Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

164. zk., 1998ko abuztuaren 31, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
3920

AGINDUA, 1998ko uztailaren 21ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Hirugarren Zikloko Programetarako dirulaguntzak eta zehaztapen-arauak onartzen dituena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan (abenduaren 23ko 21/1997 Legearen bidez onartuak, abenduaren 31ko EHAA, 250.zk.), Unibertsitate-Irakaskuntzako programa ekonomikoan, partida bat kontsignatzen zen Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Hirugarren Zikloko Programetarako laguntzak emateko.

Laguntza horien helburu da Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Doktoretza-programetako goi-mailako kalitate eta proiekzio zientifikoko irakaskuntza bultzatzea, ikastaro horietako edukinetan goi mailako espezializazioa duten irakasle eta ikerlariek, unibertsitate horretatik kanpoko Erakundeetatik etorririk, ikastaroak eta mintegiak eman ditzaten.

Horregatik, kontuan hartuta, batetik, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak (98.01.19ko EHAA) —Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak— VI. Idazpuruan jasotako xedapenak; bestetik, urtarrilaren 3ko 1/1995 Dekretua —Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen, eta horien funtzioak eta jarduera-eremuak zehazten dituen Dekretua— eta, azkenik, aplikazio orokorreko gainerako xedapenak; eta horiekin guztiekin bat etorriz,

XEDATU DUT:

1. atala.– Deialdiaren helburua.

1.– Honako deialdiaren helburua hauxe da: ikastaroetako materietan goi-mailako espezializazioa duten entzute handiko irakasle eta ikerlariek, Unibertsitate honetatik kanpoko erakundeetatik etorririk, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Doktoretza-programetan ikastaroak eta mintegiak ematea.

2.– Dirulaguntzak elkarren arteko lehiaren bidez emango dira, eta lehiaketa-prozeduraren bitartez ebatsiko dira. Helburu horretarako hamabost milioi (15.000.000) pezeta zuzenduko dira.

2. atala.– Onuradunak.

Dirulaguntza hauen onuradun Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea izango da; Unibertsitateak, bere aurrekontuetan sartu eta gero, ematen diren helburuetarako erabili beharko ditu jasotzen dituen diru-kopuruak.

3. atala.– Dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak.

1.– Emandako dirulaguntzak Espainiako edo atzerriko beste Unibertsitate edo Ikastegietako irakasleen ordainsariak, joan-etorriak eta dietak berdintzeko erabiliko dira. Irakasle horiek, gutxienez, kreditu bat eman beharko dute Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Doktoretza-programetan 1998-99 ikasturtean.

2.– Dirulaguntzak jasotzeko lehentasuna izango dute ondoko ezaugarrietako bat duten Doktoretza-programek:

a) I+G programekin loturak sustatzeko ekimenak garatzea.

b) Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen beste sail batzuekin, edo beste Unibertsitate edo unibertsitate-institutuekin elkarlanean programaturik izatea.

c) Gizarte Zientzietako, Zuzenbide Zientzietako edo Humanitate arloekin korrespondentzia zientifikoa izatea.

3.– Sail honek 1997ko deialdian diruz lagundutako 1997-99 biurtekoko Doktoretza-programetako arduradunek dirulaguntza jaso ahal izango dute berriz Programako bigarren urtean ikastaroak edo mintegiak emango dituzten UPV/EHUtik kanpoko irakasleentzat, baldin eta aipatu deialdian emandako dirulaguntzak eta beste erakunde publiko edo pribatuek emandakoak nahikoa ez badira aurreko 1. idazatian zehaztutako gastuak berdintzeko; dirulaguntza horiek deialdi honetako 11. atalean zehaztutako kopurukoak izango dira.

4.– Emandako dirulaguntzak ezin izango dira programan Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak dituen irakasleei ordaintzeko erabili.

4. atala.– Eskariak nola egin.

1.– Eskariak, Ikasketen Antolamendurako Errektoreordeak ontzat emanik, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Doktoretza-programetako ikasketa-arduradunek beteko dituzte deialdi honetako Eranskinean jasotzen den eskari-eredu normalizatuan; eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dituzte (Wellingtongo dukearen etorbidea, 2. zk., KP 01010 Vitoria-Gasteiz) bai zuzenean, bai ziurtatutako posta bidez, bai indarrean dagoen legerian aurreikusitako beste edozein prozedura bidez.

2.– Programek sail bat baino gehiago ukitzen badute, sail guztietako ikasketa-arduradunek izenpetu beharko dute eskaria.

3.– Deialdia eta eskaria egiteko inprimakiak Internet-eko helbide honetan ere aurkitu ahal izango dira: «http:// www.euskadi.net/ciencia«.

5. atala.– Eskariarekin batera derrigor aurkeztu behar diren agiriak.

1.– Eskariarekin batera, honako agiriak aurkeztuko dira:

a) Doktoretza-programaren Memoria, ondokoak adieraziz: helburuak, emango diren ikastaro eta mintegiak, eta horien ardura izango duten irakasleak zehaztuko dira.

b) Doktoretza-programaren arduradunen curriculumak.

c) Dirulaguntza eskatzen den Doktoretza-programako irakasle bisitarien curriculumak.

d) Doktoretza batzordearen komunikazioa, Doktoretza-programa onartzen duena.

e) Programan inplikaturiko irakasleek 1994tik 1998ra bitartean zuzendutako tesien zerrenda. Tesiaren izenburua, doktoregaiaren izena, Unibertsitate, Fakultate edo Eskola, urtea eta kalifikazioa zehaztuko dira.

f) 1994tik 1998ra bitartean, urte biak barne, Sailari atxikitako ikerketa-bekadunen zerrenda. Ikasle bekadunaren izen-deiturak, NAN eta beka eman zuen erakundea aipatuko dira.

g) Programan inplikaturiko irakasleek esku hartu duten eta UPV / EHUtik kanpoko erakundeek finantziatu duten ikerketa-proiektuen zerrenda.

h) Programan inplikaturiko irakasleen bestelako merezimenduen zerrenda (ikerketa-sariak, patenteak, etab.).

6. atala.– Eskariak aurkezteko epea.

Eskariak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, honako deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasita.

7. atala.– Dirulaguntzak kudeatzeko organoa.

Unibertsitate Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko lanak egitea.

8. atala.– Akatsak zuzentzea.

Aurkeztutako dokumentazioa osatu gabea bada, edo Agindu honetan eskatutakoarekin bat ez badator, horrela jakinaraziko zaio eskatzaileari, eta 10 eguneko epea emango zaio zuzen dezan. Epe hori igarota akatsa zuzendu ez bada, eskabidea bertan behera geratuko da eta, besterik gabe, gorde egingo da.

9. atala.– Dirulaguntzak ebaluatzea eta esleitzea.

1.– Eskabideen balorazioa eta hautaketa honako kideek osatuko duten Batzorde batek egingo du: Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea —lehendakari gisa arituko da— eta Zientzi Politikarako zuzendaria. Idazkari lanak, boturik eman gabe, Ikastegi-zerbitzu eta Laguntza Teknikoko ordezkari batek egingo ditu.

2.– Ebaluazio prozesuan, hala egoki iriztekotan, Batzordeak laguntza emateko behar adina datu argitzeko eskatu ahal izango dio eskatzaileari. Halaber, Batzorde horrek egoki derizkion txostenak eskatuko dizkie kasuan kasuko ezagupen-arloko espezialista gailenei.

10. atala.– Eskariak baloratzea eta aukeratzea.

Aurkeztutako eskariak ebaluatu, hautatu eta lehentasunez ordenatzeko irizpide orokorrak honakoak izango dira:

a) Doktoretza-programa noraino dagoen egokituta 3.2. atalean zehazten diren ezaugarrietara. Gehienez 20 puntuz barematuko da.

b) 1994tik 1998ra bitartean, biak barne, Programan dauden irakasleek zuzendu dituzten tesiak eta Sailari/Sailei atxikitako ikerketa-bekadunen kopurua. Gehienez 25 puntuz barematuko da.

c) Programan inplikaturiko irakasleek esku hartu duten eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatetik kanpoko erakundeek finantziatu dituzten Ikerketa-proiektuak. Gehienez 25 puntuz barematuko da.

d) Irakasle bisitarien zientzia-irakaskuntzako historialaren kalitatea. Gehienez 20 puntuz barematuko da.

e) Bestelako merezimenduak (patenteak, ikerketa-sariak, etab.). Gehienez 10 puntuz barematuko da.

2.– Ebaluatutako eskariak lortutako puntuen arabera ordenatuko dira. Ordena horrek zehaztuko du Batzordeak onartutako aurrekontuaren portzentaia; portzentaia hori eskatutakoaren %100era heldu ahal izango da. Lortutako puntuen araberakoa izango da dirulaguntza.

11. atala.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Aipatu prozeduraz hautaturik gertatzen diren Doktoretza-programetarako laguntzak, harik eta aurrekontuko kreditua agortu arte, ondokoak izango dira:

a) Irakasle bisitariari ordaintzeko laguntza: 120.000 PTA/kreditu bakoitzeko.

b) Joan-etorrietarako laguntza:

– Espainia barruan: gehienez, 40.000 PTA.

– Europako Elkarteko herrialdeetatik: gehienez, 70.000 PTA.

– Munduko gainerako herrialdeetatik: gehienez, 300.000 PTA.

c) Egoitza/egun bakoitzeko: gehienez, 10.000 PTA.

2.– Kreditu bakoitza emateagatik ordainduko den zenbatekoa ezin izango da aurreko idazatian ezarritakoa baino txikiagoa izan.

3.– Dirulaguntzen aplikazioa Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko gastuak arautzen dituzten arau orokorren arabera egingo da.

12. atala.– Deialdiaren ebazpena.

1.– Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak, eskariak aurkezteko epea amaitzen denetik bi hilabeteko epean, dirulaguntzak eman edo ukatuko ditu, 9. atalean ezarritako Batzordearen proposamena aztertuta.

2.– Epearen barruan berariazko ebazpenik ematen ez bada, ezetsitzat jo beharko dira eskariak, hala agintzen baitu azaroaren 26ko 30/1992 Legeak —Herri Administrazioen Lege-jaurbideari eta Guztientzako Administrazio-Jardunbideari buruzko Legeak— 43. atalean; hori horrela izanik ere, lege horren arabera, administrazioak berariazko ebazpena egin beharko du.

3.– Emandako dirulaguntzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

13. atala.– Dirulaguntzen ordainketa.

1.– Dirulaguntza 17.a) atalean ezarritakoaren arabera onartu delarik, diru-kopurua aurretiaz ordainduko zaio, 15 eguneko epean, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateari.

2.– Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak, dirulaguntzaren onuraduna den aldetik, agiri bat bidali beharko dio Unibertsitate Zuzendaritzari; agiri horretan diru-kopuru horiek diru-laguntzak jaso dituzten Doktoretza-programen ardura duten Sailen kontabilitatean sartu direla egiaztatuko da.

14. atala.– Dirulaguntzen jarraipena.

1.– Unibertsitate Zuzendaritzari dagokio emandako dirulaguntzen jarraipena egitea; horretarako prozedura egokiak ezarriko ditu, eta hori egiteko egoki irizten dizkien organo edo batzordeak izendatu ahal izango ditu.

2.– Horretarako, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen —Herri Administrazioen Lege-jaurbideari eta Guztientzako Administrazio-Jardunbideari buruzko Legearen— 35. ataleko f) idazatian ezarritakoaren arabera, eta hurrengo 15. atalean aipatzen diren agiriak aurkeztu beharrari kalterik egin gabe, diruz lagundutako Doktoretza-programak garatzen diren bitartean, dirulaguntzen kudeaketa-organoak haien arduradunei beharrezko irizten dion informazioa aurkezteko eskatu ahal izango dio.

15. atala.– Dirulaguntzen zenbatekoaren xede eta aplikazioa justifikatzea.

Dirulaguntzen zenbatekoaren xede eta aplikazioa justifikatzeko, Programaren Ikasketa-arduradunak ondoko agiriak aurkezu beharko ditu, 1999ko irailaren 30a baino lehen, Unibertsitate Zuzendaritzan:

a) Saileko zuzendariak eta Programa-arduradunak adierazpen bateratua egin beharko dute Unibertsitate Zuzendaritzaren aurrean; adierazpen horretan zehaztu beharko dute deialdi honen bidez emandako dirulaguntzarekin berdindu diren gastuen zenbatekoa, bai eta, halakorik badago, beste erakunde publiko edo pribatuetatik ikasturte horretan Programa finantziatzeko lortutako dirulaguntzen zenbatekoak ere. Adierazpen hori dirulaguntzen kudeaketa-organoak horretarako egindako agiri administratiboan egin beharko da.

b) Unibertsitateko Gerenteak luzatutako ziurtagiria, honakoak zehaztuz: Doktoretza-programak 1998-99 ikasturtean izandako gastu guztiak, diruz lagundutako Programako Irakasle Bisitariek sortutako gastu guztiak, eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa zertan erabili den.

16. atala.– Bateragarritasuna eta bateraezintasuna bestelako dirulaguntza edo laguntzekin.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira helburu berarekin beste edozein erakunde publiko edo pribatuk eman ahal izango dituen beste batzuekin, beti ere hortik ez bada gainfinantzaketarik sortzen dagokion Programako Irakasle Bisitariek 1998-99 ikasturtean sortutako gastuetan. Horrelakorik gertatuz gero, dagokion mugaraino murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

17. atala.– Doktoretza-programen arduradunen betebeharrak.

Honako Aginduaren bitartez dirulaguntza ematen zaien Doktoretza-programen arduradunek beti ere honako betebeharrak bete behar dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, onartutzat emango da baldin eta, dirulaguntza-jakinarazpena jaso den egunetik hamabost eguneko epean, pertsona edo erakunde onuradunek dirulaguntza horri espreski eta idatziz uko egin ez badiote.

b) Dirulaguntza eman den xede horretarako propio erabiltzea.

c) Unibertsitate Zuzendaritzak, Ekonomi Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren egitekoa betez, deialdi honen kontura jaso diren dirulaguntzak kontrolatzeko behar duten informazioa ematea.

18. atala.– Dirulaguntzaren baldintzen aldaketa.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetako edozein aldatzen bada, beti ere dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada, eta hala badagokio, dirulaguntza horrekin batera beste edozein erakunde publiko edo pribatutatik bestelako dirulaguntzarik jaso bada helburu bererako, aldatu ahal izango da dirulaguntzak emateko Ebazpena. Ondorio horietarako, Unibertsitate eta Ikerketa Sailordetzak, Unibertsitate Zuzendaritzak proposatuta, dagokion kitapen-ebazpena emango du; ebazpen horretan, doitu egingo dira emandako dirulaguntzen zenbatekoak.

19. atala.– Baldintzak ez betetzea.

Dirulaguntza emateko baldintzak nola edo hala betetzen ez direla frogatzen bada, itzuli egin beharko zaizkio Euskadiko Diruzaintza Nagusiari, batetik, jasotako kantitateak, eta, bestetik, sortutako legezko korrituak, hala agintzen baitute azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak —Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak— 53. atalean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak. Itzultzeko modua ere aipatutako dekretuetan jasotzen da.

GEHIGARRIZKO XEDAPENAK

Lehenengoa.– Deialdiko 1.2. atalean jasotako guztizko zenbatekoa aldatu egin daiteke; horretarako, kontuan hartuko dira, batetik, eskatutako laguntzen guztizko zenbatekoa eta, bestetik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste laguntza-programa batzuk burutzeagatik agortu ez diren aurrekontuak, ebazpena eman aurrekoak.

Bigarrena.– Euskaraz soilik idatzita jasotzen diren memoriak gaztelaniara itzuli ahal izango dira Batzordeari aurkezteko. Eskatzaileek, nahi izanez gero, itzulpena bidali ahal izango dute memoriarekin batera. Horrela egiten ez bada, Unibertsitate Zuzendaritzak itzultzaile kualifikatuei eskatu ahal izango die itzulpena, Batzordeari emateko.

Hirugarrena.– Agindu honek prozedurari dagokionez aurreikusten ez dituen kasuetan, azaroaren 26ko 30/1992 Legea —Herri Administrazioen Lege-jaurbideari eta Guztientzako Administrazio-Jardunbideari buruzko Legea— ezarriko da.

Laugarrena.– Agindu honetan adierazitako dirulaguntzak, bertan aurreikusitakoaz gain, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua —Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina— ere izango dute jaurpide, eta zehazki, VI. Idazpuruan ezarritakoa.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Deialdi honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Herriko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik bi hilabeteko epean.

Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintzaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 1998ko uztailaren 21a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

INAXIO OLIVERI ALBISU.

ESKABIDE-EREDU NORMALIZATUA

UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO/EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEKO HIRUGARREN ZIKLORAKO LAGUNTZEN DEIALDIA

1998-99 IKASTURTEA

ESKABIDEAREN ERREGISTRO-ZENBAKIA

AURKIBIDEA

I.– IKASKETA-ARDURADUNAREN DATUAK

II.– PROGRAMARI BURUZKO DATUAK (1998-99 IKASTURTEA)

III.– SAILARI BURUZKO DATUAK

IV.– LEHEN KURTSOKO IRAKASLE BISITARIEN DATUAK (1998-2000 BIURTEKOA)

V.– BIGARREN KURTSOKO IRAKASLE BISITARIEN DATUAK (1997-1999 BIURTEKOA)

VI.– ESKATUTAKO LAGUNTZEN ZENBATEKOA

VII.– BESTELAKO LAGUNTZAK

VIII.– DERRIGORREZKO DOKUMENTAZIOA

IX.– ADIERAZPENA

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala