Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

197. zk., 1998ko urriaren 16a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ogasuna eta Herri Administrazioa
4609

257/1998 DEKRETUA, irailaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari Orquesta de Euskadi, S.A. sozietate anonimo publikoaren akzio berriak harpidetzeko eta erosteko baimena ematen diona, eta Sozietatearen Estatutuak aldatzen dituena.

Orquesta de Euskadi, S.A. sozietate anonimo publikoaren Biltzar Orokorrak bere kapitala zabaltzea proposatu du, ondarezko inbertsio batzuei aurre egitearren. Egun sozietatearen kapitala ehun eta laurogeita hamalau milioi hirurehun eta berrogeita bi mila (194.342.000) pezetakoa da, guztia Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak harpidetua eta ordaindua. Proposatu den zabalkuntza bost milioi zazpiehun eta berrogeita hamar mila (5.750.000) pezetakoa da. Horretarako, mila bana (1.000) pezetako bost mila zazpiehun eta berrogeita hamar (5.750) akzio jalgi ditu, serie bakarrekoak –194.343tik 200.092ra zenbatuak, biak barne—, parean eta jaulkipenagatiko inolako zergarik eta gasturik gabe.

Euskadiko Ondareari buruzko uztailaren 27ko 14/1983 Legearen 44. atalean jartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak sozietate publikoetako akzioak erosteko, Jaurlaritzak baimena eman beharko dio dekretu-bidez, Ekonomi eta Ogasun sailburuak eta administratiboki sozietatearen gainetik dagoen saileko buruak elkarrekin proposamena egin ondoren. Orquesta de Euskadi, S.A. sozietate publikoa Kultura Sailaren menpe dago, sail horren egitura organikoa ezarri zuen maiatzaren 30eko 281/1995 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Ondorioz, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren eta Kultura sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 1998ko irailaren 29an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. atala.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematea, bazkide bakarra izateak ematen dizkion eskubideez baliatuz, Orquesta de Euskadi, S.A. sozietate anonimo publikoak jaulki dituen akzioak erosteko, mila bana (1.000) pezetako bost mila zazpiehun eta berrogeita hamar (5.750) akzio, hain zuzen, serie bakarrekoak eta 194.343tik 200.092ra zenbatuak, biak barne; halaber, baimena ematen dio horien zenbatekoaren % 100, hots, bost milioi zazpiehun eta berrogeita hamar mila (5.750.000) pezeta, ordaintzeko, aipatu sozietateko Akziodunen Biltzar Orokorrak hartutako erabakiak dioen bezala.

2. atala.– Sozietateko Estatutuen 5. ataleko 1. lerroaldea aldatu egiten da eta, hemendik aurrera, honela izango da:

«5. atala.– Sozietatearen kapitala.

1.– Sozietatearen kapitala berrehun milioi eta laurogeita hamabi mila (200.092.000) pezetan finkatzen da. Kapitala mila bana (1.000) pezetako berrehun mila eta laurogeita hamabi (200.092) izendun akzioz —1etik 200.092ra zenbatuak, biak barne— osaturik dago; guztia dago harpidetua eta ordaindua.»

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau onartzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 1998ko irailaren 29an.

Lehendakaria,

JOSÉ ANTONIO ARDANZA GARRO.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Kultura sailburua,

M.ª CARMEN GARMENDIA LASA.


Azterketa dokumentala