Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

49. zk., 2001eko martxoaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Herrizaingo Saila
1312

42/2001 DEKRETUA, martxoaren 6koa, Euskal Herriko Polizia Erkidegoetako Funtzionarioen Lanpostuak hornitzeari buruzko araudiko bigarren xedapen iragankorra aldatu duena.

Euskal Herriko Polizia Erkidegoetako Funtzionarioen Lanpostuak Hornitzeari buruzko Araudia abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren bidez onetsi zen. Haren bigarren xedapen iragankorrean ezarri zen Araudia indarrean jarri eta ondoko bi urteetan Ertzaintzak lanpostuak hornitzeko deitzen zituen prozesuetan antzinatasunagatik guztira eskura zitekeen puntuazioaren %60 eman ahal izango zela.

Ertzaintzak, behin lurraldean erabat zabaldu ondoren, lan eskerga egin du bere antolamendua eta egitura garatzeko, eta horren adierazgarri dira haren egituraz eman diren aginduak eta lanpostuen zerrenda behin eta berriz aldatzeko eman direnak. Horren kariaz, aurrean aipatutako xedapenean ezarritako epealdian ezin izan da tramitatu eta onetsi lanpostuak hornitzeko deialdirik bertan ezarritakoa aplikatuz.

Nolanahi ere, xedapen haren helburua Araudia indarrean jarri ondoren lanpostuak hornitzeko egiten zen lehen deialdian antzinatasunagatik gehienez eskura zitekeen puntuazioaren %60 eman ahal izatea zenez, bidezkoa da haren idazkuntza aldatzea hasieran ezarritakoa aplikatu ahal izan dadin Ertzaintzak laster lanpostuak hornitzeko egingo duen deialdian. Horrela Ertzaintzako langileen lan-baldintzei buruzko indarreko akordioaren V. eranskinean aipatutako konpromisoa beteko da.

Hori dela bide, kontuan izanik dekretu honen xedea Ertzaintzan ez beste inon aplikatuko ez den xedapena aldatzea dela, Ertzaintzako Kontseilua entzun eta Aholkularitza Juridikoaren Batzordeak ontzat emanik, Herrizaingo Sailburuak proposaturik eta Gobernu Kontseiluak 2001eko martxoaren 6an izandako bileran eztabaidatu eta onetsi ondoren, ondokoa

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren bidez onetsitako Euskal Herriko Polizia Erkidegoetako Funtzionarioen Lanpostuak Hornitzeari buruzko Araudiko bigarren xedapen iragankorra aldatu da; honela idatzita geratu da:

"Bigarrena.– Araudi hau indarrean jarri ondoren Ertzaintzak lanpostuak hornitzeko deitzen duen lehen prozesuan antzinatasunagatik guztira eskura daitekeen puntuazioaren %60 eman ahal izango da".

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2001eko martxoaren 6an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Herrizaingo sailburua,

JAVIER BALZA AGUILERA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana