek eskatu dien zerbitzua ematea; beti ere, erabiltzaileak, bere aldetik, aurreko artikuluan jasotako betebeharrak betetzen badituzte.

d) Garraiolariak erabiltzaileekin gizalegez jokatzea.

e) Hala eskatzen badute, garraiolariak Erregelamendu honen 9.a artikuluan xedatutakoari jarraikiz zerbitzua ez emateko dituen arrazoiak idatziz jasotzea.

f) 50 eurora bitarteko kanbioak eskuratzekoa. Kanbioak txanponetan, nahiz billetetan eman ahal izango zaizkie. Kanbioen zenbatekoa Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan sailburuaren agindu bidez aldatu ahal izango da.

g) Kobratzen zaien diru kopurua, indarrean dagoen tarifa-araubidea araberakoa izatea.

h) Hala eskatzen badute, ordainagiria eskuratzekoa.

BIGARREN ATALA: GARRAIOLARIAK

5. artikulua.– Garraiolariak.

Erregelamendu honetan ezarritako ondorioetarako, behar den udal-lizentzia eta autonomia-baimena izanik, 2. artikuluan zehaztutako garraio-lanak egiten dituztenak hartuko dira garraiolaritzat.

6. artikulua.– Lizentziak eskuratzeko administrazio-eskakizunak.

1.– Lizentziak eskuratzeko ezinbestekoa izango da organo eskudunari ondorengo eskakizun hauek betetzen dituela egiaztatzea:

a) Pertsona fisikoa dela, ezin izango baita pertsona batentzat baino gehiagorentzako balioko duen lizentziarik eman.

b) Ez duela beste lizentziarik.

c) Indarrean dauden legeetan ezarritako zerga arloko betebeharrak betetzen dituela.

d) Indarrean dauden legeetan ezarritako laneko, gizarte-segurantzako edo administrazio-arloko betebeharrak betetzen dituela.

e) Lizentziarekin lotuta dagoen ibilgailuak kapitulu honen laugarren atalean aurreikusitako eskakizunak betetzen dituela, eta lizentzia eskatzen den unean, lehenengo matrikulaziotik aurrera kontatzen hasita (matrikulazio-tokia edozein dela ere), gehienez ere bi urte dituela.

f) Egiten duten garraio-zerbitzuaren ondorioz erabiltzaileei kalterik eraginez gero ere, kalte guzti horietarako erantzukizun zibileko asegurua duela. Nahitaezkoa izango da, halaber, legeria bereziaren arabera estali behar diren gainontzeko arrisku guztiak estaltzeko aseguru-poliza bat ituntzea.

2.– Udalak, aurreko zenbakian jasotakoez gain, eskatzailearen ezaugarri pertsonalekin lotutako edo udal bakoitzaren berezitasunen araberako bestelako eskakizunak eskatu ahal izango ditu, lizentzia emateko; eta ordenantza bidez egingo du.

7. artikulua.– Baimenak eskuratzeko administrazio-eskakizunak.

1.– Baimenak eskuratzeko ezinbestekoa izango da organo eskudunari ondorengo eskakizun hauek betetzen dituela egiaztatzea:

a) Udalaren lizentzia izatea, horrek ezertan galarazi gabe Erregelamendu honen 12.4 artikuluan xedatutakoa.

b) Erregelamendu honen aplikazio-eremuaren barruan garraio-zerbitzuak kotxez egiten uzten dion bestelako baimenik ez izatea.

c) Erregelamendu honen aurreko artikuluan aurreikusitako betebeharrak betetzea.

8. artikulua.– Garraiolarien betebeharrak.

1.– Garraiolariek, edo kasuaren arabera soldatapeko gidariek, honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Eskatzen zaion zerbitzua ematea, beti ere ibilgailua libre badago eta erabiltzaileek 2/2000 Legearen 4. artikuluan ezarritako arauak betetzen badituzte.

b) Lizentzia edo baimenean baimenduriko jarleku baino bidaiari gehiago ez eramatea.

c) Zerbitzua emateko araubidea ahalik eta hobekien betetzen saiatzea, eta zerbitzuak tarifa-araubideari jarraikiz kobratzea.

d) Erabiltzaileekiko gizalegez jokatzea.

e) Ibilgailuan, agiriaren arabera begi bistan eta erabiltzaileen eta ikuskaritzakoen eskura eramatea bai derrigorrezko lizentzia eta baimenak, bai indarrean dauden tarifak, bai eta titulu gaitzaileen arabera derrigorrezko diren bestelako agiri guztiak.

f) Garraiolari-lana Erregelamendu honen 37. artikuluan aurreikusitako araubidearen arabera burutzea.

9. artikulua.– Garraiolarien eskubideak.

Garraiolariek, edo kasuaren arabera soldatapeko gidariek, honako eskubideok izango dituzte:

a) Zerbitzua emateari uko egin ahal izango die, baldin eta zerbitzua legez kanpoko zerbaitetarako bada edo arriskua badu bidaiarien, gidariaren edo beste batzuen segurtasun edo osasunerako edo ibilgailuak kalteak izateko.

b) Erabiltzaileek Erregelamendu honen 3. artikuluan aurreikusitako betebeharrak betetzekoa.

HIRUGARREN ATALA: ADMINISTRAZIOAREN
BALDINTZAK

10. artikulua.– Titulu gaitzaileak.

1.– Garraio publikoko zerbitzua emateko honako hauek eskuratu beharko dira:

a) Udalak udalerri barruko garraiorako emandako lizentzia.

b) Foru aldundiak herriz kanpoko garraiorako emandako baimena.

2.– Lizentzia eta baimenak bidaiarien garraioan ibilgailu jakin batekin aritzeko baimenduko dute, eta, beraz, ibilgailu horren xehetasunak kasuan kasuko agirian jasoko dira.

3.– Lizentzia eta baimen bakoitzak titular bakarra izango du, gidari bakarra, eta, gainera, ibilgailu baterako soilik balioko du; eta pertsona batek ezin izango du lizentzia eta baimen bat baino gehiago izan titular gisa.

11. artikulua.– Herriz kanpoko garraiorako gehieneko baimen kopurua.

1.– Eusko Jaurlaritzak baimen kopurua mugatu egin ahal izango du jendeari eskaini beharreko zerbitzuaren beharren arabera, eta kopuru hori finkatzeko, zerbitzua jaso behar duen populazioa edo-eta eskualdeko egoera sozioekonomikoa hartuko du kontuan.

2.– Zer behar den eta zer komeni den erabakitzeko, honakook aztertuko dira:

a) Lizentzia eta baimen berriak eman aurreko zerbitzuaren kalitatea eta hedapena.

b) Herriguneek zein motatakoak diren (biziguneak, gune turistikoak, industrialak eta bestelakoak), hedadura eta hazkundea zenbatekoa den.

c) Zerbitzu hobe eta zabalago baten benetako beharrak.

d) Eman beharreko baimen berriek zer-nolako eragina izango

duten garraioan eta zirkulazioan, eta taxien arloan berean.

3.– Horretarako izapidetuko den espedientean, foru aldundietako Garraio sailei eta taxi-batzordeari txostena eskatuko zaie, eta udalei, (Euskadin ordezkaritza handiena duten udal-elkarteen bitartez), arloan ordezkaritza handiena duten elkarte profesionalei eta erabiltzaileei (Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordearen bitartez) entzunaldia eskainiko zaie.

12. artikulua.– Titulu gaitzaileen izapideak.

1.– Bidaiariak herri barruan eta herriz kanpo kotxez garraiatzeko zerbitzu publikoa emateko, oro har, ezinbestekoa izango da lehenengo bidaiariak herri barruan kotxez garraiatzeko udal-lizentzia eskuratzea, eta ondoren, herriz kanpoko garraiorako foru aldundiaren baimena lortzea. Herri barruko garraiorako lizentzia eta herriz kanpoko garraiorako baimena, biak batera eskatu ahal izango dira kasuan kasuko udalean.

2.– Eskaria jasotzen duen udalak, eskaria eta aurkeztutako agiriak herriz kanpoko garraiorako baimena eman behar duen foru aldundira bidaliko ditu. Foru aldundi horrek, kopuru mugatu bat ezarri bada eta artean kopuru hori bete ez bada, bi hilabeteko epea izango du baimena ukatu edo ematearen aldeko den adierazteko.

3.– Udalak, artikulu honen 2. paragrafoan aipatutako txostena kontuan izanda, ibilgailuek eta gidariek bete beharrekoak betetzen dituztela egiaztatutakoan eta udal ordenantzan ezarritako garraio-beharrak eta eskaintza aztertutakoan, udal-lizentzia eman ala ez erabakiko du, horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.

Artikulu honen 2. paragrafoan aipatutako txostena, herriz kanpoko garraiorako baimena ematearen kontrakoa bada, udal-lizentzia soilik eman ahal izango da, eta, beti ere, herri horren hiri-antolamendua eta ezaugarri sozialak aproposak badira udalerri barrura mugatutako zerbitzu bat eskaintzeko.

4.– Udalak lizentzia eman edo ukatu duen jakinaraziko dio dagokion foru aldundiari, hark herriz kanpoko garraiorako baimena eman dezan. Foru aldundiak, lehen eskariaren aldeko txostena egin badu eta udalak lizentzia eman badu, herriz kanpoko garraiorako baimena emango du. Udalak lizentzia ukatu badu, ordea, ibilgailu eta gidariei dagozkien eskakizunak eta araudiak eskatutako bestelakoak betetzen badira eta, gainera, inguruabarrek benetan justifikatzen badute soilik eman ahal izango da herriz kanpoko garraiorako baimena.

13. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Lizentzia eta baimena eskuratzeko ezinbestekoa izango da dagokion udalean eskaria eta honako agiri hauek edo kopiak aurkeztea:

a) Eskatzailearen nortasun agiri nazionala eta identifikazio fiskaleko zenbakia duela egiztatzen duen agiria; eskatzailea atzerritarra bada, nortasun agiri nazionalaren ordez, pasaportea edo bere herrialdean antzeko balioa duen nortasun agiria.

b) Eskabidea aurkeztu aurretxoko hamabi hilabeteko epean ordaindu beharreko hainbat zerga (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga, Balio Erantsiaren gaineko Zerga eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga) ordaindu izanaren egiaztagiriak, eta Gizarte Segurantzan dagokion erregimenean izena emanda dagoela erakusten duen egiaztagiria. Aurreko idatz-zatian adierazitako agiriak kasuan kasuko administrazio eskudunak eman edo baimendutakoa behar du izan.

c) Lizentziarekin lotuta dagoen ibilgailuaren zirkulazio-baimena (eskatzailearen izenean egon beharko du, Erregelamendu honen 26. artikuluan jasotako kasuetan izan ezik), eta ibilgailuaren Azterketa Teknikoko Txartela.

d) Legez ezarritako azterketa indarrean dagoela ziurtatzen duen Ibilgailuen Azterketa Teknikoko aztertokiaren agiria.

e) Garraio-lanean ari den bitartean kalterik eraginez gero, horiek ordaintzeko erantzukizun zibileko aseguru-polizaren ordainagiria.

f) Lan horretan aritzeko Legearen eta Erregelamendu honen arabera behar diren ziurtagiri eta baimenak.

2.– Udalek gainera, Erregelamendu honetan ezarritako eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen dituzten gainetiko agiriak eskatu ahal izango dituzte, kasuan kasuko ordenantzaren bidez.

14. artikulua.– Lizentzia eta baimenen erregistroa.

1.– Udalek emandako lizentzien erregistro bat izango dute, eta foru aldundiek, baimenena. Erregistro horietan lizentzia eta baimenen titularrak, horiei dagozkien ibilgailuak, egindako arau-hausteak eta jarritako zigorrak, eta lizentzia edo baimenarekin zerikusirik duen bestelako gorabeherak jasoko dituzte.

2.– Erregistroan jasotako datuak publikoak izango dira, baina, horietara jo nahi duten partikularrek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 37. artikuluari jarraikiz, bidezko interesa dutela egiaztatu beharko dute.

3.– Erregistro horietan jasotako informazio guztia Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailaren mende egongo den datu-base nagusi batera bidaliko da, guztia koordinatzeko.

15. artikulua.– Lizentzien eta baimenen indarraldia.

1.– Lizentziak eta baimenak denbora-mugarik gabe emango dira, baina lizentziak eta baimenak eman eta ezesteko eskumena duten organoek burutzen dituzten ikuskaritzetarako aurreikusitako ondorioek aldatu egin dezakete hori.

2.– Lizentzia eta baimenak ikus-onetsia jaso beharko dute; ikus-onetsi hori Erregelamendu honen 24. artikuluan arautuko da.

16. artikulua.– Lizentzien eta baimenen etenaldia.

Istripu edo matxurarik izanez gero, gidaria gaixotuz gero edo, oro har, zerbitzua ematen jarraitzea ezinezko egiten duen beste ezer gertatuz gero, egoera horrek irauten duen bitarterako lizentzia edo baimena indarrik gabe utzi ahal izango du, hura eman duen organoak.

17. artikulua.– Etenaldiaren mugak.

Gidariak, gaixotasunagatik edo-eta bestelako arrazoiren batengatik, ezin badu hiru hilabete baino gehiagoan zerbitzurik eman, nahikoa izango da lizentzia edo baimena ezetsi ahal izateko, lizentzia edo baimenaren titularrak, (dagokion arauen arabera) zerbitzuaren jarraipena bermatu ahal izateko beste gidari bat kontratatu ez badu behintzat.

18. artikulua.– Lizentzia eta baimenak emateko baldintzen egiaztapena.

1.– Udalek eta foru aldundiek eskubidea izango dute, kasuaren arabera, lizentzien eta baimenen titularrek, aplikatu beharreko arauetan ezarritako baldintzak behar bezala betetzen dituztela egiaztatzeko.

2.– Horretarako, bidezko deritzoten agiriak eskatu ahal izango dizkiete titularrei. Gainera, administrazio horiek egiaztapen horiek aldian behin nola egin arautu ahal izango dute.

19. artikulua.– Ibilgailu berria ekartzea edo ibilgailuaren ezaugarriak aldatzea.

1.– Lizentzia eta baimenekin lotutako ibilgailuak kendu eta berriak ekarri ahal izateko, lizentzien kasuan udalaren baimena beharko da, eta baimenetan foru aldundiarena; eta lizentzia edo baimenean ibilgailu berriarekin baliatzeko dela jasoaraziko da.

Ibilgailu berria ekarriz gero, edozein herrialdetan matrikulatu dutela ere, lehenengo matrikulaziotik 2 urte baino gutxiagoko antzinatasuna izan beharko du.

2.– Lizentzia eta baimen berarekin jarraitzen utziko zaie, halaber, agiriekin lotutako ibilgailuetan aldaketak egin badira eta egindako aldaketa horiek, baimenduriko gehieneko pisua, zama-gaitasuna, jarleku kopurua edo-eta bestelako ezaugarriak aldatzeko izan badira, beti ere, indarrean dagoen legeria errespetatzen badute eta Erregelamendu honetan ibilgailuen gainean aurreikusitako ezaugarriekin bat badatoz.

3.– Ibilgailuak istripu edo matxuraren bat izanez gero, konponketa-lanak irauten duen bitartean, istripua edo matxura izan duen ibilgailuaren antzeko ezaugarriak dituen beste ibilgailu batekin jarraitu ahal izango du zerbitzua ematen titularrak, baldin eta Erregelamendu honetan zerbitzua emateko ezarritako gainontzeko eskakizunak betetzen baditu eta, aurrez, eskumena duten udal eta foru aldundiaren baimena eskuratu badu.

20. artikulua.– Titulu gaitzaileen iraungipena.

1.– Lizentzia eta baimenak iraungitzeko arrazoiak:

a) Titularrak uko egitea. Lizentzia eta baimena iraungitzeko erabakia hura eman zuen organoak hartuko du, dagokion prozedura burututa.

b) Kentzea.

c) Titularra hiltzea, Erregelamendu honen 23. artikuluan aurreikusitako eskualdaketarik egin ezean.

d) Lizentzia eta baimenak baliorik gabe uztea.

2.– Tituluetako bat iraungitzen bada, nahiz udal-lizentzia, nahiz herriz kanpoko garraiorako baimena, bestea ere iraungi egingo da, Erregelamendu honen 12.3 eta 12.4 artikuluetan aurreikusitako kasuetan izan ezik. Horregatik, bada, udal-lizentziaren bat iraungiz gero, udalak horren berri eman beharko dio foru aldundiari. Eta, era berean, herriz kanpoko garraiorako baimenen bat iraungiz gero, aginpidea duen organoak horren berri eman beharko dio kasuan kasuko udalari. Bietan ere, lizentzia edo baimena iraungitzen denetik aurrera hilabeteko epea izango dute jakinarazpen hori egiteko.

21. artikulua.– Lizentzia eta baimenak kentzea.

1.– Lizentzia edo baimena eman zuen organoak agiria kendu ahal izango dio titularrari, baldin eta:

a) Legean aipatu titulu gaitzaileak izateko aurreikusten diren eskakizunak Erregelamendu honen 6. eta 7. artikuluetan aurreikusi bezala betetzen ez baditu.

b) Titulu gaitzaileak aldian behin ikuskatu beharrekoak badira eta ikuskapena egiteko epea zabaltzen denetik aurrera urte bete igaro bada ikuskapena egin gabe, eskaria ez egitea tituluaren titularraren errua izan ez bada, behintzat. Horretarako izapidetuko den espedientean titulu gaitzailea aldi baterako indarrik gabe utzi ahal izango da zuhurtziako neurri gisa.

c) Behin eta berriro arau-hauste oso larriak egiten baditu edo jarritako zigorra betetzen ez badu. Ondorio horietarako arau-hauste bat behin eta berriro burutu dela iritziko zaio, arau-hauste oso larri batengatik behin betiko ebazpen bidez zigorra jaso duen batek hamabi hilabete baino lehenago berriro beste arau-hauste larri bat egiten badu.

2.– Lizentzia edo baimena kentzeko prozedura Herri-Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoari jarraikiz izapidetuko da.

3.– Norbaiti lizentzia kentzen bazaio, ezin izango du berriro beste bat eskatu, kendu zaion egunetik hamar urte igaro baino lehen. Baimenekin orobat egingo da.

22. artikulua.– Titulu gaitzaileak baliogabetzea.

Lizentzia eta baimenak deuseztatzeko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak egintzen deuseztapen eta deuseztagarritasunerako ezarritako araubide orokorra aplikatuko da.

23. artikulua.– Titulu gaitzaileak eskuz aldatzea.

1.– Lizentziak eta baimenak ezin izango dira eskuz aldatu. Salbuespenak:

a) Titularra hilez gero, alargunaren edo legezko oinordekoen alde egiten bada.

b) Erretiroa hartzean.

c) a) idatz-zatian aipatutako alargunak edo oinordekoek ezin badute lizentzia hori jarduera bakar eta esklusiborako erabili.

d) Titularra, gaixotasun, istripu edo ezinbestekotzat jo daitezkeen beste arrazoi batengatik betiko lanerako ezindua badago.

e) Lizentziaren titularrak hamar urte baino gehiago badaramatza jardunean. Kasu horretan eskuz aldatu ahal izango du, udalaren baimena lortu ondoren; baina beste hamar urtean ezin izango du Erregelamendu honetan araututako inolako lizentziarik erdietsi udalerri horretarako.

2.– Lizentzia eta baimenak ezin izango dira eskuz aldatu udala eta foru aldundia, hurrenez hurren, titulu horiek iraungitzeko edo aldi baterako indarrik gabe uzteko izapideak egiten ari badira.

3.– Lizentzia eta baimenak eskuz aldatzeko baimena emango bada, titulua eskuratu behar duenak Erregelamendu honetan titular izateko ezarritako eskakizun guztiak bete beharko ditu.

4.– Eskuz aldatutako lizentzia eta baimenarekin lotutako ibilgailua lehengo bera izan ahalko da, tituluak eskuratu dituenak Erregelamendu honetan aurreikusitako eraren batean ibilgailua ere eskuratu badu; bestela, titularrak beste ibilgailu bat jar dezake, beti ere, ibilgailu berria ekartzeko eskakizunak betetzen badira.

5.– Edonola ere, lizentzia edo baimen baten titularrak Erregelamendu honetan tipifikaturiko arau-hausteren bat egin badu, eta horregatik administrazio-ebazpen irmo bidez diru-zigorren bat ezarri bazaio, ezinbestekoa izango du lehendabizi hori ordaintzea, bestela, eskumena duen organoak ez baitio lizentzia edo baimena eskuz aldatzeko baimenik emango.

6.– Ezin izango da lizentzia edo baimenik eskuz aldatu, baldin eta organo eskudunak ofizialki badaki organo judizial edo administratiboren batek lizentzia edo baimena enbargatu egin duela.

24. artikulua.– Ikus-onetsia.

1.– Lizentzia eta baimenen ikus-onetsia: titularrek, lizentziak eta baimenak emateko ezarritako baldintzak eta momentu horretan ere ezinbestekoak direnak betetzen jarraitzen dutela egiaztatzeko udalek eta foru aldundiek (edonoiz egin ditzaketen ikuskapenez aparte) aldiro-aldiro burutzen duten egintzari esaten zaio. Baldintza horiek hasiera-hasieratik eskatu ez arren geroztik erabakitako bestelako betebeharrak ere izan daitezke.

2.– Lizentzia eta baimenei ikus-onetsia emateko izapideak, agiriak, maiztasuna eta gainetiko eskakizunak Garraio eta Herri Lan sailburuaren agindu bidez finkatuko dira.

3.– Ikus-onetsia ez duenari titulua kendu egingo zaio 21.1.b artikuluan ezarritako moduan.

4.– Edonola ere, administrazio-bideko ebazpen irmo bidez ezarritako diru-zigorrak ordaintzea ezinbestekoa izango da ikus-onetsia eskuratzeko.

LAUGARREN ATALA: IBILGAILUA

25. artikulua.– Ibilgailuak.

1.– Indarrean dagoen legerian ezarritako ezaugarriak betetzen dituzten kotxeak joko dira bidaiariak garraiatzeko egokitzat.

2.– Egoki deritzen baldintzak ezarri ahal izango dituzte udalek beren udal-arauetan, erabiltzaileei zerbitzu egokia emango zaiela bermatzeko.

26. artikulua.– Ibilgailua izateko erak.

Lizentzia eta baimenak, titularrak juridikoki baliagarria duen edozein eskubide dela medio zerbitzua era egokian eskaintzeko moduan balia dezakeen ibilgailuarekin lotuko dira.

27. artikulua.– Zirkulatzeko baimena.

Kotxeek eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Matrikulatuta egon beharko dute eta zirkulatzeko baimena izan.

b) Legez aldiro egin beharreko azterketa teknikoa eginda eduki beharko dute.

28. artikulua.– Jarleku kopurua.

Kotxeek, orokorrean eta gidariarena barne dela, gehienez ere bost jarleku izan beharko dituzte; eta xehetasun hori, bai zirkulazio-baimenean, bai ibilgailuaren azterketa teknikoko txartelean adierazi beharko da. Justifikaturiko kasuetan, 9 jarlekura arteko ibilgailuak ere onartuko dira, kasuan kasuko udalaren eta foru aldundiaren baimenaren bidez, beti ere, ibilgailuen gainean indarrean dagoen araudian xedatutakoa betetzen badute eta ibilgailuaren homologazioa errespetatzen badute; kasu horietan baimenean zerbitzua emateko baldintzak jaso ahal izango dira.

29. artikulua.– Ibilgailuen ezaugarriak.

1.– Ibilgailuen azterketa teknikoko txartelean ageri den sailkapenak bat etorri beharko du Erregelamendu honetan arauturiko zerbitzua eskaintzeko behar den taldearenarekin, eta, gainera, Ibilgailuen Erregelamendu Orokorrean ibilgailuentzat aurreikusitako ezaugarriez aparte, honako hauek izan beharko ditu:

a) Ibilgailuak barrutik dituen gutxieneko neurriak eta ezaugarriak, erabiltzaileari horrelako zerbitzu batean eman beharreko segurtasun eta erosotasuna eskaintzeko behar bezalakoak izango dira. Eta edonola ere, gutxienez 4 ate eta 330 litroko maleteroa izango ditu.

b) Erabiltzaileei zerbitzu egokia eskainiko zaiela bermatzeko, organo eskudunak komenigarri jotzen dituen gainetiko ezaugarriak (ordenantza bidez ezarri beharko dira) eta, kasuan kasuko lurralde historikoko taxi-batzordeari txostena eskatu ondoren, beharrezko jotzen dituen gainontzeko segurtasuneko gailuak edo komunikazio sistemak.

2.– Kotxe bidez egiten den bidaiarien herri barruko eta herriz kanpoko garraioa, Garraioen Irisgarritasun Baldintzei buruzko Arauak onesten dituen uztailaren 10eko 126/2001 Dekretuan eta indarrean dauden gainontzeko arauetan xedatutako aurreikuspenetara egokitu beharko da. Lizentzia eta baimenen titularrek bere kasa aurkeztutako eskaerekin araudi horretan ezarritako ehuneko eta aurreikuspenak betetzen ez badira, udalek eta foru aldundiek araudi horretara erabat egokitzeko behar diren lizentzia eta baimenak sortuko dituzte.

3.– Ibilgailuen ezaugarri teknikoak berritu eta finkatzeko prozesuetan (hau da, motorizazio, materialen diseinu, pisu eta antzekoetan) teknologien erabilera bultzatuko da, horrela, energiaren eraginkortasun handiagoa, energia berriztagarriak erabiltzea, zarata gutxitzea, CO2 eta bestelako gas eta partikula kutsagarri gutxiago isurtzea, erabilitako materialen birziklapena hobetzea eta konposatu organokloratuak ekiditea ahalbidetzeko.

30. artikulua.– Ibilgailuen beste ezaugarri batzuk.

"Zerbitzu publikoa" adierazten duen ezaugarriak, ibilgailua "libre" dagoela dioen argiak eta taximetroaren argiak Ibilgailuen Erregelamendu Orokorreko XI. eranskinean ezarritakoak bete beharko dituzte.

31. artikulua.– Ibilgailuen kolorea eta ezaugarriak.

1.– Udal-lizentziekin lotutako kotxeak zein diren jakiteko zein kolore eta ezaugarri eraman behar duten, kasuan kasuko udalak ezarriko du, indarrean dagoen araudian dagoeneko araututako ezaugarriei dagokienean izan ezik.

2.– Herriz kanpoko garraiorako soilik diren baimenekin lotutako ibilgailuek kasuan kasuko foru aldundiak xedatutakoa bete beharko dute kolore eta ezaugarriei dagokienean, indarrean dagoen araudian ezarritako ezaugarriei dagokienean izan ezik.

3.– Edonola ere, ibilgailuaren moduluan agerian jarri beharko da zerbitzua ematea baimentzen duen lizentziaren zenbakia, udalak inskripzio horren neurri eta kolorearen gainean egiten dituen aurreikuspenei jarraikiz.

32. artikulua.– Taximetroa eta modulua.

1.– Herri barruko garraiorako lizentziaren eta herriz kanpoko garraiorako baimenaren titularrak, lizentzia edo baimenarekin lotutako ibilgailuan taximetro bat eta modulu bat jarriko ditu, unean indarrean dauden tarifak aplikatzeko eta behar bezala ikusteko.

Taximetroa karrozeriaren aurreko aldeko erdiko herenean jarri beharko da, taxiaren barrualdean, bidaiariak garraioaren prezioa zenbatekoa den ikus ahal izan dezan, eta martxan dagoenean beti piztuta egon beharko du. Taximetroak gutxienez lau tarifa erabili ahal izateko balio beharko

du, eta bidaia-txartelak inprimatzeko gailu bat izan beharko du.

Garraio-zerbitzuaren prezioa modu elektronikoan ordaintzeko sistemen instalazioa Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan sailburuaren agindu bidez arautuko da.

2.– Tarifa adierazteko moduluak, zeina ibilgailuaren sabaiaren aurreko aldean jarri beharko baita, taximetroa lanean zein tarifarekin ari den ibilgailuaren kanpotik ere jakiteko eta, hala bada, ibilgailua libre dagoela adierazteko balioko du.

3.– Moduluak eskakizun hauek bete beharko ditu:

a) Lizentziaren zenbakia jaso beharko du.

b) Lizentzia zein udalek eman duen adierazi beharko du.

c) Taxia libre dagoela adierazteko moduluak argi berdea izango du.

d) Taxia okupatuta dagoenean, aplikatu beharreko tarifa zein den adieraziko du soilik moduluak.

e) "Taxi" hitza jarriko du.

f) Fabrikatzailearen marka eta homologazio edo, halakorik izanez gero, erabiltzeko baimenaren ikurrak jasoko ditu.

g) Ezin izango du bestelakorik jaso.

Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan sailburuaren agindu bidez, ibilgailuen diseinu uniformea mantentzeko eta bestelako eskakizunak ezartzeko Erregelamendu honekin bat datozen arauak onartu ahal izango dira.

4.– Ibilgailu eta gidarien errentamendu-zerbitzu berezituak egiteko ibilgailuetan eta Legean eta Erregelamendu honetan jasotako kasuetan ez da beharrezkoa izango taximetroa eta modulua jartzea.

5.– Taximetroa eta modulua bidaiariak kotxez garraiatzeko erabilpen esklusiboko zerbitzu guztietan jarriko dira martxan, bai herri barrukoetan, bai herriz kanpokoetan, 57. artikuluan ezarritako kasuetan izan ezik.

6.– Taximetro guztiek indarrean dagoen araudiak ezarritako kontrol metrologikoaren fase guztia-guztiak bete beharko dituzte.

Orokorrean:

a) Taximetro guztiek onartutako eredu batekoak izan beharko dute, eta merkatura atera aurretik hasierako egiaztapenaren lehenengo fasea igaro beharko dute.

b) Taximetroa ibilgailuan jarri ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Ibilgailuen Azterketa Teknikoko aztertoki baimenduetako batera eraman beharko da dena, hasierako egiaztapenaren bigarren faseko saiakuntzak egiteko.

c) Taximetroan, zigiluak kenduta ezer egiten den bakoitzean (konpondu, ukituren bat egin, tarifak aldatu), berriro zerbitzuan jarri aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ibilgailuen Azterketa Teknikoko aztertoki baimendu batera eraman beharko da ondo dagoela egiazta dezaten.

Taximetroan ezer egitekotan, baita lehenengo instalazioa ere, kontrol metrologikoko erregistro batean inskribaturiko tailer baimendu batek egin beharko du, eta lana egindakoan Ibilgailuen Azterketa Teknikoko Aztertoki batean aurkeztu beharreko agiriak emango dizkio.

Taximetro guztiak zigiluz itxita egon beharko dute, ereduaren onarpen-agirian ezarritakoari jarraikiz. Zigilua hautsiz gero, baimenduriko tailer batek jarri beharko du berriro, eta konpondu ondoren egiaztatzeko eraman beharko da ibilgailua.

Edonola ere, tarifak aldatzen diren bakoitzean, taximetroari zigilua jarri beharko zaio berriro.

d) Bi urteko epean taximetroan ibilgailua egiaztatu beharrik eragiten duen ezer egiten ez bada ere, aldiro egiaztatzeko eraman beharko da.

BOSGARREN ATALA:
GIDARIAK

33. artikulua.– Kotxeen gidariak.

Kotxeek gidari bakarra izan beharko dute, dela lizentzia edo baimenaren titularra bera, dela Erregelamendu honetan salbuespen gisa aurreikusitako kasuetarako titular horrek, aplikatu beharreko eskakizunak beteta, kontrataturiko langileren bat.

34. artikulua.– Gaitasun ziurtagiria.

1.– Gaitasun ziurtagiria lortzeko honako hauek egiaztatu beharko dira:

a) Udalerria, inguruak, bide publiko nagusiak, turismoarentzat interesa duten lekuak, bulego publikoak, zentro ofizialak, hotel garrantzitsuenak eta helmugara iristeko biderik zuzenenak ondo ezagutzea.

b) Zerbitzuari buruzko arauak eta indarrean dauden tarifak ezagutzea.

c) Bidaiariak kotxez garraiatzeko jardunaren inguruko kontabilitate eta zerga ezagupenak izatea.

d) Zerbitzuak edo espezializazioak eskatzen dituen bestelako eskakizunak.

2.– Horiek guztiak egiaztatzeko kasuan kasuko frogagiriak aurkeztu beharko dira, eta horien edukia eta forma, horretarako egingo diren udal-ordenantzetan arautuko da.

3.– Zerbitzua eman nahi den herriko udala izango da gaitasun-agiria emateko organo eskuduna. Herriz kanpoko garraiorako bakarrik diren baimenak emateko organo eskuduna lurralde historiko horretako foru aldundia izango da.

35. artikulua.– Bidaiariak herri barruan eta herriz kanpo garraiatzeko kotxearen gidariaren baimena.

1.– Bidaiariak herri barruan eta herriz kanpo garraiatzeko, horretarako titulu gaitzailea (lizentzia edo baimena) eman zuen udal edo foru aldundi berak emandako gidari-baimena beharko da.

2.– Gidari-baimena udalek edo-eta, herriz kanpoko garraiorako soilik bada, foru aldundiek emango dute, ondoko eskakizun hauek betetzen direla egiaztatutakoan:

a) Gidabaimen egokia duela, trafiko eta bide-segurtasunaren arloko organo eskudunak emana.

b) Lanbidea normaltasunez aritzea galarazi edo zailtzen dion traba fisiko edo psikikorik ez duela. Traba horietan sartzen dira infekziosoak diren eta, hortaz, bidaiariari kutsatzeko arriskua duten gaixotasunak. Hori egiaztatzeko nahikoa izango da medikuen elkargoan izena emandako edozein medikuren ziurtagiria aurkeztea.

c) Erregelamendu honetan xedatutakoaren araberako gaitasun-agiria izatea.

3.– Gidari-baimen horiek iraungitzeko arrazoiak:

a) Titularraren erretiroa.

b) Lanerako ezintasun edo baliaezintasun iraunkorra.

c) Gidabaimena kendu bazaio eta berritu ez badu.

4.– Gidari-baimena honako kasu hauetan eten ahal izango da aldi baterako:

a) Legeak ezarritako zigor-araubideak hala agintzen duen kasuetan.

b) Gidabaimena aldi baterako eteten zaionean.

III. KAPITULUA
ZERBITZUA EMATEKO BALDINTZAK

36. artikulua.– Jarduera eta horretarako baldintzak.

1.– Kotxearen lizentzia edo baimenak Erregelamendu honetan araututako zerbitzuak emateko habilitatzen du titularra, beti ere Erregelamendu honetan eta Legean ezarritako moduan.

2.– Ibilgailua zerbitzua edo zerbitzuz kanpo egon ahal izango da.

Zerbitzuan dagoela esango da, zerbitzua ematen ari denean (hortaz, ibilgailua hartuta egongo da) edo zerbitzua emateko moduan dagoenean (libre egongo da).

Gainetiko kasuetan zerbitzutik kanpo dagoela esango da.

3.– Bidaiariak kotxez garraiatzeko lizentzia edo baimenak lortzen dituzten pertsonek lizentzia edo baimen horiekin lotutako ibilgailuekin garraio-zerbitzua ematen hasteko, behin lizentzia edo baimena eman zaiela jakinarazten zaienetik, gehienez ere, hirurogei egun naturaleko epea izango dute, Legearen 3. artikuluan ezarritako organo eskudunei behar bezalako arrazoiak idatziz aurkeztu ezean.

4.– Udalak edo foru aldundiak, interesdunak hala eskatzen badu eta horretarako arrazoi nahikoa badu, aipatu hirurogei eguneko epe hori luzatzeko aukera izango du. Nolanahi ere, gehienez ere bi luzapen baimenduko dira.

37. artikulua.– Dedikazioa.

1.-Kotxeen titularrak berak eman beharko du garraio-zerbitzua, eta erabateko dedikazio esklusiboa eskaini beharko dio jardun horri. Baina azken eskakizun hori, hau da, erabateko dedikazio esklusiboa eskaintzekoa, 5.000 bizilagun baino gehiagoko herrietan soilik exijitu ahal izango da. Beraz, 5.000 bizilagun baino gehiagoko herrietan salbuespen hori lortzeko, ezinbestekoa izango da kasuan kasuko udalak eskatuta, dagokion taxi-batzordeak aldeko txostena ematea. Horretarako taxi-batzordeak inguruko egoera sozio-ekonomikoa izango du kontuan.

2.– Hala ere, salbuespen gisa, titularra hilez gero, edo lanerako ezintasun edo baliaezintasun iragankorreko egoeraren bat edo zerbitzua titularrak berak ematea eragozten dion ustekabeko beste egoeraren bat gertatuz gero, soldatapeko gidari bat kontratatuta ustiatu ahal izango da lizentzia; baina lizentzia bakoitzak ezin izango du gidari bat baino gehiago eduki atxikita.

Aurreko paragrafoan aurreikusitakoari jarraikiz, ez da inolaz ere onartuko titularra erretiratzen denean zerbitzua soldatapeko gidari batek ematea.

3.– Soldatapeko gidariak, jardunean hasi aurretik kasuan kasuko udalean egiaztatu beharko du lizentziaren titularrak kontratatu egin duela, eta Gizarte Segurantzan lanaldi osorako langileen araubidean dagoela izena emanda, esklusibitatea bete behar ez badu behintzat. Gainera, Erregelamendu honen 34. eta 35. artikuluetan araututako gaitasun-agiria eta gidariaren baimena duela egiaztatu beharko du.

38. artikulua.– Zerbitzua kontratatzea.

1.– Bidaiariak herri barruan eta herriz kanpo kotxez garraiatzeko zerbitzuak ibilgailua oso-osorik kontratatuta egingo dira, jarlekuka eskaintzen den garraioa ezertan galarazi gabe.

39. artikulua.– Zerbitzu osagarriak.

1.– Herri barruan eta herriz kanpo kotxez egiteko garraio-zerbitzuak pertsonak eta horien ekipajeak garraiatzeko izango dira, eskuarki.

2.– Horrela bada, ibilgailuen gidariek bidaiariek maletak edo eta ekipaje gisako fardelak ibilgailuan eramatea onartu beharko dute, beti ere maleteroan kabitzen badira, hura hondatzen ez badute, eta horrekin indarrean dauden erregelamendu eta xedapenak hausten ez badituzte.

3.– Nolanahi ere, zerbitzuak eman behar diren herrien egoera sozio-ekonomikoaren eta bizilagunen egoeraren arabera, garraio-mota hau enkarguak egiteko ere baliatua ahal izango da, titularrak eta erabiltzaileak berariaz adosten badute, eta bidaiarien garraio-zerbitzua behar bezala eskaintzea oztopatzen ez badu. Enkarguak garraiatzeko zerbitzua pertsona bakar batek kontratatu ahal izango du; zerbitzuak abiapuntu eta helmuga bakarra izango du, eta bidaiariak eta enkarguak ezin izango dira batera garraiatu. Garraio mota hori egiteko herri barruan eta herriz kanpo kotxez egiten diren garraio-zerbitzuentzat ezarritako tarifak bete beharko dira.

40. artikulua.– Geralekuak.

Udalek, ibilgailuetan egiten den garraio-arloan ordezkaritza duten lurralde horretako elkarteei entzun ondoren, ibilgailuak bidaiari-zain itxaroteko geralekuak non ipini erabaki ahal izango dute. Horrekin batera, geraleku bakoitzean zehazki zein ibilgailu edo gehienez ere zenbat gera daitezkeen arautuko dute, baita zein eratan aparkatu behar duten eta bidaiariak zein hurrenkeratan hartu behar dituzten; horrela, ez da aukerarik izango ibilgailua askatasun osoz kontratatzeko.

41. artikulua.– Zerbitzua emateko ordutegiak eta egutegiak.

1.– Zerbitzua ondo koordinatu ahal izateko eta zerbitzu jarraitua eskaintzeko, udalek, bakoitzak bere udalerrian, lizentzien titularren ordutegi, egutegi, atseden eta urteko oporren araubidea finkatu ahal izango dute, lan arloko eta gizarte segurantzako legeak errespetatuz eta lurralde horretan ordezkaritza duten taxi arloko elkarteen iritzia entzun ondoren.

2.– Udal-ordenantzen bidez, goian aipatutako elkarteei entzun ondoren, zerbitzua antolatu ahal izateko lizentzien titularrek zerbitzua zenbat denborarako eten behar duten arautuko da.

3.– Foru aldundiek ere, aurreko paragrafoetan aipatutako alderdiak arautu ahal izango dituzte, herriz kanpoko garraio zerbitzuetan betetzeko.

42. artikulua.– Ibilgailuan eraman beharreko agiriak.

1.– Zerbitzua ematen duten bitartean, erabiltzaileek nahiz agintaritza-agenteek ikusi nahi badute ere, gidariek ibilgailuan bertan ibilgailuen gidari guztiei eskatzen zaizkien agiriez aparte, honakook eraman beharko dituzte:

a) Ibilgailuaren titularraren izenean dagoen ibilgailuaren lizentzia edo, halakorik izanez gero, bidaiarien herriz kanpoko garraio publikorako baimena.

b) Ibilgailuak gidatzeko lanean aritzeko baimena, ibilgailuaren gidariaren izenean.

c) Herri inguruko plano eta gida turistiko eguneratuak, eta sorostetxe, ospitale, klinika, anbulatorio, komisaria, suhiltzaile eta larrialdietako bestelako zerbitzuen helbideak.

d) Ordainagirien eta fakturen taloitegia.

e) Indarrean dauden tarifei buruzko informazioa, agerian.

f) Ibilgailuak zenbat jarleku dituen adierazten duen oharra.

g) Aseguru-poliza.

h) Indarrean dauden arauak; horien artean, gutxienez, Legea, Erregelamendu hau eta zerbitzua arautzen duten udal-ordenantzak.

i) Taximetroaren kontrol metrologikoko buletina eta egindako azken egiaztapenari buruzko Ibilgailuen Azterketa Teknikoko Aztertokiaren ziurtagiria.

j) Kontrol metrologikoaren etiketa, egiaztapenaren balio-epearekin, jendeak erraz ikusteko moduan jarrita.

k) Erreklamazio-orriak. Xehetasunak hurrengo atalean azalduko dira.

2.– Erreklamazio-orriak hiru aleko kalkoz osaturiko inprimakiak izango dira: ale bat administrazioarentzat, bigarrena garraiolariarentzat eta hirugarrena erabiltzailearentzat. Inprimaki horien edukia administrazio eskudunak erraztuko duen eredu ofizialera egokitu beharko da. Behin erabiltzaileak erreklamazioa egindakoan, zerbitzuaren titularrak 30 eguneko epea izango du organo eskudunari erreklamazioaren kopia bat bidaltzeko.

3.– Zerbitzu berezituetan, artikulu honetako 1. paragrafoan adierazitako agiriez gain, titularra zerbitzu bereziak emateko gaitzen duen baimena eraman beharko da ibilgailuan.

43. artikulua.– Zerbitzua ematea.

1.– Garraiolariak ezin izango dio uko egin erabiltzaileak eskatzen dion zerbitzua emateari, zerbitzu hori Legearen 4. artikuluak erabiltzaileentzat ezarritakoarekin bat badator.

2.– Garraiolariak ezin izango du lizentzia edo baimenean baimenduriko jarleku baino bidaiari gehiago eraman.

3.– Garraiolariak zerbitzua emateari uko egingo dio, baldin eta zerbitzua legez kanpoko zerbaitetarako bada, edo arriskua badu bidaiarien, gidariaren edo beste batzuen segurtasun edo osasunerako edo ibilgailuak kalteak izateko.

Garraiolariak zerbitzua emateari uko egiten badio, zerbitzua ez emateko arrazoia idatziz azaldu beharko dio erabiltzaileari, hark hala eskatuz gero.

4.– Garraiolariak ahalik eta arreta handiena jarri beharko du zerbitzuak emateko araubidea ondo betetzeko, eta gidariak gizalegez jokatu beharko du erabiltzaileekin.

44. artikulua.– Taximetroa martxan jartzea.

1.– Taximetroa, erabiltzailea ibilgailuan sartu, eta bandera edo haren ordezko elementu elektronikoa jaitsitakoan, jarriko da martxan.

2.– Nolanahi ere, ibilgailuaren zerbitzua telefonoz eskatutakoan edo-eta aurrez kontratatutakoan, taximetroa erabiltzailea hartu beharreko taxi-eremura sartzen denean jarriko da martxan, leku hori udalak ezarritako geraleku bat izan ezik. Udalek udalerria taxi-eremutan zatituko dute, eta taxi-eremu baten hasieratik eremu horren barruan bidaiariak jasotzeko edozein tokitara, ibilbiderik motzena hartuta, gehienez ere 400 m-ko aldea egongo da, ez gehiago.

3.– Helmugara iritsitakoan, taximetroa gelditu egin beharko du gidariak, eta hala egindakoan, zerbitzuaren prezioa zenbatekoa den esango dio bidaiariari; bidaiariak eskatuz gero, egindako bidaiaren ordainagiria ere eman beharko dio.

45. artikulua.– Zerbitzuaren ibilbidea.

1.– Ibilgailuen gidariek biderik motzena hartu behar dute, bidaiariak beste ibilbide bat egin nahi duela adierazi ezean, behintzat.

2.– Edonola ere, gidariaren esku ez dagoen arrazoiren batengatik (trafikoa obra edo bestelakoengatik etenda dagoelako), biderik motzena hartzea ezinezkoa bada, edo komeni ez bada, gidariak beste bide bat aukeratu ahal izango du, erabiltzaileari bide horren eta arrazoien berri emanda.

46. artikulua.– Publizitatea.

1.– Udalak publizitatea kontratatzeko baimena emateko prozedura arautuko du, eta taxi-batzordearen txostena jaso ondoren, publizitate hori egiteko era eta edukia onartuko ditu.

2.– Baimena lortutakoan, ibilgailuen lizentzia eta baimenen titularrek iragarkiak kontratatu eta erakutsi ahal izango dituzte, bai ibilgailuaren barruan, bai kanpoko aldean, honako baldintza hauekin: ibilgailuaren estetika mantentzea, ikuspena ez galaraztea, arriskurik ez sortzea, iragarkiaren edukiak Publizitatearen Lege Orokorrean ezarritakoa betetzea eta taxi-arloaren irudia ez itsustea.

3.– Herriz kanpoko garraiorako baimena soilik duten ibilgailuetako publizitatea kasuak kasuko foru aldundiak arautuko du, taxi-batzordearen txostena jaso ondoren.

47. artikulua.– Ibilgailua aldi baterako uztea.

Bidaiariak ibilgailua aldi baterako utzi beharrean gertatzen badira, eta gidariek haiek itzuli arte itxaron behar badute, berme bat eskatu ahal izango dute; berme hori honela kalkulatuko da: ordura arte egindako bidearen ordaina, gehi hirigunean ordu erdiz eta hiritik at ordu betez itxaroteagatik dagokiona. Berme horren truke ordainagiri bat eman beharko zaio bidaiariari, eta berme horren balioa agortutakoan, zerbitzua amaitutzat jo ahal izango da.

48. artikulua.– Bidaiariei itxarotea.

Bidaiariak, aparkatzeko denbora mugatua dagoen edo aparkatzea debekaturik dagoen lekuren batean itxaroteko eskatzen badio gidariari, horrek ordura arteko zerbitzua ordaintzeko eskatu ahal izango dio erabiltzaileari, eta ez du derrigor zerbitzua ematen jarraitu beharrik izango.

49. artikulua.– Moneta-trukea.

1.– Ibilgailuen gidariak 50 euro arteko txanpon edo billeteak itzultzera behartuta daude. Eta kanbiorik ez badute, taximetroa gelditu eta ibilgailutik irten beharko dute itzultzeko behar dutena eskuratzeko.

2.– Diru kopuru hori Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan sailburuaren agindu bidez aldatu ahal izango da.

50. artikulua.– Istripuak eta matxurak.

Zerbitzua jarraitzea ezinezko egiten duen istripu edo matxurarik gertatuz gero, momentu horretan taximetroak adierazten duena ordaindu beharko du, baina gutxieneko prezioa kenduta. Bidaiariak eskubidea izango du agente batek zerbitzua jarraitzeko ezintasuna egiazta dezan eskatzeko. Gainera, gidariak beste ibilgailu bat eskatu eta erabiltzailearen zerbitzura jarriko du, eta tarifa berria beste ibilgailu horretan sartzen den unetik aurrera hasiko da kontatzen.

51. artikulua.– Zerbitzu berezituak.

1.– Ohiko ibilgailu edo-eta gidariez bestelakoak eskatzen dituzten zerbitzuak edo-eta ezaugarri bereziak dituztenak joko dira zerbitzu berezitutzat.

2.– Hauek dira zerbitzu berezituak:

a) Ibilgailu eta gidarien errentamendu-zerbitzu bereziak.

b) Kotxetan egiten diren garraio erregular erabilpen berezikoak.

c) Jarlekuka eskaintzen diren garraio-zerbitzuak.

d) Populazio-dentsitate baxuko inguruetan edo landa-eremuetan egiten diren garraio-zerbitzuak.

e) Eskakizun bereziak bete behar dituzten ibilgailuekin edo-eta gidariekin egin beharreko zerbitzuak. Ibilgailuei dagokienean, ibilgailuaren potentzia, edukiera, dedikazioa, helburua eta antzekoei buruzko ezaugarri bereziak izango dituzte; eta gidariek, berriz, lanbiderako derrigorrezkoak eta berezkoak baino ezagupen maila handiagoa erakutsiko dute, beti ere lanbiderako egokiak diren arloetan.

52. artikulua.– Ibilgailu eta gidarien errentamendu-zerbitzu berezien araubidea.

1.– Ibilgailu eta gidarien errentamendu-zerbitzu berezia eskaintzeko, ezinbestekoa izango da horretan aritu behar duen ibilgailu bakoitzarentzat, horretarako gaitzen duen foru aldundiaren baimena izatea, aurretik kasuan kasuko udalaren eta lurralde historikoko taxi-batzordearen txostena jaso ondoren.

2.– Baimen hori lortzeko, era berean, beharrezkoa da bidaiariak kotxez garraiatu ahal izateko herri barruko eta herriz kanpoko garraio publikorako udal-lizentzia eta autonomia mailako baimena izatea, eta, horietaz aparte, honako eskakizun berezi hauek ere bete beharko dira:

a) Garraio eta Herri Lan sailburuaren agindu bidez ezarriko diren zilindrada, luzera, altuera, neurri, barruko ekipamendu, klimatizazio-sistema eta komunikazio-sistemei buruzko ezaugarriak izango dituen

ibilgailu bat izatea errentamendu-zerbitzu berezian erabiltzeko; edo, bestela, indarrean dagoen legerian finkatutako eskakizunak betetzen dituen ibilgailu historiko bat izatea.

b) Errentamendu-zerbitzu berezirako soilik izango den lokal edo bulego bat izatea, jendearentzako irekia. Ireki aurretik, jakina, lokal eta bulegoak irekitzeko legez ezarritako baldintzak bete beharko dira.

Kasuan kasuko udalak, eskaturiko baimenak ematea komeni denetz erabakitzeko txostena egitekoan, inguruabar guztiak baloratu ahal izango ditu, eta bereziki kontuan izan beharko ditu ibilgailua eta gidariaren errentamendu-zerbitzu bereziak eta kotxe bidezko garraio-zerbitzu arruntak desberdinak eta berezi beharreko zerbitzuak direla.

3.– Kasuan kasuko udalak eta taxi-batzordeak txostenak egindakoan, eta aurreko atalean adierazitako eskakizunak betetzen direla ikusitakoan, foru aldundiak eskatutako baimena emango du. Eta ukatu, udalerri hori dagoen inguruan dauden mota horretako baimen kopuruaren artean eta bezero izan daitezkeenen kopuruaren artean izugarrizko desproportzioa ikusten denean edo exiji daitezkeen baldintzak betetzen ez direnean soilik ukatu ahal izango da. Zerbitzu mota horren eskaintzaren eta eskariaren artean halako desoreka bat dagonean posible izango da baimenen kopurua mugatzea.

Erregelamendu honen aplikazio-eremuan, bateraezinak izango dira ibilgailu eta gidarien errentamendu-zerbitzu berezia ematea eta bidaiariak herri barruan eta herriz kanpo kotxetan garraiatzeko zerbitzu arruntak ematea.

4.– Ibilgailu eta gidarien errentamendu-zerbitzu berezia

aurrez kontratatu beharko da errentariak baimenean jasotako udalerri berean dituen lokal edo bulegoetan, eta kontratuaren kopia ibilgailu barruan eraman beharko da. Kontratazioa bulegoan bertan zuzenean nahiz edozein komunikazio-sistemaren bidez egin ahal izango da, hau da, telefono, telekopia, posta elektroniko, internet edo antzekoen bidez. Inola ere ez da onartuko ibilgailuak bide publikoetan bezero bila ibiltzea, ez eta aurrez zerbitzua kontratatu ez duenik hartzea.

Baimen mota honek, Erregelamendu honen aplikazio-eremuan, herri barruko nahiz herriz kanpoko zerbitzuak emateko habilitatuko du, beti ere ibilgailua lehendabizi aurreko atalean ezarritakoari jarraikiz kontratatu bada.

5.– Errentamendu-zerbitzu berezietan aritu beharreko ibilgailuek ezin izango dute kanpoan inolako identifikazio-ikurrik eraman, eta, eramatekotan, zerbitzu publikoko ibilgailua dela adierazten duena.

53. artikulua.– Zerbitzu berezien araubidea.

1.– 51. artikuluko b), c), d) eta e) idatz-zatietan aurreikusitako zerbitzuak emateko, beharrezkoa izango da lehendabizi kasuan kasuko foru aldundiak baimen berezia ematea, lizentzia ematea dagokion udalak eta lurralde historiko horretako taxi-batzordeak txostena egin ondoren.

2.– Eta baimena, bidaiariak herri barruan eta herriz kanpo kotxez garraiatzeko zerbitzu publikoa emateko habilitatzen duten tituluak dituztenei soilik emango zaie, 56. artikuluaren 2. paragrafoan jasotako kasuetan izan ezik.

3.– Baimena, erakunde eskudunekin edo erabiltzaileekin sinatutako kontratuan jasotako eperako emango da, eta kontratu horretan aurreikusitako eskakizunetara egokitu beharko da.

4.– Zerbitzu bereziturako baimenak, zerbitzua emateko baldintzak jaso beharko ditu, (kasuan kasuko kontratuan aurreikusitako baldintza berak), eta bereziki, egin beharreko ibilbide edo ibilbideak, zerbitzuak, abiaburu eta helmuga puntuak, eta geralekuak finkatuko ditu.

54. artikulua.– Kotxetan egiten den garraio erregular erabilpen berezikoa.

1.– Administrazioak erabilpen bereziko garraio-zerbitzu erregularra kotxean egiteko baimena emango badu, ezinbestekoa izango da zerbitzua baliatu behar duten erabiltzaileen taldea homogeneoa eta berezia izatea eta talde osoak zerbitzua gune jakin batera joateko behar izatea. Bestela ere emango dira, baldin eta, abiaburuak edo helmugak leku desberdinetan izanda ere, establezimenduak titular berarenak badira, edo antzeko jarduerakoak badira, eta aldi berean, bata bestearengandik gertu badaude edo aldeko beste inguruabarren bat gertatzen bada; baina, beti ere, argi ikusi beharko da, erabiltzaile talde homogeneo eta berezi batek baliatu behar duela erabilpen orokorrekoekin alderatuz, kualitatiboki desberdina den zerbitzu hori.

2.– Eskola-garraioko edo adin txikikoen garraioko zerbitzuak ematen direnean, garraio horien segurtasuna erregulatzeko arauek agindutako baldintza guztiak bete beharko dira.

55. artikulua.– Jarlekuka eskaintzen den garraio-zerbitzua.

Erabiltzen den jarleku bakoitzagatik ordaindu beharreko garraio-zerbitzuetarako baldintzak, (zerbitzuak hartzen duen eremuaren arabera) eskumena duten erakundeek eta ibilgailuaren titularrak horretarako sinatzen duten kontratuan jasoko dira.

56. artikulua.– Populazio-dentsitate baxuko inguruetan edo landa-eremuetan egiten diren garraio-zerbitzuak.

1.– Populazio-dentsitate baxuko inguruetan edo landa-eremuetan egiten diren garraio-zerbitzuen helburua honakoa da: Euskal Autonomia Erkidegoko zenbait ingurutan biztanle-guneak lurraldean barreiaturik daudenez, bata bestearengandik aldendurik dauden herriak elkarren artean hurbiltzea eta herri horiek garraio konbentzionala eskaintzen duten herriekin lotzea; bai eta, batetik bestera joateko zailtasun bereziak dituzten taldeei arreta eskaintzea eta beste gizarte-zerbitzu batzuekin koordinatzea. Foru aldundiek erabakiko dute bere lurraldeetan zein inguru jo populazio-dentsitate baxukotzat edo landa-eremutzat, eta horretarako bizilagunen kopurua eta banaketa geografikoa hartuko dituzte irizpidetzat.

2.– Populazio-dentsitate baxuko inguruetan eta landa-eremuetan, zerbitzu bereziturik eskaintzen ez bada edo eta bidaiariak kotxez garraiatzeko lizentziak eta baimenak dituztenei zerbitzu hori ematea interesatzen ez bazaie, posible izango da, lanbidez garraiolaria ez den eta Erregelamendu honetan ezarritako eskakizun guztiak betetzen ez dituen norbaiti ematea horretarako baimena; derrigorrezko eskakizun bakarra, zerbitzuak irauten duen bitartean erabiltzaileek kalterik izanez gero, horiek ordainduko dituen erantzukizun zibileko aseguru bat egitea izango da. Zerbitzu berezitu horretarako baimena, zerbitzuak hartu behar duen eremu jakinerako soilik eman ahalko da.

IV. KAPITULUA
TARIFEN ARAUBIDEA

57. artikulua.– Zerbitzuen tarifak.

1.– Kotxe bidez garraio-zerbitzua ematea tarifa bati lotuta egongo da, eta eskumena duen organoak aldiro errebisatu eta onartu beharko du tarifa hori. Herri barruko ibilbideetan, tarifa hori loteslea eta derrigorrezkoa izango da, bai gidarientzat, bai erabiltzaileentzat. Herriz kanpoko bidaietarako tarifa-araubide berezia zehaztuko da, eta era berean loteslea eta derrigorrezkoa izango da.

2.– Hala eta guztiz ere, posible izango da herriz kanpoko garraioak tarifaren azpitik itundutako prezioekin egitea; kasu horretan ez da taximetroa piztu beharrik izango, baina itundutako prezioa idatziz jaso beharko da, eta agiri hori kotxean eraman beharko da zerbitzuak dirauen artean.

58. artikulua.– Jarlekuka eskaintzen diren garraio-zerbitzuen tarifak.

1.– Zerbitzu berezituetarako baimenek garraio-zerbitzua jarlekuka ordaintzeko aukera finkatu ahal izango dute.

2.– Zerbitzu mota hori burutzeko baimena ematen duen kontratuan azaltzen den tarifapean egingo da garraioa, baina tarifen gainean eskumena duen organoak onartu beharko du lehendabizi.

59. artikulua.– Zerbitzu berezien tarifak.

Lizentzia baten babespean burututako garraio berezituaren tarifa garraio berezituetarako aurreikusitakoa izango da.

60. artikulua.– Osagarriak.

Gidariak, burutu beharreko zerbitzua edozein motatakoa dela ere, ezin izango dio sekula indarrean dagoen araudian edo administrazioaren baimenean aurreikusten ez den gehigarririk eskatu bezeroari; indarrean dauden tarifen araberako prezioa soilik kobratu ahal izango du.

61. artikulua.– Tarifak finkatzea.

1.– Herriz kanpoko garraiorako tarifak Eusko Jaurlaritzak finkatuko ditu, foru aldundiei, udalei (Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza handiena duen elkartearen bidez), arloko profesionalei eta erabiltzaileei entzun eta gero. Herri barruko garraioari dagokionean, udalak berak finkatuko ditu, prezioen kontrolari buruzko legeei men eginda.

2.– Tarifetan ekoizpen eta antolaketa egoera normal bateko benetako kostu guztiak sartu beharko dira: batetik, amortizazio egoki bat egiteko eta enpresarentzako arrazoizko mozkinak emateko, eta, bestetik, zerbitzua edo jarduera egoki burutu ahal izateko.

3.– Politika ekonomikoa dela-eta garraioaren prezioa ere prezioen arau orokorretan jasotako esku hartze modalitateren batean sartuta dagoenean, tarifen gainean eskumena duen organoak tarifa horiek ezarri edo aldatuko baditu, prezioak kontrolatzeko eskumena duten organoen onespena beharko du lehenengo.

62. artikulua.– Tarifak berrikustea.

Tarifak urtero berrikusiko dira, eta horretarako kostuen egituraren osagaietan izandako gorabehera nabarmenak izango dira kontuan, hau da, zerbitzuaren eta jardunaren oreka ekonomikoan eragin nabaria izan duten gorabeherak.

V. KAPITULUA
ZERBITZUEN INTERAKZIOA

63. artikulua.– Garraio-zerbitzuaren hasiera.

1.– Legearen eta Erregelamendu honen arabera udal-lizentzia behar duten zerbitzuak, lizentzia zein udalerritakoa den, udalerri horretan bertan hasi beharko dira. Herriz kanpoko garraiorako soilik diren baimenekin egiten diren zerbitzuak ere, kasuan kasuko baimenean ageri den udalerrian hasi beharko dira.

2.– Salbuespen izango dira honako zerbitzuok: zerbitzu-eremu bateratuetan eta araubide bereziko eremuetan egitekoak; aurretiazko kontratazio bidez egitekoak; indarrean dagoen legeriari jarraikiz lizentzia edo baimenik ez den inguruetan egin beharrekoak; eta bestelako zerbitzu berezituak, horiek dagokien baimenean xedatutakoa bete beharko baitute.

64. artikulua.– Zerbitzu-eremu bateratuak.

1.– Zerbitzu-eremu bateratuak kasuan kasuko foru-aldundiek mugatuko dituzte, bai beren kabuz, bai eremu horretako udalek hala eskatuta. Foru-aldundiek beren kabuz jarduten badute, ukitutako udalen % 50en onespena beharko dute gutxienez, eta, gainera, udal horiek eremuko bizilagunen % 75 hartu beharko dute.

2.– Zerbitzu-eremu bateratuak hainbat udalerritako zerbitzuen artean interakzioa edo elkarrekiko eragina dagoenean ezarriko dira, hau da, zerbitzuen antolaketa egokiak udalerri bakoitzaren interesak gainditzen dituenean.

3.– Zerbitzu-eremu bateratuetan, behar bezalako baimena duen ibilgailuak edonolako zerbitzuak egin ahal izango ditu, bai herri barrukoak, bai herriz kanpokoak. Kontua da zerbitzu-eremu horren barruan egitea, zerbitzua baimenean jasotako helbidearen udalerritik kanpo hasi edo bukatzen den kontuan izan gabe.

4.– Baimen horiek esleitzeko prozeduran udal-lizentziak emateko ezarritako eskakizun guztiak bete beharko dira, eta erabat zerbitzu-eremu bateratuaren barruan ematen diren zerbitzuek udal-lizentziei aplikatu beharreko arauak bete beharko dituzte.

5.– Lizentziak eta baimenak batera emateko prozeduran aurreikusitako arauak ere aplikatu beharko dira.

6.– Foru aldundiak, beharrezko jotzen badu, eremu horretako zerbitzua arautu eta antolatu ahal izango du, araudi orokorrari men eginda.

7.– Zerbitzu-eremu bateratuak lurralde historiko bat baino gehiago ukitzen dituenean, artikulu honen arabera foru aldundiei agindutako eginkizunak Eusko Jaurlaritzak hartuko ditu, eta horrek zuzenean burutu ahal izango ditu edo kasuan kasuko foru aldundien esku utzi.

65. artikulua.– Araubide bereziko eremuak.

Portu, aireportu, trenbide edo autobus geltoki, ospitale, azoka edo antzekoen ondorioz, edo bi udalerri edo gehiagoren arteko trafiko-interakzioa dela-eta, trafiko handia sortzen bada udalerri batzuetatik besteetara, eta trafikoaren sorburu horiek dauden udalerrietako baimen eta lizentzien titularrak nahikoa ez badira eremu horietako eskariari behar bezala erantzuteko, orduan, foru aldundiek, ukitutako udalen txostena jaso eta gero, araubide berezia ezarri ahal izango dute, beste udalerri batzuetako ibilgailuek trafikoaren sorburu diren gune horietatik abiatuko diren zerbitzuak egiteko.

VI. KAPITULUA
ERAKUNDEEN ARTEKO HARREMANAK.
LURRALDE HISTORIKOETAKO TAXI
BATZORDEAK

66. artikulua.– Erakundeen arteko harremanak.

Erregelamendu honetan arautzen diren zerbitzuen gainean eskumenak dituzten administrazioen arteko koherentzia, lankidetza eta koordinazioa bermatu ahal izateko, gaiaren inguruko konferentziak antolatuko dira. Deialdia Eusko Jaurlaritzaren barruan garraioen arloko eskumena duten organoek egingo dute, gutxienez urtean behin.

67. artikulua.– Taxi-batzordeak.

Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko bakoitzean taxi-batzorde bana sortuko dute foru aldundiek, Erregelamendu honetan ezarritakoari jarraikiz, herri-administrazioen kontsulta eta aholku organo gisa jarduteko.

68. artikulua.– Batzordekideak.

Lurralde historiko bakoitzeko taxi-batzordea osatzeko, Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiak, udalek, erabiltzaileek eta bidaiarien kotxe bidezko garraio-arloak bina ordezkari izendatuko dituzte. Udalei dagokienean, bietako bat hiriburuaren ordezkaria izango da.

69. artikulua.– Eskumenak.

1.– Legez edo Erregelamenduz eman lekizkiokeen eskumenak gorabehera, taxi-batzordeak kasuan kasuko administrazio-organoari nahitaez aholkua eman beharko dio txosten bidez, ondoren zehaztuko diren kasu hauetan:

a) Udalerri edo zerbitzuen lurralde-eremu bateratu bakoitzean gehienez ere zenbat lizentzia edo baimen izan behar diren zehazteko.

b) Zerbitzu berezituak antolatzeko.

c) Zerbitzu-eremu bateratuak eta araubide bereziko eremuak sortzeko.

d) Ibilgailuetako publizitatearen itxura eta edukia finkatzeko.

2.– Gainera, zerbitzua emateko era desberdinei, lizentzien eskualdaketari edo gaitasun-agiriei buruz interesgarritzat jotzen dituen alderdien gaineko aholkuak emango dizkie eskumena duten administrazioei, garraiolariei, langileei eta erabiltzaileei.

3.– Erregelamendu honen gaiaren inguruan edo zerbitzuak garatzeko interesgarri jotzen duen beste edozein alderdiri buruzko txostenak ere egin ahal izango ditu.

4.– Taxi-batzordearen txostenak ez dira lotesleak izango, eta hilabeteko epean egin beharko dira, hortik aurrera izapideekin aurrera egingo baita.

70. artikulua.– Funtzionamendua.

1.– Lurralde historiko bakoitzeko taxi-batzordearen lehendakaritza foru aldundiaren esku egongo da. Taxi batzordeak idazkari bat izango du. Idazkari hori ezin izango da batzordekideetako bat izan; kasuan kasuko foru aldundiaren zerbitzuko langile bat izango da.

2.– Gainontzean, taxi-batzordeak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak edo haren ordezko araudiak kide anitzeko organoentzat ezarritakoa bete beharko du, funtzionamenduari dagokionean.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana