Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

97. zk., 2001eko maiatzaren 23a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
2753

78/2001 DEKRETUA, maiatzaren 2koa, Basauriko "Banco de Alimentos de Bizkaia" Elkartea onuragarria dela aitortzeko dena.

Bazkunei buruzko otsailaren 12ko 3/1988 Legeko 22. artikuluan jartzen denez, Euskadiko interes orokorraren alde egiten duten elkarteei onuragarritasun aitormena eman ahalko zaie, inskribatuta baldin badaude.

Lege horren babesean, Basauriko "Banco de Alimentos de Bizkaia" Elkarteak aitormen hori eman dakiola eskatu du, bere ustez, elkarte onuragarria dela aitortzea merezi duelako; eta merezi, elikagai-soberakinak eta premia biziko beste artikulu batzuk eskuratu eta biltegiratu eta, ondoren, Sorospen Zentroei eta behartsuei doan banatzen dizkielako merezi du.

1995eko maiatzaren 8an eratu zen Basauriko "Banco de Alimentos de Bizkaia" Elkartea, eta adierazi diren helburuak betetzen saiatu da ordutik, Elkartearen Estatutuetako 3. artikuluan aipatzen direnak, hain zuzen ere:

a) Harremanak izatea enpresa, instituzio eta erakundeekin, hain zuzen ere, horiek elikagaietan eta premia biziko artikuluetan izan ditzaketen soberakinak doan emateko.

b) Zentro komertzialetan edo kolegioetan kolekten bidez norbanakoek egin ditzaten ekarpenak —elikagaitan edo antzekoetan— eskuratzea. Bidebatez, laguntzarako eta eskuzabaltasunerako kontzientzia garatu nahi da gazteen artean, alegia, behartsuenekin batera jardun dezaten eta elikagairik xahutu ez dezaten.

c) Produktuak biltegietan edo hozkailuetan jagotea, eta gero —behar denean— banatzea.

d) Sorospen zentroen, egoitzen eta erakundeen zerrendak sortu eta gordetzea, behar ditzaten produktuak eman ahal izateko eta, bidezkoa balitz, zuzenean banatzeko.

e) Elkartearen helburuei eta bere beharrizanei publizitatea ematea, horren helburua izanik herritarrak kontzientziatzea eta beharrezkoa izan dadin laguntza eskatzea.

f) Antzeko erakundeekin eta zentro ofizialekin harremanak izatea, eurekin lankidetzan jarduteko.

Onuragarritasun espedientean jasota dauden agirietatik ateratzen denez, Basauriko "Banco de Alimentos de Bizkaia" Elkarteak bete egiten ditu Estatutuetan adierazitako helburuak. Bere jarduerak bolondresek burutzen dituzte eta, ildo horretatik, Bolondres Erakundeen Errolda Orokorrean inskribatzeko eskabidea ere egin dute.

Basauriko "Banco de Alimentos de Bizkaia" Elkarteak, bestalde, baliabide materialak hobeto banatzen saiatzeaz gain, Elikagaien Euskadiko Federazioa eratu du. Bide horretatik, beste elkarte batzuekin koordinatu du bere jarduera, erraztu egiten dielarik euren eginkizuna.

Alor horretan merezimendu handiz burututako lanak ospe handia ekarri dio Basauriko "Banco de Alimentos de Bizkaia" Elkarteari. Areago, alor horretan eskumenak dituzten administrazio publikoek ere aho batez aitortu diote tasun hori eta, horren ondorioz, hainbat lankidetza-proiektu eta -jarduera gauzatu dituzte elkarren artean.

Lege horren 22. artikuluan agindutakoaz bat etorriz, onuragarritasun aitorpena Jaurlaritzaren Kontseiluak erabakitako dekretu baten bidez egingo da, arloa dela-eta kasuan kasuko sailek proposatuta, eta sailek eta interesatuta dauden erakunde eta entitateek txostena eman ondoren. Agindu hori betez, dagokion espedientea instruitu da, eta, ondoren, sailei eta instituzioei eskatu zaizkien txostenak erantsi zaizkio espedienteari. Txosten horietan, bestalde, aipatu elkartea onuragarria dela aitortzearen alde agertzen dira bai sailak eta bai instituzioak ere.

Ondorioz, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak elkarrekin proposaturik, interesaturik dauden enteek eta erakundeek emandako txostenak ikusita eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2001eko maiatzaren 2an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Basauriko "Banco de Alimentos de Bizkaia" Elkartea, Bazkunen Errolda Nagusian B/5273/95 zenbakiaz inskribatua baitago, onuragarria dela aitortzea, uste baitugu bere jarduerekin Euskadiko interesen alde egiten duela.

Horrekin batera, aitorpen horri dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, otsailaren 12ko 3/1988 Legeko 22.2 artikuluan jasota daudenak.

Vitoria-Gasteizen, 2001eko maiatzaren 2an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala