Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

124. zk., 1998ko uztailaren 3a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Ekonomia, Lana eta Gizarte Segurantza
3042

AGINDUA, 1998ko ekainaren 8koa, Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, kartzeletan dauden drogazaleei laguntza eskaintzeko eman daitezkeen dirulaguntzen deialdia egiten duena.

Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren egitura organikoa eta egitekoena arautzen duen otsailaren 7ko 141/1995 Dekretuko 10.1 c) eta 13 c) ataletan Euskal Autonomia Erkidegoko kartzeletan esku hartzea aurreikusi da, kartzeletako zerbitzuak eta berreziketa eta gizarteratze programak hobetzeko; horretarako, garai hartako Justizi eta Barne Ministerioarekin presondegien arloan lankidetzan jarduteko izenpetutako hitzarmen markoaren erregimena garatu da.

Orobat, Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak drogamenpekotasunen eremuan izan beharreko eskuhartzea drogamenpekotasunetako prebentzioari, laguntzari eta bergizarteratzeari buruzko azaroaren 11ko 15/1988 Legeko 26. atalean dago zehaztuta. Atal horretan, hain zuzen, laguntza integralaren kontzeptua formulatu da, eta, horren barruan, kartzeleratutako drogazaleentzako laguntza psikoterapeutikoa.

Erkidegoarentzat interesgarri izango delakoan, lege-esparru horretan oinarrituta drogamenpekotasunen eskuhartze-programak jorratu nahi dira Euskal Autonomia Erkidegoko kartzeletan, berreziketa eta bergizarteratzea lortzeko osagai garrantzitsuak baitira programa horiek.

Horren ondorioz, indarrean dagoen ordenamendu juridikoak ematen dizkidan ahalmenak betez, honako hau

XEDATU DUT:

1. atala.– Xedea.

Agindu honen xedea honako hau da: Euskal Autonomia Erkidegoko kartzeletan dauden drogazaleei laguntza eskaintzeko, Eusko Jaurlaritzak, Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren bitartez, 1998ko ekitaldian eman ditzakeen dirulaguntzen baldintzak arautzea.

2. atala.– Diru-hornidura.

1.– Agindu honetan aurrikusitako dirulaguntza hamar milioi (10.000.000) pezetakoa izango da gehienez, eta propio eratutako epaimahai batek banatuko du, aukeratutako eskabideen artean.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, agindu honetako seigarren atalean ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan. Gehienez ere, aukeratutako proiektuen aurrekontuaren %100ekoa izan daiteke dirulaguntza.

3. atala.– Eskatzaileak.

Dirulaguntza eska dezaten erakundeek pribatuak izan behar dute, ez dute irabazi asmorik eduki behar, legalki eratuta eta dagokion erregistroan inskribatuta egon behar dute, droga-arazoak eta buruko osasun arazoak izanik kartzeletan dauden gizataldeei laguntzen esperientzia izan behar dute, eta deialdi honetako gainontzeko eginbeharrak bete behar dituzte.

4. atala.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Deialdi honetan parte nahi duten entitateek agindu hau indarrean jartzen denetik kontatzen hasi eta hilabeteko epean bidali behar dituzte eskabideak, I. Eranskinean ageri den orria beteta, Eusko Jaurlaritzako Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Giza Eskubideen eta Justiziarekiko Lankidetzarako Zuzendaritzara (Wellingtongo Dukea, 2, 01010 - Vitoria-Gasteiz). Eskabideak zuzenean nahiz Herri-Administrazioen Lege-Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio Jardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 atalean onartutako bideetako bat erabiliz bidali daitezke.

2.– Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Eskabidea izenpetzen duenaren N.A.N.aren fotokopia.

b) Ordezkari moduan jardunez gero, ordezkaritzaren egiaztagiria.

c) Entitate eskatzailearen Identifikazio Fiskaleko Kodearen fotokopia, eta -hala behar izanez gero- estatutuen, eratze-aktaren eta dagokion erregistroan egindako inskripzioaren kopia. Entitate eskatzaileak sail honetako Giza Eskubideen eta Justiziarekiko Lankidetzarako Zuzendaritzak emandako beste dirulaguntzaren bat jaso badu, ez du agiri horiek aurkeztu beharrik izango, agirietan adierazitako datuak aldatu ez badira, behintzat.

d) Proiektuaren txostena bidali behar da, eta, bertan, honako xehetasun hauek adierazi behar dira: zer-nolako jarduerak egin behar diren; nolako laguntza (psikologikoa, medikuntzakoa, eta abar) eman behar den; eta laguntza hori emateko zein giza baliabide eta baliabide material behar diren. e) Proiektua betetzeak eragiten duen gastuaren aurrekontu zehatza.

f) Dirulaguntza honen bidez bete nahi den jarduera bera betetzeko beste dirulaguntzarik eskatu bada, dirulaguntza horien zerrenda bidali behar da, eta, zerrenda horretan, honako xehetasun hauek adierazi behar dira: dirulaguntzak zein entitate publikori edo pribaturi eskatu zaizkion, eta dirulaguntza horiek zein egoeratan dauden (ukatuta, erabaki gabe, emanda) eta zenbatekoak diren. Bestela, dirulaguntza jasotzeko aurkeztutako programarentzat beste dirulaguntzarik ez dela eskatu egiaztatzen duen agiria aurkeztu behar da. g) Entitate eskatzaileak zein baliabide materialak eta giza baliabide dauzkan adierazi behar da.

h) Foru Ogasunak eta Gizarte Segurantzak egindako egiaztagiriak, zerga-obligazioak eta Gizarte Segurantzakoak beteta daudela erakusten dutenak.

i) Bankuko datuei buruzko dokumentuaren bi ale, behar bezala beteta (agindu honen II. Eranskin moduan ageri da dokumentu hori). Sail honetako Giza Eskubideen eta Justiziarekiko Lankidetzarako Zuzendaritzak lehendik emandako dirulaguntzaren bat jasota izanez gero, ez da dokumentu hori aurkeztu beharrik izango, bertako datuak aldatu ez badira, behintzat.

3.– Jarduerak burututa baldin badaude, egindako gastuak justifikatzeko behar diren dokumentu guztiak aurkeztu beharko dira, agindu honetan eskatzen den moduan.

4.– Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak, Giza Eskubideen eta Justiziarekiko Lankidetzarako Zuzendaritzaren bitartez, espedientea osatzeko beharrezkotzat jotako dokumentu eta argibideak eskatu ahal izango dizkio entitate eskatzaileari, eta hark emandako datuak egiaztatu ahal izango ditu.

5. atala.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Giza Eskubideen eta Justiziarekiko Lankidetzarako Zuzendaritzak entitate eskatzaileak aurkeztutako dokumentuak osatu gabe daudela ikusten badu, 10 eguneko epea emango dio entitate eskatzaileari, akatsak zuzendu edo derrigor aurkeztu beharreko dokumentuak aurkez ditzan, eta ohartaraziko dio ezen, bestela, eskaera ukatu egingo dela, eta espedientea besterik gabe artxibatuko dela eta dokumentazioa itzuliko. Hartara, Administrazioak ez du erabakia berariaz eman beharrik izango, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1 eta 42.1 ataletan ezarritakoa betez.

6. atala.– Hautaketa Batzordea.

1.– Hautaketa batzorde batek aztertuko ditu entitate eskatzaileek aurkeztutako eskabide eta dokumentu guztiak, 3. eta 4. ataletan ezarritako betebeharrak betetzen badituzte. Batzorde horren eginkizuna dirulaguntza emateko erabaki-proposamena egitea da. Honako hauek osatuko dute batzordea: Giza Eskubideen eta Justiziarekiko Lankidetzarako zuzendari and. txit argiak, Droga Gaietarako idazkari jn. txit argiak, Droga Gaietarako Idazkaritzako teknikari batek, eta Giza Eskubideen eta Justiziarekiko Lankidetzarako Zuzendaritzako bi teknikarik.

2.– Batzorde horrek, proposamena egiterakoan, honako irizpide hauek hartuko ditu aintzat:

a) Entitate eskatzaileak kartzeleratuta dauden eta droga-arazoak eta buruko osasun arazoak dituzten pertsonei laguntzen daukan esperientzia, iraupena, estabilitatea eta fidagarritasuna.

b) Proiektuaren kalitatea, garapena, zehaztasun-maila, eta proiektua beteko dela egiaztatzen duen bermea.

c) Proiektua bete behar duen lantaldeko kideek erakutsitako profesionaltasuna.

d) Entitate eskatzaileak sare publikoko zerbitzuekin koordinatzeko dauzkan ahalbideak edo gaitasuna.

e) Proiektua egoki edo gizartearentzat interesgarri izatea. 3.– Irizpide bakoitzari gehienez 10 puntuko balioa emango zaio.

4.– Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak emandako beste edozein dirulaguntza epe barruan justifikatzen ez dutenen eskabideak ez dira onartuko.

7. atala.– Erabakia.

1.– Hautaketa batzordeak erabaki-proposamena aurkeztuko dio Justizi sailburuorde jn. txit argiari, zeinak, proposamena aztertu eta gero, dirulaguntza adjudikatzeko erabakia emango baitu, berariaz eta banan-banan, agindu honetako 4.1 atalean ezarritako epea amaitu eta hurrengo hiru hilabetetan. Erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Erabaki horrek administrazio-bidea amaitzen ez duenez, interesdunek, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107. atalean eta hurrengoetan xedatutakoari jarraiki, errekurtso arrunta aurkeztu ahal izango diote Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu jn. txit gorenari.

2.– Eskabideak aurkezten direnetik hasi eta hiru hilabeteko epean erabakia berariaz ematen ez bada, eskabideak ukatu egin direla ulertuko da.

3.– Dirulaguntza emateko erabakian honako alderdi hauek adierazi beharko dira, gutxienez:

a) Subentzionatutako programa edo jarduera, emandako laguntzaren zenbatekoa, eta laguntza horren zenbatekoa aurrekontuko zein ataletatik aterako den.

b) Subentzionatutako programa edo jarduera betetzeko epea. Gehienez ere, erabakia eman dadin egunetik hasi eta urtebetekoa izan daiteke epe hori.

c) Subentzionatutako programa beteko dela ziurtatzeko komenigarritzat jo dadin beste edozein betebehar.

4.– Dirulaguntzaren zertarakoa, besteak beste, soldatak eta lansariak ordaintzea baldin bada, dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko ez da kontuan hartuko, ez zuzenean ez zeharka, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko langileentzat 1998ko ekitaldirako ezarritako soldata-igoera (%2,1) baino igoera handiagorik.

8. atala.– Entitate onuradunaren betebeharrak. 1.– Onuradunak, dirulaguntza onartuz gero, honako arauok ere onartzen dituela joko da: agindu honetan ezarritako arauak; abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan -nahiz dekretu hori ordezka dezan arauan- dirulaguntzak itzultzeko eta zehapenak ezartzeko bermeei eta erregimenari buruz ezarritako arauak; eta Euskal Herriko Herriogasuntzaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan ezarritakoak.

Dirulaguntza emateko erabakia argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta 15 eguneko epean onuradunak kontrakorik adierazten ez badu, dirulaguntza onartu egin duela ulertuko da.

2.– Onuradunen betebeharrak honako hauek dira:

a) Dirulaguntza emateko kontuan izan diren betebeharrak eta baldintzak betetzen dituztela egiaztatu behar diote dirulaguntza eman dezan administrazioari. Orobat, gorabeheraren bat dela medio, subentzionatutako programa osoa edo zati bat betetzea ezinezkoa bada, delako gorabeheraren berri eman beharko diote.

b) Jasotako diru-kopurua subentzionatutako programa betetzen erabiliko dutela agindu behar dute.

c) Subentzionatutako programa betetzen ari diren bitartean, programa horrekin zerikusia duten jarduerak finantziatzeko beste dirulaguntza nahiz laguntzarik jaso duten edo ukatu dioten jakinarazi beharko diote Administrazioari, horren guztiaren berri izan bezain laster.

d) Ekonomi Kontroleko Bulegoak eta Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko eginkizunak betez eska diezazkieten argibideak eman behar dituzte.

9. atala.– Ordainketa.

1.– Dirulaguntzaren %75a erabakia argitaratzen denean ordainduko da, eta beste %25a, emandako dirulaguntzaren kontura egindako gastu guztien jatorrizko justifikanteak Giza Eskubideen eta Justiziarekiko Lankidetzarako Zuzendaritzan aurkezten direnean. Justifikante horiek subentzionatutako jarduera amaitzen denetik hasi eta bi hilabeteko epean aurkeztu behar dira.

2.– Aurreko paragrafoan ezarritakoa alde batera, dirulaguntza guztia zati bakarrean ordaindu ahal izango da, jarduerak dirulaguntza emateko erabakia argitaratu baino lehen eginda badaude. Horretarako, baina, eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira: alde batetik, hurrengo atalean aurrikusitako moduan, subentzionatutako jarduera bete dela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu behar dira; eta, bestetik, agindu honetako 4.3 atalean xedatutakoa betez, hurrengo ataleko a) idazatian aipatzen den txostena aurkeztu behar dute.

10. atala.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Dirulaguntzaren kontura egindako gastuak justifikatzeko, jatorrizko fakturak eta ordain-agiriak eskatuko dira. Nolanahi ere, dirulaguntza jaso dezan entitateak, txosten baten bidez, agiri horiek Administrazioaren esku ezin dituela utzi adierazten badu, jatorrizko agiriak eta horien kopiak aurkeztu ahal izango ditu, eta, kopiak konpultsatutakoan, jatorrizko agiriak itzuli egingo zaizkio.

Justifikatutako gastuak emandako dirulaguntza baino txikiagoak badira, dagozkion kopuruak itzuli egin beharko dira.

2.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradunek honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte, subentzionatutako jarduerak amaitzen direnetik hasi eta bi hilabeteko epean (proiektua betetzeko onartutako epearen arabera). Hona hemen aurkeztu beharreko dokumentuak:

a) Egindako programa edo jardueraren txosten zehatza.

b) Xede bera betetzeko jasotako beste edozein laguntzen zerrenda, laguntza horien berri lehendik izan ez bada, behintzat.

11. atala.– Bateraezintasunak eta diru-pilaketa.

Laguntza hauek bateraezinak dira edozein entitate publikok nahiz pribatuk emandako dirulaguntzekin. Hainbat finantziazio-iturritik xede bera betetzeko jasotako laguntzen kopurua aurrekontu osoa baino handiagoa bada, agindu honen ondorioz emandako zenbatekoari soberakina kenduko zaio.

12. atala.– Baldintzak ez betetzea.

1.– Jarraian adierazten diren kasuetan, baldintzak ez direla bete joko da:

a) Dirulaguntza, oso-osorik nahiz zati batean, aurkeztutako proiektuaren arabera onartutako jarduera ez den beste zerbaitetan erabiliz gero.

b) Aukeratutako programan aldaketak eginez gero, baldin, arrazoitutako eskaera egin eta gero, Justizi sailburuordeak baimentzen ez baditu, behintzat.

c) Emandako dirulaguntza justifikatzen ez bada.

d) Eskabidean edo gainerako dokumentuetan adierazitako datuak gezurrezkoak baldin badira.

2.– Dirulaguntzaren onuradunak erabakian edo agindu honetan ezarri diren baldintzetako bat bete gabe uzten badu, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko du, eta, hartara, dirulaguntza eta legezko korrituak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko ditu; gainera, zehapenak ere ezarri ahal izango zaizkio. Horretarako, honako lege-xedapen hauek aplikatuko dira: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, eta Euskal Herriko Herriogasuntzaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua.

GEHIGARRIZKO XEDAPENA

Agindu honetan prozedurari buruz aurreikusi gabeko alderdiei Herri-Administrazioen Lege-Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio Jardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko zaie.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen ez duenez, Administrazioarekiko Auzi-Errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita bi hilabeteko epean, EAEko Justizi Auzitegiko salan. Errekurtsoa jartzeko asmorik izanez gero, agindu hau eman duen organoa jakinaren gainean jarri behar da aldez aurretik.

Vitoria-Gasteiz, 1998ko ekainaren 8a.

Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

FRANCISCO EGEA GARCÍA.

I. ERANSKINA

1.– Deialdiaren datuak

Deialdia egiten duen saila: Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Saila.

Deialdiaren i z e n a :

autorizada (F)


Azterketa dokumentala