Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

108. zk., 2002ko ekainaren 10a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
3340

115/2002 DEKRETUA, maiatzaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan parke eolikoetako energia eolikotik energia elektrikoa ekoizten duten instalazioei baimena emateko prozedura arautzen duena.

Eusko Jaurlaritzaren energia-politikaren lehentasunetako bat da energia zentzuz erabiltzea eta, bereziki, energia baliabide berriztagarrien aprobetxamendua; izan ere, hala dago jasota 3E-2005 Planean (Euskadiko Estrategia Energetikoa).

Energia berriztagarrien artean, eolikoa da etorkizun handiena daukana, garapen teknologiko maila eta kostuak ikusirik eta garbia eta bukaezina izanik, oso aplikagarria delako baliabide energetiko gisa gure erkidegoan.

Administrazio publikoen ardura izan behar da energia eolikoa bezalako baliabide energetikoaren aprobetxamendua ahalik eta baldintza tekniko onenetan egitea, ingurunearen berezko balioak babestuz eta tokiaren nahiz Euskal Autonomia Erkidegoaren garapen sozioekonomikoari lagunduz.

Zentzu horretan, Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legeak honakoa xedatzen du 21. eta 28. artikuluetan: energia elektrikoa ekoizten duten instalazioak eraiki, ustiatu, aldaketa handiak egin, eskualdatu eta itxi ahal izateko, aldez aurreko administrazio baimenen erregimena bete behar dela.

Bestalde, Lege hori garatzen duen 2000ko abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuak energia elektrikoa ekoizteko instalazioei baimenak emateko prozedura arautzen du oro har; baina ez dago parke eolikoen baimenak izapidetzeko berariazko prozedurarik.

Era honetako instalazioek ezaugarri bereziak dituztenez, Dekretu honen asmoa da arlo honetako araudi falta betetzea, derrigorrezko administrazio baimena emateko prozedura arautuz.

Azkenik, dekretu hau emateko kontuan hartu dira, batetik, orain arte adierazitako guztia eta, bestetik, Estatuko administrazio orokorraren eskumen-eremua eta autonomia erkidegoena mugatzen duen eta legeak garatzeko Euskal herrirako Autonomia Estatutuan xedatuta dauden Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-eremua mugatzen duen Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legearen 3. artikuluko 3. paragrafoan eta azken xedapenetatik lehenengoan xedatutakoa.

Ondorioz, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren proposamenez, Eusko Jaurlaritzako Aholku-Batzorde Juridikoari entzun ondoren, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2002ko maiatzaren 28an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Helburua.

Dekretu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan parke eolikoetako energia eolikotik energia elektrikoa ekoizten duten instalazioei baimena emateko prozedura arautzea, bai eta instalazio horiek ezartzeko baldintza teknikoak, sozioekonomikoak eta ingurumenekoak arautzea ere.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

1.– Parke eolikoetako energia eolikotik energia elektrikoa ekoizten duten instalazioei aplikatuko zaie dekretua.

Dekretuaren ondorioetarako, parke eolikotzat joko dira aerosorgailu bat edo gehiago era integratuan instalatzeko asmoa duten inbertsio-proiektua, baldin eta 500 kW edo gehiagoko potentzia instalatua badu guztira, sare propioen bidez elkarri konektatuta badaude, instalazioetara heltzeko eta instalazioak kontrolatzeko azpiegitura berak erabiltzen badira, instalazio horiek beren energia neurtzeko aparailuak badituzte eta sare orokorrera konektatuta badaude.

2.– Aurreko lerroaldean sartzen ez diren instalazio eolikoak ondoko lege-xedapen hauen arabera arautuko dira: Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legea; energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta hornitzeko jarduerak eta instalazioen baimenak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretua; eta horiek garatzen dituen Estatuko edo Erkidegoko araudia.

II. KAPITULUA
PARKE EOLIKOKO INSTALAZIOEN
ADMINISTRAZIO BAIMENA

3. artikulua.– Eskabidea.

Parke eoliko bat ezarri eta ustiatu nahi duten pertsona fisiko edo juridiko, pribatu edo publiko guztiek parkearen administrazio baimena eskatu beharko dute. Horretarako, eskabide bat aurkeztu beharko dute dagokion lurralde historikoaren Industriako lurralde bulegoan. Baina, parkeak lurralde bat baino gehiago hartzen badu, Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Energia Zuzendaritzan aurkeztu beharko da. Eskabideaz gain, honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dira gutxienez:

1.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 70. artikuluan aipatzen diren betekizunez gain, honakoak ere aurkeztu beharko dira:

a) Zein udalerritan edo udalerrietan egin nahi den instalazioa edo aprobetxamendu eolikoa.

b) Eragindako azalera. Azalera behar bezala identifikatuta egon beharko da kartografia ofizialean, UTM koordenaden arabera.

c) Orokorrean instalatu nahi den potentzia gordina.

d) Instalatu nahi den aerosorgailu kopurua.

2.– Eskatzaileak, era horretako instalazioak exekutatzeko, legezko gaitasuna eta gaitasun tekniko eta ekonomikoa dituela egiaztatzen duten agiriak.

4. artikulua.– Eskabide bat baino gehiago egotea.

Administrazioaren baimenaren eskabidea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta dagokion lurralde historikoko aldizkari ofizialean argitaratuko da, horrela, lehian beste eskabide batzuk (3. artikuluan ezarritako baldintzekin) aurkezteko aukera emanez. Horiek aurkezteko epea hogei egunekoa izango da administrazioaren baimenaren eskabidea bi aldizkarietatik beranduen argitaratzen duenak zein egunetan argitaratu duen kontuan hartu eta handik aurrera.

5. artikulua.– Eskabide bat baino gehiago egonez gero, aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Aurreko artikuluan ezarritako 20 eguneko epea bukatu eta hurrengo hilabetean, administrazioaren baimena eskatu duten guztiek honako agiriak aurkeztu beharko dituzte Industriako lurralde bulegoan edo, bestela, Energia Zuzendaritzan, parkeak lurralde bat baino gehiago hartzen baditu:

a) Parke eolikoaren aurreproiektua, teknikari gaitu batek sinatua eta elkargo ofizialak ikus-onetsita. Aurreproiektuak memoria bat izan beharko du, eta memoriak honakoak jaso beharko ditu gutxienez:

– Instalazioaren ezaugarri nagusienak.

–Zergatik ipini nahi den parke eolikoa bat dena delako tokian. Arrazoiak.

–Instalazioen kokalekua erabakitzeko erabili diren irizpideak.

–Baliabide eolikoen deskribapena. Deskribapenaren oinarrian datu historiko nahikoa eta/edo eredu fidagarriak egongo dira.

–Zerbitzu publikoko sarera transferituko den energia elektrikoaren ebaluazio kuantifikatua.

–Kokapen planoa 1:50.000 eskalan.

–Oin planoa 1:10.000 eskalan.

–Instalazioak eragindako area adierazten duen planoa, UTM koordenadak adieraziz eta 10 metrotik behin sestra-kurbak ere adieraziz 1:5000 eskalan.

–Aurreikusten diren ekoizpenak.

–Exekuzio egutegia.

–Instalazioen aurrekontua.

–Instalazioak eragingo dituen pertsona fisiko eta juridikoen (ondasunen, instalazioen, obren edo zerbitzuen jabeak) zerrendak.

b) Ingurumenean izango duen inpaktuaren aldez aurreko azterketa eta horiek zuzentzeko aurreikusitako neurriak.

c) Proiektuaren bideragarritasun tekniko-ekonomikoaren gaineko azterketa.

2.– Aurreko paragrafoan adierazitako agiriak aurkezteko epea bukatu eta eskatzaileren batek agiri guztiak aurkeztu ezean, eskatzaileari eskatuko zaio 10 eguneko epean agiriok aurkezteko eta ohartaraziko zaio agiriok aurkezten ez baditu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Horretarako, lehendabizi horren gaineko ebazpena egingo da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42.1 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

6. artikulua.– Eskabide bat baino gehiago dagoenean ebaztea.

1.– Aurreko artikuluko betekizunak betetzen dituzten zenbait eskabide aurkezten badira lehian, Energia Zuzendariak hilabeteko epean ebatzi beharko du arrazoitutako ebazpenaren bidez eta egoki ikusten dituen txostenak ikusita, zein den aurreproiekturik egokiena.

2.– Aurkeztutako eskabideak baloratzeko, honako irizpideak hartuko dira kontuan:

– Instalazioen exekuzio materialerako nahikoa finantza-kaudimen eta gaitasun tekniko izatea.

–Teknikoki ziurtatzea ekoiztuko den energia eta ingurumeneko inpaktuaren artean neurriko erlazioa egotea.

–Euskal Autonomia Erkidegoko energia plangintzara hobeto moldatzea.

– Abantaila sozioekonomiko hobeak eskaintzea autonomia erkidego osoari begira.

– Inbertsioaren zenbatekoa handiagoa izatea eta inbertsio programa azkar exekutatzea.

–Eskaintzak aurkeztu zen eguna kontuan hartuta, lehenago aurkeztu izana.

3.– Aurreko paragrafoan jasotakoaren ondorioetarako batetik, eta, bestetik, teknikoki behar bezala egiaztatzeko ahalik eta eraginkortasun energetiko handiena lortuta ahalik eta kalterik txikiena egingo zaiola ingurumenari, bereziki hartuko dira kontuan honako hauek: neurketa eolikoak kokagunean bertan zenbat denboraz egin diren, era honetako edo antzeko beste obra batzuetan ingurunea lehengoratzen eta obrak behar bezala exekutatzen erakutsitako esperientzia eta ziurtasuna eta, azkenik, sustatzailearen jarduerak ingurumenarekiko begirunea erakusten duela adierazteko lekukotasunak, kontuan izanda lekukotasunak egiaztatzeko egiaztagiri eta agiri aproposak aurkeztu beharko direla.

7. artikulua.– Aldez aurreko administrazioaren baimena izapidetzea.

1.– Aurreproiekturik egokiena aukeratu ostean, titularrak zenbait agiri bidali beharko ditu, lehenago bidali ez baditu, Energia Zuzendaritzara edo dagokion lurralde bulegora. Agiriak bidaltzeko sei hilabeteko epea izango du jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita. Hona hemen agiriok:

a) Instalazioaren oinarrizko proiektua.

b) Ingurumen-inpaktuaren azterketa. Azterketak ingurumenaren arloan indarrean dagoen legediak ezartzen dituen datuak jaso beharko dira gutxienez.

c) Energia ekoizpenaren egiaztagiri teknikoak, kokagunean betan egindako neurketak eta/edo korrelazio metodoak aurkeztuz.

d) Parke eolikoa exekutatzeko egutegia, bai eta finantza-plana ere.

e) Parkea instalatzeko aurreikuspen ekonomikoak. Ekipoen, instalazio elektrikoaren, obra zibilaren eta ingurumen-inpaktua zuzentzeko neurrien kostuak banakatuta agertu beharko dira.

f) Ordezkari legalak honako konpromisoa aurkeztuko du sinatuta: energia elektrikoa ekoizteko jarduera bukatzen denetik gehienez ere bi urteko epean instalazio osoa handik kenduko dutela eta lursailak lehengoratu egingo dituztela.

g) Proiektuaren edo aurreproiektuaren zatiren batek beste administrazio publiko, organismo edo udal batzuen menpe dauden ondasun, instalazio, obra edo zerbitzu, zentro edo zonaldeei eragiten badiete, zati horien separata teknikoak aurkeztu beharko dira.

h) Eragindako ondasun eta eskubideen zerrenda zehatz eta banakatua.

Baimena eskabide bakarra aurkezten bada, eskabide bakar horren titularrak sei hilabeteko epea izango du aurreko paragrafoan zerrendatutako agiriak aurkezteko, eta sei hilabeteko epea 4. artikuluan adierazitako epea bukatu eta hurrengo egunetik hasiko da kontatzen.

Eskatzaileren batek ez baditu aurkezten 1. puntuko agiriak, eskatuko zaio hamar eguneko epean aurkez ditzala derrigorrezko agiri horiek; eta ohartaraziko zaio agiriok aurkezten ez baditu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Horretarako, lehendabizi horren gaineko ebazpena egingo da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42.1 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

2.– Oinarrizko proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa batera jarriko dira jendaurreko informazio-erakustaldian, hilabete batez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta dagokion lurralde historikoko aldizkari ofizialean. Horretarako, eskabidearen laburpen bat argitaratuko da dagokion aldizkari ofizialean. Epe horretan interesatuek eta herritar guztiek izango dute aukera agiriak aztertu eta alegazioak aurkezteko.

3.– Jendaurreko informazio-erakustaldiaren izapidea egiten ari den bitartean, instalazioak ukituko dituen udalei, aldundiari edo aldundiei eta ondasun edo eskubideren bat eraginda izango duten bestelako organismoei ere derrigorrean eskatu beharko zaizkie haien baldintzak. Baldintzak aurkezteko epea hilabetekoa izango da gehienez.

Aurreko paragrafoarekin lotuta, ulertuko da epe barruan aurkeztu ez diren baldintzak aldekoak direla. Hala ere, horrek ez du eraginik izango kalifikazio eta baimen edo lizentzietan.

4.– Jendaurreko informazio-erakustaldia bukatu eta txostenik, alegaziorik edo kontraalegaziorik jaso bada, lurralde bulegoak edo Energia Zuzendaritzak ingurumen-organora bidaliko ditu proiektua, ingurumen-inpaktuaren azterketa eta hari egindako alegazioak, ingurumen-organoak ingurumen-inpaktuaren deklarazioa egin dezan.

Ingurumen-inpaktuaren deklarazioaren edukiak ondorio lotesleak izango ditu bi gai hauetan: proiektuak exekutatzeko neurri eta baldintzetan eta, instalazioa instalatzea ezinezkoa dela deklaratzen bada, exekutatzeko ezintasunean.

Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren eta ingurumen-organoaren artean sortzen diren ezadostasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzaren Kontseiluak ebatziko ditu.

5.– Ingurumen-inpaktuaren deklarazioa eman ondoren eta, behar izanez gero, dagokion lurralde bulegoak txostena egin ondoren, espedientea Energia Zuzendaritzara bidali beharko da, eta honek hilabeteko epea du ebazpena emateko, jasotzen duenetik hasita.

Exekuzio-proiektua aurkezteko eta parkea martxan jartzeko baldintzak eta, behar izanez gero, epeak jarriko dira ebazpenean. Epea ez da 2 urtetik gorakoa izango. Onuradunak eskaera arrazoitua aurkezten duenean eta Energia zuzendariak ebazpen adierazia ematen duenean baino ezingo da luzatu epea. Baimenean jarritako baldintzak eta betekizunak betetzen ez badira, baimena ezeztatu egin daiteke.

6.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 42. eta 43. artikuluei dagokienez, ebazpena hartzeko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da, 7. artikuluan adierazitako agiriak organo eskudunaren erregistroan aurkezten direnetik aurrera. Epe horretan ebazpen adierazirik ematen ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko da. Ebazpen adieraziaren edo ustezko ezespenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Administrazio eta Plangintza sailburuordeari, hilabeteko epean.

8. artikulua.– Exekuzio-proiektua onartzea.

1.– Instalazioen administrazio baimena eman ondoren, onuradunak, horretarako jarritako epearen barruan, exekuzio-proiektua aurkeztuko du, onartua izateko.

Onartua izateko aurkeztutako proiektuak bete egin beharko ditu industria kalitate eta segurtasunaren alorrean aplikatzekoak diren arauak, beti ere, elektrizitate eta industriaren alorreko legediaren arabera. Halaber, instalazio elektrikoetan aplikatzekoak diren erregelamenduetan adierazitako agiriez eta xedapenez gain, honako hau jaso beharko du: lekuan bertan 12 hilabetetik gora egindako neurketa eolikoen emaitzak, behar bezala justifikatuta.

2.– Baldin eta parke eoliko baten eskatzaileak exekuzio-proiektua dekretu honen 7. artikuluan adierazitako administrazio baimenaren fasean edo fase horren aurreko edozein unetan aurkezten badu, Energia zuzendariak onartuko du, 7-5 artikuluko ebazpen berean.

9. artikulua.– Martxan jartzeko akta.

Baimena emateko ebazpenean jarritako epearen barruan, instalazioak martxan jartzeko akta eskatuko dio parke eolikoaren titularrak dagokion lurralde bulegoari edo, parkeak lurralde historiko bat baino gehiago hartzen badu, Energia Zuzendaritzari. Izan ere, akta hori gabe parke eolikoa ezingo da martxan jarri.

10. artikulua.– Ekoizpen instalazioak aldatzea.

Dekretu honen arabera baimendutako ekoizpen instalazioetan funtsezko aldaketaren bat egiteko, beharrezkoa izango da administrazio baimena edukitzea aldez aurretik.

Baimenetan jarritako baldintzak eta betekizunak betetzen ez badira edo baimena emateko kontuan hartutako oinarriak aldatzen badira, baimena ezeztatu egin daiteke. Organo bera izango da baimena emango duena eta ezeztatuko duena.

11. artikulua.– Lursailak lehengoratzea.

Parke eoliko bat instalatzeko baimenak baldintza hau dakar: energia elektrikoa ekoizteko jarduera amaitzen denean, instalazio guztiak kendu egin beharko dira eta instalazioak zeuden lursailak lehengoratu egin beharko dira, hau da, lursailak lehen zeuden moduan utzi beharko dira.

Parke eolikoak instalatzeko baimenetan ezarritako baldintzak eta betekizunak betetzen ez direnean ere eskatuko da instalazioak kentzeko eta lursailak lehengoratzeko obligazioa.

Obligazio hori beteko dela bermatzeko, parke eolikoaren titularrak, martxan jartzeko akta ematen zaionetik hilabeteko epean, fidantza bat jarri beharko du, proiektuko obren aurrekontuaren %2koa. Fidantza instalazioak dauden artean mantendu beharko da eta estatuko kontsumorako prezioen indizearen arabera eguneratu beharko da urtero. Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian jarriko da, dagokion kutxan edo kontuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskura, legez ezarrita dagoen moduan. Jarduera amaitzen denean itzuliko da, interesatuak eskatu ondoren eta instalazio guztiak behar bezala kendu direla eta lursailak lehengoratuta daudela egiaztatu ondoren.

Instalazioak kentzeko eta lurrak lehengoratzeko, beharrezkoa izango da proiektu bat prestatzea, zeina Energia zuzendariak onartu beharko duen.

III. KAPITULUA
ERREGIMEN BEREZIAN SARTZEA ETA
DAGOKION ERREGISTROAN
INSKRIBATZEA

12. artikulua.– Erregimen berezian sartzea.

Energia elektrikoa ekoizteko instalazio bat erregimen berezikoa izateko eta dagozkion erregistroetan inskribatzeko, abenduaren 23ko 2818/1998 Errege Dekretuan ezarritakoa bete beharko da. Izan ere, baterako sorkuntza, hondakin eta energia-iturri edo baliabide berriztagarriez hornitutako instalazioek ekoiztutako energia elektrikoari buruzkoa da dekretu hori.

IV. KAPITULUA
JABETZA KENTZEA ETA ZORTASUNAK

13. artikulua.– Instalazioak herri erabilerarako direla deklaratzea.

1.– Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legearen IX. tituluan aurreikusitako ondorioetarako, dekretu honen eremuan sartutako instalazioak herri erabilerarako direla aitortzea Energia zuzendariak erabakiko du. Hala ere, Jaurlaritzaren Kontseiluak eskumena izango du, baldin eta zuzenbide publikoko entitate edo erakundeak aurka badaude.

2.– Aitormen hori interesatuak eskatu beharko du. Horretarako, bere ustez desjabetu beharrekoak diren ondasun edo eskubideen zerrenda, zehatuta eta banakatuta, aurkeztu beharko du.

3.– Ondasunak eta eskubideak herri erabilerarako direla deklaratzeak berekin dakar beti deklarazioak ukitzen dituen ondasunak hartzea eta eskubideak eskuratzea, eta baita presazko okupazioa ere (Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legea, 52. artikulua).

Ondasunak eta eskubideak herri erabilerarako direla deklaratzeak berekin dakar, halaber, instalazio elektrikoa lursailetan ezartzeko edo lursailetatik pasatzeko baimena. Lursail horiek Estatuarenak edo Autonomia Erkidegoarenak izan daitezke (jabetza, erabilera edo zerbitzu publikokoak edo ondarezkoak) edota Lurralde Historikoarenak edo udalerriarenak (erabilera publikokoak, bereak edo komunalak, edota horien obra eta zerbitzuak eta zortasun publikoko eremuetakoak).

V. KAPITULUA
ZEHAPEN PROZEDURA

14. artikulua.– Organo eskudunak.

Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legean aurreikusitako arau-hauspenak zehatzeko eskumenak, Euskal Autonomia Erkidegoko eskumenen barruan, honako hauei dagokie:

a) Administrazio eta Plangintza sailburuordeari, oso larritzat tipifikatutako zehapenak ezartzeko, indarrean den legediarekin bat.

b) Energia zuzendariari, arintzat edo larritzat tipifikatutako zehapenak ezartzeko, indarrean den legediarekin bat.

Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean agindutakoarekin bat etorriz, prozedura amaitzeko eskumenak dituzten organoek prozedurak hasteko eskumena ere izango dute.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

1.– Dekretu hau indarrean sartu baino lehenagoko baimena duten parke eolikoen espedienteei ez zaie dekretu hau aplikatuko, aurretik zegoen araudia aplikatuko baitzaie.

2.– Dagokion baimenik eduki gabe ere, jendaurrean jartzeko izapidea eginda duten parke eolikoen espedienteek ez dituzte bete beharko dekretu honetako aginduak. Bete egin beharko dute, ordea, 11. artikuluan agindutakoa, hau da, fidantza jartzeko obligazioa. Jendaurrean jartzeko izapidea, bestalde, bi arautan aipatzen da: urriaren 20ko 2617/66 Dekretuan, Instalazio Elektrikoen Baimenei buruzkoan, eta abenduaren 1eko 1955/2000 Dekretuan, energia elektrikoaren garraio, banaketa, merkataritza, horniketa jarduerak eta horiek instalatzeko baimenen prozedurak arautzeari buruzkoan.

3.– Dekretu hau indarrean sartzean izapideetan dauden parke eolikoen baimen-espedienteak, baldin eta jendaurrean jartzeko izapidea egin gabe badute, arau honetan agindutakoa bete beharko dute. Jendaurrean jartzeko izapidea, bestalde, bi arautan aipatzen da: urriaren 20ko 2617/66 Dekretuan, Instalazio Elektrikoen Baimenei buruzkoan, eta abenduaren 1eko 1955/2000 Dekretuan, energia elektrikoaren garraio, banaketa, merkataritza, horniketa jarduerak eta horiek instalatzeko baimenen prozedurak arautzeari buruzkoan.

Ondorio horietarako, Energia Zuzendaritzak dekretua indarrean sartu dela jakinaraziko die aurreko paragrafoan azaldutako egoeran dauden espedienteak dituzten eskatzaileei, eta hogei eguneko epea emango die 3. artikuluan adierazitako agiriak aurkez ditzaten. Agiriok aurkeztu ondoren, izapideak egingo dira, dekretuan adierazitakoaren arabera.

Baldin eta eskatzaileak agiri horiek jarritako epearen barruan aurkezten ez baditu, atzera egin duela ulertuko da, eta besterik gabe, artxibatu egingo da eskabidea, eta 30/1992 Legeko 42-1 artikuluan aurreikusitako ondorioak sortuko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ahalmena ematen zaio Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuari, dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2002ko maiatzaren 28an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,

JOSU JON IMAZ SAN MIGUEL.


Azterketa dokumentala