Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

87. zk., 2001eko maiatzaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
2390

INSTRUKZIOA, 2001eko martxoaren 26koa, Industria eta Meategiak Administratzeko zuzendariarena, segurtasun arazoak direla-eta, industria instalazioak aldi baterako geldiarazteari buruzkoa.

Industriari buruzko uztailaren 16ko 21/1992 Legearen 10. artikulua arriskuak prebenitu eta mugatzeari buruzkoa da, eta bertan dio instalazio, ekipo, jarduera eta produktu industrialek segurtasuneko betekizun legalak eta erregelamenduzkoak bete behar dituztela.

Era berean, artikulu bereko 2. paragrafoak honakoa dio: Instalazioei egin beharreko ikuskapena egitean, ikusten bada instalazioek pertsonak, flora, fauna, ondasunak edo ingurugiroa kaltetzeko moduko berehalako arrisku larria ekar dezaketen hutsak edo akatsak dituztela, gai horretan eskumena duen Administrazioak erabaki ahal izango duela jarduera erabat edo jardueraren zati bat aldi baterako geldiaraztea, eta jardueraren arduradunei eskatu beharko diela akatsak zuzentzeko edo instalazioen funtzionamendua moldatzeko instalazioen gaineko araudira. Horrez gain, arau-hausteari dagozkion zigorrak ere ezarri ahal izango dira, bai eta lan-legedian jasotako neurriak ere.

Zentzu horretan, esan behar da instalazio industrialak izan edo produktu industrialak izan, indarrean dagoen legediak instalazio industrialak aldi baterako edo betirako geldiarazteko aukera eta produktu industrialak merkatutik kentzeko (komertzializazio fasea) aukera aurreikusten dituela. Horretarako, ordea, honako baldintza hau bete behar da: pertsonak, flora, fauna, ondasunak edo ingurugiroa kaltetzeko moduko berehalako arrisku larria ekar dezaketen hutsak edo akatsak izatea.

Beraz, berehalako arrisku larria dagoela nahikoa egiaztatuta egon beharko da dagokion agirian (ikuskapen aktan, txosten teknikoan eta abar). Hau da, instalazioaren funtzionamenduaren eta istripu-arriskuaren arteko lotura benetakoa izan beharko da.

Esan behar baita era horretako erabaki batek garrantzi handia duela; izan ere, horrelako erabaki baten ondorioz, konpontzeko zailak diren kalteak edo kalte konponezinak egin daitezkenez, erabakia kontu handiz hartu beharko da, eta hartzekotan ere, argi izan beharko da ez dagoela beste bide edo jarduerarik arriskua saihesteko.

Beraz, zentzu honetan, instalazio osoa geldiarazi beharrean, arriskua ekar dezaketen instalazioaren aparailuak edo zatiak baino ez dira geldiaraziko, horretarako aukera teknikorik ikusten bada.

Bestalde, honelako neurriak hartu arren (Industriari buruzko Legearen 10. artikulua), aukera egongo da bestelako zigor-prozedurak hasteko ere, baldin eta Industriari buruzko Legearen 30. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako arau-hausteetakoren bat egin bada. Horren haritik, kontuan hartu behar dugu zigorren artean ere badagoela aukera, aldi baterako neurri moduan, instalazioa geldiarazteko; baina geldiarazte honen araubide juridikoa eta Industriari buruzko 10. artikuluan jasotakoak ez dute zerikusirik bata bestearekin. Edozelan ere, lehendik geldiarazita zegoen instalazio bati zigor-espedientea irekitzen bazaio, ezinbestekoa izango da geldiarazpenaren gaineko erabakia hartzea, hau da, geldiarazpena berrestea, aldatzea edo atzera botatzea.

Azkenik, ezinbestekoa izango da zuhurtasuneko geldiarazpenak baloratzeko eta erabakitzeko orduan, lurralde bulegoek ere gure irizpide berberak erabiltzea; beraz, nahitaezkoa da denok irizpide berberak izatea, gai honetan indarrean dagoen araudia guztiok berdin interpretatzeko.

Adierazitako lege-aginduak eta orokorrean ezartzekoak diren gainontzekoak ikusita, honakoa

XEDATU DUT:
I. KAPITULUA:
INSTALAZIOAK ZUHURTASUNEZ GELDIARAZTEA. ARAU OROKORRAK.

Bat.– Kalteak ekarri ditzakeen berehalako arrisku larria.

1.– Instalazio batek pertsonak, flora, fauna, ondasunak edo ingurugiroa kaltetzeko moduko berehalako arrisku larria ekar ditzakeen hutsak edo akatsak baditu, instalazio hori geldiarazi egin beharko da zuhurtasunez.

2.– Instalazio batek baimenik ez badu, zerbitzuan jartzeko baimenik ez badu edo erregelamenduek eskatzen dituzten agiriak aurkeztu ez baditu, horrek ez du esan nahi berehalako arrisku larria dagoenik.

Bi.– Instalazioaren zati bat geldiaraztea.

Instalazioaren zati bat edo instalazioa osorik geldiarazi ahal izango da. Ahal bada, hobe da instalazioaren zati bat baino ez geldiarazteko erabakia hartzea. Baina, horretarako, aukera egon behar da arriskua dakarren instalazio edo aparailu zatia bakarrik geldiarazteko.

Hiru.– Akatsa konpontzeko eskatzea.

Instalazioa geldiarazten bada, horrek esan nahiko du instalazioaren ardura dutenei ezinbestean eskatzen zaiela akatsak zuzentzeko edo instalazioen funtzionamendua horien gaineko araudira moldatzeko.

Lau.– Geldiarazpenaren iraupena.

Instalazioa geldiarazita egongo da harik eta arriskua desagertu arte, hau da, harik eta interesdunak egiaztatzen duenera arte arriskua edo istripua ekar dezakeen akatsa edo hutsa konpondu dela.

Bost.– Arau-hausteak eta zigorrak.

1.– Era honetako neurriak hartu arren, egin den akatsagatik ezarri ahal diren bestelako zigorrak ere ezarri ahal izango dira, bai eta lan-legedian aurreikusitako bestelako neurriak hartu ere.

2.– Zigor-espediente baten barruan edo zigor-espedientea hasi baino lehen erabakitzen bada instalazioa geldiaraztea zuhurtasunez edo behin behineko izaeraz, geldiarazpenari ezarri beharreko lege araubidea honako legea kontuan hartuta zehaztu beharko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 27/1998 Legearen 31. artikuluak eta hurrengoak (1998-03-11ko EHAA).

II. KAPITULUA
GELDIARAZTEKO PROZEDURA

Sei.– Geldiarazte egintzarako eskumena.

1.– Ebazpen honetan arautzen den geldiarazpen egintza honako hauek erabakiko dute:

a) Ikuskapen egintza burutu duen teknikari ikuskariak berak zuzenean.

b) Horretarako eskumena duen koordinatzaileak, baldin eta instalazioa ez bada geldiarazi ikuskapen baten ondorioz, edo ikuskapen baten ondorioz geldiarazi bada ere, momentu horretan geldiarazpenik erabaki ez bada.

2.– Edozelan ere, zuhurtasunezko geldiarazpenik egonez gero, berehala eman beharko zaio horren berri lurralde bulego buruari.

Zazpi.– Agente laguntzaileek egindako geldiarazpenak.

1.– Instrukzio honetako lehengo puntuan adierazitako kasuan (hots, kalteak ekarri ditzakeen berehalako arrisku larria egotekotan), instalazio bat aldi baterako geldiarazteko erabakia hartu ahal izango dute behar bezala baimendutako kontrol-organismoek, baimendutako enpresa instalatzaileek edo mantenimendukoek eta energia merkaturatzen eta/edo banatzen duten enpresek, baldin eta enpresok instalazio horien ikuskapena egiten badute edo instalazio horiek energiaz hornitzen badituzte. Edozelan ere, enpresok instrukzio honetan jasotako baldintza bete beharko dituzte zeregin horretarako.

2.– Geldiarazpen bat erabakitzen denean, erabakia hartu duen entitateak ahalik eta azkarren eman behako dio horren berri lurralde bulego eskumendunari. Horrez gain, geldiarazpena arrazoitzen duen txosten teknikoa ere igorri beharko dio.

3.– Agente laguntzaile batek eskuhartzen badu, ez da beharrezkoa izango instrukzio honetako 12. puntuan eskatzen den berrespena. Baina, geldiarazpen jakinarazpena jasotakoan ikusten bada, instalazioa geldiaraztea gehiegiko neurria dela instalazioari aurkitutako akats teknikoarentzako, geldiarazteko erabakia atzera bota edo aldatzeko agindu ahal izango da.

4.– Instalazioak zeuzkan akatsak konpondu ostean, geldiarazpena erabaki zuen agente beraren aurrean egiaztatu beharko da akatsen konponketa; agenteak berak kenduko du geldiarazpen agindua eta lurralde bulego eskumendunari emango dio horren berri.

Zortzi.– Geldiarazpena arrazoitzea.

Geldiarazpen egintza teknikoki arrazoitua egon beharko da, eta argi egon beharko da lotura zuzena dagoela instalazioaren funtzionamenduaren artean eta istripua gertatzeko arriskuaren artean.

Bederatzi.– Jakinarazpena.

1.– Instalazio baten ikuskapena egiten denean, instalazioa geldiaraziko dela jakinarazi egin beharko zaio bertan dagoen titularrari, erabiltzaileari edo pertsonari, bai eta, hala badagokio, energia merkaturatu eta/edo banatzen duen enpresari ere. Jakinarazpena momentuan egingo zaio, edo bestela horretarako erarik azkarrena eta eraginkorrena erabilita (faxa, posta elektronikoa eta abar).

2.– Jakinarazpenean adierazi beharko da nola egiaztatu beharko den akatsak konponduta daudela.

Hamar.– Geldiarazpena gauzatzea.

1.– Instalazioa teknikari batek geldiarazi beharko du, eta, horretarako, eta beharrezkoa bada, instalazioa edo geldiarazi beharreko instalazio zatia prezintatu beharko du.

2.– Instalazioa prezintatzea ezinezkoa bada, aukera egongo da teknikoki bideragarria den bestelako edozein neuri hartzeko, instalazioak funtzionatu ez dadin.

3.– Energia hornidura etetea era erabaki ahal izango da, baldin eta horrek ez badie beste instalazio edo aparailu batzuei kalterik egiten, eta baldin eta teknikoki ezinezkoa bada beste era beteko neurririk hartzea.

Hamaika.– Erreklamazioak edo alegazioak.

Interesdunak aukera izango du nahi dituen alegazioa guztiak aurkezteko geldiarazpenaren aurka.

Hamabi.– Geldiarazpena berrestea.

1.– Hiru eguneko epea egongo da, Instalazioa geldiarazi egin behar dela jakinarazten den egunetik kontatzen hasita, gai horretan eskumena duen zuzendariak ebazpen bat egin dezan, geldiarazpena berresten edo atzera botatzen.

2.– Horri horrela izan dadin, lurralde bulegoak, bulegoko buruaren bitartez, honako agiri hauek bidali beharko dizkio dagokion zuzendaritzari:

– Geldiarazpen egintza.

– Geldiarazpena behar bezala arrazoitzen eta justifikatzen duen txosten teknikoa.

– Aurkeztu diren erreklamazioak edo alegazioak, halakorik aurkeztu bada.

– Interesgarritzat jotzen den beste edozein agiri.

3.– Hiru eguneko epea egongo da, beraz, geldiarazpena berresteko edo atzera botatzeko ebazpena egiteko, eta zerbitzuburuaren proposamenez egingo da beti. Hiru eguneko epea igaro bada, baina interesatuak ez badu jaso paragrafo honetan aipatu dugu ebazpena, instalazioak geldirik jarraitu beharko du.

Hamahiru.– Geldiarazpena atzera botatzea.

1.– Instrukzio honetan ezarritakoaren ondorioz instalazioaren bat geldiarazten bada, instalazio horrek ezin izango du funtzionatu, harik eta akatsak konpondu arte. Horretarako, ondoko paragrafoan ezartzen denaren arabera jokatu beharko da. Bestalde, instalazioaren titularra, erabiltzailea edo, halakorik badago, energia merkaturatzen eta/edo banatzen duen enpresa izango dira instalazioaren erantzuleak.

2.– Istripua izateko arriskua eragin zuten akatsak, hau da, instalazioa geldiarazi zuten akatsak konpondu direla egiaztatu ondoren, koordinatzaileak arrazoiak kontuan hartuko ditu eta segituan aginduko du prezintoa kentzeko edo instalazioa martxan jarri ahal izateko hartu beharreko neurriak hartzeko. Era berean, hori guztia jakinarazi beharko die interesatuei eta horren berri eman beharko die lurralde bulegoko buruari eta dagokion zuzendaritzari.

III. KAPITULUA
ZIGOR-ESPEDIENTEA

Hamalau.– Jarraibide teknikoak ez betetzea.

1.– Ikusten bada, instalazioa baten funtzionamendua arriskutsua izateaz gain, ez dela bete Industriari buruzko Legearen 30. artikuluan eta hurrengoetan jasotako jarraibide teknikoren bat, zigor-espedientea hasteko proposamena ere bidaliko zaio dagokion zuzendaritzari.

2.– Proposamen horretan instalazioaren geldiarazpena ere aipatu beharko da.

Vitoria-Gasteiz, 2001eko martxoaren 26a.

Industria eta Meategiak Administratzeko zuzendaria,

RUBEN MENDIOLA ERKOREKA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana