Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

169. zk., 2002ko irailaren 6a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Agintariak eta Langileria

Osasun Saila
5023

499/2002 EBAZPENA, uztailaren 26koa, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Gipuzkoako Osasun Barrutiko Donostia Ospitaleko pertsonaleko zuzendari lanpostua betetzeko deialdi publikoa iragartzen duena.

Gipuzkoako Osasun Barrutiko Donostia Ospitaleko pertsonaleko zuzendari lanpostua hutsik dagoenez gero, zuzendaritza nagusi honek lanpostu hori izendapen askeko sistemaren bidez betetzeko deialdi publikoa egitea erabaki du, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeko 27. artikuluak eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuak xedatutakoaren ildotik. Hona hemen

OINARRIAK

Lehenengoa.– Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeei atxikitako langile finkoek (funtzionarioak, estatutupekoak edo lan-kontratudunak), Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako langileek eta enparauek eskatu ahal izango dute Gipuzkoako Osasun Barrutiko Donostia Ospitaleko pertsonaleko zuzendari lanpostua, zeinetarako deialdia ebazpen honen bitartez egiten baita, baldin eta deialdi honetako oinarriak betetzen badituzte

1.– Unibertsitate tituluduna izatea.

2.– Administrazio eta gestio-lanetan esperientzia izatea.

Bigarrena.– Eskabideak Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren Egoitza Nagusiko Giza Baliabideen Zuzendaritzan aurkeztuko dira ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean kontatzen hasi eta 10 egun balioduneko epean. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluak xedatutako eran ere aurkeztu ahal izango dira.

Hirugarrena.– Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek eskabidearekin batera curriculum vitae-a aurkeztu beharko dute. Bertan honako hauek jasoko dira:

– Titulu akademikoak.

– Egindako lanak.

–Lanbidean eta gestio sanitarioan duen esperientzia.

–Ikasketak, ikastaroak, ponentziak, argitalpenak, hizkuntzak eta aipagarri iritzitako bestelako merezimenduak.

Halaber, eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela eta aurkeztutako merezimenduak benetakoak direla egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte izangaiek eskabidearekin batera. Horiez gain, jakingarri hartzen dituzten argitalpen, txosten nahiz bestelako agiriak ere aurkez ditzakete.

Laugarrena.– Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebatziko du deialdia eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunaren biharamunean kontatzen hasi eta, gehienez, hilabeteko epean. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Bosgarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Administrazio Kontseiluari ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean kontatzen hasi eta hilabeteko epearen barruan.

Vitoria-Gasteiz, 2002ko uztailaren 26a.

Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusia,

JOSU I. GARAY IBAÑEZ DE ELEJALDE.


Azterketa dokumentala