Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

38. zk., 2001eko otsailaren 22a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Nekazaritza eta Arrantza Saila
985

31/2001 DEKRETUA, otsailaren 13koa, ekoizpen integratuari eta hura nekazaritzako elikagaietan adierazteari buruzkoa.

Ingurumena gehiago errespetatzen duten metodoez baliatzea, gai kimiko gutxiago erabiltzea eta kalitatezko produktuak ateratzea: horra egungo nekazaritzaren eskakizunak. Aurrekoaz gain, ekoizpen integratuko sistemen bidez ateratako produktuak bereizi egin behar dira, merkatuan balio erantsia baitute, eta kontsumitzaileei ere informazioa eman behar zaie, bai metodo horien edukia ezagutaraziz, bai produktuok bereizi eta erosteko aukera errazteko aipamenak erabiliz.

Xedapen honek gai organikoak eta teknikoak hartzen ditu aintzat, zertarako eta ekoizpen integratuaren sistema —nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuak, animalia- zein landare-jatorrikoak, ekoizten dituena— modu eraginkorrean eta koherentean bideratzeko Euskal Autonomia Erkidegoan. Era berean, borondatez onartutako kontrol-sistema ezarri nahi du, sistemara bildu nahi duten operadoreentzat, ekoizpen hori bereizi ahal izateko. Kontrol sistema hori kanpoko erakunde independente baten esku utziko da, egiaztapen-lanak unibertsaltasun, kaudimen eta uniformetasun berme nahikoarekin egin ditzan.

Ondorengoak kontuan harturik: Autonomia Estatutua, Euskal Autonomia Erkidegoari egin zaizkion transferentziak, lurralde historikoetako foru organoen eskumenak —izan ere, azaroaren 25eko 27/1983 Legeak haien esku utzi baitu erakunde komunek nekazaritza alorrean emandako arauak garatu eta betearaztea—, eta gainerako legeria, beharrezko da arau komunak ezartzea ekoizpen integratua Euskal Autonomia Erkidegoan garatzeko.

Ondorioz, Nekazaritza Politika eta Landa Garapeneko Mahaiarekin bat, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2001eko otsailaren 13an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Ezarpen-eremua.

Dekretu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan arautzea ekoizpen integratuaren sistemara biltzen diren nekazaritzako eta elikagaigintzako animalia- zein landare-jatorriko produktuen ekoizpena, lantzea eta merkaturatzea.

2. artikulua.– Definizioak.

Dekretu honen ondorioetarako,

a) Ekoizpen integratua:

Nekazaritzako edo/eta elikagaien ekoizpen sistema bat da, baliabide eta eginbide naturalak gehiago erabiltzearen alde egiten duena, eta epe ertainean nekazaritza jasangarriagoa garatzea errazten duena, nekazaritzan hainbat metodo agronomiko erabiliz —hala nola, lurlantzea, ongarritzea, ureztatzea, borroka biologikoa edo kimikoa—, baina ez sistematikoki, baizik eta aurretik ebaluazio teknikoa eta diagnostikoa egin ondoren, erabili beharreko teknika edo tratamenduaren egokitasuna finkatzearren; beti ere, ingurumena zaintzea, gizartearen eskakizunak eta nekazaritzaren ekoizkortasuna elkarrekin uztartuz.

b) Operadorea:

Pertsona fisiko edo juridiko bat da, ekoizpen integratuari buruzko arauen peko nekazaritzako edo elikagaigintzako produktuak eskuratu, maneatu, landu, ontziratu, etiketatu, biltegiratu edo merkaturatzen dituena.

3. artikulua.– Arau teknikoak.

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak, sailburuaren Aginduz eta dekretu honen 9. artikuluan arautzen den koordinazio-batzordeak proposatuta, nekazaritzako edo elikagaigintzako produktu bakoitzarentzako arau teknikoa onartuko du. Arau teknikoak ondorengoak zehaztuko ditu: ateratako produktua ekoizpen integratukotzat jotzeko nahitaez bete behar diren ekoizpen-, lantze- edo erabiltze-jarduerak; kaltegarri direnez, debekatuta dauden jarduerak; eta gomendagarritzat joak izanik, epe ertainean nahitaezko bihurtuko direnak. Era berean, produktuaren aztarnagarritasuna bermatzeko behar den informazio guztia zehaztuko dute arau teknikoek, eta bereziki, landa-koadernoetan jaso beharrekoa, eta koadernook betetzeko eskakizunak.

4. artikulua.–Operadoreen betebeharrak.

Dekretu honen 7. artikuluak arautu duen Ekoizpen Integratuko Operadoreen Erregistroan sartu nahi duten operadoreek ondorengo betebeharrak bete beharko dituzte:

a) Jardueraren berri idatziz ematea Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzari, ekoizpen integratuaren sisteman sartzeko nahia adierazteaz batera.

b) Nekazaritzako ustiategian ekoizpen integraturako erabiliko diren lur-zatiaren edo lur-zatien, eta, hala bada, instalazio edo manipulazio-zentroen azalpen-txostena aurkeztea.

c) Aplika daitezkeen ekoizpen arauak betetzeko laguntza, zuzendaritza eta kontrola eskaintzeko moduko zerbitzu teknikoa izatea eskura. Zerbitzu hori eskura dagoela egiaztatzeko, ekoizle-talde batekiko (elkarte, kooperatiba edo legez eratutako beste edozein erakunde) konpromisoa izenpetu ahal izango da, talde horrek esandako zerbitzu tekniko hori emateko moduko teknikari gaituak baldin baditu. Norbanako ekoizleak, aldiz, kanpoko aholkularitza teknikorik gabe aritu daitezke, behar bezalako gaitasuna dutela egiaztatuz gero.

d) Landa-koadernoa erabiltzeko konpromisoa hartzea. Ekoizleek lantze-eragiketa eta -jarduera guztiak jasoko dituzte koaderno horretan; biltegizainek eta merkatariek, berriz, partiden erregistro bat, non horietako bakoitzaren jatorria eta norakoa egiaztatu ahal izango den.

e) Produktu bakoitzarentzako onetsi diren arau tekniko bereziak beteko direla hitzematea, eta ekoizpen integratuaren peko ekoizpen guztia ekoizpen integratuaren sistemaz bestekoetatik argi bereizitako lantze-unitateetan aterako dela agintzea. Era berean, operadoreak konpromisoa hartuko du produktuok bereiz maneatu, biltegiratu eta merkaturatzeko, halako moldez non uneoro ziurtatuko baita ekoizpen integratuko arauen pean ateratakoak beste bide batzuetatik ateratakoekin ez nahastea.

Produktuak merkaturatzean eta garraioan ordezkatu edo nahastuko ez direla bermatzeko asmoz, ontzi egokiak erabiliko dira hasiera-hasieratik —hala nola, sareak, erretiluak edo bandejak, poltsak eta abar—, edukia aldatzea galarazteko modukoak, eta etiketa ere jarriko zaie, produktuen nondik-norakoen berri ematen duena. Dagokion arau teknikoak arautuko du hori guztia produktu bakoitzarentzako.

f) Dekretu honen 6. artikuluan aurreikusitako entitatearen langileei lur-zatietan, lokaletan edo instalazioetan sartzeko bide emango dietela hitzematea, eta, era berean, konpromisoa hartzea ekoizpen integratuaren arau teknikoak betetzearekin zerikusia duten alderdiei buruzko jarraipen-egiaztapenei men egingo dietela, eta horretarako eskatzen zaizkien datu, agiri eta informazio guztiak emango dituztela.

5. artikulua.– Berme-identifikazioa.

1.– Dekretu honen 2. artikuluan aipatzen diren nekazaritzako edo elikagaigintzako produktuen operadoreek, dagozkien arau teknikoek jasotako arau guztiak bete badituzte, eta ekoizpen-prozesu guztia Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuaren barruan gauzatu bada, "Euskadiko Ekoizpen Integratua-Producción Integrada de Euskadi" aipamena erabili ahalko dute.

Produktu batek ekoizpen integratuaren metodoari buruzko aipamena daramala ulertuko da, baldin eta produktua edo haren osagaiak aurreko lerroaldean esandako aipamen edo terminoekin identifikatzen badira etiketetan, publizitatean, merkataritza-dokumentuetan edo adierazteko karteletan.

2.– Dekretu honetan ezarritakoaren arabera atera ez diren nekazaritza eta elikagaigintzako produktuetan, aldiz, debekatuta dago, lehenago definituriko aipamenekin duten antza dela-eta, nahasbidea sor dezakeen izenik, markarik, esamolderik eta ezaugarririk erabiltzea, "motako", " moduko" edo antzeko esamoldeekin batera badoaz ere.

6. artikulua.– Jarraipen eta egiaztapen entitatea.

1.– Nekazaritza eta Arrantza Sailak izendatuko du, aplika daitekeen araubide juridikoaren arabera izendatu ere, artikulu honetako 4. paragrafoan aurreikusitako eginkizunak beteko dituen entitatea.

2.– Jarraipen eta egiaztapen entitatetzat aitortuak izan nahi duten entitateek ondorengo baldintzak bete beharko dituzte, gutxienez:

a) Nortasun juridiko berekia izatea, eta zuzenbide pribatuaren mende egotea.

b) Langile kualifikatu elebidun (euskara/gaztelera) aski eta administrazio-azpiegitura nahikoa izatea bere esku, etengabe, hemen aurreikusitako eginkizunak gauzatu ahal izateko.

c) Gutxienez bost urteko esperientzia egiaztatu ahal izatea Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritzako elikagaigintzaren alorreko produktuei kontrolak egiten, berdin dio entitateak aldi horretan zehar forma edo era juridikoa aldatu badu ere, eta, beti ere, benetako esperientzia hori zuzenbidean onetsitako edozein eratan egiaztatzerik badago.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako elikagaien sektorea ezagutzea, eta sektore horrekiko koordinazio-bideak izatea.

e) Kreditazioko Erakunde Nazionalaren (ENAC) kreditazioa izatea. Hala ere, aurretik kreditatu barik dauden entitate pribatuak ere behin-behinekoz onetsi ahal izango dira, gehienez ere bi urtez, edo kreditatu bitartean, epea laburragoa bada, baina bakarrik EN 45004 arauak esandakoak betetzen badituzte.

3.– Nolanahi ere, Nekazaritza eta Arrantza Sailak ondorengo informazioa galdatuko du entitatea izendatu aurretik:

a) Entitatearen estatutuak.

b) Artikulu honetako 2. paragrafoan jasotako betekizunak betetzen direla zehazten duen azalpen-txostena.

c) Jarraitu beharreko jardun-programa. Ondorengoak jasoko dira, zehatz-mehatz: ekoizpen integratuko arauak beteko direla bermatzearren, entitateak operadoreei ezarriko dizkien aurre hartzeko, kontroleko eta egiaztatzeko neurriak.

4.– Jarraipen eta egiaztapen entitateak hurrengoak egingo ditu:

a) Erregistroan izena emateko eskaririk denean, edo, hala bada, berme-aipamenak erabiltzeko baimen-eskaririk, azterketa burutu, eskatzaileak ekoizpen integratuari buruzko arauak betetzen dituen egiaztatzeko, eta agintaritza eskudunari informazioa eman, dagokion baimena ematea bidezko den ala ez.

b) Sistema honetara bildutako operadore guztiek, Erregistroan inskribaturikoek, ekoizpen integratuari buruzko arau teknikoen barruko arauak eta landa-koadernoak behar bezala betetzen dituztela egiaztatu, eta egiaztapen horren emaitzen berri eman.

c) Hautemandako arau-hausteen berri eman agintaritza eskudunari, ahalik eta lasterren eman ere.

d) Bere jardunean jasotako informazioei buruzko konfidentzialtasuna gorde.

7. artikulua.– Erregistroa.

1.– Euskadiko Ekoizpen Integratuko Operadoreen Erregistroa sortu da. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzaren mende egongo da.

2.– Hona erregistroaren egitekoa: Euskal Autonomia Erkidegoan ekoizpen-azalera izanik, ekoizpen integratuaren arauak betetzen dituzten ekoizleak inskribatzea; orobat, Euskal Autonomia Erkidegoan instalazioak izanik, esandako tekniken bitartez ateratako produktuak maneatu edo/eta lantzen dituzten enpresen titularrak inskribatzea. Betiere, ekoizleek edo enpresa-titularrek eskatuta.

Hortaz, Erregistroa ondorengo liburuekin egituratuko da:

– Ekoizleen liburua.

– Maneatzaileen edo/eta prestatzaileen liburua.

Inskripzio-eskaria ekoizleen taldeen bitartez ere izapidetu ahal izango da. Ekoizleen taldeek batera bidaliko dituzte bere aholkularitza eta zuzendaritzapeko operadoreen eskariak. Eskariekin batera, ekoizpen integratua zer lur-zatitan gauzatuko den, bada horiei buruzko datuak, eta, hala bada, maneatzeko edo lantzeko instalazioei buruzko datuak.

8. artikulua.– Agintaritza eskumenduna.

Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzak eskumena izango du:

a) Erregistroko inskripzioak baimentzeko, eta berme-identifikazioa edo aipamena erabiltzeko baimenak emateko.

b) Baimen horiek ezeztatu edo aldi baterako indar gabe uzteko.

c) Ekoizpen Integratuko Operadoreen Erregistroa eraman eta eguneratzeko.

d) Kontrolen eraginkortasuna eta objektibotasuna egiaztatzeko.

e) Babestutako produktuen zabalpena eta sustapena lortzeko jarduerak gauzatzeko.

9. artikulua.– Koordinazio-batzordea.

1.– Euskadiko Ekoizpen Integraturako Koordinazio Batzordea sortu da. Nekazaritza eta Arrantza Saileko kide anitzeko organoa da, eta Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzari atxiki zaio organikoki eta hierarkikoki, Dekretu honetan ezarri zaizkion kontsulta, lankidetza eta koordinazio zereginak bete ditzan ekoizpen integratuaren alorrean. Batzordearen osaera eta jarduna Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 22. artikuluak dioenaren araberakoa izango da.

2.– Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako zuzendaria, edo haren ordezkaria, izango da batzordeburua, eta gutxienez ondorengoek osatuko dute batzordea: Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailaren eta hiru lurralde historikoetako foru aldundietako Nekazaritza sailen ordezkariek, sistemara bildutako operadoreen ordezkariek, izendaturiko jarraipen eta egiaztapen entitatearen ordezkariek, eta kontsumitzaileen elkarteenek.

3.– Euskadiko Ekoizpen Integraturako Koordinazio Batzordeak hurrengo eginkizunak izango ditu gutxienez:

a) Arau teknikoak proposatzea.

b) Aldian-aldian laborantzako arau teknikoak aztertzea, eta berritze edo/eta gehitze egokiak proposatzea.

c) Ekoizpen integratuaren erregulazioa, praktika eta sustapena hobetzeko egoki iritzitako neurriak proposatzea.

d) Ekoizpen integratuari buruzko informazioa eskuratzea autonomia erkidegoetan, estatuko administrazioan edo nazioarteko erakundeetan.

4.– Aurreko paragrafoko a) idatz-zatian jasotako eginkizuna betetzeko, lan-talde teknikoa sortu ahal izango da batzordearen barruan. Gutxienez erkidego- eta foru-administrazioetako teknikariek, ekoizpen integratuaren aplikazioan adituek, osatuko dute lan-taldea.

10. artikulua.– Zehapen-araubidea.

1.– Dekretu honetan esandakoei buruzko arau-hausteak ekainaren 22ko 1945/1983 Errege Dekretuaren arabera zehatuko dira, errege dekretu horrek kontsumitzailearen defentsaren eta nekazaritzako elikagaigintzaren arloko arau-hausteak eta zehapenak arautu baititu.

2.– Zehapen-prozedurari dagokionez, berriz, ondorengo arauak hartuko dira kontuan: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea; 2/1998 Legea, otsailaren 2koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzkoa; eta maiatzaren 11ko 218/1999 Dekretua, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta egitekoena finkatu duena. Aurrekoen aldaketak ere hartuko dira kontuan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Esku ematen zaio Nekazaritza eta Arrantza sailburuari dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2001eko otsailaren 13an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

IÑAKI GERENABARRENA MARTÍNEZ DE LAHIDALGA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana