Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

141. zk., 1998ko uztailaren 28a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitateak eta Ikerketa
3476

AGINDUA, 1998ko uztailaren 2koa, Loiuko "San José Artesano" eta Bilbaoko "Casa Observación Familiar Niñas" araubide bereziko ikastetxeetako ikasleen ikasketa-egoera arautzeko dena.

Urtarrilaren 23ko 25/1996 Dekretuaren bidez (urtarrilaren 26ko EHAA), Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ezarri zen EAEn. Dekretu horretan xedatu zenez, 1996/97 ikasturtearen hasieran DBHko Lehenengo Zikloari dagozkion ikasturte biak garatuko ziren oro har eta Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko 7. eta 8. mailetako irakaskuntza homologoak emateari utziko zitzaion.

Dekretu horren 7. eta 8. ataletan hau ezartzen da: Lehenengo Ziklora pasatuko zirela 12 urte bete zuten urte naturalean Lehen Hezkuntza egin zuten ikasleak, maila horretan ezarritako 6 urteez gain beste bat gehiago egon zirenak izan ezik.

1996/97 ikasturtearen hasieran, DBHko lehenengo mailara OHOko 7. maila eginda 8. mailara igaro ez ziren ikasleak pasatuko ziren; DBHko bigarren mailara, berriz, OHOko 8. mailara igarotzeko baldintzatan zeudenak.

Araudian jasotako aurreikuspen horiek oro har bete ziren ikastetxe arruntetan.

Halere, EAEn bada araubide berezia duen hainbat ikastetxe, psikologia eta egokitzapen mailako ezaugarriengatik aparteko trataera bat behar zuten ikasleei Oinarrizko Hezkuntza Orokorra emateko sortu zirenak.

Lehengo Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko 7. eta 8. mailak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Lehenengo Zikloaz ordezkatu ziren eta, ondorioz, Lehen Hezkuntzako iraupena murriztu egin zen (6-12). Ordezkapen horrekin, eskolaratuta dagoen zenbait ikasleri ez dagokio, adinagatik eta mailagatik, egungo Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza baizik.

Hori da Loiuko «San José Artesano» eta Bilbaoko «Casa Observación Familiar Niñas» araubide bereziko ikastetxeen egoera. Izan ere, egun duten nortasun juridikoa dela-eta —Lehen Hezkuntzako ikastetxeak—, DBHko ikasleak eduki arren, ez dute legezko gaitasunik Bigarren Hezkuntzari dagozkion agiri ofizialak emateko.

Legeek haur orori oro har aitortzen diote funtsezko eskubide bat: hezkuntzarako eskubidea. Eskubide hori zaintzea Hezkuntza Administrazioaren eskumenekoa denez, neurriak hartu beharra dago berehala, ikasle horien ikasketa-egoera normalizatu ahal izateko.

Hori dela eta, hau

XEDATU DUT:

1. atala.– Loiuko «San José Artesano» eta Bilbaoko «Casa Observación Familiar Niñas» araubide bereziko ikastetxeetako eskola-unitateen administrazio-egoera arautzea da agindu honen helburua, bai eta bertako ikasleek egiten dituzten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak homologatzea ere.

2. atala.– Aipatu ikasleek hartutako DBHko irakaskuntza horiei balioa ematen zaie, ematen hasi ziren egunetik hasita; horretarako, Hezkuntzako Ikuskaritza Teknikoak dagozkion ikasketa–espedienteak zuzendu egingo ditu.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 1998ko uztailaren 2a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

INAXIO OLIVERI ALBISU.


Azterketa dokumentala