Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

103. zk., 2001eko maiatzaren 31, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
2998

AGINDUA, 2001eko martxoaren 29koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, "Elika Fundazioa – Elikagaien Bermerako Euskal Iraskundea – Instituto Vasco de Garantia Alimentaria" Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeari buruzkoa.

Arkauteko (Araba) "Elika Fundazioa – Elikagaien Bermerako Euskal Iraskundea – Instituto Vasco de Garantia Alimentaria" Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea ikusi eta aztertu da.

AURREKARIAK

1.– Jon Arruti Olazabal jaunak eta Luis Miguel Macías Pereda jaunak "Elika Fundazioa- Elikagaien Bermerako Euskal Iraskundea- Instituto Vasco de Garantía Alimentaria" sortu dute, 2001eko urtarrilaren 10ean, Bilboko Notarioen Elkargoko Alfredo Pérez Ávila jaunaren aurrean egindako eskritura publikoaz (207 protokolo zk.). Jon Arruti Olazabal jaunak "Neiker - Instituto Vasco de Investigación y Desarrollo Agrario S.A." merkataritza-elkartearen eta "Fundación Azti - Azti Fundazioa"ren izenean eta ordez jardun du, merkataritza-elkarteko Administrazio Kontseiluko eta Fundazioko Patronatuko lehendakari den aldetik; Luis Miguel Macías Pereda jaunak, berriz, "Fundación Azti -Azti Fundazioa"ren izenean eta ordez jardun du, Fundazioko Patronatuko lehendakari den aldetik.

2.– "Elika Fundazioa- Elikagaien Bermerako Euskal Iraskundea- Instituto Vasco de Garantía Alimentaria" fundazioaren xedea, estatutuetako 3. artikuluan jartzen duenez, hau da:

"Bermatutako elikagaien ekoizpen, prestaketa eta kontsumoari buruz informazioa eta aholkuak ematea eta horri buruzko sustapena egitea".

3.– Fundazioaren egoitza, Fundazioaren Estatutuetako 5. artikuluan jartzen duenez, hau da: Arkaute, Nekazaritza Etxaldea, z/g. Jardute-eremua Euskal Autonomia Erkidegoa izango da, nagusiki.

4.– Hasierako dotazioa hirurogeita sei (66.000.000) pezetakoa da, hirurehun eta laurogeita hamasei mila seiehun eta hirurogeita sei mila euro eta laurogeita bederatzi zentimo, eta kopuru hori ordaindu dela jasota geratu da erregistro-inskripzioan, hala agintzen baitu 404/1994 Dekretuaren 31.1.c artikuluak.

Ondarea askitzat jotzen da fundazioaren lehenengo programa lortzeko. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 9. artikuluak eskatu bezala, aditu independente batek egindako bideragarritasuneko ekonomia-azterketak hala erakusten du; azterketa hori, bestalde, administrazio-espedienteari erantsi zaio.

5.– Fundazioa administratzea, gobernatzea eta ordezkatzea Patronatuari utzi zaizkio. Patronatuko kideek dohainik beteko dituzte beren egitekoak, Fundazioko Estatutuen 12. artikuluan jartzen duen moduan.

6.– Patronatuko kideak, Fundazioaren Estatutuetako 10. artikuluan jartzen duen moduan, gutxienez zazpi (7) kidek eta gehienez hamaika (11) kidek osatuko dute.

Hasieran, fundazioa eratzeko eskrituran jartzen duenez, Patronatua hamaika kidek osatuko dute. Guztiek onartu dituzte beren karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan jasotako bideetako batez. Hauek dira kideak:

– Alvaro Iturritxa Velez de Elburgo jauna.

– Asier Albizu Llubia jauna.

– Javier Portuondo Beaskoetxea jauna.

– Guillermo María López Vivanco jauna.

– José María Iruarrizaga Artaraz jauna.

– Xabier Goirigolzarri Malaxetxebarria jauna.

– Rogelio Pozo Carro jauna.

– German Muruamendiaraz Larrañaga jauna.

– Alazne Uribarri del Olmo andrea.

– Pedro Guerrero Valero jauna.

– Ramón Yuste Jordan jauna

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari dagokio fundazioaren estatutuetako aldaketarako espedienteari ebazpena ematea agindu-bidez. Hala dago aginduta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legearen 40. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroa eta Babeslaritza Antolatu eta Jardunean Jartzeko Arautegia onartu zuen urriaren 18ko 404/1994 Dekretuaren 7 a) artikuluan.

Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsona juridiko pribatu batek sustatu du espedientea. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta urriaren 18ko 404/1994 Dekretua 31. eta 34. artikuluetan ezarritako betekizunak konplitu dira.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeak fundazioaren eraketa inskribatzearen aldeko txostena eman du, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 36.3 eta 40.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroa eta Babeslaritza Antolatu eta Jardunean Jartzeko Arautegia onartzeko den urriaren 18ko 404/1994 Dekretuaren 13. artikuluan agindutakoa betez. Halaber, legezko betebehar batez ohartarazi du: patronoak Fundazioarekin autokontratatzeko debekua.

Lege eta arau hauek ikusi dira: indarrean dagoen Konstituzioa; Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroa eta Babeslaritza Antolatu eta Jardunean Jartzeko Arautegia onartzeko den urriaren 18ko 404/1994 Dekretua eta orokorrean aplikatzekoak diren gainerako arauak. Ondorioz,

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak hau

EBATZI DU:

Lehenengoa.– Egun honetan, F-97 zenbakiaz, Arkauteko (Araba) "Elika Fundazioa – Elikagaien Bermerako Euskal Iraskundea – Instituto Vasco de Garantia Alimentaria" Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, bai eta patronatuko hasierako osaera ere. Patronatuko kideak seigarren aurrekarian aipatzen dira eta guztiek modu adieraziz onartu dituzte beren karguak.

Bigarrena.– Fundazio hori, dituen helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 4. sekzioan inskribatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroa eta Babeslaritza Antolatu eta Jardunean Jartzeko Arautegia onartzeko den urriaren 18ko 404/1994 Dekretuaren 14. artikuluan agindutakoaz bat etorriz.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Agindu hau azkena da administrazio bidean. Bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, hil biko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2001eko martxoaren 29a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala