Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

49. zk., 2001eko martxoaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Herrizaingo Saila
1322

AGINDUA, 2001eko martxoaren 1ekoa, Herrizaingo sailburuarena, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Segurtasun Administrazioaren zerbitzu osagarrietako lan-kontratuko langileen hitzarmen kolektiboa negoziatu den batzordean lortu den akordioa argitaratzeko. Akordio horretan Segurtasun Administrazioaren zerbitzu osagarrietan aldi batez arituko diren langileak aukeratzeko irizpideak ezarri dira.

Herrizaingo Saileko Segurtasun Administrazioaren zerbitzu osagarrietako lan-kontratuko langileen hitzarmen kolektiboa negoziatu den batzordean akordioa lortu da zerbitzu osagarri horietan aldi batez arituko diren langileak aukeratzeko irizpideei buruz.

2001eko otsailaren 27ko bilkuran, Gobernu Kontseiluak akordio hori sinatzeko baimena eman du.

Herrizaingo Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezarri duen urriaren 19ko 358/1999 Dekretuan (EHAA, 207. zk., urriaren 28koa) xedatu dena aintzat hartuta, negoziazio batzordean lortu den akordioa Herrizaingo Sailburuaren aginduaren bidez formalizatuko da.

Azaldutako guztia dela bide, ondokoa

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.– Herrizaingo Saileko Segurtasun Administrazioaren zerbitzu osagarrietako lan-kontratuko langileen hitzarmen kolektiboa negoziatu den batzordean lortu den akordioa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Akordio horretan Segurtasun Administrazioaren zerbitzu osagarrietan aldi batez arituko diren langileak aukeratzeko irizpideak ezarri dira; agindu honen eranskinean ageri da.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2001eko martxoaren 1a.

Herrizaingo sailburua,

JAVIER BALZA AGUILERA.

ERANSKINA
HERRIZAINGO SAILEKO SEGURTASUN
ADMINISTRAZIOAREN ZERBITZU
OSAGARRIETAKO LAN-KONTRATUKO
LANGILEEN HITZARMEN KOLEKTIBOA
NEGOZIATU DEN BATZORDEAN SEGURTASUN ADMINISTRAZIOAREN ZERBITZU
OSAGARRIETAN ALDI BATEZ ARITUKO
DIREN LANGILEAK
AUKERATZEKO IRIZPIDEAK EZARTZEKO
LORTU DEN AKORDIOA
AKORDIOA
ZIOEN AZALPENA

Herrizaingo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezarri zuen urriaren 19ko 358/1999 Dekretuaren Bosgarren Xedapen Iragankorrarekin bat etorriz dekretu beraren 6.1.g.2 artikuluan ezarritakoaren arabera (207 zenbakiko EHAA, urriaren 28koa), Zerbitzuen Zuzendaritzari dagokio Segurtasunaren Administrazioko laguntza zerbitzuetarako aldi baterako langileen lan-poltsak eratzea eta kudeatzea.

Gaur arte, Herrizaingo Sailarentzat lanean diharduten lan-kontratudun langileei buruzko Hitzarmen kolektiboaren 11. artikuluan ezarritakoaren arabera gauzatu da aldi baterako langileen hautaketa. Beharrezko gertatzen da, hala ere, batetik, kontratazio arin eta azkarra ahalbidetuko duen eta, aldi berean, berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioetan oinarri hartuko duen hautaketa garatuko duen poltsa-prozedura komuna artikulatzea Segurtasunaren Administrazioko laguntza zerbitzu guztietarako.

Horregatik guztiagatik, Herrizaingo Saileko Segurtasunaren Administrazioko laguntza zerbitzuetan aldi baterako arituko diren langileak hautatzean erabiliko diren irizpideok zehaztea da erabaki honen asmoa.

Lehenengoa.– Xedea.

Herrizaingo Saileko Segurtasunaren Administrazioko laguntza zerbitzuetan aldi baterako zerbitzuak emateko langileak hautatzean erabiliko diren irizpideak zehaztea da erabaki honen xedea.

Bigarrena.– Lan-poltsak.

1.– Herrizaingo Saileko Zerbitzuen Zuzendariaren ebazpenaren bidez deialdia egin ondoren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko diren Herrizaingo Sailaren zerbitzurako, segurtasunaren administrazioko zerbitzuetako lan-kontratudun langileen hitzarmen kolektiboaren alorrean, aldi baterako zerbitzuak emateko behar diren langileak hautatzeko hurrengo lan-poltsak eratuko dira:

– Behargina

– Administrari laguntzailea

– Mekanikaria

– Administraria

– Informatika Teknikari Espezialista

– Informatika Injineru Teknikoa

– Injineru Teknikoa

– Informatika Injinerua

– Ekonomia eta Enpresa Zientzietako Lizentziatua

– Zuzenbidean Lizentziatua

– Medikuntzan Lizentziatua

– Psikologian Lizentziatua

2.– Zerbitzuen Zuzendaritzak, beharrezkoa gertatzen den guztietan, beste sail batzuetarako poltsak eratzeko edo daudenak eguneratzeko beste prozesu baterako deialdia egingo du.

Hirugarrena.– Eskatzaileen betekizunak.

1.– Lan-poltsetan partaide izan nahi dutenek, honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) 18 urte beteta izatea.

b) 65 urte edo gehiago ez betetzea poltsetarako deialdia gauzatzen den urtean zehar.

c) Europako Batasuneko estatuetako bateko edo abenduaren 23ko 17/1993 Legearen (abenduaren 24ko EBO) Xedapen gehigarri bakarrak aipatzen dituen estatuetako bateko herritartasuna izatea.

d) Bete beharreko lanak betetzea eragozten duen gaixotasun edo muga fisikorik ez psikikorik ez izatea, elbarrien gizarteratzeari buruzko apirilaren 7ko 13/1982 Legearen aplikazioaren kalterik gabe. Hautaketa prozesua gainditu ondoren eta medikuaren azterketaren bidez, egiaztatuko dira gaitasun fisikoa eta psikikoa, lanaren kargu-hartzea gauzatzeko beharrezkoa izango delarik betekizun hau betetzea.

e) Disziplina-espedientearen eraginez, Estatuko, Autonomiako edo Tokiko Administraziotik bereizia ez izatea eta funtzio publikoak direla-eta, gaitasun gabeturik ez egotea. Europako Batasuneko kide diren gainontzeko herrietako herritarrek, edo lehen aipaturiko 17/1993 Legearen xedapen gehigarri bakarrak aipatzen dituen estatuetakoek, beren Estatuan funtzio publikoari heltzea eragozten duten diziplina-zehapenaren edo zigor penalaren mendean ez daudela egiaztatu beharko dute.

f) Gaitasun ezaren edo bateraezintasunaren legezko kausen pean ez egotea.

g) Eskaturiko tituluak edota esperientzia eta aurkezten deneko poltsaren mailarako ezarritako gainontzeko betekizunak edukitzea.

2.– Aurreko betekizun guztiak, eskariak aurkezteko epea amaitzen denean, eduki egin behar dira.

3.– Ezin izango dute prozesu honetan parte hartu karrerako funtzionarioek, estatutu-langileek edo beste edozein administrazio publikoren zerbitzuan lan-kontratu finkoarekin diharduten langileek.

Laugarrena.– Lan-poltsen eraketa.

1.– 2. puntuan aipatzen diren lan-poltsetako eskarien lehentasun ordena zehazteko, honako merezimendu baremoa aplikatuko da.

a) Herrizaingo Saileko Segurtasunaren Administrazioko laguntza zerbitzuetan, aurkezten deneko poltsaren mailan, aldi baterako lan-kontratudun langile gisa emaniko zerbitzuak, 0,42 puntu lan egindako hilabete bakoitzeko. Gehienez, 50 puntu.

b) edozein herri-administraziotan, aurkezten deneko poltsaren mailan, emaniko zerbitzuak, 0,25 puntu hilabete bakoitzeko. Gehienez, 30 puntu.

c) enpresa pribatuetan, aurkezten deneko poltsaren mailan, emaniko zerbitzuak, 0,17 puntu hilabete bakoitzeko. Gehienez, 20 puntu.

d) Euskararen ezagutza:

1. hizkuntza eskakizuna: 3 puntu

2. hizkuntza eskakizuna: 6 puntu

3. hizkuntza eskakizuna: 9 puntu

4. hizkuntza eskakizuna: 12 puntu

Ezagutzaren egiaztapena, horretarako ezarriko den egiaztatze proba baten bidez edo hizkuntza eskakizuna duela egiaztatzen duen agiria edo pareko titulua aurkeztuta gauzatu ahalko da.

2.– Aurreko atalean xedatutakoa gorabehera eta bete beharreko lanpostu hutsen izaera aintzat harturik, lan-poltsara aurkeztu direnek, lanpostua betetzeko, lanpostuon betekizun berariazkoen araberako berariazko proba bat gainditu izanaren arabera gauzatu ahalko da lan-poltsetako eskatzaileen zerrendaren ordena. Berariazko proba honen balorazioa, honela osatzen den batzorde batek egingo du: Zerbitzu Zuzendaritzaren ordezkari bat eta langileen ordezkari bat.

3.– Aurreko puntuan adierazitako merezimenduen balioespenak sorrarazten duen puntuaketaren arabera ordenatuko dira lan-poltsak, eskarien lehentasun ordena ezartzeari dagokionean. Berdinketa gertatzera, ondoren adierazten diren kontzeptuak, eta ezartzen direneko ordena kontuan hartuta, puntu gehiago dituen hautagaiak izango du lehentasuna: Herrizaingo Sailean, aldi baterako lan-kontratudun langile gisa emaniko zerbitzuak, edozein herri-administraziotan emaniko zerbitzuak; eta, azkenik, euskararen ezagutza.

Bosgarrena.– Eskariak aurkezteko epea.

Kapitulu honetan arautzen diren lan-poltsetan parte hartzeko eskariak aurkezteko epea, gehienez, egutegiko 30 egunekoa izango da, Herrizaingo Saileko Segurtasunaren Administrazioko laguntza zerbitzuetan aldi baterako zerbitzuak emateko hautatze prozesua deituz, Zerbitzuen Zuzendariaren ebazpena EHAAan argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita.

Seigarrena.– Lan-poltsen kudeaketa.

1.– Herrizaingo Saileko Zerbitzuen Zuzendaritzari dagokio poltsen kudeaketa.

2.– Lan eskaintzen jakinarazpenak telefono bidez gauzatuko dira, egiten den eskaintzari erantzuteko, 24 orduko epea emango zaielarik doakienei. Telefono bidezko kontaktua ezinezkoa gertatzera, salbuespen gisa, telegrama bidaliko da, doakienak, 48 orduko epean, Zerbitzuen Zuzendaritzarekiko harremanetan jartzeko xedearekin.

3.– Eskaintzen zaizkien kontratazioari uko egiten dietenak ageri direneko lan-poltsatik ate geratuko dira automatikoki, behar bezala justifikatutako zergatia izan ezean. Ondoren aipatzen diren egoeretako batean izatea ulertuko da zergati justifikatutzat:

a) aldi baterako gaitasunik eza.

b) aldi baterako lan-kontratuaz edozein herri-administraziotan lanean jardutea, edo lan-kontratu zein aldi baterakoaz enpresa pribatutan lanean jardutea.

c) ezkontzaren ziozko edo amatasun lizentziaz gozatzen aritzea.

d) erakunde ofizialen batek emaniko beka edukitzea.

e) soldaduska edo pareko ordezko gizarte prestazioa betetzen egotea.

f) Zerbitzuen Zuzendaritzak balioetsiko dituen bestelako egoerak.

4.– Aurreko atalean aurreikusitako zergatietariko baten bat gertatzera, gehienez, egutegiko 10 eguneko epean justifikatu beharko da. Justifikatu ezean, poltsatik ate geratuko da automatikoki.

5.– Kontratua izenpetu baino lehen, eskaturiko betekizunak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak eta karrerako funtzionarioa, estatutuko langilea edo edozein herri-administrazioko lan-kontratu finkodun langilea ez delako zinpeko adierazpena aurkeztu beharko ditu hautagai aukeratuak.

6.– Lan-poltsetako partaide izatea eskatzen dutenek, ondorengo egoera hauetakoren batean iraungo dute:

a) libre: lanean ez dabiltzanak, ez herri-administrazioan eta ez enpresa pribatuan ere.

b) lanean: aldi baterako, euskal administrazioetako baten baterako edo, kontratu finkoaz edo aldi baterakoaz, enpresan pribaturako zerbitzuan. Egoera honetan dagoena libre egoerara igaroko da eta, ondorioz, lan eskaintzak jaso ahal izango ditu, zerbitzuak ematen amaitu baino astebete lehenago.

c) aldi baterako baja: idatziz eskatu ondoren, artikulu honetako hirugarren puntuko egoeretako baten batean daudela esan eta egutegiko 10 eguneko epean egiaztatzen dutenak igaroko dira baldintza honetara.

Halaber, eta bajako egoerara igarotzea eragiten duen zergatia desagertutakoan, doakionak idatziz jakinarazi beharko dio Zerbitzuen Zuzendaritzari egutegiko 10 eguneko epean, dagozkion egiaztagiriak erantsiaz. Behin-betiko baja egoerara igaroko litzateke aipaturiko jakinarazpen epea betetzen ez duenak edo behar bezala egiaztatzen ez duenak.

d) behin betiko baja. Honako hauek dira egoera honetara igaroko direnak:

– beren gogoz, hala eskatzen dutenak.

– beren gogoz, herri-administrazioarekiko kontratu-harremanei bukaera ematen dietenak.

– artikulu honetako 2. puntuan ezarritako epean erantzuten ez dutenak edo, zergatik justifikaturik gabe, eskaintzen zaien kontratazioa onartzen ez dutenak.

– karrerako funtzionario edo lan-kontratudun langile finkoak izateari eusten diotenak.

– herri funtzioan profesional gisa jarduteko edo funtzio horiek betetzeko gaitasun gabetuta daudenak, egoera horrek dirauen bitartean, edo edozein herri-administraziotarako zerbitzutik bereiziak izan direnak.

– dagokion kontratua izenpetu aurretik, eskaturiko betekizunak egiaztatzen ez dituztenak.

e) aurkiezina: Zerbitzuen Zuzendaritzak baja emango die, aldi baterako, helbide-aldaketaren berririk ematen ez dutelako, jasotzen dituzten telefono deiei edo, hala gertatzera, bidaltzen zaizkien telegramei erantzuten ez dietelako, aurkiezin daudenei.

Telegrama bidali eta hiru hilabeteko epean, gehienez, iraungo dute egoera honetan, eta epe hau iragandakoan, behin-betiko baja egoerara pasako dira. Aipaturiko hiru hilabeteko epe horretan ez zaie inolako lan eskaintzarik jakinaraziko.

7.– Zerbitzuak emateak ez du inolako aldaketarik sorraraziko lan-poltsa bakoitzera aurkeztu diren hautagaien artean. Kontratu bidezko harremana agortutakoan, poltsaratu egingo da atzera ere, deitu aurretik esleituta zeukan ordena berari eutsiz.

8.– Erabaki hau aplikagarri gertatzen zaien aldi baterako lan-kontratudun langileek zerbitzuak ematen dituzteneko Herrizaingo Saileko Zuzendaritzek berehala emango diete izenpetu diren lan-kontratuen bukaeraren berri Zerbitzuen Zuzendaritzari, Zuzendaritza honek langile horiek, etorkizun batean aldi baterako zerbitzuak eman ahal ditzaten, dagokien poltsan jar ditzan.

Zazpigarrena.– Berariazko deialdiak.

1.– Eska daitekeen kalifikazio profesionala dela bide, edo dauden poltsetan aurkeztu den inor ez izateagatik, aurreko ataletan aurreikusitakoaren araberako langileen hautaketa ezinezkoa gertatzera, Zerbitzuen Zuzendaritzak, gizarteko komunikabideetan txertatuko diren iragarkien bidez, dagokion hautatze-prozesurako deialdia egingo du eta gaitasun proba bat eta euskararen ezagutzaren ebaluaketa izango ditu, gutxienez, prozesu horrek.

2.– Eskarien balorazioa, honela osatzen den batzorde batek egingo du: zein Zuzendaritzari esleitzen zaion beteko den lanpostua, Zuzendaritza horretatik ordezkari bat, Zerbitzu Zuzendaritzaren ordezkari bat, eta langileen ordezkari bat. Batzordeak proposatzen duen hautagaiak, indarrean dauden lanpostuetarako zerrendan, lanpostua betetzeko, ageri diren betekizunak bete beharko ditu.

3.– Hautatze prozesuan parte hartzen dutenen artean, hautagairik egokiena aukeratuko da, eta ez du lan-poltsaren izaerarik izango hautatzen ez diren hautagaien zerrendak. Beste beharrizan batzuk gertatuz gero, berariazko beste deialdi bati ekingo litzaioke.

4.– Berariazko deialdi hauen bidez, aldi baterako zerbitzuak ematen dituztenak, dagokien mailako poltsan sartuko dira, azken tokian, lehendabiziko kontratu bidezko harremana gauzatzen den egunetik aurrera.

5.– Dena dela, berariazko deialdi bati ekin aurretik, eta baliabideak optimizatzeko xedeaz, lanpostua Administrazio Orokorrean edo Euskal Autonomi Erkidegoko Autonomiadun Erakundeetan dauden poltsetako langileekin betetzeko ahaleginak egingo dira, ezarritako lehentasun ordenari jarraiki.

Zortzigarrena.– Poltsen lagapena.

1.– Herrizaingo Saileko Zerbitzuen Zuzendaritzak, Autonomi Erkidegoko Sailen eta Autonomiadun Erakundeen esku jarri ahal izango ditu, azken hauek hala eskatuz gero, lan-poltsetan dauden langileen zerrendak.

2.– Formula honen bidezko lan eskaintzek onartzen dituztenak, aldi baterako baja egoerara igaroko dira, zerbitzuen prestazioak irauten duen bitartean.

Bederatzigarrena.– Langileen ordezkarientzako informazioa.

Mailakako lan-poltsak gauzatutakoan, berorien kopia emango zaie langileen ordezkariei.

Hamargarrena.– Irizpideen aldaketa.

Kapitulu honetara bildutako langileen hautatze-irizpideak aldatu edo baliogabetuz gero, ez da inolako eskubiderik edota eskubiderako inolako itxaropenik sorraraziko.

Inola ere ezin izango zaio lan-kontratudun bidezko langile finko izateari eutsi ahal izango erabaki honetan ezarritako hautatze-irizpideen aplikazioaren bidez.

Hamaikagarrena.– Lan-poltsen iraunaldia.

Sortzen diren lan-poltsen iraunaldia, erabaki honetan xedatutakoarekin bat, egungo hitzarmen kolektiboa izenpetutakoan, Herrizaingo Saileko Segurtasunaren Administrazioko laguntza zerbitzuetako langile finko gisa sartzeko lehendabiziko hautatze-prozesua amaitu artekoa izango da. Hala ere, hitzarmenaren alderdi izenpetzaileek poltson iraunaldia luzatu ahal izango dute sartzeko lehendabiziko hautatze-prozesuaren bukaeran erabakitzen den eran.

Hamabigarrena.– Aurreko lan-poltsen ordezkapena.

Erabaki hau indarrean sartzean, Baliabide Orokorren Zuzendaritzan eta Euskal Herriko Polizia Ikastegian indarrean dauden lan-poltsak eraginik gabe geratuko dira kapitulu honetan aurreikusitako lan-poltsak osatzen diren unetik aurrera.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana