Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

165. zk., 2001eko abuztuaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Justizia, Lan eta Gizarte Gaietako Saila
4794

155/2001 DEKRETUA, uztailaren 30ekoa, gizarte-zerbitzuen alorreko egitekoak zehazteko dena.

Gizarte-zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legearen helburua da, besteak beste, jardun-eremu horretan Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta Udalek duten erantzukizuna zehaztea. Eta hori hala egingo du oinarri hartuta batetik, eskumen-banaketa, Autonomia-Elkarte Osoko Erakundeen eta bertako Kondaira-Lurraldeetako Foruzko Ihardutze-Erakundeen Arteko Harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legean ezarritakoa; eta bestetik, Toki-Jaurbideari buruzko Oinarrien Lege Arautzaileak gizarte-zerbitzuen alorrean udalerriei emandako mandatua.

Zehaztasun horrek aurrerapen handia ekarri zion aurretik zegoen araudiari, legeak berak baitio zioen adierazpenean "Legean jasotako zehaztasun horiekin, ahal denik eta argien banatu dira erakunde bakoitzari dagozkion eskumenak. Eta egintza horrek berebiziko berrikuntza dakar bai administrazioan eta bai arlo juridikoan". Izan ere, zehaztasun horren bidez, administrazio-maila bakoitzari dagozkion egiteko material zehatzak definitu ziren, ez zen mugatu administrazio horien eskumenaren maila adieraztera.

Hala ere, alor horretako egitekoak hobetu zehaztu behar dira gizarte-zerbitzuen sistema gero eta handiagoa delako eta biztanleriaren beharretan ikusitako garapenak hala eskatzen duelako. Izan ere, horrela eginez gero, baliabideak modu arrazionalagoan erabiliko dira eta zerbitzuak ematerakoan bikoiztasunak saihestuko dira, baina batez ere, gabeziak edo hutsuneak saihestuko dira zenbait behar estaltzerakoan.

Herri Administrazio eskudunek adierazi dute behar horri erantzun nahi diotela, instituzio horiek alor horretan izendatuta dituzten egiteko zehatzei dagokienez. Eskumen-banaketa Gizarte-zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legearen hurrengo artikuluetan ezarrita dago: 10.4 artikuluan, 9.2 artikuluarekin lotuta; 11.3 artikuluan, 8. artikuluarekin lotuta; 12. artikulua eta 13.1 artikulua, 7. artikuluarekin lotuta. Instituzioek emandako erantzuna formalizatuta geratu da Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta EUDELek 2001ean sinatutako Instituzioen Arteko Akordioaren bidez, eta horren indarrez zehaztuko dira, hain zuzen, gizarte-zerbitzuen alorreko egitekoak akordioa sinatu duten Instituzioen artean.

Zenbait kasutan, funtzio-zehaztapen horrek asko aldatu du lankidetza-sistema, zeinak, praktikan, herri administrazioen arteko harremanak —bereziki, Foru Aldundien eta Udalen arteko harremanak— arautu baititu orain arte, gizarte-zerbitzuak finantzatu eta kudeatu ahal izateko. Beraz, beharrezkoa da egokitze-aldi bat aurreikustea. Egokitze-aldi horretan, instituzioen artean finantzaketa banatuko da batetik, eta bestetik, administrazio guztiek bermatu beharra izango dute dekretu hau indarrean sartu arte ematen zituzten zerbitzuak eta programak, eta horretarako, baliabide nahikoak eta behar bezalako kalitatezkoak eduki beharko dituzte herritarren beharrei erantzuteko.

Dekretu honek Gizarte-Zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legean aurreikusitako egitekoak zehazten ditu, lege hori zuzenean garatzen du eta lau artikulutan egituratuta dago. Artikulu horietan, xedea eta Eusko Jaurlaritzaren egitekoak, Foru Aldundienak eta Udalenak jasotzen dira hurrenez hurren. Horretaz gain, xedapen gehigarri bi, xedapen iragankor bi eta azken xedapen bi ditu. Egiteko horiek, bestalde, zerbitzu eta prestazio motei buruzkoak dira, ez zerbitzu eta prestazio zehatzei buruzkoak, eta erreferentziatzat hartuko dira zerbitzu berriak sortzen direnean, lehenengo xedapen gehigarrian jartzen duen moduan.

Ondorioz, Justizia, Lan eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez, interesatutako dauden organo aholkulariei entzunda, Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoari entzunda, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2001eko uztailaren 30ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioei gizarte-zerbitzuen alorrean dagozkien egitekoak zehaztea, beti ere, Gizarte-Zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legean ezarritako eskumen-izendapenaren arabera.

Gizarte-zerbitzuen alorreko egitekoak funtsean administrazio bakar bati egokituko zaizkio. Unitate funtzional hori gorabehera, herri administrazio eskudunek zerbitzuak ematea edo kudeatzea eskuordetu diezaiokete elkarri, edo bestela, horretarako gomendioa eman diezaiokete elkarri, Gizarte-Zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legearen 14. artikuluarekin bat etorriz, beti ere, herri-erakundeen kudeaketa eta gizarte-zerbitzuen erabiltzaileen beharrekiko atentzioa hobetzeko. Horretaz gain, ez da baztertuko koordinazio eta lankidetza printzipioa, Gizarte-zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legean aurreikusitakoa, zeinaren arabera Gizarte-zerbitzuetan diharduten herri-administrazioek lankidetza-printzipioa erabiliko baitute beren artean, eta ekimen pribatuarekin lankidetzan eta koordinazioan arituko baitira, gizartearen premiei erantzuteko.

2. artikulua.– Eusko Jaurlaritzaren egitekoak.

Gizarte-zerbitzuen alorrean Eusko Jaurlaritzari dagozkion egitekoek zerbitzu eta prestazio hauek hartzen dituzte:

1.– Oinarrizko errenta.

Gizarte Eskubideen Agiriari buruzko abenduaren 27ko 10/2000 Legean aurreikusitakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzak oinarrizko errenta bat bermatuko du, herritar guztiek herritar-eskubideak benetan erabil ditzaten.

2.– Gizarte-larrialdietarako laguntzak.

Gizarte Bazterkeriaren aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legean aurreikusitakoaren arabera, eta lege hori garatzeko arauetan ezarritako moduan, Eusko Jaurlaritzak gizarte-larrialdietarako laguntzak bermatuko ditu.

3.– Familia-ugariaren txartela ematea eta berritzea.

Familia-unitateko kide guztiei familia-ugariaren txartel pertsonalak ematea eta berritzea. Foru Aldundiek emandako Familia Ugariaren Tituluari lotutako txartelak.

3. artikulua.– Foru Aldundien egitekoak.

1.– GIZA-TALDE BEREZIENTZAKO ZENTROAK ETA ZERBITZUAK

Foru Aldundiek gizta-talde berezientzako zentro eta zerbitzuak bermatu beharko dituzte. Horiek biztanleen beharrei erantzuteko adinako edukiera eduki beharko dute, gizarte-zerbitzu bereziak diren aldetik. Horretarako eskumena ematen dio Gizarte-zerbitzuei buruzko 5/1996 Legearen 11.3 artikuluak.

60 urtetik gorako pertsonen kasuan, laguntza behar duten pertsonenganako atentzioa eta zainketa Foru Aldundiei dagozkie. Halaber, ezgaitasunen bat duten edo laguntza behar duten 0 eta 59 urte bitarteko pertsonenganako atentzioa eta zainketa ere Foru Aldundiei dagozkie.

1.1.– Adinekoentzako zentroak eta zerbitzuak.

1.1.1.– Menpekotasuna baloratzea.

Kasuan kasuko gizarte-baliabidea eskatzen duen adineko eskatzailearen edo ezgaitasunen bat duen eskatzailearen autonomia-maila baloratuko du Foru Aldundi bakoitzeko organo eskudunak, horretarako balioztatutako tresna teknikoak aplikatuta. Menpekotasunaren balorazioak, oinarrizko gizarte-zerbitzuen txostenarekin batera, balioko du zehazteko zein zerbitzu edo prestazio diren komenigarrienak pertsona horren beharrei erantzuteko, zerbitzu jakin batzuez baliatzeko betekizunak konplitzen dituen ikusteko eta, behar izanez gero, zerbitzuez baliatzeko gorde beharreko lehentasun-hurrenkera egiteko.

1.1.2.– Laguntza behar duten adinduentzako aisialdirako programa.

Laguntza behar duten adinduentzako programa hauen helburua da, besteak beste, bizi-kalitatea hobetzea, egoera pertsonalaren narriadura atzeratzea, osasun-egoera eta egoera soziala eta familiartekoa hobetzea eta adinduak bere ohiko ingurunean jarrai dezan erraztea.

1.1.3.– Eguneko zentroak.

Beste baliabide batzuen artean adinduentzako eguneko zentroak daude, eta etxerik etxeko laguntza eta egoitzako atentzioaren artean daude. Lanegunetan eguneko atentzioa ematen die adinduei, eta behar denean, asteburuetan atseden-aldi bat eskaintzen die sare naturaleko zaintzaileei, egiten duten ahalegina arintzen laguntzeko. Gainerako denbora guztian adinduarenganako atentzioa zaintzaile horiek bermatzen dute.

Laguntza behar duten adinduak zaintzeko dira zentro hauek. Izan ere, pertsona horiek laguntza handia behar dute eguneroko lanak egiteko beren etxean, baina, aldi berean, familiartean bizitzen jarraitu nahi dute, honelako baliabideren batez baliatzeko aukera izanez gero.

1.1.4.– Aldi baterako egonaldiak.

Atentzio formula honek hiru helburu osagarri ditu:

a) Eguneroko kontuak egiteko arazoak dituztelako, normalean etxera zaintzaileren bat joaten zaien adinekoei atentzioa ematea, zaintzaile horiek ez daudenean.

b) Adinduekin bizi diren sare naturaleko pertsonei laguntza ematea, atsedenaldiak izan ditzaten.

c) Adinduek etxean jarrai dezaten erraztea, egoitza batean betiko sartzeko eguna ekidinez edo atzeratuz.

1.1.5.– Laguntza behar duten adinduentzako egoitzak.

Adintsuentzako etxeetako gizarte-zerbitzuei buruzko martxoaren 10eko 41/1998 Dekretuaren arabera, egoitzak 14 plazatik gorako elkarbizitzarako zentroak dira, bizileku iraunkorra eta komuna izateko prestatuak; pertsona nagusiei osoko zainketa, etengabea, ematen zaie, eta minusbaliotasun handiak dituztenak zaintzeko beharrezkoak diren materialak dituzte.

1.1.6.– Familia-abegia.

Laguntza behar duten adinekoentzako familia-harrera programek harrera-zerbitzu bat eskaintzen diete bakarrik baliatzerik ez duten pertsonei eta laguntzarik emateko familiarik ez dutenei.

1.2.– Ezgaitasunen bat duten pertsonentzako zentroak eta zerbitzuak.

1.2.1.– Menpekotasunaren balorazioa.

Ezgaitasunen bat duten pertsonen menpekotasuna baloratzean zein urritasun edo ezgaitasun mota eta zein gradutan duen zehaztuko da, horretarako balioztatutako tresna teknikoak aplikatuta. Menpekotasunaren balorazioak, oinarrizko gizarte-zerbitzuen txostenarekin batera, balioko du zehazteko zein zerbitzu edo prestazio diren komenigarrienak pertsona horren beharrei erantzuteko, zerbitzu jakin batzuez baliatzeko betekizunak konplitzen dituen ikusteko eta, behar izanez gero, zerbitzuez baliatzeko gorde beharreko lehentasun-hurrenkera egiteko.

Balorazioa egiteko eskumena duen organoa izango da halaber elbarritasun-egiaztagiriak egiteko arduraduna. Izan ere, egiaztagiri horiek beharrezkoak dira prestazio berezi batzuk jaso ahal izateko, asistentzia, osasuna, hezkuntza, lan eta zerga alorretan.

1.2.1.– Mugikortasuna bultzatzeko programak.

Urritasun fisiko bategatik mugitzeko zailtasun handiak dituzten pertsonei bere ingurunean dauden jarduera arruntetarako bidea erraztea da programa horien helburua. Noizean behin edo aldizka lagunduko zaio adinduari.

1.2.3.– Ezgaitasunen bat duten pertsonentzako aisialdiko programak.

Programa hauen helburua da ezgaitasunen bat duten pertsonei aisialdiko edo kultur ekintzak eskaintzea, beren bizi-kalitatea hobetzeko eta ahalik eta gehien gizarteratzeko, bai eta senitartekoei edo hurbileko zaintzaileei laguntza eta atsedenaldiak ematea.

1.2.4.– Laneratze-zentroak.

Ezgaitasunen bat duten pertsonentzako laneratze-zentroak asistentzia emateko zentroak dira. Bertan, lanaz edo okupazioaz baliatzen dira, gizarte-zerbitzuen barruan, doiketa psikosomatiko pertsonal eta sozial egokiena lortzeko, eta horrekin, pertsonaren autonomia-maila hobetzeko eta, ahal den neurrian, langile hauek gizarteratzeko euren erkidegoan.

1.2.5.– Eguneko zentroak.

Beste baliabide batzuen artean, ezgaitasunen bat duten pertsonentzako eguneko zentroak daude, eta etxerik etxeko laguntza eta egoitzako atentzioaren artean daude. Lanegunetan eguneko atentzioa ematen die adinduei, eta behar denean, asteburuetan atseden-aldi bat eskaintzen die sare naturaleko zaintzaileei, egiten duten ahalegina arintzen laguntzeko. Gainerako denbora guztian adinduarenganako atentzioa zaintzaile horiek bermatzen dute.

Duten ezgaitasunagatik, dependentzia handia duten pertsonentzako zentroak dira. Beren autonomiari eusteko, eta ahal den neurrian, autonomia eta soziabilitatea hobetzeko programetan parte hartzeko aukera eskaintzen diete. Horrezaz gain, aisiarako edo lanerako jarduerak ere izan ditzakete.

1.2.6.– Familia-abegiko programa.

Ezgaitasunen bat duten pertsonak, beren etxebizitzetan laguntzarik gabe ibili ezin badira eta aldi berean laguntzarik emateko familiarik ez badute, familia-abegiko programara atxiki daitezke, egoitza batean sartu ordez. Horrela, beste familia baten eta beste etxebizitza baten sar daitezke. Familia horietan bermatuta izango dute ostatua eta elikadura, bai eta eguneroko jardun batzuetarako behar duten laguntza eta laguntasun-giroa.

1.2.7.– Egoitza-zerbitzuak.

Ezgaitasun bategatik menpekotasun handia duten pertsonentzat dira egoitza horiek. Pertsona horiek hain dute menpekotasun handia, non ezin baitute beren etxeetan edo beren familiartean nahiz gizarte-ingurunean jarraitu. Egoitza horietan osoko zainketa ematen zaie, hau da, ostatua, elikadura eta asistentzia. Beste etxe bat eskaintzeaz gain, egoitzek, edozein dela modalitatea, pertsonen garapen indibiduala sustatzeko eta pertsona horien autonomia eta gizarteratzea hobetzeko dira. Hezkuntza-zentro, lanerako zentro berezi, eguneko zentro eta aisialdirako zentroekin koordinatuta arituko dira zeregin horretan.

Egoitzek, gainera, asteburuetan ere eskainiko dute atentzioa, bai eta egonaldi laburretarako zerbitzuak ere, eta horrela beste helburu bat ere beteko da: egoera jakin batean gerta daitezkeen arazoak arintzea edo ezgaitasuna duen pertsonarekin normalean bizi diren senitartekoen egoera arintzea.

1.3.– Babesik gabe dauden haurrentzako zentroak eta zerbitzuak.

1.3.1.– Familian esku hartzeko programa bereziak.

Familian esku hartzeko programak hauek dira: helburua haurrak eta nerabeak euren ingurunean edukitzea delarik, gizarte eta hezkuntza alorreko laguntza ematen die gaitasun pertsonal, sozial edo hezkuntzakoetan gabezia batzuk dituzten familiei. Izan ere, gabezia horiek arrisku handiko egoerak sor ditzakete, eta horrek adingabekoak euren familiarekin etxean jarraitzea oztopa dezake.

Halaber, familian esku hartzeko programa bereziekin batera beste neurri batzuk ere har daitezke, hala nola, familia-abegia edo erakunde-abegia. Horrela, etxean elkarbizitzeko baldintzak hobetu daitezke eta ondorioz haurra edo nerabea bere jatorrizko familia-gunean sartu ahal izango da berriz ere.

Familian esku hartzeko programak hainbat modalitatekoak izan daitezke: arazoak dituzten familietan laguntza terapeutikoa emateko zerbitzuak, tratu txarren kasuan esku hartzeko zerbitzu bereziak eta haurrenganako sexu-abusuak dauden kasuetan esku hartzeko zerbitzu bereziak.

1.3.2. Familia-abegiko programa.

Epaileak edo administrazioak neurri mota hori hartzea erabakitzen duenean, erabaki hori gauzatzea izango da familia-abegiko programaren egitekoa, eta horretarako, familia hartzaileak aurkitu, hautatu eta prestatzeko sistema bat izan beharko du. Familia-harreratzat hartuko da Kode Zibilaren 173. artikuluarekin eta hurrengoetan halakotzat jotzen dena, hau da: haurrak eta nerabeak babesteko neurri bat da eta neurri horrekin, administrazioak nahiz epaileak erabakita, haurren zaintza pertsona edo familia bati ematen zaio. Pertsona edo familia horrek, bestalde, haurrak duen familia-bizitzaren ordezkoa edo osagarria eskaini beharko dio haurrari. Familia-abegia hiru motakoa izan daiteke, familia-abegi arrunta, familia-abegi iraunkorra eta adoptatu aurreko familia-abegia.

Familia-abegiko zerbitzua laguntza teknikoko zerbitzu batez osatuko da, neurriak zuzen aplika daitezen laguntzeko. Zerbitzu horrek, besteak beste, eskainiko du familia-orientazioa, adingabekoaren eta bere familia naturalaren arteko bisiten kontrola, guraso hartzaileen taldeak sortzea eta krisi-egoeretan laguntza ematea.

1.3.3.– Egoitzetako abegi-programa.

Epaileak edo administrazioak neurri mota hori hartzea erabakitzen duenean, erabaki hori gauzatzea izango da egoitzetako abegi-programaren egitekoa. Programa honen bidez, egoitza baten osoko arreta eskainiko zaie behar material, afektibo eta hezkuntzakoak euren familian —aldi batean bada ere— ase ezin dituzten haurrei eta nerabeei. Egoitzako abegialdia aldi baterakoa izango da, eta haurra bere familia biologikora itzultzea izango da helburua, edo bestela, familia-abegia, adopzioa edo emantzipazioa. Hala ere, haurrarentzat edo nerabearentzat egoitza komenigarriagoa dela ikusten bada, hor jarraituko du.

Dekretu honen ondorioetarako, arrisku-egoeran edo babesik gabe dauden adingabekoak hartzeko establezimendu oro hartuko da egoitzatzat, izena, titularitatea edo ezaugarriak edozein direla ere. Hala dago ezarrita Adingabekoaren Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 21. artikuluan (lege horrek Kode Zibila eta Prozedura Zibileko Legea aldatu zituen zati batean).

1.3.4.– Adopzio-programa.

Adopzio-programaren esparruaren barruan, adopzio-espediente batekin, eta behar bada, nazioarteko adopzio-espediente batekin hasteko behar diren administrazio-egintzak burutuko dituzte foru administrazioek, beti ere, arau hauek betez: indarrean den ordenamendu juridikoa, bereziki Kode Zibila; urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoa (lege horrek Kode Zibila eta Prozedura Zibileko Legea aldatu zituen zati batean); Haurrak Babesteari eta Nazioarteko Adopzioetan Lankidetzan Aritzeari buruzko Hitzarmena, Hagan egina 1993ko maiatzaren 29an eta Espainiak berretsia 1995eko ekainaren 30eko Instrumentuaren bidez; eta Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 24ko 302/1996 Dekretua, nazioarteko adopziorako erakunde laguntzaileen gaikuntza arautu zuena.

1.4.– Beste giza-talde kaltetu batzuentzako zentro eta zerbitzuak.

1.4.1.– Tratu txarrak eta sexu-erasoak jasan dituztenei atentzio psikologikoa emateko programa.

Tratu txarrak eta sexu-erasoak jasan dituztenei atentzio psikologikoa emateko programaren helburua da egintza horiek eragindako asaldura psikologikoak gainditzen laguntzea, egokitzat jotzen den tratamendu psikologikoa aplikatuz.

1.4.2.– Tratu txarrak eta sexu-erasoak jasan dituztenei aholkularitza juridikoa emateko programa.

Tratu txarrak eta sexu-erasoak jasan dituztenek egindako kontsulta juridikoei erantzutea eta, behar izanez gero, prozesu judizialean parte hartzea da aholkularitza juridikoa emateko zerbitzuaren eginkizuna.

1.4.3.– Toxikomanoak gizarteratzeko programak.

Toxikomanoak gizarteratzeko programen helburua da drogekiko menpekotasunaren arazoa pairatzen edo pairatu dutenak gizarte-bizitza normalizatura itzultzea da. Hori lortzeko, hainbat modalitate daude: bizitoki alternatiboa, komunitate terapeutikoetako egonaldiak, programa psikosozialak eta laguntza pertsonalekoak.

1.4.4.– Baztertuta geratzeko arriskuan daudenentzako bizitoki komunitarioen programa.

Programa honen helburua da baztertuta geratzeko egoeran edo arriskuan daudenak babestea eta pertsona horien eskubideak gauza daitezen sustatzea, hala nola, lanerako eskubidea, hezkuntzarakoa, prestakuntzarakoa, kultura jasotzekoa, osasunerakoa, etxebizitza duin bat izatekoa eta babes sozialerakoa.

Programak hainbat motatakoak izan daitezke:

a) Gizarteratze-zentroak: baztertuta dauden pertsonak atenditzeko dira, oinarrizko zerbitzuak eskaintzen dituzte, hala nola, ostatua eta elikadura, bai eta bere ohiko inguruneaz bestelako elkarbizitza-giro bat ere. Duten helburua gizarteratzea da, eta horretarako osabidezko prestakuntza pertsonal eta profesionaleko programak aplikatuko dituzte, bai eta gizarteratze-programak ere, bai autoenplegurako formulak sustatuz bai inoren konturako lanen batean hastea bultzatuz.

b) Gazteak hartzeko zentroak: ostatua, elikadura eta beren ohiko inguruneaz bestelako elkarbizitza-giro bat eskaintzen die etxerik ez duten eta aldi berean etxekoen laguntzarik ez duten gazteei. Estaldura sozial zabalago bat ematea da helburua, bizimodu normalizatuago batera hurbiltzen joan daitezen arian-arian. Zentro horietan hartzen diren pertsonek, banakako plan baten bidez, hezkuntza, osasun eta lan-munduko sareetako zerbitzu eta baliabideetara heltzen dira, beti ere helburua birgaitzea, prestakuntza hartzea eta laneratzea izango direla.

1.4.5.– HIESa duten gaixoentzako egoitza-programak.

HIESa duten gaixoentzako egoitza-programen helburua da gaixo horien gabeziak arintzea eta euren bizi-baldintzak hobetzea, ostatua, elikadura, informazioa, orientazioa eta laguntza psiko-soziala eta afektuzkoa emanez.

2.– PRESTAZIO TEKNIKOAK

Laguntza teknikoak erosi eta erabiltzeko eta ingurune fisikora egokitzeko programa.

Laguntza teknikoak erosi eta erabiltzeko eta ingurune fisikora egokitzeko programaren helburua da ezgaitasunen bat duten pertsonen bizi-kalitatea eta gizarteratzea hobetzea. Horretarako, diru-laguntzen sistema bat prestatuko du, laguntza teknikoak eros dezaten laguntzeko. Mailegu-sitema bat ere prestatuko du, laguntza teknikoak aldi baterako erabili ahal izateko. Halaber, ingurune fisikora egokitzeko laguntzak ere aurreikusten dira.

Aurrekoaren ondorioetarako, laguntza teknikotzat hartuko da urritasunen bat duen pertsonak erabiltzen duen produktu, tresna, ekipamendu edo sistema tekniko oro, berariaz fabrikatutakoa edo merkatuan dagoena, beti ere, akatsa, urritasuna edo minusbalioa prebenitu, orekatu, arindu edo deuseztatzekoa bada. Ingurune fisikora egokitzea, berriz, helburu berarekin egindako eraldakuntza-obra oro hartuko da.

Artikulu honetan jasotako laguntza teknikoak honelakoak izan daitezke:

a) Bueltatzekoak: arian arian hainbat erabiltzailek erabil ditzakete eta leku batetik bestera eraman daitezke bestelako kosturik gabe, kostu bakarra garraioarena izango baita.

b) Ez bueltatzekoak: dituzten ezaugarriak direla-eta, ezin dira eskualdatu; beraz, eskatzaile batek bakarrik erabil ditzake, eta salbuespenez, hainbat eskatzailek aldi berean.

3.– GIZARTERATZEKO NEURRIAK

Gizarteratze-neurrietarako laguntza emateko egitekoa esleituta dute foru administrazioek, eta egiteko hori diru-prestazioak kudeatzeari dagokio funtsean.

Aurrekoaren ondorioetarako, lurralde historiko bakoitzaren eremuan, honako hauek kudeatzea egokituko zaie: Gizarte Eskubideen Agiriari buruzko abenduaren 27ko 10/2000 Legean aurreikusitako oinarrizko errenta, baliaezintasunezko eta erretiro pentsio ez-ordaintzekoak eta Gizarte Ongizateko Fondoko zahartasun-pentsioa eta baliaezintasunezko pentsioak.

Halaber, eskudunak izango dira beste edozein diru-prestazio kudeatzeko, baldin eta horiek arautu eta emateari egoki baderitzote, bai laguntza independente gisa bai beste programa edo zerbitzu batzuetako laguntza osagarri gisa. Kategoria hauetan sartuko dira:

– Mugikortasuna laguntzeko eta mugitzeko zailtasun handiak dituzten pertsonak garraiatzeko laguntzak.

– Adingabekoak etxeetan hartzeko laguntza ekonomikoak.

– Familian esku hartzeko programetako laguntza ekonomiko osagarriak.

– Zaintza eta abegi programetako laguntza ekonomiko osagarriak.

– Adingabeak hartuta dituzten hedatutako familientzako laguntza ekonomikoak.

– Adin-nagusi gazteentzako laguntza ekonomiko bereziak.

– Pentsio eta sorospenak jasotzen dituztenentzako laguntza osagarriak.

– Gizarterako laguntza bereziak, oinarrizko errenta jasotzeko baldintza guztiak ez dituztenentzat.

4.– BESTE PRESTAZIO BATZUK

4.1.– Ezinduak Gizarteratzeko Legearen eremuko prestazioak.

Foru aldundiek erantzukizun hauek hartu dituzte bere gain: Ezinduak Gizarteratzeko apirilaren 7ko 13/1982 Legean (LISMI) jasotako prestazioen kudeaketa, asistentzia mediko eta farmazeutikoa, garraiokoa, gutxieneko diru-sarreren berme-sorospena eta hirugarren pertsona baten laguntzakoa.

4.2.– Familia Ugariaren Titulua ematea.

Familia Ugariaren Titulua emateko erantzukizuna hartu dute foru aldundiek, familia horiek beraientzat aurreikusitako hainbat abantaila izan ditzaten, hala nola, hobariak, kenketak, erreserbak eta lehentasunak.

4. artikulua.– Udalen egitekoak.

1.– OINARRIZKO GIZARTE-ZERBITZUEI
DAGOZKIEN PROGRAMAK ETA ZERBITZUAK

Oinarrizko gizarte-zerbitzuak balio anitzeko eta diziplina anitzeko jarduketa-unitateak dira, eta beren helburu nagusia jarduketa komunitarioa garatzea da, gizarte-zerbitzuen sistemako instantzietarako sarrera koordinatuz eta kudeatuz.

Oinarrizko gizarte-zerbitzuei dagokienez, Gizarte-zerbitzuei buruzko 5/1996 Legearen 12. eta 13. artikuluetan udalei esleitutako eskumenen eremuan, udalei egokituko zaie 60 urtetik gorako dependente ez diren pertsonenganako atentzioa eta zainketa. Halaber, udalen ardura izango da ezgaitasunen bat izanda ere dependente ez diren 0tik 59 urtera arteko pertsonenganako atentzioa eta zainketa.

Oinarrizko gizarte-zerbitzuek Gizarte-zerbitzuei buruzko 5/1996 Legearen 7.3 artikuluan esleituta dituzten egitekoak burutu beharko dituzte. Idatz-zati hauetan adierazten dira egitekoon edukia:

1.1.– Informazio, balorazio eta orientazio zentroak izatea.

Gure gizartean ditugun eskubide eta baliabideei buruz biztanleei informazioa eta argibideak emateko eta balorazioak egiteko zentroak dira, Gizarte-Zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legearen 7.3 a) artikuluan jartzen duenez. Horrek oinarrizko gizarte-zerbitzuari, gizarte-zerbitzuen sistemara sartzeko puntu bakarra den aldetik, bere zentroan edo zentroetan zerbitzu hauek eskaintzea eskatzen dio:

<FONT FACE="Helvetica,Arial">

a) Informazio zerbitzua: erabiltzaileei kasu bakoitzerako behar duten informazioa ematen die, kasu bakoitzerako jarritako baldintzak betez gero, babes sozialaren, eta batez ere, gizarte-zerbitzuen sistemako sareko zerbitzu eta prestazioez balia daitezen. Zerbitzu honen egitekoa izango da, halaber, erabiltzaileen euren espedientearen garapenaren berri ematea.

b) Balorazio zerbitzua: kasu bakoitza baloratzen da, beharrak ebaluatuz.

c) Orientazio zerbitzua: erabiltzailearen beharrak ebaluatuta, zerbitzu edo prestazio egokienei buruzko orientazioa emango dio. Horretarako banakako atentzio-plan bat prestatuko du, baldin eta segimendua behar duen interbentzio motaren bat beharrezkoa bada eta erabiltzailea ados badago.

1.2.– Elkarbizitza-zerbitzuak edo programak, dagokionari bere etxean laguntza emanez.

1.2.1.– Dagokionari bere etxean laguntza emanez elkarbizitza-zerbitzuak edo programak emateko egitekoa Gizarte-zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legearen 7.3 b) artikuluan dago esleituta. Egiteko horren helburua da pertsonek euren etxebizitzetan jarrai dezaten erraztea, bai bizitza autonomo bat egiteko aukerak murrizten dituzten gabeziak edo ezgaitasunak arinduz, bai familia-elkarbizitzako baldintzak hobetuz. Modalitate hauek egongo dira: etxerik etxeko laguntza zerbitzua, teleasistentzia zerbitzua eta elkarbizitzako beste formula batzuk.

1.2.2.– Aurrekoaren ondorioetarako, etxerik etxeko laguntza zerbitzutzat hartuko da erabiltzailearen etxean egiten dena, etxeko lanak eginez, erabiltzailea zainduz edo familia nahiz etxe hezkuntza emanez, jarduera horiek etxeko bizi-kalitatea hobetzen dutenez gero. Helburuak hauek dira:

a) Autonomia galera prebenitzea edo orekatzea, eta eguneroko jardunak egin ditzaten eta etxe-ingurunea bizigarritasun-egoera onean egon dadin laguntzea.

b) Zaintzaren sare naturala osatzen duten zaintzaileei laguntzea.

c) Erabiltzaileak beren erkidegoan sar daitezen laguntzea eta bazterketa-egoerak ekiditea.

d) Elkarbizitza-giroa hobetzea, arriskuren bat ekar dezaketen egoerak ekiditeko esku hartuz.

e) Beste zerbitzu batzuen esku hartzea beharrezkoa duten egoerak antzematen jakitea.

1.2.3.– Teleasistentzia zerbitzua: erabiltzaileei aukera ematen die telefono-bidez eta berehala sare sozial eta asistentzialeko baliabide komunitarioez baliatzeko, osasun, gizarte edo norbere segurtasuneko larrialdietan. Helburua erabiltzaileen bizi-kalitatea hobetzea da, autonomia eta segurtasun sentimendua sendotuz, bai eta larrialdietan egin beharrekoak egitea ere.

1.2.4.– Elkarbizitzako beste formula batzuk: erabiltzaileak bere etxean beste pertsona bat hartzen du, eta ostatua ematearen truk, pertsona horrek etxeko lanetan laguntzen dio edo erabiltzaileari berari laguntasuna ematen dio.

1.3.– Norbanakoak, familiak eta taldeak gizarteratzeko baliabideak eta bitartekoak ematera zuzendutako esku-hartze programak garatzea, beti ere lehentasuna emanez bazterketa-egoerei aurrea hartzeari.

1.3.1.– Norbanakoak, familiak eta taldeak gizarteratzeko baliabideak eta bitartekoak ematera zuzendutako esku-hartze programak, beti ere lehentasuna emanez bazterketa-egoerei aurrea hartzeari: Gizarte-zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legearen 7.3 c) artikuluan jasota dago egiteko hori. Programa horiek, funtsean, gizarteratze-hitzarmenen bidez egingo dira. Hitzarmenak Gizarte Bazterkeriari buruzko maiatzaren 22ko 12/1998 Legean ezarrita daude eta urtarrilaren 11ko 1/2000 Dekretuaren bidez arautu ziren. Hitzarmen horien eremuan baliabide komunitarioen edo berezituen esku-hartzea jasotzen da, pertsonaren behar orokorrekin bat datorren ibilbide bat ezartzea egokitzat jotzen denean.

1.3.2.– Egiteko horien barruan sartzen da, halaber, familian esku hartzeko oinarrizko programak, babesik gabe geratzeko arriskuan dauden haur eta nerabeak dituzten familientzat. Programak familia bizi den etxean gara daitezke edo bestela erkidego-ingurunean, adibidez, hezkuntza kalean emateko programen bidez.

1.4.– Gizarteak dituen premiei buruzko sentsibilizazio-programak eta erkidegoaren bizitza garatzeko gizartearen partaidetza sustatzeko programak.

Gizarteak dituen premiei buruzko sentsibilizazio-programak eta erkidegoaren bizitza garatzeko gizartearen partaidetza sustatzeko programak: Gizarte-zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legearen 7.3 d) artikuluan jasota dago egiteko hori. Ekintza hauek burutuko dira:

a) Erkidegoa osoki garatzeko laguntza.

b) Gizartea sentsibilizatu eta mentalizatzeko kanpainak prestatu eta zabaltzea.

c) Asoziazionismoa eta gizarte-partaidetza bultzatzea.

d) Elkarri laguntza emateko taldeak sustatzea.

1.5.– Prestazioen izapideak kudeatzea.

Prestazioen izapideak kudeatzeko egitekoa Gizarte-zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legearen 7.3 e) artikuluan jasota dago, eta hauxe izango da:

a) Gizarte Bazterkeriaren aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legean aurreikusitako gizarte larrialdietarako laguntzak kudeatzea, hots, izapidetzea eta ebaztea. Berak kudeatuko ditu, halaber, gizarte-arriskuan dauden pertsona eta familientzako presako laguntzak, bai eta gizarte-zerbitzuen alorrean udalak ematen duten beste edozein prestazio ekonomiko ere, baldin eta hori eman eta arautzeari udalak egoki irizten badio.

b) Foru Aldundien edo Eusko Jaurlaritzaren eskumenen barruan sartzen diren beste prestazio ekonomiko batzuei buruzko espedienteak hastea edo hasiaraztea.

1.6.– Informazioa prestatzea, homogeneizazioa, koordinazioa eta sistematizazioa irizpide direla.

Homogeneizazioa, koordinazioa eta sistematizazioa irizpide direla informazioa prestatzeko egitekoa Gizarte-zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legearen 7.3 f) artikuluan jasota dago, eta hauxe izango da:

a) planifikazio-egitekoen euskarri izatea.

b) Azterlan eta estatistikak egin daitezen erraztea.

c) Ikuskaritza-lanak erraztea.

d) Ebaluazio-lanak erraztea.

e) Gizarte-zerbitzuen alorrean udalek ematen duten atentzio komunitarioa konparatzeko abia-leku izatea, udalek izandako ekimenak hobeto ezagutzeko eta izan duten arrakasta neurtzeko. Izan ere, alderdi horiek hobeto ezagutuz gero, esperientzia edo berrikuntza arrakastatsuak elkartrukatu eta zabaldu egin daitezke.

1.7.– Beren lurralde-eremuan gizarteak dituen premiei antzematea eta premiei erantzuterakoan sortutako akatsei antzematea.

1.7.1.– Beren lurralde-eremuan gizarteak dituen premiei antzeman eta premiei erantzuterakoan sortutako akatsei antzemateko egitekoa Gizarte-zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legearen 7.3 g) artikuluan jasota dago. Bere helburua da gizarte baliabideak modu eraginkorrean erabiltzeko planifikazio eta razionalizazio lanetarako oinarri izatea.

1.7.2.– Egiteko horrek jasoko dituen ekintzak:

<FONT FACE="Helvetica,Arial">

a) Oinarrizko gizarte-zerbitzuaren eta zerbitzu horretan izapidetzen diren prestazio eta zerbitzu moten berri ematea herritarrei eta, bereziki, beharrean dauden pertsonei eta senitartekoei.

b) Beste erakunde publiko eta pribatu batzuk ematen dituzten zerbitzu komunitario batzuekin eta zainketaren sare naturalarekin lankidetza eta koordinazioa edukitzeko bideak ezartzea, beharrak antzeman ahal izateko.

c) Beharrei buruzko azterlan eta ebaluazio-azterlanen bidez, adierazi gabeko eskaera eta zerbitzuak ematerakoan egindako akatsak detektatzea.

1.7.3.– Baldin eta detektatutako beharrak eta anormaltasunak ez badira oinarrizko gizarte-zerbitzuaren eskumenekoak, eskudun den administrazioari jakinaraziko dio.

1.8.– Ostatu alternatiboa.

Familia-abegiko programek abegi-zerbitzu bat eskaintzen die autonomoak diren eta laguntza emateko familiarik ez duten adin nagusikoei. Horrela, beste ostatu mota bat eskaintzen zaie dependente ez diren pertsonei: pertsona horiek beste familia-unitate baten hartzen dira.

Adintsuentzako etxeetako gizarte-zerbitzuei buruzko martxoaren 10eko 41/1998 Dekretua araututako apartamentu babestuak eta etxebizitza komunitarioak ere beste ostatu mota bat izan daitezke eta horiek prestatzea udalei dagokie.

1.9.– Gara dezaketen antzerako beste edozein egiteko, berariaz halakorik agintzen bazaie.

Gizarte-zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legearen 7.3 h) artikuluan jartzen duenez, gara dezaketen antzerako beste edozein egiteko burutuko dute, berariaz halakorik agintzen bazaie. Aurreikuspen horren arabera, aipatu legean bereziki aipatu ez den gizarte-zerbitzuen alorreko edozein egiteko, udalek garatu badezakete, udalek bere gain har dezakete, legezko edo erregelamenduzko arau baten espreski esleituta edo Instituzioen Arteko Hitzarmen edo Plan baten arabera, EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak horiek kontsulta egin ondoren.

2.– GIZARTE-ZERBITZUEI BURUZKO URRIAREN 18KO 5/1996 LEGEAREN 12.2 ARTIKULUAN
JASOTAKO PROGRAMAK ETA ZERBITZUAK.

2.1.– Kasu larrietan jendea hartzeko zerbitzua.

2.1.1.– 20.000 biztanletik gorako udalerri guztietan, kasu larrietan jendea hartzeko zerbitzuak egon behar dira nahitaez, ostaturik ezak sortutako egoera larriei erantzuteko. Ostatu falta hori etxebizitzan gertatutako ezbeharren batek eragin dezake, bai gabezia sozioekonomikoek bai zerbitzuaren laguntza eskatzen duten pertsonen segurtasun fisikoa edo emozionala arriskuan jar dezaketen elkarbizitza-arazo larriek.

2.1.2.– Larrialdietarako abegi-zerbitzuaren egitekoa izango da dagokien pertsonei aldi baterako ostatua eskaintzea. Holakotan, oinarrizko gizarte-zerbitzuari jakinaraziko zaio, kasuaren txostena egin dezan eta halaber, kasua baloratu eta bideratu dezan.

2.1.3.– Larrialdietako abegi-zerbitzua honelako mota batekoa edo batzuetakoa izan daiteke, nahiz eta beste ostatu-mota batzuk presta daitezkeen.

a) Pertsona bizi den udalerriko hoteletan plazak ituntzea.

b) Abegi-etxebizitzak: etxebizitzarik ez duten pertsonen segurtasun fisikoa edo emozionala arriskuan jar dezaketen elkarbizitza-arazo larriak dituztenak hartuko dira nahitaez. Etxebizitza horien kokapena isilpean eduki beharko da beti.

c) Aterpeak: etxebizitza finkorik ez dutenentzat izango dira.

2.2.– Herritarren elkartasuna eta elkarbizitza errazteko zentroak.

Herritarren elkartasuna eta elkarbizitza errazteko zentroak elkarrekin biltzeko eta aisialdirako lekuak dira, eta nahitaezkoak izango dira 20.000 biztanletik gorako udalerrietan. Herritar guztientzat izan daitezke edo herriko talde jakin batzuentzat.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Bihar-etziko ekimenak.

Dekretu honetan jasotako zerbitzuak eta programak bihar etziko beste ekimen batzuez osa daitezke. Horietarako eskumenak esleitzerakoan, indarrean den lege-esparrua eta dekretu honetan egitekoak zehazteko jarritako irizpideak bete beharko dira. Ekimen horiek atentziorako modu ezberdin eta berritzaileen modalitateen barruan sartuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen baimena, erregistroa, homologazioa eta ikuskapena arautu zuen martxoaren 10eko 40/1998 Dekretuaren bigarren xedapen iragankorraren arabera.

Bigarrena.– Ordezkotza edo gomendioa.

Kudeaketa publikoaren eraginkortasuna eta gizarte-zerbitzuen erabiltzailearenganako atentzioa hobetzeko, herri administrazio eskudunek zerbitzuak eskuordetzan eman dezakete eta emateko gomendioa egin dezakete elkarren artean, ordenamendu juridikoan aurreikusten diren baliabideen arabera.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.– Finantzaketa banatzeko gehieneko epea.

Dekretu honetan gizarte-zerbitzuen alorreko egitekoak zehaztu direnez, herri administrazio eskudunek 2002ko abenduaren 31ra arteko epea izango dute instituzioen artean finantzaketa banatzeko, gizarte-zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legearen laugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

Bigarrena.– Zerbitzuak ematea aldi iragankorrean.

Tarte honetan, hau da, dekretu hau indarrean sartzen denetik lehen xedapen iragankorrean finantzaketa banatzeko ezarritako epera arte, herri administrazioek dekretua indarrean sartu arte ematen zituzten zerbitzu, programa eta prestazio guztiak eman beharko dituzte, intentsitate eta estaldura berak dituztela, eta horretarako, herritarren beharrei behar bezala erantzuteko besteko baliabideak hartuko dituzte.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Arauzko garapena.

Ahalmena ematen zaio Justizia, Lan eta Gizarte Gaietako sailburuari dekretu hau garatzeko eta gauzatzeko behar diren xedapenak emateko.

Bigarrena.– Indarrean sartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2001eko uztailaren 30ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Justizia, Lan eta Gizarte Gaietako sailburua,

ANJELES IZTUETA AZKUE.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana