Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

164. zk., 2002ko abuztuaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
4910

191/2002 DEKRETUA, uztailaren 30ekoa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Egitura eta Jarduerarako Araudia onartzeko dena.

Dekretu honen bidez, Zuzendaritza Nagusiari beste antolaketa exekutibo bat ematen zaio eta ondorioz, aldatu egiten da Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Egitura eta Jarduerarako Araudia onartzeari buruzko urtarrilaren 9ko 2/1991 Dekretua. Azken dekretu honek aldatu egin zuen, bere aldetik, Osalan sortzeari buruzko abenduaren 21eko 7/1993 Legea garatzeko den azaroaren 2ko 417/1994 Dekretuan Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari ezarritako egitura funtzionala.

Erakundearen barne antolaketa exekutiboa Osalanen Plan Estrategikoak 2000-2005 epealdirako ezarri dituen eskakizunei egokitzera dator aldaketa hau. 2000ko uztailaren 28ko Jaurlaritzaren Kontseiluan onartutako plan horretan erakundeak aipatu epean izango dituen jardunbiderik behinenak eta lortu nahi diren helburuak ezarri ziren.

Giza baliabideen kopurua eta erabilgarritasuna bermatzeko, aurreko ildoari jarraituz, baita ere jardueren eta inbertsioen eraginkortasuna bilatzeko, erakundearen antolaera funtzional oinarrizkoa ezartzen da proiektuak aintzat hartuta. Emaitzen berri izateko eta erabilitako baliabideak ebaluatzeko aukera emango dute horiek.

Jarduera administratiboa erabiltzaileen zerbitzura nabarmen bideratu nahiak honako hau eskatzen du, hurbiltasun geografikoaren irizpidean oinarrituz: Osalan, funtsean, lurralde historikoen inguruan antolatu beharra —horiek baitira berezko solaskideak—, beroietan egun dauden antolakundeez baliatuz. Guzti honen jasotzaileekin —alegia, enpresekin— jardun sinergia lortzea da helburua.

Lurralde mailako egitura administratibo propioa ezarri eta egituratzeak Osalanen eginkizunak modu malguagoan burutzea dakar, baliabide propioak edo hitzarmendutakoak erabiliz.

Osalanek, beste erakunde publiko batzuekin batera lan egiteko, bidezkoak diren akordioak eta hitzarmenak burutuko ditu, hain zuzen ere interes bateragarriak dituzten alorretan. Unibertsitatearekin eta Hezkuntza eta Ingurumen alorren ardura duten sailekin uztartuko da, batez ere, lankidetza hori; hala ere, irakaskuntza, ikerketa, sanitatea edo gizarte segurantzaren eremuetan eginkizun publikoak dituzten erakundeak ere barneratuko ditu.

Urtarrilaren 9ko 2/1996 Dekretuko III. kapituluari —guztiz aldatzen baitu— eragiten dionez, batez ere, aldaketa honek, bidezkotzat jo da testu berri bat erredaktatzea, dekretu hori eta oraingo aldaketak jasoko dituena.

Kontseilu Nagusiari buruzko II. kapitulua ere aldatzen du dekretu honek, eta Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea sortzeari buruzko Legea aldatzen duen ekainaren 27ko 10/1997 Legean jasotako aldaketak eransten dizkio.

I. kapitulua, Osalanen xede, eginkizun eta antolaketari buruzkoa, berdintsu geratuko da.

Ekintzen Lege Araubideari buruzko IV. kapituluak, Osalaneko langileei buruzko V. kapituluak eta ondare, baliabide, aurrekontu eta kontabilitateari buruzko VI. kapituluak bere horretan jarraituko dute, ez bada aldaketa teknikoren bat izaten dutela arau aldaketen ondorioz.

Aldaketarik behinenak, hala ere, III. kapituluari dagozkionak dira, hots, Zuzendaritza Nagusiaren menpeko organoen egitura eta eginkizunei buruzkoak; izan ere, aurrerantzean hiru zuzendariordetza izango ditu: batetik Teknikoa, bestetik Plangintza eta, azkenik, Administrazio, Antolaketa eta Giza Baliabideak. Zuzendariordetzen menpeko organoak lurraldeka egituratuko dira eta, areago, lurralde bakoitzaren barruan Unitate sektorialka.

Ondorioz, aldez aurretik Osalanen Kontseilu Nagusiak erabakiak hartu, Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Lan Harremanen Kontseilua eta interesa duten gainerako Aholku Organoak entzun ondoren, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2002ko uztailaren 30ean egindako bilkuran aztertu eta onartuta, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen egitura eta jarduerarako Araudia onartzea. Araudiaren testua dekretu honen eranskin legetxe dago.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen egitura eta jarduerarako Araudia onartzeko zen urtarrilaren 9ko 2/1996 Dekretua indargabeturik geratzen da.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2002ko uztailaren 30ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.

ERANSKINA
OSALAN-LANEKO SEGURTASUN ETA OSASUNERAKO EUSKAL ERAKUNDEAREN EGITURA ETA JARDUERARAKO ARAUDIA
I. KAPITULUA
OSALAN-LANEKO SEGURTASUN ETA OSASUNERAKO EUSKAL ERAKUNDEAREN XEDEA, EGINKIZUNAK ETA ANTOLAKETA

1. artikulua.– Izaera eta izena.

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea erakunde administratibo bat da, autonomiaduna, nortasun juridiko propioa eta jarduteko erabateko gaitasuna duena. Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari atxikita dago eta bere helburua, laneko segurtasun, higiene, ingurugiro eta osasunaren alorrean Euskal Autonomia Erkidegoko herri–agintariek ezartzen dituzten politikak kudeatzea da, laneko ingurugiroak berez dituen arriskuen iturburua errotik kendu edo gutxitu ahal izateko.

2. artikulua.– Jarduteko eremua.

1.– Osasuna babestu eta sustatzeko eskubidea eta ez diskriminatzeko eskubidea Konstituzioan jasota daudenez gero, eta politika sozialaren printzipio bat laneko segurtasuna eta higienea zaintzea denez gero, laneko osasunaren alorrean egiten diren ekintza publiko eta pribatuak langile guztiengana hel daitezen arduratuko da bereziki Osalan.

2.– Administrazio publikoak barne direla, langile enplegatuak dauden ekonomi jarduera guztietan jardungo du Osalanek. Lankide-kooperatibetan eta gainontzeko kooperatibetako lan–bazkideentzat ere jardungo du.

3.– Norbere kontura lana burutzen duten langileentzat ere, arriskuei aurrea hartzea sustatzeko ekintzak burutuko ditu.

4.– Dekretu honetan langileak aipatzen direnean, inorentzako lana egiten dihardutenak ez ezik, euskal administrazio publikoetako funtzionarioak eta euskal kooperatibetako bazkide langileak eta lan-bazkideak ere langiletzat hartuko dira. Enpresariak aipatzen direnean, bestalde, euskal administrazio publikoak eta euskal kooperatibak barne sartuko dira.

3. artikulua.– Jarduketa modua.

Osalanek hauek egingo ditu bere helburuak lortzeko:

a) Zerbitzuak kudeatuko ditu jarduteko programa eta proiektuen bidez. Programa eta proiektuok, beren baliabideak eraginkortasunez erabiltzea eta kudeaketan langileen partehartzea dute oinarri.

b) Laneko segurtasun eta osasunean ari diren agente sozialen jarduketak bultzatu eta koordinatu egingo ditu ondorioak hobeak izan daitezen, erabil daitezkeen baliabide guztiez egoki baliatuz.

c) Enpresei, langileei, enpresen elkarteei, kooperatiben federazioei, sindikatuei eta administrazio publikoei aholkuak emango dizkie.

d) Laneko arriskuak, egoera arriskutsuen mailak eta langileengan eragiten dituzten ondorioak gutxitzeko behar diren prebentzio neurriak hartzea sustatuko du.

e) Aurreko jarduketei kontrolak eta ebaluaketak egingo dizkie aldizka, sortzen diren beharren eta jarduketen eraginkortasunaren arabera egokitzapenak egiteko, uneoro.

f) Laneko segurtasun eta osasunari buruzko txostenak egin beharko ditu eskuduntzadun agintariek, Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak eta Lan Harremanetarako Kontseiluak eskatuz gero.

g) Laneko segurtasunean eta osasunean eragina duten araudi edo aholku teknikoak ematen edo berrikusten duten foroetan parte hartuko du.

4. artikulua.– Eginkizunak.

1.– Osalanek, besteak beste, eginkizun hauek edukiko ditu:

a) Laneko istripu eta gaixotasunen arrazoiak eta eragileak aztertu eta ikertzea, prebentzioari buruzko ikerketak eginez eta neurri zuzentzaileak proposatuz. Egindakoaren berri emango zaio Lan-Agintaritzari. Industri segurtasunari buruzko irizpenak emango ditu, eskuduntzadun agintariek eskatuz gero.

b) Laneko estatistikei buruzko argibideak eta datuak aztertu, landu eta prestatzea eta estatistikak egin, aztertu eta baloratzea Autonomia Erkidegoan, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistika Legean ezarritakoaren arabera. Era berean, Estatuan eta Europako Erkidegoan laneko segurtasun eta osasunaren arloan datuak biltzeko proiektatzen diren bateratutako informatika–programak garatzen eta prestatzen lagunduko du.

c) Lanean sortutako gaixotasunak eta langileen osasunean laneko arrisku eragileek izan dezaketen eragina ikertzeko epidemiologia-zaintzarako sistema ezartzea, Osasun Sailak osasun–informaziorako emandako norabideei jarraituz.

d) Laneko segurtasun, higiene eta osasunari buruzko metodoak eta teknikak ikertzeko programak egin, sustatu eta garatzea.

e) Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren bitartez, laneko segurtasun eta higieneari eta metodo ergonomikoei buruzko arauak, teknika aldetik araubidea aldatzeko ikerketak, txostenak eta proposamenak aurkeztea administrazioei, eta ikastunen, adineko langileen eta haurdunaldian edo edoskitzaroan dauden emakumeen laneko baldintzei buruzko gomendioak ematea.

f) Langileen osasunerako arriskutsuak izan daitezkeen neurrian, lanpostuen, lokalen, lantokien, lehengaien, tarteko eta azken produktuen inguruko azterketak eta txostenak egitea eta aholkuak ematea.

g) Indarrean dauden arauekin bat etorriz, lanen baldintza teknikoei, kontzentrazioen kopuruei, onartu litezkeen kutsatzaile-mugei eta horiek denak baloratzeko moduei buruzko azterketak, ikerketak, txostenak eta proposamenak aurkeztea Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari eta, hala badagokio, industri segurtasunaren ardura duten agintariei.

h) Laneko segurtasun, higiene eta osasunari buruzko planak eta prestakuntza-ikastaroak programatu, antolatu eta bideratzea.

i) Laneko arriskuei aurrea hartzeko eta osasuna sustatzeko ezagupenak eta arau praktikoak jakinaraztea lan-emaileei eta langileei.

j) Enpresetako segurtasun eta higienearen mailei buruzko kontrol orokorrak eta arlokakoak programatu eta garatzea, maila horiek igotzeko egin behar diren zuzenketetarako aholkuak emanez enpresetako legezko ordezkariei eta langileei.

k) Laguntza eta aholku teknikoa ematea enpresei, langileei, langileen elkarteei eta herri-agintariei.

l) Enpresek edo horko langileek, norbanakoaren osasunerako, zein osotasun fisikorako galgarri izan daitezkeen laneko arriskuei aurrea hartzeko arauak larriki, zein behin eta berriro urratzen dituztenean, Lan-Agintaritzari jakinaraztea.

m) Enpresetako organo teknikoei aholkuak eman eta horien jarduna ebaluatzea, laneko segurtasun, higiene eta osasunaren arloaren inguruan.

n) Laneko materialen eta erabiltzaileen arteko lotura aztertzea.

ñ) Makineria, tresneria, lan-orduak eta lanaren antolaketa langileen gaitasun fisikoei, mentalei eta sentimen-gaitasunei egokitzeari buruzko azterketak egitea.

o) Ekoizpeneko eragiketak eta prozesuak eta lan-erritmoak edo jarduketa-mailak langileen gaitasun fisikoei, mentalei eta sentimen-gaitasunei egokitzeari buruzko azterketak egitea eta irizpenak ematea.

p) Emakume langileen haurdunaldian eta edoskitzaroan kaltegarriak edo osasunaren kalterakoak izan daitezkeen laneko baldintzak aztertu eta zaintzea, hala behar izanez gero, emakumeen lana epealdi horietako beharretara egokitzeko.

q) Langileen osasunerako ondorio kaltegarriak ekar ditzaketen lan-mikroklimaren eragileak zehaztea eta horiei aurrea hartzea.

r) Osasun-agintariek emandako norabideekin edo programekin bat etorriz, langileen osasuna zaintzea, horien osasunean eraginik izan dezaketen arrisku- eta kalte-eragileak goiz aurkitu eta banatzeko.

s) Osasun-agintariek emandako norabideen edo egitarauekin bat etorriz, prebentzioko politikaren plangintza egiteko tresna izango den laneko arriskuen mapa egitea.

t) Prebentzio zerbitzuen auditoriako edo kanpo ebaluazioko eginkizunak burutzen dituzten entitateen, prebentzio zerbitzuen euren eta EAEn lan arriskuei aurre hartzerakoan eginkizun sanitarioak garatzen dituztenen sanitate jarduerez indarrean dauden arauek egozten dizkion aginpideak eta indarreango ordenamenduak leporatzen dizkion eginkizunak erabiltzea.

u) Estupefazienteak, alkoholak eta tabakoak ere, laneko segurtasun eta osasunean duten eraginari buruzko azterlan eta txostenak eginez, lanaren eremuko drogamenpekotasunak zaintzea.

v) Laneko segurtasuna, higienea eta osasuna sustatzeko eta horien inguruan prebentzioko neurriak hartzeko beharrezkoak diren eginkizun guztiak burutzea.

2.– Artikulu honetan adierazitako eginkizunak, Osasun Agintaritzarekin, Lan-Agintaritzarekin eta laneko eta segurtasun eta higienearen arloko baldintzak ikuskatzeko eta kontrolatzeko organoekin koordinatuz beteko dira. Droga gaietarako Zuzendaritzaren txostenak ere kontutan hartuko dira lanaren eremuan.

3.– Beren eginkizunetan, enpresen lanlekuetara sartzea dakarten funtzioak dituzten Osalaneko langile teknikoak herri-agintaritzaren langiletzat joko dira, eta lantokietako titularrek bertara sartzen utzi beharko diete, inolako trabarik jarri gabe. Enpresariek eta langileek lagundu egin beharko diete Osalaneko langileei beren eginkizunak ondo burutu ditzaten.

5. artikulua.– Antolaketa.

1.– Kontseilu Nagusia izango da parte hartzeko eta kontrolatzeko organoa. Araudi honen II. kapituluan arautzen da.

2.– Zuzendaritza Nagusia izango da Osalaneko zuzendaritza eta burutze organoa. Araudi honen III. kapituluan arautzen da.

II. KAPITULUA
KONTSEILU NAGUSIA

6. artikulua.– Kontseilu Nagusia.

1.– Kontseilu Nagusia, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea sortzeari buruzko abenduaren 21eko 7/1993 Legeko 6. artikuluan, eta ekainaren 27ko 10/1997 Legean —aurrekoa aldatzen duenean— berataz egindako erredakzioan ezarritakoaren arabera, honako hauek osatuko dute:

a) Lehendakari: Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko sailburuordea, gai horretan aginpidea duenez gero.

b) Lehendakariorde: Osasun Saileko sailburuordea, gai horretan aginpidea duenez gero.

c) Bokal:

– Gizartearen aldetik, sindikatuetako bost ordezkari, sindikatuen hauteskundeetan lortutako ordezkatze-mailaren arabera; eta organoa eratu edo eraberritzerakoan Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako zerbitzura lan egiten dutenen lan ordezkarien eta enpresa batzordeko kideen %10a lortu duten sindikatuak ere aintzat hartu beharko dira ordezkariok aukeratzerakoan, betiere kontuan hartuz Eusko Jaurlaritzak egindako konputua eta homologazioa eta lortu duten ordezkaritzaren arabera.

– Enplegu-emailearen aldetik: aplikagarriak diren arauen arabera Autonomia Erkidegoan ordezkatuta dauden enpresari elkarteen ordezkari diren hiru kide; Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Nagusiko ordezkari bat, eta beste bat Eusko Jaurlaritzak izendatuta, udaletxeei eta foru aldundiei hitza eman ondoren.

– Gaian aginpidea dutenez: bi Osasun Saila ordezkatuz, horietako bat lehendakariorde izango dela; eta hiru kide Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila ordezkatuz.

2.– Kontseiluko idazkariaren eginkizunak kontseiluak berak izendatutako lagun batek beteko ditu, Kontseiluko kidetzat jo daitekeela edo ez. Izendatutako idazkaria ez bada Kontseilu Nagusiko kidetzat jotzen, hitza baino ez du izango.

Idazkaria gaixorik, une jakin batetan egon ez edo bere lanpostua hutsik balego, Kontseilu Nagusiak izenda dezanak beteko du bere lekua.

3.– Zuzendari nagusia Kontseilu Nagusiko bilkuretan izango da, eta hitza izango du, baina ezingo du botorik eman, ordea.

4.– Kontseilu Nagusiko bokalak Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren aginduz izendatuko eta kargugabetuko dira, eraginpean dauden erakunde eta administrazioek proposatuta.

Artikulu honen 1 zenbakia duen puntuaren c) idatz-zatiaren bigarren lerroaldean aurreikusitako ordezkaritzarako, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzarako alegia, proposamena egitea Ogasun eta Herri Administrazio sailburuari dagokio.

5.– Karguan inor ez egotea, karguduna kanpoan nahiz gaixorik egotea edo legez jasotako beste gorabehera batzuk gertatuz gero, Kontseilu Nagusiko kideak izendatzeari buruzko Aginduan ezarritako moduan ordezkatuko dira lehendakaria eta lehendakariordea.

7. artikulua.– Eginkizunak.

Hona hemen Kontseilu Nagusiaren eginkizunak:

a) Zuzendaritza Nagusiak proposatzen duen jarduketa programa onartzea, non deskribatuko baitira Laneko segurtasun, higiene, ingurugiro eta formazioaren alorretako proiektuak.

b) Osasun Sailak laneko osasunaren arloan proposatzen duen jarduketa-programari buruzko informazioa ematea.

c) Zuzendaritza Nagusiak proposatzen dion Osalaneko Plan Estrategikoa buruzko informazioa ematea, Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu baino lehen.

d) Osalanen plangintza eta programaketa ekintzak bultzatzea.

e) Programak gauzatzeari eta zerbitzuak kudeatzeari buruzko kontrola eta zaintza; Zuzendaritza Nagusiak behar diren argibide guztiak emango dizkio eginkizun hori burutzeko.

f) Osalanen aurrekontuen aurre-egitasmoa proposatzea Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari.

g) Urteko txostena onartzea, urteko lehen hiruhilabetekoan Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari bidaltzeko.

h) Proposamenak eta eskariak aurkeztea Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari eta Osasun Sailari.

i) Barne-jarduerari buruzko araudia onartzea.

8. artikulua.– Lehendakaria.

Hona hemen Kontseilu Nagusiko lehendakariaren eginkizunak:

a) Kontseiluaren ordezkaritza organikoa edukitzea.

b) Ohiko bilkura eta ezohikoetarako deialdia erabakitzea eta eguneko gai-zerrenda ezartzea, betiere, Kontseiluko kideek, aldez aurretik eta denbora nahikoaz, egindako eskariak kontutan hartuta.

c) Bilkuretan lehendakaritza lanak egitea, eztabaidak bideratzea eta, arrazoiak egonez gero, etetea.

d) Berdinketarik egonez gero, bere botoaz erabakitzea.

e) Kontseiluaren ekintzak eta erabakiak ikuskatzea.

f) Hartzen diren erabakiak bete eta gauzatzen diren zaintzea.

g) Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari eta Osasun Sailari Kontseiluan hartutako erabakien berri ematea.

h) Kontseiluko lana antolatzeko behar diren erabakiak eta neurriak hartzea.

i) Kontseiluko lehendakari izateagatik bete behar dituen gainerako eginkizunak.

9. artikulua.– Eraketa eta bilerak.

1.– Lehenengo deialdian Kontseilu Nagusiak balioa izan dezan, kontseiluko kideen erabateko gehiengoaren quoruma beharko da, betiere, bertan badaude edota ordezkatuta badaude, edota, gutxienez, kontseiluan ordezkatuta dauden erakunde eta antolakunde bakoitzeko kide bat badago.

2.– Bigarren deialdian, aldiz, quoruma kideen herenak bete beharko du.

3.– Dena dela, Kontseilua eratzeko lehendakariak eta idazkariak egon beharko dute, edota horien ordezkoek.

4.– Kontseilua, gutxienez, hiru hilerik behin bilduko da ohiko bilkuran, eta ezohikoan, lehendakariaren ustez komenigarria den guztietan, edo, gutxienez kideen laurdenak proposatzen badu.

10. artikulua.– Bilkuretarako deia.

1.– Lehendakariak, idazkariaren bitartez, Kontseiluko kide guztiei dei egingo die, gutxienez, ohiko bilkura egin baino hamar egun lehenago eta ezohiko bilkura egin baino hiru egun lehenago.

2.– Jakinarazpenean lehenengo eta bigarren deialdiak, eguneko gai-zerrenda eta horko gaiei buruzko agiriak jaso beharko ditu.

Lehenengo deialdiaren eta bigarren artean gutxienez ordu bateko tartea jarri beharko da.

3.– Berariaz eta idatziz bokalen batek beste helbideren bat adierazi eta lehendakariak hori onartzen duenean salbu, Kontseiluan ordezkatuta dauden erakunde edo antolakundeen helbide ofizialetan jakinaraziko dira deialdiak.

11. artikulua.– Erabakiak hartzea.

1.– Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea sortzeari buruzko abenduaren 21eko 7/1993 Legeko 8 bis artikuluan ezarritakoaren arabera, Kontseilu Nagusiaren erabakiak, bilerara joandako kideen gehiengo arruntez hartuko dira, betiere organoa balio osoz eratuta badago.

Gai bakoitzeko bozketa bat egingo da. Berdinketarik egonez gero, lehendakariak erabakiko du bere botoaren bidez.

2.– Hartutako erabakiekin bat ez datozen kideek euren boto partikularra eman dezakete, aztertutako gaiaz duten iritzia azalduz. Hartutako erabakiarekin batera agertuko da boto hori.

3.– Gai zerrendan jasotzen ez den gairik ezingo da aztertu edo erabaki, bai, ordea, Kontseilu Nagusiko kide guztiak bertan daudela, gehiengoaren botoaz gai hori presazkoa dela erabakitzen den kasuetan.

12. artikulua.– Kontseilu Nagusiko idazkari nagusia.

1.– Hona hemen idazkariaren eginkizunak:

a) lehendakariaren aginduz, bilkuretarako deia egitea eta Kontseiluko kideei zitazioak egitea.

b) Kideek Kontseilu Nagusiari egindako komunikazioak jasotzea, eta ondorioz, jakinarazpenak, datu eskariak, zuzenketak edo bere ardurapeko gainontzeko idazkiak.

c) Kontseiluko bilkurak prestatzea eta bilkuretako aktak idaztea.

d) Akten liburuaren ardura izatea eta zaintzea.

e) Kontseiluko erabakiekiko segimendua egitea.

f) Onartutako erabaki, kontsulta eta irizpenei buruzko egiaztagiriak egitea.

g) Kontseiluari administrazio eta teknika mailako laguntza ematea.

h) Idazkari izateagatik dituen gainerako eginkizunak, edo berariaz delegatzen zaizkionak.

2.– Idazkariak, Kontseilu Nagusiaren bilkuren ondoren, akta bat idatzi beharko du, hau jaso beharko duena:

a) bilkuran egon diren lagunen izenak, eguneko gai zerrenda, bilkura non eta noiz egin den, azterketaren puntu nagusienak, bozketa nola egin den eta emaitza eta hartutako erabakien edukia.

b) Dauden ordezkaritzek egindako adierazpenak, laburtuta. Hartzen den erabakiarekin ados ez dauden kideen boto partikularra ere jasoko da. Hartutako erabakiari erantsiko zaizkio horiek.

c) Bilkura noiz bukatu den.

d) Zerbaitegatik bilkurarik egiten ez bada, idazkariak, berak eta lehendakariak izenpetuta, jaso egingo du hori, zergatik egin ez den azaldu beharko du, eta, beharrezkoa bada, bertaratu direnen izena eta agertu ez izanaren arrazoiak azaldu dituztenen izenak ere aipatu beharko ditu.

3.– Aktak orduan bertan edo hurrengo bilkuran onartuko dira eta baimena idazkariak emango du, lehendakariaren oniritziaz.

4.– Aktak, onarpena eta baimena emanda, akten liburuan sartuko dira.

13. artikulua.– Batzorde zientifiko-teknikoak.

1.– Osalan sortzeari buruzko abenduaren 21eko 7/1993 Legearen 4.4. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, batzorde zientifiko–teknikoak sor daitezke, Kontseilu Nagusiko kideen gehiengo arruntak erabakitzen badu. Erabakian batzorde bakoitzaren zertarakoa eta iraupena zehaztuko dira.

2.– Batzorde horiek aparteko kasuetan eratuko dira. Aditu direnek osatuko dituzte, adituok Kontseilukoak izan daitezkeela. Ordezkarien eta/edo kanpoko lagunen zenbatekoa Kontseilu Nagusiak erabaki beharko du gehiengo arruntez.

3.– Laneko segurtasun, higiene, ingurugiro eta osasunaren alorrean, erakundearen helburuak ahalik eta ondoen lortzeko Kontseilu Nagusiak egokitzat jotzen dituen ikerketa eta analisi espezifikoak egin beharko dituzte batzorde horiek.

4.– Kontseilu Nagusiari, batzorde zientifiko–teknikoen berri izan dezan, batzordeen jarduketari buruzko txosten bat bidaliko dio Kontseiluko idazkariak.

14. artikulua.– Kontseilu Nagusiko Batzordeak.

1.– Osalan sortzeari buruzko abenduaren 21eko 7/1993 Legearen 8. artikuluan (aurrekoa aldatzen duen ekainaren 27ko 10/1997 Legean artikulu horri egindako erredakzioan) xedatutakoarekin bat etorriz, Kontseilu Nagusiak batzorde bereziak sor ditzake bere helburuak hobeto lortzeko.

2.– Batzordeak eratzeko erabakian, baita ere izaera horrekin sor daitekeen edozein organoren eratze erabakian, nortzuk osatuko duten zehaztuko da. Osalan sortzeari buruzko abenduaren 21eko 7/1993 Legearen (10/1997 Legez aldatutako testua) 6.2 a) artikuluak aipatzen dituen sindikatu guztien presentzia ezarriko da.

3.– Lurralde historiko bakoitzeko, batzorde bat era daiteke, Kontseilu Nagusiak ematen dituen jarraibideen pean egongo dena. Bere eginkizuna Osalaneko jarduketa programak eta helburuak tokian tokiko lurralde historikoan betetzen diren zaintzea izango da.

4.– Lurralde batzorde horietako kideak Kontseilu Nagusiak izendatuko ditu, sindikatuek, enpresen elkarteek, Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Nagusiak, administrazio publikoek, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak eta Osasun Sailak proposatuta.

5.– Lurralde batzordeek Kontseilu Nagusiari kontuak emango dizkiote eta, gutxienez, sei hilabeterik behin, txosten bat aurkeztu beharko diote, programak kasuan kasuko lurralde historikoan zenbateraino gauzatu diren azaltzen duena. Txostena Kontseilu Nagusiak onartuko du.

6.– Batzorde horien jardunbidea eta bazkideen eskubideak eta betebeharrak Kontseilu Nagusiak arautuko ditu.

15. artikulua.– Kontseilu Nagusiko kideen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Kontseilu Nagusiko kideek, beren jardueran, eskubide hauek dituzte:

a) Ohiko bilkurarako gutxienez hamar egun lehenago eta ezohiko bilkurarako gutxienez hiru egun lehenago, batzarrerako deia eta gai zerrenda jasotzeko eta epe horretan, bilkuran landuko diren gaiei buruzko informazioa edukitzeko.

b) Bilkuretako gaietan parte hartzeko.

c) Bozkatzeko eskubidea erabiltzeko eta botoaren zentzua azaltzeko. Halaber, Kontseiluko kideren bat gehiengoak hartutako erabakiarekin ados ez badago, boto partikularra emateko eskubidea edukiko du, araudi honen 11.2 artikuluan jasotakoaren arabera.

d) Kontseiluko lehendakariaren bitartez, kontseiluak ez dituen datu eta agiriak, bere eginkizunak burutzeko beharrezko dituenak, eskatu eta lortzeko.

e) Erreguak eta galderak egiteko.

f) Kontseiluko kide izateagatik ez da ordainduko. Dena dela, bere eginkizunak burutzean sortzen diren gastuengatik kalte-ordaina jasotzeko eskubidea edukiko da.

g) Kontseiluko kide izateagatik dagozkion gainerako onurabideak izateko eskubidea.

2.– Hona hemen Kontseilu Nagusiko kideek bete beharrekoak:

a) Bileretara joatea, halabeharrezko kasuetan salbu edo justifikatutako beste arrazoi batzuengatik denean salbu. Bileretara joatea ezinezkoa denean lehendakariari adierazi beharko zaio idatziz eta aurretiaz, denbora nahikoaz.

b) Kontseiluaren iritziz isilpekoak diren gaiak ez kaleratzea.

3.– Kontseiluko kideren bat, justifikatu gabe, bost bileratara jarraian agertzen ez bada, lehendakariak interesdunari bere agertze ezak justifika ditzala eska diezaioke, eta egiten ez badu, dagokien erakundeei kide hori bere ordezkaritzatik ken dezala eska diezaieke.

4.– Organo kolegiatuentzat azaroaren 26ko 30/1992 Legeko (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa) II. tituluko II. kapituluan ezarritakoa aplikatuko zaio Kapitulu honetan aurreikusi ez denari.

III. KAPITULUA
ZUZENDARITZA NAGUSIA
1. ATALA.– ZUZENDARITZA NAGUSIA

16. artikulua.– Horniketa.

1.– Osalaneko Zuzendaritza Nagusiko buru zuzendari nagusia izango da, Eusko Jaurlaritzan goi kargua eta zuzendari maila duena. Eusko Jaurlaritzaren dekretu-bidez izendatu eta kargugabetuko da, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak proposatuta eta Kontseilu Nagusian ordezkatuta dauden erakundeei kontsulta egin ondoren.

2.– Karguan inor ez egotea, karguduna kanpoan nahiz gaixorik egotea edo legez jasotako beste gorabehera batzuk gertatuz gero, Osalaneko zuzendari nagusia, bere eskuduntza guztiez, dekretu honen 18. artikuluan adierazitako zuzendariordetzen arduradunek ordezkatuko dute, aipatzen den hurrenkerari jarraituz.

17. artikulua.– Eginkizunak.

1.– Osalan sortzeko Legean jarritako eginkizunak burutu beharko ditu, bai eta indarrean dauden legeetan ezartzen zaizkionak ere. Zehazki, eginkizun hauek edukiko ditu:

a) Erakundearen zentro, zerbitzu eta unitate guztien jarduera zuzentzea, jarduera hori programa eta proiektuetako helburuak lor daitezen bultzatuz eta Osalaneko helburuak bete daitezen bideratuz, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak emandako jarraibideen arabera eta Kontseilu Nagusiaren erabakien arabera.

b) Osalaneko langilearen buruzagitza gorena izatea, langileengan ekimena eta partehartzea eraginez, eta erakundearen helburu eta jardunetan eurek ere erantzukizun proportzionala har dezatela eraginez. Langileen prestakuntza jarraikorra zaintzea eta euren lanbidean gora egin dezatela erraztea.

c) Osalaneko aurrekontuen aurre-egitasmoa egitea eta idaztea, Kontseilu Nagusiari eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari aurkezteko.

d) Osalanen gastuei baimena ematea eta ordainketak agintzea, bai eta erakundearen ekonomia-eskubideak administratzea, kudeatzea eta gauzatzea ere, dagozkion arauetan ezarritakoaren arabera.

e) Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen kontratazio organo legez aritzea.

f) Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea legez ordezkatzea.

g) Osalaneko programak betetzeko, Kontseilu Nagusiari nahitaez irizpena eskatuta, hitzarmenak eta akordioak izenpetzea erakunde publiko eta/edo pribatuekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan ezarritako arau orokorren esparruan.

h) Ekintzen urteko txostena gauzatzea, urteko lehen hiruhilabetekoan Kontseilu Nagusiari bidaltzeko.

i) Osalanen urteroko Kudeaketa Plana Kontseilu Nagusiari aurkeztea, Erakundearen estrategiako programak eta proiektuak oinarri hartuta.

j) Laneko osasunaren alorrean Osasun Sailak proposatutako jarduketarako programa onartzea, aurkezten denetik hasita bi hilabeteko epean eta Kontseilu Nagusiak txostena egin ondoren, hain zuzen ere urteroko Kudeaketa Plana Kontseilu Nagusiak onartu eta gero programa plan horretan sartzeko.

k) Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari, Osasun Sailari eta Kontseilu Nagusiari beren eginkizunak betetzeko behar duten adina argibide ematea.

l) langileen osasunerako galgarri izan daitezkeen laneko arriskuei aurrea hartzeko arauak larriki edo behin eta berriro urratuz gero, Lan-Agintaritzari jakinaraztea.

m) Proposamenak hasierazi eta izapidetzeko ardura duten unitateetatik datozen proposamenei erabakia ematea, Erakundearen eginkizunei buruzko espediente administratiboetan. Dekretu honetako gehigarrizko xedapenetatik bigarrenean agindutakoa salbuespen izango da.

n) Osalaneko langileei baimena ematea foru, batzorde edo erakunde aholkularietan parte hartzeko, partaidetza horrek Erakundearen maila baldin badauka.

ñ) Osalani jarritako helburuak betetzeko beharrezkoak izanda, beste organoren batzuei izendatu ez zaizkien aginpideak gauzatzea.

2.– Halaber, zuzendari nagusiak, erakunde administratiboen artean lankidetza egon dadin zainduko du, bereziki Lan eta Osasun Agintaritzen artean eta Lan, Gizarte Segurantza eta Osasun Ikuskaritzaren artean.

2. ATALA.– BESTE ORGANO ADMINISTRATIBO BATZUK

18. artikulua.– Egitura.

Osalaneko Zuzendaritza Nagusiak hiru zuzendariordetza dauzka: Zuzendariordetza Teknikoa, Plangintza Zuzendariordetza eta Administrazio, Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendariordetza.

19. artikulua.– Zuzendaritza Batzordea.

Zuzendari nagusia buru dela, Zuzendaritza Batzorde bat egongo da, aholkulari moduan, Erakundea kudeatzerakoan lagunduko diona. Bere osaera zuzendari nagusiak zehaztuko du Erakundearen langileen artean.

Bere eginkizunak zuzendari nagusiak ezarriko ditu eta, koordinazio eta lankidetzaren bidez, Erakundearen kudeaketa indartzeko eta Osalanen helburuak lortzen eraginkortasuna sendotzeko bideratuko dira. Halaber, bere eginkizunen artean egongo da Erakundearen harremanak hobetzea, barrukoak nahiz barnekoak, eta Erakundearekiko iritzia hobetzea.

20. artikulua.– Zuzendariordetza Teknikoa.

1.– Zuzendariordetza Teknikoaren eginkizunen artean, Osalaneko Zuzendaritzak izenda diezazkiokeenaz gain, hauek daude:

a) Enpresen, bertakoen edo kontratatuen lan-osasunerako organo prebentiboen jarduera indartzea, teknika eta administrazio mailako laguntzaz.

b) Laneko sektore eta esparruetan dauden arrisku-gune nagusienei buruz ezagupen eraginkorra lortu eta mantentzea.

c) Ikerketak, txostenak eta aholku–lanak egitea, langileen osasunerako arriskutsu izan daitezkeen lanpostu, lokal eta lanlekuei buruz, bai eta, lehengai, produktu berri, tarteko produktu eta azken produktuei eta teknologia berriei buruz, laneko materialen osagaien eta horiek erabiltzen dituzten langileen arteko erlazioa aipatuko delarik.

d) Laneko istripuen arrazoiak eta eragileak aztertu eta ikertzea, eta prebentziorako neurriak eta zuzentzaileak jartzea eta Lan-Agintaritzari jakinaraztea.

e) Lan-emaile eta langileei informazioa eta prestakuntza ematea, laneko arriskuei aurrea hartzeko eta osasuna babesteko ezagupen eta gaitasunen inguruan.

f) Laneko segurtasun, higiene eta ingurumenari buruzko metodo eta teknikak sustatu, gertatu, lagundu eta garatzea.

g) Enpresetan segurtasun eta higiene mailei buruzko kontrolak egitea eta sustatzea. Enpresariei, langileei eta ordezkariei aholkuak ematea maila horiek hobetzeko neurriei buruz.

h) Makineria, tresneria, lan-orduak eta lanaren antolaketa langileen gaitasun fisikoei, mentalei eta sentimen-gaitasunei egokitzeari buruzko azterketak egitea eta sustatzea, ekoizpen eragiketak eta prozesuak sartuz eta lan erritmoak eta jarduera mailak sartuz.

i) Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari, eta, behar izanez gero, aginpidea duten beste agintaritza batzuei analisi, azterketa eta txostenak egitea, langileen baldintza teknikoen gainean eta langileek laneko arriskuetan aritzeko mugen gainean.

j) Enpresetan, aplika daitezkeen prebentzioko arau teknikoak, hitzarmenekoak zein Erkidego edo Estatukoak, jartzen laguntzea.

k) Laneko segurtasun, higiene eta osasunari buruzko planak eta prestakuntza-ikastaroak programatu eta garatzea.

l) Lan munduko agintariek hala eskatuta, laneko arriskuei aurre hartzeko alorrean prestakuntza entitateen baimen eskabideak informatzea indarreango legeen arabera, eta eskabideon jarduera kontrolatu eta ebaluatzea.

m) Urteko Planetik burutzea dagozkion programa eta proiektuak gauzatzea.

n) Laguntza teknikoa ematea beste organo administratibo batzuei, industria segurtasunaren gainean eskuduntza duen agintaritzari eta Agintaritza Judizialari. Enpresei, langileei eta bere erakundeei laguntza eta aholku teknikoa ematea.

2.– Zuzendariordetza honen menpe egongo dira lurralde zentroetako arduradunak, unitate sektorial teknikoetako arduradunak eta Higiene Analisien Laborategia.

21. artikulua.– Plangintza Zuzendariordetza.

1.– Zuzendariordetza honen eginkizunen artean, Osalaneko Zuzendaritzak izenda diezazkiokeenez gain, hauek daude:

a) Enpresetan Laneko Osasunean prebentziorako kultura sartzea, enpresako kalitaterako estrategia eta planetan erabateko garrantzia duenez gero, prebentzio ezak dakartzan kanpora-jotzeak kontuan hartuta.

b) Osalanen plan estrategikoa egitea eta, urteroko kudeaketa planak burutu eta exekutatuz, planaren ezartzea kontrolatzea.

c) Laneko osasun-metodo eta -teknikei buruzko ikerketa programak bultzatzea, egitea, laguntzea eta garatzea.

d) Batez ere segurtasun, higiene eta metodo ergonomikoei buruz, zaintzarako protokoloak eta araudia ezartzen lankide izatea Erkidegoko edo Estatuko beste erakunde publiko batzuekin. Haurdunaldi eta edoskitzaroan dagoen emakume langilearen eta ikastun eta langile helduen lan-baldintzei buruzko aholkuak ematea. Banakoaren eta taldearen lan-osasuna hobetzeari begira, agente sozialekin eta erakunde zientifiko eta irakaskuntzako erakundeekin foroetan lankide izatea, kultura zientifiko-laborala hedatu eta sakontzeko.

e) Eskuduntza duten agintariek hala eskatuta, prebentzio sistemen pertsona eta entitate auditoreen baimen eskabideak eta norberenak ez diren prebentzio zerbitzuen kreditazioa informatzea indarreango legeen arabera, eta eskabideon jarduera kontrolatu eta ebaluatzea.

f) Laneko istripuei buruzko informazioa eta datu estatistikoak prestatzea, eta gero, ikertu, baloratu eta argitaratzea, Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika-planekin lankidetzan aritzeaz gainera. Estatistikak egiten laguntzea Estatuan eta Erkidegoan.

g) Egon daitezkeen aldaera esanguratsu guztiak kontutan hartuta, Lan-Osasunean prebentziorako informaziorako sistema estrategiko bat taiutu, ezarri eta mantentzea eta sistema hori etengabe egokitzea, egoera sozial eta lanekoaren eboluzioaren arabera.

h) Lanean sortutako gaixotasunetarako epidemiologia zaintzarako sistema eraginkor bat jartzea eta mantentzea, langileen osasunari egindako ebaluazioak arrisku eragileekin erlazionatuz.

i) Langileen osasunerako kalteak ekar ditzaketen laneko mikroklimaren eragileak detektatu eta prebenitzea.

j) Langileen osasuna zaintzea, arrisku eta hondatze eragileak goiz detektatzeko, batez ere haurdunaldian edo edoskitzaroan dagoenean emakumeak dituen lan eta ingurugiro baldintzei arreta jarriz, eta beharrezkoa izanez gero, emakumearen jarduera aldi baterako egokitzea bultzatuz.

k) Laneko gaixotasunen arrazoiak eta eragileak aztertu eta ikertzea, prebentzioko neurri zuzentzaileak proposatuz eta egindakoaren berri Lan-Agintaritzari emanez.

l) Prebentzio Zerbitzuen eta auditoriak gauzatzen dituzten entitateen jarduera sanitarioei buruzko txostenak eman eta horretaz erabakiak hartzea, ebazpen proposamena eskuduntzadun agintariei igorriz. Horretaz gain, Prebentzio Zerbitzuentzat eta auditoria entitateentzat ezarritako baldintza sanitarioei eusteari dagozkion ebaluazio-, kontrol- eta gainbegiratze-eskuduntzak erabiltzea.

m) Osasun-protokolo espezifikoak egin eta onartzea, langileen osasuna zaintzeko jardueretarako irizpideak ezartzeko. Osasun Sailari, zuzendari nagusiaren bidez, bere ardurapeko gaietarako araudia era dezala proposatzea.

n) Osasun Sailak emandako jarraibideen arabera, laneko arriskuen mapa egitea, prebentzioaren plangintza egiteko tresna den aldetik.

ñ) Drogetarako zaletasuna kontrolatzen eta gutxitzen lan egitea; eta, horretarako, Lan munduan dagoen drogamenpekotasunari buruzko azterketak egitea, osasunean eta lan jardueran duen eragina neurtuz eta Droga Gaietarako Idazkaritzak egindako txostenak kontuan hartuta. Prebentziorako eta birgaitzeko neurriak ere proposatu beharko ditu.

2.– Zuzendariordetza honen menpe egongo dira lurralde zentroetako arduradunak, Laneko Osasun Unitatea, Informatika Unitatea eta Plangintza eta Kreditazioak Unitatea.

22. artikulua.– Laneko Osasun Unitatea

1.– Laneko Osasun Unitatea Plangintza Zuzendariordetzaren menpe egongo da. Unitate hori Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea sortzeari buruzko abenduaren 21eko 7/1993 Legearen 11. artikuluan dago jasota.

2.– Organikoki Osalanen sartuko bada ere, eginkizunei dagokienez Osasun Sailaren menpe egongo da. Bere eginkizunak burutzean, Osasun Agintaritzaren izaera edukiko du.

3.– Unitate honen eginkizuna Osasun Sailak osasun publikorako dituen osasun-politikekin lotune izatea da eta Laneko Osasunaren alorrean Osasun Sailak aurkeztutako jarduketa programa betetzen den zaintzea.

4.– Prebentzioaren inguruko kultura hedatzeari ekingo dio, enpresaren eta erakundeen alorretan informazioa areagotzea eta bidera dezaten baliabideak diseinatuz eta garatuz; eta informazio sistemak egokitzea ebazpenak hartu eta prebentzio kudeaketari laguntzeko.

5.– Informazio Sistemaren Unitatea sortzen da, eta Laneko segurtasun eta osasunaren alorretan prebentzioa helburu duen informazio estrategikorako sistema diseinatzeaz, ezartzeaz eta mantentzeaz arduratuko da. Lan osasuneko informazio sanitarioari buruzko sistema dago atxikita unitate horri.

6.– Laneko Osasun Unitatearen beren-beregiko eginkizunak aurreko artikuluko f) letratik ñ) letrara arte zehaztutakoak dira. Analisi klinikoen laborategia atxikiko zaio, horrekiko menpetasun organikoa eta funtzionala izango duela; eta Informazio Sistemen unitatea ere atxikiko zaio.

23. artikulua.– Administrazio, Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendariordetza.

1.– Zuzendariordetza honen eginkizunen artean, Osalaneko Zuzendaritzak izenda diezazkiokeenaz gain, hauek daude:

a) Osalaneko giza-baliabideak behar den moduan erabiltzeko bideak —sektoreari aplika dakizkiokeenak— ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eremuan; eta giza-baliabideen alorrean sailari baimendutako berariazko beste neurri batzuk ere ezartzea.

b) Osalanen kultura enpresariala kudeatzea, inguruko baldintzetara egokituz.

c) Erakundeko arduradunei barne kudeaketarako metodoak eta prozedurak eskuratzea, helburuak lortzea errazteko.

d) Erakundearen helburuekin eta antolakuntzarekin langileak ahalik eta gehien integratzeko, feed-back bidezko informaziorako eta elkarrizketarako bideak eta prozedurak ezartzea.

e) Kalitaterako modulu bat taiutu, ezarri eta mantentzea, Erakundeak ematen dituen zerbitzuen kalitatea etengabe hobetzeko beharrezko diren tresnak eskura diezazkien unitate eta zerbitzuei.

f) Osalaneko ekonomia-baliabideak kudeatzea, gastuaren legezkotasuna, zerbitzuen errentagarritasuna eta zerbitzuon kostea ahalik eta gehien hobetzearen printzipioak oinarritzat hartuta.

g) Erakundearen jarduerarako beharrezkoak diren zerbitzuak eta ondasunak erostea proposatzea.

h) Osalanen azpiegituraren mantentzea ahalik eta ondoen hobetzea eta egitura hori Osalanen eginkizunetara etengabe egokitzea.

i) Programa eta proiektuei jarraipena eta ekonomia-ebaluazioa egitea helburuak bete direnentz jakiteko, beren kostea hobeto ezagutzeko eta horien ardura dutenei erabakiak hartzea errazteko, alor horretan Ekonomia Kontrolerako Bulegoak dituen eskuduntzak aintzat hartuz.

2.– Zuzendariordetza honen menpe egongo dira lurralde zentroetako arduradunak eta Administrazio Unitateko arduradunak.

3. ATALA.– ORGANO PERIFERIKOAK

24. artikulua.– Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Lurralde Zentroak.

Osalanen oinarri dira, EAEko hiru lurralde historikoetan, sustatze jardueretan eta aholku eta kontrol lanetan. Beren egitekorik nagusiena zerbitzua bideratzea da zerbitzua erabiltzailerik behinenengana hurreratuz eta proiektuak gauzatzeko behar diren baliabideak kontzentratuz.

25. artikulua.– Lurralde Zentroko arduradunak.

1.– Lurralde Zentro bakoitzak arduradun bat izango du. Zuzendari nagusiaren menpetasun hierarkikoa izango du, eta eginkizunei dagokienez zuzendariordetzen menpe.

2.– Arduradun horien eginkizunak:

a) Lurralde zentroaren barne zerbitzuak eta lan sistemak zuzendu eta antolatu, eskuduntza duten organoek ezarritako arauen arabera.

b) Lurralde Zentroaren jarduerak programatu, sustatu, zuzendu, koordinatu eta kontrolatu, eskuduntza duen zuzendariordearen aginduen arabera.

c) Lurralde zentroa administratu aurrekontu exekuzioari dagokionez, eta zentroari atxikitako langileak antolatu eta kontrolatu, beste organo batzuei dagozkien eskuduntzak kontuan izanik.

d) Hierarkian eta eginkizunetan lurralde zentroen gainetik dauden organoei euren eskuduntzapeko alorretako jarduera-planak, -proiektuak edo –instrukzioak proposatu.

e) Lurralde Historikoan Osalanen Zuzendaritza Nagusia ordezkatzea.

f) Beren-beregi egotz dakizkion beste eginkizun batzuk.

3.– Arduraduna gaixorik, une jakin batetan egon ez edo bere lanpostua hutsik balego, dekretu honetako 26. artikuluan ezarritako Unitate Sektorialetako arduradunek eskuratuko dituzte horien eginkizun guztiak, hain zuzen ere, eginkizunontzat ezarritako hurrenkeran.

26. artikulua.– Unitate Sektorialak.

Osalaneko Lurralde zentroetatik bete daitezen zerbitzuak ondoren adierazten diren unitate sektorialen arabera egituratuko dira:

A. Unitate Sektorial Teknikoak:

1.– NEKAZARITZAKO SEKTOREA.

2.– INDUSTRIAKO SEKTOREA.

3.– ERAIKUNTZAKO SEKTOREA.

4.– ZERBITZUEN SEKTOREA.

B.– Unitate Sektorial ez teknikoak.

5.– LAN OSASUNEKO UNITATEA.

6.– ADMINISTRAZIOKO UNITATEA.

4. ATALA.– PLANAK ETA PROIEKTUAK

27. artikulua.– Plan estrategikoa eta kudeaketa planak.

1.– Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Plan Estrategikoak laneko arriskuen egoeraren diagnostikoa, prebentziorako zerbitzuak eta langileen osasunean zerbitzuok duten eraginaren mailak hartuko ditu bere gain.

Helburu estrategiko batzuk aukeratuko ditu eta horiei lehentasuna emango die, Erakundearen eginkizunekin bat etorriz eta eginkizunok garatzeko.

Azkenik, jarduera estrategikoetarako jarraitu beharreko bidea zehaztuko du, ikusitako egoera eta joeren arabera eta dauden baliabideen arabera.

Dena dela, aurreikusitako helburuak zenbateraino lortu diren ebaluatzeko beharrezkoak diren kontrol adierazleak ere sartuko dira.

2.– Plan estrategikoa kudeaketa planetan bihurtuko da. Planok, aldez aurretik Kontseilu Nagusiak onartuta, erakundearen jarduera arautuko dute ekitaldi bakoitzean eta, halaber, proiektuak garatzeko abiaburu izateko ere balioko dute.

28. artikulua.– Proiektuak

1.– Osalanen beren-beregiko jarduera proiektutan antolatuko da gehienbat. Proiektuok izango dira, izan ere, erakundearen helburuetan langileek aktiboki parte hartzeko oinarrizko eraketa.

2.– Proiektuak Unitate Sektorialei atxikiko zaizkie batik bat; hala ere, proiektu multisektorialak ere egon daitezke, batik bat jardueren eraginkortasun handiagoa kontuan hartuz. Behin betikoak izan daitezke; edo behin-behinekoak ere bai, sektore eta ekitaldi bakoitzean lan siniestrabilitateko alorrik larrienei aurre egiteko.

3.– Joera multidiziplinarra da proiektuen ezaugarririk esanguratsuena, helburu legetxe baitute, eduki ere, Osalanen urteroko planetan ezarritako helburuak lortzearren alderdirik behinenak kudeatzea, eta horietan finkatuko dira definiziorako, zehaztapenerako eta garapenerako jarraibideak.

5. ATALA.– BESTE ERAKUNDE EDO INSTITUZIO PUBLIKO BATZUEKIN EDO EGINKIZUN PUBLIKOAK DITUZTENEKIN LANKIDETZA

29. artikulua.– Beste erakunde batzuekin lankidetza.

Osalanek behar diren akordioak izenpetuko ditu interes amankomunen alor edo esparruetan, beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzea beharrezkoa da eta.

IV. KAPITULUA
EKINTZEN LEGE ARAUBIDEA

30. artikulua.– Zuzendari nagusiaren erabakiak.

1.– Idazkari Nagusia da erabakiak hartzeko eskuduntzadun organo bakarra.

2.– Zuzendari nagusiaren erabakiek amaiera jarriko diote administrazio bideari.

31. artikulua.– Errekurtsoak.

Zuzendari nagusiaren erabakiaren aurka aukerako berraztertze errekurtsoa aurkez diezaiokete interesatuek zuzendari nagusiari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera; administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1 a) eta 46. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

32. artikulua.– Ofizioz berraztertzea.

Osalaneko zuzendari nagusiak, ofizioz edo alderen batek eskatuta, Osalanen ekintzak eta erabakiak ofizioz berrazter ditzake, administrazioaren jardunbideari buruz lege orokorrek agintzen dituzten kasuetan eta jardunbidea erabiliz.

33. artikulua.– Bide judizial zibil edo laboralaren aurretiazko erreklamazioa.

Administrazio zuzenbideari loturik ez dauden Osalaneko ekintza eta erabakien aurka, bide judizial zibil edo laboralaren aurretiazko erreklamazioa egin ahal izango zaio Osalaneko zuzendari nagusiari eta berak emango dio ebazpena erreklamazioari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 120. artikulutik 126. artikulura bitartean xedatutakoarekin bat etorriz.

V. KAPITULUA
OSALANEKO LANGILEAK

34. artikulua.– Osalaneko langileak.

Hauek dira Osalaneko langileak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko plantiletako edo kidegoetako herri funtzionarioak izanik erakundean lan egiten dutenak.

b) Estatutupeko langileak.

c) Lan-hitzarmena duten langileak, finkoak edo aldi baterakoak.

VI. KAPITULUA
ONDAREA, BALIABIDEAK, AURREKONTUAK ETA KONTABILITATEA.

35. artikulua.– Osalanen ondarea.

1.– Osalan sortzeari buruzko abenduaren 21eko 7/1993 Legearen gehigarrizko xedapenetatik lehenengoan agindutakoaren arabera, erakunde horri atxikiko zaizkio abenduaren 18ko 2557/1985 Erregeren Dekretuaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako laneko segurtasun eta higienerako lurraldeko kabinete teknikoen ondasunak eta zerbitzuak, bai eta egun horretatik erakunde hau sortu bitartean eskuratutakoak ere.

2.– Erakundearen helburuak lortzeko beharrezkoak diren ondasunak ere atxikiko zaizkio.

3.– Atxikitzerakoan, ondasuna nahiz eskubidea herri-ondasun bihurtuko da, Euskadiko ondareari buruzko uztailaren 27ko 14/1983 Legearen 24. artikuluaren arabera.

36. artikulua.– Osalanen baliabideak.

Baliabide hauek edukiko ditu:

a) Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorretan izendatutako kredituak.

b) Osalanen titularitatepean dauden edo berari atxikitako ondasunak eta eskubideak, eta horien produktu eta etekinak.

c) Ikerketa, teknika edo prestakuntzako jarduerak gauzatzerakoan, behar den moduan baimendutako zerbitzuetatik eratorritakoak, kasuan kasuko xedapenen arabera.

d) Aitor dakiokeen beste edozein baliabide.

37. artikulua.– Aurrekontuak.

1.– Osalaneko kudeaketa urteko aurrekontuari lotuta egongo da. Aurrekontua onartzea Eusko Legebiltzarrari dagokio.

2.– aurrekontuen egitura Euskadiko aurrekontuen araubidea osatzen duten araudira eta erregeletara egokitu beharko da, diru–sarrerak eta gastuak sailkatzeari, zehaztasun graduari, horiek burutzeari eta likidatzeari dagokienez.

38. artikulua.– Kontabilitatea eta kontuhartzailetza.

Osalaneko Kontabilitaterako, kontuak aurkeztu eta kontuhartzeko araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko kontabilitate eta ekonomi kontrolerako berariazko araudian ezarritakoa izango da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Enpresari eta langileei buruzko aipamenak.

Gizarte ordenako lege-hauste eta zigorrei buruzko legerian enpresariak aipatzen direnean, euskal kooperatibak eta laneko osasun unitateak termino horren barruan sartuko dira, Osalan sortzeari buruzko abenduaren 21eko 7/1993 Legearen azkeneko xedapenetatik hirugarrenean jasotako ondorioetarako. Langileak aipatzen direnean, bestalde, euskal Laneko Osasun Unitateetako langileak eta euskal kooperatibetako langileak eta lan-bazkideak barne sartuko dira.

Bigarrena.– Zigor-espedientea hasiarazi eta izapideak egitea.

Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legean eta Osalanen jarduketa-eremuan sartutako gaiei buruz indarrean dauden arauetan agindutakoa aplikatzearen ondorioz egindako zigor–espedienteak hasiaraztea eta izapidetzea, erakunde autonomiadunaren zerbitzuei dagozkie. Zerbitzuok erabaki proposamena aurkeztuko diote Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko agintedunei.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana