Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

73. zk., 1999ko apirilaren 20a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
1730

ERABAKIA, 1999ko otsailaren 22koa, Industria, Energia eta Meategien Administraziorako zuzendariarena, zeinaren bidez erabakitzen baita Industria, Energia eta Meategien Administraziorako zuzendariaren 1999ko urtarrilaren 5eko Erabakia argitaratzea guztiak jakinaren gainean jartzeko; aipatutako erabakia gas kanalizatuaren zerbitzu publikoaren erabiltzaileek aurkeztutako erreklamazioei buruzkoa da, enpresa hornitzaileek hainbat kontzepturengatik egindako fakturazioa dela eta.

Herri Administrazioen Lege Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio Jardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 60. atalarekin bat etorriz, eta aurkeztutako erreklamazioengatik sortu den auziaren garrantzi publikoa kontutan harturik, komenigarritzat jotzen da erreklamazio horiei erantzuten dien erabakia argitaratzea, burutu den banan-banako jakinarazpena osatzearren eta guztiak jakinaren gainean jartzea erraztearren. <P ALIGN="JUSTIFY">

Ondorioz, honakoa

ERABAKI DUT:

Bakarra.– Industria, Energia eta Meategien Administraziorako zuzendariaren 1999ko urtarrilaren 5eko Erabakia argitaratzeko agintzea; aipatutako erabakia gas kanalizatuaren zerbitzu publikoaren erabiltzaileek aurkeztutako erreklamazioei buruzkoa da, enpresa hornitzaileek hainbat kontzepturengatik egindako fakturazioa dela eta.

Vitoria-Gasteiz, 1999ko otsailaren 22a.

Industria, Energia eta Meategien

Administraziorako zuzendaria,

MARÍA LUISA FUENTES ALFONSO.

ERANSKINA

Industria, Energia eta Meategien Administraziorako zuzendariaren 1999ko urtarrilaren 5eko Erabakia, gas kanalizatuaren zerbitzu publikoaren erabiltzaileek aurkeztutako erreklamazioei buruzkoa, enpresa hornitzaileek hainbat kontzepturengatik egindako fakturazioa dela eta.

AURREKARIAK

1.– Gas natural kanalizatuaren zerbitzu publikoaren hainbat erabiltzailek eta, haien izenean, kontsumitzaileen elkartek erreklamazioak aurkeztu zizkioten administrazio honi, enpresa hornitzaileek alta eta ikuskapen eskubideengatik egindako fakturazioaren aurka, erreklamatzaileen ustez ez baitzuen arauen babesik. Ondorioz, erabiltzaileek kontzeptu horrengatik kobratutako zenbatekoak itzultzeko eskatzen zuten.

2.– Konpainia hornitzaileei egindako erreklamazioen berri eman zitzaien, alegazioak aurkez zitzaten; honi erantsitako agiri osagarrian adierazten dira erreklamazioei buruzko datu zehatzak. Izapide horretarako epean, konpainia hornitzaileek alegazio-idazkiak aurkeztu zituzten, erabiltzaileei egindako fakturazioak justifikatuz.

3.– Sortutako arazoen konplexutasuna, Administrazio Publikoen eskumenen arteko konkurrentzia eta gas kanalizatua hornitzeko zerbitzuaren izaera bera kontutan harturik, eta horretarako legez ezarrita dauden bideez baliatuz, Estatu Kontseiluari Irizpen bat eman zezan eskatu zitzaion, alta eta ikuskapen eskubide deitutakoen izaera juridikoa zehazteko, bai eta kontzeptu hori erabiltzaileei kobratzearen legezkotasuna ere.

4.– Sailak eskatuta Estatu Kontseiluak emandako Irizpena 1998ko urriaren 6an jaso zen.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Industria, Energia eta Meategien Administraziorako zuzendariak du erabaki hau emateko eskumena, urtarrilaren 31ko 81/1995 Dekretuaren 13. atalean eta aurrekoa aldatzen duen urriaren 14ko 227/1997 De- kretuaren 1 eta 2. ataletan ezarritakoaren arabera.

Era berean, eskumenei dagokienez Gas Erregaien Zerbitzu Publikoaren Araudiaren Eranskineko 26. puntuan xedatutakoa aipatu behar da; bertan, abono-polizek bete beharreko baldintza orokorrak ezartzen dira, araudi horren lehen xedapen iragankorrean xedatutakoari jarraituz. Aipatutako idazatian, kasu bakoitzean eskumena duten organo administratiboen esku uzten da hornikuntzari eta abono-polizaren gaineko erreklamazioak, zalantzak eta interpretazioak aztertzea eta horiei buruzko erabakiak hartzea; horretaz gain, auzitegi arruntek ere har lezakete parte, alde interesatuak eskatuta.

Adierazi diren manuen babespean, eta zerbitzu publikoaren administrazio titularra den aldetik, eta ondorioz, gas natural kanalizatuaren emakidak ematen dituenez, Zuzendaritza honek uste du eskumena duela aurkeztu diren erreklamazioei buruz erabakitzeko.

2.– Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 73. atalean ezarritakoaren babespean, Zuzendaritza honek egokitzat jotzen du aurkeztu diren erreklamazio guztiei erantzun globala ematea, haien artean dagoen lotura estua dela eta.

3.– Administrazio Publikoek gas-azpiegituren garapena bultzatu nahi izan dute; ondorioz, eta zerbitzuaren bideragarritasuna eta alor honetako inbertsioak sustatzeko asmoz, Estatuaren Administrazio Orokorrak akordio multzo bat koordinatu zuen gas erregaien enpresa hornitzaileekin; akordio horiek Espainian Gasa Garatzeko Asmoen Protokoloan islatu ziren, zeina aipatutako enpresek eta Industria ministroak sinatu baitzuten eta azkenik maiatzaren 15eko 10/1987 Legearen sorrera izan baitzen (Gasaren Legea).

Protokoloa Gasaren Legearen aurrekaria izateaz gain, inplikatutako aldeentzat duen balio loteslea zalantzaezina da, bi arrazoirengatik: garai hartako Industria eta Energia ministroak sinatu zuelako eta etengabe eta espresuki erabili delako erreferentzia eta oinarri juridikotzat enpresa hornitzaileei gasa transferitzeko prezioak ezartzeko ministerioak eman dituen aginduetan. Honi dagokionez, kontutan hartu behar da “alta-eskubideak” kontzeptua 1985ean sinatu zen Protokolo horretan agertzen dela lehenengoz, prezio eta inbertsioen politikak bateratzeko, gas erregaia eskatzen duten guztien esku egon dadin.

Zuzenbideko aurreikuspen hori, ordea, ez da espresuki adierazten hornitzaileei aplikatu beharreko tarifak ezartzen dituzten ondoz ondoko aginduetan. Indarrean dagoen 1997ko ekainaren 27ko Aginduak, zehazki, honakoa dio:

“Kanalizatutako erregai gaseosoen tarifa eta prezio hauek gas naturala eta gas manufakturatuak banatu eta hornitzeko ZERBITZU publikoaren enpresa emakidadunek beren azken erabiltzaileei egindako horniketei aplikatuko zaizkie, erabiltzaileek gasa etxeko eta/edo merkataritzako erabileretarako baliatzen dutenean. Tarifa horietan erregai gaseosoak kanalizazio bidez banatu eta hornitzeko behar diren kostuak soilik sartzen dira. enpresa emakidadunek beren bezeroei ematen dizkieten gainerako zerbitzuei dagozkien kostuak ez dira taraifa hauetan sartzen.”

Interpretatzen laguntzeko irizpidetzat Hidrokarburoen Legearen 91.3 atala aipa daiteke; bertan aurreikusten denez, “Autonomia Erkidegoek, beren lurralde-eremuan diharduten banatzaileei dagokienez, alta eskubideen araubide ekonomikoa ezarriko dute, bai eta erabiltzaileen horniketa-eskaerari aurre egiteko zerbitzuengatik sortutako gainerakoena ere”.

Kontzeptu horien koantifikazioari dagokionez arauetan eta/edo emakidan dagoen zehazgabetasunak ez luke ekarri behar benetan eman den zerbitzu bat kobratzeko eskubidearen ukazioa, horrek nahi ez diren egoerak sortaraziko bailituzke, esate baterako, zerbitzuaz baliatzeko aukera gainerako hiritarrei zabaldu ahal izateko sareak hedatzearen atzerapena.

Azaldutako argudioetatik, beraz, enpresa hornitzaileek gasa saltzetik sortutakoez aparteko dirusarrerak lortzeko eskubidea dutela ondorioztatu behar da. Zehazki, enpresa emakidadunek erabiltzaileei fakturatzen dizkieten kontzeptu ezberdinak aztertuz gero, alta eta ikuskapen eskubideen kontzeptuan egindako kobrantza zuzena dela onartu behar da, Gas Erregaien Zerbitzu Publikoaren Araudi Orokorraren 27-5.2 atalean ezarritakoaren babespean; horren arabera, enpresa hornitzaileak instalazioaren aurretiko ikuskapena egin behar du, eta lan horren ordainketa gisa, bai eta geroko kontrolak eskatzen dituen lan administratiboen ordainketa gisa ere egingo du kobrantza hori.

4.– Estatu Kontseiluak ondorio bera ateratzen du bere Irizpenean, eta adierazten du alta eta gas kanalizatuaren hodiak ikuskatzea Administrazio Publikoak emakidadunei ezarritako karga bat dela, zerbitzuaren erabiltzaileek prestazio horrek sortutako eskubideak ordainduz konpentsatu behar dutena; eskubide horiek, hornitzaileek libratzen dituztenek, lotura zuzen eta haustezina dute bai hornikuntza-jarduerei eustearekin, bai emakidaren finantza-orekarekin, eta berorien azken oinarri eta legitimitatea hornikuntza-kontratuan datza.

5.– Horrela bada, alta eta ikuskapen kontzeptuen kobrantzaren bidezkotasuna, modu abstraktuan, justifikatu egiten da, baina beste arazo bat sortzen da arauetan horretaz dagoen zehazgabetasunaren ondorioz: erabiltzaileek zenbat ordaindu behar duten. Honen harira, Estatu Kontseiluak bere Irizpenean egindako baieztapen bat gogoratu behar da: Administrazioak alta eta ikuskapen eskubide horiek finkatzen esku hartu beharko luke, eta aintzat hartu beharko lituzke, berorien legitimitatea onartuta ere, haiei dagozkien ordainarazpen eta zenbatekoetan gehiegikeriarik edo neurrigabekeriarik egon ez dadin.

Auziari arauen aldetiko ikuspegi egokia emateko oso argigarria gertatzen da honakoa: konpainia hornitzaileei arauz ezartzen zaizkien jarduerak, erabiltzaileei ordainketa gisa alta eta ikuskapen (instalazio hartzailearen segurtasunaren baieztapen eta kontrola) eskubideengatik zenbateko batzuk ordain ditzaten eskatzeko aukera ematen duten jarduerak, hain zuzen, Administrazioak berak hiritarren segurtasuna zaintzeko duen betebeharra burutuz egin zitzakeen jarduerak dira funtsean.

Argi dago deskribatu diren jarduerak praktikan burutu egin direla eta adierazitako xedearekin; hala ere, jarduera horiek enpresa hornitzaileek zuzenean burutu dituzten kasuetarako, ez dago legezko aurreikuspen adierazirik horren ordainetan jaso ditzaketen zenbatekoez.

Horregatik guztiagatik, jarduera horiek burutzeagatik kobratzea zuzena dela ikusita eta horiek burutzea enpresa emakidadunen esku dagoenean zein zenbateko jaso daitekeen zehaztu gabe egonik, Industria, Energia eta Meategien Administraziorako Zuzendaritzak uste du bidezkoa dela enpresa emakidadunei aintzatestea zerbitzuaren onuradunei zenbateko batzuk kobratzeko eskubidea; zenbateko horiek, behar bezala ebaluatuta eta justifikazioko txosten ekonomikoetan oinarrituta, Industria eta Merkataritza Sailak Administrazioarentzat 1991ko maiatzaren 6an eman zuen Aginduan daude jasota. Gas erregaien instalazio hartzaileen dokumentazioari eta jardunean jartzeari buruzko Instrukzioak, 1985eko abenduaren 17eko Aginduaren bidez onartuak, ezarritakoaren arabera, instalazio hartzailearen osagaiak barneko hartunea, instalazio komuna(k) eta erabiltzaile bakoitzaren instalazio indibidualak dira; hori kontutan hartuz, eranskineko epigrafe hauek ezarri beharko lirateke:

4.4 (barneko hartunea), 5 erabiltzaile/hartune batez bestekotzat hartuta.

4.5.1 (instalazio indibiduala), potentziaren arabera.

4.5.2 (instalazio komuna), guztien potentziaren arabera eta 5 erabiltzaile/instalazio batez bestekotzat hartuta.

Beraz, han zehazten diren muga koantitatiboak gainditzen ez dituen fakturazioa BAKARRIK jo behar da baliozkotzat, behin kobratzeko egun efektiboari dagokion eguneratze positibo edo negatiboa eginez gero, Autonomia Erkidegoko KPIen arabera eta zenbateko horietan BEZ sartuta dagoela suposatuz.

Aipatutako legezko manuak eta oro har aplikatzekoak ikusita, Industri, Energi eta Meategien Administraziorako Zuzendaritzak honakoa

ERABAKI DU:

Gas kanalizatuaren zerbitzu publikoaren erabiltzaileek egindako erreklamazioak (agiri osagarrian adierazitakoak) partzialki onartzea; horrenbestez:

1.– Konpainia hornitzaileari agintzea alta eta ikuskapen eskubideengatik egindako fakturazioaren beste likidazio bat egin diezaiola erreklamatzaile bakoitzari, erabaki honen oinarrietan jasotako irizpideei jarraituz, eta, beharrezkoa bada, errekurtsogileari aldea ordain diezaiola, urte beteko gehienezko epean, epe horretako sei ordainagirietan zati proportzionala kenduz.

Itzulketa egiteko gehienezko epea amaitu baino lehen erabiltzaileak zerbitzuan baja hartzen badu, baja emateko unean itzulketa osoa epe bakarrean egingo da.

2.– Erabaki hau betez egiten diren likidazio guztiak Industria, Energia eta Meategien Administraziorako Zuzendaritza honi jakinaraziko zaizkio.

Vitoria-Gasteiz, 1999ko urtarrilaren 5a.

Industria, Energia eta Meategien

Administraziorako zuzendaria,

MARÍA LUISA FUENTES ALFONSO.

Erabaki honen aurka errekurtso arrunta aurkeztu ahal zaio Industri Antolamendu eta Administraziorako sailburuordeari, jakinarazten denetik hilabeteko epean.


Azterketa dokumentala