Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

11. zk., 1998ko urtarrilaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Jaurlaritzaren Lehendakaritza
271

1/1997 LEGEGINTZA DEKRETUA, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena.

Eusko Legebiltzarrak ondoko legea onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei:

AZAROAREN 11KO 1/1997 LEGEGINTZA DEKRETUA, EUSKADIKO OGASUN NAGUSIAREN ANTOLARAUEI BURUZKO LEGEAREN TESTU BATEGINA ONARTZEN DUENA.

Ekainaren 19ko 7/1997 Legeko azken xedapenetako laugarrenean jasota dagoenez (lege horretan dago araututa diru-laguntza eta laguntzen errejimena eta lege horren beraren bidez aldatu da Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea), Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauen gainean indarrean diren lege-xedapenen testu bategina (maiatzaren 17ko 1/1988 Legegintzako Dekretu bidez onartu zena) eta testu horretan gerora egindako aldaketak testu bakar batean biltzeko baimena dauka. Aldaketa horiek egin ziren, hain zuzen ere, antolarauei buruzko aipatutako legearen bidez; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Ariel eta Herri Prezioei buruzko maiatzaren 31ko 3/1990 Legearen bidez; Euskal Autonomia Erkidegoko 1992ko Aurrekontu Orokorrerako urtarrilaren 28ko 1/1992 Legearen bidez; Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legearen bidez; Euskal Autonomia Erkidegoko 1996ko Aurrekontu Orokorrerako abenduaren 29ko 6/1995 Legearen bidez; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legearen bidez.

Era berean, Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legeko 52. ataleko 4. lerroaldean jartzen duenarekin bat, aurreko lerroaldean aipatu dugun baimena daukanak, aldi berean, bateratu beharreko lege-testuak arautu, argitu eta armonizatzeko baimena dauka eta terminologiaren aldetik beharrezkoak diren sistematizazio eta egokitzapen guztiak egin ditzake.

Horregatik, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak proposatuta eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 1997ko azaroaren 11ko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

Atal bakarra.– Ekainaren 19ko 7/1997 Legeko azken xedapenetako laugarrenean jasotakoaren arabera (lege horretan arautu zen diru-laguntzen eta laguntzen errejimena eta lege horren beraren bidez aldatu da Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea), Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu dugu. Testu hori jarraian dago jasota.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Legegintzako dekretu honen bidez onartu den testu bategina indarrean jartzen denean, kontrakoa dioten maila bereko edo baxuagoko gainerako xedapen guztiak indarrik gabe geratuko dira, eta, bereziki, honako hauek:

– Maiatzaren 17ko Legegintzako 1/1988 Dekretua. Dekretu horren bidez onartu zen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauen gainean indarrean diren lege-xedapenen testu bategina.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Ariel eta Herri Prezioei buruzko maiatzaren 31ko 3/1990 Legeko azken xedapenetako laugarrena.

– Euskal Autonomia Erkidegoko 1992rako Aurrekontu Orokorrak Onartzeko urtarrilaren 28ko 1/1992 Legeko laugarren xedapen gehigarria.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legeko azken xedapenetako lehenengoa.

– Euskal Autonomia Erkidegoko 1996rako Aurrekontu Orokorrak Onartzeko abenduaren 29ko 6/1995 Legeko azken xedapenetako lehena.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legeko azken xedapenetako bigarrena.

– Ekainaren 19ko 7/1997 Legea, hau da, diru-laguntza eta laguntzen errejimena arautzen duena eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauen Legea aldatzen duena, honako xedapen hauek izan ezik: aldibaterako xedapen bakarra eta azken xedapenetako hirugarrena, aipatzen dituzten aurrikuspenak amaierara heldu arte izango direnak indarrean; azken xedapenetako lehena (Euskadiko Ondareari buruzko uztailaren 27ko 14/1983 Legea aldatzen duena) eta bigarrena (Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legea aldatzen duena).

AZKEN XEDAPENA

Legegintzako dekretu honen bidez onartutako testu bategina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 1997ko azaroaren 11n.

Lehendakariordea,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

AZAROAREN 11KO 1/1997 LEGEGINTZA DEKRETUA, EUSKADIKO OGASUN NAGUSIAREN ANTOLARAUEI BURUZKO LEGEAREN TESTU BATEGINA ONARTZEN DUENA.
ZIOEN ADIERAZPENA

1.– Legeak zer planteatzen duen.

Euskadiko Ogasun Nagusia Euskal Autonomia Erkidegoak aginpideak ondo gauzatu eta finantzatzeko daukan ogasuna da, bere autonomi estatutuko III. idazpuruan xedatutakoaren arabera.

Euskadik erakundeen aldetik duen antolakunde bereziarekin, besterik gabe ere, nahikoa arrazoi dauka autonomia-erkidegoak ogasun nagusia arautzeko, horrela, ogasun hori herrialdearen oinarrizko diseinuak dauzkan elementu berezietara egokitu ahal izateko arauketa horren bitartez. Gorabehera hori gogoan eta autonomia-erkidegoak gaur egun zenbat baliabide dituen eta zerbitzuak zenbateraino garatzen dituen kontuan, beharrezkoa da ogasun nagusia arautzea, horrela, sistema juridiko egonkorra antolatu ahal izateko eta sistema hori esparru egokia izan dadin ogasuna lan-tresna modura erabili ahal izateko, administrazioaren jarduna eraginkorragoa egin eta ekonomi baliabideak hobeto erabili ahal izateko ezinbesteko lan-tresna modura.

Ogasuna ez da, hala ere, gai homogeneoa eta betiberekoa. Aitzitik, barruan hainbat gai dauka bata bestetik ondo bereizita (aurrekontuen errejimena, Euskadiko Diruzaintza Nagusia, tributuak eta abar); hain berezita ere, gainera, batzuk testu juridiko bananduetan arautu izan baitira, besteetatik erabat aparte (kontratazioa, ondarea), Ogasunaren aurrean autonomia eta independentzia lortu izan bailutenedo.

Beste alde batetik -ezin inola ere ahaztu-, ogasunik orokorrenaren barruko gaiak, betiere, luze-zabalak eta konplexuak izaten dira oso. Eta, horregatik, gorputza ohikoa baino handiagoa dauka, beste gai batzuena baino areagoa dena.

Horiek horrela, bada, nekez lortuko dugu Euskadiko Ogasun Nagusiaren araudi guztia lege-testu bakar batean biltzea, eta beste konponbideren bat aurkitu behar, legegintzako teknikaren aldetik, gaiak berak dakartzan arazoei hobeto erantzuteko balioko duena.

Baina, hala ere, heterogeneoa, zabala eta konplexua izangatik ere, horrek ez du esan nahi ogasun osorako hatsapenik eman ezin denik, halakoak izan ere bai baitira, nahiz eta berariaz zehaztuta egon ez batzuetan. Eta ez hori bakarrik, aholkugarria ere bada hatsapen orokor horiek ematea, horrela, orain sakabanatuta dauden araudiak batasunaren bidera ekartzeko, nahiz eta horrek sintesi-ahalegin handia eskatu.

Gogo horrek bultzatuta onartu dugu Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauen Lege hau, bi helbururekin datorkiguna zuzenbidearen mundura: ogasun nagusiaren egitura orokorra zehaztea; eta, nahiz eta zuzenean ere aplika daitekeen, ogasun horren antolaketa osoan informazio-emaile eta integratzaile-legez jokatzea, araudi juridikoaren enbor-tokian jarrita. Lege honek egitura eta logikaren aldetik ematen duen euskarria abiapuntu hartuta, Euskadiko Ogasun Nagusiko gai bakoitza aparte arautuko dugu, dirulaguntzen errejimena izan ezik, lege honetako idazpuru baten antzera jartzea erabaki dugu-eta.

Legegintzako teknika hori Euskadiko Ogasun Nagusiaren ezaugarriekin bat dator, egitura-mailako hatsapen komunen batasuna eta ogasunaren barruko gaiei dagokien araudi berezien dibertsitatea bateratzen ditu eta.

2.– I. idazpuruko xedapen orokorrak.

Legeko I. idazpurua, «Xedapen Orokorrak» izena duena, Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauak osatzen dituzten araurik orokor eta oinarrizkoenetara zuzenduta dago, eta hasteko, jakina, arau horien kontzeptu juridikotik abiatzen da.

Lehenengo eta behin, ogasun nagusia antolatuko duen araudia diseinatu, eta araudi hori onartzeko aginpidea banatu egin dugu, gero garapen juridikoa zentzuz egin ahal izateko. Hori guztia, beti ere, Euskal Autonomia Erkidegoak ogasun nagusia arautzeko duen aginpidearen esparruan dagoela uste dugu, eta, ondorioz, erkidegoak derrigorrez bete beharreko estatu-mailako arauak ere bete beharko dira, behin indarrean jarri eta lotesle bilakatu ondoren.

Euskal Autonomia Erkidegoaren aginpideen esparru barrura sartuta, eta aginpide horiek gauzatzeari dagokionean, 2. atalean xedatuta dagoenez, Euskadiko Ogasun Nagusia eta ogasun horren barruko gaiak antolatzea erkidego horrek berak emandako administrazio- zuzenbideko arau orokorragoen barruan dago. Arau-multzo integratu horren ezean, hau da, Euskadiko Autonomia Erkidegoko berezko antolabidea osatzen duen arau-multzo horren ezean, eta orduan bakarrik, izango du estatuko zuzenbideak ordezko balioa. Arau hori ez dugu lege honetan jaso autonomi estatutuan bertan zehaztuta dagoelako, baina horrek ez du esan nahi lege honetako agindu batzuen barruan estatuko ordezko zuzenbideari aipamen zehatzik egin ezin zaionik.

Bigarrenik, autonomia-erkidegoaren jarduera guztia zuzentzeko hatsapenak jaso ditugu (araugintzamailakoa eta bestelakoa), horixe baita kudeaketa publikoan ahalik eta emaitzarik onenak lortu ahal izateko bidea zabalduko duena.

3.– Euskadiko aurrekontu orokorrak eta Euskadiko aurrekontu orokorren legeak.

Orain arte, herri-erakundeetako aurrekontu-legeak erakunde horietako aurrekontu-errejimenaren zerbitzura zeuden tresnak izan dira, eta horregatik arautzen ziren errejimen horrekin batera, zati guztien arteko beste bat balitz moduan.

Gerora, lege horien esparrua zabalduz joan zen eta bete-betean aurrekontu-errejimenaren barrukoak ez ziren beste alderdi batzuetara iristen hasi ziren, harik eta ekonomia eta gizartearen onerako helburuak hobeto lortzeko baliabide juridiko bihurtu arte,nahiz eta oraindik gaiaren aldetik aurrekontu-errejimenaren barruan kokatuta jarraitu, antzekotasunak medio.

Aurreko lerroaldean aipatutako bilakaera horretan barrena jarraituta, lege honetako II. idazpuruak beste aurrerapauso bat dakar aurretik zegoen egoeraren aldean, aurrekontu orokorrei eta aurrekontu orokorren legeei beste ordenamendu bat ematen baitie.

Halaxe da, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorra edo Euskadiko Aurrekontu Orokorra, legeak dionez, erkidego horretako ekonomi jarduera ekonomi ekitaldi batean zenbatzeko tresna da. Eta, horrela, Euskadiko aurrekontu orokorrak izaera eta autonomia berezkoak eskuratu ditu, diru-sarrera eta irteeren esparru meharra alde batera utzita betiko.

Ikusmolde horren arabera, autonomia-erkidegoa osatzen duten entitateetako aurrekontuak, hau da, diru-sarrerak eta irteerak jasotzen dituztenak, Euskadiko Aurrekontu Orokorraren barruan daude edukiaren aldetik, baina horrek ez du esan nahi izaera berezitua dutenik aurrekontu orokor horren barruan. Euskadiko aurrekontu orokorra ez da, beraz, dirusarreren edo irteeren azalpen hutsa, eta bermeak eskaintzeko eta zorpetzeko mugak ere biltzen ditu, erkidegoko ekonomi jardueraren parte direlako berez. Hortaz, diru-sarrera eta irteeren egoerak azaltzen dituzten aurrekontuek eta bermeak eskaintzeko eta zorpetzeko muga-zehaztapenek osatzen dute Euskadiko Aurrekontu Orokorra, lege honek aitortzen dion izaerarekin bat.

Aurrekontu orokorraren osaera zehaztu ondoren, bada, zuzenbidearekin uztartzeko premia nabarituko dugu, eta horretara dator, hasiera batean behintzat, Aurrekontu Orokorren Legea. Lege honen lehenengo zeregina, beraz, aurrekontu orokorren errejimena onartzea da, hain zuzen ere.

Baina herrialdearen ekonomi egoera bera ikusirik, eta gizarte barruko ekonomi harremanak nolakoak diren kontuan hartuta, herri-aginteek, batzuetan, bestelako neurriak hartu behar izaten dituzte, aurreko lerroaldean aurrekontu orokorrak direla-eta zehaztutako edukiarekin bat ez datozenak. Badira, gainera, beste xedapen batzuk zenbait gai atzera aurrekontu orokorren legeetara bidaltzen dituztenak, nahiz eta edukiaren aldetik aurrekontu horietan egokitu ez; behar bada, lege horiek, aldi baterako direla eta, etengabeko eguneratzea lortzeko tresna egokiak diren ustean. Horregatik guztiagatik, lege honen bidez beste eduki-mota bat eman diegu Euskadiko aurrekontu orokorren legeei, aurrekontu horien onarpen hutsaz bestelakoa. Eduki hori 6. ataleko 2. lerroaldean dago zehaztuta eta aurrera begira zabalik utzi beharra dago, beste xedapen batzuetatik zer igorriko gogoan eta, batez ere, gizarte eta ekonomiaren esparruan ageri diren gorabehera guztiak -asko baitirakontuan.

Azaldutako guztiagatik, Euskadiko Aurrekontu Orokorren eta Euskadiko Aurrekontu Orokorren Legeen arteko sistema edozein ikusmolde hertsi eta zurrun baino harantzago doa. Malgua eta dinamikoa da eta horiek ditu funtzionalitatearen -halakoxea baita- ezaugarri nagusi. Lan-tresna bateratua da, erkidegoko administrazio publikoaren barruko esparrua gainditu, eta ekonomi politikarako tresna egokia bilakatzen dena.

Azpimarratu beharrekoa da, azkenik, legea bat datorrela, guztiz, aldarrikatzen dituen hatsapenekin, aurrekontu orokorretarako eta aurrekontu orokorren legeetarako araudi propioa ezartzen baitu, jomugako gaiei dagozkien araudiez aparte.

4.– Erakundeen antolaketa.

Legeko III. idazpurua Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren eta erakunde-mailakoaren egitura antolatzera begira dago egina edukiaren aldetik, hobeto lan egiteko beharrezkoa denez.

Antolaketaren esparrua nahikoa da, identitatearen aldetik, arauen mailan gorputz berezitua edukitzeko. Baina, horretaz gainera, erakundeek gutxieneko batean behintzat, autonomia-erkidegoaren beharretarako egokia izan behar dutenez, eta Euskadiko Ogasun Nagusia berez eta kopuruei begira zein gai garrantzitsua den kontuan hartuta, horrek guztiak III. idazpurua sortzea ekarri du.

Egituraketa horren oinarrian antolaketaren ikusmolde bat dago, hain zuzen ere, antolaketa autonomia- erkidegoari agindutako eginkizunak betetzeko bitarteko dela dioen ikusmoldea. Bi hatsapen nagusi ditu:

a) Legegintzako botereen eskuhartzea, garrantzizko kasuetan, bateragarria da antolaketa momentuan momentuko gorabeheretara egokitzeko beharrezkoa den malgutasunarekin.

b) Batzuetan, zuzenbide pribatua ere lan-tresna modura erabili behar da, horrela, zuzenbide publikoa eta pribatua batera erabilita, eraginkortasun handiagoa lortzeko beste baliabide bat izan dezagun.

5.– Aginpideen errejimena.

Sistemak aginduta, legeko IV. idazpurua aginpiderik esanguratsuenak eta orokorrenak emateko da, nahiz eta idazpuru bereko 24. atalean jartzen duena ere bete behar den. Atal horren funtsa Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legea eta lege honetako III. idazpurua osorik betetzeko argibideak ematea da.

6.– Edukia.

Euskadiko Ogasun Nagusiaren edukia legeko V. idazpuruan dago jasota. Eskubideak eta obligazioak bananduta ageri dira, ogasun horren bi alderdi diren aldetik.

Eskubide eta obligazio horien errejimen orokorra zehazteaz gainera, V. idazpuruan eskubide horien sailkapen bat ere egin dugu. Horretarako, diru-sarrera garrantzitsuenen alderdirik azpimarragarrienak daude jasota.

7.– Diru-laguntzen errejimena.

Diru-laguntzen errejimena VI. idazpuruan dago jasota. Errejimen horren alderdirik garrantzitsuenek lege-erreserba eduki behar dute, nahiz eta administrazioak baduen ahalmena bai errejimen hori erregelamendu bidez garatzeko, bai diru-laguntzen programak legebiltzarrak onartutako kredituen arabera arautzeko eta baita diru-laguntzei baiezkoa emateko administrazio-egintza agintzeko ere.

Diru-laguntza, lehenengo eta behin, administrazio orokorraren edo administrazio horretako erakunde autonomiadunen egintza bat da, eta egintza horren arabera, diru-kopuru bat jarriko da, dohainik eta zuzenbide publikoaren mende. Diru hori jasoko duenak ez du ordainetan beste ezer eman beharko, baina hala ere, nahi izanez gero, karga jakin batzuk ezar dakizkioke, diru-laguntza jaso nahi badu bete beharko dituenak. Diru-laguntza ematekotan, helburu publikoa eduki behar du eta helburu horrek laguntza-emailearen aginpideen barruan egon behar du, edo, bestela, gizartearen onerako jardueraren bat bultzatzeko balio behar du. Honenbestez, diru publikoa honako helburu hauetakoren baterako eman behar da: administraziokoak ez diren partikularrek eskaintzen dituzten baina erantzukizunaren aldetik publikoak diren zerbitzuak finantzatzeko, baldin eta dohainik edo balio dutena baino merkeago eskaintzen badituzte eta ez badaude berariaz araututa; laguntza-zerbitzu berezietarako, esate baterako, larrialdi-laguntzetarako; beka eta ikasketetarako laguntzetarako; baiezkoa eman aurretik egin izandakoengatik eman beharreko laguntzak ordaintzeko; eta kreditu-bide jakin batzuetako interesak dirulaguntzez arintzeko. Azkeneko kasu horretan, administrazioak mailegu-emaileari interesen dagokion zatia ordaintzeko ardura hartuko du, beti ere, etxebizitzetarako programetan eta industria, merkataritza eta zerbitzuetako inbertsioetan.

Bigarrenik, formula irekia erabiltzeko erabakia ere hartu dugu, diru-laguntzak direla-eta inork interpretazio murriztailerik egin ez dezan. Horretarako, formula horren barruan sartu ditugu administrazio orokorrak edo administrazio horretako erakunde autonomiadunek Euskadiko Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen dituzten laguntza guztiak. Alde horretatik eta lege honen ondorioetarako, administrazioak beste erakunde publiko edo partikular batzuei emandako kreditu edo maileguak ere laguntzak edo diru-laguntzak izango dira, baldin eta ondare-atribuzioren bat badaramate; interes publikoko helbururen bat betetzeko baldintza batzuk betetzeko eskatzen badute; eta diruzaintza edo zorpetzea dela-eta erakunde horiek administrazio publikoarekin egin behar dituzten operazioekin inolako zerikusirik ez badaukate. Horrek ez du esan nahi kreditu eta maileguen kontraprestazio-izaeraz beren araudietan jasota dauden berezitasunak bete behar ez direnik.

Era berean, kontzeptu zabal hori erabilita, helburu bat baino gehiagorako erabil daitezkeen dirulaguntzei izaera propioa ematea lortu dugu. Dirulaguntza horiek ikerketarako, doktoratu ondoko prestakuntzarako eta abarrerako laguntza edo beken artekoak izan daitezke. Dirutan ematen ez diren eta Euskadiko ondare-legedian zehaztutako baliabideen bitartez bideratzen ez diren laguntzak ere jaso ditugu. Europako Batasunaren fondoekin finantzatutako laguntzak ere lege honen esparru barruan dira, baina horrek ez du esan nahi Batasuneko legeak araudi honen gainetik egongo ez direnik. Dirutan ematen ez diren laguntzak direla-eta, ondasun batzuk dohainik besterentzea erabakitzen den kasuetan edo denbora-zati jakin batean ondasun horiek erabiltzen uztea erabakitzen den kasurako, Euskadiko ondare-legedian zehaztutako bidea jarraitu beharko da; eta, legedi horretan araututa ez dagoen guztirako, lege honetan jasotako arauak bete beharko dira zuzen-zuzenean.

Legean, beraz, laguntza edo diru-laguntzaren kontzeptua zehaztu ondoren, kontzeptu horretatik kanpo geratu dira gizarte-segurantzaren sistema barruko diru-prestazioak, Gizarteratzeko Gutxieneko Diru Sarrera, Euskadiko Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak emandako zerga-abantailak (halakorik ematen badu), eta dohainik eskainitako zerbitzu publikoak.

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez finantzatutako baltzu publikoei, zuzenbide pribatuko ente publikoei edo beste edozein entitateri dagokienean, diru-laguntzen inguruko jarduera honako hiru hatsapen hauen arabera egokitu beharko dute, haien izaera edo egikera juridikoa edozein izanda ere: publizitatea, konkurrentzia eta objektibitatea. Hatsapen horiek betetze aldera, erakunde- mailako administrazio publikoa osatzen duten baltzu publikoek eta zuzenbide pribatuko ente publikoek, lege honetatik, 48. ataleko 5. lerroaldean berariaz xedatutakoa bakarrik bete beharko dute, beti ere, daukaten izaera juridikoarekin bateragarria den neurrian.

Bereziki aipatu beharrekoak dira Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak eman ditzakeen abal eta bestelako bermeak. Izan ere, lege honetan diru-laguntza eta laguntzen inguruan erabili dugun kontzeptu zabalaren barruan ondo egokitzen badira ere, aparte araututa daude, eta, horregatik, arau honen esparrutik kanpo uztea erabaki dugu. Baina, hala eta guztiz ere, abalak eta bermeak jasotzekoak direnek diru-laguntzak lortzeko baldintza orokorrak bete beharko dituzte, lege honetako 50. atalean zehaztuta daudenak, alegia. Administrazioak ere, bermeak sustapen-tresna modura erabili nahi dituenean, 49. atalean jasotako hatsapen orokorrak bete beharko ditu, bermeak zer-nolakoak diren kontuan hartu, eta hatsapenekin bateragarriak baldin badira, behintzat.

Beste alde batetik, orain, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde-mailako administrazioak ere jaso dezake laguntza eta diru-laguntzarik. Baina argi geratu behar du laguntzak jasotzeko aukera hori ezin dela nahastu -gauza desberdinak baitira- erakundemailako administrazio horrek Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretik finantzaketa-premiak betetze aldera jasotzen dituen tranferentziekin, ez daukate-eta diru-laguntzekin zerikusirik.

Diru-laguntzen inguruko jarduera osoa zuzendu behar duten hatsapenei dagokienez, berriro ere baiezkoa eman diegu publizitate, konkurrentzia eta objektibitateari; eta aldarrikapen hori araudira bertara eraman dugu. Era berean, denon dirua gastatu behar dugunean eraginkorrak eta aurrezte-zaleak izan behar dugunez eta hatsapen horiek betetzeko kontuan hartu beharko ditugun eskakizunak gogoan hartuta, halako arau edo muga batzuk jarri ditugu, administrazioak diru-laguntzen inguruko zereginetan bete beharko dituenak.

Hemendik aurrera, era berean, laguntzak ematen dituzten erakundeek ebaluaketa bat egin beharko dute emaitzak aztertzeko eta, beharrezkoa bada, aurrerantzean diru-laguntzen inguruan erabili beharreko programa errebisatzeko.

Arauak idazteko eta laguntzak emateko aginpidea zabaletik zehaztu dugu. Laguntzak emateko, zuzenzuzenean aplikatu beharreko oinarrizko arau batzuk zehaztu ditugu eta, arau horietan, gastu publikoaren mugak direla-eta jurisprudentziaren aldetik izan diren azken pronuntziamenduak ere kontuan hartuta daude; eta, beraz, aurrekontuetan kasuan kasu egon beharko lukeen dena delako kreditua egon ez, edo, amaitu egiten bada, horrek balizko onuradunen artean izango lituzkeen ondorioak ere kontuan hartuta daude. Lehiaketetan bete beharreko oinarrizko hatsapenak ere arautu ditugu.

Diru-laguntza edo laguntza publikoak kudeatzen kolaboratzen duten erakundeek laguntza ematen duen administrazioaren eta laguntza hori jaso behar duenaren arteko bitartekari-lana beteko dute. Alde horretatik, diru publikoa haiei zuzenduta egongo da behar bada, baina ez dira, horregatik, diru-laguntzen onuradunak. Dena dela, legean, betebeharren oinarrizko errejimen bat ezarri dugu erakunde horietarako.

Diru-laguntza itzularazteko, diru-laguntza hori emateko egin zen akordioa indargabetu edo aldatu egin behar da, eta, horretarako, aplika daitekeen araudian zehaztutako arrazoietakoren bat egon behar du. Ez du zigorrekin zerikusirik, zigorrek araudi berezia baitaukate, hain zuzen ere, VII. idazpuruko III. atalburuan. Itzuli beharreko kopuruak zuzenbide publikoko diru-sarreren artekotzat hartuko dira, eta, beraz, administrazioak sarrera horietarako zehaztuta dituen prozedura eta prerrogatibak bete beharko dituzte. Erantzukizun-errejimena administraziomailako arauhauste eta zigorren erantzuleei ezartzen zaien errejimenarekin batera arautu dugu lege honetako 64. atalean, hain zuzen ere gauza berbera behin eta berriz esan beharrik ez izateko.

Azken batean, laguntzak eta diru-laguntzak emateko ezarri nahi dugun errejimen orokorrak -gure asmoa hau da behintzat- euskal gizartearen eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren premiei erantzun behar die, eta diru-laguntzetarako gordetako dirua denon onerako eta zuzen kudeatzeko balio behar du, hatsapenak baitira.

8.– Babesa.

Euskadiko Ogasun Nagusiaren babesaren ingurukoak lege honetako VII. idazpuruan jaso ditugu, benetan babes daitekeen ustean: bermeak, erantzukizunak eta arauhauste eta zigorren errejimenak, beti ere, diru-laguntzen esparru barruan.

Bermeak direla-eta, 57. atala da aipatzekoa, Ogasun Nagusiko eskubideak aseguratzeko bidea zabaldu eta arautzen duena, eskubide horietarako arriskugarriak diren egoerei aurre egin ahal izateko. Bide horrek batera uztartu nahi ditu bai babes eraginkorra eta bai obligazioa duenaren eskubideak errespetatu beharra; eta, horretarako, prozedura bitan banatzen du: behin-behingoz aseguratzea eta behin betiko aseguratzea.

Erantzukizunak direla-eta, legean jaso dugunez, Euskadiko Ogasun Nagusiari egindako kalteak ordaindu egin behar dira, eta horrek ez du esan nahi, gainera, beste erantzukizunik eska ezin denik, diziplina edo penaleko erantzukizunak esate baterako. Ezarri beharreko zigorrak era jaso ditugu.

Diru-laguntzak eta laguntzak direla-eta lege honetan jaso dugun zigor-errejimenak ogasun nagusia gastu publikoaren ikuspuntutik babeste aldera gure araubidean halako baliabide batzuk sartzeko premiari erantzuten dio. Alde horretatik, kontuan hartu ditugu bai Konstituzio Auzitegiak administrazioaren zigor-ahalmenaz egin dituen pronuntziamenduak, bai ahalmen hori eta administrazio-legedi orokorrean jasotako zigor-prozedura zuzentzen dituzten hatsapenak, eta baita diru-sarrera publikoak direlaeta ezar daitekeen errejimenaren berezitasunak ere.

I. IDAZPURUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. atala.– Kontzeptua.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoak ekonomiaren arloan dauzkan eskubide eta obligazio guztiek osatzen dute Euskadiko Ogasun Nagusia.

2.– Honako hauek dira Euskadiko Ogasun Nagusiaren berezko gaiak:

a) Ondarearen errejimena.

b) Aurrekontuak egin eta kudeatzeko prozedura.

c) Autonomia-erkidegoko ekonomi jarduerak bete behar duen kontrol- eta kontabilitate-sistema.

d) Kontratazioarako errejimena.

e) Euskadiko Diruzaintza Nagusiaren errejimena.

f) Bere tributuak eta bestelako diru-sarrerak, publiko nahiz pribatuak, arautzea.

g) Zorpetzeko errejimena.

h) Bermeak emateko errejimena.

i) Laguntza eta diru-laguntzetarako errejimen orokorra, lege honetan araututa dagoena.

j) Autonomia Erkidegoak bere ogasun nagusiaren barruko gainerako gaien inguruan dituen prerrogatiben errejimena.

k) Atal honetako 1. lerroaldean aipatutako eskubide eta betebeharrekin zerikusia duen beste edozein.

2. atala.– Bete beharreko araudia.

1.– Euskadiko Ogasun Nagusiak bete beharko ditu: lege hau; ogasunari dagozkion gaien inguruan Euskal Autonomia Erkidegoak emandako gainerako legeak; gai horien beren inguruan aplika dakizkiokeen beste batzuk; eta, horiekiko kontraesanik ez dakarten neurrian behintzat, ogasuna bera garatzeko edo exekutatzeko emandako erregelamendu-xedapenak ere bai.

2.– Lege bidez arautu beharko dira bai ogasun nagusiaren berezko gaiei dagozkien oinarrizko hatsapenak, bai lege honetan berariaz erreserbatutako gainerako kontuak ere.

3.– Gobernuak onartu beharko ditu 1. lerroaldean aipatutako erregelamendu-xedapenak, non eta onarpen hori ez zaion, lege edo gobernu-dekretu bidez, ogasun eta finantzako aginpidea daukan sailburuari agindu. Halako kasuak Lehendakariak onartu beharko ditu lehenengo.

4.– Aurreko lerroaldeetan aipatutako araurik ez badago, administrazio-zuzenbidekoak hartuko dira kontuan (Euskal Autonomia Erkidegoak emandakoak).

5.– Ogasun eta finantzetako aginpidea daukan sailburuarena da Euskadiko Ogasun Nagusiari dagozkion arau guztiak ulertu edo argitzeko xedapenak emateko ahalmena, arau horiek lege-mailakoak nahiz erregelamendu-mailakoak izan, edota zuzenean nahiz ordezko modura aplikatu behar izan. Salbuespena Autonomia Erkidegoak derrigorrez bete behar dituen estatuko arauak dira. Xedapen horien itxurari dagokionez, Jaurlaritzako sailburuek onartzen dituzten erregelamenduek legez daramaten itxura bera izango dute, nahiz eta edukia argitutako arauaren edukiarekin bateratuko den. Erkidegoko organo eta enteek derrigorrez bete beharko dituzte.

3. atala.– Erakunde publikoen eskuhartzea.

Euskal Autonomia Erkidegoak bere oagasuntza nagusiaren berezko gaietan eskuhartuko du, honako hatsapen hauetan oinarrituta: legalitatea, objektibitatea, aurreztu beharra, eraginkoratasuna, kontrola, kutxa bakarra eta barruko organo eta erakundeen arteko koordinazioa.

4. atala.– Prerrogatibak.

Euskal Autonomia Erkidegoak -dagozkion aginpideen barruan eta ogasun nagusiaren inguruan beti ere- Estatuak onartuta dituen prerrogatiba berberak izango ditu, salbu eta ez duen berariaz bestelako xedapenik onartzen. Xedapen horrek lege-mailakoa izan beharko du.

II. IDAZPURUA
EUSKADIKO AURREKONTU OROKARRAK ETA EUSKADIKO AURREKONTU OROKORREN LEGEA

5. atala.– Euskadiko aurrekontu orokorrak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoak ekonomiako edo aurrekontuetako ekitaldi bakoitzean egin behar duen ekonomi jarduera programa baten bidez zuzenduta dago, eta programa hori osatzen duten erabakiak batu ondoren, adierazpide formala ematen zaie agiri bidez, bai finantzen aldetik bai kontabilitatearen aldetik azalduta egoten dena. Adierazpide hori dira, bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak edo Euskadiko Aurrekontu Orokorrak.

2.– Euskadiko Aurrekontu Orokorrak, era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko baliabideak ondo administratzen diren kontrolatzeko tresna dira.

3.– Honako hauek Euskadiko Aurrekontu Orokorrak dira:

a) Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten erakundeetako aurrekontuak, sarrera eta gastuen dena delako egoera-orriekin osatuta daudenak; eta gizarte-segurantzako ekonomi errejimena kudeatzeko aurrekontuak.

b) Autonomia Erkidegoko erakundeen artetik, gai honetan zuzenbide publikoa betetzen dutenek bermeak eskaintzeko daukaten gorengo muga.

c) Autonomia Erkidegoko erakundeen artetik, gai honetan zuzenbide publikoa betetzen dutenek zorrak egin ahal izateko daukaten gorengo muga.

4.– Aurrekontu orokorretan erreferentzia modura erabiliko den ekonomiako edo aurrekontuetako ekitaldia urtebetekoa izango da (egutegikoa).

6. atala.– Euskadiko aurrekontu orokorren legeak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren legeak edo Euskadiko aurrekontu orokorren legeak dira aurreko atalean zehaztutako aurrekontu orokorrak onartzeko helburua daukatenak.

2.– Horretaz gainera, Euskadiko aurrekontuen legeek berez Euskadiko Ogasun Nagusiari dagozkion edo ogasun horrekin zerikusia daukaten beste gai batzuk ere arau ditzakete haraino zabalduta, esate baterako: langileen ordainsarien errejimena eta aurrekontu orokorren barruko kredituei dagozkien alokairu pasiboen errejimena; aurrekontu-errejimena eta aurrekontu horietako gastu publikoa exekutatzeko errejimena; berez autonomia-erkidegoarenak diren tributuen errejimena; eta zorpetzeko baldintzen errejimena. Gai horiei dagozkien arauak aurrekontu orokorretako legeetan daude eta lege horien izaera eta errejimen berbera izango dute.

3.– Euskadiko Aurrekontuetako Legeen barruko arauak aldatu edo osatzeko legegintzako araurik baldin bada, arau batzuek eta besteek izaera eta errejimen berbera edukiko dute, indarrean egongo diren epea edozein motatakoa izanda ere: arrunta nahiz luzatua.

4.– Euskadiko Aurrekontu Orokorretako Legearen egitasmoa dena delako gai bakoitzari dagokion araudian xedatuta dagoenaren arabera egingo da. Gobernuak onartu eta legebiltzarrean aurkeztu beharko dute arautzen duenaren aurreko ekitaldiko azaroaren 1a baino lehenago, eztabaidatu eta, hala egokitzen bada, onar dadin.

III. IDAZPURUA
ERAKUNDE-MAILAKO ANTOLAKETA

7. atala.– Erakundeen sailkapena.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoa administrazio orokorrak eta erakunde-mailako administrazioak osatzen dute.

2.– Administrazio orokorra edo Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioa da, Euskadiko administrazio publiko guztian, lurralde-izaera daukan bakarra. Administrazio orokor hori Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legeko 53. atalean dago aipatuta.

3.– Honako entitate hauek osatzen dute erakunde-mailako administrazioa:

a) Zuzenbide publikoaren pean dauden erkidegoko erakundeak. Izena: erakunde autonomiadunak.

b) Erkidegoko erakunde-mailako enteetatik, gehienen bat zuzenbide pribatuaz araututa daudenak. Bi motatakoak izan daitezke:

– Zuzenbide pribatuko ente publikoak.

– Baltzu publikoak.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoa aurreko 2 eta 3. lerroaldeetan aipatutako entitateek osatzen dute, erkidego horretako arlo publikoa osatzen dutenez gero. Entitate horietako bakoitzak nortasun juridiko propioa eta banandua dauka, besteek daukatenaren aldean.

5.– Administrazio orokorra edo Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioa da legebiltzarrari atxikitako eskubide eta betebeharren jabea, nahiz eta eskubide-betebehar horien inguruan ganbara horrek dituen aginpideak ere kontuan hartu behar diren.

I. ATALBURUA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOA

8. atala.– Arautzea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioa, Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legeko 53. atalean aipatuta dagoena, lege horretan bertan jasotako arauen pean egongo da antolaketa eta funtzionamenduari dagokionean.

2.– Berez Ogasun nagusiari dagozkion gaien inguruan, Euskal Autonomia Erkidegoak, gai horiei buruzko xedapenen artetik, berariaz aplikatu behar zaizkionen pean jardungo du; eta, xedapen horiekiko kontraesanik ez dakarten neurrian, zuzenbide publikoaz araututa dauden Euskal Autonomia Erkidegoko entitateei -edozeini- aplika dakizkiokeen gainerako arau guztien pean ere bai.

II. ATALBURUA
ERAKUNDE AUTONOMIADUNAK

9. atala.– Kontzeptua.

Erakunde autonomiadunak erakunde-mailako enteak dira, Euskal Autonomia Erkidegokoak eta nortasun publikokoak; haien helburua erkidego horren aginpidepeko aktibitateak egitea da, deszentralizazio-errejimenean beti ere; eta zuzenbide publikoaz araututa daude.

10. atala.– Motak.

Erakunde autonomiadunak bi motatakoak izango dira:

a) Merkataritzako erakunde autonomiadunak, hau da, ekonomia, merkatu, industria, finantza edo merkataritzaren inguruko beste edozein jarduera daukatenak.

b) Administrazio-mailako erakunde autonomiadunak, hau da, gainerako guztiak.

11. atala.– Kalifikazioa.

Dena delako erakunde autonomiaduna sortzeko arauan egongo da zehaztuta, 10. atalean xedatutakoarekin bat, erakunde hori zein motatakoa den.

12. atala.– Sortzea eta desagertzea.

1.– Erakunde autonomoak sortu edo desagertzeko, legea beharko da.

2.– Desagertzeko arrazoiak zeintzuk diren eta horretarako zein jarraibide bete behar den sorrera-arauan edo beste edozeinetan zehaztuta baldin badago, orduan, ez da desagertzeko berariazko araurik beharko.

13. atala.– Berregituraketa.

Jaurlaritzak, erregelamendu bidez, erakunde autonomiadunak beste era batera egituratu ahal izango ditu, eta berregituraketa horien barruan egon daiteke erakunde horiek eduki behar dituzten langile eta materialen inguruko aginpideak ematea, aldatzea edo kentzea eta baita funtzionamendu-errejimenean aldaketak egitea ere. Berregituraketa horiek, hala ere, ezin dituzte, inola ere, erakunde horien izate-arrazoiak edo kalifikazioa aldatu.

14. atala.– Arautzea.

Berez Euskadiko Ogasun Nagusiarenak diren gaiak direla-eta, eta nahiz eta 12 eta 13. ataletan jartzen duena bete egin behar den, erakunde autonomiadunek gai horien inguruan berariaz aplikatu behar zaizkien xedapenak bete beharko dituzte, eta, xedapen horiekiko kontraesanik ez dakarten neurrian, erkidegoko eta zuzenbide publikoko edozein erakunderi aplika dakizkiokeen gainerako arauak eta, halakorik ezean, autonomia-erkidegoko administraziorako ezarritakoak ere bai.

III. ATALBURUA
ZUZENBIDE PRIBATUKO ERAKUNDE PUBLIKOAK

15. atala.– Kontzeptua.

Zuzenbide pribatuko ente publikoak Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeak dira eta nortasun publikoa dute. Haien helburua erkidego horren aginpidepeko jarduerak dira, deszentralizazio-errejimenean burutuko dituenak beti ere, eta zuzenbide pribatuaz araututa daude gehienbat.

16. atala.– Kalifikazioa.

Zuzenbide pribatuko erakunde publikoek halaxe kalifikatuta egon beharko dute, berariaz, beraien sorrera-legeetan.

17. atala.– Sortzea, desagertzea eta berregituratzea.

Zuzenbide pribatuko erakunde publikoek lege honetako 12 eta 13. ataletan xedatutakoa bete beharko dute.

18. atala.– Arautzea.

Aurreko atalean jartzen duena bete egin behar bada ere, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek, berez Euskadiko Ogasun Nagusiarenak diren gaiak direla-eta, gai horien inguruan berariaz aplikatu behar zaizkien xedapenak bete beharko dituzte; eta, xedapen horiekiko kontraesanik ez badakar, zuzenbide pribatua bete beharko dute.

IV. ATALBURUA
BALTZU PUBLIKOAK

19. atala.– Kontzeptua.

Baltzu publikoak merkataritzako baltzuak dira, baina beren kapitaletan Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren edo erakunde-mailako enteen partizipazioak dira nagusi, ente horiek zuzenbide publikokoak edo pribatukoak izan. Partizipazio nagusi hori zehazteko, aipatutako erakundeen partizipazio guztiak hartuko dira kontuan.

20. atala.– Sortzea eta desagertzea.

1.– Hona hemen baltzu publikoak sortzeko kasuak:

a) Merkataritzako baltzu bat sortzea eta baltzu hori publikoa izatea.

b) Merkataritzako baltzu bat, lehenagotik ere bazena, baltzu publiko bihurtzea.

2.– Hona hemen baltzu publikoak desagertzeko kasuak:

a) Baltzu publiko modura kalifikatuta dagoen merkataritzako baltzua desagertzea.

b) Merkataritzako baltzuak publiko izateari uztea.

3.– Baltzu publikoak sortu edo desagertzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoak edo erkidego horretako erakundeek baltzu horietako partaide nagusi bilakatu ahal izateko, Jaurlaritzaren dekretua beharko da.

4.– Merkataritzako baltzuek baltzu publikoak izateari uzten badiote, horrek ez du derrigorrez desagertu behar izatea ekarriko, lege edo estatutuetan desagertzeko arrazoitzat jasota badago salbu.

21. atala.– Forma juridikoa eta soziala.

1.– Baltzu publikoek baltzu anonimoen antzera osatu beharko dira eta sortzearekin batera fundatutakotzat hartuko dira.

2.– Forma aldetik baltzu anonimoak direnez, baltzu horiek garaian garai bete behar duten errejimen juridikoaren pean egongo dira dena delako baltzu publikoak.

22. atala.– Arautzea.

Aurreko atalean jartzen duena bete egin behar bada ere, baltzu publikoek, berez Euskadiko Ogasun Nagusiarenak diren gaiak direla-eta, gai horien inguruan berariaz aplikatu behar zaizkien xedapenak bete beharko dituzte; eta, xedapen horiekiko kontraesanik ez badakar, zuzenbide pribatua bete beharko dute.

23. atala.– Baltzu publikoetako partizipazioak.

Autonomia-erkidegoaren ondarea osatuko dute erkidego horretako entitateek beren baltzu publikoetan dauzkaten partizipazioek, beti ere, Euskadiko ondareari buruzko legedian jasotakoaren arabera.

IV. IDAZPURUA
AGINPIDEEN ERREJIMENA

24. atala.– Errejimen orokorra.

Lege hau edo beste edozein xedapen dela medio, berez Euskadiko Ogasun Nagusiarenak diren gaien inguruan aginpideren bat -edozein izan daiteke- eman edo antolaketako beste edozein erabaki hartu izanagatik ere, kontuan izan beharko da behar bada beste zerbait erabakiko dela, Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legean eta lege honetako III. idazpuruan xedatutakoaren arabera.

25. atala.– Legebiltzarraren aginpideak.

1.– Legebiltzarraren aginpide dira, lege honetan eta aplikatu beharreko beste xedapen batzuetan jasotakoaren arabera:

a) Euskadiko Aurrekontu Orokorrak onartzea, haien jarraipena egitea eta kontrolatzea.

b) Aurrekontuak egiteko eta kudeatzeko prozedura.

c) Autonomia-erkidegoaren berezko tributuak ezartzea edo aldatzea.

d) Ondarearen errejimena.

e) Kontratazio-errejimena.

f) Zorpetzeko errejimena.

g) Autonomia-erkidegoaren finantza eta ekonomiako eragiketa handienak onartzea.

h) Autonomia-erkidegoan urte-sail batean aurrera eraman beharreko ekonomi jarduera, Jaurlaritzak burutu beharko duena, planifikatzea. i) Lege honen, autonomia-erkidegoak emandako beste batzuen edo bete behar dituen besteen arabera legez arautu behar diren gainerantzeko gaiak.

2.– Euskadiko Autonomi Estatutuko 27. ataleko 1. lerroaldean eta legebiltzarraren beraren funtzionamendu-erregelamenduan xedatuta dagoenez, Legebiltzarrak honako aginpide hauek ditu, bere barruko errejimenak Ogasun Nagusiaren berezko gaien inguruan dioenari begiratuta:

a) Legebiltzarreko bertako aurrekontua onartzea. Aurrekontu hori, ordena zaintze aldera, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorraren barruan sartuko da.

b) Bere aurrekontua exekutatzea, Legebiltzarrak berak onartutako moduan.

c) Euskal Autonomia Erkidegoak bertako ogasun nagusiari buruz emandako legeek ematen dizkioten gainerakoak.

26. atala.– Jaurlaritzaren aginpideak.

Euskal Autonomia Erkidegoaren aginpideen artetik, honako hauek Jaurlaritzari dagozkio:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomi eta finantza-mailako politikaren oinarrizko norabideak zehaztea, Legebiltzarrak aldatzeko ahalmenak eduki edo ez.

b) Erkidegoko aurrekontu orokorren lege-egitasmoak onartzea, gero legebiltzarrera bidaltzeko.

c) Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legean xedatutakoaren arabera Euskadiko Ogasun Nagusiaren inguruan dagozkionak eta ordenamendu juridikoak agintzen dizkion gainerakoak.

d) Oro har, direna direlako edo daukaten garrantziagatik, Jaurlaritzak esku artean eduki behar dituen eta legebiltzarraren aginpideen artekoak ez diren guztiak.

27. atala.– Ogasuneko eta finantzetako ardura duen sailaren aginpideak.

Ogasuneko eta finantzetako ardura duen sailari dagokio:

a) Euskadiko Ogasun Nagusiaren eskubideak administratu, kudeatu eta gauzatzea, araudian ezarrita dagoen moduan.

b) Autonomia-erkidegoko aurrekontu orokorraren aurregitasmoa gertatzea eta, gero, jarraipena egitea, gauzatzen den jakiteko eta ekonomi eta finantza-mailako arauak betetzen diren jakiteko. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko sailek ere parte hartuko dute horretan.

c) Aurrekontu Orokorren Legeen aurregitasmoak gertatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko sailen partaidetzarekin; Euskadiko Ogasun Nagusiaren berezko gaiei buruzko beste aurregitasmo batzuk prestatzea; eta Jaurlaritzak onartu behar dituen eduki bereko erregelamenduen egitasmoak prestatzea.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomi jardueraren kontabilitatea eta kontuhartzailetzako kontrola egitea.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak egin behar dituen ordainketa guztiak agintzea.

f) Jaurlaritzak ekonomi eta finantzetarako onartutako politika exekutatzea, Jaurlaritzak berak zehaztutako moduan.

28. atala.– Sailen aginpideak.

Sailei dagokie:

a) Nork bere aurrekontuaren aurregitasmoa prestatzea.

b) Atxiki dizkieten gastuetarako kredituak kudeatzea.

c) Sailaren berezko gastuetarako baimena ematea, Jaurlaritzaren aginpideen artekoak ez badira.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren kontura konpromezu ekonomikoak hartzea, beti ere, dagozkien aginpideen eta kasuan kasu begiratu beharreko arauen arabera.

e) Obligazioak ordaintzeko proposatzea ogasun eta finantzetako aginpidea duen sailari.

f) Atxikita dituzten erakundeetako aurrekontu-aurregitasmoak aurretiaz onartzea.

g) Euskadiko Ogasun Nagusiaren inguruan dagozkienak, Jaurlaritzako ekainaren 30eko 7/1981 Legean xedatutakoaren arabera.

h) Jaurlaritzak onartutako ekonomi politika exekutatzea, Jaurlaritzak berak zehaztutako moduan.

i) Euskadiko Ogasun Nagusiaren inguruan ordenamendu juridikoak agindutako beste edozein.

29. atala.– Erakunde-mailako enteen aginpideak.

1.– Erakunde autonomiadunei dagokie:

a) Nork bere aurrekontuaren aurregitasmoa prestatzea.

b) Nork bere ekonomi eskubideak administratzea, kudeatzea eta gauzatzea, dagozkien xedapenetan zehaztutako moduan.

c) Gastuetarako baimena ematea -aurrekontuetan onartuta dituzten dotazioekin bat- eta dagozkion ordainketak agintzea.

d) Euskadiko Ogasun Nagusiaren inguruan ordenamendu juridikoak emandako beste edozein.

2.– Gainerako enteek nork bere aurrekontu-aurregitasmoa gertatzeko aginpidea eta ordenamendu juridikoak Euskadiko Ogasun Nagusiaren inguruan emandako beste edozein aginpide izango dute.

30. atala.– Koordinazioa, irizpenak eta proposamenak egiteko aginpideak.

26, 27, 28 eta 29. ataletan jartzen duena bete egin behar bada ere, koordinazioa, irizpenak eta proposamenak egiteko aginpideak ere kontuan hartu behar dira, eta aginpide horiek Ekonomia Gaietarako Ordezko Batzordeari edo Euskal Autonomia Erkidegoan horretarako dauden beste organo batzuei atxikita egon daitezke.

31. atala.– Sailkapena.

1.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren eskubideak publikoak edo pribatuak izango dira.

2.– Eskubide publikoak dira Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioarenak eta erakunde autonomoenak direnak erlazio eta egoera juridiko jakin batzuen ondorioz; hau da, erlazio eta egoera horietan erakunde horiek ahalmen publiko batzuen jabe direnean. Eskubide publikoak honako hauek izan daitezke:

a) Zuzenbide publikoko sarrerak.

b) Beste eskubide batzuk.

3.– Eskubide pribatuak dira Euskal Autonomia Erkidegoarenak direnak baina atal honetako 2. lerroaldean jasota ez daudenak. Honelakoak izan daitezke eskubide pribatuak:

a) Zuzenbide pribatuko sarrerak.

b) Beste eskubide batzuk.

32. atala.– Zuzenbide publikoko sarrerak.

Aurreko ataleko 2. lerroaldean zehaztutako irizpidearekin bat, honako hauek dira Euskadiko Ogasun Nagusiaren zuzenbide publikoko sarrerak:

a) Foru-aldundiek, lurralde historikoek erkidegoko aurrekontu-gastuetarako egin behar duten kontribuzioaren adierazgarri, Euskal Autonomia Erkidegoari egiten dizkioten ekarpenak.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko tributuen eta prezio publikoen etekinak.

c) Euskal Autonomia Erkidegoak zergetan ezarritako gainordainak, halakorik ezartzen badu.

d) Lurraldearteko Konpentsazio Fondoak egindako transferentziak eta Estatuko Aurrekontu Orokorraren kontura egindako beste asignazio batzuk.

e) Autonomia-erkidegoak edo bere erakunde autonomiadunek beste erakunde publiko batzuetatik jasotako tranferentziak eta diru-laguntzak.

f) Autonomia-erkidegoko administrazioak eta erakunde autonomiadunek zorpetze aldera egindako operazioen emaitza.

g) Autonomia Erkidegoko administrazioak edo erakunde autonomiadunek jarritako isun eta gainerako diru-zigorren emaitzak.

h) Euskal Autonomia Erkidegotik datozen administrazio-egintzak ordezko modura exekutatzetik datozen ordainarazpenak, kautelak izan edo ez.

i) Eskubide publikoei egindako kalte-galeren ordainak.

j) Zuzenbide publikoko sarrerei dagozkien interesak.

k) Obligazio publikoak beteko diren berme modura jarritako kopuruak.

l) Erkidegoak pertsona publiko edo pribatuei sustapen-helburuekin edo interes publikorako emandako mailegu eta bermeen inguruan egindako kontratuengatik, autonomia-erkidegoko administrazioak edo erakunde autonomiadunek jaso beharreko kopuruak.

m) Autonomia-erkidegoak diru-laguntzaren bat eman ondoren, helburua edo baldintzak ez direla-eta bete, diru-laguntza horretatik autonomia-erkidegoko administrazioari edo erakunde autonomiadunei itzuli beharreko kopuruak.

n) Aurreko ataleko 2. lerroaldean aipatutako beste edozein diru-sarrera.

33. atala.– Lurralde historikoen ekarpenak.

Lurralde historikoetako ekarpenen kasuan, lurralde horien eta autonomia-erkidegoaren arteko harremanetarako araudian xedatutakoa bete beharko da; eta, araudi horren barruan jasota ez dauden kasuetarako, Euskadiko Ogasun Nagusiaren berezko gaiei buruzko xedapenetan agindutakoa bete beharko da.

34. atala.– Tributuak.

1.– Honako hauek Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko tributuak dira:

a) Autonomia-erkidegoaren berezko zergak, erkidegoak berak ezar ditzakeenak, Ekonomia Itunean jasota edo aurrikusita ez egonagatik ere, Estatuak zergapetutako zegagaiei ez dagozkielako. Erkidegoak ezar ditzake Euskadiko Autonomi Estatutuko 42. ataleko b) idatz-zatian xedatutakoaren arabera.

b) Autonomia-erkidegoaren jabari publikoa erabiltzeagatik ordaindu beharreko tasak; erkidego horrek eskainitako zerbitzu publikoren bategatik ordaindu beharreko tasak; edo erkidego horrek egindako beste jarduera batzuegatik ordaindu beharrekoak, jarduera horiek subjektu pasiboari begira eginda badaude, harengan eragina badaukate edo mesede egiten badiote.

c) Autonomia-erkidegoak obra publikoak egin dituela-eta, edo haren kontura zerbitzu publiko berriak jarri edo lehenagokoak zabaldu egin direla-eta, horrek subjektu pasiboari onuraren bat badakarkio edo bere ondasunek balio handiagoa lortzea badakar, halakoetan subjektu pasibo horri behar bada aginduko zaizkion kontribuzio bereziak.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko tributu guztiak fiskalak izango dira eta dagozkien aurrekontuetan jaso beharko dira.

3.– Tributuak sortu edo desagertarazteko, legea beharko da.

4.– Estatuak Euskadiri egindako transferentzien artean dauden zerbitzuak betetzeagatik sortutako tasa eta ordainarazpenak edo Euskadira transferitutako organo edo zerbitzuak finantzatzeko balio dutenak ere erkidego horretako berezko tribututzat hartuko dira eta erkidego horrek eskatuko ditu, lege honetan haren ekonomi eskubideak hobeto betetze aldera jaso denaren arabera.

35. atala.– Zergen gainordaina.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoak honako zerga hauek direla-eta gainordainak ezartzeko aukera izango du:

a) Egoitza fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan daukaten pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga.

b) Egoitza fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan daukaten pertsona fisikoen ondarearen gaineko zerga.

c) Ondare-eskualdaketa eta agiri bidezko egintza juridikoen gaineko zerga.

d) Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga.

e) Salmenten gaineko inposizio orokorra, gutxikako fasean.

f) Kontsumo espezifikoen gaineko zergak, gutxiengoen fasean. Salbuespenena: monopolio fiskalen bidez bildutakoak.

g) Jokoaren gaineko tributuak.

2.– Aurreko lerroaldean jasotako gainordainak zehazteko orduan, gogoan izan behar da lurralde historikoek ez dutela, zerga horiek direla-eta, lehenago baino sarrera txikiagorik jaso behar.

3.– Gainordain horiek sortu edo desagertarazteko, legea beharko da.

36. atala.– Estatuaren transferentziak eta izendapenak.

Estatuaren tranferentzia eta izendapenen kasuan, dagokion araudi berezian xedatutakoa bakarrik bete beharko da. Tranferentzia eta izendapen horiek 32. ataleko d) idatz-zatian aipatuta daudenak dira.

37. atala.– Zorpetzea.

Autonomia-erkidegoko administrazioak eta erakunde autonomiadunek egindako kreditu- eta mailegu-operazioen emaitzak eta entitate horiek jaulkitako zor publikoaren emaitzak dira zorpetzeak eragindako sarrerak, 32. ataleko f) idatz-zatian aipatuta daudenak.

38. atala.– Zuzenbide pribatuko sarrerak.

Hona hemen Euskadiko Ogasun Nagusiaren zuzenbide pribatuko sarrerak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren edo erakunde autonomiadunen jabetzapeko ondasunak edo entitate horien eskubide errealak nahiz pertsonalak erabili edo eskura izateagatik lortutako etekin edo edozein motatako produktu, baldin eta dirutan zenbat balio duten zehatz badaiteke eta ez badaude zerbitzu publikorako erabilerapean.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak jaraunspen, legatu edo dohaintza bitartez eskuratutako guztiak.

c) Lege honetako 32. atalean jaso ez den beste edozein sarrera.

39. atala.– Eskurapena.

Euskadiko Ogasun Nagusiaren eskubideak kasuan kasuko edo eskubide horietako bakoitzeko araudi berezian xedatutakoaren arabera eskuratuko dira.

40. atala.– Nola gauzatu.

1.– 32. ataleko a), d), e) eta f) idatz-zatietan aipatutako diru-sarreren kasuan izan ezik, Ogasun Nagusiaren eskubide publikoak bilketa bidez (administrazio-prozedura) edo zuzenbideak onartutako eta kasu honetan aplika daitekeen beste edozein prozedura bidez gauzatuko dira. Bilketaren kasuan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Bilketa Erregelamenduan xedatutakoa bete beharko da.

2.– Borondatez ordaintzeko epe barruan -berariaz bestelakorik xedatzen ez bada behinik behin-, autonomia-erkidegoko administrazio eta erakunde autonomiadunen organoek kudeatu beharko dute bilketa hori, nor bere administrazio-aginpideei lotuta eta arau organikoetan zehaztutako sailak zuzendu eta ikuskatuta. Exekuzioaldian, berriz, diruzaintzako aginpideak dauzkan sailak kudeatu beharko du bilketa.

3.– Sarrera-bilketaren kudeaketa, 1. lerroaldean aipatzen den hori, foru-aldundietako zerbitzuek ere egin ahal izango dute, horretarako izenpetu beharko diren hitzarmenak direla medio eta, beti ere, hitzarmen horietan jarritako moduan. Hitzarmen horietan, gainera, indarrean den legediaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioarenak edo erakunde autonomiadunenak diren aginpideak gauzatzeko aukera era jaso ahal izango da. Hitzarmen horiek Jaurlaritzak onartu beharko ditu eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko dira.

4.– Bilketa kudeatzeko lanetan, halaber, hitzarmenak izenpetu ahal izango dira erakunde publiko nahiz pribatuekin. Hitzarmen horiek izapide berberak izango dituzte, eta, erakunde publikoen kasuan, aurreko lerroaldean aipatutakoen irispide bera izan ahal izango dute.

5.– Eskubideak ordaintzeko beharra, alegia, 1 zenbakiko lerroaldean aipatzen dena, atzeratu edo zatitu ahal izango da, beti ere erregelamendu bidez finkatutako moduan. Diruzaintza-arloko sail eskudunak ezarriko duen zenbatekotik gorako zorrak ordaintzeko atzerapen edo zatiketaren eraginkortasunak bermea jartzea eskatuko du ezinbestez, non eta ez den erregelamendu bidezko barkamena aurreikusten, edo zorduna ez den administrazio publikoetako bat edo zuzenbide publikoko erakundeetako bat. Diruzaintza-arloko sail eskudunari dagokio atzerapena edo zatiketa libreki onartzea.

6.– Eskubide pribatuen eraginkortasunak bat egin behar du ordenamendu juridiko pribatuarekin.

41. atala.– Zertarakoa.

1.– Sarrera bakoitzaren araudian bestela ezartzen ez bada, sarreraren helburua izango da horren titularra den erakundearen betebeharren multzoa finantzatzea.

2.– Helburu zehatzetarako liberalitateetatik datozen sarrerak direnean, ez da beharrezkoa izango berariazko xede-zehaztapena egitea, baldin eta unean-unean indarrean dagoen araudiari jarraiki onartu badira liberalitateak.

42. atala.– Osotasuna.

1.– Ogasun Nagusiaren eskubide publikoekin zerikusia duten egintzak egin ahal izateko, ezinbestekoa da legeren batek aurreikusitako kasuren batean izatea.

2.– Ogasun Nagusiaren eskubide publikoei dagokienez eta Autonomia Erkidegoko administrazioaren nahiz bere erakunde autonomiadunen jabetza diren eskubide pribatuei dagokienez, ezinbestekoa izango da Jaurlaritzaren baimena, baldin eta transakzio judiziala edo estrajudiziala egin nahi bada eta arbitrajearen menpean jarri nahi bada.

3.– Auzipetze Zibilari buruzko XII. idazpuruko 1. eta 8. sekzioetan, eta XIII. idazpuruko 6. sekzioan (batzuk zein besteak II. liburukoak) eta Ordainketak Eteteari buruzko 1922ko uztailaren 26ko Legean aurreikusitako lehiaketa-prozesuetan akordioak edo hitzarmenak izenpetzeko, nahikoa izango da erregelamendu bidez finkatutako organoaren baimena.

43. atala.– Korrituak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen jabetza diren eskubide publikoak direla-eta, erakunde publikoak ez direnek Erkidegoari zor dizkioten zenbatekoek korrituak sortuko dituzte obligazioen epe-mugatik aurrera, eta ez da beharrezkoa izango ohartaraztea, ez eta inolako errekerimendurik ere.

2.– Arlo honetan unean-unean indarrean dagoen legeriak finkatuko du zein den ezarri beharreko berandutze-korritua.

3.– Erakunde publikoek Euskal Autonomia Erkidegoari zor dizkioten zenbatekoei dagokienez, Estatuko araudiak berak aginduko du, non eta Erkidegoan ez dagoen berariazko araudia erakunde horiei buruz. Azken kasu horretan, Erkidegoko araudiak izango du indarra.

44. atala.– Preskripzioa.

1.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren eskubideak preskribigarriak dira. Preskripzio-epeak zehazteko, bete beharrekoak izango dira eskubide horietako bakoitzari zuzen-zuzenean edo zeharka espezifikoki ezar dakizkiokeen xedapenak.

2.– Aurreko lerroaldean aipatzen den xedapenik ez badago, bost urteren buruan preskribituko du Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak eta bere erakunde autonomiadunek zenbait arlotan duten eskubideak. Hona arloak:

a) Eskubide publikoak aitortzea eta kitatzea bere alde, eskubideaz baliatu ahal izan zen egunetik. Baldin eta finkatu bada aitorpen edo kitapen horretarako ezinbestekoa dela aipatutako erakundeei egindako adierazpena, preskripzio-epea ez da zenbatzen hasiko harik eta adierazpen hori, eskatutako baldintza guztiak betez, egin arte.

b) Aitortutako edo kitatutako kreditu publikoak kobratzea, jakinarazpena eraginkorra egin den egunetik, edo, egun hori derrigorrezkoa ez bada, bere epe-mugatik aurrera.

3.– Nolanahi ere, eskubide publikoen preskripzio-epeak honako arrazoi hauek direla-eta eten daitezke:

a) Edozein administrazio-ekintza dela-eta: zordunaren ezagutza formalarekin egiten bada ekintza, nahiz eta dagokion jakinarazpena akastuna izan, eta ekintzaren helburua aitortzea, kitatzea edo kobratzea bada, edo aurreko hiru horiekin zerikusia badu.

b) Zordunak ekintzak burutzen dituenean, eta erreklamazioak edo errekurtsoak jartzen dituenean, nahiz eta legez ezarritakoak ez izan edo formulazio aldetik txarto eginda egon. Dena den, batzuek zein besteek zerikusia izan behar dute aurreko epigrafeek aipatzen dituzten eskubideekin; hala ere, bada salbuespen bat, alegia, erreklamazio edo errekurtsoen eskari nagusi eta bakarra izatea preskripzioa ontzat ematea edo aitortzea.

c) Zordunaren edozein jarduketa dela-eta, baldin eta jarduketa horren helburua aitortzea, kitatzea edo kobratzea bada, edo aurreko hiru horiekin zerikusia badu.

4.– Atal honetako 1. lerroaldean aipatzen den xedapenik ez badago, eskubide pribatuen preskripzioak ordenamendu juridiko pribatua izango du arau.

II. ATALBURUA
BETEBEHARRAK

45. atala.– Bere gain hartzea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartuko ditu bertan sortutako legeek zuzenean ezartzen dizkioten ekonomi betebeharrak. Bere gain ere hartuko ditu ezargarri izango zaizkion beste batzuk, bai eta ordenamendu juridikoarekin bat egiten duten egitate, egintza eta negozio juridikoetatik datozenak ere.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoan sortutako administrazio-egintzak eta erregelamendu-xedapenak baliogabeak izango dira erabat, baldin eta egintza eta xedapenon bidez gastu-konpromisoak lortu nahi badira gastu-orrian baimendutako kredituen zenbateko mugatutik gora.

46. atala.– Efektibitatea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren edo erakunde autonomiadunen kontura diru-kopuruak ordaintzeko obligazioak efektiboak izateko, obligazio horiek autonomia-erkidegoaren aurrekontuak betetzetik, epai irmotik eta diruzaintzako eragiketetatik sortutakoak izan beharko dira. Dena den, epai irmoaren ondorioz sortutako obligazioak betetzeko, obligazio horiek ez baldin badaude aurrekontuan behar bezala jasota, autonomia-erkidegoko aurrekontu-errejimena arautzen duen araudian xedatutakoaz bat hornitu beharko da hutsunea.

2.– Autonomia-erkidegoko gainerako erakundeen kontura egitekoak diren ordainketa-obligazioak antolamendu juridiko pribatuan xedatutakoaz bat izango dira efektiboak.

3.– Autonomia-erkidegoko administrazioaren edo erakunde autonomiadunen kontura egiteko ordainketa-obligazioak beste aldearentzat ere obligazioak eragin dituen harreman juridikoetatik sortu baldin badira, lehenbizikoak ez dira efektibo egingo azkenengo horiek ez baldin badira behar bezala bete edo bermatu. Salbuespena izango dira epai irmoaren bidez onartutako obligazioak.

47. atala.– Preskripzioa.

1.– Lege berezietan ezarritakoa salbuetsita, bost urtera preskribituko dute eskubide hauek:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak eta erakunde autonomiadunek edonolako obligazioak onartu edo kitatzeko eskubidea, ez baldin bada eskatu onar edo kitatu dezala horretarako dauden baldintza guztiak beteta, eta ez badira kasuan kasuko agiri justifikatzaileak aurkeztu. Epea zenbatzen hasteko, obligazioa eragin duen zerbitzua edo prestazioa noiz amaitu den hartuko da kontuan.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak eta erakunde autonomiadunek onartuta edo kitatuta dauden obligazioak ordain ditzatela eskatzeko eskubidea, legezko hartzekodunek edo horien eskubide-hartzaileek erreklamatu ez badituzte. Epea kasuan kasuko obligazioaren errekonozimenduaren jakinarazpenaren efektibitate-egunetik edo obligazioa kitatzen denetik hasiko da zenbatzen.

2.– Lege berezietan ezartzen dena salbuetsita, preskripzioa eteteko, ordenamendu juridiko pribatuko arauek esaten dutena bete beharko da. Dena den, ez dute atal honetako 1. lerroaldeko a) idatz-zatian aipatzen den eskubidearen preskripzioa etetea eragingo ondorengoek: obligazioak aitortzeko edo kitatzeko eskatzeak, atal horretan ezartzen diren baldintzak ez badira betetzen eskaria egitean.

VI. IDAZPURUA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOKO LAGUNTZA ETA DIRU-LAGUNTZEN ERREJIMENA

48. atala.– Helburua eta definizioa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak eta erakunde autonomiadunek kudeatu behar dituzten laguntza eta diru-laguntza publikoen errejimen orokorra arautzea da idazpuru honen helburua, beti ere atal honen beronen 5. lerroaldean esaten dena kontuan izanda.

2.– Aurreko lerroaldean aipatzen denari begira, ondorengoak izango dira laguntza edo diru-laguntza publikoak: Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek pertsonei edo erakunde publiko edo pribatuei doan emandako fondo publikoak, bai gizartearentzat interesgarria edo erabilgarria den jarduera aurrera eramateko edo helburu publiko bat lortzea bultzatzeko. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura emandako edozein laguntza-modu eta oso-osorik edo zati batean Europako Batasuneko nahiz beste administrazio batzuetako fondoekin finantziatutako laguntzak ere laguntza eta diru-laguntza publikoak izango dira.

3.– Egoera berezietan, laguntza edo diru-laguntza horiek Euskal Autonomia Erkidegoaren ondarea osatzen duten ondasunak doan besterenduz edo aldi batez erabiltzeko utziz emango dira. Bide horiek erabiltzeko, Euskadiko ondareari buruzko legerian aurreikusten diren jardunbide bereziak jarraitu beharko dira. Dena den, ondareari buruzko legerian arautu gabe dagoen kasuetarako, lege honetan aipatzen diren arauak bete beharko dira zuzenean.

4.– Europako Batasuneko arauetan (edo autonomia-erkidegokoetan, Europakoak garatzeko edo egokitzeko baldin badira) laguntzak eta diru-laguntzak emateko jardunbideetan ezarritakoaren ordezkoa izango da lege honetan xedatutakoa, beste administrazio bati baldin badagokio oinarrizko erregulazioa edo laguntza ematea eta laguntza hori zenbatekoa izango den administrazioari lege mailako aginduren batek agintzen baldin badio.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez finantziatuta dauden baltzu publiko, zuzenbide pribatuko erakunde publiko eta gainerako erakundeek, beren ezaugarri edo forma juridikoa edozein izanik ere, diru-laguntzaren bat eman behar dutenean, publizitate, konkurrentzia eta objektibitatearen printzipioak beteko dituzte, idazpuru honetan aipatzen diren moduan.

Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde mailako administrazioa osatzen duten baltzu publikoek eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoek, beren ezaugarri juridikoekin bateragarria den neurrian, 49. ataleko 3, 10, 11 eta 12. lerroaldeetan xedatutakoa, 50. ataleko 1, 2, eta 3. lerroaldeetan xedatutakoa, 51. ataleko 1. lerroaldean eta 53. ataleko 1. eta 2. lerroaldeetan xedatutakoa ezarri beharko dute. Laguntzak arautzen dituzten oinarriak onartzea eta laguntza horiek ematea horretarako eskumena duten organoen eginkizuna izango da (erakundearen estatutu sozialean edo sorrerako arauan esaten dena kontuan izanda) eta aipatutako oinarri horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez zabalduko direla bermatuko da.

6.– Idazpuru honetan xedatutakoa, 50. atalean aurreikusten dena alde batera utzita, ez zaie aplikatuko Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoak emango dituen abal eta beste berme batzuei, horiek beren araudi berezia izango dutelako.

Gorago esandakoa hala izanik ere, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak eta erakunde autonomiadunek bermeak erabiltzen baldin badituzte sustapeneko tresna moduan, 49. ataleko 1. lerroaldean finkatu diren printzipioak bete beharko dituzte, baldin eta printzipio horiek bideragarriak baldin badira eman behar diren bermeek dituzten ezaugarriekin.

49. atala.– Diru-laguntzak emateko printzipioak eta mugak.

1.– Idazpuru honetan aipatzen diren diru-laguntzak eta laguntzak emateko, publizitate, konkurrentzia eta objektibitatearen printzipioak bete beharko dira, eta baita idazpuru honetan bertan aipatzen diren jardunbideak eta irizpideak jarraitu ere.

2.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko dira jarraitu beharreko arauak, laguntzen eta diru-laguntzen deialdiak eta, hala gertatzen denean, baita eman edo ez erabakitzeko proposamena egingo duen organoa nortzuk osatuko duten ere. Gainera, interesatuentzat garrantzia izango duten ekintzak ere argitaratu egingo dira, modu orokorrean eragiten baldin badiete.

Kasuan kasuko laguntzak eta diru-laguntzak arautzen dituzten arauek besterik esaten ez badute behintzat, laguntzak emateari edo ukatzeari buruzko erabakiak eta horietan egindako aldaketak Euskal Herriko Agintzaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko dira, ekonomia-kontroleko eskumenak dituen sailak ezarriko duen moduan. Laguntzak edo diru-laguntzak eman direla ez da derrigorrez argitaratu beharko horiek ematea eta zenbat eman lege mailako arauren batek agintzen baldin badio administrazioari, edo onuradun askori eragiten bazaio horrekin edo emandako diru-laguntzak arau bidez zehaztuko den kopuru jakin bat baino txikiagoak baldin badira. Azken kasu horretan, arauek beste era bateko jardunbideren bat erabili ahal izatea aurreikusi beharko dute, kasuko ezaugarri bereziak, zenbatekoa eta kopurua kontuan izanda, laguntza horien onuradunen publizitatea ziurtatu ahal izateko, kasuan kasuko kudeaketa-unitateetan.

3.– Laguntzak eta diru-laguntzak emateko, kasuan kasuko arauek esaten dutena hartuko da kontuan. Dena den, jartzen diren baldintzak betetzen dituzten guztiek askatasunez parte hartzeko aukera dutela ziurtatu beharko dute arau horiek, eta gainera, berdintasunez parte hartzea ere erraztu beharko da.

4.– Administrazioak diru-laguntzak emateak fondo publikoak banatzea dakar, eta jarduera horretan ustezko onuradunek ezagutu egin beharko dute, aldez aurretik, zeintzuk diren erabiliko diren baremoak, parametroak eta irizpide objektiboak.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoak ekitaldi ekonomiko bakoitzean indarrean izango dituen aurrekontu orokorrak zehaztuta daudenean, programei diru-laguntzak eman edo ez erabakitzeko arauak eguneratu, berrikusi edo, hala behar badu, ezarri egin beharko dira. Zehaztugabeko indarraldia eman zitzaien diru-laguntzen kasuan, dagokien deialdia egin beharko da.

6.– Aurreko lerroaldeetan esaten dena ez da ezarri beharko Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan izendatuta ageri diren diru-laguntzen kasuan. Lege honi dagokionez, halakotzat hartuko dira ondorengo ezaugarriak dituztenak: Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan gehienezko kopurua kontsignatuta izatea, eta onuradunak zehazki mugatuta egotea, modu bakarrean eta baztertzailean.

7.– Laguntzak edo diru-laguntzak zuzenean ematea Eusko Jaurlaritzaren eginkizuna izango da, interesa duen saileko sailburuak proposamena egin eta gero. Zuzenean emandako diru-laguntza horiekin ez da beteko aurreko lerroaldeetan xedatutakoa, baina salbuespenetan baino ez dira emango. Hori horrela izanik, arrazoitutako justifikazio bidez eta txosten baten bidez, interes publikoko, gizarteko, ekonomiako edo giza arloko zein arrazoi dauden erakutsi beharko da, eta baita deialdia xedapen orokor baten bidez egiterik ez dagoela erakutsi ere.

8.– Kasuan kasuko ekitaldi ekonomikoa amaitzean, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorreko sailek eta erakunde autonomiadunek diru-laguntza jasota aurrera eraman diren programak aztetuko dituzte, emaitzak zenbatekoak izan diren ikusteko, gizartean zenbateko eragina izan duten eta zenbateraino diren erabilgarriak jakiteko eta dena delako programa mantendu edo bertan behera utzi behar den erabakitzeko. Egingo den ebaluaketa horren berri kontrol ekonomikoaren arloko eskumenak dituen sailari emango zaio.

9.– Sei hilean behin, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu gabe eman diren diru-laguntzen berri emango dio Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontuen Batzordeari, eta baita atal honetako 7. lerroaldean aurreikusitakoaz bat eman diren diru-laguntzen berri ere. Era berean, Legebiltzarreko batzorde horretara bidaliko ditu laguntzak jaso dituzten programei buruz egindako ebaluaketak, hain zuzen ere aurreko lerroaldean esaten dena betez egindako ebaluaketak.

10.– Diru-laguntzen zenbatekoa, bakarka hartuta edo beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuek emandako diru-laguntza edo laguntzak batuta, edo helburu bera lortzeko diren beste sarrera edo baliabide batzuk ere batuta (azken hori arauetan hala zehazten baldin bada), ez da inoiz ere onuradunak aurrera eraman nahi duen jardueraren kostua baino edo hasieran jarri zen helburuaren kostua baino handiagoa izango.

11.– Diru-laguntza ordaintzeko, aldez aurretik diru-laguntzarekin lortu nahi zen helburua bete dela erakutsi beharko da.

Aurreko hori hala izanik ere, diru-laguntzaren ezaugarriak direla eta justifikatzen baldin bada, konturako ordainketak egin ahal izango dira. Konturako ordainketak egitearen bidez, zatikako ordainketak egin ahal izango dira, diru-laguntza jaso duten ekintzek aurrera daramaten erritmoaren arabera ordaintzeko. Aurkezten den justifikazioan ageri den kopurua ordainduko da zatikako ordainketa horretan.

Salbuespenetan, kopuru batzuk aurreratuta ordaindu ahal izango dira, hau da, justifikazioa aurkeztu baino lehen ere ordaindu ahal izango dira, finantziazio hori beharrezkoa baldin bada diru-laguntzaren helburu diren jarduerak aurrera eramateko.

12.– Diru-laguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatu egiten bada, eta edozein kasutan, beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen diru-laguntzak eskuratu baldin badira lehia bidez, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortu badira, laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu egin ahal izango da, beti ere diru-laguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak bete egiten baldin badira. Egoera horren berri jasota egon beharko da diru-laguntzei buruzko arauetan.

50. atala.– Diru-laguntza eta laguntza publikoen onuradunak.

1.– Laguntza edo diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera burutuko duen pertsona edo, era berean, ematea bera legitimatzeko egoeran dagoen pertsona izango da laguntza edo diru-laguntzen onuraduna.

2.– Onuradunak betebehar hauek izango ditu:

a) Jaurduera aurrera eramatea edo diru-laguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

b) Diru-laguntza eman duen erakundearen aurrean justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eramango dela.

c) Laguntza eman duen erakundeak egingo dituen konprobazioen menpe eta Ekonomi Kontroleko Bulegoak burutuko duen ikuskaritzaren menpe egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren laguntza edo diru-laguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien menpe ere egon beharko du.

d) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea hasierako laguntza eman duen erakundeari.

e) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu egin baldin bada, horren berri ematea laguntza eman duen erakundeari.

3.– Ekonomi kontroleko eskumenak dituen sailak erabakiko du diru-laguntzak jaso dituzten zein programetan izango den beharrezkoa zerga arloko eta gizarte segurantzarekiko obligazioak beteta daudela erakustea onuradunek, laguntza eman eta ordaindu ahal izateko. Era berean, sail horrek erabakiko du aurrekoa zein agiriren bidez egiaztatuko den.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

51. atala.– Laguntzak emateko arauak, eskumenak eta jardunbidea.

1.– Laguntzak edo diru-laguntzak emateko arauetan, gutxienez ondoren aipatzen direnak adierazi beharko dira:

a) Laguntza edo diru-laguntzaren helburua zein den zehatz definitu beharko da.

b) Laguntza edo diru-laguntza eskuratzeko, onuradunek zein baldintza bete beharko dituzten zehaztuko da; baita baldintza horiek nola egiaztatu behar diren eta zein eperen barruan. Kasu guztietan, eskumena duen organoak egiaztatutako premia handiko egoeretan edo arau-konkurrentzia dagoenetan salbu, eskabideak aurkezteko epea araua argitaratzen denetik hilabetekoa izango da, gutxienez.

c) Laguntza edo diru-laguntza esleitzeko eta, hala behar badu, baita neurtzeko ere, irizpide objektiboak zehaztu beharko dira. Laguntzaren edo diru-laguntzaren helburua den gaian hizkuntzaren erabilerak zerikusia baldin badu, edo azaroaren 24ko 10/1982 Legearen (Euskararen Erabilera Arauzkotzeko Oinarrizkoa) 25, 26 eta 27. ataletan aipatzen diren jarduera-eremuetakoak baldin badira gai horiek, hizkuntza-gaitasuna kontuan eduki beharko da esleipena egiteko irizpide objektiboen artean.

d) Laguntza edo diru-laguntzaren banan-banako zenbatekoa zein den zehaztu beharko da, edo bestela, hori zehazteko irizpideak zeintzuk diren adierazi. Hala behar badu, laguntza edo diru-laguntzan gehienez zenbat diru erabiliko den ere adieraziko da.

e) Beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratzeko aukerarik dagoen edo ez adierazi beharko da. Bestelakorik eskuratzeko aukera egon daitekeela onartzen baldin bada, gehiegizko finantziazioa saihesteko irizpideak eta mugak jarri beharko dira nahitaez.

f) Laguntza edo diru-laguntza kudeatzeko eta eman edo ez erabakitzeko eskumena zein organok duen esan beharko da. Baita erabakia noiz emango den, eta erabakitakoa jendeari behar bezala jakinaraziko zaiola bermatzeko zein bide jarraituko den.

g) Eskuratutako laguntza edo diru-laguntza onuraduna hasieran jarritako helbururako erabiltzen ari dela noiz eta nola egiaztatu esan beharko da.

h) Konturako ordainketak eta aldez aurretiko ordainketak egiteko aukera dagoen edo ez, noiz egin behar diren eta nola egin behar diren zehaztu beharko da; salbuespeneko kasuetan aldez aurretiko ordainketan egiteko aukera eskaintzen baldin bada, edo konturako ordainketen kasuan ere bai, onuradunek zein berme jarri beharko duten ere esan beharko da. Horrekin batera, interes publikoen alde jarri beharreko gainerako bermeak zeintzuk diren ere zehaztu beharko da.

i) 49. ataleko 12. lerroaldean esaten denaz bat banatutako diru-laguntzen kasuan, diru-laguntza horiek aldatu edo berrikusteko aukera egongo da, berariaz aurreikusitako kasuetan.

j) Laguntza edo diru-laguntza emateko jarri ziren baldintzak ez baldin badira betetzen, eskuratutako fondoak itzuli egin beharko dira.

k) Laguntzak zertan erabili diren kontrolatzeko asmotan ari direnean, Ekonomi Kontroleko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dioten informazio guztia eman beharko die onuradunak.

l) Beharrezkoa denean, 52. atalean aipatzen diren pertsona juridikoek zer nolako kaudimena eta eraginkortasuna izan beharko duten zehaztu beharko da.

m) Baldintzak betetzen ez direnetarako, dirua nola itzuli zehaztuko da; itzultzeko modukoak diren laguntzen kasuan, itzultzeko jardunbidea finkatuko da, eta baita laguntza hori erabat edo zati batean kentzeko egoerak ere.

n) Epearen barruan erabakirik ez hartzeak zer adierazten duen, arauaren aurka zein errekurtso aurkez daitezkeen (administrazioko edo justiziako organoa zehaztuta), errekurtsoak aurkezteko zein epe egongo den eta ezartzekoa den araudi orokorrean eskatzen diren gainerako baldintzak ere zehaztu beharko dira.

2.– Gobernua, sailburuak eta erakunde autonomiadunen lehendakari eta zuzendariak dira arauak onartu eta bakoitzak bere esparruko laguntzak eta diru-laguntzak emateko eskumena duten organoak. Laguntza edo diru-laguntzei buruzko arauetan, eskumena duten erakundeek beste organo batzuen esku utzi ahal izango dute nori eman erabakitzeko eskumena, egitura organikoa ezartzen duten arauen bidez.

3.– Laguntzak edo diru-laguntzak emateari buruzko arauak onartzea gobernuaren eginkizuna den kasuetan, emate horrek kasuan kasuko gastua onartzea ere izango du ondorioen artean.

4.– Laguntzak eta diru-laguntzak emateko jardunbide orokorra lehiaketa izango da. Lege honetan aipatzen diren egoeretarako, lehiaketa aipatzean, laguntzak edo diru-laguntzak emateko, aurkeztutako eskabide guztiak alderatu egingo direla esan nahi da, eskariak hurrenkera jakin batean jartzeko, aldez aurretik arauetan balorazioa egiteko ezarritako irizpideak jarraituz. Horrela, irizpideen arabera balorazio handiena lortu duten eskabideei bakarrik emango zaie laguntza. Kasu horretan, laguntza emateko proposamena hori erabakitzeko eskumena duen organoari egingo dio kide anitzeko beste organo batek. Kide anitzeko organo hori nola osatuta egongo den laguntzaren edo diru-laguntzaren ezaugarriak arautuko dituen arauan egongo da jasota.

5.– Diru-laguntzaren helburuak eta ezaugarriak kontuan izanda ez bada erabiltzen lehiaketaren sistema, arauetan berariaz esan beharko da diru-laguntza eskuratu nahi duen dena delako programarako fondo publikoak mugatuak izango direla, eta fondo horiek amaitzearen ondorioak zeintzuk diren ere zehaztu beharko da. Dena den, fondoak amaitzen direnean, egoera horren berri jendaurrean adierazi beharko da, beste laguntzarik eman ez dadin.

6.– Dena den, gorago esandakoaren kaltetan izan gabe eta laguntzaren edo diru-laguntzaren ezaugarriek aukera ematen dutenean, eskumena duen organoak laguntza edo diru-laguntzendako zegoen gehienezko zenbateko osoa diru-laguntzen onuradun guztien artean banatzea erabaki ahal izango du, arauetan aukera hori aurreikusita dagoen kasu guztietan.

7.– Laguntza edo diru-laguntza emateko agirian, ondorengoak adierazi beharko dira: laguntzaren helburua zein den, zenbatekoa den laguntza, nola eta zenbat zatitan ordainduko den, gastua egiten ari dela nola egiaztatuko den, zein xedapenetan oinarrituta eman den laguntza, eta laguntza edo diru-laguntzari buruzko arauan eta ezartzekoa den araudi orokorrean aipatzen diren gainerako baldintzak.

8.– Laguntza edo diru-laguntzen onuradunek zein berme-sistema orokor bete beharko duten finkatuko du gobernuak erregelamendu bidez. Berme horiek beharbada aldez aurretik egingo diren ordainketei aurre egiteko edo dena delako laguntza edo diru-laguntzaren helburua ez betetzeko arriskuari aurre egiteko izango dira. Horrekin batera, erakunde laguntzaileek (52. atalean aipatzen dira) zein baldintza, errejimen eta betebehar izango duten eta diru-laguntzak eta laguntzak itzultzeko jardunbide orokorra zein izango den ere zehaztuko du gobernuak.

52. atala.– Dirulaguntzak kudeatzeko erakunde laguntzaileak.

1.– Laguntzen edo dirulaguntzen arauetan hala jasotzen bada, erakunde laguntzaile batek kudeatu eta ordaindu ahal izango ditu laguntza edo dirulaguntza publikoak.

Ondorio horietarako, honako hauek hartu ahal izango dira erakunde laguntzailetzat: zuzenbide publikoko erakundeak eta zuzenbide publikoko erakundeek eratutako fundazioak, bai eta finkatuko diren kaudimen eta eraginkortasun-baldintzak betetzen dituzten pertsona juridikoak ere.

Dirulaguntzarekin edo laguntzarekin zerikusia duten ondorio guztietarako, erakunde laguntzaileak organo emailearen izenean eta kontura jardungo du, eta kudeatuko duen dirulaguntza edo laguntza ez da erakundearen ondaretzat hartuko. Onuradunak erakunde emailearekiko dituen betebeharrak, hain zuzen ere, lege honen 50. atalean jasotakoak, erakunde laguntzailearekiko betebeharrak dira.

2.– Hona hemen erakunde laguntzaileen betebeharren oinarrizko errejimena:

a) Hala ezarrita dagoenean, onuradunei ematea jasotako fondoak, beti ere dirulaguntzaren edo laguntzaren arauetan aurreikusitako irizpideekin bat.

b) Dirulaguntza emateko funtsezko baldintzak edo beharkizunak bete direla eta eraginkorrak direla egiaztatzea, hala badagokio.

c) Erakunde emaileari zuritzea nola banatu diren xede horrekin jasotako fondoak, eta, hala badagokio, erakunde emaileari eskuratzea onuradunek aurkeztutako frogagiriak.

d) Erakunde emaileak, Ekonomi Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak fondoen kudeaketari buruz egingo dizkieten egiaztatze-jarduketak onartu beharko dituzte.

3.– Baldin eta dirulaguntzak eta laguntzak kudeatzearren beharrezko bada Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde-administrazioko erakundeen lankidetza, administrazio horretako zuzenbide publikoko erakundeena, edo lurralde historikoetako foru-organoena eta toki-erakundeena, orduan, lankidetza-errejimena ezarriko da, bai arau espezifiko modura, bai hitzarmenen bidez. Erakundeek edo organoek, nolanahi ere, bete beharko dituzte atal honetako 2. lerroaldean erakunde laguntzaileentzat aurreikusitako betebeharrak.

53. atala.– Dirulaguntza eta laguntza publikoak itzultzea.

1.– Ondoren zehazten diren kasuetan, ezin izango da laguntzaren edo dirulaguntzaren ordainketa galdatu, eta aurretik zerbait ordaindu bazaie, bidezkoa izango da, batetik, jasotako zenbatekoak itzularaztea, eta, bestetik, laguntza edo dirulaguntza ordaindu zenetik aurrera sortuko ziren legezko korrituak galdatzea. Hona hemen kasuok:

a) Gastuak zuritzeko beharkizuna ez betetzea.

b) Laguntza edo dirulaguntza lortzea, horretarako eskatzen diren baldintzak izan gabe.

c) Laguntzak edo dirulaguntzak emate-erabakian zuen helburua ez betetzea.

d) Laguntzaren edo dirulaguntzaren emate-erabakian ezarritako baldintzak ez betetzea.

e) Lege honetan ezarritako kontrol-jarduketak oztopatzea edo uko egitea.

f) Laguntza edo dirulaguntza bakoitzaren arau espezifikoetan aurreikusitako gainerako kasuak.

2.– Lege honen 49. ataleko 12. lerroaldean jasotzen den kasuan, halaber, bidezko izango da diruz lagundutako jarduera-kostuaren gainetik lortutako gaindikina itzularaztea.

3.– Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko dirusarreratzat hartuko dira, eta ezarriko zaien erantzukizun-errejimena lege honetako 64. atalean jasotakoa da.

4.– Erakunde emaileari dagokio itzulketa-jardunbidea ebaztea, hasierako erabakia ezeztatzea eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoaren itzulketa galdatzea. Dena dela, dirulaguntzak edo laguntzak itzultzeko jardunbide orokorrean, alegia, 51. ataleko 8. lerroaldean jasotzen den horretan, aukera egongo da erakunde emailea ez den beste erakunde batek itzultze-espedientea hasi eta izapidatzeko; espedientea ebaztea, berriz, erakunde emaileari dagokio beti.

5.– Ikuskatze edo kontrol-lanetan antzematen bada laguntza edo dirulaguntza ez dela zuzen lortu eta erabili, edo jasotako laguntza edo dirulaguntzaren helburua ez dela aurkeztutakoa, orduantxe, ikuskatze-lanok egiteko ardura dutenek atxiki ahal izango dituzte fakturak, agiri baliokideak nahiz ordezkoak eta eragiketa susmagarriei buruzko beste edozein agiri.

VII. IDAZPURUA
BABESA
I. ATALBURUA
BERMEAK

54. atala.– Eskubideak egikaritu ezina.

1.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren eskubideak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioarenak edo haren erakunde autonomiadunenak badira, ezin izango dira egikaritu edo bahitu, ez administrazio bidez, ez jurisdikzio bidez.

2.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren gainerako eskubideek aurreko epigrafean xedatutakoa izango dute arau, beti ere legeren batek hala ezarri badu.

55. atala.– Egintzak eta kontratuak desegitea.

1.– Euskadiko Ogasun Nagusia kaltetzen duten egintzak eta kontratuak desegingarriak dira.

2.– Aurreko lerroaldean xedatutakoa ezarrita ere, bidezkoak diren bestelako egintzak edo errekurtsoak ere ezar daitezke.

56. atala.– Lehentasun-eskubidea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak eta bere erakunde autonomiadunek, beren eskubideen eraginkortasunari dagokionez, izango duten lehentasun-eskubidea, eta ordenamendu juridikoak Estatuko administraziorako eta beren erakunde autonomiadunetarako ezarritakoa berbera izango da, non eta ez duten azken erakunde hauekin batera jarduten; azken honetan, kasuan kasuko arau espezifikoak ezarriko dira.

2.– Lurralde historikoen jabetza diren tributu-kredituek, hain zuzen ere, itunpeko zergei dagozkienek, lehentasuna izango dute Autonomia Erkidegoko administrazioaren eta bere erakunde autonomiadunen eskubideekiko.

57. atala.– Eskubideak aseguratzea.

1.– Zordunaren ekonomi edo finantza-egoera larriaren ondorioz, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak edo bere erakunde autonomiadunek Ogasun Nagusian dituzten eskubideak galdu, urritu, demeritatu edo eraginkorra ez izateko arriskua gertatzeko pisuzko zantzuak badaude, erakunde horiek, eskubideon edukia eta eraginkortasuna bermatzeko, zordunaren ondasun eta eskubideekiko berme-eskubide errealak eratu ahal izango dituzte, edo eta zordunari ezarri bestelako ekonomi bermeak emateko beharra.

2.– Administrazio-jardunbidearen arabera hartuko eta betearaziko dira aipatutako neurriak. Jardunbideak bi aldi izango ditu:

a) Behin-behineko aseguratze-aldia.

b) Behin betiko aseguratze-aldia.

3.– Behin-behineko aseguratze-aldian, 1. lerroaldean zehaztutako erakundeek honako ekintza hauek egingo dituzte:

a) Jardunbidera sartuko dituzte, batetik, arrisku-zantzuak era ditzaketen egitate eta zuzenbide-osagaiak, eta, bestetik, hala badagokio, hartutako egiaztatze-neurriak.

b) Hala dagokionean, dauden arrisku-zantzuei egokituriko neurriak hartu beharko dituzte behin-behinekotasunez.

c) Hartutako neurriak betearazi beharko dituzte; neurrion barruan sartuko da, hala dagokionean, berme-eskubideen inskripzioa kasuan kasuko erregistroetan.

4.– Behin betiko aseguratze-aldian, 1. lerroaldean zehaztutako erakundeek honako ekintza hauek egingo dituzte:

a) Hartutako behin-behineko neurriak jakinarazi beharko dizkiote zordunari.

b) Administrazio-jardunbidearen arauei jarraiki bidezkoak diren probak egin beharko dituzte.

c) Zordunari entzun behar diote.

d) Txosten juridikoa egin behar dute.

e) Hala dagokionean, dauden arrisku-zantzuei egokituriko neurriak hartu beharko dituzte behin betikotasunez; behin betikotasunez hartutako neurri horiek eta aurretik hartutako behin-behinekoak berdinak edo ezberdinak izan daitezke.

5.– Nolanahi ere, behin-behineko neurriak hartzen direnetik bi hileko epean indarrik gabe geratuko dira, eta, gainera, ez da horri buruzko inolako aitorpenik egin beharko.

6.– Behin betiko neurriak hartzean zehazten den epean zehar izango dute eraginkortsuna neurriek. Nolanahi ere, epearen iraupena mugatua izango da: gehienez ere eskubideen edukia eta eraginkortasuna bermatzeko behar den bestekoa.

7.– Aurreko lerroaldean xedatutakoa ezarrita ere, bestelako aseguratze-neurriak ere har daitezke, beti ere neurriok ordenamendu juridikoan aurreikusita badaude.

58. atala.– Eskubideak erabili edo zaintzeagatiko fidantzak eta aseguruak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeetan diharduten langileek, eta pertsona fisiko nahiz juridiko publiko nahiz pribatuek, baldin eta erkidegoaren eskubide publikoak erabili edo zaintzen badituzte, fidantza ipini beharko dute erregelamendu bidez zehaztuko den kasu, zenbateko eta moduan.

2.– Autonomia Erkidegoak aseguru-kontratuak egin ahal izango ditu bere erakundeenak diren eskubide publiko nahiz pribatuak inoiz galdu edo lapurtzeko arriskuaz babesteko.

II. ATALBURUA
ERANTZUKIZUNAK

59. atala.– Eragindako kalte eta galeren ordainak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoan diharduten agintariek, funtzionarioek eta gainerako langileek dagozkien kalte-ordainak ordaindu beharko dituzte, baldin eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren araudien aurka dagoen egintzaren bat edo ez-egiteren bat burutzeagatik kalteak edo galerak eragiten badizkiote ogasunari, eta tartean doloa, errua edo axolagabekeria larria izan bada.

2.– Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoaren fondoetatik datorren edozein dirulaguntzaren edo laguntzaren titularrak diren pertsona fisikoek edo juridiko partikularrek, edo zeinnahi arrazoi dela-eta fondo publikoak zaindu, kudeatu edo administratzen dituztenek kalte-ordainak ordaindu beharko dituzte, baldin eta Euskadiko Ogasun Nagusiarekiko beren harremanak ezartzen dituzten arauen aurkako egintzaren bat edo ez-egiteren bat burutzeagatik kalteak edo galerak eragiten badizkiote ogasunari, eta tartean doloa, errua edo axolagabekeria larria izan bada.

3.– Barneko ekonomi kontroleko eginkizunak dituztenek, diruzainek eta ordainketak agintzeko ardura dutenek kalte-ordainak ordaintzeko beharra dute, baina kasu honetan bakarrik: Euskadiko Ogasun Nagusiari kalteak eta galerak eragiten dizkioten egintzak edo xedapenak bidezkoak edo legezkoak diren aztertzeko espedientean, doloa, errua edo axolagabekeria larria erabiliz, zaindu egin ez badute beren jarduna.

4.– Kalte-ordainak ordaintzeko behar hori, alegia, aurreko lerroaldeetakoa, ezarrita ere, bestelako erantzukizunak ere eska dakizkieke, besteak beste, diziplina-erantzukizunak edo erantzukizun penalak, edo eta bidezkoak diren zigorrak ezarri ere.

5.– Erantzule bat baino gehiago dauden kasuetan, erantzukizuna mankomunatua izango da, dolorik ez badago; doloa egonez gero, berriz, solidarioa izango da.

60. atala.– Portaeren sailkapena.

Ondoko egintzak edo ez-egiteak direla-eta, kalte-ordainak ordaindu beharko zaizkio Euskadiko Ogasun Nagusiari. Hona egintzok eta ez-egiteok:

a) Euskadiko Ogasun Nagusiaren fondoetan zorpekoak egitea edo fondoak bidegabe erabiltzea.

b) Ekonomi eskubideak kudeatzeko, kitatzeko, ikuskatzeko, biltzeko eta Euskadiko Diruzaintza Nagusian sartzeko arauak bete gabe, administratzea Euskadiko Ogasun Nagusiaren ekonomi eskubideak.

c) Krediturik gabe edo nahikoa krediturik gabe edo aurrekontu-diziplinako indarreko arauak hautsiz, gastuak baimentzea, konprometitzea, eta ordainketak agintzea.

d) Obligazioak kitatzean edo agindutako eginkizunen araberako agiriak egitean, behar ez diren ordainketak egitea.

e) Arauek behartutako kontu-errendapena ez egitea, edo berandu egitea, edo akats larriekin egitea.

f) Jasotako fondoak zertan gastatu diren ez zuritzea, batez ere Euskadiko Aurrekontu Errejimenari buruzko legeriak aipatzen dituen behin-behineko igorpenen arabera jasotako fondoak direnean.

g) Euskadiko Ogasun Nagusiko administrazioa eta kontabilitatea arautzen dituzten xedapenak betetzen ez dituen edozein egintza edo ez-egite.

61. atala.– Administrazio-espedientea.

Arlo honetako ekonomi kontroleko kanpo-organo edo organoen eskumenen kalterik gabe, 60. ataleko b)-tik g)-ra bitarteko idatz-zatietatik ondorioztatzen den erantzukizuna administrazio-espedientearen bidez ezarriko da; espedientearen izapidegilea Ekonomi Kontrolerako Bulegoa izango da. Baldin eta ustezko erantzuleak agintari-izaera badu, Jaurlaritza bera izango da espedientea abiarazi eta ebatziko duena; gainerako kasuetan, berriz, ogasun eta finantzetako eskumenak dituen sailburuak egingo du.

Interesdunak entzundakoan, izapidatutako espedientea amaitutzat jotzen duen ebazpenak behar den erabakia agertuko du Euskadiko Ogasun Nagusiari eragindako kalte eta galerei buruz. Erantzuleei, halaber, ezarriko die zenbateko kalte-ordainak eta nolako epeetan ordaindu behar dizkioten Ogasun Nagusiari, beti ere erregelamendu bidez ezarriko den jardunbidearen arabera.

III. ATALBURUA
LAGUNTZA ETA DIRULAGUNTZA PUBLIKOEN ARLOKO ARAU-HAUSTEAK ETA ZIGORRAK. ERREJIMENA

62. atala.– Arau-hausteen errejimena.

1.– Ondoko zerrendako portaerak, edozein erru-mota izanik ere, laguntza eta dirulaguntza publikoen arloko arau-hausteak dira. Hona portaerok:

1.1.– Onuradunei dagokienez.

a) Laguntza emateko eskatzen diren baldintzak gezurtatuz nahiz ematea galaraziko edo mugatuko zuten baldintzak izkutatuz, laguntza edo dirulaguntza lortzea.

b) Jasotako zenbatekoak edo ondasunak, guztiz edo zatiz, ez erabiltzea laguntza edo dirulaguntzak emate-erabakian zuen helbururako, beti ere aurretiazko errekerimendurik izan gabe itzuli ez bada.

c) Laguntza edo dirulaguntza ematearen ondorioz onuradunak bete beharko lituzkeen beharkizunak ez betetzea, beti ere onuradunari egotzi ahal zaizkion arrazoiak izan badira.

d) Organo emaileak, erakunde laguntzaileak (hala badagokio), eta Ekonomi Kontrolerako Bulegoak egin beharreko egiaztatze eta kontrol-jarduketak ukatu edo oztopatzea.

e) Organo emaileari edo, hala badagokio, erakunde laguntzaileari ez jakinaraztea helburu berbererako laguntzak, dirulaguntzak, dirusarrerak edo baliabideak lortu izana, edozein dela ere administrazio edo erakunde (publikoa edo pribatua) emailea; halaber, ez jakinaraztea dirulaguntza emateko funtsezkoa izan den edozein inguruabarren aldaketa.

f) Jasotako fondoak edo ondasunak zertan erabili diren ez zuritzea.

g) Organo emaileari edo, hala badagokio, erakunde laguntzaileari ez frogatzea laguntza edo dirulaguntza emateko erabakian ezarritako betebeharrak bete direla.

1.2.– Erakunde laguntzaileei dagokienez:

a) Nahiz eta ezarrita egon, laguntzako edo dirulaguntzako arauetan edo, hala badagokio, 52. ataleko garapen-arauetan aurreikusitako irizpideak aintzat hartu gabe, onuradunei ordaintzea jasotako fondoak.

b) Organo emaileak jaso diren fondoen kudeaketari buruz egin beharreko egiaztatze-jarduketak, eta Ekonomi Kontrolerako Bulegoak egin beharreko kontrol-lanak ukatu edo oztopatzea.

c) Laguntzaren edo dirulaguntzaren onartze-erabakian funtsezkoak diren baldintzak bete direla eta eraginkorrak direla ez frogatzea.

d) Organo emaileari ez zuritzea jasotako fondoen erabilera, edo onuradunek aurkeztutako zuritze-agiriak ez entregatzea.

2.– Atalburu honetan jasotako administraziozko arau-hausteak oso larriak, larriak eta arinak izan daitezke.

2.1.– Honako hauek arau-hauste oso larritzat joko dira: onuradunen kasuan, atal honetako 1.1 lerroaldeko a), b) eta c) letretan azaldutakoak; erakunde laguntzailearen kasuan, berriz, aurreko 1.2 lerroaldeko a) letran aurreikusitakoa.

2.2.– Honako hauek arau-hauste larritzat joko dira: onuradunen kasuan, atal honetako 1.1 lerroaldeko d) eta e) letretan azaldutakoak; erakunde laguntzailearen kasuan, berriz, aurreko 1.2 lerroaldeko b) eta c) letretan aurreikusitakoa.

2.3.– Honako hauek arau-hauste arintzat joko dira: onuradunen kasuan, atal honetako 1.1 lerroaldeko f) eta g) letretan azaldutakoak; erakunde laguntzailearen kasuan, berriz, aurreko 1.2 lerroaldeko d) letran aurreikusitakoa.

3.– Arau-hauste oso larriek bost urteren buruan preskribituko dute, larriek hiruren buruan eta arinek urtebetearenean. Arau-haustea egin den egunean berean hasiko da zenbatzen preskripzio-epea.

63. atala.– Zigorrak.

1.– Administraziozko arau-hausteek honako eskala hau izango dute zigorbide:

1.1.– Arau-hauste oso larriak:

a) Behar ez bezala lortutako zenbatekoaren bi halakotik hiru halakora bitarteko isuna; erakunde laguntzailearen kasuan, jasotako fondoen zenbatekoaren bi halakotik hiru halakora bitarteko isuna.

b) Onuradun zein erakunde laguntzailearen kasuan, hiru urtetik bost urtera bitarteko epean zehar, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoko laguntzak edo dirulaguntzak lortzeko eskubidea galtzea, edo erakunde laguntzaile izendatzeko eskubidea galtzea.

c) Hiru urtetik bost urtera bitarteko epean zehar, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoarekin kontratuak egiteko debekua.

1.2.– Arau-hauste larriak:

a) Behar ez bezala lortutako zenbatekoaren adinakotik bi halakora bitarteko isuna; erakunde laguntzailearen kasuan, jasotako fondoen zenbatekoaren adinakotik bi halakora bitarteko isuna.

b) Onuradun zein erakunde laguntzailearen kasuan, urtebetetik hiru urtera bitarteko epean zehar, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoko laguntzak edo dirulaguntzak lortzeko eskubidea galtzea, edo erakunde laguntzaile izendatzeko eskubidea galtzea.

c) Urtebetetik hiru urtera bitarteko epean zehar, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioarekin kontratuak egiteko debekua.

1.3.– Arau-hauste arinak:

a) Behar ez bezala lortutako zenbatekorainoko isuna, edo zuritu gabeko zenbatekorainokoa; erakunde laguntzailearen kasuan, jasotako fondoen zenbatekorainoko isuna.

b) Onuradun zein erakunde laguntzailearen kasuan, urtebeteko epean zehar, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoko laguntzak edo dirulaguntzak lortzeko eskubidea galtzea, edo erakunde laguntzaile izendatzeko eskubidea galtzea.

c) Urtebeteko epean zehar, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoarekin edo bere erakundeekin kontratuak egiteko debekua.

2.– Atalburu honetan aurreikusitako administraziozko arau-hausteengatiko zigorrak mailakatzeko, kontuan hartuko da ba ote den aurretiazko asmorik, parte hartzerik izan ote den, zein izan den lortutako irabazia, zein nolako garrantzia duen gizartearentzat, nolako kalteak eragin dituen eta berriro erori ote den.

3.– Aurreko lerroaldean aipatzen diren zigorrak ezarri arren, arau-hausleak lege honetako 53. atalean jasotzen den itzuli-beharra du. Arau-hausleak, halaber, kalte-galerengatik eska dakizkiokeen kalte-ordainak ordaindu beharko ditu, eta hala badagokio, erantzukizun penala bere gain hartu.

4.– Arau-hauste oso larriak direla-eta ezarritako zigorrek bost urteko epean preskribituko dute; arau-hauste larriak direla-eta ezarritakoek hiru urteko epean; eta arau-hauste arinak direla-eta urtebetera. Zigorra ezartzen duen erabakiak behin betiko indarra hartu eta biharamunean hasiko da zenbatzen preskripzio-epea.

5.– Zigorrak ezartzen dituzten behin betiko erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

64. atala.– Erantzukizunen errejimena.

1.– Atalburu honetako portaerak erakusten dituzten onuradunek edo, hala badagokio, erakunde laguntzaileek dagokien zenbatekoa itzuli beharko dute, eta atalburu honetan jasotako arau-hausteen erantzuleak izango dira.

2.– Urratutako beharkizunak betetzeko beharrezko egintzak egiten ez dituzten administratzaileek, alegia, pertsona juridikoenek (beren eginkizunei badagokie), era subsidiarioan, dagokien zenbatekoa itzuli beharko dute. Kasu berean egongo dira, halaber, beharkizunak ez betetzea ahalbidetzen duten akordioak hartzen dituzten administratzaileak, edo beren menpekoen horrelako akordioak onartzen dituzten administratzaileak.

3.– Lege honen eraginez pertsona juridikoei ezarritako zigorrak direla medio, erantzukizuna eskatuko zaie pertsona juridiko horien administratzaileei, beti ere zigortzeko ahalmenari buruz unean-unean indarrean egongo den legeria orokorreko kasu eta moduetan.

4.– Halaber, deuseztutako pertsona juridikoek dituzten itzuli-beharren eta betegabeko zigorren erantzukizuna galdatuko da, baina beti zuzenbide publiko edo pribatuari buruzko araudi ezargarriarekin bat.

5.– Desegindako eta kitatutako baltzu edo erakundeak direnean, bazkideei edo kapitaleko partaideei eskualdatuko zaizkie bete ez diren itzuli-beharrak eta zigorrak. Bazkideek edo partaideek solidarioki erantzungo dute, noraino-eta esleitu zaien kitapen-kuotaren balioaren mugaraino.

65. atala.– Zigor-ahalmena erabiltzeko eskumena duten organoak.

1.– Arau-hauste arin eta larriak direnean, laguntza edo dirulaguntza eman duen saileko titularrak (sailburuak) edo organo emaileari dagokion sailekoak eskumena izango du zigor-jardunbidea ebazteko. Jaurlaritzaren Kontseiluari, berriz, beste hauek dagozkio, alegia, arau-hauste oso larriak ebaztea, bai eta edozein arau-hauste eginez eman diren dirulaguntzei buruzko erabakia hartzea ere.

2.– Zigorrak ezarri ahal izateko, beharrezkoa da administrazio-espedientea irekitzea. Espedientean, nolanahi ere, dagokion akordioa hartu aurretik, entzun egin beharko zaio interesatuari. Espedientea izapidatzeko, zigor-jardunbidearen legedi orokorraren arabera egin beharko da.

3.– Organo emaileak edo erakunde laguntzaileak egindako ikerketen ondorioz, edo Ekonomi Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egindako kontrol-jarduketak direla-eta, administrazioak, bere kabuz, espedientea hasi ahal izango du.

4.– Zigorrak ezartzen dituzten akordioen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, edo eta, administrazio-bideko errekurtsoa, beti ere dagozkien arauekin bat.

5.– Herri-ogasunaren aurkako delitutzat jotzen diren kasuetan, hau da, Kode Penalaren II. liburukiko XIV. idazpuruan jasotakoetan, administrazioak dagokion jurisdikziora pasatuko du errua duen jardunbidearen zatia, eta administraziozko zigor-jardunbidea etetea erabakiko du, harik eta epaileek behin betiko ebazpena eman arte. Baldin eta sujetu bati administrazio-zigorra ezartzeko erabili diren egitateak edo arrazoiak eta epaileen zigor-jardunbideak aintzat hartutakoak berberak badira, agintaritza judizialaren zigorrak indargetu egingo du administrazio-zigorra.

Deliturik ez dela izan irizten bada, administrazioak aurrera jarraituko du zigor-espedientearekin, beti ere epaileek frogatutzat jo dituzten egitateak zigortzeko.

6.– Lege honek aurreikusten ez dituen kasuetan, zigortzeko ahalmenari buruz unean-unean indarrean egongo den legeria orokorra ezarriko da.

Beraz, Dekretu honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteizen, 1997ko abenduaren 31n.

Lehendakaria,

JOSÉ ANTONIO ARDANZA GARRO.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana