Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

164. zk., 1998ko abuztuaren 31, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
3913

ERABAKIA, 1998ko uztailaren 24koa, Hezkuntza Sailordetzarena, aparteko gaitasunak edukitzeagatik heziketa-premia bereziak dituzten ikasleei hezkuntzaren aldetik eman beharreko erantzuna nondik nora bideratu arautzen duena.

Ekainaren 23ko 118 /1998 Dekretuaren arabera (eta dekretu horretan dago arauturik hezkuntzaren aldetik zein erantzun eman behar zaien -eskola ulerkor eta integratzaile batean- heziketa-premia bereziak dituzten ikasleei), aparteko gaitasun intelektualak dituzten ikasleei, hezkuntzaren bidez, ikasketa-etapa baterako eta besterako zehaztuta dauden helburuak lortzeko gaitasunak neurriz garatzen lagundu behar diegu batez ere. Horretarako, hainbat neurri ematen dizkigu aukeran, eta, besteak beste, derrigorrezko eskolatze-aldia laburtzeko aukera ere bai, baldin eta, beti ere, komenigarria bada, ikaslea nahikoa garatu eta heldurik dagoelako, bai pertsona modura, eta bai afektibitate eta hartu-emanen aldetik ere.

Aparteko gaitasun intelektualak dituztela-eta heziketa-premia bereziak dituzten ikasle horien eskolatze-aldiaren iraupena -salbuespen modura- nola malgutu (baldintzak eta jardunbidea) 1996ko apirilaren 24ko Agindu batean dago araututa. Agindu hori oinarrizko araua da.

Beste alde batetik, egin beharreko ebaluaketa psikopedagogikoak eta aplikatu beharreko aparteko curriculum-neurriak ere zehaztu beharko ditugu, benetan bermatu nahi baldin badugu aparteko gaitasunak dituen ikasle horrek bere ahalmenak bete-betean, neurriz eta eskola-inguru normalizatu batean garatuko dituela.

Curriculumaren barruan erabakirik hartu aurretik, behar bezain ondo arrazoitu beharko ditugu, eta, alde horretatik, ikaslea eskolaratzeko araudi orokorra aldatzea ere komeni da.

Hori guztia ikusirik; dagozkigun aginpideak bitarteko; heziketa-premia bereziak dituzten ikasleei eskola ulerkor eta integratzaile batean hezkuntzaren aldetik zein erantzun eman arautzen duen 118/1998 Dekretuan zer jartzen duen kontuan; aparteko gaitasun intelektualak dituztela-eta heziketa-premia bereziak dituzten ikasle horien eskolatze-aldiaren iraupena -salbuespen modura eta oinarrizko arauen indarrarekin- nola malgutu (baldintzak eta jardunbidea) arautzen duen xedapenean (1996ko apirilaren 24ko Aginduko azken xedapenetan bigarrenean) erabakitakoa betetzeko, Hezkuntza Sailordetzak honako hau

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Non aplikatuko den.

Erabaki honek Euskal Autonomia Erkidegoan derrigorrezko hezkuntza ematen duten ikastetxeetarako balio du.

Bigarrena.– Xedea.

Hona hemen erabaki honek zein xede duen: eskolatze-aldia malgutzeko eskatzeko zer egin behar den zehaztea; zein ebaluaketa beharko den zehaztea; aparteko curriculum-neurriak erregistratzeko sistema zehaztea (halakorik hartu behar bada); eta aparteko gaitasunak dituztela-eta heziketa-premia bereziak dituzten ikasleei hezkuntzaren aldetik eman beharreko erantzunak zer-nolakoa izan behar duen argitzea.

Hirugarrena.– Hezkuntzak eskaini beharreko arreta.

1.– Aparteko gaitasun intelektualak dituztela-eta heziketa-premia bereziak dauzkaten ikasleek ohiko eskoletan ikasi behar dute.

2.– Ikasle horiek direla-eta curriculumean egokitzapenik egitekotan, aparteko gaitasun intelektualak dituzten ikasleei beren ahalmenak bete-betean, neurriz eta eskola-inguru normalizatu batean garatzen laguntzeko balio beharko dute aldaketa horiek.

3.– Aparteko gaitasunak dituztela-eta heziketa-premia bereziak dituzten ikasleei hezkuntzaren aldetik eman beharreko erantzuna bi bidetatik etor daiteke: curriculuma zabaltzea; edo derrigorrezko eskolatze-aldia malgutzea eta curriculumak banan-banan egokitzea, beraz.

4.– Neurri berezi horietako bat edo bestea hartu, ikaslearen legezko tutoreei jakinarazi behar zaie aukera horren berri. Neurriak martxan jarri aurretik, ados daudela eta onartu ere egiten dutela adierazi beharko dute idatziz.

Laugarrena.– Ebaluaketa psikopedagogikoa.

1.– Ikasleari buruz jasotako informazioak honako alderdi hauek bildu behar ditu derrigorrez:

a) Ikasleari buruzkoak: ikasle bakoitzaren aparteko gaitasunak; eskolako ibilbidea; curriculum-mailako gaitasuna; nola ikasten duen; curriculumean garatzen diren gaitasunak zenbateraino betetzen dituen, eta, batez ere, inolako oreka-gabeziarik ba ote duen intelektoaren eta alderdi psikomotorraren artean, hizkuntza eta arrazoitzeko gaitasunaren artean, sentimenduak eta intelektoaren artean; autokontzeptua; zein eratara ikasten duen eta zein eduki eta aktibitate nahiago dituen, arloka banaturik; buruhausteak konpondu eta berriak sortzeko abilidadea; helburuak, ekina ote den eta ikasteko erritmoa.

b) Eskolari buruzkoak: hezkuntza-interbentzioaren ezaugarriak; taldeko edo gelako beste ikasleekin eta irakasleekin zer-nolako harremanak dituen; hezkuntzaren aldetik eman beharreko erantzuna nola antolatu.

c) Familiari eta gizarteari buruzkoak: familiaren ezaugarriak; inguruaren ezaugarriak; gurasoek zer espero duten; programarik antolatzen bada, laguntzeko gertu dauden; ikasleak, bere inguruan, pertsona modura garatzen lagunduko dion beste baliabiderik ba ote duen kulturaren edo gizartearen esparruan.

2.– Ebaluaketaren ondorengo txosten psikopedagogikoan aurreko puntuko edukin horiek denak hartu beharko dira kontuan, eta nondik jo behar dugun adierazi beharko digu. Beharrezkoa bada, curriculuma zabaltzeko edo derrigorrezko eskolatze-aldia malgutzeko proposatuko digu. Kasu batean zein bestean, curriculuma egokitu egin beharko da, banan-banan.

Curriculum-egokitzapenean kontuan hartu beharreko berezitasunak ere zehaztu beharko ditu.

Bosgarrena.– Curriculum-neurriak.

1.– Ikaslearen aparteko etekina arlo jakin batzuetakoa dela ikusten bada ebaluaketa psikopedagogikoan, orduan curriculuma egokitu eta zabaldu egin beharko dugu. Horixe bera egin beharko dugu, ikaslearen aparteko emaitzak orokorrak eta jarraiak izanagatik ere, afektibitatearen aldetik edo gizartearekiko harremanetan hutsunerik erakusten badu.

Aipatu dugun banan banako curriculum-egokitzapenaren bitartez, helburuak eta edukinak aberastu, ebaluaketa-irizpideak malgutu eta, ikasleak nola ikasten duen kontuan harturik, zein metodologia zehatz erabiltzea komeni den azaldu beharko dugu.

Zabaltze-egokitzapen hori dezenteko curriculum-egokitzapen modura hartu beharko dugu.

2.– Ebaluaketa psikopedagogiko horretan, eskolaratuta dagoen zikloko edo ikasturteko helburuak dagoeneko lortuak dituela agertzen bada, derrigorrezko eskolatze-aldia lehenago hasteko aukera eman, edo garai hori laburtu ere egin daiteke, baldin eta, horrela, ikasleari mesede egingo diogula uste badugu, bai haren oreka pertsonala garatzeko, bai eskola-lanetarako ere. Neurri bata zein bestea, dena dela, 1996ko apirilaren 24ko aginduan xedatutakoaren arabera hartu beharko dira.

Batean zein bestean, curriculuma egokitu egin beharko da banan-banan, eta egokitzapen horren barruan: helburuak eta edukinak egokitu edo areagotu, ebaluaketa-irizpideak malgutu eta, ikasleak nola ikasten duen kontuan harturik, zein metodologia zehatz erabiltzea komeni den azaldu beharko dugu.

3.– Banan banako curriculum-egokitzapen hori Haur Hezkuntzan egin behar denean, aukeretako bat -ikastetxearen ahalemenak kontuan, beti ere- hasiera-hasierako eskola-mailetatik justu gorogoko arlo edo ezagutza- esparruren bat lantzen hastea da. Beste aukera bat ikaslea aberasteko hainbat neurri hartzea da: besteak beste informatika eta musikako lenguaiak ikasi eta garatzeko, edo atzerriko hizkuntzak ikasteko.

4.– Aparteko gaitasun intelektualak dauzkaten ikasleen banan banako curriculum-egokitzapenak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan egin behar direnean, ere, arlo bat edo bat baino gehiago -aukerakoak izan edo ezjustu goragoko mailan lantzeko aukera izango dugu. Horretarako, ikasleak, jarraian-jarraian, arlo horietan etekin handia lortzen duela erakutsi beharko du, eta dagokion ziklo edo mailan ikasiko lituzkeen ezagutza eta gaitasunak dagoeneko ikasiak eduki beharko ditu.

5.– Metodologiaren aldetik, berriz, estrategia modura, antolakera malguak erabil ditzakegu, ikasleak, batzuetan, beste maila batzuetako taldeetan parte hartzeko aukera izan dezan, hau da, curriculum-gaitasunen aldetik adinez dagokionaz besteko mailetan.

6.– Curriculumean dezente egokitu ditugun arlo edo ikasgaietan ikasle horiek zer ikasi duten ebaluatzeko, dagozkion egokitzapenetan ikasle horientzat berariaz zehaztutako ebaluaketa-xede eta ebaluaketa-irizpidak erabili beharko ditugu.

Seigarrena.– Zer egin curriculum-mailako neurri egokiak eskatzeko ikasle horientzat.

1.– Curriculumaren zabaltze-egokitzapena:

Curriculuma egokitu eta zabaltzeko baimena emateko, banan banako curriculum-egokitzapen esanguratsuetarako aginduan zehazten den bide bera erabili beharko da (1998ko uztailaren 24ko agindua). Dena dela, ebaluaketa psikopedagogikoaren txosten osoa ere erantsi beharko diogu, erabaki honetan zehaztutako beste gorabehera jakinekin batera.

2.– Eskolatze-aldia aurreratzea edo laburtzea, Derrigorrezeko Hezkuntzan:

Hona hemen zein bide erabili behar dugun, Lehen Hezkuntzan eskolatze-aldia lehenago hasteko eskatzeko, edo derrigorrezko hezkuntzako zikloren bat laburtzeko eskatzeko:

a) Ikaslearen ezaugarriei antzemanik, eta hezkuntza-premia bereziak dituela ikusirik, ikastetxeko zuzendariak, dagokion ziklo hasieran, egoera legezko tutoreei azaldu, eta, haien baimenarekin -idatziz beharko du izan- talde multiprofesionalei deituko die. Talde horiek egingo dute erabaki honetako laugarren puntuan zehaztutako ebaluaketa psikopedagogikoa.

b) Ikastetxeko zuzendaritzak eskaria Pedagogi Berrikuntzarako Lurralde Burutzaren eskuetan utzi beharko du. Eskari horri, honako agiri hauek erantsi beharko dizkio, beti:

– Irakasle-taldearen txostena. Koordinazioa ikaslearen tutoreak egin beharko du eta aholkualaritza-lana, berriz, irakasle aholkulariak edo ikastetxeko orientatzaileak halakorik baldin badago.

– Curriculuma egokitzeko proposamen zehatza, ikastetxeko zuzendariaren izenpearekin. Hona hemen proposamen horri nahitaez erantsi beharrekoak: zein helburu, edukin eta ebaluaketa-irizpide proposatu nahi diren; metodologiaren aldetik egokienak iruditzen zaizkigun aukerak; eta ikastetxeak antolakuntza dela-eta zein neurri hartzeko asmoa duen: taldeketetarako, baliabideetarako eta tokia eta denbora banatzeko.

– Agiri bat, idatziz adieraziko duena legezko tutoreak ados daudela proposaturiko interbentzio-planarekin.

c) Pedagogi Berrikuntzarako Lurralde Burutzak txosten psikopedagogikoak egiteko eskatuko die talde multiprofesionalari eta Hezkuntzako Ikuskaritzari. Azken horretan, curriculuma egokitzeko proposamenek indarrean dagoen legedia betetzen duten eta ikaslearen eta familiaren eskubideak bete diren edo ez zehaztu beharko da.

d) Pedagogi Berrikuntzarako Lurralde Burutzak hamabost eguneko epea izango du a) eta b) puntuetan aipaturiko agiriak Pedagogi Berrikuntzarako Zuzendaritzara bidaltzeko.

e) Pedagogi Berrikuntzarako Zuzendaritzak hiru hilabeteko epea izango du erabakia hartzeko (eskaria lurralde-ordezkaritzan aurkezten duten egunetik aurrera). Erabaki hori ikastetxeko zuzendaritzari jakinarazi beharko dio, idatziz; eta zuzendaritza horrek helaraziko die interesatuei.

3.– Ikasturte hasierako argibideetan zehaztuko da zein epe dagoen bai curriculumaren zabaltze-egokitzapena izapidetzeko, bai eskolatze-aldia aurreratzeko edo eskolatze-aldi hori murrizteko ere (derrigorrezko irakaskuntzan, beti ere).

Zazpigarrena.– Aparteko neurriak erregistratzea.

1.– Eskolatze-aldia malgutzekotan, horrela jaso beharko da ebaluaketa-agirietan:

a) Lehen Hezkuntza:

Eskolatze-aldia aurreratu edo laburtu egiten badugu, «Derrigorrezko eskolatze-aldi malgututa: lehenago hasi da» edo «laburtu egin dugu» jarri beharko dugu ikaslearen espedientean, hain zuzen ere, «datu mediku eta psikopedagogiko garrantzitsuak» izeneko orrian. Txosten psikopedagogikoa eta curriculum-egokitzapena ere jaso beharko ditugu espedientean.

b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan: Eskolatzealdia laburtu egiten badugu, «Derrigorrezko eskolatzealdia malgututa: laburtu egin dugu» jarri beharko dugu ikaslearen espedientean, hain zuzen ere, «datu mediku eta psikopedagogiko garrantzitsuak» izeneko orrian. Ebaluaketa psikopedagogikoko txostena eta cirriculum-egokitzapena ere espedientean jaso beharko ditugu.

c) Eskolatze-aldia malgutu egiten baldin badugu -Lehen Hezkuntzan nahiz Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan-, Oinarrizko Hezkuntzako Eskolaketa Liburuan zehaztu beharko dugu, Oharren artean. Zehaztapen horretan, laburtzeko baimena emateko erabakia zein egunetakoa den ere jarri beharko dugu.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren iraupena malgutu ondoren ikasleak ez baldin baditu beretzat egokituriko helburuak lortzen, eta proposamena lehen zikloa laburtzeko baldin bazen, bigarren ikasturtea amaitzen denean erregistratuko da ebaluaketa eskolaketa-liburuan. Bigarren eta hirugarren ikasturteetarako bada, lehen zikloko eta hirugarren ikasturteko ebaluaketak bananduta erregistratuko dira; eta horixe bera egingo dugu hirugarren eta laugarren ikasturteetarako bada ere.

2.– Ikastetxeak Lehen Hezkuntzako lehen ikasturteko ikasleentzako eskolaketa-liburua eskatzen duenean, ikasleen zerrenda ere aurkeztu beharko du, eta, zerrenda horretan, aparteko gaitasunak dituztela-eta ikasturte horretan behar baino -edo adinez egokitu baino- urtebete lehenago hasi behar duten ikasleak ere zehaztu beharko ditu. Eskariarekin batera, baimen-erabaki guztien -banan-banan ikasle guztienak, algia- kopiak ere aurkeztu beharko ditu, eskari horri erantsita.

3.– Curriculum-egokitzapenen erregistroak 1998ko uztailaren 24ko Aginduan erabakitako moduan egin beharko dira, agindu horretan baitaude araututa curriculum- egokitzapenetarako baimenak.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, ikasleak justu goragoko ikasturteko gairen bat ere ikasten baldin badu, gorabehera hori ikasketa-espedientean, ebaluaketetako notetan eta banan banako ebaluaketa-txostenean ere jaso beharko da. Ebaluaketa-aktetan eta eskolaketa- liburuan dilijentzia bidez jaso beharko dira, eskolaratzeari buruzko Oharren artean.

4.– Ikasleak beste ikastetxe batean hasi behar badu, lehengo ikastetxeak honako agiri hauen kopiak bidali beharko dizkio berriari: txosten psikopedagogikoa, egindako curriculum-egokitzapena eta baimena emateko erabakia.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Pedagogi Berrikuntzarako Zuzendaritzak eta Hezkuntzako Ikuskaritza Nagusiak -dagozkien aginpideen barruan, betiere- erabaki honetan xedaturikoa garatu eta betetzeko beharrezko aginduak emateko baimena dute.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean erabaki hau.

Vitoria-Gasteiz, 1998ko uztailaren 24a.

Hezkuntza sailburuordea,

ALFONSO UNCETA SATRÚSTEGUI.


Azterketa dokumentala