Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

17. zk., 2002ko urtarrilaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
510

22/2002 DEKRETUA, urtarrilaren 15ekoa, Euskal Irrati Telebista ente publikoari (EITB) baimena ematen diona Euskaltel SA sozietateak egin behar duen kapital gehikuntzan parte hartzeko.

Euskaltel SA enpresak telekomunikazio zerbitzuak eta sareak kudeatzea, ustiatzea, merkaturatzea eta banatzea du helburu. Bere proiektua, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko operadore integral bihurtzea da.

2001eko abenduaren 19an egindako Ezohiko Akziodunen Batzar Nagusian, besteak beste, bihar-etzi kapitala berriro ere gehitzea erabaki zen hirurogeita bi milioi eta laurehun mila eurotan (62.400.000), hain zuzen ere, 2002. ekitaldian sor daitezen kapital premiei aurre egiteko.

Sozietatearen jarduera horri ekiteko milioi bat eta berrogei mila (1.040.000) akzio berri jaulkiko dira, horietariko bakoitzaren balio izendatua hirurogei (60) eurokoa izanik.

EITBren administrazio organoak aurreikusitako jarduerak ikusita, bidezkotzat jo da akzio berriak harpidetzea, izan ere, akziook gaur egun bere esku duen kapital sozialaren %5eko titularitatetik dagozkionak dira. Beraz, goitik jota, berrogeita hamabi mila (52.000) akzio berri (akzio bakoitza: 60 euro) harpidetuko ditu, gehienez ere hiru milioi ehun eta hogei mila (3.120.000) euro ordainduta.

Euskadiko Ondareari buruzko uztailaren 27ko 14/1983 Legeko 44.1 artikuluan xedatzen denez, Jaurlaritzak dekretu-bidez eman behar dio baimena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari edozein eratako sozietateak sortzeko edo horietan partaide izateko. Horretarako, Ekonomia eta Ogasun sailburuak eta enpresa atxikita egongo den saileko sailburuak egin beharko dute proposamena, biok batera. Ekarpena, balioa dena dela, dirutan edo jabari pribatuko ondasunen bidez egin ahal izango da.

Uztailaren 16ko 7/2001 Dekretuaren 13.2 artikuluaren arabera, Euskal Irrati Telebista zuzenbide pribatuko ente publikoa Kultura Sailari atxikita dago. Ondorioz, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren eta Kultura sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2002ko urtarrilaren 15ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Baimena ematea Euskal Irrati Telebista zuzenbide pribatuko ente publikoari (EITB) Euskaltel SA sozietateak 2002an egin behar duen kapital gehikuntzan parte hartzeko, zehazki, hiru milioi ehun eta hogei mila (3.120.000) eurotan. Gehikuntza egin ostean Euskal Irrati Telebista ente publikoak (EITB) Euskaltel SAren kapitalean izango duen portzentaia %5ekoa izango da, berrehun eta zortzi mila eta bostehun (208.500) akziorekin ordezkatuta. Akzio bakoitzaren balio izendatua hirurogei (60) eurokoa da.

AZKEN XEDAPENA

Onartzen den egunetik izango du eragina dekretu honek.

Vitoria-Gasteizen, 2002ko urtarrilaren 15ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN.

Kultura sailburua,

MIREN KARMELE AZKARATE VILLAR.


Azterketa dokumentala