Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

124. zk., 1998ko uztailaren 3a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Herrizaingoa
3043

AGINDUA, 1998ko ekainaren 25ekoa, Herrizaingo sailburuarena, bideragarritasun azterlanak egiteko gidarientzako eskola partikularrei dirulaguntzak ematea araupetzen duena.

Herrizaingo Sailak, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren lurraldean gidarien eskola partikularrak instalatzeko eta horien jardupiderako baimenen emakidari buruzko urriaren 15eko 3256/1982 Dekretuaren bidez hartu dituen eskumenen barruan, eta baita esparru horretan dauden eskolei eman zaizkien baimen horiek iraungitzea eta etetea adierazteko ahalmenaren barruan ere, gidarien eskola partikularrek egungo egoera aztertzeko eta etorkizunari begi ildo estrategikoak eta jarduteko proposamen zehatzak emateko arloko txostena gertutzea sustatu zuen.

Arestian adierazi den txosten horren barruko jarduteko proposamenetariko bat autoeskolen arteko era eta maila guztietako lankidetza zuzpertzea izan da, hots, kalitatea-bideragarritasuna bermatzearen bidetik. Horretarako arloa bideragarriak diren izariak edo/eta etorkizuna izango duen eredu bati egokitzeko aukerak emango dituen era guztietako lankidetza tresnak taxutu behar dela ezarri da.

Helburu horiek garatzearen ondoreetarako, besteak beste, gidarien eskola partikularren borondatezko bategiteak bideratzeko egin daitezkeen ekintzak aholkatu ziren, bereziki eskola txikien kasuan edo/eta alderik kaltetuenetan daudenetan; halaber, gidarien eskola partikularren elkarteen funtzioetan sakontzeko proposamena egin zen.

Horrela, bada, honako deialdi honek lankidetza edo bategite formulak eskuratzeko bideragarritasun azterlanak egiteko ekimenak laguntzeko esparrua ezarri du.

Horregatik guztiagatik, eta indarreko antolamendu juridikoak eman dizkidan ahalmenak erabiliz, ondokoa

XEDATU DUT:

1. atala.– Xedea.

Deialdi honen xedea gidarien eskola partikularren arloa egituratzeko bideragarritasun azterlanak egiteko dirulaguntzak ematea da, gero bideragarriak izango diren izariak taxutzearen ondoreetarako; halaber, deialdi honek horien arteko lankidetzarako era guztietako tresnak sortu nahi ditu, zertarako-eta enpresa eredu lehiakorra eta etorkizuna izango duena bermatzeko. Horretarako, bada, gehienez 6.000.000 pezeta zainpetuko ditu bidezko aurrekontuko partiden pentzutan. Dirulaguntza guztien zenbatekoen baturak ezin du arestian aipatu den munta hori gainditu.

2. atala.– Onuradunak.

Deialdi honen bidez araupetu diren dirulaguntzen onuradunak izan daitezke ondoko hauek:

a) Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan baimenduta dauden gidarien eskola partikularrak.

b) Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan erregistraturik dauden gidarien eskola partikularren elkarteak.

Onuradun guztiek egunean izan beharko dituzte hala zerga betebeharrak nola Gizarte Segurantzari dagozkienak.

3. atala.– Dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak.

Dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak berariaz izango dira enpresen arteko bategiteak edo gidarien eskola partikularren arteko lankidetza zuzpertzeko diren bideragarritasun azterlanak egiteko, bideragarritasuna-kalitatea bermatzearen ildotik alegia.

Dirulaguntza hauen xedea diren bideragarritasun azterlanak 1998ko azaroaren 15a aurretik bukatu beharko dira.

4. atala.– Eskabideak aurkezteko tokiak eta erak.

Eskabideak egiteko orriak eta gainerako dokumentazioa, eta baita gero egon daitekeen posta-truke guztia ere, ondoko helbide hauetara igorriko dira:

Bidezaingo eta Ibilgailuen Zuzendaritza.

Erreferentzia: «Gidarien eskola partikularren bideragarritasun azterlanak egiteko dirulaguntzak».

Wellington Dukea, 2.

01010 Vitoria-Gasteiz.

Halaber, Bidezaingoko Lurralde Zerbitzuetan aurkez daitezke: Arabako Bidezaingoko Lurralde Zerbitzua.

San Antonio, 15.

01005 Vitoria-Gasteiz.

Bizkaiko Bidezaingoko Lurralde Zerbitzua.

Ercilla, 4.

48009 Bilbao.

Gipuzkoako Bidezaingoko Lurralde Zerbitzua.

San Marcial, 12 behea.

20005 Donostia-San Sebastián.

Halaber, Herri Administrazioen Lege-Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio-Ihardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. atalean onartu diren bitartekoetatik edozeinetan aurkez daitezke.

Eskabide-orria, gidarien eskola partikularren titularrek edo gidarien eskola partikularren elkarteen lehendakariek era egokian sinatuta, Bidezaingo eta Ibilgailuen Zuzendari jaun txit argiari igorriko zaio; eskabide-orri horrekin batera ondoko hauek aurkeztuko dira:

a) Bideragarritasun azterlanaren proposamen zehatza.

b) Bidezko Foru Ogasunaren eta Lurralde Diruzaintzaren ziurtagiriak, non zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla benetakotuko baiten.

c) Helburu berarekin eskatu edo eman diren beste dirulaguntza batzuen frogagiriak aurkeztea, edo, horrela egin ezean, gidarien eskola partikularren titularren edo gidarien eskola partikularren elkarteen lehendakarien zinpeko aitorpena, era egokian sinatuta egongo dena, non horrelako inolako laguntzaren onuradun ez direla agertuko baiten.

Eskabideak eta gainerako dokumentazioa aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko denetik zenbatuta.

5. atala.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Bidezaingo eta Ibilgailuen Zuzendaritzari dagokio honako deialdi honetan aurreikusi diren laguntzen kudeaketari buruzko lanak egitea.

6. atala.– Aurkeztu diren eskabide-orrietan dauden akatsen zuzenketa.

Baldin eta Bidezaingo eta Ibilgailuen Zuzendaritzak aurkeztu den eskabide-orrian akats edo zuzentasun arazoren bat dagoela antzematen badu, eskatzaileari jakinaraziko dio eta hamar eguneko epea emango dio zuzen dezan. Epe hori gainditu eta ez badu akatsa ongitu, eskabide hori beste tramiterik gabe artxibatuko da.

7. atala.– Epaimahai kalifikatzailea.

Aurkeztu diren eskabide-orriak aztertzeko eta ebaluatzeko epaimahai kalifikatzailea eratuko da; epaimahai horretan ondoko kide hauek egongo dira:

Epaimahaiburua: Bidezaingo eta Ibilgailuen zuzendari jaun txit argia.

Epaimahaikideak: Araubide Juridikoko Zuzendaritzako bi teknikari eta Lurraldeko Bidezaingoko arduradun bat.

Idazkaria: Bidezaingo eta Ibilgailuen zuzendaritzako teknikari bat.

Epaimahai horrek, dirulaguntzak adjudikatzeko irizpideak kontuan hartuta, gehiengo soilez ebazpena hartzeko bidezko proposamenak formulatuko ditu eta Herrizaingo sailburu jaun txit gorenari jakinaraziko dio horren berri.

8. atala.– Dirulaguntzak adjudikatzeko irizpideak.

Dirulaguntzak emateko ebazpenen proposamenak gertutzearen eta horien zenbatekoa ezartzearen ondoreetarako, epaimahaiak ondoko irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

a) Gidarien eskola partikular gehien atzematen duten azterlanak (gehienez 10 puntu).

b) Enpresen bategite zehatzen balizkoak ezarri dituzten azterlanak, lankidetzarako beste era batzuen gainetik (gehienez 10 puntu).

c) Tamaina txikiko gidarien eskola partikularrei buruzko azterlanak (gehienez 10 puntu).

d) Alderdi kaltetuenetan dauden gidarien eskola partikularrei buruzko azterlanak (gehienez 10 puntu).

9. atala.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

Dirulaguntzaren munta, gehienez, azterlanaren kostu zenbatetsiaren %50 izango da; kopuruaren muga milioi bat pezetakoa izango da (1.000.000 pezeta) beti ere merkatuko prezioen arabera kalkulatuta. Ez da inoiz azterlanaren benetako kostua gainditzen duen dirulaguntzarik emango.

10. atala.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Honako deialdi honetan aurreikusi diren dirulaguntzak bateragarriak dira helburu bera izanik beste edozein erakunde batek, publikoak zein pribatuak, eman ditzakeen beste batzuekin, baldin eta horrek gainfinantzaketarik eragiten ez badu. Horrelakorik gertatuz gero, dirulaguntzaren munta gutxituko da harik eta bidezko gehiengora heldu arte.

11. atala.– Erabakia.

1.– Honako deialdi honetan aurreikusi diren dirulaguntzen emakidarako erabakiaren Agindua Herrizaingo sailburu jaun txit gorenak emango du, aurretiaz epaimahai kalifikatzaileak aurkeztu dion proposamena aztertu ondoren alegia; erabakia emateko epea eskabide-orriak aurkezteko epea bukatuko denetik zenbatuko den bi hilekoa da. Erebakiaren Agindua adjudikaziodunei jakinaraziko zaie eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta horren aurka zuzenbidearen arabera bidezkoak diren errekurtsoak jar daitezke.

2.– Eskatzaileek eskabide-orriak aurkeztu eta Herri Administrazioen Lege-Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio-Ihardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43.3. atalean ezarri den epean ebazpen Agindurik ez badute jaso, gaitziritzi egin zaiela ulertuko da.

12. atala.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honen bidez araupetu diren dirulaguntzen jasotzaileek, adierazi dena gora-behera, ondoko betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Eman den dirulaguntza onestea. Ildo horretatik, baldin eta erakunde onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz uko egiten dirulaguntza eman dela jakinarazten duen jakinarazpena jaso denetik zenbatuko den hamabost eguneko epean, onetsi egin dutela ulertuko da.

b) 1998ko abenduaren 15a aurretik Bidezaingo eta Ibilgailuen Zuzendaritzan erabat bukatuta egongo den bideragarritasun azterlana aurkeztea. Azterlan horrekin batera benetan egin diren gastuen fakturak edo froga-agiriak aurkeztuko dira.

c) Dirulaguntza hori eman den helburu zehatzerako erabiltzea, salbu eta 14 atalean ezarri dena aplikatzen denean.

d) Kontrol Ekonomikoaren Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Auzitegiari euren betebeharrak egiteko deialdi honen pentzutan jaso duten dirulaguntzei buruz eskatuko duten informazioa ematea.

13. atala.– Dirulaguntzaren ordainketa.

1.– Dirulaguntzaren zenbatekoa ordainketa bakarrean abonatuko da, horretarako Bidezaingo eta Ibilgailuen Zuzendaritzan adjudikazioaren zioa izan diren beharkizunak bete direla bidezkotuko duten jatorrizko fakturak edo horien aldaki benetakotuak aurkeztuz.

2.– Dirulaguntzen ordainketari ekiteko, Bidezaingo eta Ibilgailuen Zuzendaritzak eman den azterlanari buruzko aldeko irizpena azaldu beharko du.

14. atala.– Dirulaguntzen baldintzen aldarazpena.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan gertatuko den edozein aldarazpenen ondorioz, baldin eta horren xedea diren helburuak bete badira eta, hala denean, beste edozein erakunde publikok zein pribatuk eman ditzakeen dirulaguntza eta laguntza bateragarriak eskuratu badira, dirulaguntzen emakida ebatzi duen Agindua aldaraz daiteke. Ondore horietarako bidezko Agindua emango da, non eman diren dirulaguntzen zenbatekoak birdoituko baitiren.

15. atala.– Ez-betetzeak.

Dirulaguntzaren emakida bideratu duten baldintzen ez-betetzeren bat izan dela frogatu baldin bada, ekainaren 19ko 7/1997 Legean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarri dena betez eta horietan adierazi diren terminoetan, jaso diren zenbateko horiek gehi bidezkoak diren legezko korrituak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio.

16. atala.– Errekurtsoak.

Interesatuek honako deialdi honen eta emaitzako ekintza guztien aurka egiteko aukera dute, beti ere Herri Administrazioen Lege-Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio-Ihardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarri diren epe eta eran.

AZKEN XEDAPENA

Honako Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 1998ko ekainaren 25a.

Herrizaingo sailburua,

JUAN MARÍA ATUTXA MENDIOLA.


Azterketa dokumentala