Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

246. zk., 2001eko abenduaren 21a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Herrizaingo Saila
7149

AKORDIOA, Academia de Policía del País Vasco / Euskal Herriko Polizia Ikastegiko zuzendaritzaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea / Instituto de Alfabetización y Reeuskaldunización de Adultos-eko zuzendaritza nagusiaren artekoa, Ertzaintzako lanpostuetan autoikaskuntza-sistema baten bidezko hizkuntz prestakuntza kudeatzeko ardurari buruzkoa.

Arkauten, bi mila eta bateko azaroaren hogeita hamarrean.

BILDUTAKOAK

Alde batetik, Guadalupe Camino García andreak, Academia de Policía del País Vasco / Euskal Herriko Poliziaren Ikastegia erakunde autonomiaduneko zuzendariak.

Bestetik, Jokin Azkue Arrastoa jaunak, HABEko zuzendari nagusiak.

ADIERAZTEN DUTE

Lehenengoa.– Euskal Herriko Poliziaren uztaileko 17ko 4/1992 legearekin bat etorriz, Academia de Policía del País Vasco / Euskal Herriko Poliziaren Ikastegia Herrizaingo Sailari atxikitako administrazio-izaera duen erakunde autonomiaduna dela, nortasun juridiko propioa duena eta bere helburuak bete daitezen jarduteko gaitasun osoa daukana. Aipatutako eskumenen artean daude Ertzaintzaren funtzionarioentzako hizkuntz trebakuntzarako ikastaroak programatzea, antolatzea eta gauzatzea, otsailaren 24ko 30/1998 Dekretuaren arabera.

Bigarrena.– Academia de Policía del País Vasco / Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko erakunde autonomiadunak ez duela Ertzaintzako lanpostuetan autoikaskuntzazko sistema baten bitartez hizkuntz prestakuntza-programa bat gauzatzeko behar diren ez giza baliabiderik, ezta bitarteko materialik ere. Beraz, nahikoa bitarteko eta baldintzarik hoberenak eskaintzen dituen erakunde baten eskuetan utzi behar dela lan hori.

Hirugarrena.– Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortu zeneko azaroaren 25eko 29/1983 legearekin bat etorriz, HABE Kultura sailari atxikitako erakunde autonomiaduna dela, nortasun juridiko propioa duena eta bere helburuak bete daitezen jarduteko gaitasun osoa daukana.

Laugarrena.– HABE erakundeak lehen aipaturiko Academia de Policía del País Vasco / Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiaren beharrizanei erantzuteko bitarteko egokiak dituela.

Bosgarrena.– Horregatik guztiagatik, bildutakoek, parte hartzen duten aldetik, kudeatze-akordio hau legezko egitea hitzartu dute, ondorengo hauen arabera

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 legearen 15. artikuluan xedatutakoaren arabera, Academia de Policía del País Vasco / Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko erakunde autonomiadunak eta HABEk hitzartu dute HABE erakundeak gauzatuko duela Ertzaintzako lanpostuetan autoikaskuntza-sistema baten bidezko hizkuntz prestakuntza-programaren kudeaketa, Poliziaren Ikastegiak ez baitu horretarako bitarteko tekniko egokirik.

Bigarrena.– Aipatu kudeaketak ondorengo jarduerak gauzatuko ditu eta kasu bakoitzean adierazten den norainokoa izango du:

a) Euskara irakastea lanpostuan, autoikaskuntzazko sistema baten bitartez, Academia de Policía del País Vasco / Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiak izendatutako ikasleei.

b) Programa honetan parte hartzen duten ikasleen ebaluazioa: bai aprobetxamendu-mailarena, baita asistentziarena ere.

c) Academia de Policía del País Vasco / Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiak eskatzen duen informazioa ematea: bai programaz edota ikasleez, bai —eta batez ere— ikasleen aprobetxamendu-mailez eta horien eskola-asistentziaz.

Hirugarrena.– Kudeaketa honek sortutako gastuak Academia de Policía del País Vasco / Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko aurrekontuari egotziko zaizkio, HABEk aldez aurretik horren fakturazioa egin ondoren.

Laugarrena.– Kudeatze-lan hauek idatzi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik 2002ko abenduaren 31 arte izango dute indarra. Eta, bildutako bi aldeek nahi izanez gero, hitzarmen hau luzatu ahal izango da, baldin eta aipatu jardunerako aurrekontu-esleipen nahikoa eta egokia baldin badago.

Bosgarrena.– Hitzarmen honek ez dakar Academia de Policía del País Vasco / Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko erakunde autonomiadunari jardun horretarako emandako eskumenen eta funtsezko gaien titulartasuna kentzea.

Seigarrena.– Academia de Policía del País Vasco / Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko erakunde autonomiadunari dagokio kudeatze honek dakartzan jarduerak babesteko egintza edo ebazpen juridikoak ematea.

Bildutako bi aldeak agiri honetan zehaztutako edukiarekin bat datoz,eta, horrela jasota gera dadin, hasieran idatzitako tokian eta egunean bi aldiz sinatzen dute akordio hau.

Arkaute, 2001eko azaroaren 30a.

Euskal Herriko Polizia Ikastegiko zuzendaria,

GUADALUPE CAMINO GARCIA.

HABEko zuzendari nagusia,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.


Azterketa dokumentala