Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

17. zk., 2002ko urtarrilaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
509

11/2002 DEKRETUA, urtarrilaren 15ekoa, Energiaren Euskal Erakundeari baimena ematen diona Euskaltel SA sozietateak egin behar duen kapital gehikuntzan parte hartzeko.

Energiaren Euskal Erakundea (EEE) zuzenbide pribatupeko ente publikoa da Euskal Autonomia Erkidegoko erakundezko administrazioaren barruan. Bere jardueraren barruan, telekomunikazioen alorreko zerbitzuen kudeaketan parte hartzea dago, horrela xedatzen baitu martxoaren 13ko 7/1998 legeak, zeinak Energiaren Euskal Erakundea sortzen duen Legea aldatzen baitu.

Euskaltel SA enpresak telekomunikazio zerbitzuak eta sareak kudeatzea, ustiatzea, merkaturatzea eta banatzea du helburu. Bere proiektua, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko operadore integral bihurtzea da.

Euskaltel SA sozietatearen Administrazio Kontseiluak Akziodunen Batzar Nagusiari kapitala berrehun eta berrogeita hamar milioi eta berrehun mila (250.200.000,00) eurotan gehitzeko proposamena egitea erabaki zuen. Horretarako, hirurogei euroko (60) milioi bat eta berrogei mila (1.040.000) akzio aterako dira.

Kapitala gehitzeko txostena —Administrazio Kontseiluak gertatutakoa— aztertu ostean, bidezkotzat jo da Energiaren Euskal Erakundeak gehikuntza horretan parte-hartzea. Horretarako milioia berrehun eta berrogeita zortzi mila (1.248.000,00) euro jarriko ditu 60 euroko hogei mila eta zortziehun (20.800) akzio erosteko. Energiaren Euskal Erakundearen partaidetza kapital sozialean %2an gelditzen da horrela.

Euskadiko Ondareari buruzko uztailaren 27ko 14/1983 Legeko 44.2 artikuluan xedatzen denez, Jaurlaritzak, zuzenbide pribatuko ente publikoei, Energiaren Euskal Erakundeari kasu, edozein eratako sozietateak sortzeko edo horietan partaide izateko baimena eman ahal izango die Dekretu bidez, betiere, bakoitzak dituen aurrekontuen kargura. Horretarako, Ekonomia eta Ogasun sailburuak eta ente instituzionalok atxikita dauden Saileko sailburuak egin beharko dute baterako proposamena.

Ondorioz, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren eta Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2002ko urtarrilaren 15ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Euskaltel SA sozietateak 2002. ekitaldian egin behar duen kapital gehikuntzan milioia berrehun eta berrogeita zortzi mila (1.248.000,00) eurorekin parte hartzeko baimena ematea Energiaren Euskal Erakundeari. Harpidetuko diren akzioen izendatuari dagokio, oso-osorik, zenbateko hori. Energiaren Euskal Erakundeak sozietatearen kapitalean izango duen portzentaia, gehikuntzaren ostean, %2koa izango da.

AZKEN XEDAPENA

Onartzen denetik izango ditu ondorioak Dekretu honek.

Vitoria-Gasteizen, 2002ko urtarrilaren 15ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,

JOSU JON IMAZ SAN MIGUEL.


Azterketa dokumentala