Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

246. zk., 2001eko abenduaren 21a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
7142

343/2001 DEKRETUA, abenduaren 11koa, Hezkuntza Ikuskaritzako lanpostuek izan beharreko hizkuntz eskakizun eta derrigorrezkotasunak zehazteko araubide espezifikoa ezartzen duena.

Martxoaren 9ko 47/1993 Dekretuak, irakaskuntza-lanpostuetako hizkuntz eskakizun eta derrigorrezkotasun-datak zehazteko irizpideak ezartzen dituenak, garatu zituen otsailaren 19ko 2/1993 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitateaz Kanpoko Irakasleen Kidegoei buruzkoak, V. tituluan zeuzkan aurreikuspenak.

Aipatutako dekretuaren aplikazio-eremuak ez zituen, ordea, bere baitan hartzen ondorengo lanpostuak: Araubide Bereziko Irakaskuntzakoak eta Helduen Hezkuntzakoak, Hezkuntza Ikuskaritzakoak eta Ikerketa eta Irakaskuntzari Laguntzeko Zerbitzuetakoak.

Dekretu honek bete nahi du Hezkuntza Ikuskaritzako irakaskuntza-lanpostuei begira dagoen araudirik eza, eta araubide espezifikoa zehazten du lanpostuei hizkuntz eskakizun eta derrigorrezkotasunak emateko, haien izaeraren eta ezaugarrien arabera.

Dekretu honetan bi funtsezko alderdi nabarmentzen dira:

1.– Hizkuntz eskakizun bat, 2. hizkuntz eskakizuna, ematen zaie lanpostuei; hala ere, hizkuntza eskakizuna derrigorrezkoa ez denean, 1. hizkuntz eskakizuna meritu gisa baloratu ahal izango da.

2.– Salbuespen-araubide espezifikoa zehazten da, lanpostu horietan aritzea klasea ematea ez dela kontuan hartuta.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak eta Kultura sailburuak batera egindako proposamenez, Aholkularitza Juridikorako Batzordea entzunda, Gobernu Kontseiluak 2001eko abenduaren 11n izandako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Dekretu hau Hezkuntza Ikuskaritzako lanpostuei aplikatuko zaie.

2. artikulua.– Martxoaren 9ko 47/1993 Dekretuak ezarritako 2. hizkuntz eskakizuna izango da Hezkuntza Ikuskaritzako lanpostuak bete eta berorietan aritzeko euskarazko hizkuntz gaitasunaren maila.

3. artikulua.– Hizkuntz eskakizunaren derrigorrezkotasun-datatik aurrera, horren jabe izatea ezinbesteko baldintza izango da lanpostua bete eta horretan aritzeko.

4. artikulua.– Hizkuntz eskakizuna derrigorrezkoa ez den heinean, euskaraz jakiteari merezimendu gisa eman beharreko balorazioa zehazteko bakarrik izango da baliagarri.

5. artikulua.– Lanpostuari emandako hizkuntz eskakizuna derrigorrezkoa ez den kasuetan, euskaraz jakitea merezimendu gisa baloratzeko, 2. hizkuntz eskakizunaz gain, martxoaren 9ko 47/1993 Dekretuak zehaztutako 1. hizkuntz eskakizuna ere hartuko da kontuan.

6. artikulua.– Lanpostu bakoitzaren hizkuntz eskakizuna eta, horrela izanez gero, derrigorrezkotasun-data, Gobernuak onartuko duen Hezkuntza Ikuskaritzako lanpostuen zerrendari gehituko zaio, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren proposamenez eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak txostena egin ondoren.

7. artikulua.– 10 urteko aldia, bosna urteko bi etapatan banatua, izango da Hezkuntza Ikuskaritzako lanpostuen hizkuntz eskakizunen derrigorrezkotasun-data zehazteko. Plangintza-aldi hori kontuan hartuko da, Hezkuntza Ikuskaritzako lanpostuen zerrenda argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

8. artikulua.– Hizkuntz eskakizunaren derrigorrezkotasun-datak plangintza-aldiaren barruan zehaztuko dira, hezkuntza-sistemaren beharren arabera eta lanpostuen titularren prestakuntzarako lagungarri izateko moduan, titularrek hizkuntz eskakizuna egiaztatua ez baldin badute.

9. artikulua.– Derrigorrezkotasun-data igarotako hizkuntz eskakizuna duten Hezkuntzako Ikuskaritzako lanpostuen ehunekoa, gutxienez, ikastetxe publiko eta pribatuetako B eta D ereduetan eskolatutako ikasleen ehunekoaren baliokidea izango da, hori plangintza-aldiko bosna urteko etapa bakoitzerako kalkulatuz.

10. artikulua.– Hezkuntza Ikuskaritzako funtzionarioen hizkuntz eskakizuna egiaztatzeko araubidea araubide orokorreko irakaskuntzako ikastetxe publikoetako irakasleentzat orokorrean zehaztutakoa izango da.

11. artikulua.– 1.– Otsailaren 19ko 2/1993 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasleen kidegoei buruzkoak, 49.2. artikuluan xedatutakoaren arabera, ez dute derrigorrezkotasun-araubide orokorra bete beharko ondorengo kasuetan dauden Hezkuntza Ikuskaritzako lanpostuen titularrek:

a) 7. artikuluan finkatzen den denbora-esparruko etapa bakoitzaren hasieran 45 urte baino gehiago izatea eta beraiek ados egotea.

b) Huts nabarmenak izatea hizkuntza ikasteko prozesurako behar diren trebetasunei begira, betiere behar bezala egiaztatu ondoren.

c) Elbarritasun fisiko edo psikikoak izatea, helduen hizkuntz prestakuntza eta gaitasunerako indarreko programen bidez euskara ikastea ezinezko egin edo zailago bihurtzen baldin badute.

2.– Hizkuntz eskakizunaren derrigorrezkotasunari buruzko araubide orokorra betetzeko dauden salbuespenak orokorrean zehaztutako eran egiaztatuko dira, hots, araubide orokorreko irakaskuntzako ikastetxe publikoetako irakasleentzat ezarritakoan.

12. artikulua.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko irakaslegoaren Euskalduntzeko Planak proposamen espezifikoak ezarriko ditu Hezkuntza Ikuskarientzat.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Dekretu honek ezarritakoaren aurka doazen maila bereko edo gutxiagoko xedapen guztiak indargabetzen dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.– Baimena ematen zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari behar diren xedapen guztiak eman ditzan, Dekretu honetan ezarritakoa aurrera eraman eta garatzeko.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2001eko abenduaren 11n.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

M.ª ANGELES IZTUETA AZKUE.

Kultura sailburua,

MIREN AZKARATE VILLAR.


Azterketa dokumentala