Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

78. zk., 2002ko apirilaren 25a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
2466

AGINDUA, 2002ko apirilaren 9koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, euskarazko curriculum-materialak prestatzeko laguntzetara dei egiten duena (EIMA IV).

Hezkuntzaren etengabeko zaharberritzea sustatzeko eta irakas-sistema hobetzeko ardurari eutsiz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hainbat ekimen jarri du martxan azken urteotan. Horietako bat da, besteak beste, euskal ikasmaterialgintza sustatzeko asmoz EIMA programak eginikoa.

Egindakoak asko eta ugari badira ere, bada, gaur eta hemen, gordin-gordin nabarmentzen den hainbat beharrizan, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bertatik bertara erantzun nahi dionik. Horien artekoa litzateke, inolako dudarik gabe, indarrean diren irakasmailetako curriculum-planteamendu berritzaileek euskarazko klase-emankizunean dakartzaten diseinu- eta aplikazio-lanen beharrizana.

Horiek guztiak asetze aldera letorke, hortaz, itzulpen-bidea alde batera utzi eta euskarazko curriculum-materialen sorkuntza- eta prestakuntza-lanari artez eta moldez ekingo dioten mintegiak eta lan-taldeak eratzeko laguntza-bidea, EIMA IV izenekoa hain zuzen, gero, emaitzak pasa beharreko egokitasun-azterketa pasa eta gero, argitara eman, ikastetxeetarako bidea hartu eta ikasmaterial-ondarea aberats dezan.

Hori guztia eta, era berean, urtarrilaren 23ko 1/2002 Legeak finkatutakoa gogoan izanik, honako hau

XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
DEIALDIAREN HELBURUA

1. artikulua.– 1.– Agindu honetan adierazitako baldintzei jarraituz, unibertsitateaz azpitiko irakasmailetako euskarazko curriculum-materialak mintegi edo lan-taldeen eskutik prestatu eta argitaratzeko moduan ipintzea.

2.– Itzulpen-lan hutsak ez ditu deialdi honek kontuan hartzen: sorkuntza- edo egokitzapen-lanak bakarrik hartuko dira beraz aintzakotzat.

3.– Deialdi honi dagokionez, formatu berezituan argitaratzen den ikasmateriala hartuko da curriculum-materialtzat, eta euskarri inprimatuan, ikus-entzunezkoan edota elektronikoan (Internet, CD-ROM etab.) eman liteke argitara.

4.– Curriculum-material baten zati bat prestatzeko ez da laguntza-eskabiderik onartuko.

II. KAPITULUA
DIRU-BALIABIDEAK

2. artikulua.– 1.– Xede horri aurre egiteko, berrehun eta berrogeita hamar mila eta hogeita bat (250.021 euro) euro erabiliko da, gehienik. Diru hori Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Nagusietan aurtengo urterako jarritako 02.0.1.04.04.0400.4.452.00.47152.001/H aurrekontu-sailetik hartuko da.

2.– Eskatzen diren laguntzen kopurua kontuan hartuta, artikulu honetan adierazitako diru-kopurua deialdia ebatzi aurretik aldatu egin daiteke, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren diru-baliabideen arabera. Hezkuntza sailburuordearen ebazpen bidez emango da aldaketa horren berri.

III. KAPITULUA
LAGUNTZA-DEIALDIRA BIL DAITEZKEENAK

3. artikulua.– 1.– Laguntza-deialdi honetara euskarazko curriculum-materialen prestatzaileak aurkeztu ahal izango dira, bai pertsona fisikoz osatutako lan-talde edo mintegi gisa, edo bai mintegi horren ordezko izaera duen argitaletxe, elkargo nahiz erakunde baten bitartez.

2.– Herri Administraziora antzeko laguntzaren bat itzultzeko espedienterik edo zigor-agiririk ezin izango dute eskatzaileek lehendik zabalik eduki.

IV. KAPITULUA
MATERIAL-PRESTATZAILEEK BETE BEHARREKO BALDINTZAK

4. artikulua.– 1.– Mintegi bakoitzak hiru kide izango ditu gutxienez, eta gehienez zortzi. Lanbide esparruko Heziketa Zikloetako ikasmaterialen kasuan, hala ere, gutxienez bi kide eta gehienez sei dituzten mintegiak onartuko dira.

2.– Mintegi bakoitzak curriculum-material jakin bat edo gehiago prestatu beharko du deialdi honen epe barrutian, aurrez onartutako lan-plangintza baten arabera.

3.– 2002-2003 ikasturterako prestatzen ari diren ikasmaterialentzat da, lehenik eta behin, deialdi honetako diru-kopurua. Diru-hondarrik izanez gero, 2003-2004rako prestatu nahi diren ikasmaterialak ere kontuan hartuko dira.

4.– Deialdi honetara biltzen diren lan-talde edo mintegiek, curriculum-materialen prestakuntza-lana dagozkien epeetan bukatzeaz gainera, argitaratu eta ikastetxeetara zabaltzeko moduan jarri beharko dituzte. Argitaratzeko konpromiso finkorik ez duen ikasmaterial-prestakuntzarik ez da diruz lagunduko.

5. artikulua.– 1.– Mintegi bakoitzeko kideek arduradun bat izendatuko dute, beren artetik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin izan beharreko harremanetan solaskide gisa aritzeko.

2.– Mintegikideak argitaletxe, elkargo edo erakunde batentzat ari direnean, delako argitaletxe, elkargo edo erakunde horretako ordezkari bat izan daiteke mintegiaren arduradun.

6. artikulua.– Mintegikideek kasuan kasuko curriculum-materiala prestatzeko maila egokian menderatuko dute euskara, beraien prestakuntza-lana, idatziz zein ahoz, batik bat hizkuntza honetan egin ahal izan dezaten. Hortaz, EGA agiriaren, irakasleen HE2ren edo baliokideren baten jabe izan beharko dute, euskarazko ikasmateriala behar den garantiaz prestatu ahal izateko. Agiririk ez duten kideen kasuetan Hezkuntza Sailburuordetzak ezar dezake zein eratan egiaztatu behar duten euskararen ezaguera.

7. artikulua.– Deialdi honetara bildu nahi duten lan-taldeek honako irakasmaila eta jakintzagai hauetakoren bati buruzko proiektua aurkeztu beharko dute:

a) Haur eta Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Lanbide esparruko Heziketa Zikloak edota LOGSE Batxilergoko jakintzagaiak (derrigorrezkoak nahiz aukerakoak).

b) Zehar-lerro bati buruzko curriculum-materialak prestatzeko proiektuak: bakezko elkarbizitza indartzera, tolerantzia eta berdintasuna azpimarratzera datozen baloreak eta jarrerak.

c) Ebaluaziorako, orientabiderako eta aniztasunari erantzuteko curriculum-materialak prestatzeko proiektua. Curriculum-materialak ezezik, ikasleen ezaugarri psikologikoen neurketa eta diagnosirako balio dezaketen bestelako materialak ere hartuko dira kontuan esparru horren barruan.

d) A ereduko ikasleentzat eta beraien irakasleentzat euskara i(ra)kasteko curriculum-materialak prestatzeko proiektua.

e) Helduen Hezkuntzarako curriculum-materialak prestatzeko proiektua.

f) Aukerako Hezkuntza-Jarduera lantzeko ikasmaterialak prestatzeko proiektua.

g) Musika-irakaskuntzan erabiltzeko diren curriculum-materialak prestatzeko proiektua.

h) Hezkuntza Berezirako curriculum-materialak prestatzeko proiektua.

V. KAPITULUA
ESKABIDEAK

8. artikulua.– Agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak eskatzeko, I. eranskinean jasotako eskabide-orria bere osotasunean bete, sinatu eta 10. artikuluan finkatutako epean aurkeztu egin behar da. Eskabide-orri hori Hezkuntza Ordezkaritzetan eskura daiteke. Nahi izanez gero, eranskinean jasotako ereduaren kopia erabil daiteke.

9. artikulua.– 1.– Eskabide-orriarekin batera honako dokumentu eta argibideok ere nahitaez aurkeztu beharko dira:

a) Curriculum-materiala prestatzeko proiektua, bereziki ikasmaterialaren ezaugarriak eta eduki-segida adieraziz. Ikasmaterialak dagokion curriculum-dekretuarekin, diseinuarekin edota gainerako orientabideekin duen lotura azaldu beharko da. Horrezaz gain, ikasmaterialaren beraren xedea eta izaera, helburuak, metodologia, ebaluazioa, nori zuzentzen zaion, erabilera-modua, proiektu orokorrago batean txertatzen ote den, zer euskarritan argitara emango den, lan-bolumena, e. a. zehaztuko da. Era berean, mintegiak bere jarduerari buruz eman nahi dituen gainerako argibideak ere bertan eman ditzake (lan-antolaketa, informazio-iturriak,...).

b) Prestatu nahi den ikasmaterialaren beraren eredu edo erakusgarri bat, ahalik eta era zehatzenean aurkeztua.

c) Mintegikide bakoitzak curriculum-material horretan parte hartzeko prestakuntza baduela agertzen duten euskarazko agiriaren eta titulazio akademikoaren kopia egiaztatuak. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpeko irakasle diren mintegikideen kasuan ez da ez agiririk ez titulu akademikorik aurkeztu behar.

d) Begiz jotako gastuen aurrekontu zehatza. Laguntza-eskatzailea argitaletxe, elkargo edo erakunde bat denean diru-laguntzaren ehuneko hamarra eraman dezake berak, gehienik, mintegiaren kudeaketa-lanak sortzen dituen gastuetarako.

e) Sortuko den curriculum-materiala argitaratzeko eta zabaltzeko begiz jotzen den argitaletxearen izena, eta argitaletxe horren legezko ordezkariak sinatutako adostasun-idazkia, konpromisoa onartuz. Eskatzailea argitaletxe bat denean esan gabe doa konpromiso hori.

2.– Era berean, eskatzailea pertsona fisikoz osatutako lan-talde edo mintegia denean:

a) Mintegiko kide guztien NANen kopia eta Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergaren azken ekitaldiko aitorpenaren kopia egiaztatua;

b) Mintegikide bakoitzaren banketxeko datuen berri ematen duen “Hirugarren interesatuaren datuen alta” izeneko inprimakia. Berau, Administrazioaren edozein Lurralde Ordezkaritzatan jaso litekeena, zuzen bete eta dagozkion zigilu-sinadurak jarri ondoren eskabide-orriarekin batera aurkeztu beharko da.

3.– Eskatzailea argitaletxe, elkargo edo erakunde bat denean, berriz:

a) Argitaletxearen, elkargoaren edo erakundearen sortze-eskritura edota estatutuak, behar bezala egiaztatuak;

b) Argitaletxearen, elkargoaren edo erakundearen legezko ordezkariaren izendapena, egiaztatua, eta bere NANaren fotokopia;

c) IFZren fotokopia egiaztatua;

d) Jarduera Ekonomikoen Gaineko Zergaren azken erreziboaren fotokopia egiaztatua;

e) Zerga-kontuetan eta Gizarte Segurantzaren ordainketan egunean egotearen egiaztagiriak, Foru Ogasunak, Gizarte Segurantzaren Diruzaintzak edota dagokion instantziak emanak;

4.– Argitaletxe, elkargo edo erakunde batek eskabide-orri bat baino gehiago aurkezten duenean, 3. puntuan zehaztutako dokumentazioa bakarra izan daiteke eskabide-orri guztientzat.

5.– Dokumentuetako bat edo beste Administrazio honetan lehenago ere aurkeztua izan bada, eta ordutik hona bost urte edo gehiago igaro ez bada, eskatzaileak ez du dokumentazio hori nahitaez berriro aurkeztu behar izango. Nahikoa du delako dokumentu hori zein egun, organo edo bulegotan aurkeztu duen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari adieraztea (azaroaren 26ko 30/1992 Legea, 35. artikulua).

10. artikulua.– 1.– Eskabide-orriak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunean kontatzen hasita.

2.– Eskabide-orriak, ahal dela, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Gasteizko egoitza nagusian aurkeztuko dira, bertako Euskara Zerbitzuaren EIMA Programan edota, bestela, tokian tokiko Lurralde Ordezkaritzan. Era berean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan aurreikusitako edozein modutan aurkeztu ahal izango dira. Ikastetxeetako erregistroak, halere, Lege horretan adierazitako bulego-multzotik kanpora daudela joko da.

3.– Eskabide-orri bat behar bezala bete gabe aurkezten bada, Hezkuntza Sailburuordetzak berau osatzeko hamar lan-eguneko epea emango dio laguntza-eskatzaileari. Epe hori igaro ondoren eskatutako datuak edo dokumentuak ematen ez badira, eskatzaileak atzera egiten duela ulertuko da. Ondorioz, hartarako ebazpena eman ostean, eskabide hori baztertu egingo da.

VI. KAPITULUA
EBALUAZIO-JARDUNBIDEA

11. artikulua.– 1.– Aurkeztutako proiektuak eta ikasmaterial-ereduak behar bezala aztertzeko, eta 12. artikuluko 1. puntuan adierazitako irizpideekin zer neurritan bat datozen balioesteko, ebaluazio-batzorde bat eratu eta izendatuko du Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak.

2.– Ebaluazio-batzordea honako kideok osatuko dute:

a) Azken hiru urteotan bederen Bigarren Hezkuntzan euskaraz irakasten diharduten lau irakasle edo ikastetxetako zuzendariak.

b) Bigarren Hezkuntzan A ereduan euskara irakasten eskarmentu luzea duen irakasle bat.

c) Nagusiki euskarazko irakasbideez arduratzen diren bi ikuskari.

d) Berritzeguneetako teknikari bi, euskara(zko) irakaskuntzan adituak.

e) Euskal Editoreen Elkarteko ordezkari bat, gai hauetan aditua.

f) Euskara Zerbitzuko EIMA IV teknikaria, batzordearen idazkari.

3.– Nolanahi ere, onartutako proiektuek jorratzen duten jakintzagai bakoitzeko aditu bana batzordera deitu ahal izango da, gutxienez, ebaluazio-batzorde honetan. Hori dela-eta, batzordekideen kopurua handiagoa gerta liteke, beti ere aurkeztutako proiektuen arabera.

12. artikulua.– 1.– Ebaluazio-batzordeak, deialdiaren baldintzak zuzen betetzen dituzten eskabide guztiak aintzakotzat hartuz, horien balioespenari ekingo dio, zeregin horretan honako irizpideak eta balioak kontuan izanik:

a) Irizpide nagusien balioespena (gehienik ere 25 puntu)

a.1) Proiektuaren zehaztasuna (0tik 5 puntura)

a.2) Helburua garbi adierazita (0tik 5 puntura)

a.3) Norainoko sorkuntza-lana (0tik 5 puntura)

a.4) Lan-taldearen balioespena (0tik 10 puntura)

b) Curriculumaren araberako balioespena (gehienik ere 30 puntu)

b.1) Indarrean dagoen curriculum-diseinurako egokia (0tik 5 puntura)

b.2) Helburuak (0tik 5 puntura)

b.3) Edukiak eta kontzeptuak (0tik 5 puntura)

b.4) Ebaluazioa (0tik 5 puntura)

b.5) Zehar-lerroen trataera (0tik 5 puntura)

b.6) Aniztasunaren trataera (0tik 5 puntura)

c) Erakusgarriaren balioespena (gehienik ere 45 puntu)

c.1) Azalpenaren zehaztasuna (informazio zehatza) (0tik 5 puntura)

c.2) Metodologia (garbia, motibagarria, ondo eratua,...) (0tik 10 puntura)

c.3) Edukiak eta kontzeptuak (0tik 10 puntura)

c.4) Ebaluazio-irizpideak eta tresnak (0tik 5 puntura)

c.5) Ikaslearen inguruarekiko hurbiltasuna (0tik 5 puntura)

c.6) Hizkuntzazko kalitatea eta egokitasuna (0tik 10 puntura)

2.– Puntu horiek denak behar bezala egiaztatu ahal izateko, Ebaluazio-batzordeak aurrez aurreko azalpen-bilera egin ahal izango du mintegien arduradunekin.

3.– Bere balioespena egiteko, Ebaluazio-batzordeak berariazko ebaluazio-fitxa bat beteko du, proiektu bakoitzeko bana.

VII. KAPITULUA
EBAZPEN-JARDUNBIDEA

13. artikulua.– 1.– Berariazko ebazpen-batzorde bat arduratuko da Ebaluazio-batzordeak balioetsitako proiektuei eman beharreko diru-laguntza zehatza kalkulatzeaz, 14. artikuluaren 2. eta 3. puntuetan adierazitako lehentasun eta irizpideen arabera.

2.– Ebazpen-batzordearen partaideak honako hauek izango dira:

a) Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, batzordearen buru.

b) Ikasketen Antolamendurako Zerbitzuaren burua.

c) Ikasketen Antolamendurako Zerbitzuko teknikari bat, gai hauetan aditua, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak hartarako izendatua.

d) Euskara Zerbitzuaren burua.

e) Euskara Zerbitzuko EIMA IV programaren teknikaria, batzordearen idazkari.

14. artikulua.– 1.– Ebazpen-batzordeak banan-banan neurtuko ditu Ebaluazio-batzordeak balioetsitako proiektuak eta ikasmaterial-ereduak, eman beharreko diru-laguntzen kopuruak finkatuko ditu eta, azkenik, Hezkuntza sailburuordeari deialdiaren ebazpen-proposamena aurkeztuko dio.

2.– Honako ezaugarriotako ikasmaterial-proiektuok izango dute lehentasuna:

a) Irakasmailei dagokienean, Heziketa Zikloak eta Batxilergoaren 2. maila. Era berean, Helduen Hezkuntza eta programa bereziak.

b) Ikasmaterialak bukatzeko datari dagokionean, lehentasuna emango zaie 2002-2003 ikasturtean erabiltzeko ikasmaterialei, hau da, 2002ko irailean curriculum-materialak ikastetxeetara zabaltzeko moduan ipiniko dituzten mintegien proiektuei. Hala ere, horrela egindako diru-banaketak deialdi honen diru-partida agortuko ez balu 2003-2004 ikasturtean erabiltzeko curriculum-materialentzako laguntzak eman ahal izango dira.

c) Jakintza arloari dagokionean, ikasmaterialik ez dagoen arloak jorratzeko aurkezten diren proiektuei emango zaie lehentasuna.

d) Mintegiaren osaerari dagokionean, klase-emankizunean diharduten irakasleek osatutako mintegiak lehenetsiko dira, zati batean edo osorik era horretan osatutakoak baldin badira.

e) Oinarrizko ikasmaterialak, osagarrien aurretik lehenetsiko dira.

f) Euskarri inprimatuan argitaratutako ikasmaterialak, beste euskarrien aurretik. Hala ere, bezeria potentziala bereziki txikia duten ikasmaterialen kasuan euskarri elektronikoak ere izan dezake lehentasuna.

g) Sorkuntza-lanak, egokitzapen-lanen aurretik.

h) Ziklo oso bat edota irakasarlo oso bat jorratzeko proiektuak, zati batean jorratzekoak direnen aurretik.

i) A ereduan (DBHOn eta Helduen Hezkuntzan nagusiki) euskara irakasteko material eta irakasbide berriak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren curriculum-diseinu eta orientabide berriak kontuan hartuz kasuan kasuko ikasleen hizkuntz etekina hobetzeko balio lezaketenak.

3.– Aurreko puntuan aipaturiko lehentasunen ondorioz proiektu bakoitzari legokiokeen kopuru-finkapena, berriz, ondoko era honetan egingo da:

a) oinarri moduan, lan-taldearen gastu-azalpen ponderatua (GAP) hartuko da. Ponderazio hori eskabide-orrian azaldutako gastu-aurreikuspenetik eta lan-bolumenetik abiatuko da, eta honela egingo da:

(Ikus .PDF)

Kasuan kasuko lan-bolumenari dagokion aurrekontu-eredua, esan bezala, gehienezkoa da. Eskabide-orrian aurrekontu txikiagoa aurkezten denean, beraz, GAP-en baloretzat kopuru mugatuago hori hartuko da oinarri.

b) Horrela lortutako oinarriari Ebaluazio-batzordeak 0tik 100era arte emandako puntuazioa (EBP) aplikatuko zaio. Puntuazio horren eragin-indarra 0,5ekoa izango da.

c) Bestetik, lan-taldeak prestatuko duen ikasmaterialaren izaera eta ezarpen-eremua hartuko dira kontuan. Horiek, hurrenez hurren 0,25eko eragin-indarra dutelarik, ondoko bi adierazgarriokin definituko dira:

(Ikus .PDF)

d) Horren ondorioz, proiektu bakoitzari legokiokeen laguntzaren kopuru-zenbakia (KZ) i honela kalkulatuko da:

(Ikus .PDF)

e) Azkenik, deialdi honen laguntza-kopuru totala mugatua dela kontuan izanik, honela kalkulatuko da proiektu jakin bakoitzari dagokion diru-laguntza (DL)i zehatza:

(Ikus .PDF)

VIII. KAPITULUA
PROIEKTUEN JARRAIPENA

15. artikulua.– 1.– Berariazko jarraipen-batzorde bat arduratuko da proiektuen jarraipena egiteko, laguntza-eskabideak jaso eta diru-laguntzak ordaindu artean gerta litezkeen gorabeherak bideratzeko.

2.– Jarraipen-batzordearen partaideak hauek dira:

a) Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria (batzordearen buru).

b) Euskara Zerbitzuaren burua.

c) EIMA IVko teknikaria (batzordearen idazkari).

IX. KAPITULUA
EBAZPENA

16. artikulua.– 1.– 2002ko uztailaren 19an beranduenik, Ebazpen-batzordearen proposamena ikusirik, laguntza-deialdi hau ebatziko du Hezkuntza sailburuordeak. Hala ere, esandako epean ebazpenik hartuko ez balitz, isiltasuna ezezkorra dela ulertuko litzateke.

2.– Ebazpenean, laguntza-eskatzaile eta curriculum-material bakoitzari agindutako diru-laguntza zehatza adieraziko da. Hala ere, laguntza-eskatzailea pertsona fisikoz osatutako mintegia denean, mintegikide bakoitzari dagokion diru-kopurua ere adieraziko da bertan. Kide bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, mintegiak berak eskabide-orrian adierazitako ehunekoak hartuko dira kontuan.

3.– Ebazpena EHAAn argitaratuko da. Laguntza-eskatzaileetariko bat edo gehiago Hezkuntza Sailburuordetzak hartutako ebazpenarekin ados ez balego eta gora jo nahi balu, Ebazpena EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunean hasita hilabeteko epean gorako errekurtsoa egiteko aukera izango du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aurrean.

17. artikulua.– 1.– Diru-laguntza, gutxienez seiehun eta hamahiru (613 euro) euro eta gehienez sei mila ehun eta hogeita hamar (6.130 euro) eurokoa izango da egindako ikasmaterial bakoitzeko.

2.– Diru-laguntzak bateraezinak dira Herri Aginteek edota erakunde pribatuek helburu bererako ezarria daukaten beste edozein laguntzarekin.

X. KAPITULUA
ORDAINBIDEAK

18. artikulua.– Ebazpena hartu eta berehala, diru-laguntzaren %60 ordainduko da. Gainerako %40, ikasmateriala argitaratu eta baldintza guztiak bete direla konprobatu ondoren ordainduko da.

19. artikulua.– 1.– Bigarren laguntza-zatia jaso ahal izateko, mintegiak honako epeetako baten barruan amaitu behar du bere lana eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko EIMA Programari aurkeztu:

a) 2002-2003 ikasturtean erabiltzekoa den ikasmateriala, 2002ko maiatzaren 31rako.

b) 2003-2004 ikasturtean erabiltzekoa den ikasmateriala, 2003ko maiatzaren 31rako.

2.– Aurkezpen-epea luzatzeko, edota eskabide-orrian emandako datuen gainean aldaketarik egin ahal izateko (mintegiko kideak, lanaren ezaugarriren bat, argitalpen-bidea, edo besterik), Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari aurkeztu beharko zaizkio salbuespen-eskeak, behar bezala arrazoituak, artikulu honetako 1. puntuan adierazitako epe-muga hori baino hamabost egun arinago. Jarraipen-batzordearen esku geldituko da hartarako motiborik badagoen aztertu eta proposamena egitea Hezkuntza sailburuordeari, honek dagokiona ebatzi dezan.

20. artikulua.– Burututako lanarekin batera, beste honako hauek ere aurkeztu beharko dira 19.1. artikuluan esandako epeen barruan:

a) Ikasmaterialari buruz mintegiak komenigarri deritzan informazio-argibideak emanaz mintegikide guztiek izenpeturiko oroitidazkia.

b) Prestaturiko ikasmaterialaren onespen-azterketa eskatuz mintegikide arduradunak egindako eske-idazkia.

21. artikulua.– 1.– Azaroaren 3ko 295/1998 De-kretuak araututakoari jarraituz, Hezkuntza Sailburuordetzak curriculum-materialen onespenerako ezarriak dituen ohiko bideak erabiliko ditu, berariazko azterketak eginez hizkuntz erabilerari eta eduki-egokitasunari dagokienean.

2.– Curriculum-materialak legez dagozkion onespen-azterketak gainditzen baditu, mintegiaren lana onetsita dagoela ulertuko da eta, beraz, argitara eman ahal izango da. Ikasmateriala onetsia ez bada, aldiz, beharrezko zuzenketak egin eta berriz ere Hezkuntza Sailburuordetzan aurkeztu beharko da, onespen-azterketa berria egin dakion.

22. artikulua.– Onespen-agiria jaso eta gero, ez lehenago, ikasmateriala argitara emango da, eta argitaratu ere, honako egutegiari jarraituz:

a) 2002-2003 ikasturtean erabiltzekoa den ikasmaterialaren kasuan, 2002ko urriaren 1a baino lehen.

b) 2003-2004 ikasturtean erabiltzekoa den ikasmaterialaren kasuan, 2003ko urriaren 1a baino lehen.

23. artikulua.– Argitara emandako ikasmaterialak argi eta garbi adieraziko ditu materialaren prestatze-lanetan ibilitako egile, laguntzaile eta egokitzaile guztien izen-abizenak. Eskabide-orrian adierazitako mintegikideak, ez beste inor, izango dira, hortaz, curriculum-materialaren prestatzaile. Eran berean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak irakaslanerako onetsitako euskal ikasmaterialak egoera hori adierazten duen ondoko esaldia eramango du, ongi ikus daitekeen tokian eta ale guztietan: "Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak onetsia (onespen-data)".

24. artikulua.– Argitaratu eta berehala, betiere 22. artikuluan finkaturiko egutegiaren baitan, mintegi arduradunak Hezkuntza Sailburuordetzako EIMA Programan edo Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritza batean aurkeztu eta sarrera emanik utziko ditu dagokion ikasmaterialaren bi ale.

25. artikulua.– Ikasmateriala jaso eta Agindu honetan finkaturiko baldintzak bete direla ikusi ostean, dagokion dirulaguntzaren %40ren ordainketari ekingo zaio.

26. artikulua.– 1.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean, eta Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 7ko EHAA) ezarritako jardunbideari jarraiki, Agindu honetan ohartemandakoa betetzen ez bada edo Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorraren konturako diru-laguntzen jasotzaileek dituzten eginbeharrak zuzen betetzen ez badira, jasotako laguntza eta dagozkion lege-interesak itzuli egin beharko dira.

2.– Era berean, laguntza-deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzen inguruan Ekonomi Jarraipenerako Bulegoak edota Herri Kontuen Euskal Epaitegiak bere funtzioen aplikazioan eska dezan edozein informazio eskaintzera behartuta dago laguntza-jasotzailea.

XI. KAPITULUA
ZIURTAPENA

27. artikulua.– 1.– Irakasle diren mintegikideen kasuan, Pedagogi Berrikuntzako Zuzendaritzak beraien parte-hartzea berariaz ziurtatuko du, baldin eta interesatuek idatziz hala eskatzen badute eta prestatutako ikasmaterialak onespena jasoa badu.

2.– Prestatutako ikasmaterial bakoitzeko unean uneko ordu-balioztapena emango zaio irakasle den mintegikide bakoitzari. Hala ere, lan-koadernoen edota bolumen txikiko bestelako ikasmaterialen balioztapena egiterakoan, sail bat osatzen badute, curriculum-material bakar bat bezala hartuko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetako euskal eta erdal idazkien artean interpretazio-auzirik sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik hura hartuko da korapiloa askatzeko gidari.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.– Agindu honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesatuek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari, Agindua EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, hilabeteko epean; bestalde, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Administrazioarekiko Auzietako Salan, Agindua esandako aldizkari ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, bi hilabeteko epean.

Bigarrena.– Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2002ko apirilaren 9a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

ANJELES IZTUETA AZKUE.

I. ERANSKINA
EIMA programa: EUSKAL IKASMATERIALGINTZA
EIMA IV:
EUSKARAZKO CURRICULUM-MATERIALAK PRESTATZEKO LAGUNTZAK
2002
ESKABIDE-ORRIA

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala