Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

108. zk., 2002ko ekainaren 10a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Osasun Saila
3341

122/2002 DEKRETUA, 2002ko maiatzaren 28koa, animalien garraiorako ibilgailuak garbitzeko eta desinfektatzeko zentroen egokitasun-baldintzak ezartzen dituena, animalien osasuna babesteko eta horien ongizatea bermatzeko.

Animalien garraiorako ibilgailuak desinfektatzea neurri eginkorra eta beharrezkoa da aziendaren infekzio-gaixotasunez babesteko eta horien aurka egiteko.

Animaliak garraiatzeko erabilitako ibilgailuen desinfekzioa oso garrantzizkoa da osasunaren aldetik, bai animalien garraioa abeltzaintza-ustiategien artean egiten denean, bai eta azken helburua animaliak hiltegira eramatea eta akabatzea denean ere.

Halaber, beharrezkoa da Euskal Autonomia Erkidegoan animalien garraiorako erabilitako ibilgailuen garbiketaz eta desinfekzioaz arduratzen diren zentroek izan behar dituzten ekipo eta instalazioen baldintzak eta horien jardunbidea arautzea.

Bestetik ere, animalien garraiorako ibilgailuek araudi komunitarioek animalien ongizateari buruz ezarritako baldintzak bete behar dituzte; alde horretatik, Kontseiluak ekainaren 29ko 91/628/EEE zuzentaraua eman zuen, Kontseiluaren azaroaren 19ko 91/628/EEE zuzentaraua aldatu zuena, garraioan animaliak babesteari buruzkoa. Arau horretan hainbat alderdi zehazten dira, esaterako, garraio-aldiak, animalientzako elikadura- eta ur-hornidura tarteak, atsedenaldiak eta zenbait abere motentzat eskueran dagoen espazioa elkarri egokitzea.

Araudi hori osatzen dutenak honako hauek dira: 1952ko abenduaren 20ko Epizootiei buruzko Legea, eta horren erregelamendua, abuztuaren 31ko 226/1990 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan animalien garraioa arautzen duena, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 1991ko otsailaren 15eko Agindua, EAEtik datozen eta beste autonomia-erkidegoetara eraman beharreko animalien garraioa arautzen duena, urtarrilaren 29ko 147/1993 Errege-Dekretua, haragi freskoen produkzio eta merkaturatzearen osasun-baldintzei buruzkoa, urriaren 29ko 6/1993 Legea, animaliak babestekoa, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 1994ko urriaren 13ko Agindua, EAEko animalia bizien garraiorako erabilitako ibilgailuen erregistroa sortu zuena, eta ekainaren 27ko 1041/1997 Errege-Dekretua, garraioan animaliak babesteko arauak ezarri dituena.

Eskumenak banatzeko indarrean dagoen sistema kontutan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio aipatutako arauak bere lurraldean garatzea eta aurreikusitako neurriak burutzeko agintaritza eskudunak izendatzea, horretarako beharrezkoak diren antolakuntza-neurriak eta xedapenak hartuz.

Dekretu hau izapidetzean aholkua eskatu zaie foru aldundiei eta sektorea ordezkatzen duten erakundeei.

Ondorioz, Aholku-Batzorde Juridikoari entzun eta gero, Osasun sailburuak eta Nekazaritza eta Arrantza sailburuak proposatuta, lehendakariak onartu eta Gobernu Kontseiluak 2002ko maiatzaren 28ko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Dekretu honek helburu dauka animalien garraioan erabiltzen diren ibilgailuak garbitzeko eta desinfektatzeko zentroen ekipo, instalazio eta funtzionamenduaren oinarrizko baldintzak ezartzea, garraioan animalien osasuna babesteko eta horien ongizatea bermatzeko, edozein espeziekoak direla ere.

2. artikulua.– Baimena eta erregistroa.

1.– Garbiketa- eta desinfekzio-zentroak baimentzea eta erregistratzea zentrook kokatuta dauden lurralde historikoko foru aldundiei dagokie.

2.– Garbiketa- eta desinfekzio-zentroei baimena eman aurretik, foru aldundiek behar beste ikuskapen egingo dituzte eskatzaileek dekretu honen I. eranskinean azaldutako baldintzak betetzen dituzten egiaztatzeko.

3.– Foru aldundiek baimen-zenbaki bana emango diete baimendutako garbiketa- eta desinfekzio-zentroei. Zenbaki hori kasuan kasuko lurralde historikoari dagozkion digituek eta zentro bakoitzari hurrenkeraren arabera dagokion zenbaki batek osatuko dute.

4.– Foru aldundiek baimena bertan behera utzi edo kendu egingo dute artikulu honetan ezarritako baldintzak edo dekretu honetan zehaztutakoak betetzen ez badira, bai eta zentroa dagoen eskualdearen osasun-estatutua aldatzen bada. Baimena indarrean sartu ahal izango da berriz ere agintari eskudunak desinfekzio-zentroak dekretu honetan ezarritako baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatzen duenean.

5.– Garbiketa- eta desinfekzio-zentroak eraikitzeko obrak gizarte-interesekotzat joko dira obra-baimena lortzeari begira, 43. artikuluaren 3. paragrafoan zehaztutakoaren ondorioetarako, Lurzoruaren Legearen 85. artikuluari dagokionez.

3. artikulua.– Garbiketa- eta desinfekzio-zentroek bete beharrekoak.

1.– Garbiketa- eta desinfekzio-zentroak erabilera publiko zein pribaturako jarri ahal izango dira, erakunde publikoek edo pribatuek eskaturik.

2.– Garbiketa- eta desinfekzio-zentroak honako zentro hauen ondoan egon ahal izango dira eta zerbitzua eman ahal izango diete: animaliak biltzen dituzten beste zentro batzuk, hiltegiak eta animalien atsedenerako geldi-guneak. Hona hemen zentrook betebeharreko baldintzak:

a) Debekatutako edo murriztutako alde batean ez egotea, dagozkion osasun-legeak betez. Epizootia bat deklaratu eta zentrook kokatuta dauden eskualdean mugimenduak murrizten badira, eskualde horretako ibilgailuei baino ezingo diete zerbitzurik eman.

b) Ibilgailuak garbitzeko eta desinfektatzeko programa bat izatea. Bertan garbiketa-bideak eta horien maiztasuna zehaztu beharko dira.

c) Ibilgailuen garbiketa eta desinfekziorako programaren eta dokumentazio-kontrolaren arduraduna zein den zehaztea.

3.– Garbiketa- eta desinfekzio-zentro bakoitzak erregistro bat izan beharko du eta bertan honako datu hauek zaindu eta gordeko dira foru aldundien eskura, hiru urtetan gutxienez:

a) Garraio-enpresa.

b) Garraiolariaren izena eta nortasun-agiria.

c) Garraiobidearen matrikula.

d) Ibilgailuaren desinfekzioa noiz amaitu den (eguna eta ordua).

e) Ibilgailuaren prezintoaren identifikazioa.

f) Arduradunaren izenpea eta desinfekzio-zentroaren zigilua.

g) Oharrak edo sumatutako gorabeherak.

h) Desinfektatzailea eta erabilitako kontzentrazioa.

4.– Baimendutako garbiketa- eta desinfekzio-zentroetan bateragarriak izan daitezke animalientzako garraiobideen garbiketa eta desinfekzioa eta abeltzaintzarekin lotuta ez dauden jarduerak, beti ere zentroaren garbiketa- eta desinfekzio-lanei kalterik egiten ez badiete.

5.– Administrazioen aldetik Euskal Autonomia Erkidegoan garbiketa- eta desinfekzio-zentroen ezarpena bultzatzeko laguntzak sustatuko dira.

4. artikulua.– Garbiketa- eta desinfekzio-zentroak hiltegietan.

1.– Hiltegiek kokapen eta instalazio egokiak izan beharko dituzte gizentzeko animaliak euren instalazioetara garraiatzeko erabili diren ibilgailuak berehala garbitzeko eta desinfektatzeko. Nolanahi ere, baldintza hori betetzetik libre geratu ahal izango dira foru organo eskudunaren ebazpen bidez beste zentro baimenduek egiaztatu badute ibilgailuak garbi eta desinfektatuta daudela.

2.– Abere bizien garraiorako ibilgailuen garbiketa- eta desinfekzio-instalazioak dituen hiltegia kudeatzen duen enpresa 3.2b) artikuluan aipatutako programa betetzeaz eta dagokion desinfekzio-ziurtagiria emateaz arduratuko da.

3.– Albaitaritza-zerbitzu ofizialei dagokie dekretu honetan zehaztutakoa betetzen den teknikoki ikuskatzea eta egiaztatzea.

5. artikulua.– Jokatzeko irizpideak.

Egindako bidearen arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-egoerari erantzunez, ibilgailuak honako irizpide hauek betez desinfektatu beharko dira:

a) Bidea Euskal Autonomia Erkidegoan bertan dauden ustiategien artekoa bada, eta, beti ere, osasun-egoerak kontrakorik eskatzen ez badu, azienda garraiatzeko erabilitako ibilgailua aldizkakotasun jakin batez desinfektatu beharko da. Izan ere, foru aldundiek ezarriko dute aldizkakotasun hori ibilgailu bakoitzerako, garraiatzen diren abere-moten eta ibilbideen arabera.

b) Bidea beste autonomia-erkidegoan edo beste estatu batean abiatzen denean eta Euskal Autonomia Erkidegoa helmuga duenean, azienda garraiatzeko ibilgailua garraialdi bakoitzaren aurretik eta ostean desinfektatu beharko da.

6. artikulua.– Garbitzea eta desinfektatzea.

1.– Ibilgailu bakoitzeko garbiketa- eta desinfekzio lanak egiaztatzeko, instalazioaren arduradunak desinfekzio-ziurtagiri bat egin beharko du. Ziurtagiri horretan honako hauek jaso beharko dira: garbiketa- eta desinfekzio-zentroaren kokapena (autonomia erkidegoa, lurralde historikoa, udalerria), erregistro-zenbakia, ibilgailuaren matrikula, garraiolariaren izena, erabilitako desinfektatzailea, garbiketa- eta desinfekzio-lanak noiz amaitu diren (eguna eta ordua), zentroaren teknikari arduradunaren izena, eguna eta izenpea, zentroaren zigiluarekin batera, eta ibilgailuaren ateak ixteko erabilitako prezintoaren identifikazioa, dekretu honen II. eranskinean dagoen ereduaren arabera.

2.– Instalazioen egoera eta garbiketa- eta desinfekzio-lanen garapena foru aldundiek kontrolatu beharko dituzte aldian behin.

7. artikulua.– Garbitzeko eta desinfektatzeko neurri bereziak.

Epizootia bat agertzen bada, foru aldundiek dekretu honetan aurreikusitako garbiketa- eta desinfekzio-neurriak ezarri ahal izango dizkiete abere-ekoizpenarekin lotutako produktuak garraiatzen dituzten ibilgailuei.

8. artikulua.– Animalien ongizatea garraioan.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko abere-garraioan animalien ongizateari buruzko indarreango arauak bete beharko dira, eta bereziki, 91/628/EEE zuzentaraua, 6/1993 Legea, 1041/1997 Errege-Dekretua eta 226/1990 Dekretua aplikatzeari dagokionez. Xedapen horiek guztiak lehen aipatu dira.

2.– Foru aldundiek, zehaztutako aldizkakotasunaren arabera, Osasun Sailarekin eta Nekazaritza eta Arrantza Sailarekin batera, kontrol eta ikuskapenerako lagin-programa bat garatuko dute garraioan animalien ongizateari buruz indarrean dagoen arauak betetzen diren zaintzeari begira. Programa horrek helburuak, jarduera-prozedura eta egin beharreko lagin-kontrolen kopurua hartuko ditu bere baitan.

3.– Kontrol eta ikuskapenerako lagin-programa horren ezarpenak honako hauek hartu ditu: abeltzaintzako ustiategien artean egindako abere-garraioak, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden hiltegiak helmuga duten abere-garraioak, eta, Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen diren abere-garraioko ibilgailuak, errepidetik, itsasotik zein airetik doazela ere.

4.– Adierazitako lagin-programa burutzeak ez die kalterik ekarriko egoera zoosanitarioaren arabera beharrezkotzat jo litezkeen gainerako ikuskapenei. Horren helburua: garraiatzerakoan animalien erosotasuna eta osasuna egoki babestea.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Ibilgailuak desinfektatzeko zentroek 6 hilabeteko epea izango dute dekretu honetan zehaztutako baldintzei egokitzeko.

Dekretu honi egokitzeak instalazioen aldaketa garrantzitsuak ekartzen baditu, foru aldundi eskudunek, bi urtetan gehienez, behin behingo funtzionamendu-baimenak eman ahal izango dituzte aldaketa horiek burutu artean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Esku ematen zaie Osasun sailburuari eta Nekazaritza eta Arrantza sailburuari dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzaten.

Bigarrena.– Dekretu hau, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2002ko maiatzaren 28an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Osasun sailburua,

GABRIEL M.ª INCLÁN IRIBAR.

Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.

I. ERANSKINA
GARBIKETA- ETA DESINFEKZIO-ZENTROEI
EZARGARRI ZAIZKIEN EKIPO, INSTALAZIO
ETA FUNTZIONAMENDU IRIZPIDEAK

A.– Ekipo eta Instalazioak.

1.– Txartel adierazlea zentrorako sarbidean. Bertan argi adierazi beharko da abereen garraiorako ibilgailuak garbitzeko eta desinfektatzeko zentroa dela.

2.– Ahal dela, garbiketa- eta desinfekzio-zentrorako sarbideak eta irtenbideak leku ezberdinetan egongo dira.

3.– Irispideek osasun-ibia izan beharko dute, desinfektatzaileaz hornituta.

4.– Esparruak itxita egon beharko du kanpotik, eta azalera osoan zimendua edo asfaltoa jarrita.

5.– Garbiketa- eta desinfekzio-lanak egiteko eraikin nagusi bat ezarriko da, irekita edo itxita.

6.– Zentroak beharrezkoa den tresneria izango du azpiak eta zimaurra egoki erratzatzeko eta karraskatzeko, bai eta hondakin organiko solidoak biltzeko esparru bat ere.

7.– Ibilgailuen garbiketan sortzen diren hondakin solidoak kudeatzeko sistema bat jarri beharko da.

8.– Edateko ur bero eta hotzeko instalazio bat egon beharko du, honako hauetaz ekipatuta:

– Aurrez garbitua prestatzeko mahuka, gai organikoak herrestan eta zipriztindu gabe eramateko bide ematen duen emari eta presioaz.

– Ur-emari txikiarekin eta ur beroarekin garbitzeko mahuka edo presiozko ekipoa.

9.– Desinfekziorako presiozko ekipoa, desinfektatzailea ibilgailuan ihinztatzeko. Ekipoak desinfektatzailea neurri egokian aplikatzeko bide eman behar du. Ekipo horiek desinfektatzailearekin baino ezin izango dira erabili, edo horren ezean, alarma-seinale bat izan beharko dute desinfektatzaile-gordailua husten denean abisatzeko.

10.– Ibilgailuen garbiketa eta desinfekziotik datozen isurkinak jasotzeko eta bilketa-hobira bideratzeko plataforma bat. Plataformak horretarako behar den desnibela izango du.

11.– Garbiketa eta desinfekzio-lanetan sortutako isurkinak biltzeko hobia, barreiatu ez daitezen eta behar bezala ezabatzeko.

12.– Garbitu eta desinfektatu ondoren ibilgailura sartzeko ateak prezintatzeko eta zigilatzeko tresneria.

13.– Azpi garbirako biltegia, behar izanez gero.

14.– Materialak, lanabesak, makinak, kimika-gaiak etab. gordetzeko biltegia.

15.– Zentroaren administrazio-eginkizunetarako lokal bat.

16.– Garbiketa eta desinfekzioko langileentzako babes eta segurtasunerako bideak.

B.– Funtzionamendua.

Garbiketa eta desinfekzioa egiterakoan honako urrats hauek egin beharko dira:

1) Lehenengo garbiketa egiteko bi aukera daude:

– Lehorrean garbitzea eta ibilgailuan dauden gai organiko edo solido guztiak ezabatzea erratza pasatuz eta karraskatuz. Gai horiek gune estali berezi batean gordeko dira geroan ezabatzeko edo aprobetxatzeko.

– Azpiak eta zimaurra lehorrean kentzea, eta gero, ur-mahukaz garbitzea solidoak herrestan eramateko moduko presioa ezarriz. Gai solido horiek hobi batean gordeko dira geroan ezabatzeko edo aprobetxatzeko.

2) Bigarren garbiketa presiozko urez egingo da ibilgailu osoan, gurpilak, azpikoak eta txapa barne. Garbiketa egiteko beharrezkoa izango da ibilgailuaren elementu mugikorrak desmontatzea: pisuak, bereizleak, kaiolak. Ura hobian jasoko da geroan ezabatzeko edo aprobetxatzeko.

3) Ibilgailua baimendutako desinfektatzaileaz desinfektatuko da, kanpoko aldeak eta abereak garraiatzeko gunea ihinztatuz, animalia zein espezietakoa den eta eskualdearen osasun-egoera kontuan hartuta.

4) Ibilgailua prezintatzea.

5) Desinfektatzaileak eragin ondoren (10 minutu gutxienez) urberritu ahal izango da, garraio-ibilgailua ez hondatzeko eta ondo zaintzeari begira.

Ibilgailuak aurrera egin behar du beti, eta ezin izango da itzuli atzean utzi dituen gune zikinetarantz. Ibilgailuak gune zikinetik gune garbira ibili beharko du beti.

Presiozko ur bidezko garbiketa eta desinfekzioa goitik behera egin beharko dira beti (ibilgailuaren puntu gorenetik hasita eta baxuenean bukatuta).

Garbiketa- eta desinfekzio-lanak desinfekzio-zentroko langileek edo garraiolariak berak egin ahal izango ditu. Garraiolariak eginez gero, zentroko arduradunak lan horiek ikuskatu eta behar bezala egin diren egiaztatu beharko du.

Zentroko langileek arropa egokia jantzi beharko dute (botak, hezetasunaren aurkako lan-jantzia, eskularruak, betaurreko babesgarriak, txanoak etab. ).

II. ERANSKINA

ANIMALIAK GARRAIATZEKO IBILGAILUEN GARBIKETA ETA DESINFEKZIO ZIURTAGIRIA

Lurralde Historikoaren ziurtagiria .......................... / zk.:	

Garbiketa- eta desinfekzio-zentroaren kokapena (autonomia erkidegoa, lurralde historikoa eta udalerria) .			

Erregistro zk.: 	

Ibilgailuaren matrikula: 	

Garraiolariaren izena: 	

Erabilitako desinfektatzailea eta neurria: 			

Garbiketa- eta desinfekzio-lanak noiz amaitu diren (eguna eta ordua):	

		

ZIURTATZEN DU goian adierazitako egunean eta orduan, zehaztutako ibilgailua aipatu den desinfektatzailearekin garbitu eta desinfektatu dela esandako zentroan; eta prezinto bat jarri zaiola, zentroaren zigiluarekin, ibilgailuko karga-egiturara sartzeko ateetan.

.......,
Iz.:................................ 	Zentroaren
	zigilua

Azterketa dokumentala