Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

34. zk., 1999ko otsailaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saila
827

96/1999 DEKRETUA, otsailaren 9koa, Gipuzkoako Foru Aldundiak, nahitaezko desjabetza egiteko «Arraguan GI-2132 errepide eta GI-2134 errepidearen arteko lotunea hobetzeko proiektua» burutzeko beharrezko diren ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu behar dituela deklaratzeko dena.

«Arraguan GI-2132 errepide eta GI-2134 errepidearen arteko lotunea hobetzeko proiektua» burutzeko desjabetu behar diren ondasun eta eskubideak hasiera batean jendaurrean jartzea erabaki zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko Garraio eta Errepide diputatuaren 1998ko otsailaren 24ko Foru Aginduak. Horren ostean, Diputatuen Kontseiluak 1998ko uztailaren 28an Eusko Jaurlaritzari nahitaezko desjabetzaren eraginpean dauden ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzeko eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzari buruzko Legearen 52. Atalean ezarritakoaren arabera.

Lehenbailehen hartu beharreko ondasun eta eskubideak banakatuta eta xehatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezkoak diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian, zenbait arrazoibide-idazki aurkeztu ziren eta administrazio espedientean adierazten den moduan ebatzi ziren idazkiok.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saileko zerbitzu teknikoek aldeko irizpena eman dute, aukeratutako lurren erabilpenak eta indarrean dauden legeak bat datozela adierazi baitute.

Ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:

Gaur egun Arraguan GI-2132 errepide eta GI-2134 errepidearen arteko lotuneak T tipologiako erregimen librea du, GI-2132 errepideak lehentasuna izanik. Ondorioz, horren funtzionamendua ez da nahikoa batez ere ezkerretarako birentzat, trafiko handia jasatzen baitu eta hurbil beste lotune batzuk ere badaudelako. Sarri askotan auto-ilara handiak izaten dira eta zaila da arintasunez ibiltzea.

Bestetik, Errenteriako hirigintza planeamenduaren arabera, La Fanderia izeneko 39 alorrerako bigarren irisbidea burutu behar da, hain zuzen, Arraguako lotunera ematen duena eta oraindik ere zailago egiten duena horren funtzionamendua.

«Arraguan GI-2132 errepide eta GI-2134 errepidearen arteko lotunea hobetzeko proiektuak» honako hau planteatzen du: lotunea aldatzea lotune biribila bihurtuz, edukiera zein bide segurtasun eta ingurugiro eta hiri aldeko irudiagatik trafiko handiari aurregiteko erantzunik onena baita.

Lotuneak gaur egun dituen ezaugarrien eta La Fanderia alorraren garapen altuaren ondorioz, komeni da epe laburrean lotunea hobetzea eta, hortaz, proiektu hori lehenbailehen burutu beharrekoa dela deklaratzeko eskaria egitea.

Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) atalak dioenez, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea, baldin eta nahitaezko desjabetzak honako hauek hartzen baditu: ihardute unitate osoak, lurraldearen hirigintza antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta, hala badagokio, hiri lurrean egin beharreko banakako egintzak. Lege horren 26.2 atalari jarraituz, halaber, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari zegokion Jaurlaritzaren Kontseiluari horretarako proposamena aurkeztea.

Ondorioz, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 1999ko otsailaren 9an egindako bileran aztertu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Atal bakarra.– Nahitaezko Desjabetzari buruzko Legearen 52. atalean eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, nahitaezko desjabetza egiteko, «Arraguan GI-2132 errepide eta GI-2134 errepidearen arteko lotunea hobetzeko proiektua» burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Gipuzkoako Foru Aldundiak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

Vitoria-Gasteizen, 1999ko otsailaren 9an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta

Ingurugiro sailburua,

FRANCISCO JOSÉ ORMAZABAL ZAMAKONA.


Azterketa dokumentala