Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

125. zk., 2002ko uztailaren 3a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
3858

AGINDUA, 2002ko ekainaren 19koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, enpresetan langileen partaidetza bultzatzeko laguntzak ezartzen dituena.

Gaur egungo gizartean, begi-bistan dago partaidetzazko enpresa-ereduak pixkanaka areagotzen ari direla, enpresa pertsona enplegatzaileen eta pertsona enplegatuen arteko proiektu erkidetzat hartzen duen lan eta produkzio sistema batek zabal ditzakeen potentzialtasunak aprobetxatzen dituztelako.

Honela, pertsona enpresaren aktibo nagusitzat hartuz eta kontuan izanik langileek enpresaren martxan parte hartzeak onura asko ekar ditzakeela, adibidez langileek antolaketa hobetzeko egiten dituzten ekarpenak sustatzea eta enplegatuak enpresaren helburuak lortzeko motibatzea, bidezkotzat jotzen dugu enpresa-bizitzaren alderdi ezberdinetan langileen partaidetza sakonagoa bultzatuko duten formulak bideratzea.

Planteamendu hori jadanik jasota dago Eusko Legebiltzarraren 1999ko urriaren 28ko Osoko Bilkuraren 23. erabakian, zeinak, Gobernuaren Euskal Autonomia Erkidegoko enpleguari buruzko jakinarazpenari loturik, Eusko Jaurlaritzari Gizarte Ekonomiakoak diren eta ez diren enpresetan langileen partaidetza bultzatzen jarrai dezala eskatzen dion.

Aurreko guztiarekin bat etorriz, Agindu honek Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak euskal enpresa-egituraren barruan partaidetza-enpresari loturik aztertu dituen zenbait ekimen barne hartzen ditu, eta Ezagutzaren Klusterrak Partaidetza-Enpresaren Euskal Eredua definitzeko egin dituen lanekin bat datozen neurriak bideratzen ditu.

Ondorioz, urtarrilaren 23ko 1/2002 Legea onartu denez , Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak azaldutakoa entzunda,

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Eusko Jaurlaritzak, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren bitartez, 2002ko ekitaldian enpresetan langileen partaidetza sustatzeko eman ahal izango dituen laguntzak arautzea da Agindu honen helburua.

2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Agindu honetan barne hartzen diren laguntzak jaso ahal izango dituzte, ondoko jarduera hauek:

1.– Enpresa bateko edo haren lantokietako bazkide langileen edota besteren konturako langileen partaidetza-mailari eta garapen-aukerei buruzko diagnosiak egiteak.

2.– Enpresari bere langileek akzioak edo partaidetzak harpidetzearen ondorioz sortutako gastuek, hala dagokionean.

3.– Langileek akzioak edo partaidetzak harpidetzeak, hala dagokionean.

4.– Gizarte Ekonomiako Entitateetan bazkide langileen edota besteren konturako langileen partaidetzarako edo partaidetza-maila hobetzeko Plana lantzeak eta ezartzeak, besteren konturako langileak bazkide langile edo lan-bazkide gisara sartzea ere barne hartuz.

5.– Enpresetako langileen partaidetzaren alorrean ikerketa, prestakuntza eta zabalkunde jarduerak burutzeak, hala nola:

a) Unibertsitatean nahiz unibertsitatetik kanpo ematen den enpresarako prestakuntzan partaidetzaren kultura sustatzea.

b) Enpresarien eta langileen artean partaidetza-ereduaren sentsibilizazio eta hedapenerako kanpainak egitea.

c) Partaidetza-ereduaren ezarpenari loturiko beste esperientzia batzuen ezagupena sustatzea.

d) Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren ustez deialdi honen xedean adierazten diren helburuak lortzen lagundu dezakeen beste edozein jarduera.

6.– Gizarte ekonomiakoak ez diren enpresak gizarte ekonomiako enpresa bihurtzeak.

Artikulu honetako 1, 2, 3 eta 4. zenbakietan aurreikusten diren ekintzak, bata bestearen ondoren egin beharko dira, adierazitako ordenari jarraiki.

3. artikulua.– Pertsona, Enpresa edo Entitate eta Erakunde onuradunak.

Agindu honetan aurreikusten diren laguntzak, lantokia edo lan-eremua Euskal Autonomia Erkidegoan duten honako entitate edo pertsona hauek eskuratu ahal izango dituzte:

1.– 2.1 artikuluko jarduerak: Diagnosia Agindu honetako 4. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituen kanpoko Aholkularitza-Enpresa baten laguntza eta aholkularitzarekin egiten duten enpresek.

2.– 2.2 artikuluko jarduerak: hurrengo idatz-zatian adierazten diren baldintzetan akzioak edo partaidetzak harpidetzen dituzten langileak dituzten eta gizarte ekonomiakoak ez diren enpresek, aldez aurretik 2.1 artikuluan aurreikusten den diagnosia egin ondoren.

3.– 2.3 artikuluko jarduerak: aurreko idatz-zatian aipatu diren enpresetako besteren konturako langileek, baldin eta lan egiten duten enpresako edo haren lantoki bateko lan-kontratu mugagabea duten langileen herena gutxienez izanik, sozietatearen kapitalaren %10 edo gehiago ordezkatzen duten akzioak edo partaidetzak harpidetzen badituzte.

4.– 2.4 artikuluko jarduerak: 2.1 artikuluan aipatutako diagnosia egin duten enpresek.

5.– 2.5 artikuluko jarduerak: Entitate edo Erakunde publikoek nahiz pribatuek.

6.– 2.6 artikuluko jarduerak: gizarte ekonomiakoak ez diren entitateek.

4. artikulua.– Aholkularitza-Entitateak.

Aurreko artikuluan aipatu diren Aholkularitza-Entitateek, ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

– Helbidea edo lantokia Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

– Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden lantokietan goi-mailako tituludunak edukitzea, enpresetako langileen partaidetzarekin edota Kooperatiba edo lan-sozietateetako bazkideen partaidetzarekin erlazionatutako gaietan duten esperientzia egiaztatuz.

– Lanaz arduratuko den aholkulariak, aholkularitza-enpresan gutxienez hiru urtez egon dela egiaztatu beharko du.

5. artikulua.– Diagnosiaren eta partaidetza-planaren edukia.

1.– 2.1 artikuluan aipatu den diagnosiak, ondoko datu hauek barne hartu beharko ditu:

a) Gizarte ekonomiakoak ez diren enpresetan:

– Enpresa edo lantokiaren ezaugarriak: jarduera, neurria, akzio-egitura, enplegatuen profila, enpresariaren edo kapital sozialaren zati bat daukatenen arteko familia-loturak, haren egoera eta bideragarritasun ekonomikoarengan eragin berezia dutenak.

– Partaidetza-aurrekariak: enpresako partaidetza-giroaren egungo egoera, eta aldez aurreko esperientziekin duen erlazioa.

– Partaidetza-proposamena: garatu beharreko jarduerak eta ezarri beharreko mekanismoak, langileen informazio eta prestakuntzarako ekintzak bereziki aipatuz.

b) Gizarte ekonomiako enpresetan:

– Partaidetza erreala; neurria, antolaketa-konplexutasuna, langileen satisfazio-maila, eta partaidetza-defizita areagotzen duen beste edozein alderdi bereziki aztertuz.

– Informazio-eskubidearen eraginkortasuna eta bazkideen eta Sozietateko organoen arteko komunikazio-prozesuen deskribapena.

2.– 2.4 artikuluan aipatutako Planak, bazkideen edota langileen partaidetza-mailaren hobekuntza edo ezarpena bultzatzeko aplikatu diren neurrien eta neurri horiek Sozietatearengan izan duten eragina ebaluatzeko aplika daitezkeen adierazleen deskribapen xehekatua barne hartuko du.

6. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa erabakitzeko irizpideak.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak, onuradun bakoitzari diru-laguntzaren xede diren jardueren burutzapenarekin zuzenean erlazionatuta dauden kostu garbietarako diru-laguntza eman ahal izango dio, ondorengo muga eta portzentaia hauekin:

1.– 2.1 artikuluko jarduerak: %75 arte, hamabi mila euroko (12.000 euro) mugarekin.

2.– 2.2 artikuluko jarduerak: %50 arte, hamabi mila euroko (12.000 euro) mugarekin.

3.– 2.3 artikuluko jarduerak: %50 arte, bederatziehun euroko (900 euro) mugarekin, akzioak edo partaidetzak harpidetzen dituen langile bakoitzarentzat.

Idatz-zati honetan aurreikusten den diru-laguntzaren zenbatekoa erabakitzeko irizpideak, ondoko hauek izango dira:

– Enpresaren langile-kopurua, 50 langile baino gutxiago dituztenei lehentasuna emanez.

– Akzioak edo partaidetzak harpidetzen dituzten langileek lan-kontratu mugagabea duten langileen guztizkoan duten proportzioa, lehentasuna proportzio hori handiagoa den neurrian emango delarik.

– Langile guztiek batera harpidetutakoak enpresaren kapital sozialaren guztizkoan duen proportzioa, lehentasuna proportzio hori handiagoa den neurrian emango delarik.

– Harpidetutako akzioak sindikatzea edo ez sindikatzea, akzioak sindikatzeari lehentasuna emanez.

4.– 2.4 artikuluko jarduerak: %50 arte, hogeita hamar mila euroko (30.000 euro) mugarekin.

5.– 2.5 artikuluko jarduerak: %75 arte, berrogeita bost mila euroko (45.000 euro) mugarekin.

Idatz-zati honetan aurreikusten den diru-laguntzaren zenbatekoa erabakitzeko irizpideak, ondoko hauek izango dira:

– Entitate edo Erakundearen kualifikazio eta prestigio profesionala.

– Egin diren prestakuntza edo zabalkunderako jardueretan barne hartutako pertsona-kopurua.

– Ikerketa-lanaren berritasuna, sakontasuna, balio erantsia eta aplikagarritasuna.

6.– 2.6 artikuluko jarduerak: %50 arte, hamabost mila euroko (15.000 euro) mugarekin.

7. artikulua.– Zergen, Gizarte Segurantzaren eta Diru-laguntza Publikoen arloko obligazioak betetzea.

1.– Agindu honetan aurreikusten diren laguntzak eman eta ordaintzeko ezinbesteko baldintza izango da enpresa edo entitate eskatzaileek zergei eta Gizarte Segurantzari loturiko obligazioak bete dituztela egiaztatzea, Ogasun eta Herri-Administrazio Sailak xedatzen duenari jarraiki.

2.– Era berean, Agindu honetan aurreikusten diren laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, onuradunek amaituta eduki beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek emandako -eta izaera bereko diren- laguntza eta diru-laguntza publikoak itzultzeko prozedura nahiz prozedura zehatzaile oro, prozedura horiek oraindik izapide-aldian badaude, behintzat.

8. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Euskal Herriko Herriogasuntzaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.2 artikuluan adierazten diren eta kasu bakoitzean aplikagarriak diren betebeharren kaltetan izan gabe, laguntzen onuradunek ondokoa bete beharko dute:

a) 2.2 eta 2.4 artikuluetan ezarritako ekintzen onuradun izan diren enpresek, langileen edo bazkideen partaidetzaren alorrean enpresan edo lantokian egin diren aldaketei buruzko memoria aurkeztu beharko dute, jarduera amaitzen den unetik zenbatzen hasi eta urte beteko epearen barruan.

b) 2.3 artikuluan ezarritako ekintzen onuradun izan diren pertsonek, harpidetza egin zenetik 3 urte igaro ondoren, egiaztatu beharko dute harpidetutako akzioak edo partaidetzak ez dituztela guztiz edo partzialki transmititu, doakion pertsonari ezin egotzi zaizkion ezinbesteko kasuak salbu. Ezinbesteko kasuren bat dagoenean, pertsona onuradunak, akzioak edo partaidetzak transmititzen dituen unean, Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzari gertakari horien eta ezinbestearen arrazoien berri eman beharko dio, zuzendaritzak horren guztiaren balorazioa egin dezan.

c) Diru-laguntzen zertarakoa eta aplikazioa ziurtatu beharko dute zerrenda bidezko bermeen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta ordainketen erregimen orokorra arautzen duen eta diru-laguntza horien kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileen betebeharrak, araubidea eta obligazioak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoa betez, eta horretarako:

– Diru-laguntza onartu behar dute. Beraz, onuradunek, diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko gutuna jasotzen dutenetik hasi eta hamabost eguneko epean, idatziz uko egiten ez badiote, diru-laguntza onartu egin dutela ulertuko da.

– Diru-laguntza xede jakin bat betetzeko ematen denez, xede jakin horretara bideratu behar da diru-laguntza, Agindu honetako 16. artikuluan ezarritakoa aplikatu behar ez bada, behintzat.

– Deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzei buruz eska diezazkieten argibideak eman behar dizkiete Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri-Kontuen Euskal Epaitegiari.

9. artikulua.– Bateragarritasuna beste diru-laguntza edo laguntzekin.

1.– Deialdi honetan erregulatzen diren diru-laguntzak, Administrazio honek edo beste edozein administrazio edo erakunde publikok xede eta helburu berberarekin eman ditzakeen gainontzekoekin bateragarriak dira. Nolanahi ere, bi diru-laguntzen zenbatekoak ezin izango ditu diru-laguntzaren xede den jardueraren guztizko kostua ez eta Agindu honen 6. artikuluan aurreikusitako gehienezko zenbatekoak ere gainditu.

2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak onuradunak Administrazio honetatik edo beste edozein administrazio edo erakunde publikotik xede eta helburu berberarekin jasotzen duen beste edozein laguntzarekin batera ematen badira, eta horiek pilatutako zenbatekoak diru-laguntzaren xede den jardueraren guztizko kostua edo Agindu honetako 6. artikuluan aurreikusitako gehienezko zenbatekoa gainditzen baldin badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak eman beharreko zenbatekoa murriztu egingo da.

10 artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Diru-laguntzetarako eskabideak, Eusko Jaurlaritzaren Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Lurralde Ordezkaritzek emango duten eskabide-orri normalizatuan aurkeztuko dira Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ekonomiako zuzendaritzan (Donostia kalea, 1 zk., 01010 Vitoria-Gasteiz), hala zuzenean nola Herri-Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusitako gainontzeko bideak erabiliz.

2.– Eskabideak aurkezteko epea 2002ko irailaren 30ean amaituko da, Agindu honen 2. artikuluko 2, 3 eta 4. paragrafoetan barne hartzen diren jardueretarako salbu, kasu horretan eskabideak aurkezteko epea 2002ko azaroaren 15ean amaituko baita.

3.– Onuradunek eskabidea aurkezterakoan egiaztatu beharko dute betebehar guztiak betetzen dituztela.

11. artikulua.– Derrigor aurkeztu beharreko agiriak.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jaso ahal izateko eskaerekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1.– Kasu guztietan:

a) Eskabide normalizatua.

b) NAN edo IFZren kopia.

c) Hirugarren Interesdunaren Datuen Altari buruzko Fitxa, entitate eskatzaileak eta bere banketxeak izenpetuta eta zigilatuta.

d) Enpresa edo Entitateen kasuan, enpresa edo entitatearen erregistro-datuen egiaztagiria, eta gainera:

– Entitate edo enpresa eskatzaileak zerga-obligazioak beteta dauzkala erakusteko, dagokion Foru Ogasunaren egiaztagiri gaurkotua. Egiaztagiriaren ordez, egiaztagiria eskatu izana adieraz daiteke behar bezala zigilatutako idatzi baten bidez, baina idatzi horrek eskabidea aurkezteko baino ez du balioko.

Zor bat atzeratzea lortzen duen Entitate edo enpresak ordainketak eguneratuta dauzkala joko da, baina agirien bidez egiaztatu beharko du hori guztia.

– Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren edo dagokion entitatearen egiaztagiri gaurkotua, erakunde horiekiko obligazioak beteta daudela erakusteko.

e) Eskatzailearen zinpeko deklarazioa, administrazio honi nahiz beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza zein egoeratan dagoen (emanda, eskatuta nahiz izapideak egiten) jakinaraziz.

f) Eskatzaileak zinpeko deklarazio bat egin behar du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek emandako eta izaera bereko diren laguntza eta diru-laguntza publikoak itzultzeko prozedurei nahiz prozedura zehatzaileei buruz, prozedura horiek oraindik izapidealdian badaude, behintzat.

g) Lan-osasun eta segurtasunari buruzko arauek ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak, Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onartu zuen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera.

2.– Berariazko kasuetan:

a) 2.1 artikuluan aurreikusitako jarduerei dagokienez, aholkularitza-entitatearen Memoria, bertan aurrekariak, iraupena, ezarpen-maila ebaluatzeko adierazleak, eta proposatutako diagnosiaren kalkulatutako eta xehekatutako aurrekontua. Memoria horrek, era berean, Gizarte Ekonomiako zuzendaritzak onetsitako indize orokorrera egokitutako metodologia barne hartu beharko du.

b) 2.2 eta 2.3 artikuluetan aurreikusitako jarduerei dagokienez, Diagnosia edo, halakorik ezean, Diagnosi-proiektua aurkeztea, Agindu honetako 5.1 artikuluan adierazten den edukiarekin.

c) 2.4 artikuluan aurreikusitako jarduerei dagokienez, partaidetzarako edo partaidetza-maila hobetzeko Plana aurkeztea, Agindu honetako 5.2 artikuluan adierazten den edukiarekin.

d) 2.5 artikuluan aurreikusitako jarduerei dagokienez:

– Aurreikusitako jardueren burutzapena sustatzen duten zioen eta helburuen azalpen xehekatua.

– Garatuko diren programen adierazpena, horien edukiaren azalpen xehekatua eginez.

– Erabiliko diren giza-baliabideen eta baliabide materialen zerrenda, esku-hartzen duten irakasleak edota pertsonak banan-banan identifikatuz.

– Entitate laguntzaileen zerrenda, hala dagokionean.

– Kalkulatutako eta xehekatutako aurrekontua.

– Proiektuaren finantziazio-plana.

e) 2.6 artikuluan aurreikusitako jarduerei dagokienez: eraldatutako enpresaren eraketaren eskritura, erregistroko inskripzioa, eta 2001eko ekitaldiko Balantzea eta Emaitzen Kontua.

12. artikulua.– Eskabidearen akatsak konpontzea.

Diru-laguntza eskabideak oso-osorik betetzen ez badira edo eskatzen diren agiriekin aurkezten ez badira, eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio, akatsa zuzendu dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, agindutakoa bete ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, Herri-Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoa betez, Administrazioak eskabideari buruzko ebazpena espreski eman eta jakinarazi beharko du.

13. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publizitatea.

1.– Agindu honetan erregulatzen diren diru-laguntzak kudeatzeko eskumena izango duen organoa, Gizarte Ekonomiako zuzendaritza da.

2.– Gizarte Ekonomiako zuzendariak berariaz emandako ebazpen baten bidez emango edo ukatuko dira Agindu honetan aurreikusten diren diru-laguntzak.

Ebazpen horrek ez duenez administrazioarekiko bidea agortzen, Herri-Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraiki, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, jakinarazpena egiten den egunaren biharamunetik zenbatzen hasi eta hilabeteko epean, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordearen aurrean.

3.– Agindu hau indarrean sartzen den unetik zenbatzen hasi eta sei hilabete igaro ondoren berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Herri-Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, Administrazioak berariaz ebazteko duen obligazioaren kaltetan izan gabe.

4.– Publizitate-printzipioa betetzeko, Gizarte Ekonomiako zuzendariaren ebazpenaz honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, xedapen honen babesean diru-laguntza zein entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zein entitateri emandako diru-laguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena berariaz eta banan-banan ere jakinaraziko da.

14. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa eta egiaztapena.

1.– Deialdi honen barruan emandako diru-laguntzen ordainketa, Aginduaren 2.6 artikuluan barne hartutako jarduerak salbu, ondoko eran egingo da:

– Lehen ordainketa, diru-laguntzaren guztizko zenbatekoaren %60koa, diru-laguntza hori onartzen den unean.

– Bigarren ordainketa, gainerako %40koa, onuradunak 2003ko ekainaren 30a baino lehen ondoko agiri hauek aurkeztu eta gero:

A.– Izaera orokorrez:

– Egindako gastua egiaztatzen duten jatorrizko fakturak edo horien kopia konpultsatuak.

– Dagokion Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren edo dagokion Entitatearen ziurtagiri eguneratuak, bigarren ordainketa eskatzen den unean organismo horiekin dituzten betebeharrak bete dituztela ziurtatuz.

– Hala dagokionean, diruz lagundutako ekintzaren memoria.

B.– 2.3 artikuluan aurreikusitako jarduerak:

– Lantegiko edo lantegietako langileen matrikula-liburuaren kopia.

– Enpresaren legezko ordezkariaren ziurtagiria, enpresan edo lantegian besteren kontura lan egiten duten pertsonen eta lan-kontratu mugagabea dutenen guztizko kopurua adieraziz.

– Enpresaren legezko ordezkariaren ziurtagiria, Sozietatearen kapital soziala eta langileek harpidetutako akzioen zenbatekoa egiaztatzen duena.

– Enpresaren legezko ordezkariaren ziurtagiria, akzioen sindikazioa, hau balego, egiaztatuz.

C.– 2.4 artikuluan aurreikusitako jarduerak: partaidetza-plana frogatzen duen Memoria.

D.– 2.5 artikuluan aurreikusitako jarduerak:

– Azken Memoria.

– Burututako jardueren kopia.

2.– 2.6 artikuluan barne hartzen diren jardueren kasuan, diru-laguntza ordainketa bakar batean gauzatuko da, diru-laguntza onartzen den unean.

15. artikulua.– Diru baliabideak eta laguntzen muga.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, hirurehun eta laurogeita hamaika mila seiehun eta hamalau (391.614) euroko zenbatekoa destinatuko da 2002ko ekitaldirako, eta berrehun eta laurogeita bederatzi mila seiehun eta laurogeita hamar (289.690) euroko zenbatekora iristen den konpromiso-kreditua 2003ko ekitaldirako, eta zenbateko horiek eguneratzeko aukera izango da, indarreko legeriaren arabera aurrekontuen aldaketaren bat onartzen baldin bada. Aldaketa horiek egon baleude, gertaera hori argitara emango litzateke Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren ebazpen baten bidez.

2.– Agindu honetan adierazitako irizpideen arabera kalkulatutako diru-laguntzen batura xede horrekin baimendutako aurrekontu-zuzkiduraren zenbatekoa baino handiagoa bada, dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, kalkulatutako diru-laguntzei hainbanaketa bakarra aplikatuz.

16. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntzaren helburua betetzat jo delarik eta, hala dagokionean, Administrazio honek edo beste edozein entitate publikok emandako diru-laguntzak eta laguntzak lortutzat jo direlarik, diru-laguntza hori emateko kontuan izandako baldintzak aldatuz gero, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, eta, horretarako, Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzak likidazioa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta pertsona onuradunek itzuli egin beharko dituzte soberakinak.

17. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

Diru-laguntzaren onuraduna Euskal Herriko Herriogasuntzaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 53.1 artikuluan ezarritako kasuetako batean egonez gero, edo Agindu honetan eta aplika daitezkeen arauetan, eta diru-laguntza ematearen aldeko ebazpenean ezarritako arauak bete gabe utziz gero, Gizarte Ekonomiako zuzendariak, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa betez, ebazpen bat emango du, eta, ebazpen horren bidez, honako hau deklaratuko du: onuradunak ordaintzea falta ziren kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela, eta, hala behar izanez gero, ordura arte jasotako diru-kopuruak eta diru-laguntza ordaindutako unetik aurrera dagozkien legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharra daukala, bidezko beste ekintza batzuen kaltetan gabe. Diru kopuru horiek herri-dirutzat hartuko dira, dagozkien lege ondorioetarako, eta Euskal Herriko Herriogasuntzaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 64. artikuluan ezarritakoa izango da erantzukizunen erregimena.

18. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetze kasuetan, jasotako laguntzak itzultzeko prozedura honakoa izango da:

a) Gizarte Ekonomiako zuzendariak, dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta prozedura hori zergatik hasi den jakinaraziko dio interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jaso ondoren edota epe hori alegaziorik aurkeztu gabe igaroz gero, Gizarte Ekonomiako zuzendariaren ebazpen baten bidez amaiera emango zaio prozedurari.

Dira itzultzeko prozedura ebazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez.

Ebazpen horrek arau aplikagarriak ez direla bete irizten badio, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela eta, hala dagokionean, Ebazpena jakinarazi eta ondorengo bi hilabeteko gehienezko epean bidezko diren kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko obligazioa deklaratuko du. Epe hori borondatezko epetzat hartuko da.

c) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri-Administrazio Saileko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari, hark, aplika daitekeen lege-araudian xedatutakoa betez, premiamendu-bideari ekin dakion.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Mínimis Araua.

Europako Batzordeak ezarritako "minimis" arauari lotzen zaizkio laguntza hauek. Arau horren bitartez, Agindu honetan aurreikusitako laguntza-erregimenaren onuradun den entitate bakar batek ere ezin izango du jasotako "minimis" laguntzekin hiru urteko epean 100.000 eurokoa baino kopuru handiagoa jaso.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ordezko araubidea.

Agindu honetan administrazio jardunbideari buruz aurreikusi gabeko alderdiei, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onetsitako Euskal Herriko Herriogasuntzaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko VI. Tituluaren aurreikuspenak, eta Herri-Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko zaizkie.

Bigarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren aurrean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta hilabeteko epean, Herri-Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa betez; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1.a) eta 46. artikuluetan ezarritakoari jarraiki.

Hirugarrena.– Indarrean jartzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean Agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2002ko ekainaren 19a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala