Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

59. zk., 1998ko martxoaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura
1358

AGINDUA, 1998ko otsailaren 12koa, Kultura sailburuarena, Zarauzko Hirigune Historikoaren Esparru Arkeologikoa Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean, Monumentu Multzo izendapenaz Kultura Ondare gisa sartzen duena.

Zarauzko Esparru Arkeologikoaren balio historikoa eta kultura aldetik duen interesa ikusita eta arlo honetan erabilgarri den lege-arautegian ezarritakoa kontutan hartuz, hots, Konstituzioaren 149.1.28. atala, Autonomia Estatutuaren 10.19. atala eta uztailaren 3ko 7/1990 Legea bera aintzat hartuta, ondasun hori Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera ematea erabaki zuen Kultura sailburuordeak 1997ko azaroaren 12ko dataz.

Espediente hori administrazio-bidetik izapidatu ahal izateko, aipatutako 7/1990 Legearen 17 eta 11.3. atalean, eta honekin bat datozen gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraituz, guztiek espedientearen berri izan zezaten, jendaurrean ikusgai jarri zen, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Zarauzko Udalari entzuteko izapidetza ere burutuz.

Horrenbestez, legez ezarritako izapidetza guztiak behar bezala beterik, ez da inolako alegaziorik aurkeztu.

Orain arte adierazitako guztia kontuan hartuta; aipatutako Legearen 17. atalak ezarritakoari jarraituta; Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak proposatuta eta Euskal Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoen txostena ikusirik, hau,

ERABAKI DUT:

Lehenengoa.- Zarauzko Hirigune Historikoaren Esparru Arkeologiko Monumentu Multzo izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean, Kultura Ondare gisa sartzea.

Bigarrena.- Aipatutako Esparru Arkeologikoa mugatzea I. eranskinean ezarritakoaren arabera eta II.ean agertzen den deskribapenean oinarrituz.

Hirugarrena.- Zarauzko Hirigune Historikoaren Esparru Arkeologikoa Euskal Kultura Ondareari atxikitako Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko eskaria egitea.

Laugarrena.- Zarauzko Udalari, Esparru Arkeologiko hori babesteko bere udal hirigintzako planeamendu tresnan kontutan hartzea eskatzea, Euskal Kultura Ondarearen, uztailaren 3ko, 7/1990 Legearen 44.2 atalean ezarritakoa betetzeko.

Bosgarrena.- Zarauzko Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari zera jakinaraztea: esparru arkeologiko horretan egitekoak diren iharduera eta lan guztietarako, Foru Aldundiaren baimena beharko dela eta baimen hori lortzeko aurretiaz dagokion proiektu arkeologikoa aurkeztu beharko dela.

Seigarrena.- Zarauzko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Departamentuei eta Eusko Jaurlaritzako Lurraldearen Antolaketa, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailari agindu honen berri ematea.

Zazpigarrena.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Egunkari Ofizialean argitaratzea.

Administrazio-bidea agortzen duen agindu honen aurka administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Herriko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 1998ko otsailaren 12a.

Kultura sailburua,

M.ª CARMEN GARMENDIA LASA.

I. ERANSKINA / ANEXO I

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA

DESKRIBAPENA

Agudo samar fundatutako hiribildua da, Gipuzkoako kostaldeko gehientsuenen antzera. Fernando III.ak eman zion 1237ko irailaren 28an urte batzuk lehenago Donostiari emandako forua.

Eremu lau batean dago kokatua, kostaldean. Planoaren trazaketa erregularra da, planifikatu egin baitzen bizitokia bertan ezarri aurretik. Planta laukizuzena dauka, E-M zentzuan orientatua.

Erdi Aroko hiribilduak hartzen zuen eremua txikia da, gaur egungo hirigunearen aldean, eta hura mugatzea zaila da, planoa irekia delako eta azken urte hauetan erruz aldatu delako.

Arkeologia aldeteik garrantzia duen gunetzat mugatu dugun eremua hau da: iparraldetik, Kale Nagusiko etxe bakoitien atzeko alderaino, hegoaldetik, Zigordia kaleraino eta Orape kaleko zenbaki bikoitien atzeko alderaino, ekialdetik, San Franzisko kalea (harresiz landa) eta mendebaldetik Santa Maria la Real eliza.

Bi kale zuzen eta paraleloren inguruan egituratzen da hiribildua, Kale Nagusia iparraldean eta Orape kalea hegoaldean. Eta bi kantoik kaleak elkarzutik mozten dituzte, Ipar kalea eta Azara kalea.

Bien artean dagoen espazioa mehelindun etxeek betetzen dute, batik bat, eta, horien bidez, etxadi bakunak eratzen dira. Etxe horiek, hein batean, Erdi Aroko txantelketari eutsi diote, hau da, sakonera handia eta zabalera txikia. Asko aldatu dira hala ere, azken urte hauetan planta berriko etxe ugari egin baita bertan. Horietan ez dira mantendu jatorrizko eraikuntzaren materialak.

Planoaren erdian Musika plaza dago, geroztik sortua, lehendik zeuden hainbat etxe botatzearen ondorioz.

Eraikin aipagarrienen artean Santa María la Real eliza aipatu behar da; hiribilduaren bazter batean dago, mendebaldean hain zuzen, eta herriko kaleen antolakuntza ordenatzen du. Eraikin honek apaingarri gotiko batzuk baditu oraindik ere, esate baterako arkibolta zorrotzeko atea, eta oso aldatua dago, batez ere XVI., XVII. eta XVIII. mendeetan egindako konponketa lanen ondorioz.

Kanpandorreari buruz esan behar da garai bateko Zarauztarren dorre zahar bat dela. Gaur egun elizari itsatsirik dago, baina garai batean dorrearen eta elizaren artean 5 metro zeuden. Eraikin gotorra da, oso pareta lodiak ditu eta baho gutxi. Planta laukizuzena dauka eta oraindik ere modiloiak, gezileihoak, ojiba-leiho geminatu zenbait eta arku karpanel bat dauzka. Hasieran defentsarako eraikin exentua izango zen eta beranduago elizaren kanpandorre bihurtu zen.

Arkitektura aldetik aipatzekoa den beste eraikin bat zera da, Torre Luzea, Kale Nagusiko 28. zenbakian dagoen eraikin erdi exentua. Eraikin horrek jauregien izaera sendoa dauka, ezaugarri gotikoak ditu eta XV. mendekoa dela esan daiteke.

Badira beste eraikin batzuk jatorrian funtzio berbera betetzen zutela diruditenak, nahiz eta gureganaino oso aldatuak iritsi diren. Oraindik ere XV. eta XVI. mendeko egitura zatiak dituzte eta, horien artean, Torre Laburra (Kale Nagusiko 21. zk.) eta Torre Makatza (Musika plaza, 18) daude.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana