Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

142. zk., 2001eko uztailaren 24a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saila
4201

126/2001 DEKRETUA, uztailaren 10ekoa, Garraioan Irisgarritasun-Baldintzei buruzko Arau Teknikoak onesten dituena.

Irisgarritasuna sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legea ingurune urbanoan, espazio publikoetan, eraikinetan, garraoibideetan eta informazio- eta komunikazio-sistemetan irisgarritasuna bermatzeko onetsi zen. Lege horren bidez pertsona guztiei horiek erabili eta gozatzea ahalbidetu nahi izan zaie; batez ere mugikortasun urria dutenei, komunikaziorako zailtasuna dutenei edo beste edozein muga psikiko edo sentimenekoa duen edonori, aldi baterakoa nahiz iraunkorra izan.

Legearen bigarren azken xedapenean zegozkion arau teknikoak lantzea aurreikusi zen, legezko testua garatuz. Arau horietan zehaztuko dira ingurune urbanoan, espazio publikoetan, eraikinetan, garraoibideetan eta informazio- eta komunikazio-sistemetan bete beharreko irisgarritasun-baldintzak, arau desberdinetan zehar artikulatutako irisgarritasunari eta hirigintzako oztopoak ezabatzeari buruzko arauak bategin eta harmonizatuz.

Alde horretatik, abenduaren 4ko 20/1997 Legean xedatutakoa betez, apirilaren 11ko 68/2000 Dekretua, ingurune urbanoan, espazio publikoetan, eraikinetan, garraiobideetan eta informazio- eta komunikazio-sistemetan irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoen gainekoa, onetsi zen. Arautu gabe geratu ziren garraioan irisgarritasunerako arau teknikoak.

Oraingo Dekretu honek osatu egin du legezko testuan eta bere eranskinean jasotako aurreikuspena, hots, garraioan irisgarritasunerako arau teknikoak arautzea. Dekretu hori lantzen Zuzenean eragindako kolektiboak eta Irisgarritasunerako Euskal Kontseiluko batzorde iraunkorrak hartu dute esku. Azken honek bere oniritzia eman dio landu den testuari.

Eranskinean irisgarritasun-baldintzak zehaztu dira garraioaren azpiegituretan, eta baita errepidezko eta trenbidezko garraio publikoan erabiltzen den material mugikorrean ere. Halaber, zenbait baldintza gehitu dira garraio pribaturako eta irisgarritasun-baldintzak kontrolatu eta egokitzapenak egiteko zenbait alderdi ere arautu dira

Horrenbestez, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuak eta Garraio eta Herrilan sailburuak proposatuta, eta Eusko Jaurlaritzako Batzorde Juridiko Aholkulariari entzun eta Jaurlaritzaren kontseiluak 2001eko uztailaren 10ean egindako bilkuran aztertu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Dekretu honen eranskin modura ageri diren Garraioan irisgarritasun-baldintzei buruzko Arau Teknikoak onetsi dira.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Dekretu honetan xedatutakoa Dekretua indarrean sartu ondoren eskatutako mota guztietako baimen, lagapen eta lizentzia ematerakoan aplikatuko da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Dekretu honetan aurreikusitakoaren aurka dauden xedapen guztiak indargabetuta geratu dira, baldin eta maila berekoak edo beheragokoak badira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari eta Garraio eta Herrilan sailburuari eman zaie Dekretu hau burutu eta garatzeko beharrezko xedapenak emateko ahalmena, bakoitzak dituen eskumenen esparruan.

Bigarrena.– Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik hasi eta sei hilabetera.

Vitoria-Gasteizen, 2001eko uztailaren 10ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta

Ingurugiro sailburua,

FRANCISCO JOSÉ ORMAZABAL ZAMAKONA.

Garraio eta Herrilanak sailburua,

ÁLVARO AMANN RABANERA.

ERANSKINA

IRISGARRITASUNA GARRAIOAN

1. artikulua.– Xedea

2. artikulua.– Aplikazio-Eremua

3. artikulua.– Irisgarritasuna Azpiegituretan

3.1.– Baldintza Orokorrak

3.2.– Eraiki berri diren garraio publikorako geltokiak

3.3.– Lehendik dauden garraio publikorako geltokiak

3.4.– Markesinak, geltokiak eta geralekuak

4. artikulua.– Irisgarritasuna Material Mugikorrean

4.1.– Garraio publikoa. Baldintza orokorrak

4.2.– Irisgarritasuna autobusetan

4.2.1.– Zoru baxuko autobus irisgarriak

4.2.2.– Zoru altuko autobus irisgarriak

4.3.– Hiri-zerbitzu publikoak

4.4.– .Hiriarteko zerbitzu publikoak

4.5.– Trenbide-material mugikorra

4.6.– Taxiak

4.6.1.– Egokitutako taxiak

5. artikulua.– Garraio pribatua

5.1.– Erreserbatutako aparkalekuak

5.2.– Aparkatzeko txartelak

6. artikulua.– Egokitzapenak Burutzea

7. artikulua.– Irisgarritasun-baldintzak kontrolatzea

ERANSKINA
IRISGARRITASUNA GARRAIOAN

1. artikulua.– Xedea.

Eranskin honek azpiegiturek eta material mugikorrak bete behar dituzten irisgarritasunerako baldintza teknikoak ezartzen ditu, pertsonak garraiora iritsi daitezen bermatzeko xedearekin, Irisgarritasuna sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legean araututakoa betez.

Herri Administrazio eskudunek beharreko neurriak hartuko dituzte bai garraio publikoak, baita horiei loturiko eraikin, zerbitzu, instalazio eta altzariak ere, arian-arian eranskin honetako preskripzioetara moldatuz joan daitezen.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua

Eranskin honetan ezarritako arauak Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan aplikatzeko izango dira; Euskal Administrazioen eskumenekoak diren bidaiarientzako garraio publikoetan eta ibilbide osoa erabat Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan egiten dutenetan, eta garraio horietara zuzendutako eraikin zerbitzu, instalazio eta altzarietan.

3. artikulua.– Irisgarritasuna azpiegituretan

3.1.– Baldintza orokorrak

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide, itsaso, autobus eta aireportuetako geltokiek, irisgarriak ez diren heinean, beharrezko neurri teknikoak izango dituzte mugikortasun urriko erabiltzaileei ibilgailuak geltokiraino sartzea errazteko

2.– Norabide-banda gidariek eta argiek, nahiz kontraste kromatikoek eta errotulazioek, apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuaren IV. Eranskinean xedatutako baldintza teknikoak beteko dituzte.

3.– Ontziratzen eta lehorreratzen laguntzeko balio duten elementu mekaniko/mugikorrak, apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuaren III Eranskinean adierazitakoari egokitu beharko zaizkio, elementuaren beraren ezaugarri eta neurriari dagokionez.

3.2.– Eraiki berri diren garraio publikorako geltokiak

Eraiki berri diren Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide, itsaso, autobus eta aireportuetako geltokiak, Euskal Autonomia Erkidegoan bidaiarientzako garraioari dagozkionak, apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuaren II, III eta IV Eranskinetan adierazitako irisgarritasunerako baldintza teknikoak bete behako dituzte.

3.3.– Lehendik dauden garraio publikorako geltokiak

Lehendik dauden Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide, itsaso, autobus eta aireportuetako geltokiak, Euskal Autonomia Erkidegoan bidaiarientzako garraioari dagozkionak, apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuaren IV eta V Eranskinetan adierazitakoari egokituko zaizkio.

3.4.– Markesinak, geltokiak eta geralekuak

Eraiki berri diren markesinak, geltokiak eta geralekuak apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuaren II, III eta IV. Eranskinetan adierazitakoari egokituko zaizkio.

Lehendik dauden markesina, geltoki eta geralekuetan egingo den edozein erreforma, zabaltze, aldaketa eta/edo ordeztea apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuaren II, III eta IV. Eranskinetan adierazitakoaren arabera burutu beharko dira.

Markesina, geltoki eta geralekuetako informazio-zutoinetan dagoen informaziorik garrantzitsuenak apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuaren IV. Eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko ditu.

4. artikulua.– Irisgarritasuna material Mugikorrean

4.1.– Garraio publikoa. Baldintza orokorrak

1.– Zerbitzu erregularra eskaintzen duten garraiobide publiko kolektibo erosi berriek, hiritakoek eta hiriartekoek, bi toki gordeta izango dituzte gurpil-aulkidun erabiltzaileentzat, eta lau eserleku auto eta ibilgailuko mugikortasun urriko pertsonentzat. Toki horiek sarbidetik hurbil, behar bezala seinalatuta, eta txirrina nahiz gelditzeko seinalera irisgarriak izan beharko dute, apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuaren II eta III Eranskinetan garatutakoaren arabera. Eserleku horiek beste gainontzeko eserlekuen ondoren salduko dira, baldin eta mugikortasun urriko pertsonaren batek lehenago eskatzen ez baditu.

2.– 30 bidaiari baino gutxiagoko autobusen kasu zehatzean, bi eserleku gordeko dira gurpil-aulkidun erabiltzaileentzat, eta lau eserleku auto eta ibilgailuko mugikortasun urriko pertsonentzat. Halaber, ohiko erabilerarako aukera emateko nahikoa eta modu eraginkorrean moldatzeko mekanismoak jarriko dira.

3.– Gordetako eserlekuetan irisgarritasunaren nazioarteko sinboloa jarriko da.

4.– Mugikortasun urriko pertsonak sarbideetatik autonomiaz ontziratu eta lehorreratu ahalko dira aipatutako garraiobideetan.

5.– Garraiobide publiko horietan mugikortasun urriko pertsonek daramatzaten baliabide lagungarri eta/edo teknikoak jartzeko espazio fisikoa izango dute.

6.– Ibilgailuek informazio-sistemak izango dituzte, komunikazioan zailtasunak dituzten pertsonentzako egokiak.

7.– Txakur-gidariak lagundutako bidaiariak txakur-gidariei buruzko azaroaren 21eko 17/1997 Legean ezarritakoaren arabera bidaiatzeko eskubidea izango dute.

8.– Apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuaren IV. Eranskinaren arabera, ibilgailuek argi egokia eduki beharko dute islak eta lilurak saihesteko.

9.– Ontziratzeko ateak argi/soinu ez durunditsua izan beharko dute komunikatzeko zailtasunak dituzten pertsonek sarbide horren egoera zehatza ezagutu dezaten. Mekanismo horren ezaugarriak apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuaren IV. Eranskinean araututakoari egokituko zaio.

10.– Garraiorako ibilgailuen barruko helduleku eta barrak apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuaren II eta III. Eranskinetan eskudelentzako adierazitako ezaugarriei egokitu beharko zaizkie, egokia den guztian, eta kolore bizia eta eserleku eta azalerengandik kontrastatua izango dute (lurzorua, hormak eta sabaia).

11.– Gelditzeko eskatzeko ukigailuak neurri onekoak izan beharko dute eta ongi bistaratzeko modukoak; kolore bizia eta jarrita dauden barra eta garraiobidearen barnearengandik kontrastatua izango dute. Ukigailuak eragitean bolumen eta tonu egokiko soinu-seinalea egingo du.

12.– Garraio publikorako ibilgailu guztien zorua irristakaitza izango da.

4.2.– Irisgarritasuna autobusetan

4.2.1.– Zoru baxuko autobus irisgarriak

Zoru baxuko autobusak irisgarriak izango dira ondorengo kasuetan:

– Gurpil-aulkientzako bi espazio gordeta dituztenean, sarbidetik ahalik eta hurbilen eta biratzeko toki nahikoarekin.

– Geltokietan albora mugitzeko sistema hidropneumatiko edo hidraulikoa dutenak, ontziratu eta lehorreratzeko aldeko altuera 25cm baino gutxiago izanik.

– Mugikortasun urriko pertsonak ontziratu eta lurreratzeko atean edo ateetan ate-zuloko argi librearen zabalera berdineko arrapala ezkutagarria jartzen denetan. Plataforma horren kanpoko ertza kolore biziz margoturik egongo da, ibilgailuaren gainontzeko zoruarekin kontrastea eginez.

– Ate horren inguruan gidariari abisatzeko txirrina dutenetan, 90 eta 120 cm-ren arteko altueran.

– Arrapala dabilen bitartean argi eta soinu seinale bat egiten dutenetan.

– Autobus barruan, heldulekuak sarrerako atetik irteerako atera bitartean jarraian kokatzen direnean, eserlekuak aurkitzeko ukimenezko adierazleak dituztenetan, norabide-gidari funtzioa betez.

– Autobus artikulatuetan, artikulazioko zati mugikorreko zorua ehundura eta kolore desberdinekin seinalatua eta ibilgailuaren gainerako zoruarekiko ongi kontrastatuta dutenetan.

4.2.2.– Zoru altuko autobus irisgarriak

Zoru altuko autobusak irisgarriak izango dira honako kasuetan:

– Gurpil-aulkien erabiltzaileek autonomiaz erabiltzeko moduko bi eserleku dituztenetan, 45cm baino baxuagokoak eta dagozkien besoentzako euskarri ezkutagarriekin.

– Autobus horietara ontziratu eta lehorreratzeko plataforma elektrohidrauliko bat dutenetan, kai edo kanpoko galtzada eta autobusaren barruko zoruaren arteko desnibela gaindituko duena.

– Plataforma jasotzaile hauen ezaugarriak, neurriei eta gutxiengo kargari dagokionez, apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuaren III. Eranskinean jasotakoei egokitzen zaizkionetan.

– Plataforma dabilen bitartean argi eta soinu seinale bat egiten dutenetan.

– Mugikortasun urriko pertsonak autobusean sartzea errazteko gurpil-aulki bat dutenetan.

– Eskailera-maila bakoitzaren goiko ertzak kolore bizia, desberdina eta, maila, kontramaila eta ibilgailuaren barneko hondoarengandik ongi kontrastatua dutenetan.

– Eserlekuen gainean dauden apaletako kanpo aldeko alboetan eserlekuaren zenbakia adierazteko ukimenezko adierazleak jarrita dituztenetan. Zenbakiak makrokarakteretan errotulatuta egon beharko dute, trazuan goi-erliebea erdian eta Braille sisteman, kolore desberdinean eta hondoa eta tapizeriarekiko ongi kontrastatuta.

4.3.– Hiri-zerbitzu publikoak.

1.– Hiri-zerbitzu publiko guztiak zoru baxuko autobusekin egin beharko dira, dagokion udalaren irizpideen arabera ibilbideak horretarako aukerarik ematen ez duenean salbu.

2.– Hiri-autobusen lineen enpresa titularrak izango dira da mugikortasun urriko pertsonak ibilgailuan autonomiaz ontziratu eta lehorreratzea errazteko eta baita billetea ordaintzea errazteko arduradunak

4.4.– Hiriarteko zerbitzu publikoak.

Hiriarteko autobusen lineen enpresa kontzesionarioak izango dira mugikortasun urriko pertsonak ibilgailuan autonomiaz ontziratu eta lehorreratzea eta billetea ordaintzea errazteko arduradunak

4.5.– Trenbide-material mugikorra.

1.– Erosi berria den trenbide-materiala mugikortasun urriko pertsonentzat irisgarria izango da.

2.– Tren-enpresak izango dira mugikortasun urriko pertsonak ibilgailuan autonomiaz ontziratu eta lehorreratzea errazteko arduradunak.

3.– Ibilgailurako sarbideak kolore bizi eta desberdinekoak izan beharko dute, gainerako unitatearengandik ongi kontrastatua.

4.– Ibilgailuan sartzeko eskailera-mailak egonez gero, goiko ertzak nabarmenduko dira horien ikusmen-pertzepzioa errazteko.

4.6. –Taxiak.

1.– Hiru milatik gorako biztanle kopurua duten Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietan, udalek gutxienez taxi egokitu bat izan dadin sustatuko dute eta eguneko 24 ordutan bermatu beharko da zerbitzua.

2.– Nolanahi ere, 20 taxi lizentzia baino gehiagoko udalerrietan, taxien lizentzien %5ek gutxienez gurpil-aulkidun erabiltzaileentzat egokituta egon beharko dute, Eranskin honetako 4.6.1 atalean ezarritakoaren arabera.

3.– Egokitutako taxiek lehentasunezko zerbitzua emango diete mugikortasun urriko pertsonei, baino ez dira inolaz ere pertsona horientzako bakarrik izango.

4.– Tarifa-zerrendak, baita gainerako informazio gehigarria ere, inprimakietan, Braille sisteman eta beste edozein idatzizko komunikabidetan.

4.6.1.– Egokitutako taxiak.

Gurpil-aulkidun erabiltzaileentzat egokitutako taxitzat hartuko dira honako baldintzak betetzen dituztenak:

– Gurpil-aulki elektrikoa eramateko espazioa dutenak eta espazio horren gutxieneko dimentsioa apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuaren I Eranskinean, Parametro Antropometrikoei buruzkoan, ezarritakoari egokitzen zaionean.

– Gurpil-aulkientzako sarbidea apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuaren I Eranskineko gurpil-aulki elektrikoak lasai sartzeko moduko neurrikoa denean.

– Gurpil-aulkiak ontziratzeko edo lehorreratzeko erabiliko den ateak arrapala edo plataforma jasotzaileak dituenean. Arrapala edo plataforma hauek apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuaren III Eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

– Gurpil-aulkientzako ainguraketa eta erabiltzailearentzako segurtasun-uhala dagoenean.

– Bidaiari-lekuak heldulekuak dituenean; inguruarekiko kontrastatutako kolorean, eta erabilgarritasuna eta dimentsioei dagokionez, apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuaren I eta III Eranskinetan xedatutako parametroen araberakoak direnean.

– Gidariak ainguraketak eta segurtasun uhalak jartzeko eta gurpil-aulkidun erabiltzaileei ibilgailurako sarrera eta irteera errazteko jarritako ekipamendua manipulatzeko arduradunak direnean.

5. artikulua.– Garraio Pribatua

5.1.– Erreserbatutako txartelak.

Mugikortasun urriko pertsonentzako gordetako aparkalekuen dimentsioa, kokapena eta kopurua 20/1997 Legea garatzeko apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuaren II eta III Eranskinetan ezarritakoari egokituko zaizkio.

5.2.– Aparkatzeko txartelak.

Pertsona ezgaituak eramateko ibilgailuak aparkatzeko txartelak urriaren 17ko 236/1989 Dekretuan ezarritakoari egokituko zaizkio.

6. artikulua.– Egokitzapenak burutzea.

Eranskin hau aplikagarri den esparruko garraiorako azpiegituren inbentarioa eta material mugikorra, bertan begietsitako jarduketarako lehentasunen hurrenkera, egokitzapenak egiteko aurreikuspen ekonomikoak, eta aurreranzko egokitzapen horien egutegia, 20/1997 Legeak Eusko Jaurlaritzari, Foru Aldundiei, Udalei eta gainerako erakunde publikoei egitea gomendatzen dien laurteko egitarauetan jasoko dira.

7. artikulua.– Irisgarritasun-baldintzak kontrolatzea

1.– Emakidak eta lizentziak emateko nahiz garraio gaietako egitasmoak onartzeko Herri Administrazio eskudunek, Eranskin honetan ezarritako arauak betetzen direla zainduko dute

2.– Eranskin honetan xedatutakoari eragiten dieten kontratu administratiboetako baldintza pleguek Eranskinari egokitzeko klausulak izango dituzte.


Azterketa dokumentala