Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

150. zk., 1997ko abuztuaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Merkataritza, Kontsumoa eta Turismoa
4112

182/1997 DEKRETUA, uztailaren 22koa, titulu akademiko bat lortzeko ez diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzak ematen dituzten zentro pribatuetako erabiltzaileek duten informaziorako eskubidea arautzen duena.

Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak —Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 24.1. atala aldatzen du—, bere gehigarrizko xedapenetatik seigarrenean zehazten duenez, titulu akademiko bat lortzeko ez diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzak ematen dituzten zentro pribatuek Zuzenbidearen araberakoak izan beharko dute eta debekaturik izango dute ikastetxeetarako ezarritako izendapenak eta horiekiko nahasmena sortu edo errakuntzara bultza dezakeen izenik erabiltzea. Hori bera esaten du ekainaren 14ko 1004/1991 Errege Dekretuaren 3. atalak, zeinek unibertsitateaz kanpoko araubide orokorreko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek bete beharreko gutxieneko baldintzak ezarri baitzituen.

Hori guztiori kontutan hartuta, akademikoak ez diren tituluak ematen dituzten irakaskuntzako zentro pribatuek egun duten garrantziaz jabeturik, eta zentro horiek gero eta gehiago hedatzen ari direnez gero, beharrezkotzat jotzen da zentro horiek eman beharreko informazio mota arautzea, espezializazio profesional handiagoa eskatzen den garaian bizi gara-eta.

Kontsumitzailearen Estatutuari buruzko azaroaren 18ko 10/1981 Legearen 18. atalean ezartzen den printzipio orokorra aipatu eremuan aplika dadila bermatzea da dekretu honekin lortu nahi dena. Izan ere, atal horretan aitortzen da ondasunen erosleek nahiz zerbitzuen erabiltzaileek behar bezalako informazioa jasotzeko duten eskubide legitimoa.

Ondorioz, Merkataritza, Kontsumo eta Turismo sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 1997ko uztailaren 22an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. atala.– Titulu akademiko bat lortzeko ez diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzak ematen dituzten Euskal Autonomi Elkarteko zentro pribatuei aplikatuko zaie dekretu hau.

2. atala.– Dekretu honetan aipatzen diren zentroek, Publizitateari buruzko azaroaren 11ko 34/1988 Lege Orokorrean xedatutakoaren eta unibertsitateaz kanpoko araubide orokorreko irakaskuntzak ematen dituten ikastetxeek bete beharreko gutxieneko baldintzak ezarri zituen ekainaren 14ko 1004/1991 Errege Dekretuaren 3. atalean agindutakoaren arabera egin beharko dute publizitatea, hori egiteko modua edozein dela ere.

3. atala.– 1.– Emandako irakaskuntzen balio akademikoaren edo profesionalaren inguruan, Administrazioak ikasketa horiei ofizialtasuna emateko aitormenen nahiz baimenen inguruan, edota ematen diren titulu nahiz egiaztagirien inguruan erabiltzaileak nahastuko edo errakuntzara bultzatuko dituen erreferentziarik ezingo da erabili publizitatean.

2.– Zentroaren nazionalitatearen eta ematen diren irakaskuntzen eta diplomen inguruan, duten esanguragatik errakuntzara bultza dezakeen izen espezifikorik ere ezingo da erabili publizitatean.

4. atala.– Zentrorako sarreretan zein jendeari informazioa emateko lekuetan idazkunak egon beharko dira, ongi ikusteko moduan, une oro, euskeraz eta gazteleraz eta gutxienez zazpi milimetroko letretan. Idazkunotan datu hauek zehaztu beharko dira:

a) Zentroaren izena, helbidea eta kokapena.

b) Zentroaren ardura duen pertsona fisiko nahiz juridikoaren izena.

c) Ikasturte bakoitzari buruzko informazioa ematen duten agiriak edo liburuxkak eta horiek non dauden eta non eskura daitezkeen.

d) Erreklamazio-orriak, erabiltzaileen eskuragarri, Euskal Autonomi Elkarteko erabiltzaileentzako erreklamazio-orriak arautzen dituen urtarrilaren 14ko 5/1997 Dekretuan agindutakoaren arabera.

5. atala.– 1.– Zentroak beharturik egongo dira, eskaintza egiten dutenetik ikasturtea amaitu arte, informaziorako agiriak nahiz liburuxkak edukitzera. Horietan, ikasturte bakoitzari buruzko ondorengo datu hauek zehaztuko dira:

a) Zentroaren izena eta helbidea.

b) Zentroaren ardura duen pertsona fisiko nahiz juridikoaren izena.

c) Ikastaroen izena.

d) Ikastaroen iraupena, ordutegia eta edukiak.

e) Lor daitekeen diploma.

f) Lan-poltsak aipatuz gero, horien baldintzak zehaztu beharko dira, bai eta beste erakunde nahiz enpresaren batekin egindako hitzarmena ere, izanez gero.

g) Ikastaroen prezioa, karga eta zerga guztiak barne, eta ordaintzeko modua, bai eta irakaskuntzarako materialena ere, zentroan bertan saltzen badira.

h) Irakaskuntzak emango dituzten irakasleen kualifikazioa.

i) Erabiltzaileentzat interesgarri den informazio oro.

2.– Atal honetako 1.f) idazatian aipatutako hitzarmena egonez gero, erabiltzaileen eskuragarri izango da, eskatzen badu, eta 1.g) idazatian aipatutako materiala ere bai.

3.– Informazio hau erabiltzaile guztiengana hel dadin, zentroek atal honetan aipatutako agiri zein liburuxken eta aurreko atalean aipatutako idazkunen kopiak Braille-an eginda edukiko dituzte erabiltzaile itsuentzat, betiere, kopia horiek zentroari gehigarrizko gastuak ekartzen ez badizkiote.

6. atala.– 1.– Zentroak erabiltzailearekin kontratu bat formalizatuko du, parte hartzen duten alderdiak, emango diren ikastaroak, iraupena, prezioa eta ordaintzeko modua zehaztuz.

2.– Aurreko atalean aipatzen diren informaziorako agiriak nahiz liburuxkak, erabiltzailearekin formalizatzen den kontratuarekin batera emango dira.

3.– Informaziorako agiri nahiz liburuxken edukia eskatu egin ahalko dute erabiltzaileek, egindako kontratuan edo jasotako agirian edo ziurtagirian halakorik jartzen ez denean ere, Kontsumitzaileak eta Erabiltzaileak Defendatzeari buruzko uztailaren 19ko 26/1984 Lege Orokorraren 8. atalean ezarritakoaz bat etorriz.

7. atala.– 1.– Zentroa beharturik egongo da erabiltzaileek egiten dituzten ordainketa guztien ordainagiri edo ziurtagiriak egitera; horietan, edozein kasutan, datu hauek jarri beharko dira:

– Ordainagiri edo ordainketa ziurtagiriaren zenbakia.

– Ordainagiria edo ziurtagiria egiten duenaren identifikazio fiskalaren zenbakia, izen edo deitura soziala eta helbidea.

– Ikaslearen izen-abizenak.

– Ikastaroaren izena.

– Dagokion likidazio-aldia.

– Guztirako prezioa, kontzeptuka banatuta, barne, behar izanez gero.

– Noiz eta non eman den.

2.– Egindako ikasketei buruzko egiaztagiriak ere emango dizkie zentroak ikasleei edo erabiltzaileei. Horietan, iraupena, orduak eta jasotako ikastaroaren zein ikastaroen edukiak azaldu beharko dira, gutxienez.

8. atala.– 1.– Dekretu honetan aipatzen diren irakaskuntza–zentroek aurretiaz eta bakarki jarritako klausulek, baldintzek edo akordioek —egiten dituzten kontratu guztietan aplikatzekoak hain zuzen— Kontsumitzaileak eta Erabiltzaileak Defendatzeari buruzko uztailaren 19ko 26/1984 Lege Orokorrean jarritako betekizun guztiak konplitu beharko dituzte.

2.– Kontsumoaren alorreko gainerako legeetan eta xedapenetan erabiltzaileei aitortutako eskubideei aurrez uko egitea dakarten akordioak edo aurrikuspenak erabat deusezak izango dira, Kontsumitzaileak eta Erabiltzaileak Defendatzeari buruzko uztailaren 19ko 26/1984 Lege Orokorraren 2.3. atalean agindutakoaz bat etorriz.

9. atala.– Dekretu honetan ezarritako betebeharrekoak eta baldintzak bete gabe uzten badira, zigorra ezarriko da ondoko legeon arabera: Kontsumitzaileak eta Erabiltzaileak Defendatzeari buruzko uztailaren 19ko 26/1984 Lege Orokorraren 34. atala; Kontsumitzailearen Defentsaren eta Nekazaritzako Ekoizpenaren alorrean egiten diren arau-hauspenak eta horiengatiko zigorrak ezarri zituen ekainaren 22ko 1945/1983 Errege Dekretuaren 3. eta 5. atalak; eta kasuan kasu, zigor-kontuetan aplikagarri diren gainerako arauak.

Atal honetan aipatzen diren arau-hauspenak arinak, larriak eta oso larriak izango dira, uztailaren 19ko 26/1984 Legearen 35. atalean eta ekainaren 22ko 1945/1983 Errege Dekretuaren 6., 7. eta 8. ataletan ezarritako irizpideei jarraituz.

Dekretu honetan aipatzen diren arau-hauspenak uztailaren 19ko 26/1984 Legearen 36. atalean eta aplikagarri diren geroko arauetan ezarritako graduaketaren arabera zigortuko dira.

ALDIBATERAKO XEDAPENA

Sei hilabeteko aldia ezartzen da, dekretu hau indarrean jartzen den egunetik kontatzen hasita, dekretu honen eraginpean dauden irakaskuntza zentroak dekretuan jarritako baldintzetara egokitu daitezen.

GEHIGARRIZKO XEDAPENA

Lanaren bidezko lanbide heziketan Eusko Jaurlaritzaren laguntzaile diren zentroek, dekretu honen eraginpeko jarduerak burutzen dituzenek alegia, beren araudi espezifikoaz arautuko dira homologatutako jarduketei dagokienez.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Merkataritza, Kontsumo eta Turismo sailburuari ahalmena ematen zaio dekretu hau gauzatzeko eta garatzeko behar diren beste xedapen emateko.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik bi hilbabeteren barruan jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 1997ko uztailaren 22an.

Lehendakaria,

JOSÉ ANTONIO ARDANZA GARRO.

Merkataritza, Kontsumo eta Turismo sailburua,

ROSA DÍEZ GONZÁLEZ.


Azterketa dokumentala