Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

238. zk., 1998ko abenduaren 15a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendua, Etxebizitza eta Ingurugiroa
5683

323/1998 DEKRETUA, azaroaren 24koa, Gipuzkoako Foru Aldundiak, nahitaezko desjabetza egiteko, «Oria Beherean aforo-estazioa eta kalitatea kontrolatzeko proiektua» burutzeko beharrezko diren ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu behar dituela deklaratzeko dena.

«Oria Beherean aforo-estazioa eta kalitatea kontrolatzeko proiektua» burutzeko desjabetu behar diren ondasun eta eskubideak hasiera batean jendaurrean jartzea erabaki zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko Obra Hidraulikoetako eta Hirigintza diputatuaren 1997ko urriaren 2ko Aginduak. 1998ko ekainaren 9an Eusko Jaurlaritzari nahitaezko desjabetzaren eraginpean dauden ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzeko eskatzea erabaki zen Diputatuen Kontseiluan, Nahitaezko Desjabetzari buruzko Legearen 52. atalean ezarritakoaren arabera.

Lehenbailehen hartu beharreko ondasun eta eskubideak banakatuta eta xehatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezkoak diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian, zenbait arrazoibide-idazki aurkeztu ziren eta administrazio espedientean adierazten den moduan ebatzi ziren idazkiok.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saileko zerbitzu teknikoek aldeko irizpena eman dute, aukeratutako lurren erabilpenak eta indarrean dauden legeak bat datozela adierazi baitute.

Honako arrazoi hauengatik jotzen da ondasun eta eskubide horiek lehenbailehen hartu beharrekoak direla:

1985ean, Gipuzkoako Foru Aldundiak «Gipuzkoako Lurralde Historikoko azaleko ur baliabideen kudeaketa hobetzeko oinarrizko datuak eskuratzeko plana» idatzi zuen (Aforo Plana). Plan horrek ibaietako aforo-estazioen oinarrizko sarea finkatu zuen, Herrilan eta Hirigintza Ministerioak 1988an berretsi zuen «Gipuzkoako Lurralde Historikoa hornitu eta saneamendurako osoko plana» (PIAS) delakoan ohartemandako obra hidrauliko guztiak planifikatu eta kudeatu ahal izateko beharrezkoak ziren datuak izateko.

Gaur arte 15 aforo-estazio egin dira Gipuzkoako ibaietan eta Diputatuen Kontseiluak 1998ko ekainaren 9an izandako bilkuran behin betiko onetsi zuen Oria Beherako aforo-estazioa izeneko proiektua.

Aforo-estazioa Lasarte-Oria eta Donostia-San Sebastián udalerrietan kokatuko da, Brunet parkearen eta N-1 errepidearen ondoan. Estaziora isurtzen duen arroa 796,5 km2–koa da eta ur emariak kontrolatzeko egitura hidrauliko gisa isurtegi triangeluarra diseinatu da, horixe baita ibaibidearen gaur egungo baldintzei ondoen moldatzen den egitura.

Egindako proiektuaren arabera, honako hauek dira estazioaren ezaugarriak:

– Sekzioaren zabalera: 52 m isurtegiaren oinean.

– Isurtegiaren ertzaren altura: 50 cm.

– Isurtegiaren ur emaria: 112 m3/s gehienez ere.

Lanak, funtsean, oinean 52 metroko zabalerako bideraketa egitean dautza, harri-lubeta horma trabatuen bidez. Hormek 4,90 m-ko altura dute gehienez ere. Bideraketan 50 cm-ko alturako isurtegi triangeluarra egingo da, ur geruza baretzeko eta neurriak hartzeko, urak baretzeko putzu baten bidez. Era berean, ezkerraldean kaseta bat egingo da neurketarako tresnak edukitzeko bertan.

Ibaiaren ur emaria ezezik, pHa, konduktibitatea, uhartasuna, Redox potentziala, tenperatura, oxigenoa disolbatua uretan, amonioa eta materia organikoa neurtuko ditu estazioak.

Eraiki behar den aforo-estazioa Gipuzkoako Lurralde Historikoan burutu diren gainerakoekin batera jarriko da lankidetza-hitzarmen baten barruan, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzako Herrilan eta Garraio Sailaren eta Aldundi horren artekoa estazio horiek mikro-uhin erradioen erabilera anitzeko komunikazio sarean sartzeko, uholdeei aurregitekotan eta horien alarmarako.

Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) atalak dioenez, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea, baldin eta nahitaezko desjabetzak honako hauek hartzen baditu: ihardute unitate osoak, lurraldearen hirigintza antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta, hala badagokio, hiri lurrean egin beharreko banakako egintzak. Lege horren 26.2 atalari jarraituz, halaber, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari zegokion Jaurlaritzaren Kontseiluari horretarako proposamena aurkeztea.

Ondorioz, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 1998ko azaroaren 24an egindako bilkuran aztertu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

Atal bakarra.– Nahitaezko Desjabetzari buruzko Legearen 52. atalean eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, «Oria Beherean aforo-estazioa eta kalitatea kontrolatzeko proiektua» burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Gipuzkoako Foru Aldundiak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

Vitoria-Gasteizen, 1998ko azaroaren 24an.

Lehendakaria,

JOSÉ ANTONIO ARDANZA GARRO.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza

eta Ingurugiro sailburua,

FRANCISCO JOSÉ ORMAZABAL ZAMAKONA.


Azterketa dokumentala