Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

238. zk., 1998ko abenduaren 15a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura
5682

322/1998 DEKRETUA, azaroaren 24koa, Oñatiko Zumeltzegi Dorrearen izendapen espedientea, Monumentu gisa, sailkatutako Kultura Ondasun moduan Euskal Kultur Ondarearen Legearen, hau da, uztailaren 3ko 7/1990 Kultur Ondareari buruzko Legearen zehaztapenetara egokitzeko dena.

1964ko urtarrilaren 17ko Aginduaren bitartez, beste batzuen artean Oñatiko Zumeltzegi Dorrea interes historiko-artistikodun probintzia monumentu izendatu zen (otsailaren 29ko EBO, 52. zenbakian argitaratuz), 1958ko uztailaren 23ko Dekretuak, zeinak interes historiko-artistikodun probintzia monumentuen kategoria sortu baitzuen, ezarritako baldintza guztiak bete ondoren.

Euskal Autonomia Erkidegoak kultura ondareari dagokion erantzukizun osoa hartu zuen bere gain, Konstituzioaren 148.1.16. atalari jarraituz eta Autonomi Estatuaren 10.19. atalaren arabera. Era berean, ondare hori esportaziotik eta espoliaziotik babesteko Estatuak ezarritako arauak eta betebeharrak errespetatzeko konpromezua ere hartu zuen, irailaren 26ko 3068/1980 Errege Dekretuaren arabera.

Tarte horretan, Espainiako Ondare Historikoaren Legea onartu zen, hau da, ekainaren 25eko 16/1985 Legea. Lege horren Xedapen Gehigarrietako Lehenak ezartzen zuen aurretik Ondasun Historiko Artistiko izendatutakoak, Interes Kulturaleko Ondasunak izatera pasako zirela.

Kultura Ondarearen alorrean zeukan aginpideaz baliatuz, Euskal Kultur Ondarearen Legea onartu zen, uztailaren 3ko 7/1990 Legea. Lege horren Xedapen Gehigarrietatik Lehenak ezartzen du aurreko legearen arabera Interes Kulturaleko Ondasuntzat deklaratutakoak, Kalifikatutako Kultura Ondasun izatera pasako direla zuzenean.

7/1990, Legearen 12. artikuluan xedatuaren arabera, ordea, aurrez burututako adierazpenak ez ditu egun ondasun kalifikatuen espedienteek bete beharrekoak diren baldintzak betetzen.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen 1998ko abuztuaren 14ko Erabakiaren bidez, irailaren 21eko 179. zk. EHAAn eta 1998ko irailaren 15eko 175. zk. GAOn argitaratua, Euskal Kultur Ondarearen Legeari Oñatiko Zumeltzegi Dorrea sailkatutako Kultura Ondasun izendapenaren egokitzea bultzatzen da. Espedientea, 7/1990, Legearen 12. artikuluak ezartzen dituen baldintzak betetzeko berrirekitzen da eta haren izapideketan bete beharreko urrats guztiak betetzeko, horri buruzko informazioa jendaurrean jarri eta interesatuei entzuteko aukera eman da. Aurrekoa horrela izanda ere, izapidetza horietan ez da inolako alegaziorik aurkeztu.

Bestalde, III. eranskinean, hau da, espedientearen Babes Erregimenaren 1. artikuluan 1992ko Lurzoruaren Legeko Testu Bateratuaren 21. artikuluari egiten dion erreferentzia berrikustea beharrezko jo da, hau indargabetua izan baita 6/1998, apirilaren 13ko, Lurzoruaren Erregimen eta Balorazioei buruzko Legearen Lehen Xedapen Indargabetzaileak ezartzen duenaren arabera.

Ondorioz, Kultur Ondarearen Legearen, hau da, uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 11.1. eta 12. ataletan ezarritakoari jarraituz eta Kultura Ondare Zentroko Zerbitzu Teknikoek egindako aldeko txostena ikusita, Kultura sailburuak proposatuta eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 1998ko azaroaren 24ko bileran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau,

XEDATU DUT:

1. atala.– Oñatiko Zumeltzegi Dorrearen Deskribapen formala egitea, kultura ondareari buruz indarrean dagoen legediaren ondorioetarako, Dekretu honen I. Eranskinean adierazitako moduan.

2. atala.– Dekretu honen II. Eranskinean ezarritako nondik norakoak ezartzea ondasunen Mugatzat, III. Eranskinean azaldutako arrazoiak direla eta.

3. atala.– Oñatiko Zumeltzegi Dorrea Babesteko Araudia onartzea, Dekretu honen III. Eranskinean ezarritakoaren arabera.

GEHITUTAKO XEDAPENAK

Lehena.– Kultura Sailak Dekretu honen berri emango dio Jabego Erregistroari, Euskal Kultur Ondarearen Legearen, hau da, uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. atala errespetatuz, eta interesdunei, Oñatiko Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Hirigintza eta Ogasun Sailei ere jakinarazi.

Bigarrena.– Kultura Sailak honako hau eskatuko dio Oñatiko Udalari: udal hirigintzako araudia egokitu eta moldatu dezala Hirigune Historikoa babesteko araudiaren arabera, Euskal Kultur Ondarearen Legearen, hau da, uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.2. atalean ezarritakoa betetzeko.

Hirugarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar da jende guztiak horren berri izan dezan.

ALDIBATERAKO XEDAPENA

Monumentu izendapenaz eragindako eremuan egindako lanak dagokion Foru Aldundi aginpidedunak onartu beharko ditu eta, Foru Aldundiak baimena eman ondoren, udalaren baimena lortu beharko da, Euskal Kultur Ondarearen Legearen, hau da, uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 29.1. atalak ezartzen duen moduan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.– Dekretu honen aurka, bide administratiboa amaitzen duenez, interesdunek errekurtso kontentzioso-administratiboa jar dezakete Euskal Herriko Auzitegi Nagusiaren Kontentzioso-Administratibo salaren aurrean, hau bere azken argitaralpen dataren hurrengo egunetik kontatzen kontatzen hasita bi hilabeteko epean.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 1998ko azaroaren 24an.

Lehendakaria,

JOSÉ ANTONIO ARDANZA GARRO.

Kultura sailburua,

M. CARMEN GARMENDIA LASA.

OÑATIKO ZUMELTZEGI

DORREAREN MUGAKETA MONUMENTU

KALIFIKATU GISA

a) Mugaketaren esparrua.

Ondoren zehaztuko den Babes Arautegia Oñatiko Zumeltzegi Dorrearentzat eta dagokion mugaketa barruko elementu guztientzat erabiliko da, bere Monumentu izendapenari atxikitzen zaiolarik.

b) Mugaketaren justifikazioa.

Zumeltzegi Dorrea Oñatiko hirigunea menpean hartzen duen muino baten gainean kokaturik dago. Zazpi gizalditan zehar Gebaratarrek lur horietan izan zuten aginte bortitzaren irudi sinbolikoa bistaratzen digu. Aginte horrek Gipuzkoako historia baldintzatu egin du, joan den mendearen erdira arte Oñati ez baita probintziaren egituran sartu. Dorrearen balio historikoa Euskal Herriko leinu nabarmenetariko baten oinetxea izatearekin areagotzen da: Gebaratarrak «ahaide nagusiak» eta leinuburuak izan ziren lehendabizi, eta Gaztelako errege askoren gortesau garrantzitsuak geroago. Dorrea baserri giroan eta aldapa handiko hegal batean kokaturik dagoenez, oztopo gehiegirik gabe finka daiteke mugaketa zabal bat, arestian esandako irudi sinbolikoa mantendu ahal izateko. Dorrearen irudi tradizonala gordetzea ere posible izango da, hartarako bere birgaitzea eragozten duten inguruko elementu batzuk desagertaraztea egokia delarik.

Oñatiko Zumeltzegi Dorrearen babes-ingurunearen mugaketa honako zedarri hauek zehazten dute: Ekialdean dorrerako sarbideak, aldameneko arboladia eta bolatokia ere tartean direlarik; Hegoalde eta Mendebaldean Zumeltzegi dorrea izeneko kalera doan bideak, eta kale honetatik Kale Zaharreko 44. zenbakiaren atzealderaino PERIren mugaketak, «Haitzekua» izeneko etxea izan ezik, zeina mugaketatik kanpora uzten baita. Iparraldean hegalak duen aldapagune handienak.

c) Honekin batera eransten den planoak ezarritako mugapena grafiatzen du.

II. ERANSKINA

OÑATIKO ZUMELTZEGI DORREAREN

DESKRIBAPENA

Zumeltzegi Oñatiko Kondeen dorretxea genuen. Horri buruz errege-agirietan datorren lehen aipamena 1489koa da, baina horrek ez du esan nahi dorrea antzinagokoa izan ez daitekeenik edota bere ordez beste dorre bat ez zegoenik. Azken xehetasun hau hobeto jakin ahal izango da dorreak Iparraldetik duen eranskina kendu ondoren; edonola ere, sarbide horrek arku zorrotz bat duela jakinik, 1530. urtea baino lehenagokoa dela esan dezakegu. Tipologia aldetik Oñatiko Zumeltzegi Dorrea areto-dorreen sailekoa dugu. Era honetako eraikinek estai nagusira kanpotik izaten dute sarbidea; estai hori areto handi batek okupatzen du; salbuespenez aretoa bigarren estaian egon daiteke, eta batzuetan, kasu honetan bezala, bikoitza izan ohi da. Dorrearen neurriek, bere tankera bertikalak, hainbat saiatera izateak, eta batez ere bere hormen lodiera handiak —1,80 m. beheko oinean— denfentsarako eraikina zela pentsarazten digute. Alderantziz, XVI. mendeko ustezko beste hainbat dorretxe baserri giroko eta jauregi antzeko egoitzak besterik ez dira.

Eraikuntza, egun ezagutzen dugun eran, ongi zehaztutako hainbat une historiko desberdinek bereizten dute. Lehena 1530 aurretikoa litzateke eta dorrea jaso zeneko uneari legokioke. Garai honetakoak izan daitezke dorrearen horma sendoak eta saiaterak, hala nola, beheko oinean dagoen arku zorrotzeko atea.

Dorrea definitzen duen bigarren une historikoa XVII. mendeko erdiko hamarkadak ditugu. Garai horri dagokio teilatupeko estaiaren egiturarik gehiena, guztia ez bada. Horixe jartzen dute agerian oraindik han dauden enara-buztan tankerako mihiztadurek, zeinak, zuzenak eta gutxi zorroztuak izanik, soluziobide horretarako aldi berantiarra adierazten baitute. Konponketa hori estalki guztira helduko zela pentsa dezakegu. Bestalde, ikertzea mereziko luke estai desberdinetan dauden jarleku-leihoak une honetakoak diren; eta, halaber, bertan dauden gargolen antolamenduak iradokitzen duenaren arabera, perimetro-hormen handitzea ere garai honetan burutua ote den.

Dorrearentzako beste une historiko bat XIX. mendearen erdialdea dugu: orduan saldu eta likidatu ziren kondearen ondasunak, dorrea baserri bihurtuz. Erabilera berri horretarako eraikin gehigarriak erantsiko zitzaizkion.

Azkenik 1984an dorrea eraberritu eta birgaitu egiten da. Orduan ematen zaizkio dorre barruko bizitzari beharrezkoak diren bizigarritasun-baldintzak; era berean, estalkia berregiten da, hartarako birziklapen-zurajea erabiliz.

Ondorioz, eta Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.1.e) atalean erabakitakoa betetzeko, garrantzia handiko elementutzat hartuko dira jarraian aipatuko direnak:

– Hormek osatzen duten kaxaren bolumetria, lau uretako estalkiaren antolamendua barne.

– Perimetro-hormak arku zorrotzeko atearekin eta ate gaineko armarriarekin; hala nola, saiatera eta jarleku-leihoak.

– Beheko, lehenengo eta bigarren estaietako espazio-antolamendua.

– Oro har, eraikinaren jatorrizko zatiak edo euren elementuak, edota XVII. mendearen erdi aldeko konponketari dagozkionak.

III. ERANSKINA

OÑATIKO ZUMELTZEGI DORREARI,

MONUMENTU KALIFIKATUA

DEN ALDETIK, EMAN BEHAR ZAION

BABESERAKO ARAUTEGIA

I. ATALBURUA: BABES ARAUTEGIAREN

IZAERA

1. atala.– Babes Arautegi hau Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12. atalaren arabera osatu da eta Oñatiko Zumeltzegi Dorrea Sailkatutako Monumentu izendatzeko hasitako espedientean oinarrituta dago. Araubidea, halaber, loteslea da lege horren 28.1 atalean eta 6/1998, apirilaren 13ko, Lurzoruaren Erregimen eta Balorazioei buruzko Legearen 19. artikuluak ezartzen duenaren arabera. Dena dela, planeamendurako baliabideek hala eskatuz gero, ondarea babesteko neurri zehatzagoak ere hartu ahal izango dira.

II. ATALBURUA: ARAUBIDE OROKORRA

2. atala.– Babes Araubide honetan sartzen diren ondasunetan erabiliko den hirigintza-planeamendua egiteko, derrigorrezkoa izango da Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 28.1 atalean aipatzen den irizpena, eta bertan jasoko da edozein iharduketak duen harmonizatze-maila, baita eraikin berriena ere.

3. atala.– Babes Araubide hau garatuko duten hirigintza-baliabideak onartzen ez diren bitartean, Euskal Kultur Ondareari buruzko Legearen 28.2 atalak dioena bete beharko da hertsiki.

4. atala.– Zumeltzegi Dorrea ezin izango da bota, ez osorik , ez bere zatirik, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 36. atalak dioenaren arabera izan ezik; horrela ez baldin bada, derrigorrezkoa izango da eraikina erabat leheneratzea.

5. atala.– Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 20. eta 35. ataletan eta Lurraren erregimen eta balorazioei buruzko Legearen 19. atalean ezarritakoa bete beharko dute Babes Araubide honen menpe dauden ondareen jabeek, kontserbazio, zaintza eta babesari dagokionean.

Babes Araubide hau argitaratzen denetik behar bezala kontserbatuta izan beharko dituzte jabeek beren ondareak, Euskal Ondarearen Legearen 36. atalaren 5. epigrafean ezarritakoa kontutan hartuz.

6. atala.– Babes Araubide honen menpean dauden ondare guztiak, baimenei buruzko erregimenari, erabilerari, ihardunari, babesari, isunei, arau-hausteei eta gainerakoei dagokienez, 7/1990 Legeak dioenaren esanetara daude.

7. atala.– Edozein eskuhartze burutu aurretik, Goi mailako Arkitekto batek hartarako moldatu duen egitasmoa aurkeztu beharko da. Egitasmoak proposatutako eskuhartzearen egokitasuna frogatu beharko du eta ondorengo zehaztasunak izango ditu gutxienez:

a) Eraikinaren momentuko egoera erakusten duten dokumentu grafiko zehatzak, oinplanoen, fatxaden eta ebakiduren kasuan 1/50 eskalan, eta xehetasun arkitektonikoen kasuan 1/20 eskalan; argazki-dokumentazio-osoa; plano historikoak, etab.; egituraren zuraje-sistemaren altxaketa xehetuan, neurrri-ezarketan eta akotaketan arreta berezia jarriz

b) Honako hauek deskribatuko dituzten dokumentu grafikoak: burutuko diren eskuhartzeak, erabiliko diren materialak, egitasmoaren faseak eta, halaber, egitekotan denaren azken egoera gorago aipaturiko eskaletan.

c) Besteak beste, ondorengo elementu hauen kontserbazio-egoeraren azterketa: zurajean nahiz horma-sisteman eragina izan dezaketen gaitz desberdinen ikerketa; fabrika desberdinen mortairuen eta sistema gogorgarrien araketa.

d) Burutuko diren lanak eta erabiliko diren teknikak ez ezik, ondorengoak ere zehaztuko dituzten dokumentu idatziak: egite-teknika akastunak; kalitate gutxiko materialak ez erabiltzea; zehaztu beharko dira, halaber, egokiak jotzen ez diren materialak, edota berauek beste osagarriekiko izan dezaketen egonkortasuna eta elkarreragina ezagutzen ez ditugunean.

e) Eraikinaren mantenimendu egokia eta iraupena ziurtatuko duten beharrezko teknika eta bitartekoen zehaztapena.

f) Dorrearen elementu euskarriei eragingo dien edonolako obra-mota burutu baino lehen, honako hauek egingo dira:

– Aurretiko bisten azterlan estratigrafikoa, teknika fotogrametrikotan oinarrituz.

– Obrek lurrazpiari eragingo baliote, azterketa arkeologikoa egingo da, Oñatiko Gune Arkeologikoen aurre-deklarazioari buruz 1996ko azaroaren 11ko 6.318 erabakiak dioenaren arabera.

8. atala.– Babes Araubide honi dagozkion ondorioetarako, Oñatiko Zumeltzegi Dorreko Monumentu Kalifikatuaren menpekotzat hartuko dira mugaketa barruan sartzen diren lurrak nahiz berauetan dauden eraikinak.

9. atala.– Babesgunetzat hartuko da Zumeltzegi Dorrearen mugaketan sartzen den eremua, II. eranskinean zehazten denaren arabera; funtsean, dorrea kokatzen den muinoaren hegala da. Eremu honek aparteko balioa du, monumentua babestu eta nabarmenarazteko eta Zumeltzegi Dorrearen defentsa-izaera ikusarazteko.

Zumeltzegi Dorrearen babesgunearen mugaketa barruan sartzen diren eremuetan eraikin horren balioarekin eta kontserbazioarekin bat datozen erabilerak eta iharduerak soilik baimenduko dira; hau da,

1.– Eraikuntza-iharduketak.

Ezin izango da inolako eraikuntza iharduketa iraunkorrik burutu, ondorengoak salbu:

– 23.atalean itsusgarriak izendatuko diren elementuak desagertarazteko aproposak direnak.

– Planeamenduak zehaz dezakeen inguruen urbanizazioari dagozkionak (adib. bolatokia, sarbidea, etab).

– Dorrearen erabilerarekin lotutako garaje bat jasotzeko bideratzen direnak. Jasotzea baimentzen den garajea eraikin bereizia izango da eta Dorreari erantsi gabekoa, Iparraldeko ertzean kokatua, zuhaizti eta bolatokiaren ondoan, beheko oina soilik duena, bi kotxe-lekurentzakoa gehienez; dokumentu honen 26. atalaren irizpideekin eraikitako harri-hormez egina izan beharko du, eta estalkia isuri bakarrekoa edo bitakoa, zurez gauzatua eta zeramika-teilaz estalia.

2.– Erabilerak.

Euren neurriak, kokapena eta izaera kontuan izanik, babesgunea osatzen duten lurretan udal planeamenduak beherago aipatzen diren erabilerak sartu ahal izango ditu eraikuntzarik gabeko eremuen sistema orokorrean, edota babes bereziko lurzoru ez urbanazagarrien kalifikazioarekin. Beraz, ondorengo erabilerak baimenduko dira:

– Gozamen eta aisialdirako erabilera publikoak, zeinek Dorrearekin, bolatokiarekin eta dagozkien erabilerekin harremanen bat izan dezaketen.

– Arbolez eta lorategiz hornitutako guneen mantenimendua, kontserbazioa eta hobekuntza.

– Ohiko nekazal ustiapena, baldin eta estentsiboa bada eta lurzoruak ez urbanizagarria izaten jarraitzen badu.

III. ATALBURUA: ESKUAHARTZEKO IRIZPIDEAK

10. atala.– Ondarea zaharberritu eta babesteko nazioarteko irizpideak finkatzean, honako terminoak mugatu behar dira: zaintza eta zaharberriketa, eta eurokin loturaren bat duten gaiak ere zehaztu egin behar dira. Hortaz, zaintza moduan hartzen da obrari eskuhartze zuzenik ez dakarkion edozein kontserbazio-neurri; zaharberriketa moduan hartzen da honako xedeok dituen edozein eskuhartze: monumentua funtzionamenduan mantentzea, bere irakurketa erraztea eta bere trasmisioa osorik geroari ziurtatzea.

11. atala.– Aurreko atalak dioenaren ondorioei begira, eraikinari egiten zaion edozein eraldaketa burutzeko modua, teknikak eta materialak halakoak izan behar dute, non etorkizunean ez baitu ezinezkoa bihurtu behar zaintza edo zaharberriketarako beste eskuhartzerik..

12. atala.– 10. atalaren arabera zaintza eta zaharberriketa lanei egokitu behar zaizkien xedeei buruz, ondorengo hauek debekatzen dira:

1) Estilo-eransketak edo antzekoak, nahiz eta era sinplifikatuan izan; obra burutua nolakoa izan den edo zein itxuratakoa izan beharko lukeen adieraz dezaketen dokumentu grafiko edo plastikoak baldin badaude ere.

2) Obrari denboraren eraginak utzitako aztarnak ezabatzen dituzten kenketak eta eraispenak; obraren balio historikoak aldatzen edo oztopatzen dituzten aldakuntza mugatuak, edota estiloa desitxuratzen duten eransketak ez badira behinik behin.

3) Jatorrizko tokietatik kanpora egindako kenketa, berreraikuntza eta lekualdaketak, goi mailako kontserbazio-arrazoiek hartara behartzen ez badute behintzat.

4) Monumentuak gaur egunera arte ekarri dituen baldintza osagarrien edo inguruari dagozkionen aldaketa.

5) Patinen aldaketa edo ezabaketa.

13. atala.– 10. atalaren arabera zaintza eta zaharberriketa lanei egokitu behar zaizkien xedeei buruz, ondorengo lanak eta berrintegrazioak onesten dira:

1) Zeregin euskarria duten zati osagarrien eransketak eta zati txikien berrintegrazioak, historikoki egiaztatutakoak; azken hauek gauzatzeko, argiro zehaztu beharko da berrintegrazioen inguramendua, edota material bereizitua (baina harmonikoa) erabili beharko da, begi hutsez ongi antzematen dena, batez ere zati zaharrekin duten lotunetan, eta gainera marka eta datekin ahal den lekuetan.

2) Ziurtasunez dokumentatutako anastilosiak, puskaturiko obren birmoldaketa eta partzialki galdutako obren finkapena: hartarako garrantzi gutxiko hutsuneak begi hutsez bereiz daitezkeen teknikez berreraikiko dira, edota jatorrizko zatiak sestra desberdinean gune neutroen bidez lotuko dira, edota jatorrizko euskarria bistaratuko da, eta batez ere ez dira sekula gune irudidunak «ex novo» berritzuliko edo obraren figurazioaren elementu determinatzaileak tartekatuko.

14. atala.– Dorreari erabilera berria ematen baldin bazaio, egokitze-lanek ahalik eta txikienak izan beharko dute, barneko formak zehatz-mehatz gordeko dira, eta egitura-antolaketaren ezaugarrien nahiz barne-espazioen segidaren aldaketa nabarmenak ekidingo dira.

15. atala.– Monumentuak eraberritzeko lanak kontuz egin beharrekoak izaten dira sarritan eta ardura handikoak beti. Horregatik, enpresa berezituen esku utzi behar dira eta, ahal dela, aurrekontupean burutu beharko dira, eta ez somara edo jaso ahalako hainbestekora.

16. atala.– Harriaren patina gorde egin behar da bistako arrazoi historiko, estetiko eta baita teknikoengatik ere, honek babes-funtzio moduko bat betetzen baitu, patinaren hutsunetan hasi ohi diren korrosioen bitartez frogatu den bezala.

IV. ATALBURUA: ERABILERAK

17. atala.– Dorrearen ezaugarriei egokitzen zaizkien erabilerak baimendu ahal izango dira, dorreak eta bere inguruak hirigintza eta paisaia aldetik dituzten baldintza bereziak kontuan izanik; baldin eta eraikinaren kontserbazio egokia bermatzen badute, eta, berebiziko garrantzia duten elementuei erasanik egin gabe, eraikinari ahalik eta aldaketarik txikiena eragiten badio.

18. atala.– Baimendutako erabilerak.

Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen III. tituluaren arabera eta aurreko atala kontuan izanik, ondoko hauek jotzen dira erabilera baimendutzat:

a) Familia bakarrarentzako bizilekua eraikinak orain dituen mugen barruan; dorreari hobekien egokitzen zaion erabilera dela pentsatzen da eta, beraz, hori da gomendatzen dena.

b) Museoa izateko erabilera kulturala, era honetako ezaguerak zabaldu, frogatu eta/edo erakusteko: Erdi Aroan zeuden bizimoduak; historian zehar izandako tresnak, lanabesak, gizarte antolamendua, etab.; edota dorrea eta bere inguru sozial, historiko edo fisikoa aztertzera biderazten den edozein iharduera.

c) Hirugarren sektorekoa: turismo eta ostalaritza sailari dagokiona, baserri turismoarekin lotutako erabilerei arreta berezia jarriz.

d) Esplizituki gorago aipatu ez arren, dorrearen nahiz elementu nabarmenen kontserbazioa eta baliaraztea bideratuko dituen beste edozein erabilera; hartarako komeni diren agiriak aurkeztu beharko dira, Babes Arautegi honetan agindutakoa bete dadin.

19. atala.– Debekatutako erabilerak.

Debekatutako erabileratzat joko dira edonolako arrazoirengatik, Babes Arautegi honen IV. atalburuan finkatutakoaren arabera, Zumeltzegi Dorrearen kontserbazioa eta baliaraztea lagatzen ez dutenak.

V. ATALBURUA: ESKUHARTZEAK

20. atala.– Oñatiko Zumeltzegi Dorrearentzat onartzen diren eskuhartzeek eraikinaren elementu tipologiko, formazko eta egiturazkoak errespetatu beharko dituzte, hala nola Babes Arautegi honen IV. atalburuan xedatutako irizpideak. Eta ondoren aipatzen direnak ditugu:

a) Espazio arkitektonikoaren zaharberriketa eta aldatutako zatiak jatorrizko egoeran berrezartzea, bide hauek erabiliz:

– Ezaugarri bolumetrikoen zaharberriketa.

– Fatxaden zaharberriketa, ahal delarik, jatorrizko hutsuneak berreskuratuz.

– Estai nobleen eta teilatupeko estaiaren zurezko egitura-sistemaren zaharberriketa.

– Jatorrizko zurgintzaren beste edozein elementuren zaharberriketa; halaber arotz-marka, mihiztadura berezi, apaingarri edo beste elementu interesgarri batzuena.

b) Ondorengo egitura-elementuen sendotzea, berreskuragarriak ez diren zatiak ordezkatuz, baina kokapena edo kota aldatu gabe.

– Kanpo-aldeko eta barruko euste-hormak.

– Zurezko elementuen barne-egitura.

– Habearteak.

– Eskailerak.

– Estalkia jatorrizko estaldura-materiala berrezarriz.

c) Gehigarri itsusgarrien ezabaketa. Halaber kenduko dira interesik gabeko edozein obra-mota berri; edota eraikinaren jatorrizko ezaugarriekin, bere eraikuntza-banakoarekin edo inguruarekin bat ez datozen elementuak. Ondorio horretarako, gehigarri itsugarritzat jotzen dira gaur egun dorreak dituen eranskinak.

d) Funtsezko higiene eta osasun instalazioak sartzea, Babes Arautegi honen gainontzeko preskripzioak errespetatzen baldin baditu.

e) Eraikuntzaren edozein zati urarentzat iragankaitz egiteko lanak.

f) Fatxadetako hutsunetako zurgintza, balkoien hegalkinak, erlaitzak eta sarrera-ateak ordezkatzeko lanak.

g) Hondatuta dagoen beste bukatze-zatiren bat konpontzea helburutzat duten lanak, baldin eta zati horrek zeregin egiturazkorik edo euskarririk ez badu.

h) Etxe-barneko lanak: esate baterako, entokadura eta pintura, barruko zurgintza-lanak, iturgintzaren, berokuntzaren eta ke-bideen konponketak, sukalde eta komun-ontzien aldaketak.

i) Atal honen aurreko idazatietan zehaztutako lanen garrantzi berdina edo antzekoa duen edozein obra, baldin eta eraikinaren higiene eta osasun baldintzak hobetzeko bada eta bere ezaugarri historiko-arkitektonikoetan eraginik ez badu.

21. atala.– Baimendutako obrentzat eta dokumentu honen IV. Atalburuan zehaztutako iharduera-irizpideez gain, ondorengo hauek ere erabilgarriak izango dira.

– Itxiturak: Hauen azaleko tankera edo osaketa alda ditzaketen garbiketa-tratamenduak baztertuko dira, hala nola, harea-zorrotadak edo ura presioan. Garbitu aurretik eta fabriken osaketa aztertu ondoren, elementurik ahulenak babestuko dira eta dauden juntura eta arrailak estali.

– Hormak, oro har: Egoera txarrean badaude, hauek nola gogortu ikusiko da, ondorengo bitartekoren batez baliatuz: sendogarriak, galandak, josturak, txarrantxak, loturak, tiranteak, injekzio gogorgarriak edo hartarako beste teknika batzuen bidez, hots, desmuntaia eta berreraikuntza azken konponbideak izan daitezela.

– Estaldurak: Hormen junturak eta estaldurak tapatzeko, kare-mortairua erabiliko da, edo asko jota mistoa, kolore zurikoa; zementu-mortairuak baztertu egingo dira, beren porositate urriarengatik eta

biltze handiarengatik transpirazio-eza eta behar ez diren pitzadurak sortzen baitituzte. Kontuan izan beharko da gainera mortairuak bere tankera eta kolorearengatik aparteko garrantzia daukala eraikinaren irudi tradizionalean. Halaber gogorarazten da harlanduak edo harrizko elementu adierazgarriak (ertzekoak, ateburukoak, janbetakoak, etab.) ez direnak era tradizionalean estali beharko direla.

– Zurajea: Babestu nahi den dorrearen egoera ona dela eta, epe labur edo ertainean ez da arlo honetan ihardun beharrik aurreikusten. Horrelako premiarik gertatzen denerako, zera gogorarazten da: ahal diren egitura-zatiak desmuntatu, garbitu eta zaharberritu egingo dira, eta hezetasun, onddo eta xilofagoen aurkako babes kimikoa emango zaie murgilketaren bidez. Zatiren batzuk ezin badira desmuntatu edo hori egitea komeni ez bada, aipaturiko lanok «in situ» burutuko dira.

– Zoladura: Beheko oineko higiene eta osasun baldintzak hobetzerakoan, zoladura bat egiteari ekin dakioke, komenigarriak izan daitezkeen iharduera arkeologikoak burutu ondoren. Hartarako perimetro-hormen zimendatze-baldintzak errespetatu beharko dira. Maila freatikoaren kontrola eta ondoriozko hezetasun-deuseztea eraikinaren kanpoko aldean egingo da, dagokion perimetro-drenajearen bitartez, eta hormen zimendatzeari erasan gabe.

– Instalazioak: Instalaziobidetara erraz heltzeko modua egon behar du eta aldi berean ez dute nabarmenak izan behar; ez da onartuko horma-sisteman sartutako instalaziobiderik.

Estalkia: Estalkiaren baldintza akustiko, termiko nahiz urarentzat iragangaitz egiteko hobekuntzak teilatuaren isurialde triangularrean gauzatuko dira, beti ere bere arintasunaren irizpidea kontuan izanik. Estaldurarako materialik egokiena zeramika-teila da berezko kolorean.

22. atala.– Debekatutako eskuhartzeak.

Ondoren aipatzen diren eskuhartzeak galarazi egingo dira; halaber, dorrearen balio historiko-arkitektonikoei kalteak edo galerak ekar diezazkienak eta 10. atalean agertzen direnak; IV. Atalburuan esplizituki adierazten direnak; eta Babes Arautegi honen edozein punturen aurka doazenak. Horretarako, esplizituki ez baimendutako iharduketatzat joko dira:

1.– Bolumena handitzea.

2.– Jatorrizko eraikuntzari erantsitako eraikinak dakartzaten azalera-aldaketak, edota oinzolaren luzera edo zabaleraren handitzea suposatzen dutenak.

3.– Estalkiaren jatorrizko eraketaren aldakuntzak, esate baterako, etxeoin berriak; isurkien aldakuntzak, edota isurialde triangeluarrek eraketa eta kopuru aldetik izan ditzaketenak.

4.– Dorreari erantsitako eraikin gehigarri edo lagungarriak jasotzea. Honako hauek ere galarazi egingo dira: mugaketaren esparruan isolatuak liratekeen eraikinak eta dorrearen baliarazte egokia eragotziko luketenak, babestu nahi den eraikuntza nagusiaren formazko irakurketan interferentzia nabariak sortuz.

5.– Dorrearekin zerikusirik ez duten edozein erabilera-motatarako iharduketa berriak.


Azterketa dokumentala